III

FAROA

 

 

1

 

        Zer esan nahi du honek, zer esan nahi ote du honek denak? galdetzen zion Lily Briscoek bere buruari, bakarrik utzi zutenetik erabaki ezinik zer ote zen hobe, beste kafe kikara baten bila sukaldera joatea ala bertan geratzea. Zer esan nahi du honek? — lema bat zen hori, libururen batetik bildua, bere gogoetekin aldez edo moldez egokitzen zena, ezinezkoa egiten baitzitzaion, lehen egun honetan Ramsaytarrenean, bere sentimenduak murriztea; egin zezakeen bakarra zen esaera baten hotsa zabaltzea, bere baitako hustasuna estali zezan, lamara hauek desagertu arte. Izan ere zer sentitzen zuen berez, honenbeste urte eta gero itzuli eta Ramsay andrea hilda egonik? Deus ez, deus ez — hitzez adierazteko moduko deus ez.

        Aurreko gauean iritsi zen, dena ilun, misteriotsu zegoenean. Orain esna zegoen, gosal mahaiko bere aspaldiko txokoan, baina bakarrik. Goizegi zen hala ere, artean zortziak ez. Txango hura zuten egitekoa — farora ziren joatekoak, Ramsay jauna, Cam eta James. Ordurako joanak behar zuten — itsasgora-edo zeukaten hartu beharra. Eta Cam ez zegoen prest eta James ez zegoen prest eta Nancyri ogitartekoak egiteko agintzea ahaztu eta Ramsay jauna bere onetatik atera eta atea danbateko batez itxita irten zen kanpora.

        «Zertarako joan orain?» bota zuen purrustan.

        Ez zegoen Nancyren aztarrenik. Han zebilen orain Ramsay jauna, terrazan gora eta behera zeharo amorrarazita. Bazirudien ateak kolpeka eta ahotsak deika aditzen zirela etxe guztian barrena. Orain bat-batean Nancy agertu eta gelan zehar begira galdetu zuen, modu xelebre batean, erdi txunditu erdi etsita, «Zer eraman diezaiekegu farokoei?» bere burua behartzen ari balitz bezala, inoiz egin ahal izatea espero ez zuen zerbait egitera.

        Farokoei zer eraman beraz! Beste noiznahi Lilyk zentzu osoz proposatuko zuen tea, tabakoa, egunkariak. Baina goiz honetan ikusgarri xelebre ematen zuen denak, eta Nancyrena bezalako galderak —Zer eraman diezaiekegu farokoei?— ateak zabaltzen zituen inoren baitan, danbaka hasi eta batera eta bestera astindu eta galdetzera behartzen zuten inor, ahoa bete hortz, Zer eraman diezaiekegu? Zer egin dezakegu? Zertan gaude hemen eserita?

        Bakarrik eserita (berriro irten baitzen Nancy) mahai luzeko katilu garbien aurrean, besteengandik bereizita sentitu zen, eta begira, galdezka, zalantzan jarraitzeko gauza soilik. Etxea, ingurua, goiza, dena iruditzen zitzaion arrotza. Ez zeukan loturarik hemen, sentitu zuen, batere harremanik ez, zernahi gerta zitekeen, eta edozer izanik ere, nahiz urrats bat kanpoan, nahiz ahots bat deika («Ez dago armairuan; eskailerartean dago», oihukatu zuen norbaitek), galdera bat zen, normalean gauzak lotzen zituen katea etenda balego bezala, eta flotatzen baleude bezala, hemen goian, hor behean, kanpoan, nolanahi. Zer zentzugabea zen hura, zer kaotikoa, zer irreala, pentsatu zuen, bere kafe kikara hutsari begira. Ramsay andrea hilik; Andrew eroria; Prue ere hilik — behin eta berriro errepikatuta ere ez zuen horrek beragan sentimendurik ernetzen. Eta hemen bildu gara denok holako etxe batean holako goiz batean, esan zuen, leihotik begira — patxadako egun eder bat zen.

        Bat-batean Ramsay jaunak pasaeran burua jaso eta zuzenean begiratu zion, begirada nahasi, basati, baina hala ere hain zorrotza zen harekin, lehen aldiz ikusiko bazintu bezala, segundo bakar batez, behin betirako; eta Lilyk kafe kikara hutsetik edaten ari zen itxura egin zuen, harengandik ihesi — haren eskakizunei ihesi, premia larri hura geroxeagorako uzteko momentu batez. Eta berari buruaz imintzioa egin, eta oinez jarraitu zuen («Bakarrik» entzun zion esaten, «Hilda» entzun zion esaten) eta, beste guztia bezala, goiz bakan honetan hitz haiek sinbolo bihurtu ziren, horma berde grisaxka guztietan zehar idatziak. Haiexek bateratzerik baleuka, pentsatu zuen, denak esaldiren batean idazterik, orduan gauzen egiara helduko zen. Carmichael jaun zaharra tipi-tapa sartu, kafearen bila joan, kikara hartu eta eguzkitan esertzera alde egin zuen. Beldurgarria zen berebiziko irrealitate hau; baina baita zirraragarria ere. Farora joatea. Baina zer eraman diezaiekegu farokoei? Hilda. Bakarrik. Argi berde grisaxka aurreko horman. Hutsuneak. Hauek ziren zatietako batzuk, baina nola elkartu denak? galdetzen zuen bere artean. Mahai gainean osatzen ari zen irudi xumea edozein etenaldik hautsi ahal baleza bezala, bizkarra eman zion leihoari, Ramsay jaunak ikusi ez zezan. Alde egin beharra zeukan nola hala, nonbait bakarrik egon. Bat-batean oroitu zen. Hamar urte lehenago bera han bertan eserita egon zenean, adar edo hosto irudi txiki bat zegoen mantelean, eta hari begira egon zen errebelaziozko momentu batean. Problemaren bat eduki zuen koadro baten lehen planoarekin. Zuhaitza erdialdera, esan zuen garai hartan. Inoiz ez zuen koadro hura bukatu. Bere buruan egon zen gordeta hainbeste urtetan. Orain pintatuko zuen koadro hura. Non ote zeuden bere pinturak? Bere pinturak, bai. Sarreran utzi zituen aurreko gauean. Berehala hasiko zen. Agudo zutitu zen, Ramsay jauna itzuli aurretik.

        Aulki baten bila joan zen. Neskazahar baten mugimendu zehatzekin kokatu zuen astoa zelai ertzean, Carmichael jaunagandik hurbilegi ez, baina haren babesetik nahikoa hurbil. Bai, hementxe bertan egon bide zen hamar urte lehenago. Hara han horma; hesia; zuhaitza. Masa horien arteko harremanen batekin zeukan arazoa. Gogoan eraman zuen hura hainbeste urtetan. Bazirudien konponbidea iritsi zuela: orain bazekien zer egin nahi zuen.

        Baina ezin zuen fitsik ere egin Ramsay jauna zelatan edukita. Hura urreratzen zenero —terrazan gora eta behera zebilen— hondamendia urreratzen zen, kaosa urreratzen zen. Hala ezin pintatu. Makurtu, jiratu, hemengo zatarra hartu, hango tuboa estutu, baina hura momentu batez uxatzea besterik ez zuen erdiesten. Ezinezkoa egiten zion ezertan jardutea. Zeren aukerarik txikiena ematen bazion, edo momentu batez haren aldera begiratzen bazuen, berehala erasoko zion, eta aurreko gauean bezala esan, «Oso aldatuak aurkitzen gaituzu, noski». Aurreko gauean Ramsay jauna zutitu, aurrean makurtu, eta hitz haiexek esan zizkion. Mutu eta begirada josita eserita egon arren sei umeak, Ingalaterrako Errege-Erreginen arabera deitu ohi zituztenak —Gorria, Ederra, Zitala, Ankerra— horrekin zenbat amorrarazten ziren antzeman zuen. Beckwith andre jator zaharrak zentzuzko zerbait esan zuen. Baina elkarrekin zerikusirik gabeko pasioz betea zegoen etxe hura — iluntze osoan antzeman zuen hori. Eta kaos hau areagotzeko, Ramsay jauna zutitu, berari eskutik heldu, eta esan zuen: «Oso aldatuak aurkituko gaituzu, noski» eta haietako bakar batek ere ez zuen hitzik edo zirkinik egin; bertan jarraitu zuten eserita, hark hura esatea onartu beharra baleukate bezala. Jamesek bakarrik (Petralak noski) begiratu zion bekozko ilunez lanparari; eta Camek bere eskuzapia kiribildu zuen behatz inguruan. Orduan hark denei gogorarazi zien farora joango zirela biharamunean. Sarreran prest egon behar zuten zazpi t'erdietan puntuan. Ondoren, eskua atearen heldulekuan, bertan gelditu zen; haiengana jiratu zen. Ez al zuten joan nahi? galdetu zien. Ezetz esatera ausartu balira (Ramsay jaunak bazeuzkan hainbat arrazoi hala nahi izateko), tragikoki amilduko zen atzeraka etsipenaren uholde saminetan. Dohain berezia zuen imintzioetarako. Errege erbesteratua ematen zuen. Setati esan zuen Jamesek baietz. Camek atsekabetuago totelkatu zuen. Bai, oh bai, biak egongo ziren prest, esan zuten. Eta burura etorri zitzaion Lilyri, hau tragedia bat da — ez beztidura, errauts eta hil-atorrarik, baizik ume derrigortuak, izpiritu menderatuak. Jamesek hamasei urte zeuzkan, Camek hamazazpi, agian. Ingurura begiratu zuen, bertan ez zegoen norbait ikusiko ote, segur aski Ramsay andrea. Baina Beckwith andre jatorra bakarrik zegoen han, bere marrazki orriak lanpararen azpian pasatzen. Ondoren, nekatua, bere gogoa artean itsasoarekin gora eta behera, urrunaldi luzearen ondoren bazterren usain eta zaporea bere buruaz jabeturik, kandelak bere begietan dilindan, bidea galdu eta hondora joan zen. Izar-gau zoragarria zegoen; olatu hotsa zabaldu zen eskailerak igotzen zituzten bitartean; ustekabean atzeman zituen ilargiak, berealdikoa, zurbila, eskailerarteko leiho albotik igaro zirenean. Berehala hartu zuen lo.

        Esku irmoarekin ipini zuen oihal garbia astoaren gainean, barrera moduan, ahula, baina Ramsay jauna eta honen hertsitasuna uxatzeko aski sendoa izango zelakoan. Hark bizkarra eman zionean, ahalegin guztiak egin zituen koadroari begiratzeko; hemengo lerro honi, horko masa horri. Baina alferrik zen. Ramsay jauna handik ehun pausotara egonda ere, zuri batere hitz egin gabe ere, zu ikusi gabe ere, iragazi egiten zen, nagusitu egiten zen, bere burua gailentzen zuen. Dena aldatzen zuen. Halakoetan Lily ez zen kolorea ikusteko gauza; ez zen lerroak ikusteko gauza; hark bizkarra emanda ere, ez zitzaion burutik joaten, Noiznahi etorriko zait aldamenera, eskatzera — eman ezin ziola jabetzen zen zerbait. Pintzel bat baztertu zuen; bestea aukeratu zuen. Noiz etorriko ote ziren umeak? Noiz abiatuko ote ziren denak? urduritu zen. Gizon horrek, pentsatu zuen gero eta haserreago, inoiz ez zuen ematen; hartu bakarrik. Bera, berriz, ematera behartuko zuten. Ramsay andreak ere eman zuen. Eman eta eman eta eman hil zen — eta hau dena utzi zuen. Egia esan, haserre zegoen Ramsay andrearekin. Pintzela eskuetan apur bat dardarka zeukalarik begiratu zuen hesira, koskara, hormara. Dena Ramsay andrearen lana. Hilda zegoen. Hemen zegoen Lily, berrogeita lau urterekin, denbora alferrikaltzen, ezertxo ere egiteko gai ez, hantxe zutik, pintaketan jolasten, jolasten ez den gauza bakarrean jolasten, eta dena Ramsay andrearen kulpagatik. Hilda zegoen. Hutsik zegoen hura eseri ohi zen koska. Hilda zegoen.

        Baina zergatik hau behin eta berriro errepikatu? Zergatik etengabe saiatu berak ez zeukan sentimendu bat ernearazten? Blasfemia antzekoa zen hura. Idorra zegoen dena: zimeldua dena: xahutua dena. Hobe zuten gonbidatu ez balute; hobe zuen etorri ez balitz. Berrogeita lau urterekin ez dago denbora alferrikaltzerik, pentsatu zuen. Gorroto zuen pintaketan jolastea. Pintzela, fidatzeko gauza bakarra, borroka, suntsipen eta kaosezko mundu batean — ez zen zilegi horrekin jolastea, ezta jakinaren gainean ere: gorroto zuen hori. Baina Ramsay jaunak hartara behartu zuen. Ez gero oihala ukitu, ematen zuen esaten ziola beragana makurtuta, zugandik nahi dudana ematen didazun arte. Hementxe zegoen, berriro ere beragandik gertu, grinati, nahastuta. Tira, pentsatu zuen Lilyk etsipenez, eskuineko eskuari saihetsetik erortzen utziz, errazagoa izango da behingoz bukatzea. Noski, bere oroitzapenen arabera aise imita zezakeen hainbeste emakumeren aurpegietan (Ramsay andrearenean, esate baterako) ikusi izandako sugalda, aztoramena, amore ematea, honelakoetan —gogoan zeukan Ramsay andrearen aurpegiko begirada-errukizko estasien sua pizten zitzaienean, jasotako sariaren gozamenez; sari honek, arrazoia ez jakin arren, bistan zegoen inorengan posible den bozkario minena txertatzen ziela emakume haiei. Hementxe zegoen Ramsay jauna, bere ondoan geldituta: Ahal zuena emango zion.

