Termitosti

 

Ni hasiko naiz mintzatzen, nahi baduzue. Ekatzue mikrofonoa. Martxan ari da, ezta?... Inork inoiz gure testigantza hau aurkituko balu, Donostiari eta bertako bizilagunoi zer gertatu zaigunaren berri eman nahi genuke. Hemen, Igeldoko parkean bildurik gauden jendea —dexente gara, baina ez populazio osoa, ezta gutxiagorik ere—, ba, hemen gaudenok ubelduak gaude, ubeldu aurreratuak, teknikoki esanda. Sendatzeko nolabaiteko esperantzarik zutenek atzo aldegin zuten hiritik, ebakuaziorako apropos etorri ziren tanke eta helikopteroetan. Kotxeak eta autobusak ezin izan ditugu ezertarako erabili, astelehenez geroztik zeharo baztertu beharrean aurkitu gara. Izan ere, gomazko gurpilak oso atsegin zituzten oldartzaileek eta, automobilari gurpila aldatu orduko, han ziren berriz ere goma gozoa irenstera etorriak. Azkenean jendea nazkatu egin zen, batetik, eta bestetik hiri osoko errekanbioak agortu egin ziren. Trenak bai, ibiltzen ziren eta orain ere ibiltzeko gauza izango lirateke, baina astearteaz geroztik hain zen zaila estazioetara iristea, zaila baino gehiago arriskugarria: estazio inguruetan kokatu baitziren lehenik, estazio inguruetan etengabekoak baitziren haien joan-etorriak. Beno, esaten nizuenez, hemengook ez dugu sendatzeko posibilitaterik eta —hau nire eritzi pertsonala da, baina— uste dut egunsentiarekin batera gure buruez beste egingo dugula, ze ez zait iruditzen hiriaren ikuspegi okaztagarria agoantatzeko barrurik izango dugunik. Hau, nolanahi ere, neure eritzia da, berriro esan; nire ondoren mintzatuko direnek bestela pentsatzea baliteke.

 

Bai, ados nago herkide honek esanarekin. Baina nik galdera bat planteatuko nuke, oso galdera xinplea: nola?. Hemen denok dugu, nik uste, desio hori bera: eguna argitu baino lehen eta hiriaren estaldura likits hori ikusi beharra gerta dakigun baino lehen, bertan behera hiltzeko gogoa. Nahi bai, baina ezin!. Hemen ikusten da, jaun-andreok, «gure» Ausardia Kontseiluaren begiramen eta organizazio ahalmena!. Zergatik ez duzue harmarik ekarri?. Zergatik etorri behar izan dugu denok hona ihesi pijama eta galtzontzilo eta kamisoi hutsez?. Aldez aurretik gure azterlariek azken erasoaldiaren gaua gaur izanen zela abisatu ez digutelako: horretxegatik!. Nik, beraz, Kontseilu osoaren dimisioa eskatzen dut eta bereziki oraintsu mintzatu den herkidearena.

 

Itxoin. Zaudete lasai apur batez. Nik uste dut gure arteko iskanbila hauek, ezer konpontzeko modua eskainiko balute ere —eta gauden situazioan dudan jartzen dut—, ez luketeka orain jarraitu behar; agian gero. Baina orain ez ahantz ondorengo belaunaldientzako grabazio testimonial bat egiten ari garela eta grabazio hau egiteko ez dugula zinta soberarik. Tamalgarria izango litzateke benetan, gero hor, berunezko kaja fuerte horretan gorde eta lur azpitik zazpi metrora izkutatu behar dugun gure azken mezu hau alferrikako solasez beterik egotea. Gauzak orden baten harian kontatu behar ditugu. Pentsa dezagun magnetofoi zahar hau aurkituko dutenei (agian hemendik ehun mendetara, auskalo), ez zaizkiela anekdotak gehiegi interesatuko. Xehetasunak ondo dira giro humano bat mamitzeko, baina batez ere zioak, noiz eta nola, zergatik eta zeintzuk erakarri eta burutu duten Donostiaren hondamendia...: horrelako galderen erantzunak nahiko dituzkete, beren Unibertsitateetan gure hiriaren suntsiera zientifikoki azaldu ahal dezaten. Hobe dugu, beraz, hasera bertatik hastea: ubelen zernolakoa eta jatorria esplikatzen, esate baterako.

 

Arrazoi du gure burkide honek. Baina, arintasun eta eraginkortasunaren izenean, lehenik, eguneko ordena finkatu eta bigarrenik, hitzegin nahi luketenen artean bereizketa bat egin beharko genuke. Bereizketa hori inorentzat mingarri gerta ez ledin, zerbaitetan oinarritu beharra dago eta, guk zera proposatuko genuke: lehengo asteko ferian tiro barrakan bola gehien eratxi zituztenak, horik lehendabizi, gutxixeago eratxi zituztenak, ondoren, eta abar eta abar: horren arabera, behintzat.

 

Bai, oso proposamen positiboa deritzat. Portzentaiak, horratik, ongi zehaztuz, ordea. Barrakan ez bait genituen bolak bakarrak tirokatu: «Chesterfield» zigarro pakete kulunkariak ere baziren, berunezko ahate eta erbi mugikorrak ere bai. Eta, noski, hauetariko bat eraxteak bost bola eraxteak adina balio beharko luke, ene gardiz.

 

Bereizketa hori bereizkeria hutsa litzateke, zeren eta feria egun hartan jairik ez genuenak edo gaixorik geundenak ez bait gara bi katu. Adiskide horren proposamenduaren bigarren parteari guk geuk uko egiten diogu. Lehen partea, berriz, eguneko ordena finkatzearena alegia, oso beharrezko iruditzen zaigu. Baina hemen gaudenon artean halako txandakatzerik ez dugu onartuko inola ere. Nahi duenak nahi duenean esan beza nahi duena edo, behintzat, gure helburua lortzeko gehien komeni dena.

