Bidaia
Gau hartan mozkor bahengoen, Andoni, ez huen bat ere harritzekoa. Karmelek hire heriotzaz geroz xori zauritu noragabearen gisa dabilke gaisoa, bai, Karmelek akar egiten zian, baina haren esakuntza gogor axalekoek ez ziaten erdeinu izpirik ere bere baitan izkutatzen, kupidazko sensazio plazeretsua baizik. Gizon zarpaildu, gizon birrindu eta frakasatuaren Itzulia, «le bateau îvre» lema eta belarik gabea, ekaitzaren ostean, kai babestzaile berora itsumutsuan, balantzaka... hindoan hi, eta Karmelek somatzen zian bera zegoela hik eta denok maiz birrasitako Bidaia ilun horren jomugan. Karmele ez zen Karmele, La Pietà zen, Ama-Birjina, Ama-Eleiza, Ama-Sabela, Oreka unibertsala, mito zahar eta berri guztien pertsonifikazioa. Orain, azken bidaia burutua duan momentu honetan, alferrik duk mito horien kontra errebelatzea, haien plegura makurtzea hobe; mende orotako jakintsuen aholku, filosofi sistema eta poema sakratuei men egin bekarko: hago Bakean, Andoni, iritsi haiz-eta, ez duk iadanik Peneloperenak egiten segitu behar, josi eta eten, josi eta eten, joan eta etorri, joan eta etorri...
Valdepeñas'en niagok, Madridetik hiru bat ordura, soldaduzkatikako itzul-bidaia luze honetan, txokolatezko pasta liraina dirudien paisaje batek inguratua. Olioondo biluziak eta mahasti kiskaliak. Muino zapalak, uhin petrifikatuen gisa, neurrigabeki ostertzean hara. Eguzkia, lurra eta berari darion lurrin sekua. Heriotriptiko bat, zigarra klandestinoek koreatua eta bandera gorriari datxekon gizontto bigotedun horrek, kordarik gabeko erloju hautsi batetako kuku dotore absurdo horrek, orkestatua. Hemen niagok, geldiune lergarri batetan eta eguzkiak zanpaturiko tren batetan, berrogei duro eskas patrikan Madriden taxisa hartzeko behar dukedana ozta ozta, ase ezineko tamainan egarriturik, latoizko barandila beroaren beroz kiskali honetan besoak ere tolestatu ezinda, eta hirekiko elkarhizketa eten nahi ez-ta. Deus gertatu ez balitz bezala, Mikelen boz dardartia telefonoaren bestaldera izan ez balitz bezala, bihar bertan Parte Zaharreko edozein tabernatan, ongi dutxatu eta jantzi garbiz, arratsaldeko afarimeriendarako planak eginaz, hirekin elkartu behar banu bezala. Hitaz mintzo zen egunkari-zatia gusto txarreko txantxa eta hire benetako izenari zerraikan gaitzizena beste norbaiti zegokiona bailitzan, horien artxibozko erru batez-edo. Argazkia baina, bai argazkia hirea zen dudarik gabe... Haarranopola!, ez ahal du inoiz abiatu behar tren madarikatu honek?. Zarata loerazle eta ritmikoa nahi dut, jaunak!, bidaiaren taupadan berriro murgil, eta hirekin berriro mintza, begi hertsien ilunpetan, haize epelsko honek eman dezakeen bufadarik ttipiena ere dastatuz, musker siesta-zale hegoaldetar hauen errealitate itsugarria bortizki arbuiatuz. Bidearen alde banatango harkaitz hamildegi berdeak ikusteko irrikitan nago, nahiz-eta badakidan sentipen erromantiko ustel horrek deus ez duela aldatuko.
