Enaren Andre Maria

 

        Atanasio handiaren dizipulurik zintzoena izan zen Terapion monjea gazte denboran; zakarra zen, zorrotza bere buruarekin, deabruen presentziaren susmorik ematen ez zioten kreaturekin bakarrik gozoa. Egipton momiak berpiztu eta ebanjelizatu zituen; Bizantzion enperadoreei konfesioa hartu zien; amets bati fede emanik etorri zen Greziara, oraindik Panen sorginkerien meneko zen lurralde hori exortzizatzeko asmoz. Sutan jartzen zen, gorrotoa zeriola, ikustean sukarrak jotako nekazariek arratseko haizerik xumeenarekin beren ordez dardaratu daitezen trapu zaharrak zintzilikatzen dituzten zuhaitz sakratuak, lurra uztak ematera behartzeko soroetan goratutako faloak eta horma-zulo eta iturri-hutsuneetako buztinezko jainkoak. Bere eskuz eraikia zuen etxola estu bat, Zefiso ibaiaren bazterrean, material bedeinkatuak baino ez erabiltzeko kontu eginik. Nekazariek berarekin banatzen zituzten beren janari meheak, baina, gainera amilduak zitzaizkien gosete eta gerrek mehetu, zurbilarazi eta adoregabetutako jendea izanik ere, Terapionek ez zuen erdiesten haiek zerurantz bihurtzea. Goratzen ari den eguzkia bezala urrez jantzitako Jesus, Mariaren semea, gurtzen zuten, baina bizilekua zuhaitzetan duten edo dirakiten uretatik jalgitzen diren jainkoekiko leial segitzen zuen haien bihotz tematiak; arratsero, katilu bat esne uzten zuten, geratzen zitzaien ahuntz bakarraren esnea, Ninfei eskainitako platanoaren pean; mutilak zuhaiztipeetara limurtzen ziren eguerdian, ezkai eta eztiz elikatzen diren onize begiko emakume horiek zelatatzeko. Ugari ziren bazterretan, beste inon lurrindurik aienatzen denak berehala errealitate itxura eta izatea hartzen duen lurralde gogor eta idor horretako alabak. Iturrietako lokatzetan agertzen ziren bajen oinatzak, eta beraien gorputzen zuritasuna haitzen dizdizarekin nahasten zen urrutitik. Gertatu ohi zen teilatu bati eusten zion habe gaizki arrabotatu batean Ninfa mutilatu batek artean bizirik irautea ere, eta gauean kexuka edo kantari entzutea. Ia egunero galtzen zen ganadu liluratua mendian, eta hainbat hilabeteren buruan baino ez zuten aurkitzen hezur pilatxo bat. Gaizkinek eskutik hartzen zituzten haurrak eta amildegi ertzetara eramaten zituzten dantza egitera; beraien oin arinek ez zuten lurra ukitzen, baina leizeak harrapatu egiten zituen gorpuztxo astunak. Edo haien lorratzaren atzetik abiatutako mutil gazte bat arnasestuka jaisten zen, sukar-hotzikarak jota, iturri bateko urarekin batera herioa edanda. Hondamen bakoitzaren ondoren, Terapion monjeak ukabila erakusten zuen Madarikatuak ezkutatzen ziren basoetarantz luzatuta, baina herritarrek maitagarri fresko erdi ikusezin haiek maiatzen segitzen zuten, eta barkatu egiten zizkieten gaiztakeriak, eroen burmuina suntsitzen duen eguzkiari, ama lokartuen esnea zurgatzen duen ilargiari eta horrenbeste sufriarazten duen maitasunari barkatzen zaien bezala.