 

Beno, horrela ez goaz inora eta ni neu hastera noa eguneko ordenaren lehen puntua azaltzen. Hiriko Sendagintza Kontseiluak hiru ubel mota berezi zituen, asteartean Zuhurtzia Aulkitik egindako irratsaioan esan zutenez: lehen mota, pinpor erakoa, bigarren mota, hanpadura erakoa, hirugarren mota, berriz, leherdura erakoa. Atzoko komunikatuan esan zutenez, aurreko egunetako zalantzak gorabehera, badirudi demostraturik gelditu dela hiru mota horik ez direla bata bestearekin zer ikusirik gabekoak, baizik eta gaitz beraren hiru fase direla, kutsadura maila diferentetakoak, alegia, baina ez hasierako egunetan esaten zenez, hiru mota erabat desberdin, esanaz bezala erasotzaile batzuk ez zirela besteak bezain kaltegarri. Gainera, emisorak etengabe gogorarazten zigun ez probokatzeko, bake moduan etorriak zirela, ez zutela, berez, erasotzeko borondaterik: bakanen batzuek, gomazko gurpil gehitxo irentsi ondoren, «oldartzaile gisako jokabide mehatxugarriak» azaltzen bazituzten, prezezki beren zuzendarien aginduen kontra obratuz ari zirela; nolanahi ere Zuhurtzia Aulkiko kontseilariek eskabide franko egina ziotela Zuzendariari, kontrolik gabeko oldartzaile bakan horik gero eta maizago kaleetako asfaltoan egiten ari ziren zartadurak birrestali ahal izateko galipot-makina berri batzuk eman ziezazkion Hiriko Udalari.

 

Bai, ongi da burkide honek esan duena. Gaian zentratu gaitu edo dato positibo batzuk aportatu ditu, besterik ez bada ere. Baina isilpean gorde du komunikabide ofizialetatik kanpoko informazioa. Eta hori ezin onar daiteke inolaz ere. Dena orain dela zazpi egun hasi zen; sei egun t'erdi hobe esanda, zeren eta ez baita gauza segurua igande arratsean edo astelehen goizean hasi ote zen. Guk —eta ez dut honekin ezertan dogmatiko azaldu eta protagonismo kutsurik ezarri nahi neure hitzoi—, baina argi gera bedi gu geu igande arratsean hasi zatekeelako eritziaren partaide ginela eta astelehen goizean bertan esan genuela, garbi asko, hartarako bereziki moldatu genuen «Trikitraka» batetan, etsaiaren erasoetatik babestuko gintuzketen neurri gogor batzuk hartu behar genituela. Galipot makinak beharrean, Udal Brigada Garbitzaileak eratu baziren, ez zen txiripaz gertatu. Zuhurtzia Aulkiaren jarrera derrotista eta eskalearen aurrean, alternatiba eraginkor hau hiritarrek gure ideia onartuz lortu zuten emaitza izan da. Bai, badakit diskutigarri dela brigada horien efektibitatea, batez ere orain gauden situazioaren perspektibatik epaituta, baina, guk...

 

Jaun andreok: gure herkide hau salatu nahi dut gertakariak objetiboki kontatzearen konpromisua bete ez duelako. Zuk Brigadak antolatzearen iniziatiba zuei zegokizuela esan duzu; zehazkiago esanda —buruan baititut zure hitzak— «herriak zuen ideia onartuz egin zuen ahaleginaren fruitu»: oso baliabide dialektibo polita, jaunak. Herriaren protagonismoa matizatzeko era bikaina, bai horixe. Zenbaiten protagonismo nahikeriak deuseztatzeko, agian oso komenigarri gerta liteke aste honetan barrena Zuhurtzia Aulkiaren eta Ausardia Oinarriaren arteko zenbait isilpeko itun plazaratzea, baina plazarik ez dugunez gero, nik orain proposamen konkretu bat egingo nuke: gure testigantzak benetako balio objetiborik ukan dezan, bil ditzagun hemen babesturik dauden herritarren deklarazioak.

 

Nahiago dut zure alusio... —nola esan— maltzur, bai maltzur, nahiago dut zure alusio maltzur horri ez entzunarena egin, zeren egoeraren urgentziak ez baitigu kontzientziaz dialektika hutsetan aritzeko astirik eskaintzen. Dialektika zuzena aurrera begira egin ohi dena baita, aldian aldiko aurre-datoetara egokitze ahalegin serio baten ondorioz sortzen dena, noski.

 

Niri aski ongi iruditzen zait herkide horren proposamena baina bozketara sometitu beharko dugu. Guk geuk aliantza modua aski garbi definitua dugu aspaldidanik (ez beste askoren modura, «eguzkia nora, zapiak hara» ibili ohi direnak...). Esan nahi dut, nire oinarriaren baimen esplizitoa badudala aitor dezaket aliantza hau taktikoki bederen egin ahal izateko. Eta esplizito adjetiboa azpimarratu nahi nuke, arrazoi obvioengatik: izan ere zenbaitek eraginkortasunaren izenean zenbait oinarrizko arautaz aixegi ahantzi ohi dira eta ondorioak denok dakitzagunak gertatzen dira.

 

Permititzen badidazue moderatzaile gisa aritzea... Onartzen al da, bai ala ez, herkide honek egin duen proposamena?. Hots, —zerbaitetan huts egin badezat, zuzen nazazu, othoi—: onartzen al da hemen bertan dagoen zenbait herkideri itaunketa bat egin eta magnetofoi honetan grabatzea, nork bere ikusera berezia edo propioa eman dezan eta horrela, testigantza guztiak bilduz, egoeraren eta egoeraren jatorriaren informazio bat ukan ahal dezaten ondorengo belaunaldiek?.

 

Barka, othoi: ongi zentratu duzu nire proposamena. Xehetasun txiki bat erantsiko nuke, ordea: «testigantza txiki guzti horien osagarri gisa, hemen ordezkaturik dauden indarren batzorde behin-behineko eta desizendagarri batek ikusmen orokar bat emateko aukera duelarik», gaineratuko nuke.

 

Hori ez da botazio gai. Nik uste dut hori egitekotan, bigarren bozketa batetarako utzi beharko gendukeela, eta noski, Batzorde hori nola eta nork izendatu behar lukeen garbi finkatuz eta lituzkeen atribuzioak ongi mugatuz.

 

Ongi da. Zure eritzia badakigu zein den. Eta besteok zer deritzazue: erantsi beharko litzaiokeela herkidearen proposamenari herkide berberak gaineratutako xehetasuna?

 

Ea, esan berriz, mesedez, haseratik, ez baitut konzeptua ongi jaso...

 

Bai, zera esan du, oker ez banago: hemen bildurik gauden jendearen artean itaunketa bat egiteaz gain, ea gero, erantzun guztiak, testigantza bizi guztiak jaso ondoren, zilegi al litzatekeen hemen errepresentaturik gauden indarren artean aukeratutako Batzorde behin-behineko eta errebokagarri batek, konklusio gisara, zerbait esateko posibilitaterik izatea.