Beharbada gaur hainako berorik bahuen Santiago jai-errezkada hartan, Saturranango Galdona ingurutara campingez joan ginenekoan, baina itsasertzean giro ederra ziagoan, eh?, itsas haize ozkirritxoak gure gorputz laxoak milizkatzen zituelarik harkaitz lerden erraldoi haien babespean, mutilok itsaso bare-barearen uhin ttipien gainera «plantxan» jauzten ginen bitartean, Itziarrek eta Karmele palaz ezin moldangaizkiago ziharduten bitartean. Atseden eta plazerezko uneak haiek, itsasoak eta eguzkiak denok bateratzen gintuztenak. Gero ekin zion Emiliok bere Zikiro lanari. Onartu beharra diagok trebea zela emakumeekin. Bazekin bere buruari, pedantekerian erori gabe, jakitun itxura ematen, umore on ironiko fin batez. Gainera oso guapoa huen, atletiko eta iraultzailearen aureolaz hornitua. Bañu ondoren Itziarrengana toalla eske hurbildu nintzenean eta ene zima luzeak lehortu ondoren aurpegia birragertu nuenean, haren soa Emiliorengan zegoen, berehalaxe irrifarre konbentzional batez ene jolas eta solasei jarraiki bazitzaien ere. Uste diat orduan bertan etsi nuela historio hartan galtzailearen papera jokatu beharko nuela. Jeloskeria. «Arruntkeria burges bat» diote erdeinuzko ezpain okerrez. Ez, jauna. Itziar ene bizitzatik aldentzea mutilazio bat huen niretzat. Mutilazio bat. Udako ilunabar epeletan, menditik jautsi eta, Amadis zaldunaren gisa haretxen aurrean harro eta herabe ene gerla-zauri eta epopeiak ahalik bozik gizontiarrenez kondatzen nituen mutilkozkorretako ametsen mutilazioa; 6gn. Batxilerreko kursoan eskola orduez geroz Donostiako Gaztelu Zaharreko bidexketan zehar, udazken horbel eta euritsuetan sentituriko lehen musu lotsatien oldar ezko eta sukartsuaren mutilazioa; hogei urteko gure gorputz helduen arteko amodio kontsumatu eta asekaitzaren mutilazioa. Andoni: hau guztihau zorte txarra izanen duk, eritasun ustekabearen pareko desgrazia, baina inola ere ez arruntkeria bat.
Aspertu nauk zutik joaten, eta aspalditxoan departamentu barruan nihoak. Bidaiakideok lozorroan isildu dituk. Plastikozko poltsetan bildurik sare metalikozko apaltxo horretan dauden platano-kondar eta urdaiazpiko bokadillo erdijanei usain habaildua darie.
Itziar mutu eta urduri zihoan. Ene behatzek somatzen ziaten haren blusa hippyaren peko haragiaren malgutasun-eza. Sudurraren hegalttoak ohi baino maizago hanpatzen zitzaizkion: jestu arras ezaguna niretzat, desgogara dagoenean edo zerbait bortizki desiratzen duenean dagiena. Ondarroako kaian barrena paseatuz gindoazen, bazterretan pilaturik zeutzan sardina kaja hutsetatik zetorkigun ustel usainaren barrena, motorra eztulka kai muturrean barruruntz atun-ontzi bat nola zetorren ikusiz, buruko pañelu zuriz sareak konpontzen ziharduten emakumeei eta arrantzale-ohi gizon xahar ttentte haiei begira, alkandoraren azken botoia ere lotua, traje gris arraiatua, txapela Oteitzaren lege estetiko nagusiaren arabera ezker aldera makurtua. Ordubete eta dozena erdi kuba libre gerorago, herri miresgarri haren gizatasun labeak irentsiak gintuen eta zoraturik bezala genbiltzen tabernaz-taberna, kalez-kale, euskararik biziena nonnahi entzunez, arrantzale lehorreratu berrien euforiaren uhinak bultzatzen gintuelarik ze artu bi'ozue?. Donostiarrak zarie, eztok?. Kafeterietako argiak. Emakume lerdenen larrumintza beztuak, koilar eta soineko zurien diztirak. «Egun da Santi Mamiña» kantari ari ziren gazte kuadrilen magnetismoa. Itziar orein bat zen orduan: Egunsentian ihintzez estalitako lore-zuhaitz hezeen perfumez horditua basoan jauzika dabilen orein gaztea.