        Otseme samalda bat bailitzan zien beldur monjeak, eta emagaldu talde batek adina kezkarazten zuten. Izaki eder apetatsu haiek ez zuten sekula bakean uzten: gauez, haien hats beroa sentitzen zuen aurpegian, gela batean uzkur inguruka dabilen piztia erdi etxekotuaren arnasa bailitzan. Landetan barrena abiatzen bazen, gaixo batentzako elizakoak zeramatzala, haien trosta setati eta inarrosia aditzen zuen durundika ondotik jarraiki, ahuntz gazteak bailiran; gertatzen bazitzaion, ahaleginak eginda ere, otoitz orduan loak hartzea, malezia gaiztorik gabe etorri ohi zitzaizkion bizarretik tira egitera. Ez ziren saiatzen bera seduzitzen, itsusia, irrigarria eta oso zaharra iruditzen baitzitzaien saial arrez egindako bere jantzi zakarrekin, eta, beren edertasuna eta guzti ere, ez zuten harengan inolako desira lizunik ernarazten, beldarraren haragi zurbilak edo sugeen larru labainak adinako nazka ematen baitzion monjeari haien biluztasunak. Tentaldira bultzatzen zuten ordea, Jainkoaren jakinduria dudatan jartzen baitzuen azkenean, horrenbeste kreatura alferreko eta kaltegarri taxutu izanagatik, kreazioa Berak atsegin hartzen duen jolas galgarri bat baino ez bailitzan. Goiz batean, Ninfen platanoa zerratzen ari zela aurkitu zuten herritarrek beren monjea, eta nahigabetu egin ziren birritan, batetik maitagarrien mendekuaren beldur zirelako, iturriak berekin eramanik alde egingo ez ote zuten, eta, bestetik, platano hark dantza egiteko bildu ohi ziren lekuan itzala ematen zuelako. Baina ez zioten errietarik egin gizon santuari, zeruetan den Aita, euria eta eguzkia banatzen dituena, haserretuko zitzaien beldurrez. Isilik geratu ziren, eta isiltasun hark akuilatu egin zituen Terapion monjeak Ninfen kontra jarduteko zituen asmoak.

        Ez zen jada inora ateratzen mahukaren tolesean bi sukarri gordeta ez bazen, eta arratsean, ezkutuka, landa mortuetan nekazaririk ageri ez zela ikusten zuenean, jainkosak ezkutatzearen susmoa hartzen zion enbor zauritsuko olibondo zahar bati su ematen zion, edo erretxinak urrezko negarrak botatzen zituen pinu gazte ezkatatsu bati. Forma biluzi batek ihes egiten zuen hostoen artetik eta lasterka joaten zen orein eme izutuak bailiran urrutian geldi-geldirik zeuden lagunekin biltzera, eta monje santua Gaizkiaren gordelekuetako bat suntsitu izanaz pozten zen. Bazter guztietan gurutzeak landatzen zituen, eta jainkozko piztia gazteak apartatu egiten ziren, ihes egiten zioten urkabe goren moduko haren itzalari, herri santutuaren inguruan isiltasun eta bakardade eremu gero eta zabalagoa utziz. Baina oinez oin segitzen zuen borrokak sasi arantzatsuen eta harri jausien laguntzaz defendatzen zen mendiaren lehen aldapetan, zailagoa izaki handik jainkoak uxatzea. Azkenean, otoitzak eta suak inguratuta, eskaintzarik ezagatik argalduta, herriko gazte jendea aldentzen hasia zitzaienez geroztik maitasunaz gabetuta, ibartxo mortu batean bilatu zuten babesa Ninfek, lur buztintsuan landatutako zenbait pinu ezinago beltzek hegazti handi batzuk gogorazten zituzten lekuan, lur gorria beren atzapar sendoekin jasotzen eta beren arrano-hegoen milaka punta finak zeruan astintzen ariko liratekeen hegazti handiak. Harri-pila itxuragabeen azpitik han sortzen ziren iturriak hotzegiak ziren arropa-garbitzaileak eta artzainak erakartzeko. Muino baten altzoan bazen haitzulo bat lurpean barrentzen zena, eta doi-doi gorputz bati igarotzen uzteko aski zabal zen leize-ahotik baino ez zegoen hara sartzerik. Betidanik babestu ohi ziren Ninfak bertan ekaitzak jolasak eragozten zizkien arratsetan, trumoiaren beldur baitziren, basoko animalia guztiak bezala, eta han lo egiten zuten, orobat, ilargirik gabeko gauetan. Artzain-mutil gazte batzuk sartu omen ziren behin harpe hartara, beren salbamena eta gaztaroko sasoia arriskutan jarriz, eta ez zitzaizkien ahitzen hitzak ilunpe hozkirri haietan erdikusitako gorputz eztiez eta haztatu baino gehiago sumatu hutsak zituzten haien adatsez jardutean. Bularrean errotutako minbiziaren pareko zitzaion harkaitz-saihetsean ezkutatutako haitzulo hura Terapion monjeari, eta ibarrerako sarbidean zutik, besoak goratuta, geldirik ematen zituen orduak eta orduak, zeruari erreguka jainkoen arrazaren kondar arriskutsu haiek suntsitzen lagun ziezaiola.