 

 

2

 

        Pittin bat xigortua dago, pentsatu zuen Ramsay jaunak. Itxura eskasa, iharra; baina hala ere erakargarria. Gogoko zuen. Garai batean William Bankesekin ezkonduko ote zen zurrumurrua ibili zen, baina ez zen gauzatu. Emaztea ere haren zale zen. Gosaltzerakoan apur bat atera zen bere senetik. Eta gainera, gainera — honelako momentuetantxe bultzatzen zion berebiziko premia hark, zer ote zen antzeman ahal izan gabe, edozein emakumerengana hurbiltzeko, haiek derrigortzeko, berdin zitzaion nola, hain baitzen handia bere premia, behar zuena eman ziezaioten: errukia.

        Kasu egiten al zion inork? galdetu zion. Ba al zeukan behar zuen guztia?

        «Oh, milesker, guzti guztia», erantzun zuen Lily Briscoek urduri. Ez; ez zen gauza. Berehala bildu beharko zuen errukizko hitz jariora: sekulako presioa sentitu zuen. Baina bertan josita jarraitu zuen. Isilune beldurgarria egon zen. Biak zeuden itsasoari begira. Zergatik, pentsatu zuen Ramsay jaunak, begiratzen ote du itsasora ni hemen nagoenean? Faroan lur hartu ahal izateko nahikoa bare egotea espero zuen, esan zuen Lilyk. Faroa! Faroa! Zer ikusi dauka horrek? pentsatu zuen Ramsay jaunak luzeiritzita. Orduantxe, antzinako haize boladaren baten indarrez (izan ere ezin zion bere buruari gehiagoan eutsi), halako antsia jalki zuen non mundu osoko beste edozein emakumek zer edo zer egin, zer edo zer esango baitzuen — nik ez beste guztiek, pentsatu zuen Lilyk, bere baitara saminki bilduz, ni ez bainaiz emakumea, baizik eta neskazahar petral, erretxin, elkorra.

        Ramsay jaunak luze egin zuen intziri. Zain geratu zen. Ez ote zion ezer egingo? Ez ote zuen ulertzen zer nahi zuen? Farora joateko arrazoi berezi bat zeukala esan zuen orduan. Emazteak gauzak bidali ohi zizkien gizonei. Mutiko gizarajo bat zegoen aldakako tuberkulosiarekin, argizainaren semea. Sakon egin zuen intziri. Esanguratsua zen intziri hura. Lilyk nahi zuen bakarra zen tristurazko uholde ikusgarri honek, erruki gose aseezin honek, haren aurrean amore emateko demanda honek (eta hala ere bizitza osoan banatzeko adina atsekabe bazeuzkan hark), bera bakean utz zezan, desbidera zedin (etxeari begira jarraitu zuen, etenaldi baten itxaropenetan), ibai hark bera ere eraman aurretik.

        «Holako espedizioak», esan zuen Ramsay jaunak, oin muturrarekin lurra aztarrikatuz, «oso mingarriak dira». Hala ere Lilyk ez zuen ezer esan. (Egur puska bat da, harri kozkor bat da, esan zion Ramsay jaunak bere buruari). «Oso nekagarriak dira», gaineratu zuen bere esku eder haiei begira, Lilyri nazka eman zion begirada belaxka batekin (antzezten ari zen, sentitu zuen Lilyk, gizon bikain hau bere burua dramatizatzen ari zen). Izugarria zen, itxuragabea zen. Ez ote ziren besteak inoiz etorriko, galdetu zuen bere artean, ezin baitzion eutsi nahigabearen zama ikusgarri honi, ezin baitzituen jasan tristuraren oihal astun hauek (zeharo zarpailduaren itxura egiten ari zen Ramsay jauna; apur bat totelkatu ere egiten zuen zutik zegoen bitartean) momentu bakar batez ere gehiago.

        Baina hala ere ezin zion hari deus esan; ortzi-mugatik hizketagai guztiak ezabatu zirela zirudien; Ramsay jauna han egon bitartean, berak egin zezakeen bakarra zen harriturik sentitzea nola erortzen zen haren begirada mingotsa belar eguzkitsuaren gainera, eta kolorea galarazten zion, eta nola botatzen zuen krespoi beltz bat etzaulkian nobela frantses bat irakurtzen ari zen Carmichael jaun musugorri, logaletu, ezin alegeragoaren gainera, honelako bizimodua, oinazezko munduan zoriona harro nabarmentzen zuena, aski balitz bezala gogoeta goibelenak sortzeko. Begiraiozu, ematen zuen esaten ari zela, begiraidazu; eta hark etengabe sentitzen zuen bere artean, Pentsa nigan, pentsa nigan. Ah, haizeak gorputz hura beren albora ekartzerik baleuka, desio zuen Lilyk; Carmichael jaunagandik pauso bat edo beste hurbilago ipini balu astoa; gizon batek, edozein gizonek agortuko zuen jario hau, geldituko zituen lantura hauek. Bera emakume zenez, berak eragin zuen izugarrikeria hau; emakume zenez, berak jakin beharko zuen honekikoak nola egin. Bere sexuko norbaitentzat berebiziko lotsa zen bertan mututurik egotea. Halakoetan zera esaten zen —zer esaten zen halakoetan?— Oh, Ramsay jauna! Ramsay jaun maitea! Marrazkiak egiten zituen andre zahar jator hark, Beckwith andreak, horixe esango zuen berehala, zuzen asko. Baina ez. Hantxe zeuden biak, gainerako mundutik bananduak. Ramsay jaunak bere buruaganako zeukan gupida itzel hura, erruki demanda hura, denean isuri eta putzuen eran zabaltzen zen bere oinetan, eta berak, bekatari ziztrin alaena, egin zuen bakarra izan zen belaun aldean gona gehixeago biltzea, ez bustitzearren. Erabateko isiltasunean zegoen hantxe, pintzelari eusten.

        Ezingo zitzaion inoiz zeruari nahikoa esker eman! Hotsak aditu zituen etxean. James eta Cam zetozen, nonbait. Baina Ramsay jaunak, denbora ahitzen ari zitzaiola baleki bezala, Lilyren irudi bakartiaren gainean ezarri zuen, sekulako presioarekin, bere oinaze trinkotua; bere adina; bere ahuldadea; bere desolazioa; halako batean, luzeiritzita buruari eraginez, bere amorrazio hartan —izan ere zein emakumek egin ziezaiokeen berari aurre?— boten lokarriak askatuta zeuzkala konturatu zen. Aparteko botak ziren, pentsatu zuen Lilyk, beherantz begira: eskulturazkoak; berealdikoak; Ramsay jaunak zeraman guztiaren antzera, gorbata higatutik hasi eta erdizka lotutako gerruntzera arte, dena berezia. Botak beren gisa gelara joaten ikus zitzakeen, Ramsay jauna gabe ere patetismoa, haserrea, petralkeria eta xarma aldarrikatuz.

        «Horiek bota ederrak!» hots egin zuen berak. Bere buruarekin lotsatu zen. Haren botak goraipatzea, hura arima goxatzeko eskatzen ari zitzaionean; hura esku odolduak erakusten ari zitzaionean, bihotz erdiratuarekin eta gupidatzeko eskatuz, zer eta «Ah, horiek bota ederrak daramazkizu!» alai asko esateak merezi zuen bakarra, ondotxo zekien berak, eta gora begiratu zion hura jasoko zuelakoan Ramsay jaunaren haserrezko orro haietakoren baten bidez, bera zeharo deuseztatzea zen.

        Horren ordez, irribarre egin zuen Ramsay jaunak. Beztidura, oihal eta ezin guztiak lurrera erori zitzaizkion. Horixe bai, esan zuen, hanka goratuz Lilyri erakusteko, bota apartak ziren. Ingalaterra guztian gizon bakarra zegoen halako botak egin zitzakeena. Gizakiaren madarikazio handienetako bat dira botak, esan zuen. «Botagileen grina», hots egin zuen, «inoren oina okertu eta oinazetzea da». Gizaki egoskor eta zitalenak dira, gainera. Gazte garai gehiena igaro zuen behar bezalako botak eginarazten. Erreparatzeko eskatu zion (lehenik eskuina eta ondoren ezkerreko hanka altxatu zuen) inoiz ez zuela forma hartako botarik ikusi. Munduko larrurik onenaz zeuden eginak gainera. Larrua gehienetan paper latza eta kartoi hutsa zen. Atseginez zegoen bere oinari begira, harixe airean eusten. Irla eguzkitsu batera helduak ziren biak, hala sentitu zuen Lilyk, bota bikainen irla bedeinkatura, non bakea nagusi, zuhurtzia agintari eta eguzkiak beti argitzen baitzuen. Ramsay jaunarekin zaletzen hasi zen. «Ea txibista egiten badakizun», esan zion. Baina eskasa iritzi zion Lilyren lotzeko sistemari. Bere asmakizuna erakutsi zion. Behin lotuez gero inoiz askatzen ez zena. Hiru aldiz egin zion txibista Lilyren oinetakoari; hiru aldiz desegin zuen.

        Momentu ezin desegokiago honetan, Ramsay jauna bere oinetakoaren gainean makurtuta zegoenean, zergatik tormentatzen ote zion barrena harenganako errukiak, hainbestekoa non bera ere makurtu zenean odolak aurpegia hartu baitzion, eta bere gogorkeriaz oroiturik (aktore deitu zion behin Ramsay jaunari) begiak malkoz puztuta eta erretzen sentitzen baitzituen? Patetismo amaigabeko figura iruditu zitzaion hura, langite hartan. Korapiloak lotu, botak erosi, ez zegoen Ramsay jaunari bidaia hartan laguntzerik. Baina orduantxe bertan, berak zer edo zer esateko gogoa zeukanean, agian zer edo zer esan zezakeenean, hona non azaldu ziren — Cam eta James. Terrazan azaldu ziren. Pausoa arrastaka zetozen, elkarren ondoan, bikote serios eta goibela.

        Baina zergatik ote zetozen tankera hartan? Ez zion haserreari eusterik izan; alaiago etor zitezkeen; orain bazihoazenez, eman ziezaioketen Ramsay jaunari berak eman ahal izan ez ziona. Bat-bateko hustasuna sentitzen zuen berak; frustrazioa. Beranduegi heldu zitzaion sentimendu hura; hantxe zeukan prest; baina hark ez zeukan jada beharrik. Gizaseme adindu eta prestua bihurtu zen orain, bere inongo beharrik ez zeukana. Baztertua sentitzen zuen bere burua. Ramsay jaunak bizkarrean hartu zuen motxila. Zorroak banatu zituen — mordoxka bat ziren, gaizki lotuak, paper latzean bilduak. Beroki bila bidali zuen Cam. Espediziorako prestatzen ari den gidariaren itxura guztia zeukan. Ondoren zakar jiratu eta bidea zabaldu zuen ibilera sendo, militarrarekin, bota zoragarri haiek soinean, paper latzean bildutako zorroak garraiatzen, bidean behera, seme-alabak atzetik zituelarik. Bi hauek, pentsatu zuen Lilyk, bazirudien zeregin zorrotzen baterako kontsakratu zituela patuak, eta harantz zihoazela, nahiz eta artean gazteegiak izan aitaren aztarnei jarraitzeko, esanekoak baina begiak zurbil, eta honexegatik iritzi zion Lilyk haiek biek isil-isilik pairatzen zuten sufrimenduak beren urteak gainditzen zituela. Hala, belardi ertzetik igaro zirenean, Lilyri iruditu zitzaion prozesioa ari zela ikusten, estutasun orokorren batek abiarazi zuena, horrela taldetxo bat elkartuz eta harritzeko moduan zirraragarri bihurtuz, balantzaka eta motel joan arren. Jator, baina oso urrunetik, Ramsay jaunak eskua altxatu eta agur egin zion pasaeran.