Gau hartan mozkortu bahintzen, ez huen harritzekoa, ez. Gainera gure Zikiro jaunaren aurrean oso irudi plastikoa biribiltzen huen. Mozkorra jatorra ohi da. Burges konpostura galdu duen norbait. Bizitzaren absurdoaz jabeturik dagoen pertsona bat. Edanez gero, hire dimentsio reala erabat galtzen duk, «posibilitate hutsa» bilakatzen haiz, kontradikzioak gainditzeko leader argitsu baten gidaritza behar duen Herri sanoa. Hitz batez, Emilioaren mistizismo iraultzailearen tiporik aukerakoena hezurmamitzen huen. Farre egiten zuen hire edozein bufonada zela medio. Noski, aitakeria kutsurik ez azaltzeko kontu handiz. Oso dotore, antzezki, hala nola egiten baitzuen gero, campingean, suaren inguruko solas ezin jasanezko hartan geniharduenean, alderdi klandestinoen «impasse» ideologikoaren leit-motiv'a utziz hire xahatoari festak egiteko. Gure zerebroak eta batez ere Itziarren hormonak admirazionez aski saturatuak zeudela zekusanean, nolako ardura apostolikoz jausten zen errealitate inmediatora, demagogo guztiek dagiten modura, haiek ere hartan baduketela parte erakutsi nahiz, errealitate suprasensorialez bakarrik arduratzen ez direla frogatzeko, gure aurrean bere dimentsione humano sinple eta ludikoaz lotsagabeki masturbatzeko. Nik artean traguskada llabur etengabez zurrupatzen nian, bekainak ximurtuz, neronek denontzat eginikako kafe txepel mikatz hura, alde batera nire isilunea konzentrazio intelektualaren seinaletzat ager zedin desiratuz eta beste aldera potoa horren maiz ezpaineratzean eztarrian gora zetorkidan deiadar basatiari eutsi nahiz. Gogamena obsesivoki Ondarroako «34» dancingean gertatu berriari atxikia nuen. Zihur bainengoen musika ozen ritmatu haren itzalpean, argi psikodelikoen rafaga zulakorren babesean, whisky izoztuen erpe urratzaileen bedeinkaziopean ritual eraileari hasera emana ziotela. Pazientziaz, ezin esan ahaleko pazientziaz jasan nituen humilaziorik handienak ere ene burua defendatzeko xintik atera gabe. Zikirok Wilhelm Reich aipatzen zuenean, bere Pariseko komuna-sperientziez mintzo zitzaigunean, ene mendekuari zein forma nemaiokeen hausnartzen nuen nik. Itziarren begiradak ene isilikako koldarkeriaren mespretxu hutsa iruditzen zitzaizkidan. Bere oilar berriaren alboan zegoen jezarririk harro-harro. «Matrimonio monogamikoaren garaia zientifikoki esplikagarri da, jabego pribatuaren kristalizazio bat bezala». Alkoholak lausotutako hire begietan amorrazioaren garra: «Hik na'ekena esang'ek, baina ni oso kontentu natxiok Karmelerekin, eta hire mehatxuzko bozari mozkorrak garraztasuna leuntzen zion inork eskurik gainean ezar baliezaio, jota bertan garbituko nikek». Zikiroren irrifarrea, Itziarren irrifarrea, bata bestearen oihartzun, eta elkarrekiko mezu isil bat: «Herri sanoa, baina oraindik lan handia egin beharra diagon, eh, Itziar? Kontzientziatu beharra». Ozta ozta jeiki hintzen, eta camping dendaruntz abiatu. Karmele ere bai handik piska batera. «Venga, edan dezagun beste kopatxo bat» eta cognac botila ia hustua poto barrenera isuri zuen. Zenbait ilinti besterik ez zen geratzen sute indartsu haren kondartzat. Desafio mutuaren ordua zela pentsatu nian. Hitzek ez zuten haboro deus balio; dena esana zegoen. Beraz, harez gero, bi piztia ginen, gure sexualkidea, gure emea, besteren erasorengandik heriosuharki defendatzeko prest. Pentsakizun honek laxotu egin ninduen, luzaroan trintxeratan kizkurturik dauden soldaduek erasoaldiaren agindua hartzen dutenean nolabaiteko poza sentitzen duten bezalaxe.
Bigarren edo hirugarren mailako estazio ttipi hauetan barrena pasatzean, gauaren inpunitatean, trenak dagien ulu luze kupidagabea. Farolen argi-izpiñoak instat batzuen buruan iraungiak, irentsiak. Bakartadearen ausikia eztarrian, bihotzean, urdailean. Egun osoko izerdi lehortua galtzarbeetan, alkandora kirestatua, zapata hautseztatuak. Lo egin ahal baneza, eta eguneko sargoriaz, umeen xilioez eta pertsona larrien alfer solasez ahantz ahal banendi..., eta batez ere zurrunbilo baten erakarpen boteretsuaz bereganatzen nauen gomuta hau uxa ahal baneza.
Hirekin hitzegin nahi diat. Goazemak beste norabaitera.
Logaleak niagon.
Esan behar dauadana loa baino inportanteagoa duk, eta hik ba dakik.
Haren bozaren doinua ez zen grabea, ez eta solemnea ere. Bazuen ordea, halako errepika insistente bat; doinu pedagogikoa hori duk bera bezalako andereñoek ikasle setatiekin gauzen balioa neurtzen ikas dezaten erabiltzen dutena. Camping dendaruntz abiatu nintzen, «gabon pasa» arrunt bat esanki. Mendeku refinatu baten perspektibak bakarrak ase nintzakeela orduan pentsatzen nian, eta ez dialogo alferrek. Baina haien pausoak plaiaruntz, pinudi tarteko bidexkan behera, urruneratzen entzun genituenean, zigarro kearekin batera negargura ahul batek hestutu zidan zintzurra, nire oldartasun melodramatikoa birrinduz.