 

Bai. Ez. Bai. Bai. Ez. Ez.

 

Beraz, enpate dugu botoetan. Kasu hauetan ohi denez, bi soluziobide ditugu: bat, baldin eta ni bilera honetako moderatzailetzat onartzen banauzue, bozaz gain botoa ere erabil dezakedala onartzen baduzue, nik zirt edo zart egiteko aukera nuke. Bi: aurreko baldintza hau ez bada mamitzen, indar bakoitza besteekiko loturarik gabe gelditzea. Beraz, orain, nik uste, bi posibilitate hauen artean aukeratzea dugu egin beharra: Zeintzuk daude ni moderatzaile boz eta botoduntzat errekonozitzeko opzioaren alde?. Bat, bi, hiru... Hiru besterik ez. Beraz, nire botoak ez dezake ezer eta bigarren aukera hautatzen da, hots, Itaunketa orokorra egin ondoren, indar bakoitzak berea egin ahalko du, baina bere errespontsabilitate bakarraren erantzule eta aski zintarik gelditzen baldin bada.

 

Eh!. Adizuek!. Argi gelditu da Batzorde Konklusio Ateralerik ezin dela eratu, baina Itaunketa Batzorde Iraunkorraren izendatzea noiz egin behar dugu?.

 

Ah, bai. Baina kontuan eduki ezazu ez dugula botazio gehiago egiteko astirik eta, era batera edo bestera, nire bozeramale kondizioa aitortu didazuela. Beraz, egin dezagun itaunketa eta kitto.

 

Gure testigantza jasoko duzuen pertsonaia ezezagunok, hastera goaz gure itaunketa saioa. Hemen gure ondoan, tamariza enborrez eginikako barandilaren kontra burua etzanik duen mutil gazte batengana hurbiltzen gara. Begiak zoko ilunetan sarturik daduzka. Ubeldura maila oso aurreratua du, leherdura fasean, hankak mugitzeko gauza ez dela uste baitugu. Itaunketa Batzorde Iraunkorreko beste kideak jendeari galdezka ibili dira ea hitzegiteko gogorik ba ote duten eta, egia esan, lotsagarria bada ere, inork ez du baiezkorik eman, honako mutil honek eta beste pertsona batek izan ezik. Delako mutil horren aurkezpena egina dugu eta laister jaso ahal izango ditugu haren hitzak, baina beste pertsonarenik ez dugu, ez, inoiz permitituko magnetofoi honetan graba dadin. Traidore bat baita. Hiritar fin behinola, baina azken egun erabakitzaile hauetan gizatxar termitaztu bat besterik ez. Grabazioa egiten hasi baino lehen, heriotzera kondenatu dugu, baina konmutatu egin diogu zigorra, oso fin zoriontsua eta leuna izanen bait litzateke halako piztitzar urde zikinarentzat. Honetaz aparte, esan beharra dugu jende gehiena hemen, Igeldon, hiriaren hondamendiari begira dagoela txintik atera gabe. Begira gaude denok, batzuk besteak baino fijotasun handiagoz, baina zorionean oraindik ez dugu ezer ikusten, gau erdia da eta hilargirik eta izarrik ez dago. Hiriko elektrik argiak ere, bakan batzuk ez beste guztiak itzalirik daude gaurko ilunabarraz gero, batzuk lurpetik sortu diren oldeek kableak jan dizkietelako, beste batzuk, biztuta egon arren, izaki nardagarri horiez estalirik daudelako. Batzuek ez dute hiriruntz begiratu nahi ere, baina alferrik, ez gaitezke minutu bat baino luzaroagoan beste inora begira egon; badirudi indar estrainoren batek kateaturik gauzkala barandila honi. Dena dela, eta gauzkan eginkizunera itzuliz, hastera goazkizue lehen aipaturiko mutilaren deklarazioak jasotzen. Gazte: zer deritzazu hiriaren eta bertako bizilagunon hondamendi trajikoari?.

 

Manzanilla bat eskaini dit. Bai manzanilla bat. Prest zegoen, pentsa, frigorifikoan geratzen zitzaigun azken ur kondarra niri manzanilla bat egitearren sakrifikatzeko. «Medikuarengana joan beharko duk, seme: hire sonambulokeria horiek kezkaturik nadukatek» Beraiek ez dute nirekin kalera ateratzerik nahi izan. Eta orain seguru nago iritsiak diratekeela gure pisura —laugarrenean bizi gara, entenitze'zu?—, hor kaletik gora, etxapetik gora, uholdeka, saldoka, erauntsika... Esperantza bakarra zera dut: aitak gorderik zuen ehize eskopeta zaharra erabiltzen asmatuko zuela, aski adorerik izanen zuela, zera horik komuneko zulotik, atepetik, ur eta gasaren hodietatik, arraskatik, etxeko zutabeen zirrikituetatik, eta denetik, orain baita balkoietatik ere, sartzean. Amak gauza horiek hegan egiten ez dakitela esaten zuen, eta horregatik ez zituen balkoi ateetako zirrikituak tapatzen. Kiratsa jasangarria zela zioen, etxean pinu aromadun anbientadorerik genuen bitartean. Horregatik ez zituen zulo horik estali, beste askok eta askok hirian egin izan duten bezala, masillaz edo trapu batzuez sikira. Oraingo honetan badakit dena alferrikakoa izanen zela, denbora apur bat irabaztea, besterik ez. Baina, desafio tankera bat ematen zion gure etxeari zuloak ez tapatu nahi horrek. Behar bada arrazoia zukeen amak. Baina honez gero laugarren pisu baten mailara iritsiak dirateke, ez?..: Bai, nik baietz uste dut. Harrabotsaren kadentziak kalkulatzen aritu naiz eta minututik minutura piztien soinua areagotu egiten dela konturatu naiz. Bai, zihur nago dena planifikaturik zedukatela eta minutuz minutu beste olde berri batek bultzatzen duela goruntz. Bor-bor, bor-bor, entzuten duzue?... Argirik ez dago bat ere, Sagrado Corazón-ekoa ez bada. Eta hori zergatik ez ote da itzali, eh?.