        Hori da gero aurpegia, pentsatu zuen, berehala antzemanez kanpora irteteko borrokan zebilela inork eskatu gabeko errukia. Zerk bihurtu ote zuen halako? Pentsatzeak, gaua joan eta gaua etorri, suposatu zuen — sukaldeko mahaien errealitateari buruz, gaineratu zuen, sinbolo huraxe gogora ekarriz, Ramsay jaunaren gogoetei buruz zeuzkan zalantzak zirela-eta Andrewk berari emana (granada printza batek hila, oroitu zen Lily). Sukaldeko mahaia irudimenezko zerbait zen, garratza; zerbait soila, gogorra, ez apaingarria. Kolorerik gabea; ertzak eta angeluak denean; xumetasun tinkokoa. Baina Ramsay jaunak hartantxe eduki zituen beti begiak josita, inoiz ez zion bere buruari utzi beste inoratzea edo saihestea, harik eta bere aurpegia ere higatu, egite aszetikoa hartu eta apaindu gabeko edertasun honen partaide bihurtu arte, Lilyren ustez ezin hunkigarriagoa. Orduan gogoratu zen (Ramsay jaunak lehentxeago bera utzitako leku hartantxe zutik, pintzelari eusten) kezkek hondatu zutela haren aurpegia — ez oso modu noblean. Hark mahaiari buruzko zalantzak eduki bide zituen, antza; benetakoa ote zen mahaia; merezi ote zuen harixe hainbeste beta eskaintzea; azkenean hura aurkitzeko gai izango ote zen. Zalantzak eduki zituen hark, bururatu zitzaion Lilyri, bestela ez zion jendeari hainbeste eskatuko. Horretaz mintzatu ohi ziren haiek biak zenbaitetan berandura arte gauean, susmatzen zuen berak; eta biharamunean Ramsay andreak nekatua ematen zuen, eta haren senarrarekin amorrarazten zen Lily, huskeria txororen batengatik. Baina orain hark ez zeukan norekin mintzaturik mahai hartaz, edo bota haietaz, edo txibista haietaz; norbait irentsi nahian dabilen lehoiaren antzekoa zen, eta aurpegian etsipen eta exajerazio arrastoa zeukan, Lily hainbeste larrituz eta inguru guztian gona bilaraziz. Eta ondoren gertatu zen, gogoan zeukan, bat-bateko berpizkunde hura, bat-bateko sugalda hura (berak haren botak goraipatu zituenean), bizitasuna eta gauza arruntekiko interesa berreskuratzea, hauek ere igaroz eta aldatuz (etengabe ari baitzen hura aldatzen, ezertxo ere gorde gabe), azken fase honetara iritsi arte, Lilyrentzat berria, eta, hala aitortu zuen, bera hain suminkor izateagatik lotsa sentiarazi ziona, orain bai baitzirudien Ramsay jaunak kezka eta handinahiak, erruki itxaropena eta goraipamen egarria alde batera utzi eta beste lurralde batera sartu zela, eta jakin-minez edo, bere buruarekin edo beste norbaitekin elkarrizketa mutuan, bultzada sentitu zuela prozesio txiki haren buru izateko, inoren bistatik galdu arte. Bai aurpegi berezia! Ateak danbatekoa jo zuen.

 

 

3

 

        Joan dira beraz, pentsatu zuen, lasaitasun eta desilusioz hasperen eginez. Harenganako errukiak laharraren antzera jotzen ziola aurpegian iruditu zitzaion. Modu bitxian zatitua sentitzen zuen bere burua, puska bat zabalik balego bezala kanpo hartan — egun lasai, gandutsua zen; faroak izugarri urrun ematen zuen goiz honetan; beste puska berriz hemengoxe belardian itsatsi zen temati, sendo. Oihalari begiratu zion, gorantz hegaldatu eta atzera bere aurrean pausatu balitz bezala, zuri eta tinko. Bazirudien errietan ari zitzaiola hura, begirada hotzez, zalaparta eta istilu guzti honengatik; zoramen eta sentimenduen alferrikaltze honengatik; bere onera zorrotz etorrarazi eta bakea zabaldu zion barrenean, bere sentsazio nahasiak (Ramsay jauna joana zen eta harengatik hainbeste hunkitu arren ez zion ezer esan) zelaitik ihesi zihoazenean; eta gero, hustasuna. Begirada zuri tinko harekiko oihalari so egin zion, arretarik gabe; ondoren lorategiari. Bazegoen zerbait (bere aurpegi ximurreko begi txiki txinatarrak kizkurtuta zegoen), gogoan zeukan bazegoela zerbait zeharka eta goitik behera elkar mozten zuten lerro haien harremanean, eta baita kolore urdin eta marroien kobazuloa zeukan hesiaren masa hartan ere, bere gogoan jasota egon zena; bere gogoan korapiloa lotu ziona, eta hartara noizean behin, nahi izan gabe, Brompton Roaden barrena joaterakoan, ilea zepilatzerakoan, bere burua topatzen zuen koadro hau pintatzen, honixe kirika egiten eta irudimenean korapiloa askatzen. Baina berebiziko aldea zegoen oihaletik urrun asmaketa arinean aritu, ala berez pintzela hartu eta lehen arrastoa egin.

        Ramsay jaunaren presentziarekin aztoratu eta okerreko pintzela hartu zuen, eta astoa, lurrean urduri kokatua, okerreko angeluan zegoen. Eta orain zuzendu ondoren, eta horren bidez baita menperatu ere zakarkeria eta huskeria guzti haiek, berari arreta galarazi eta bera hola eta hola zela eta jendearekiko bere harremanak hola eta hola zirela gogorarazi ziotenak, esku batekin besteari eutsi eta pintzela altxatu zuen. Momentu batez airean gelditu zen dardarka, estasi mingarri baina zirraragarrian. Non hasi? — horra hor koska; zein tokitan egin lehen arrastoa? Oihalean lerro bakar bat ipintzeak ezin konta hainbat arrisku, erabaki atzeraezin eta ugariren peskizan jartzen zuen bera. Gogoan erraza zirudien guztia korapilatsu bihurtzen zen berehala praktikan; labar gainetik itxura simetrikoa daukaten olatuen antzera, baina han tartean dabilen igerilariarentzat leize sakon eta gailur apartsuz daude erdibituak. Hala ere arriskuari aurre egin beharra zegoen; behingoz arrastoa egin beharra.

        Gorputzeko sentsazio berezi batekin, zerbaitek aurrera bultzatu baina halaber bere buruari eutsi beharra baleuka bezala, lehen kolpe bizkor erabakigarria jo zuen. Pintzela behera jaitsi zen. Dardara marroi bat azaldu zen oihal zuriaren gainean; arrasto luze bat geratu zen. Bigarren aldiz egin zuen — eta hirugarren aldiz. Eta horrela, geldituz eta dardara eginez, dantza mugimendu erritmiko bat erdietsi zuen, geldialdiak erritmoaren zati bat eta pintzelkadak beste bat balira bezala, denak elkarrekin harremanean; horrela, eztiro eta bizkor geldituz eta igurtziz, lerro marroi luze urduriekin zeharkatu zuen oihala, bertan ezarri orduko itxitura bat sortzen zutelarik (bere aurrean sentitu zuen izugarri sortzen). Olatu baten barrenean hurrengo olatua ikusi zuen, bere gainetik gero eta gorago dorrea adina igotzen. Zer egon zitekeen itxitura hura baino beldurgarriagorik? Hona non zegoen bera berriro, pentsatu zuen, begiratu ahal izateko atzerantz joanez, esamesak, lanbidea eta jendeekiko elkarbizitzatik baztertuta eta bere aspaldiko etsai honen aurrera eramanda — gauza honek, egia honek, errealitate honek bat-batean berari eskua gainean jarrita, itxura guztien gibelean elkor zutitu eta arreta edukitzeko agindu zion. Erdi nahiezik zegoen bera, erdi gogoz kontra. Zergatik beti baztertua eta bultzatua izan? Zergatik ez bakean utzia izan, Carmichael jaunarekin belardian hitz egiteko? Erlazio mota nekagarria zen, nolanahi ere. Beste objektu beneragarriek aski irizten zioten beneratuak izateari; gizonek, emakumeek, Jainkoak, denek behartzen zuten belaunikatzera inor; baina forma honek, nahiz zumitzezko mahai baten gainean beldurgarri dagoen pantaila zuri baten egitea eduki, betiereko gatazkara zirikatzen zuen inor, galera seguruko borroka desafioa egiten zion inori. Beti (bere izaeragatik edo sexuagatik, ez zekien bietan zein), dariola doan bizitzaren ordez pinturaren trinkotasuna hartu aurretik, biluztasunezko hainbat momentu izaten zuen, arima jaio gabearen antzera, gorputza falta zaion arimaren antzera, tontor haizetsuren batean duda-mudan eta inongo babesik gabe zalantzaren enbata guztien mendean. Zergatik hartan aritu orduan? Oihalari begiratu zion, lerro luzez arinki zeharkatua. Mirabeen logeletan eskegiko zuten. Bil-bil egin eta sofaren azpian galkatuko zuten. Zertarako hartan jardun beraz, eta ahotsen bat aditu zuen ez zekiela pintatzen esaka, ezin zuela ezer sortu, denboraren poderioz buruan osatu ohi diren korronte horietako batek harrapatu balu bezala, hitzak errepikatuz, jadanik jabetu gabe aurren berritan nork esanak diren.

        Ez pintatzerik, ez idazterik, murmurikatu zuen modu monotonoan, urduri hausnartuz erasorako zein plan hartu. Bere aurrean zutitzen baitzen masa hura; bere aurrean nabarmentzen zen; begi barrenetan sentitzen zuen haren presioa. Orduan, bere gaitasunak zalutzeko beharrezko den zukuren bat berez isuri balitz bezala, kili-kolo hasi zen urdin eta okreetan bustitzen, pintzela harat-honat mugitzen, baina orain astunago eta polikiago, bat egin balu bezala ikusmirak Lilyri agintzen zion erritmoarekin (hesiari eta oihalari begira jarraitzen zuen); hala, bere eskuak bizitzaren aurrean dardara egin bitartean, erritmo honek aski indar zeukan bera ere jario hartara eramateko. Noski, kanpoko gauzei buruzko zentzua galtzen ari zen. Eta zentzua galtzen joan ahala kanpoko gauzei buruz, eta bere izena eta nortasuna eta itxurari buruz, eta Carmichael jauna han ote zegoen ala ez, bere buruak etengabe jaurtitzen zituen barrenetik eszenak, eta izenak, eta esaldiak, eta oroitzapen eta ideiak, barra-barra darion iturria bezala, distira erregarriko zuri-gune haren gainera, itsuski nekagarria, berak berdez eta urdinez modelatu bitartean.

        Hori esan ohi zuen Charles Tansleyk, oroitu zen, emakumeek ez dakite pintatzen, ez dakite idazten. Atzetik etorriz gelditu zen hura bere aldamenean, gauza gorrotagarriagorik!, bera hementxe bertan pintatzen ari zen bitartean. «Tabako xehatua», esan zuen orduan hark, «bost penike ontzako», bere pobrezia eta printzipioak nabarmen aditzera emanez. (Baina gerrak Lilyri emakumetasunaren akuilua kamustu zion. Errukarriak, pentsa zezakeen edonork, errukarriak bi sexuak, halako nahaste-borrastean sartuak). Hark liburu bat zeraman beti besapean — liburu purpura bat. «Lanean» ari zela alegia. Eguzki galdetan eseri ohi zen lanera, oroitzen zen Lily. Afalorduan ikusmiraren erdi-erdian eseri ohi zen. Eta horretaz gain, hausnartu zuen, hondartzako eszena hura gertatu zen. Gogoangarria. Goiz haizetsua zen. Denak ziren hondartzara joanak. Ramsay andrea eserita zegoen, gutunak idazten harkaitz ondo batean. Idatzi eta idatzi. «Hara!» esan zuen halako batean, azkenean gorantz begiratuz itsasoan flotatzen zuen zerbaiti, «otientzako sarea al da hura? Ala txalupa iraulia?» Hain zeukan bista laburra non ezin antzeman zezakeen, eta orduan Charles Tansleyk ahal bezain jator jokatu zuen. Harriei jauzi eginarazten hasi zen. Besteek ere harri beltz txiki zapalak aukeratu eta punpaka hasi ziren. Noizean behin Ramsay andreak antiojoen gainetik begiratu eta barre egiten zien. Ez zeukan gogoan zertaz hitz egin zuten, bakar-bakarrik Charles eta biak harriak botaka aritu eta ez non eta ez han oso ongi zetozela elkarrekin, eta Ramsay andrea begira zeukatela. Ederki oroitzen zen. Ramsay andrea, pentsatu zuen, apur bat atzeratuz eta begiak kizkurtuz. (Hura Jamesekin koskan eseri zenean gogotik aldatu bide zen diseinua. Itzalen bat egon bide zen). Ramsay andrea. Gogoratzean bera Charlesekin harriak jauzika botatzen aritu zen aldi hartaz, eta hondartzako eszena osoaz, bazirudien hura dena Ramsay andreari esker zela, harkaitzaren babesean eserita, kaiera belaunetan hartuta, gutunak idazten. (Erruz idatzi zituen gutunak, eta zenbaitetan haizeak eraman eta Charlesek eta berak larri-larri salbatu zuten orri bat itsasora erortzetik). Baina hura boterea giza arimarena! pentsatu zuen. Emakume hura han eserita egoteak, harkaitzaren babesean idazten, ezin soilago bihurtu zuen dena; zatar zaharren antzera erorarazi zituen haserre eta sumindura guztiak; hau beste honekin eta azkenik harekin elkartu zituen, eta horrela, txorakeria eta seta ziztrin hartatik (Charlesek eta biak hika-mikan, sesioan, txoro eta setati) beste zerbait sortu zuen —hondartzako eszena hau adibidez, adiskidetasun eta atxikimendu hau—, hainbeste urteren ondoren bizirik zirauena, osorik, eta beraz hartantxe murgildu zen Charlesi buruz zeukan oroitzapena zaharberritzeko, eta ia artelan baten antzera geratu zitzaion gogoan erroturik.