        Pazko egunetik gutxira, eliztarrik leial edo zailduenak bildu zituen monjeak arrats batean; pikotxez eta esku-argiz armatu zituen; gurutzefika batez hornitu zen bera, eta muinoen labirintoan barrena gidatu zituen, landareen izerdiz betetako ilunpe bigunetan, gau beltz hari probetxu ateratzeko irrikaz. Haitzuloaren aurrean gelditu zen Terapion monjea, eta ez zien bere dizipuluei hara sartzen utzi, tenta zitzaten beldurrez. Iturrien tantakadak entzuten ziren ilunpe itsuan. Hots motel batek dardarizo zegien, haizetxoak pinudietan bezain ezti; Ninfa lokartuen arnasa zen, munduaren gaztaroarekin ametsetan ari baitziren, gizonik artean ez zen eta lurra zuhaitzez, animaliez eta jainkoez baino erditzen ez zen garaiarekin. Su handi bat piztu zuten nekazariek, baina uko egin behar izan zioten haitza erretzeari; igeltsua oratu eta harriak garraiatzeko agindu zien monjeak. Egunsentiko lehen argitasunarekin hasiak ziren kaperatxo bat eraikitzen, muinoaren altzoari itsatsia, haitzulo madarikatuaren leize-ahoaren aurrean. Hormak lehortu gabe zeuden, teilatua jarri gabe, eta atea falta zen, baina Terapion monjeak bazekien Ninfak ez zirela saiatuko berak ordurako Jainkoari eskainia eta bedeinkatua zuen leku santu hartan barrena ihes egiten. Seguruago egoteko, lau beso berdineko gurutze batean pintatutako Kristo handi bat landatu zuen kaperaren barne-zokoan, haitzaren ahoa zabaltzen zen lekuan, eta irribarreak baino ulertzen ez dituzten Ninfek, izuak hartuta, atzera egiten zuten Oinazetuaren irudi haren aurrean. Lehen eguzki errainuak haitzuloaren atariraino luzatzen ari ziren herabe: dohakabe haiek aldameneko zuhaitzen hostoetan beren lehen ihintz-janaldia egitera atera ohi ziren ordua zen; negar-zotinka ziharduten gatibuek, laguntza eman ziezaiela erregutzen zioten monjeari, eta, hain ziren lañoak, non ihes egiten uzten bazien maitatuko zutela agintzen baitzioten. Egun osoan segitu zuten lanean, eta, arratsera bitartean, malkoak ikusi zituzten harritik erortzen, eta eztulak eta animalia zaurituen intzirien gisako garrasi gozakaitzak entzun zituzten. Biharamunean jarri zuten teilatua eta lore-sorta batez apaindu zuten; moldatu zuten atea, eta burdinazko giltza lodi bati bira eragin zioten sarrailan. Gau hartan herrira jaitsi ziren nekazari akituak, baina Terapion monjea altxatutako kaperaren ondoan etzan zen, eta, gau osoan, gozoki galarazi zioten lo egitea bere atxilotuen auhenek. Bihozbera zen alabaina, erruki ohi baitzioten hala hankapean zapaldutako zizarea nola bere elizgizon-jantziaren igurtziak hautsitako lore-zurtoina, baina sugegorri gazteen habia bi adreiluren artean hormaratu duen gizonaren poza erakusten zuen une hartan.