 

Barka, othoi. Bizpairu galdera. Zerbait esan duzu lehen zure aitaren eskupetari buruz. Zer adierazi nahi zenuen horrekin?. Eta, bestalde: nola somatu duzu gaur izanen zela suntsieraren gaua; zerk bultzatu zaitu etxetik alde egitera, gainera horrela pijama hutsez eta... militar botarik jantzi gabe: agian korzkatuak zenituen botok eta alferrik galduak?. Azkenik, zure ubeldura maila beharbada hemen gaudenon artean aurreratuenetako bat dugu: oinaze handiak sentitzen al dituzu? noiz eta nola pairatu dituzu horren zauri gaitza eragin dizuten erasoak?

 

Poliki, poliki, mesedez. Eskopeta, zauria, somatu, eraso... Ez zarete horratik nirekin test bat egiten arituko, eh?. Hara: hauzoko neskaren funeralean eraso zidaten, bale?. Artean ez nenkien aitaren eskupetarenik. Eta jakin izan banu ere, zer?. Kainoi motzekoa da, bai. Zer egin ote duen horrekin?. A zer galdera tontoa!. Zuk eta nik eta denok eguna argitu orduko egin nahi genukeena. Kontatu dizuet lehen manzanillarena, ez?. Bai. Ba, ez da hori izan guztia. Amak jertse bat jantzi nezan nahi zuen, ez hoztutzeko. Aaai... Botak? Esan dizuet, ba: neskaren hiletera nindoala, orduan txirtxilatu zizkidaten. Eta hori Zuhurtzia Aulkiaren aholku guztiak bete nituela, baita Ausardia Oinarrikoaren konsignak ere. Ordubete baino gehiago tardatu nuen 31 de Agosto kalea San Bizentetik Santa Mariaraino igarotzen. Ertzetikan, ertzetikan, portalerik portalera, sototik sotora, poli-poliki... kaltzada erdiko hiruzpalau zuloen inguruan pilaturik zeuden multzo irensleak nire presentziaz ohar ez zitezen. Ordurako kostako kaiuak berak ere aldeginak ziren, hiriko subzolutik zatorren kiratsa agoantatu ezinda. Horrelakorik hain bertatik ez usaintzearren, kolonia piska batez igurtzi nuen aurpegia, eskuak, eta arropak berak ere. Nonbait horretxek erakarri haien atentzioa! Bai, banenkien itsuak zirela baina oso usaimen azkarrekoak. Baina, horra ba. Pentsatu ere pentsatu beharko nukeen Brigada Garbitzaileen estratejia usaimen gorabehera horretan zegoela finkaturik, insektizida perfumatua erabili ohi zutela, lehenik etsai kopururik handiena erakartzeko eta, ondorioz, kolpe batez ahalik gehienak erahiltzeko. Lastima izan zen, ze oso gutxi falta zitzaidan toki segurura iristeko, Santa Mariako atriora alegia. Han hauzoko neskaren hiletara zihoan jendea bildurik zegoen, eta oihu triste eta etsi bat jaurti zuen ni pairatzen ari nintzen erasoari erreparatu ziotenean. Baina, tira, ehundaka batzuk besterik ez ziren eta borroka aldi labur batez uxatu nituen atzera berriz, zapalduz, zapalduz, neure mendigoizale botez zapalduz, piztia nazkagarriok, eta neraman «Bloom» spray insektizidaz alu madarikatu zantarrok ondo baino hobeto bustiz. Botak. Horixe. Badakizue, berehalaxe agortu ziren dendetan larruzko bota luzeak eta arrantzale bota gomazkoak ere hasi zen jendea erabiltzen, baina ez zegoen haiekin atarramendu onik, okerrago kasik, ze hankamotz horiek aparteko gustua dute gomarekiko, kotxeen gurpilekin demostratu den bezala. Baina nola ugaltzen ziren arraiook, eh?. Hau asteazkenean zela uste dut, eta ordutik honera gauzak zenbat okertu diren, baina artean ere, orduan ere... Eta zer esan, ostera berriz, ni haruntz nindoala orduntxe bertan Parte Zaharrean barrena gure Brigada Garbitzaileek halako razzia sakon bat egin berria zutela kontutan harturik?. Gezurra zirudien, kamioi zisterna blindatu haiek emandako pasada hain arestian egindakoa izan eta bertan behera, berriz, zulo beltz haietatik oldeka, uholdeka, antenak igurtziz soinu adarjole kabreante hori bera eginaz, bai, horixe bera, oraintxe entzuten ari garena, baina noski oraingoa ordukoa baino milioika bider ozenagotua, dudarik ez, baina tonu berbera, eh?, bai, zer esango dizuet?, ba, diapason baten eta orkesta oso baten arteko intensitate diferentzia, konparazio baterako, baina tonu berbera.

 

Barka, othoi. Oso ongi. Esperientzia txit interesgarriak ari zatzaizkigu kondatzen, baina gauzak nahasten ez ote zaren ari beldur naiz. Erregu bat egingo nizuke, egingo genizuke Itaunketa Batzorde Iraunkorreko kide guztiok, gauzak ordenu hertsiago batez eta ahalbait lasterren konta diezaizkiguzun. Alegia, botak hondatu zitzaizkizunekoa garbi dago, jabetu gara horretaz, baina hauzoko neskaren hileta aipatu duzu. Zein neska? Nola hil zen? Zergatik joan zinen haren hiletara zeure seguritatea arriskatuz?.

 