        «Artelan baten antzera», errepikatu zuen, oihaletik saloiko kosketara begira, eta berriro atzera. Atseden hartu behar zuen momentu batez. Eta atseden hartan, batetik bestera azaletik begiratuz, hantxe zegoen aspaldiko galdera hura, bere baitan tenk egondako gaitasunak laxatzean zehatzago bihurtzeko joera zeukana, arimaren zerua eternalki zeharkatzen zuen galdera zabal eta orokorra bere gainean zelatan, bere gainean geldirik, bere gainean itzala ematen. Zer zentzu dauka bizitzak? Hori zen dena — galdera xume askoa; urteekin batera gatibatu ohi zuen horrek inor. Errebelazio handia ez zen egundo iritsi. Errebelazio handia agian ez zen egundo etorriko. Horren ordez gertatu ohi ziren eguneroko mirakulu txikiak, argitasunak, ilunpetan ustekabe piztutako pospoloak; hona hemen bat. Hau, hori eta hura; bera eta Charles Tansley eta olatua lehertzen; Ramsay andrea hirurak elkartzen; Ramsay andrea esaten «Bizitza, gelditu hemen!»; Ramsay andrea une hura betiereko bihurtzen (hala nola Lily ere beste esfera batean saiatzen zen une hura betiereko bihurtzen) — hau zen errebelazio baten izaera. Kaosaren erdian formak zeuden; kanpoko igarotze eta jario hau (hodeiei joaten eta hostoei astintzen begiratu zien) sendo zegoen errotua. Bizitza, gelditu hemen, esan zuen Ramsay andreak. «Ramsay andrea! Ramsay andrea!» errepikatu zuen berak. Hari zor zion errebelazio hau.

        Dena isilik zegoen. Ez zirudien artean etxean inor mugitzen hasi zenik. Harixe begiratu zion, leihoak berde eta urdin hostoen islagatik, eguzki-argi goiztiarrean lo. Ramsay andreari buruz zerabilen gogoeta xumea araberan zetorren etxe lasai honekin; ke honekin; egunsentiko aire goiztiar eder honekin. Xume eta irreala, harritzeko moduan zen garden eta zirraragarri. Inork leihorik ireki edo etxetik ez irtetea espero zuen, bera bakarrik uztea, pentsatzen jarraitzeko, pintatzen jarraitzeko. Oihalera jiratu zen. Baina jakin-minen batek eraginda, askatu gabe zeukan errukiaren ondoezak bultzatuta, urrats batzuk eman zituen belardi ertzeraino, ea han beheko hondartzan ikus zezakeen talde txiki hura itsasoratzen. Han behean flotatzen zuten barku txikien artean, zenbait belak tolestuta, zenbait astiro, oso bare baitzegoen, bakar bat aparte sainar zegoen besteetatik. Oraintxe ari ziren bela eraikitzen. Oso urrutiko barku txiki erabat isil hartan erabaki zuen zegoela Ramsay jauna eserita Cam eta Jamesekin. Orain eraiki zuten bela; orain, moteltasun eta zalantza apur baten ostean belak harrotu, eta isilune sakonean bilduta ikusi zuen barkua bideari tinko lotzen, beste barkuen ondotik itsasorantz.

 

 

4

 

        Hots batean zebiltzan belak beren goialdean. Urak saihetsetan astindu eta zartatu egiten zuen barkua, eguzkitan geldirik lozorroan. Noizean behin aire ahul batek izurtzen zituen belak, baina izurra beren gainetik igaro eta ezkutatu egiten zen. Barkua ez zen batere mugitzen. Ramsay jauna barkuaren erdian zegoen eserita. Laster jarriko zen urduri, pentsatu zuen Jamesek, eta baita Camek ere, aitari begira, bien artean eseria barkuaren erdian (James zen lemazain; Cam brankan zegoen bakarrik eserita), hankak estu-estu okertuta. Ezin zuen eraman egonean egotea. Jakina zegoen, bizpahiru segundoz artega egon ondoren zer edo zer elkorra esan zion Macalisteren mutikoari, eta honek arraunak atera eta abantean hasi zen. Baina aitak, ondo zekiten, ez zuen etsiko ziztuan joan arte. Aire baten bila jarraituko zuen, artega, bere golkorako gauzak esaten, Macalister eta honen mutikoaren belarrietara iritsiko zirenak, James eta Cami ondoeza garratza sortuz. Etorrarazi egin zituen. Behartu egin zituen etortzera. Amorrazioz, aireak inoiz ez haize ematea espero zuten, haren asmoak ahalik eta gehiena zapuzteko, gogoz kontra behartu zituenez etortzera.

        Hondartzara jaisteko bitarte guztian biak batera joan ziren atzetik, nahiz hark txintik atera gabe agindu «Aurrera, aurrera». Beren buruak apalduta zihoazen, beren buruak makurtuta haize erauntsi errukigaberen batengatik. Ezin zioten hari hitz egin. Joan beharra zeukaten; hari segitu beharra. Haren atzetik zeukaten joan beharra, paper latzean bildutako zorroak garraiatuz. Baina, oinez zihoazela, isilik egin zuten zin elkarren ondoan jarraitu eta sekulako paktu hura burutuko zutela — tirania heriotzaraino borrokatuko zutela. Hala eseri ziren beraz, bakoitza barkuaren alde batean, isilik. Ez zuten deus esan, noizean behin begiratu besterik ez hankak bihurrituta eserita zegoen hari, kopetilun eta artega, fa! eta bah! eta bere artean marmarka, egon ezinik haize bolada baten zain. Eta beraiek bare jarraitzea espero zuten. Hari asmoak zapuztea espero zuten. Espedizio guztiak huts egitea espero zuten, eta zorro guztiekin itzuli beharra hondartzara.

        Baina orain, Macalisteren mutikoak arraunean gehixeago egitean, belak astiro harrotu, barkua bizkortu, beheratu eta ziztuan abiatu zen. Berehala, berebiziko zama arindu baliote bezala, Ramsay jaunak hankak luzatu, toxa atera, purrusta arin batekin Macalisteri eskaini, eta pozik sentitzen zela jabetu ziren biak, beraiek sufritzen egon arren. Ordutan nabigatuko zuten orain honela, eta Ramsay jaunak galdera bat egingo zion Macalisteri —iragan neguko ekaitz handiari buruz segur aski— eta Macalister zaharrak erantzun egingo zion, era elkarrekin erreko zituzten beren pipak, eta Macalisterek soka bikeztatua behatzetan hartu, korapiloren bat eginez edo askatuz, eta mutikoa arrautzan arituko zen, inori txintik esan gabe. Jamesek etengabe belari eduki beharko zion begia. Ahaztuez gero bela kuzkurtu, hotzikara egin, eta makaldu egiten zen barkua, eta Ramsay jaunak zorrotz esango zuen, «Kontuz! Kontuz!» eta Macalister zaharra astiro jiratuko zen eserlekuan. Eta hala, Gabonetako ekaitz handiaz galdezka aditu zioten Ramsay jaunari. «Lur muturretik barrena etorri zen», esan zuen Macalister zaharrak, iragan Gabonetako ekaitz handia deskribatuz, hamar itsasontzik badiara jo behar izan zutenean babes bila, eta berak ikusi zituen «bat hor, bestea hor, bestea hor» (astiro seinalatu zuen badia ingurua. Ramsay jaunak jarraitu egiten zion, burua jiraka). Hiru gizon ikusi zituen mastari helduta. Halako batean desagertu zen arte. «Azkenean lortu genuen bultzaka popa itsasoratzea» jarraitu zuen (baina beren haserre eta isiltasun hartan noiz edo noiz hitzen bat besterik ez zitzaien iristen, txaluparen alde banatan eserita zeudelarik, tirania heriotzaraino borrokatzeko paktuarekin biak bat eginda). Azkenean lortu zuten bultzaka popa itsasoratzea, bota zuten salbaontzia, eta eraman zuten lur muturretik harantzago ere — Macalisterek istorio osoa kontatu zuen; eta nahiz biengana hitzen bat edo beste bakarrik iritsi, beraiek aita hartzen zuten aintzat denbora guztian — nota makurtzen zen aurrera, nola egokitzen zuen bere ahotsaren doinua Macalisteren ahotsarekin; nola, pipatik kea zeriola, eta Macalisterek seinalatzen zuen leku hartara eta bestera begira, gozatzen ari zen ekaitzaren ideiarekin, eta gau ilunarekin eta han borrokan aritutako arrantzaleekin. Gogoko zuen gizonek gauez hondartza haizetsuan leher egin eta izerditzea, olatuak eta haizearen kontra beren giharrak eta garuna neurtuz; gogoko zuen gizonek horrela lan egitea, eta emakumeak etxean geratzea, eta aterpean esertzea ume lokartuen alboan, gizonak itotzen ari ziren bitartean, hor kanpoko ekaitzean. Hori igartzen zion Jamesek, hori igartzen zion Camek (hari begira, elkarri begira), haren buru imintzio eta ernetasun eta ahotseko doinuagatik, eta ahotsera zetorkion azentu eskoziarraren aztarnagatik, nekazari itxura emanez, Macalisteri itaundu bitartean hamaika itsasontzi haiei buruz, ekaitz batean badiara bildu beharra izan zutenak. Hiru hondoratu ziren.

        Harro begiratzen zuen Macalisterek erakutsitako lekura; eta Camek pentsatu zuen, zehatz zergatik jakin gabe harro, aita han izan balitz salbaontzia uretaratuko zuela, hondakinetara helduko zela, pentsatu zuen Camek. Hain zen ausarta, hain zen abenturazalea, pentsatu zuen Camek. Baina orduan oroitu zen. Paktuaz alegia; tirania heriotzaraino borrokatzea. Nahigabearen uztarria jasaten zuten. Behartuta etorri ziren; aginduta etorri ziren. Berriro azpiratu zituen aitaren itzal eta larderiak, agindua betearaziz, goiz eder honetan etorraraziz, zer eta zorro hauek garraiatu nahi zituelako farora; beraiei parte harraraziz hildakoen oroimenez plazer hutsagatik burutzen zituen erritu horietan, gorrotagarriak beraientzat; hala, haren atzean zabartu eta eguneko poz guztia galdu zen horrela.

        Bai, freskatzen ari zen airea. Txalupa saihetsera zihoan okertuta, ura zorrotz xerratu eta kaskada berdetan eroriz, burbuiletan, kataratetan. Camek beheko aparrera begiratu zuen, altxor guztia barrenean zeukan itsasoari, eta liluratu egin zen haren abiadarekin, eta bera eta Jamesen arteko lotura apur bat moteldu zen. Apur bat laxatu zen. Pentsatzen hasi zen, Bai azkar doala. Nora goaz? eta mugimenduak liluratu egin zuen, bitartean Jamesek, begiak belan eta ortzi-mugan josita, bekozko ilunez lema zeramalarik. Baina lema zeramalarik hasi zen pentsatzen ihes egiteko aukeran; guzti hartatik urruntzeko aukeran. Nonbait lehorreratzeko aukeran, hartara askatasuna erdietsiz. Biek ala biek ere, momentu batez elkarri begira, ihesa eta asalduraren sentsazioa sentitu zuten, abiada eta aldaketa hura zela eta. Baina aireak ernaitasun berdina sortu zuen Ramsay jaunagan ere, eta, Macalister zaharra jiratu zenean kanabera jaurtitzeko, ozenki hots egin zuen, «Akabo denok», eta ondoren berriro, «nor bere bakardadean». Eta orduan, damu edo lotsazko bere betiko dardarizoarekin, bere onera etorri eta lehorrerantz eragin zion eskuari.

        «Begira etxe txikia», esan zuen seinalatuz, Camek ikus zezan. Honek nahiezik zutitu eta begiratu egin zuen. Zein ordea? Ezin zuen antzeman, mendi magal hartan, zein zen beren etxea. Denek ziruditen urrun, baketsu eta arrotz. Birfindua ematen zuen hondartzak, aparte, irreala. Nabigatutako tarte txikiaren ondorioz, etxea urruti utzi eta itxura aldatua zeukan, itxura lasaia, atzerantz doan zerbaitena, jadanik inorekin harremanik gabea. Zein zen beren etxea? Camek ezin zuen ikusi.