        Biharamunean, karesnea ekarri zuten nekazariek, eta barrutik eta kanpotik kareztatu zuten kapera, zeinek haitzaren altzoan kiribildutako uso zuri baten itxura hartu baitzuen. Besteak bezain beldur ez ziren bi herritar ausartu ziren haitzuloan sartzen, hango horma heze eta zulotsuak zurikatzeko, iturrietako ura eta erleen eztia ez zitezen aurrerantzean leize ederraren barrura iragazi eta ez ziezaioten eutsi iraungitzen ari zen emakume-maitagarrien bizitzari. Ninfa ahulduek ez zuten jada gizakien aurrera agertzeko behar adinako indarrik; doi-doi hauteman zitekeen hala-hola ilunpetan, han-hemenka, aho gazte uzkurtu bat, bi esku maskal otoika, edo bular baten arrosa-kolore zurbila. Edo, tarteka-marteka, haitzaren laztasunen gainetik pasatzen zituztelarik nekazariek karez zuritutako beren hatz lodiak, leku heze eta abandonatuetan hazten diren iturri-belarren gisako adats guri eta dardaratsu bat sentitzen zuten ihes egiten. Ninfen gorputz garaituak lurrinduz desegiten ziren, edo, hildako tximeleta baten hegoak bailiran, hauts eginda erortzeko prestatzen ziren; intzirika ziharduten artean, baina belarria zorroztu beharra zegoen auhen motel haiek aditzeko; ordurako ez ziren Ninfen arimak baino negarrez ari zirenak.

        Hurrengo gau osoan, otoitzezko guardia egiten segitu zuen Terapion monjeak kaperaren atarian, basamortuko anakoreta baten gisa. Poztu egiten zen pentsatuz ilargi berria baino lehenago isilduko zirela auhenak, eta gosez hildako Ninfak ez zirela jada oroitzapen lizun bat baino izango. Herioak gatibuak askatuko zituen une hura lehenago hel zedin otoitz egiten zuen, ezen, gogoz kontra bazen ere, erruki izaten hasia baitzen, eta aiher zion bere buruari bigunkeria lotsagarri harengatik. Inor ez zen igotzen jada berarengana; munduaren beste muturrean balego bezain urruti iruditzen zitzaion zegoela hernia; ibarraren beste aldean ez zituen lur gorria, pinuak eta urrezko orratzek erdi ezkutatutako bide bat baino hautematen. Ez zituen gero eta motelago ziren herio-korroka haiek baino entzuten, eta bere otoitzen beren doinu gero eta erlatsagoa.

        Egun hartako arratsean, emakume bat ikusi zuen bidean, beregana heldu zela. Burua makur zetorren, pixka bat gakotuta; soingainekoa eta lepoko zapia beltzak zituen, baina distira misteriotsu bat ageri zen oihal ilun hartaz gaindi, emakume hark goizaren gainera gaua jaurti izan balu bezala. Gaztea izan arren oso, emakume guztiz zaharraren seriotasuna, geldotasuna eta duintasuna ageri zituen, eta mahats-mordo umatuek eta lore baltsamatuek ohi dutenaren pareko zen haren leuntasuna. Kaperaren aurretik igarotzean, arretaz begiratu zion monjeari, eta errezoetatik apartatua gertatu zen hura.

        — Bide hau ez doa inora, emakume —esan zion—. Nondik zatoz?

        — Ekialdetik, goiza bezala —esan zuen emakume gazteak—. Eta zertan ari zara zu hemen, monje zahar hori?

        — Haitzulo honen barruan hormez inguratu ditut oraindik ere eskualdean horrenbeste kalte zegiten Ninfak —esan zuen monjeak—, eta leizearen ahoaren aurrean kapera bat eraiki dut, ihes egiteko gurutzatzen ausartzen ez direna, biluzik baitaude, eta, beren modura, Jainkoaren beldur baitira. Beren haitzuloan gosez eta hotzez noiz hilko, nago zain, eta, hala denean, Jainkoaren bakea nagusituko da landetan.

        — Eta nork esan dizu Jainkoaren bakeak Ninfak bere baitan hartzen ez dituenik, orein emeak eta ahuntz taldeak hartzen dituen bezala? —erantzun zion emakume gazteak—. Ez al dakizu kreazioaren garaian zenbait aingeruri hegoak ematea ahaztu zitzaiola Jainkoari, aingeru horiek lurrera erori zirela eta basoetan hartu zutela bizilekua, eta bertan Ninfa eta Pan guztien arraza sortu? Eta beste batzuk mendian jarri ziren bizitzen, eta Olinpoko jainko bilakatu ziren. Ez ezazu goretsi kreatura, jentilek ohi duten bezala, Kreatzailearen kaltetan; baina, ez zaitzala, ezta ere, Haren obrak sumindu. Eta emazkiozu eskerrak Jainkoari bihotzez, Diana eta Apolo sortu izanagatik.