Beno, bai. Eskilaren gora zetorrela ikusi nuen. Begiak borobil-borobil, malkoz urratuak. Bere hankak erakutsi zizkidan, inoiz plaiara elkarrekin joaten ginenean hain konplazienteki miresten nituenak, eta zera, ubel-ubelduak zeduzkan, kasik nik orain dauzkadan bezala. Arratsalde hartan bertan etorri zen San Bizenteko Erretore jauna olio santuak ematera; beno, hori baino lehen bere amak ere emana zion makina bat olio eta ukendu, linimento eta abar, baina nonbait horik «soluziobide tajuzko, garaian-garaiko, gaitzaren-arauerako eta zuhurtziazko patxada giro arduratsu batetan hausnartuak ez izaki». Dena den, —kontu egizue neska horrek nire gelaren goian hain zuzen egiten zuela lo, goiko bizitzan, bosgarrenean— gau hura loak ezin harturik pasatu nuen oso-osorik, hain ziren zulagarriak eta bihotz erdiragarriak neska haren karraxiak. Biharamunean hauzo osoan, leihoz leiho zabaldu zen hil zeneko notizia, baina ez pentsa behinola, garai normal batetan esan nahi dut, notizia triste hauek izan ohi zuten hedadurarik eman zitzaionik ez eta haren etxera lehengo doluminezko prozesio hiritar haik eratu zirenik. Ordurako ohituegi-edo geunden denok ere horrelako gertakariez. Neskaren ama bera ere, ezer egotekotan, etsita zegoen, ez beste: agian begitarte ilunak nolabaiteko tristuraren salatari?, ez dakit. «Zer egingo dugu, ba? Izurriteak badakigu zer diren, okerragoak ere paseak gara-ta. Gainera, udaletxeko agintariek eta Ezin Ukituzko Zuhurtzia Aulkiko ordezkariek Zuzendariari egin dizkioten eskabideak hor ditugu eta agian laster etorriko zaizkigu makina zulo-estalgarri horik». Hori esaten zuen alaba hilberria zuen ama batek; zer deritzazue, eh?. Gainera, ordurako badakizue kalera ateratzea zernolako arriskua zen; niri gertatua lekuko, eta hori hileta bilera oso ongi organizaturik zegoela. Hala eta guztiz ere, jende gutxi bildu ginen. Ba al dakizue, nire erasoaldia bukatuta gero, botak urraturik eta lehen horzkaduren errea hanketan bizi-bizi sentitzen nuelarik, zer esan zidan hiletaren antolatzaileetako batek?. Grazia handia egin zidan, egia esan. «Kaixo, adiskide. Martxa honetan gure hildakoentzako elizkizunik ere ezingo dugu antolatu. Hemen daramagun ordu erdi honetan hi izan haiz piztien hemeretzigarren erasoa jasan duana. Kontutan harturik denbora horretan hemen mila bat pertsona bildu garela, erasoen inzidentzia kalkulatu dugu, eta bildutako jendearen etorrera bataz beste binakakoa izan delarik, zera ondorioztatzen da: jadanik populazioaren 3,8% afektatzen dutela inbasoreen erasoaldiek». Meza garaian, nahiz eta barruan inolako erasorik jasateko beldurrik ez izan, kanpoan pikete batek gelditu behar ukan zuen, noizbehinka 31 Agosto eta Kale Nagusia despejatzeko: hartarako Udal Brigadek kamioi zisterna bat han bertan utzi beharra ukan zuten eta mangera ugari, bestela ezingo bait genukeen ez asanbladarik egin ez Elizaraneko neskatoak soka-saltuan ikusi ez eta Santa Luzian txurrorik dastatu. Ez dakit zuentzat interesezko gauza izango ote den, batzarre hartan hartu ziren deserabakien berri izatea. Gainera ez dut humorerik horretaz gehiegi luzatzeko, ondorioak nolanahi ere bistan dira eta. Baina, tira, agian zuen munduko soziologi klasetarako (edo dena den pertsonen arteko harremanen eta reakzio baldintzatuei emanen diezuen izena) profeitugarri gerta liteke. Oso llabur. Hara: bai batzarre hartan, bai ondoren egin zirenetan ere (hauetara gero eta jende gutxiago joaten zen: erreakzio bitxia, ez al da?, lojikaz problemak areagotu eta sumindu ahala, balirudike jendearen eskuhartzeak sukartsuago beharko lukeela: beno, hori zuek azter), ba, zera, batzarre horretan betiko bi taldeak definitu ziren: igeltseroak, alde batetik, eta profilaktikoak, bestetik. Hau, badakit, oso arruntki esanda. Inkesta egiten ari diren jaun hauek askoz ere sakonkiago adieraz liezazkizuekete talde eta subtaldeen arteko berezgarritasunak. Jadanik nahiko urduri daudela ikusten ditut, beharbada ni, mikrofonoa eskuartean tinko oraturik, gehitxo luzatzen ari naizelako, ausaz. Ba, hainbat okerrago beraientzat: ez etortzea zuten neregana galdezka. Ni neu profilaktikoen planteamoldeekin adosago nentorren, baina, egia esan, hiria ebakuatzea eta ondoren erraustea, horrela bertan behera piztia guztiak hilko zirelakoan, ez dakit ba, nahiko soluziobide gogortxoa iruditzen zitzaidan. Orain argi eta garbi esango dizuet nahiago nukeela mila bider hori egin izan bagenu, ezen ez, orain bezala, hiria berdin berdin hondatuz ikusi eta beste horien probetxurako ez bestetarako. Hara garbi asko esanda. Ez, ez, ez dizuet mikrofonoa utziko; lehendabizi, abiada hartua dut eta neuk bukatu nahi dut. Baina,...

 

Asko sentitzen dugu, baina zure azken deklarazio horik erabat partidistak dira eta aski dugu sofritzen ari garen hondamendiaz, oraindik ere funtsik gabeko salakuntzatan aritzeko. Gure hiria erasoalditik libratzeko, nahi bada eta nahi ez bada ere, soluziobide bat baino gehiago zegoen, eta pluraltasun hura errespetatu beharra zegoen justiziaren eta giza eskubideen izenean. Horregatik proposatzen genuen guk, profilaktikoek egiten zutenaren ez alderantzira baina bai kontrakarrean (zuk egin duzun bereizketa bikoitz hori xinplekeria hutsa da, manikeismo dogmatiko baten fruitu, zihur nago fraile eskolaren batetan istudiatuko zenuela..), horregatik proposatzen genuen guk, berriro esan, Hiriko Asanblada Guztiz Gorenaren ezarpena, Zuhurtzia Aulkiaren aparatoak kontrolatzen zituen Hiriko Sendagintza Kontseilu eta Udal Brigada Garbitzaileekiko alternatiba koherentea gerta zitekeen herri-olde-eraginkortasun bat, Asanblada Guztiz Goren horretatik abiatuz, gure III Pic-Nic Nagusiaren estatutoetan 11. puntuak ezartzen dizkion ezagugarriak izanen lituzkeen Asanblada batetatik hain zuzen.