        «Baina neu, itsaso are zakarragoan», murmurikatu zuen Ramsay jaunak. Aurkitu zuen honek etxea, eta hura ikustean bere burua ere ikusi zuen bertan; bere burua ikusi zuen terrazan paseatzen, bakarrik. Gora eta behera zebilen, urnen artean; eta oso adindua eta makurtua iruditu zitzaion bere burua. Txalupan eseri eta makurtu egin zen, kuzkurtu, bere paperari berehala ekinez — gizon desolatu, alargundu, inor gabearen papera; eta hala, bere aurrera deitu zion errukitzera zetorkion jendeari, multzoka; txalupan eserita zegoen bitartean drama txiki bat antzeztu zuen bere buruarentzat; zaharmina eta unadura eta atsekabea behar zituen horretarako (eskuak goratu eta haien mehetasunari begiratu zion, bere ametsa sendotzeko) eta orduan erruz jaso zuen emakumeen errukia, eta bere artean imajinatu zuen nola goxatu eta errukituko zuten haiek, eta hala, emakumeen errukiak eskainitako atsegin finaren isla bere ametsean sentituz, hasperen egin eta xamur eta goibel esan zuen,

 

                Baina neu, itsaso are zakarragoan,

                hura baino osin sakonagoetan amiltzen nindoan,

 

hitz goibel haiek denek argi aditzeko moduan. Camek ia dardara egin zuen bere eserlekuan. Jota geratu zen — minduta. Mugimendu hark aita iratzarri zuen; eta honek hotzikara egin, eta bere jarduna eten zuen, hoska: «Beitu! Beitu!» hain bero non Jamesek ere burua itzuli baitzuen, sorbalda gainetik irlara begiratzeko. Denek begiratu zuten. Irlara begiratu zuten.

        Baina Camek ezin zuen deus ikusi. Pentsatzen ari zen, bidezidor guzti haiek eta belardia, beraiek han bizi izandako bizitzekin trinkotu eta korapilaturik, joanak zirela: ezabatuak; iraganak; irrealak, eta orain hau zen benetakoa; txalupa eta bela adabakiduna: Macalister belarritakoduna; olatuen hotsa — hau dena zen benetakoa. Honetan pentsatzerakoan, bere artean murmurioka ari zen «Akabo denok, nor bere bakardadean», aitaren hitzak behin eta berriro lehertzen baitzien bere buru barruan, harik eta aitak, begirada hain galdua ikusi zionean, isekati hasi zitzaion arte. Ez al zekizkien iparrorratzaren lau muturrak? galdetu zion. Ez al zekien iparra eta hegoa bereizten? Egiatan uste al zuen han bizi zirela? Eta berriro seinalatu eta beren etxea non zegoen erakutsi zion, han, zuhaitz haien alboan. Alaba zehatzago izaten saiatzea nahi, eta esan zion: «Esadazu — zein da ekialdea, zein da mendebaldea?» esan zion, erdi barrez, erdi errietan, ezin baitzuen konpreni norbaitek iparrorratzaren lau muturrak ez jakitea, non eta erabat ergela ez zen. Camek hala ere ez zekien. Eta alaba begirada galdu, orain beldurtu samar harekin ikustean, etxerik ez zegoen lekuan josita begiak, Ramsay jauna bere ametsaz ahaztu zen; nola ibili zen terrazako urnen artean gora eta behera; nola zeuden besoak beragana luzatuta. Bere artean pentsatu zuen, horrelakoak dira beti emakumeak; beren gogoeta xumeekin jai dago; inoiz ulertzerik izan ez zuen gauza zen; baina horrela zen. Horrela izan zen zerarekin ere — bere emaztearekin. Ez ziren beren buruan ezer tinko atxikitzeko gauza. Baina oker jokatu zuen emaztearekin haserretuta; areago, ez al zitzaion berari atsegin emakumeen xumetasun hau? Beren xarma bikain haren zati bat zen. Irribarre egin diezadan saiatuko naiz, pentsatu zuen. Beldurtua dirudi. Hain zegoen isila. Ramsay jaunak behatzak estutu zituen, eta menderatzea erabaki zuen urte guzti haietan jendeak bera errukitu eta lauda zezan eskura edukitako ahotsa, aurpegia eta imintzio zoli adierazkor guztiak. Berari barre egitea nahi zuen. Gauza soil errazen bat aurkitu nahi zuen hari esateko. Baina zer? Izan ere, lanean buru-belarri egotearen poderioz, ahaztu egin zitzaion zer esan ohi zen. Txakurkumea agian. Txakurkumea zeukaten. Nork kasu egingo zion txakurkumeari gaur? galdetu zuen. Bai, pentsatu zuen Jamesek gupidarik gabe, arrebaren burua belaren kontra ikusiz, amore emango du orain. Bakarrik geratuko naiz tiranoaren aurka borrokatzeko. Bere bizkar geratuko zen paktuaren jarraipena. Camek ez zuen inoiz tirania heriotzaraino borrokatuko, pentsatu zuen garratz, haren aurpegiari begira, tristea, muturtua, etsi zorian. Eta zenbaitetan gertatzen den gisa, hodeia mendi magal berde batera erortzen denean eta itzala jaisten denean eta tristura eta atsekabea nagusitzen denean, eta inguruko muinoak ere hodeipean hausnartzen daudela dirudienean, ilunpean dagoen bakar haren patuaz, errukiturik edo nahigabe haren bizkar maltzurki gozatuz: horrela sentitzen zen Cam ere goibel orain, jende lasai, irmoaren ondoan eserita, eta bere artean galdezka ea nola erantzun aitari txakurkumeari buruz; nola egin aurre haren otoiari — barka nazazu, maita nazazu; bitartean James legelariak, betiereko jakinduriaren oholak belaun gainean zabalduta (lema-adar gaineko haren eskua sinbolikoa bihurtu zen), esaten zion, Eutsiozu. Ekiozu. Egoki mintzatu zen anaia; zuzen. Heriotzaraino borrokatu behar zuten tiraniaren kontra, pentsatu zuen. Giza kualitate guztien artetik, Camek zuzentasuna miresten zuen gehien. Jainkoaren antzekoa zen anaia, otoigilearen antzekoa aita. Zeini men egin, pentsatu zuen, bien artean eserita, begirada lotuta hondartza bazterrei, berarentzat denak ezezagunak, eta pentsatuz belardia eta terraza eta etxea ezkutatuak zirela eta bakea zela han orain nagusi.

        «Jasperek», esan zuen petral. Hark kasu egingo zion txakurkumeari.

        Eta zer izen jarriko zion? jarduki zuen aitak. Berak ere txakurra eduki zuen mutil kozkorretan, Frisk izenekoa. Camek amore emango du, pentsatu zuen Jamesek, arrebaren aurpegiak egite berria hartzen zuela igartzean, berak gogoan zeukan egitea. Behera begiratzen dute, pentsatu zuen, galtzeta egiterakoan bezala. Ondoren gora begiratzen dute bat-batean. Distira urdin bat gertatu zen, hala zeukan gogoan, eta ondoren bere ondoan eserita zegoen norbaitek barre egin zuen, etsita, eta bera asko haserretu zen. Ama izango zen, pentsatu zuen, aulki apal batean eserita, aita aurrean zutik zegoen bitartean. Miatzen hasi zen inpresio sail amaigabeen artean, denborak buruan ezarritakoak, hostoa hostoaren gainean, tolestura tolesturaren gainean, emeki, etengabe; usainak eta soinuak; ahotsak, zakar, lodi, goxoak; eta argiak pasaeran eta erratzak lurra joka; eta itsasoaren istilua eta isildura, nola gizon bat gora eta behera ibili eta bertan gelditu zen, tente, beren aurrean. Bitartean, hala jabetu zen, Camek behatzekin urari eragin eta lehorrera begira zegoen ezertxo ere esan gabe. Ez, ez du amore emango, pentsatu zuen; desberdina da, pentsatu zuen. Tira, alabak erantzuten ez bazion bakean utziko zuen, erabaki zuen Ramsay jaunak, poltsikoan liburuaren bila haztaka. Baina hala ere Camek erantzun egingo zion; mihian zeukan oztopoa gainditu eta grinaz zegoen esateko, Oh bai, Frisk. Frisk deituko diot. Esateko gogoa zeukan ere, Hori al zen mortuan barrena bidea bakar-bakarrik aurkitu zuen txakurra? Baina gogotik ahalegindu arren, ez zitzaion bururatzen ezer antzekorik esateko, paktuari tinko eta leial eutsi baina hala ere aitari, Jamesek susmatu gabe, maitasun ikur ezkutu bat pasatzeko. Zeren berak pentsatzen zuen, urari eraginez (eta orain Macalisteren mutikoak berdel bat harrapatu zuen, lurrean bihurritzen ari zena, ezkatak odolduta) zeren berak pentsatzen zuen, Jamesi begira, bitartean honek begiak belan pasiorik gabe erantsi edo aldian behin ortzi-mugara kirika egiten zuelarik, zuk ez duzu hau nozitzen, estutasun eta sentimendu zatiketa hau, izugarrizko tentaldi hau. Poltsikoak haztatzen ari zen aita; hurrengo segundoan aurkituko zuen liburua. Beste inork ez zuen hark adina alaba erakartzen; ederrak iruditzen zitzaizkion haren eskuak, eta oinak, eta ahotsa, eta hitzak, eta zalaparta, eta haserrea, eta xelebrekeriak, eta grina, eta zuzenean esatea denen aurrean, Akabo gara denok, nor bere bakardadean, eta haren urruntasuna. (Liburua ireki zuen). Baina hala ere jasanezina zera zen, pentsatu zuen, tente eserita eta Macalisteren mutikoari begira beste arrain baten ezkatetatik amua ateratzen, haren itsukeria porrokatua eta tirania, berari haurtzaroa pozoitu ziona eta ekaitz mingotsak harrotu zituena, oraindik ere esnatu egiten baitzen bera gauez, amorruz dardarka eta aitaren aginduren bar gogoan; lotsagabekeriaren bat: «Egin hau», «Egin hura»; haren nagusitza: «Egin niri men».

        Ezer esan beharrean, beraz, setati eta tristuraz begiratu zuen bakezko estalki batean bildutako lehorralde hartara; bertako jendea loak hartu balu bezala, pentsatu zuen; kearen antzera ziren libre, mamuen antzera ziren libre batera eta bestera joateko. Hor ez daukate sufrimendurik, pentsatu zuen.

 

 

5

 

        Bai, hori da beren ontzia, erabaki zuen Lily Briscoek, belardi ertzean zutik. Bela marroi grisaxkadun ontzi huraxe, orain uretan kuzkurtu eta badian barrena ziztuan zekusana. Han dago hura eserita, pentsatu zuen, eta seme-alabek isilik jarraitzen dute. Eta berak ezin zuen jada harenganaino heldu. Hari eman gabeko errukiak bizkarra zamatzen zion. Horrek zaildu egiten zion pintatzen jardutea.

        Beti iruditu zitzaion tratatzeko gizon zaila. Gogoan zeukan inoiz ez zuela hura aurrez aurre goraipatzerik izan. Eta horrek beren arteko harremana neutroa izatera mugatu zuen, sexu aztarnarik gabea, Mintarekiko haren jarrera hain galaia, ia alaia bihurtzen zuen sexu aztarnarik gabea. Mintarentzat lore bat bildu edo liburuak utzi ohi zizkion. Baina zinez uste ote zuen irakurri egiten zituela Mintak? Batera eta bestera ibiltzen zituen lorategian, hostoak tartekatuz orria markatzeko.

        «Gogoratzen, Carmichael jauna?» egon zen esateko zorian, gizon zaharrari begira. Baina hark kopeta gainean zeukan sonbreirua, erdizka beheratua; lo zegoen, edo ametsetan, edo hantxe etzanda hitzak sumatzen, imajinatu zuen berak.

        «Gogoratzen?» egon zen esateko zorian haren ondotik igarotzean, berriro ere hondartzako Ramsay andrearekin pentsatuz; kupela olatuetan gora eta behera; eta orriak hegan. Zergatik iraun zuen horrek hainbeste urtez bizirik, azpimarraturik, argiturik, zehatz-mehatz ikusteko moduan, aurreko guztia hutsik eta ondorengo guztia hutsik, miliatan eta miliatan?

        «Barkua al da hori? Kortxoa al da?» esan zuen Ramsay andreak, errepikatu zuen Lilyk, oihalerantz jiratuta, berriro ere nahiezik. Zeruari eskerrak bertan jarraitzen zuen espazioari buruzko problema hark, pentsatu zuen, pintzela berriro hartuz. Honek haserre begiratu zion. Pisu horren gainean bermatzen zen koadroaren masa guztia. Ederra eta distiratsua izan behar zuen azaletik, arina eta deseginkorra, koloreak bata bestearekin urtez tximeleta hegoaren koloreak bezala; baina egiturak barrutik burdinazko torlojuz egon behar zuen tinkatua. Arnasarekin harrotu zitekeen gauza izan behar zuen; eta zaldi uztartuekin ere kolokan jartzerik ez zegoen gauza. Eta gorriz eta grisez hasi zen pintatzen, eta hango zulorako bere bidea hasi zen modelatzen. Halaber, Ramsay andrearen ondoan zegoela iruditzen zitzaion, hondartzan eserita.