        — Nire gogoa ez da hain gora airatzen —esan zuen monje zaharrak umil—. Ninfek nahasi egiten dituzte nire ardiak, eta arriskutan jartzen haien salbamendua; neu naiz horren erantzule Jainkoaren aurrean, eta horregatik jazarriko ditut, behar izanez gero, Infernuko zuloraino ere.

        — Eta hartuko zaizu aintzat gar hori, monje prestu hori —esan zuen irribarrez emakume gazteak—. Ez al duzu ikusten, ordea, Ninfen bizitza eta zure ardien salbamendua elkarrekin moldatzeko modurik?

        Txirulen musika bezain eztia zuen ahotsa. Monjeak, urduri, burua makurtu zuen. Emakume gazteak eskua sorbalda gainean jarri eta serioski esan zion:

        — Monje hori, utzidazu haitzulo horretan sartzen. Gogoko ditut haitzuloak, eta erruki ditut babeslekua bertan bilatzen dutenak. Haitzulo batean ekarri nuen mundura neure haurra, eta haitzulo batean utzi nuen, beldurrik gabe, herioaren esku, Berpizkundeko bigarren jaiotza iragan zezan.

        Anakoreta baztertu egin zen emakume gazteari igarotzen uzteko. Duda-mudarik gabe, aldarearen atzean ezkutatua zegoen harpearen sarrerarantz egin zuen hark. Gurutze handiak ixten zuen sarbidea; eztiki baztertu zuen, zer edo z_ er ezagun bailitzaion, eta leizean barneratu zen.

        Intziri ozenagoak entzun ziren ilunpetan, txioak eta hego-astinaldi gisako batzuk. Emakume gaztea hizkuntza arrotzez mintzo zitzaien Ninfei, beharbada txoriena edo aingeruena zen hizkuntzan. Handik pixka batera, otoitzean segitzen zuen monjearen ondora agertu zen berriro.

        — Begira —esan zion monjeari—, eta entzun.

        Konta ezin ahala oihutxo kirrinkari sortzen ziren beraren soingainekoaren petik. Apartatu zituen haren barrenak, eta jantziaren tolesetan ehunka enara gazte zituela ikusi zuen Terapion monjeak. Zabal-zabal jarri zituen besoak emakumeak, otoitzean ari bailitzan, eta hegaldatzen utzi zien horrela txoriei. Gero honela esan zuen, harpa baten soinua bezain ahots argiaz:

        — Zoazte, ene haurrak.

        Askatutako enarek arratseko zeruan gora egin zuten, zeinu irakurgaitzak marraztuz moko eta hegoez. Haiei begirik kendu gabe egon ziren agurea eta emakume gaztea pixka batean; gero, honela esan zion bidaiariak bakartiari:

        — Urtero itzuliko dira, eta zuk aterpe emango nire elizan. Adio, Terapion.

        Eta inora ez zihoan zidorretik jo zuen Mariak, zeruan barrena ibiltzeko moduaren berri izaki bideak bukatzeak ezer gutxi axolako liokeen emakumea bailitzan. Terapion monjea herrira jaitsi zen, eta, biharamunean, meza ematera bueltatu zenean, Ninfen haitzuloa enara-habiaz estalia zegoen. Urtero itzuli ziren enarak; joan-etorrian ibiltzen ziren eliza barruan, beren kumeei jaten ematen edo buztinezko beren etxeak sendotzen, eta eten egiten zituen maiz otoitzak Terapion monjeak, haien maitasun eta jolasei begira egoteko hunkiturik, Ninfek debekatua dutena zilegi baitute enarek.

 

 

 

© Marguerite Yourcenar

© itzulpenarena: Imanol Zurutuza

 

 

"Marguerite Yourcenar / Ekialdeko kontakizunak" orrialde nagusia