 

Gainera, adiskide, ni ere Parte Zaharrekoa nauzu eta batzarre hartan izana, eta ez duzu ongi azaldu hango posturen arteko diferentzia zertan zetzan. Ez duzu bat ere aipatu guk Parte Zahar ederra, Konstituzio Plaza, Trinidade Plaza, Santa Mariako Basilika bera eta abar, sua eman eta kiskaltzearen kontra proposatzen genituen alternatibak. Gauzak ez bait ziren horren xinpleak. Edo zer? Intxaurrondotarrek egin zutena? Ederki eman ere!. «Intxaurrondokoa, adibidez», «Intxaurrondokoa, adibidez».. hori ahobetean esanaz zebilen zenbait jende hiri osoan. Baina zer lortu zuten intxaurrondotarrek?. Piztiak beren hauzategitik uxatu, baina hiriko besteetan situazioa gaizkitu. Bai, zeren han, Intxaurrondon, egin zuten erreketa zela medio, irensle multzoen leku aldatze eta haien erasoen indarberritze bat gertatu baitzen. Intxaurrondoko asfaltopetik erdi eroturik bezala jalki ziren eta ez ordura arte bezala taldeka edo gehienaz ere multzoka, erauntsika, uholdeka eta hodeika baizik, abiatu ziren kale gainetik eta kale azpitik hiriko beste hauzategietara, han arriskurik ez zutelakoan. Orduantxe txirtxilatu zuten hiriaren beheegitura guztia: ur kaineriak, telefono eta gas lineak. Udaletxeko brigadek Ategorrietako parean, adore miresgarri batez hori bai, eutsi ahal izan zieten inbasoreen uhin gaitzei, baina kale agerikoei soilki, lurpetik aisa eta nahi adina pasatzen zirelarik, hiriko beste hauzategietan, esan bezala, lur zartadura berriak probokatu eta zulo berrietatik barra-barra jalkiz. Agian, intxaurrondotarren jarrera egokia zatekeen, bai, batez ere oraingo egoera desesperatua ikusirik horrelako zerbait pentsatzera makurtzen naiz —hau eritzi pertsonala duzue, noski— baina horrelako indarkeriazko aukeramen unilateralik hartu baino lehen, gure VIII. Afarimerienda Nagusiaren 17. konklusioak dioenez, «Herri oldeen protagonismoa ez daiteke ezeren izenetan trukatu», Hiriko Asanblada Guztiz Konbergentea konbokatu beharra zegoen.

 