        «Barkua al da hori? Kupela al da?» galdetu zuen Ramsay andreak. Eta betaurrekoen bila hasi zen. Eta aurkitu ondoren isilik egon zen eserita, itsasora begira. Eta Lilyri, irmoki pintatzen ari zela, iruditu zitzaion ate bat zabaldu zela, eta bera handik sartu eta isilik geratu zen ikusmiran katedral antzeko leku batean, oso iluna, oso itzaltsua. Garrasiak iristen ziren urrutiko mundu batetik. Baporeontziak kezko zutabeen artean ezkutatzen ziren ortzi-mugan. Charlesek harriak jaurti eta jauzi eginarazten zien.

        Ramsay andrea isilik zegoen eserita. Pozik, pentsatu zuen Lilyk, atseden isilean zegoelako, inorekin hartu-emanik gabe. Nork daki zer garen, zer sentitzen dugun? Nork daki, nahiz momentu intimo bat izan, Han da jakinduria? Ez al dira gauzak hondatzen, galde zezakeen Ramsay andreak (haren ondoan eserita isilik egote hura askotan gertatutako gauza ematen zuen) hitzez aipatzen baditugu? Ez al gara adierazkorragoak honela? Une hark behintzat ikusgarri emankorra zirudien. Harean txulo bat egin eta berriro estali zuen, hantxe ehortziz bezala une haren perfekzioa. Zilar tanta baten antzekoa zen, non norberak iraganaren ilunpea busti eta argitzen zuen.

        Lilyk atzera egin zuen, oihala —holaxe— perspektiban jartzeko. Ibilbide bitxia zen, pintaketaren hau. Gero eta urrunago iristen zen inor, joan eta joan, azkenean ohol mehar baten gainean zegoela iruditu arte, bakar bakarrik, itsasoan. Eta pintzela kolore urdinean bustitzean, garai bateko iraganean ere busti zuen. Ondoren Ramsay andrea zutitu egin zen, gogoan zeukanez. Etxerako ordua zen — bazkalordua. Eta denak elkarrekin igo ziren hondartzatik, bera atzetik William Bankesekin, eta aurretik Minta, galtzerdi zulatuarekin. Nola nabarmentzen zen orpo arrosako txulo borobil hura! Nola deitoratu zuen hura William Bankesek, nahiz eta, berak gogoan zeukanez, ezertxo ere esan ez! Emakumetasunaren deuseztapena esan nahi zuen harentzat, zikina eta kuxidadea, mirabeak ihesi eta eguerdian oheak egin gabe — gehien gorroto zituen gauzak. Hotzikara egin eta behatzak luzatzeko modu berezi bat zeukan hark, objektu itsusi bat gordetzeko bezala, eta hartantxe ari zen orain — eskua bere buruaren aurrean jarrita. Eta Mintak aurrea hartu zuen, eta segur aski Paul hurbildu eta lorategira joan ziren biak.

        Rayleytarrak, pentsatu zuen Lily Briscoek, pintura berdearen tuboa estutuz. Rayleytarrei buruzko bere inpresioak batu zituen. Haien bizitzak eszena herrenkada batean agertu zitzaizkion; bata egunsentian, eskaileretan. Paul etxeratu eta garaiz joan zen ohera; Minta berandu zen. Han azaldu zen Minta, lorez apaindua, ilea tindatua, nabarmen, goizeko hirurak aldera eskaileretan. Paul pijamaz jantzita irten zen, su-burdina eskuetan, lapurrak baziren ere. Minta ogitartekoa jaten ari zen, leiho ondo batean erdibidera igota, goizeko hilotz argitan, eta zuloa zegoen alfonbran. Baina zer esan zioten elkarri? galdetu zuen Lilyk bere artean, begira egonda entzun ahal izango balie bezala. Zerbait latza. Mintak ogitartekoa jaten jarraitu zuen, amorrarazita, hark hitz egin bitartean. Hitz gaitzitu, jeloskorrak jalki zituen, irainak, xuxurlatuz, umeak ez esnatzeko, bi mutikoak. Paul ihartuta zegoen, itxura galduta; Minta lerden, axolarik gabe. Gauzak okertzen joan baitziren lehen urtearen ondoren edo; hala-holakoa suertatu zen beren ezkontza.

        Eta horri, pentsatu zuen Lilyk, pintzelean pintura berdea hartuz, eszenak asmatze horri deitzen diogu norbait «ezagutzea», norbaitekin «pentsatzea», norbait «gogoko izatea»! Guzti horretatik hitz bakar bat ere ez zen egia; berak asmatua zen; baina nolanahi ere horren bidez ezagutzen zuen inor. Tunelean barrena jarraitu zuen koadroan, iraganerantz.

        Beste batean Paulek esan zuen «xakean jolasten zuela kafetegietan». Orduan Lilyk fantasiazko eraikuntza oso bat altxatu zuen esaldi horren gainean. Paulek hura esatean, gogoan zeukan zera bururatu zitzaiola berari, hark mirabeari hots egin eta honek «Rayley andrea kanpoan da, jauna» esan ziola, eta orduan Paulek ere ez etxeratzea erabaki zuela. Leku ospelen bateko izkinan eserita imajinatu zuen, felpa gorrizko jarlekuetan kea erantsita zegoelarik, non neska zerbitzarientzat ezaguna zen, xakean jolasten aritzen zenez gizon txiki batekin, te merkatuan jardun eta Surbitonen bizi zena, baina hon zen Paulek hartaz zekien bakarra. Baina etxeratu zenean Minta artean kanpoan zen, eta ondoren eskaileretako eszena hura izan zen, suburdina hartu zuenean lapurrak baziren ere (zalantzarik gabe baita emaztea beldurtzeko ere) eta hain samin hitz egin zionean, bizitza guztia hondatu ziola eta. Dena den, bera bisitan joan zitzaienean Rickmansworth ondoko etxetxo batera, izugarrizko tentsioa antzeman zuen. Paulek bera lorategira eraman zuen, han hazten zituen erbi belgikarrak erakusteko, eta Mintak atzetik segitu zien, kantari, besoa agerian Paulen sorbalda gainean, hau berriketan hasi ez zedin.

        Minta aspertu egiten zen erbiekin, pentsatu zuen Lilyk. Baina Mintak ez zituen inoiz bere kontuak zabaldu. Inoiz ez zuen ezer esan kafetegietan xakean jolastearen antzekorik. Sobera zen ernea, sobera zuhurra. Baina haien istorioarekin jarraituz — ordurako gainditua zuten arriskurik handiena. Haienean igaro zituen egunak aurreko udan, eta autoak matxura izan eta Mintak eskuratu behar izan zizkion Pauli erremintak. Errepidean eserita zegoen hau autoa konpontzen, eta Mintak erremintak ematen zizkion moduagatik —ganoraz, artez, jator— seinale zen orain poliki zebiltzala. Ez zeuden jada «maitemindurik»; ez, Paul adiskide egin zen beste emakume batekin, emakume seriosa, ilea mototsean eta eskuan kutxatila bat zeramana (Mintak jatortasunez deskribatu zuen, ia mirespenez), batzarretara joan eta Paulen ikuspegi berdinak zeuzkana (gero eta nabariagoak bihurtu ziren) lurren balioa eta espropiazioei buruz. Ezkontza ez apurtzeaz gain, zuzendu egin zen harreman mota horrekin. Lagun apartak ziren, bistan zegoen, bata errepidean eserita eta bestea erremintak eskuratzen.

        Hori zen beraz Rayleytarren istorioa, egin zuen Lilyk irribarre. Bere burua imajinatu zuen huraxe bera kontatzen Ramsay andreari, hau jakin-minez egongo baitzen Rayleytarrak zertan ziren jakiteko. Pittin bat garaile sentituko zen bera, Ramsay andreari esaterakoan ezkontza ez zela zoriontsua izan.

        Baina hildakoak, pentsatu zuen Lilyk, bere marrazkian oztopo batekin gertatzean gelditu eta hausnartzera behartuta, pauso bat atzera emanez. Oh hildakoak! murmurikatu zuen, haiek bai errukarriak, alde batera baztertuak, baita apur bat mespretxatuak ere. Geure menpe daude. Ramsay andrea desagertu eta joan da, pentsatu zuen. Haren desirei muzin egin eta haren ideia mugatu, zaharkituak hobe ditzakegu. Hartara gugandik gero eta atzerago doa. Eta isekati iruditu zitzaion ikusten zuela Ramsay andrea hantxe urteen pasillo bukaeran esaten, gauza zentzugabeagorik, «Ezkondu, ezkondu!» (zeharo tente eserita, goizean goiz txoriak txioka hasita zeudelarik kanpoko lorategian). Eta orain esan beharko zitzaion, Zuk nahi ez bezala suertatu da dena. Haiek pozik dira hala; ni pozik naiz hola. Erabat aldatu da bizitza. Orduan haren izate guztia, baita edertasuna ere, une batez hautsak jana eta antigoalekoa bihurtu zen. Lilyk une batez, hantxe zutik, eguzkiaren beroa bizkarrean, Rayleytarrak epaituz, garaitu egin zuen Ramsay andrea, honek ez baitzuen behin ere jakingo Paul kafetegira joan eta maitale bat zeukala; lurrean eseri eta Mintak erremintak eskuratu zizkiola; pintatzen zegoela bera hementxe, ezkondu gabe, ezta William Bankesekin ere.

        Ramsay andrearen plana zen. Bizirik jarraitu balu agian ezkonarazi egingo zuen. Uda hartan William «gizonik gisakoena» zen jada. «Aroko zientzialari onena, senarrak dioenez». Baita ere «William gizarajoa —hainbeste penatzen nau, bisitan noakionean, etxean ezer ederrik ez aurkitzeak— loreak txukunduko dizkion inortxo ere ez». Elkarrekin paseatzera bidali ohi zituen beraz, eta Ramsay andreak berari esan zion, inori eskupetik ematen zion ironia aztarna horrekin, pentsaera zientifikoa zeukala; loreak atsegin zitzaizkiola; oso zehatza zela. Nolatan ote zeukan Ramsay andreak inor ezkonarazteko grina hura? galdetu zuen Lilyk bere artean, astora hurbildu eta urrunduz.

        (Bat-batean, izar bat zeruan labaintzen den bezain bat-batean, bere barruan argi gorrizta bat piztu balitz bezala izan zen, Paul Rayley estaliz, honengandik jalkia. Hondartza urrun batean basatiek gorantz bidalitako suaren antzera altxatu zen, ospakizun bateko ikurtzat. Iskanbila eta txinpart-hotsa aditu zuen. Inguruko itsaso osoa gorri eta urre bihurtu zen. Ardo usainen bat ere tartean nahasi eta horditu egin zuen bera, berriro sentitu baitzuen desira irrikatsua bere burua labarrean behera bota eta itotzeko, hondartzan perlazko brotxe baten bila. Eta iskanbilak eta txinpart-hotsek uxatu egin zuten handik bera, beldurrez eta nazkaz, gorentasun eta boterea ez ezik aurrez aurre ikusiko balu bezala istilu hura etxeko altxorretik jaten, harrapazka, nazkagarri, eta higuingarria iritzi zion. Baina ikuskizun hark, gloria hark ordura arte berak ezagututako guztia gainditzen zuen, eta hura urterik urte egon zen piztuta, seinalatzeko su baten antzera, irla desertu baten itsasertzean, eta «maitemindurik» esan bezain laster, oraingo kasuan adibidez, gora zutitzen zen berriro Paulen sua. Eta ondoren itzali eta bere buruari esan zion, barrez, «Rayleytarrak»; Paul kafetegietara joan eta xakean jolasten zuela).

        Nolanahi ere berak larri-larri egin zuen ihes, pentsatu zuen. Mantelari begira egon zen, ez non eta ez han bururatu zitzaionean zuhaitza erdialdera eramango zuela, eta ez zeukala behin ere inorekin ezkondu beharrik, eta berealdiko bozkarioa sentitu zuen. Ramsay andrearen mailan jar zitekeela sentitu zuen — gorazarre bat zen hura, Ramsay andreak denengan zeukan botere harrigarriari! Hark esan, Egin hau, eta beharko egin. Haren itzala ere, leiho ondoan Jamesekin, agintez betea zegoen. Gogora etorri zitzaion nola William Bankes txunditu zen berak ama-seme hitzen aurrean zeukan axola ezagatik. Ez al zuen miresten haien edertasuna? galdetu zion berari. Baina Williamek, gogoan zeukan berak, ume-begi bizkor haiekin entzun zion ez zela begirune eza: hemengo errainuak beste errainua eskatzen zuela han, eta abar. Raphaelek hain maisukiro landutako gaia laidotzeko asmorik ez zeukan — biak bat zetozen honetan. Ez zen ari zinismoz hizketan. Alderantziz. Bere pentsaera zientifikoari esker ulertu zuen William Bankesek — berekoikeriarik gabeko adimenaren froga bat alegia, Lilyri atsegina iruditu eta barrena ikusgarri goxatu ziona. Posible zen beraz pinturari buruz hitz egitea gizonezko batekin. Berez, harekiko adiskidetasuna izan zen bere bizitzako plazeretako bat. Maite zuen William Bankes.