Uhinen zurrumurrua, ene sexoa iharrotsiz lehertzen zen uholdearen aparra. Txilar baten ondoan jezarririk, erretxina eta kresalaren usainak nahasirik. Burua eskuen arretan gorderik. Hutsik nengoen. Mendeku egarria erabat ezabatua. Haren gorputzaren sua desiratzen nuen soilki eta une hartan Zikirok egiten zituzkeen amodio-jestuen parodia errepikatzen zuen ene imajinazioak. Lehenik musu errakor bat, ezpainetan barrena. Bular eta izter laztanketa. Burdin goria. Ingudea. Mailu kolpeak. Toberak. Hondar gabeko putzua. «Errota zahar maitea, uraren ertzean da basati beltzean». Errotarria aleak xehetzen, engranaje irenslea.
Ene iletan karexu fin baten hunkitua. Ilargi argitan ambarrezko gorputz zurizka biluzia. «Hator maite». Itsasoa odolez gorritu zen. Pinu-gailurrei sua zerien. Izartegiak beren ohizko itzulingurua utziz elkarjoka. Harkaitzak zutitu ziren eta haien erraietatik hondarra galdatan borbor jaulki zen. Kilkerrak isildu ziren. Apoak hizkuntza ulergaitz baten letania murmurikatzen. Zikiroren bizarra zuria zen okotzetik behera luze. Atzeko hanken gainean eserita zetzan. Flash batek argiturik, Orion izartegirainoko adar-andamio bihurria ikusi nuen, adartegi korapilatsua, zeru-lurretako batasuna suz irazekia. Dantzaarazi gintuen etengabeki, etengabeki. Itziarren gisa bihurrarazten ninduen. «Besarka nazak». «Niregana hadi». «Bat gaitezen».
Dena lehenera zen. Bien irrifarreen hurbiltasunak ohartarazi ninduen ni ere han nengoela, Itziaren burua nire sabelean kokaturik eta Emiliorena haren bularretan. Izuaren izuz igan nian bidexkan gorako aldapa. Arnas-hestuka iritsi nintzen automobileraino, denda alboko ene motxilatik galtza zahar batzu hartu eta jantzi ondoren. Arrankeari eman, ihes-ihes-ihes, faroen atzetik, gaua urratuz. Egunsentiaren lehen argiak arte ez nintzen gelditu, Mendebaldera beti. Oraino jai gustuaz elikaturiko jende bakanez hornituak ziren herrien kaleak motor burrundada zaratatsuaz iragan nituen. Ondarroa-Lekeitio bitarteko bihurgune gaiztoetan gurpilek kurrinka hurrikalgarria zegiten.
Hik ez henkien guzti hau. Sekulan ez nian esan. Bakarrik biharamoneko zuen bion larriduraren berri eman iezadake. Hi eta Karmele nere bila. Beste biek, esan hidaanez, goizean goiz aldeginak ziren. Ikusi omen ninduzuen autoz norako bidea hartu nuen eta kostako herri guztietan ibili omen zineten ene autoa noiz ikusiko jendeari inguru haietan automobilezko akzidenteren bat berriki gertatua ote zen galdatuz. Bermeon topatu ninduzuen, kai aldameneko kafeteria batetan kafesne beroa hartuz. Ikarak bainengoen oroitzen haiz, bero egonarren. Ikarak eta zurbil. Hitzik ez zenidaten egin, baina hire besoa nire bizkar gainean tinkatu huen eta Karmelek aurpegia laztandu zidan. Elbarritu bat bezalaxe ninderamazuen, zuek biok nire alde banatan, zuen besoetatik ia zintzilik. Orduan konturatu nintzen genduen automobil bakarra nik hartua nuela eta galdegin nizuen ea nola arraio helduak zineten haraino. Auto-stopez, noski.
Altsasuan niagok orain, egunsenti lainotsu baten argipetan. Orduz geroztik maizegi larritzen nauen gauoroko izua pasa duk. Lasaitasun eta pozaren unea litzateke, Argira eta Herrira itzultzean. Baina eguzki errainu ahul hauek, eta San Donatoren moko luzea, eta belardi berdeak, eta pago oparoak, eta etxe sendoak, une honetan bertan nire esperantza eroa fusilatzen ari zaizkit. Urruneko paisaje arrotzek ez zuten hire presentzia esijitzen, baina orain besterik da. Hemen egon behar huke, egon behar huke, eta ez hago. Gure euskal basoko haritz lerden erauzia. Hire erroak ihartu dira. Hire zainetako gunea isuri da gure lur gainera. Ez haut berriro ikusiko, lagun leial hori, ez eta berriro hirekin mintzatuko. Donostiako Norte estazioan, atetik jalgitzean, presondegi erraldoi baten itzala islatuko da nire baitan.
Oihartzun, 1975.eko Abuztuaren 28 an.
© Joxe Austin Arrieta