Ez dakit zer gertatu zaien gure hirilarioi. Nolanahi ere, magnetofoia abandonatu egin dute eta nik hartu dut. Beronen faltaz eta nireaz ohartzen direnerako, ezingo gaituzte topatu, Balentineko merendero inguruan bainago izkutaturik. Ni nauzue heriotzera kondenatutako «traidorea». Hitz zantar hori zergatik leporatzen didaten argi dago: inorekiko lotura ideolojiko eta estratejikorik inoiz izan ez dudalako. Baina, inondik ere, min ematen dit deitura horrek, ze nik neure hiria neure emaztea bezala maitatu ukan dut beti. Baina, noan harira, honez gero kronika hotz objetibo baten beharra guztiz nabarmena baita, gure hiri suntsieraren —edo agian, zehazkiago esanda, itxuraldaketaren— ideia juxtu bat ukan dezazuen. Nik lan egiten nuen periodikoan gaitzaren hiru faseak hots, pinporraldia, hanpadura aldia eta leherdura aldia, bateratsu gertatu ziren. Astearte gauean, ni burubelarri ari nintzen makinan tik-tak Zuhurtzia Aulkiaren azken bilkura urgentearen laburpena egin nahiaz; hain zuzen ere, «kronika hau idazteko orduan, oraino bildurik darraite zuhurlariok» frasea borobiltzen ari nintzen artean... eta derrepente tailerrean biraoak, madarikazioak eta oihu ozenak. Zer ote?. Neure begiez ikusi ahal izan nuen: errotativak erotu ziratekeen, paperetan termitak —bai termitak erliebean— inprimatu besterik ez bait zuten egiten. Lokamuts bat ote zen ere pentsatu genuen. Baina luze gabe ohartu ginen arazo guztiz estrainoaren kausa ez zela, ordura arte maiz bezala, makineriaren jarrera antihiritarra, baizik eta makinen barruan jadanik sartuak zirela inbasoreak, tintetan nahasi eta gure egunkariaren orrietan bizi propioa erdietsi arte. Hori abisu bat besterik ez zen izan, zeren eta, handik piska batera, zolua eta kristalak eta dena lehertu egin baitzen: lurpetik ez ezik sabaiko habeetatik ere hasi ziren irensle multzo hodeiak jausten. Inor gutxi atera ginen onik handikan. Lankide gehienak han gelditu ziren korzkaturik eta lurrean gorputz, izati harrabotsari horien antena soinu siniestroa besterik entzuten ez zelarik. Minutu eskas batetan dena txirtxilatua zegoen eta kapa beltzez iratoa. Desgrazia hura gertatu ondoren, beste nire lankide bat eta biok —triskantza deitoragarri hartatik libratu ginen bakarrok— Donostiako erdialdera iritsi ginenean, hiritar gehienak oraindik lo zeuden, oso goiz baitzen. Kaleak pake-pakean zeuden. Denak lo, esan bezala; etxeetatik zetozen zurrungadek eta kale zuloetatik zetozenek, nahiz eta animali espezie diferenterenak izan, gauaren isiltasunean txalaparta erritmua gogorazten zuten; oso ongi konplementatzen ziren halajaina. Gure eginkizun informatiboa bete beharrez eta hiritartasun izpirituak hartara beharturik, Alkate jaunarengana jo genuen. Harritzekoa baina hau ez zegoen lo: ohean bai, eta bakarrik, baina lo ez, goizaldeko laurak izan arren. Bere gelako tokadiskoan «charleston» baten doinu saltarin urratua ari zen («urratua», kasu, ez da hemen epiteto espresibo bat, esan nahi baita, tokadiskoa bera «belle époque»koa zelarik, ba...) eta bera ohe gainean eserita, batin more bat soinean, bizarretik behera nigar malkoak zerizkiola zegoen. Berehalaxe pentsatu genuen guk jasanikako erasoaren berri bazukeela ordurako. Gure esanei ez zien kasorik egin, gure galderei ez zien erantzunik eman: aldian-aldian hasperenka ari zen, ahapeka «Donosti, Donosti» boz mehe batez murmuriatuz, eskuartean «Gran Kursaal-1920» idatzirik zuten poker karta batzuk laztanduz. Alfonbra gainean, roulette handi bat. Irten ginen handikan eta Zuhurtzia Aulkiaren sedera abiatu. Usandizagaren estatua gainera igo eta oraindik argi bat edo beste pizturik zegoela erreparatu genuen. Konserjerik-eta, inor ez. Oihuka hasi ginen eskilaretan gora, ate guztiak irekiz. Inor ez. Sitsek jotako kutxa baten gainean eseri ginen arnasari buelta emateko eta berehalaxe somatu genuen han barrutik zetorren burrunbada. Kutxa ireki eta espero genuena ikusi. Termitek jadanik janak zituzten Korpuzti egunean konserjeek jantzi ohi zituzten erropa dotoreak, pelukak, hatxoneak... baina hura ez zen dena: begi desenkajatu batzuk, lepo zurrun bat, esku bihurri batzuk, aho ireki ustel bat. Instant bat izan zen baina asasinatu berria nor zen jakiteko aski: Ekaitzaize jauna. Izuturik aldegin genuen eta pasillo batetan barrena gindoazela, areto batetik halako letania amoltsu bat heldu zen gure belarrietara. Haritz sendo zindozko ate ondoan adi-adi entzunez, antzeman genion letaniaren letrari. Zabaldu genuen atea. Zur eta lur gelditu ginen, inorako zirkinik egiteko gauza ez eta. Areto sabaian etengabeko durundio sakon berbera errepikatuz, «pre»-«pre»-«pre»... Han zeuden jezarririk zirenak eta ez zirenak. Atetik hurbilen, guregandik hurbilen beraz, zeuden munstroak: bi ziren, pertsona baten tamainukoak, siloiaren hankak bereez tinko oratuz eta goieneko bi hankak mahai gainean itxuroski apoiatuz, bat karpeta beltzaren ondoan eta bestea lumari atxikiz. Berak bakarrik ohartu bide ziren gure sarreraz eta buru gaineko antenetatik karraxi zorrotz bat emititu zuten, hain zorrotza ezen gure giza belarriek apenas jaso ahal ukan zuten. Une berean, sabaiko artesonadotik, leihoetatik behera, gudaloste ikaragarri batek oldartu zigun, beltzak, harrabotsariak, irensleak, soinulari makabroak. Ez genuen ihespiderik inondik ere. «Baina beste horik —pentsatu nuen nik konortea galdu baino segundu batzuk lehenago— betikoak dira, gure egunkariari hainbat eta hainbat deklarazio egindakoak, ezagunak, arras ezagunak gu nortzuk garen ondo baino hobeto dakitenak...». Baina nire begi izutuek laster eman zidaten arazoaren zergatia. Begi zuloetan ez zuten begirik; belarri hegalen barne ez zuten entzumenik: habia egina zuten beraietan termitek eta bor-bor zebiltzen zulo haietan bueltaka. Nire laguna bertan behera irentsi zuten begi kliskatze batez, irentsi eta hezur hutsetan laga. Niri ordea... orain konprenitzen dudala uste dut. Buru gainean kokatu zitzaizkidan lehenik. Gero konortea galdu nuen. Egun haietako gertakariak, hots asteazken goizalditik gaur larunbat arratsera arte, lanbrotsuki gogoratzen ditut. Nik uste dut pozoinen bat, aho ertzetako matrailhezur sendoetatik dariekeen likidoren bat txertatuko zidatela zerebroan, zeren bestela ez baitut konprenitzen ahal, ni lehen hain aurrerakoi izaki eta... Egia ote zen lehen hemengo herkide hirilari horiek esan didatena?. Traidore zerria. Beraiek baino zorte hobea izanen nukeelako ez naute bertan behera hil, esan dutenez. Nonbait egun hauetan inbasoreen cicerone bezala ibili omen naiz. Zuhurtzia Aulki Daitekeenzalearen bozeramale leiala izan bide naiz. Nik egiten omen nituen irratsaioetan hiritar bizikidetasunerako deiak zabaltzen omen nituen etengabe. Ni joaten omen nintzen beti giza tamainuko termita handiekin eta begibelarri termitaztuekin Asilo Matiako atso-agureei kontsolamendu eta karamelo batzuk eramatera, ordainez bertako monjatxoen «Buenos días-ak» eta lunch-ak jatera. Hiria urez hornitzen zuen Artikutzako presara ere lagundu omen nituen, lehorte gaitzaren soluzioak bilatzeko egin zuten lan inspekzio baten kariaz. Igeldoko hirilariek esan didatenez, zihur asko handik eraso omen dio hiriari inbasore kolumna ugari batek, hodiak janez, ur abastezimendua etenez, eta sukaldeetako iturrietatik ura beharrean beraiek lasai-lasai infiltratu ahal izateko. Egia esan, ez dut uste horrenbesterainokoa izango zenik. Ainarbeko presaren inauguraziora ere asistitu omen nuen, nonbait gure jaun eta jabe berriek oso atsegin bait dute ura eta urarekin zerikusia dukeen guztia, eta Termita Nagusiak zinta hausteko behar zituen gureizak nik neuk luzatu omen nizkion. Termiten maniobretara ere asistitu omen nuen, baita haien zerbitzu izpiritua goraipatzen zuten diskurtso guztiak kronika bipiletan bildu ere. Nirea izan omen zen hiritar gaitzaren hiru faseak argi eta garbi definitu zituen informazio lana. Hain zuzen ere, gaitzaren ikerketa hau dela eta, uste dut nire oroitzapenak apur bat garbiago daudela. Oroitzen naiz, eta neure kabuz oroitu ere, azken egun hauetan Sendagintza Kontseiluan istilu franko ibili izan genuela, hiru faseen jatorri berbera deskubritu genuenean. Nik neuk ere horixe baieztatu nuen eta Zuhurtzia Aulkiaren epelkeriaren aurkako protesta agiri bat sinatu ere sinatu nuen. Bilera ekaiztsu haren ondotik, komisio profesional bat joan ginen Udaletxera, haiekiko solidaritatea erakutsi nahiz eta Brigada Garbitzaileen ekintzak oro ordudanik aurrera inolako erretserbarik gabe aldezten genituela frogatzeko. Hori atzo zen, ostiral arratsez. Geroztik hemen ibili naiz, Igeldon barrena, batera eta bestera, neure nortasun galdua birraurkitu nahian eta eginkizunak hausnarketa giro serio batetan planifikatuz. Nire egungo egoera kritikoa kontutan harturik, eta hirilari ausartek eman didaten erreflexio gaiaren ondoren, uzkur naiz horren gauza grabeak egin ditudala aitortzera, sinesgaitz iruditzen zait horren ekintza lotsagarriak egin nitzakeela pentsatze hutsa. Baina, agian.. Zuek uste duzue, nire antezedenteak, nire betiko borrokalari abalak kontutan edukirik, kalea bitan zatitzearen plana, espaloi batetik hiritarrak eta bestetik termitak ibili baharra ezartzen zuenekoa, nire burubihotzetik sortua izan daitekeenik?. Tamaina horretaraino konorte gabeturik ote nengoen, bada, gauzak piska bat agrabatzen zirenean eta espaloi batetik besterako agresioak gertatzen zirenean, «zetorren aldetik zetorrela edozein eraso arbuiagarri» zela deklarazioa irratiz boz hunkigarriz zabaltzeraino?. Egia ote da, ekonomi adituekin batera prentsa-gurpilak eratu ohi ditudala egun hauetan, hain zuzen kotxe gurpilen suntsiera —denok genekienez, termiten bazka— onuragarri zela frogatzeko eta jendea konbentziarazteko, gasolina ahorratzen genuela eta energi iturririk ez genuela eta norberak ahal ukan arren, Terminostik ez zezakeela, jendeak kontzientzia har lezan?.