        Biak Hampton Courtera joan, eta gizaseme prestua izaki, beti uzten zion berari eskuak garbitzeko denbora franko, hark ibai ondoan paseatu bitartean. Tipikoa zen hori beren harremanean. Esan gabe geratzen ziren gauza anitz. Ondoren patioetan zehar ibili, eta udaz uda miretsi zituzten harmonia eta loreak, eta Williamek kontuak esan ohi zizkion perspektibari buruz, arkitekturari buruz, oinez zihoazelarik, eta hura gelditu egin ohi zen zuhaitz bati begiratzeko, edo lakuaren gaineko ikusmirari, eta neskato bat miresteko (hori zuen penarik handiena — alabarik ez izatea) modu hotz eta axalean, berezkoa zen gisan laborategietan hainbeste denbora igarotako gizon batengan, handik irten eta munduak zur eta lur uzten zuela ematen baitzuen, eta horregatik ibiltzen zen astiro, altxatzen zuen eskua begiei itzala emateko, eta gelditzen zen bertan, burua atzeratuta, zer eta arnasa hartzeko. Orduan kontatu ohi zion mirabea oporretara joana zuela; alfonbra berria erosi behar zuela eskaileretarako. Agian etorri nahiko zuela berak alfonbra berria erostera eskaileretarako. Eta behin batean zerbaitek Ramsaytarrei buruz hitz eginarazi zion hari, eta andreak sonbreiru grisa omen zeraman lehen aldiz ikusi zuenean; ez omen zen hemeretzi edo hogei urtetik gora izango. Harritzeko moduan omen zen ederra. Han egon zen Hampton Courteko abenidan behera begira, Ramsay andrea hantxe iturri artean ikusi ahal balu bezala.

        Saloiko koskara begiratu zuen orain berak. Han ikusi zuen, Williamen begien bitartez, emakume irudi bat, baketsu eta isil, begimakur. Hausnartzen zegoen eserita, gogoetan (egun hartan grisez zegoen jantzita, uste zuen Lilyk). Beheratuta zeuzkan begiak. Ez zituen inoiz jasoko. Bai, pentsatu zuen Lilyk, adi-adi begira, inondik ere ikusi izan dut horrela, baina ez grisez jantzita; ezta hain geldi, hain gazte, hain baketsu ere. Nahikoa aise agertu zen irudia. Harritzeko moduan zen ederra, esan zuen Williamek. Baina edertasuna ez zen guztia. Edertasunak zigor hau zeukan — aiseegi agertzen zen, osatuegi. Bizitza gelditzen, izozten zuen. Ahaztu egiten ziren asaldura txikiak; gorritasuna, zurbiltasuna, keinu bitxi bat, argi edo itzalen bat, une batez aurpegia ezagutezina bihurtzen zuena, baina baita berezitasun bat txertatu ere, aurrerantzean beti ikusiko zena. Errazagoa zen hura dena edertasunaren estalkipean leuntzea. Baina zer itxura zeukan, galdetu zion Lilyk bere buruari, hark ehiztari kapela buruan sartu-sartu egiten zuenean, edo belarretan barrena korrika ibiltzen zenean, edo Kennedy lorazainari errieta egiterakoan? Nork esan ziezaiokeen hori? Nork lagun ziezaiokeen?

        Gogoz kontra heldu zen kanpoko mintzera, eta koadrotik erdi aterata topatu zuen bere burua, Carmichael jaunari txunditu samar begira, gezurrezko zerbait balitz bezala. Etzaulkian zegoen, eskuak sabel-zorro gainean gurutzatuta, ez irakurtzen edo lotan, baizik eguzkia hartzen bizitzaz okitutako izaki baten antzera. Belarretara erorita zeukan liburua.

        Zuzenean harengana joan eta honela esan nahi zion, «Carmichael jauna!» Orduan hark onez onean begiratuko zion beti bezala, begi berde axal gandutuekin. Baina inor esnatzeko, lehenik zer esana eduki behar zen. Eta berak ez zion gauza bakar bat esan nahi, dendena baizik. Pentsamendua apurtu eta zatikatzen zuten hitz laburrek ez zuten deus esaten. «Bizitzari buruz, heriotzari buruz; Ramsay andreari buruz» — ez, pentsatu zuen, ez zegoen inori deus esaterik. Beti huts egiten zen diana, momentuko larria zela eta. Hitzak saihetsetatik hegatu eta azpiegian jotzen zuten objektua. Orduan amore ematen zuen inork; orduan hondora joaten zen ideia berriro; orduan jende heldu gehiena bezalakoa bihurtzen zen inor, zuhur, iheskor, begi artean zimurrak eta etengabeko kezkati itxurarekin. Zeren nola hitzez adierazi gorputzeko zirrara hauek? eta hustasuna? (Saloiko kosketara zegoen begira; ikusgarri hutsak ziruditen). Gorputzeko sentipena zen, ez burukoa. Koskei begiratze hutsak zekarzkion sentsazio fisikoak txit desatseginak bihurtu ziren bat-batean. Nahi izan eta ez edukitzeak gorputz guztia gogortu, hustu, larritzen zion. Eta nahi bai eta eduki ez —nahi eta nahi— horrek bai bihotza erdiratu eta behin eta berriro erdiratzen zuela! Oh, Ramsay andrea! hots egin zion txintik atera gabe txalupa ondoko izaki hari, norberak abstraktu bihurtutako hari, grisez jantzitako emakume hari, lehenik joan eta ondoren atzera etorri zelako errietan bezala. Hain ematen zuen segurua harengan pentsatzeak. Izpiritua, airea, ezereza, nahiz gauez nahiz egunez aise eta seguru jolasteko moduko gauza, hori izan zen Ramsay andrea, eta honexek luzatzen zuen eskua bat-batean eta inoren bihotza honenbeste erdiratzen. Bat-batean, saloiko koska hutsak, barruko besaulkiaren litxak, txakurkumea terrazan zilipurdika, lorategiko kulunka eta xuxurla guztiak bihurtu ziren kurba eta arabeskoen antzekoak, hustasun osoko erdigune baten inguruan loretan.

        «Zer esan nahi du honek? Nola argitu hau dena?» galdetu nahi zuen, berriro Carmichael jaunagana jiratuta. Bai baitzirudien egunsentiko ordu goiztiar honetan mundu osoa urtu zela pentsamenduen putzu batean, errealitatearen urmael sakon batean, eta kasik imajina zitekeen Carmichael jaunak hitz egin izan balu malko txiki batek urratuko zuela putzuaren mintza. Eta ondoren? Zer edo zer azalduko zen. Esku bat agertu, labanen bati eragingo agian. Txorakeriak ziren hauek, noski.

        Irudipen bitxi bat izan zuen, alegia Carmichael jaunak azken finean aditu egiten zituela berak esan ezin zituen gauzak. Tankera eman ezineko agurea zen, bizarrean lohidura hori harekin, olerki eta asmakizun haiekin, desio guztiak asetzen zizkion mundu batean barrena lasai asko nabigatzen, belardian etzanda zegoen lekutik eskua jaistea nahikoa zuelarik, zer-nahi-hura harrapatzeko. Koadrora begiratu zuen. Hola erantzungo zion hark segur aski — bai «zu», bai «ni» eta bai «hura» iragan eta suntsitzen gara; ezer ez da geratzen; dena aldatzen da; baina hitzak ez, pintura ez. Baina hala ere teilatupean eskegiko zuten, pentsatu zuen Lilyk; bil-bil egin eta sofaren azpira botako zuten; baina hala ere egia zen, nahiz holako koadroa izan. Posible zen esatea, baita zirriborro honetaz ere, ez agian benetako koadroaz baizik izan nahi zuenaz, «betirako geratzen zela», zihoan bera esatera, edo hitzik gabe adieraztera, zeren ebakitako hitzak arranditsuegiak iruditzen zitzaizkion, baita berari ere; baina orduan, koadroari begira, harriduraz konturatu zen ezin zuela ikusi. Likido bero batez zeuzkan begiak beteta (hasieran ez zitzaizkion malkoak bururatu), eta horrek, bere ezpainen sendotasuna galarazi gabe, airea lausotu zuen, masailetan behera isuri zen. Ederki menderatzen zuen bere burua —Oh bai!— beste gainontzean. Ramsay andreagatik ari ote zen negarrez, inongo zorigaitzez jabetu gabe? Berriro zuzendu zen Carmichael jaunagana. Zer zen hura? Zer esan nahi zuen? Gauzek eskuak goratu eta inori eutsi al ziezaioketen; ebaki al zezakeen labanak; ukabilak heldu? Ez al zegoen segurtasunik? Ez al zeuden buruz ikasterik munduko ibilerak? Gidaritza edo babesik ez, baizik dendena mirakulua eta dorre gainetik airera jauzi egitea? Holakoa ote zen jende nagusiarentzat ere bizitza — asaldagarria, ustekabea, ezezaguna? Momentu batez iruditu zitzaion ezen orain biak hementxe, belardi honetan zutik jarri eta azalpen bat eskatuko balute, ea zergatik zen bizitza hain laburra, hain esplikaezina, indarrez esango balute, ezer ezkutatu behar ez zaien bi gizaki ongi jantzitakok bezala, orduan edertasuna hedatuko zela, hutsunea beteko zela, forma hartuko zutela apaingarri hutsal haiek; aski ozen hots egiten bazuten, Ramsay andrea itzuliko zela. «Ramsay andrea!» esan zuen ozenki, «Ramsay andrea!» Aurpegian behera zerizkion malkoak.

 

 

6

 

        [Macalisteren mutikoak arrainetako bat hartu eta saihetsetik puska moztu zion amutarako. Gorpu mutilatua (bizirik zegoen artean) itsasora bota zuen berriro.]

 

 

7

 

        «Ramsay andrea!» hots egin zuen Lilyk, «Ramsay andrea!» Baina ez zen fitsik ere gertatu. Areagotzen zihoan oinazea. Larritasun hark zeharo ergeldu zezakeen inor, pentsatu zuen! Nolanahi ere, agureak ez zion aditu. Trankil jarraitzen zuen, bare, eta, nahi izanez gero hala pentsa zitekeen, baita gorentasunez ere. Jainkoari eskerrak inork ez zuen garrasi lotsagarri hura aditu, geldi zaitez oinazea, geldi zaitez! Bera ez zegoen noski burutik jota. Inork ez zuen bera ikusi ohol mutur hartatik deuseztapenaren uretara murgiltzen. Neskazahar eskas bat jarraitzen zuen izaten, pintzelari helduta belardian.

        Eta orain irrikaren oinazea, eta haserre samina (berriro azaldu izana, Ramsay andreagatik inoiz ez zela gupidatuko uste zuenean. Haren mira antzeman ote zuen gosariko kafe kikaren artean? bai zera) gutxitu egin ziren pixkana; eta lehengo larritasun hartatik, antidotoaren antzera, era berean baltsamoa ere bazen arintasun bat geratu zen, eta baita ere, baina modu misteriotsuagoan, han norbait zegoeneko irudipena, alegia Ramsay andrea, Lilyri munduak bizkarreratu zion zamaz momentu batez arindurik, bere ondoan emeki zutik, eta ondoren (edertasun oparoenean baitzegoen Ramsay andrea) lore zuriko koroa bat kopetan jarri eta joan zen huraxe hartuta. Lilyk berriro estutu zituen bere tuboak. Hesiko problema hari ekin zion. Arraroa zen zer argi zekusan Ramsay andrea, beti bezain bizkor oinez soroetan zehar, hango tolesturen artetik, purpura eta eztiak, loreen artetik, hiazintoak edo lirioak, desagertzen. Pintore-begiaren trikimailu bat zen. Haren heriotzaren berri jaso ondorengo egunetan honela ikusi zuen hura, koroa kopetan ipini eta soroetan zehar ezbairik gabe joaten bere konpainiarekin, itzal batekin. Hango bistak, esaldiak, kontsolatzeko indarra zeukan. Edonon egonda ere pintatzen, nahiz hemen kanpoan nahiz Londresen, bisione hau zetorkion, eta bere begiek, erdi itxita, oinarriren bat bilatzen zuten bere bisionearentzat. Tranbiaren bagoiari begiratzen zion, autobusari; linea bat aukeratzen zuen, ez non eta ez han; aurreko leihoetara begiratzen zuen; Piccadillyra, ilunabarrean farolak ilaran. Heriotza-zelaien parte izan zen hura dena. Baina beti zegoen zerbait —agian aurpegi bat, ahots bat, egunkari mutil bat Standard, News oihuka— handik iragaziz, berari muzin eginez, bera esnatuz, arreta galdatu eta azkenean lortuz, hartara bisionea etengabe berritu beharra zegoelarik. Orain berriro ere, senez hunkiturik zabalgune eta urdintasun premiagatik, beheko badiara begiratu zuen, olatuen zerrenda urdinak munto bihurtuz eta zabalgune purpurak ordeka harritsu. Zentzugabeko zerbaitek asaldatu zuen berriro, beti bezala. Puntu marroi bat zegoen badiaren erdian. Ontzi bat. Bai, handik segundo batera ohartu zen. Baina noren ontzia? Ramsay jaunaren ontzia, ihardetsi zuen. Ramsay jauna; bere ondotik igarotako gizona, eskua altxatuta diosala egiteko, urrun, prozesioaren buruan, bota eder haiek soinean, erruki eske, berak ukatua. Badiaren erdialdea ari zen orain ontzia zeharkatzen.