 

Orain neure testigantza hau bukatzera noala, obratu dudan bezala besterik ezinean obratu dudala azpimarratu nahi nuke. Bortxakeriazko oharkabetasun baten eraginez. Eta bihotzez nire herritarrekin nagoela Kronika hau nire Herriarekiko azken zerbitzua izan ledin nahi nuke. Baina nire desesperaziorako eta zuen, entzule ezezagun horien, dezepziorako, azken lau egunotako berriak ezin diezazkizueket, zeharka ez bada, konta. Nire amnesia inposatuak benetan ezindu egiten nau. Zuek, zuek bederen konprenituko duzuelakoan nago. Orain banoa. Banoa, baina aldean daramat magnetofoia. Ez dakit zerk bultzatzen nauen, baina buru barnean ziztukada sarkor bat entzuten dut. Joan beharra dut. Hiriruntz. Egia esan, nire hankak onik daude, ez dute inolako ubelik, eta zinez harritzekoa da, zeren egun hauetan termiten konpainian gehien ibili den hiritarra ni nauzue. Zuhurlari-ohiak, sendagintza kontseilukide-ohiak datozkit orain harrera egitera. Jendea ere badago, jendea, hots, hiritar pertsonak. Espaloi banatan errenka eta piloan jarririk daude eta txaloka, txaloka hartzen naute. Egunsentia badator. Irensle bakegile multzoak etxe hondakinetan dabiltza aurrera eta atzera, habeak, erredizak, ispilu eta komuneko tapak karraskatuz. Etxeak porrokaturik dautza. Denak ez, ordea. Gure Jauregi ederra zertan den begiratzen dut eta lerden-lerdenik dago, Jainkoari esker. Tolosa abenidako etxe galant batek zutik dirau, besteak beste. Abnegitak hiritik erretiratzen ari direla dirudi: bart arratseko uholde gaitz haik gabe, orain gudaloste tinko eta ordenatuak doaz lerro-lerro, desfile antzean. Zistuak entzuten dira noizbehinka eta orduan etxeetatik aldegiten dute eta kaltzada erdian multzo simetrikoak eratzen. Gero, lerro-lerro esan bezala, lurpera doaz berriro zutik iraun duten zenbait edifizio ezagunen sotoetatik. Abnegita guztiz Handi eta Itzalezko batzuk ere ikusten dira, hara: Zuhurtzia Aulkiko Abnegitez eta Abnegitoiti jaunak hor daude. O! zein ohore handial. Niregana datoz irrifar zabal batez eta beso-adarrak niri luzatuz. Zer esanik ez, jendearen txaloek eta orain ahaldunen adeitsutasun honek hunkiturik naukate. Eta akto kuttun anaikor batez nire paparretik Abnegerriaren Termo Zuhurtziaren Domina Handia esegi dutenean, erabat ahalketurik gelditu naiz, zertarako uka, eta eskerronaren adierazgarri bizpairu hitz totel besterik ezin izan dut ahozkatu jadanik haien hizkuntza oso ongi menderatzen badut ere. Abnegostiko kronista ofizial ohoregarria izendatu naute. Edikto bat eman didate, gero irratiz irakur dezadan. Irakurraldi labur batez jabetu naiz izkribuaren mamiaz; ubelen amnistia zerebroen amnesiaz konmutatzeko aukera. Ez dakizue zernolako lasaitasuna sentitzen dudan orain. Jendea badabil, ostera ere, kaleetan barrena, batzuk kantari gainera. Esperantza eta bizia birjaiotzen ari dira gure hirian!. Bart arratsean Igeldoko esperantzarik gabeko kutsatuen artean, ni ere haien eritzikoa nintzen: ihes egin ezinik hirian geratu zatekeen jende guztia «azken eraso gaitzaren menpean» hilik zatekeela. Baina, ez. Etxeak hondaturik daude, baina gure hiria bizi da!. Ikusten dira oraindik kale bazterretan abnegitek, beren buruaren defentsan zihur asko, irentsi behar izan dituzten zenbait hiritarren hezurrutsak. Rekalzitranteak... pena da. Baina izan zitekeen baino galera txikiagoa izan dugu. Esate baterako, bart arratsean Igeldo gainean hain etsituki mintzo zen mutil gazte ubeldu haren gurasoak bizirik dirateke oraindik: a zer poza hartuko lukeen semeak!. Zalantzarik gabe, nire eginkizuna gaur egun eginkizun historikoa da, izpirituen barealdia azkartu eta zauri zaharrak gozatu. Nire egitekorik garrantzitsuenetako bat, hain zuzen, horrexek beharko du izan: agintari berriengandik barkazioa eta amnistia hiriko sektore hezigaitzenetaraino hedatzea. Ni neu pertsonalki joanen naiz Igeldoko anai-arrebengana berri ona aldarrikatzera, ubeldurez sendatu ahal izateko duten posibilitatearen berri ematera. Ez al zaizu iruditzen gaitzen artetik biguinena egokitu zaigula eta Jainkoari eskerrak eman beharrean gaudela, zuhurlari-ohi jauna?...

 

Buruaz baietz erantzun du, eta irrifarrez begiratu diodanean, irrifarra ezpainetan iraungi zait. Haren begiei ñirñirdura ezagun bat darie, termiten antenek egunsenti eguzkiaren argiz isladatzen duten diztira beltza: haien diztiratan neure begiak ere ikusi ahal ukan ditut eta ni ere arrazoi berberak eragindako diztiraren jabe naizela ohartu naiz.

 

Errenderian, 1977eko Urriaren 4ean

Abnegita Handiaren heriotzaren lehen urteburuan

 

 

© Joxe Austin Arrieta