        Han-hemenkako haize aztarnagatik izan ezik, hain zen goiz ederra non zeruak eta itsasoak ehun beraz eginak ziruditen, belak zeru sabaian itsatsiak baleude bezala, eta hodeiak itsasora eroriak. Itsaso barreneko bapore-ontzi batek ke adar luzea marraztu zuen airean, eta han geratu zen apainkiro bihurritu eta kiribiltzen, aireak gasa fin baten antzera gauzei eutsi eta bere sarean goxoki gordetzen zituelarik, soilik alde batera eta bestera emeki eraginez. Eta eguraldia ederra denean zenbaitetan gertatu ohi den eran, bazirudien labarrak barkuez ohartu eta barkuak labarrez ohartzen zirela, elkarri beren arteko mezu sekretu bat seinalatuz bezala. Bestetan lehorretik oso hurbil eman arren, goiz honetan faroak ikusgarri urruti ematen zuen, gandu artean.

        «Non ote daude orain?» pentsatu zuen Lilyk, itsasora begira. Non zegoen bere ondotik isilik igarotako agure hura, besapean paper latzezko zorroa hartuta? Badiaren erdian zegoen ontzia.

 

 

8

 

        Hor ez dute ezertxo ere sentitzen, pentsatu zuen Camek, lehorraren gora eta beherei begira, gero eta urrunago eta baketsuagoak. Bere eskuak arrasto bat moztu zuen itsasoan, bere buruak zurrunbilo eta zerrenda berde haiek modelo bihurtzen zituelarik, eta hotzez sumindurik eta hil-atorraz jantzirik, irudimenaren bidez erraturik zebiltzan urpeko mundu horretan, non perlak tortotan itsasten ziren bitsa zuriari, non argi berdetan aldaketa bat gertatzen zen inoren izpirituan, eta inoren gorputzak erdi garden distiratzen zuen estalki berde batean bildurik.

        Eskuaren inguruko zirimola leundu egin zen ondoren. Uraren emana gelditu egin zen; kirrika eta intziri-hots txikiz bete zen mundua. Portuan ainguratuta baleude bezala aditzen ziren olatuak txaluparen saihetsa jo eta astintzen. Oso hurbil ematen zuen denak. Zeren bela ere, James hari begira-begira egon ondoren norbait ezaguna balitz bezala bihurtu arte, erabat laxatu baitzen; bertan gelditu ziren, airearen zain balantzaka, eguzki berotan, lehorretik miliatara, farotik miliatara. Munduan dena pausaturik zegoela zirudien. Faroa mugiezina bihurtu zen, eta haranzko lehor ertza berriz finkoa. Eguzkiak beroago jotzen zuen, eta bazirudien denak elkarrengana hurbildu eta bata bestearen presentzia antzematen ari zirela, ordura arte Ja ahaztua. Macalisteren kanabera pikuan sartu zen itsasoan. Baina Ramsay jaunak irakurtzen jarraitu zuen, hankak bere azpian bilduta.

        Liburu txiki distiratsu bat ari zen irakurtzen, txirri arrautza baten antzeko azal ñabarrekoa. Noizean behin, barealdi garratz hartan egonean, orri bat pasatzen zuen. Eta Jamesi iruditzen zitzaion orri bakoitza keinu berezi batekin pasatzen zuela, berari zuzendua: nahiz irmoki adieraziz, nahiz aginduz, nahiz inor errukiarazi nahian; eta etengabean, aitak irakurri eta orri txiki haiek bata bestearen ondoren pasatu ahala, James ikaraz zegoen hark gora begiratu eta zer edo zer esango ote zion zorrozki. Zergatik zeuden hemen zabarrean? galdetuko zuen, edo antzeko zentzugabekeria bat. Eta hala egiten badu, pentsatu zuen Jamesek, labana atera eta bihotzean sartuko diot.

        Beti eutsi izan zion sinbolo zahar honi, labana hartu eta aitari bihotzean sartzekoa. Orain ordea, bera ere gizonduta, eta aitagan begiak josita amorru ezinduz, ez zen hura, agure irakurle hura berak hil nahi zuena, baizik berari erasotzen zion gauza hura — agian bera konturatu gabe: harpia anker zoli hegabeltz hura, atzapar eta moko hotz eta gogorrekoa, inori jo eta jo aritu (agerian zeuzkan bere hanketan senti zezakeen haren mokokada, haurtzaroan jo zion lekuan) eta ondoren ihesi joaten zena, eta han zegoen hura berriro, aguretua, oso triste, liburua irakurtzen. Huraxe hilko zuen, harixe sartuko zion labana bihotzean. Bera edozertan jardunda ere — (eta zernahi egin zezakeela iruditzen zitzaion, farora eta haranzko lehorrera begira) nahiz negoziozale izan, nahiz bankuko langile, legegizon edo enpresa bateko buruzagi, aurre egingo zion horri, aztarna hartu eta zanpatu egingo zuen hori —tirania, jauntxokeria deitzen zion berak— egin nahi ez duena eginaraztea inori, mintzatzeko eskubidea etetea inori. Nola esango zuen bada beraietako inork, Ez dut nahi, hark esandakoan Goazen farora. Egin hau. Ekarri hori. Hega beltzak zabaldu eta moko gogorrak urratu egiten zuen. Eta hurrengo momentuan hantxe zegoen liburua irakurtzen; eta posible zen —auskalo— hark zentzuzko aurpegiarekin begiratzea gora. Posible zen hura Macalistertarrekin mintzatzea. Posible zen hark ontzeko urrea estutzea kaleko atsoren baten esku izoztuan, pentsatu zuen Jamesek; posible zen hura arrantzale arteko lehiaketa batean oihuka hastea; posible zen hark besoei airean eragitea, asaldaturik. Edo posible zen hura hildakoa bezain mutu egotea mahaiburuan, otordu hasieratik bukaera arte. Bai, pentsatu zuen Jamesek, txalupa nagiturik balantzaka zebilelarik eguzki galdetan; elur eta harkaitzezko basamortu bat zegoen, oso bakarti eta agorra; eta han, iruditzen zitzaion sarri samar azken aldera, aitak zerbait esaten zuenean besteak harriturik uzten zituena, bi oinatz pare soilik zeuden; berea eta aitarena. Beraiek bakarrik ezagutzen zuten elkar. Zer zen orduan izu hau, gorroto hau? Atzera joanez iraganak bere baitan tolestutako hosto ugarien artera, kirika eginez baso barren hartara non argi-itzalek den-dena laukitu eta forma guztiak itxuragabetzen baitituzte, eta inor estropezuka ibiltzen baita, batean eguzkia begietan, bestean itzal iluna, hantxe zebilen irudiren baten bila, bere sentimendua hoztu, bereizi eta forma zehatzean leuntzeko. Eman dezagun bada haur denboran inongo babesik gabe ume-kotxean eserita zegoenean, edo norbaiten belaunetan, gurdi bat ikusi zuela norbaiten oina jakin gabe eta inozenteki mastrakatzen. Eman dezagun oina ikusi zuela lehenik, belarretan, leuna eta osoa; gero gurpila; eta ondoren oin bera, ubela, mastrakatua. Baina gurpilak ez zeukan errurik. Orain, beraz, aita pasilloan behera pauso luzeak emanez etorri zitzaienean goizean goiz ate joka farora joateko, zapaldu egin zuen bere oina, Camen oina, edonoren oina. Eserita egote hutsarekin ikus zitekeen.

        Baina noren oinaz ari zen pentsatzen, eta zein lorategitan gertatu zen hau dena? Bai baitzeuden dekoratuak eszena hauentzat; zuhaitzak han hazten; loreak; argi jakin bat; irudi bakar batzuk. Dena lorategi batean kokatzeko joera zeukan, non ez zegoen goibeltasun honen arrastorik eta ezta esku imintzio hauen arrastorik ere; ahoskera arruntean mintzo zen jendea. Egun guztia igarotzen zuten sartu-aterean. Atso bat zegoen sukaldean esamesaka; eta itsas aireak barrura eta kanpora zerabilzkien leihosareak; dena ari zen haize ematen, dena ari zen hazten; eta plater eta katilu eta lore gorri eta hori altu tente haien gainean belo hori oso mehe bat zabaldu ohi zen, mahats hostoaren antzekoa, gauez. Gauzak gelditu eta ilundu egiten ziren gauez. Baina hosto antzeko beloa hain zen fina non argiek altxatzen zuten, ahotsek zimurtzen zuten; handik barrena ikus zezakeen irudi bat makurtzen, soinekoren baten zurrumurrua hurbiltzen eta urruntzen entzun zezakeen, kateren baten tintin-hotsa.

        Mundu honetantxe zapaltzen zuen gurpilak inoren oina. Gogoan zeukanez, zerbait bere gainean gelditu eta dena ilundu zuen; ez zuen handik joan nahi; zerbaitek airea astindu zuen, zerbait agor eta zorrotza jaitsi zen, ganibetaren antzera, zimitarraren antzera, mundu zoriontsu horretako hosto eta loreak zehatuz eta ihartu eta eroraraziz.

        «Euria egingo du», gogoratu zuen aitaren esaldia. «Ezingo da farora joan».

        Garai hartan faroa zilarrezko dorre gandutu baten antzeko zerbait zen, ilunabarrean bat-batean eta goxoki irekitzen zen begi batekin. Orain berriz—

        Jamesek farora begiratu zuen. Harkaitz zurituak ikus zitzakeen; dorrea, zurrun eta zuzen; zerrenda beltz eta zuriak zeuzkala ikus zezakeen; leihoak ikus zitzakeen bertan; lixiba ere ikus zezakeen harkaitzetan zabalduta lehortzeko. Hura zen beraz faroa. Ba ote?

        Ez, bestea ere faroa zen. Ezer ez baitzen gauza bakar bat. Faroa zen bestea ere. Zenbaitetan zaila zen hura badian barrena ikustea. Ilunabarrean gora begiratu eta begia ireki eta itxi ikusten zen, eta bazirudien argia beraiengana iristen zela, eserita zeuden lorategi haizetsu eguzkitsu hartaraino.

        Baina etenaldia egin zuen. «Beraiek» edo «inor» esaten zuenero eta ondoren norbaiten etorrerako zurrumurrua aditzen hasten zenero, edo norbaiten joanerako tintin-hotsa, ikusgarri sentibera bihurtzen zen baldin eta gela berean beste norbait bazegoen. Oraingoan aita zen. Areagotzen ari zen estutasuna. Izan ere airea hasten ez bazuen, aitak aurki liburu azalak zapla itxi eta esango zuen: «Zer gertatzen da orain? Zertan gaude hemen denbora alferrikaltzen?» Honelaxe jaitsi zuen aitak behin ganibetaren ahobizarra bien artera terrazan, eta ama zeharo izoztuta gelditu zen, eta aizkora, labana edo punta zorrotzeko ezer edukiez gero eskura, berak hartu eta bihotzean sartuko ziokeen aitari. Ama zeharo izoztuta gelditu zen, eta ondoren, besoa laxatuz, berari jada ez ziola entzuten jabetuz, nola hala zutitu, alde egin, eta bertan utzi zuen bera, ezinduta, barregarri, lurrean eserita guraizeei heltzen.

        Ez zebilen haize izpirik ere. Urak gurgur-hotsa egiten zuen txaluparen hondoan, non hiru edo lau berdelek gora eta behera eragiten zioten isatsari, beren buruak estaltzeko aski ez zen ur putzu batean. Posible zen Ramsay jauna noiznahi (James ez zen ia hari begiratzera ere ausartzen) zutitzea, liburua itxi eta purrustan hastea; baina oraingoz irakurtzen ari zen, eta beraz Jamesek, ezkutuan, eskaileretan behera tipi-tapa oinutsik labainduz bezala, egur oholaren intziriak zakur zaindaria esnatu beldur, pentsatzen jarraitu zuen ama nolakoa zen, nora joan zen egun hartan. Gelaz gela hasi zen hari segika, eta azkenean gela batera iritsi ziren, non argi urdin batean, isla hura portzelanazko plater askotatik baletor bezala, bakar-bakarrik ari zen ama hizketan; haren hizketa entzun zuen. Neskame batekin ari zen, burura zetorkion edozein gauza esanez. «Erretilu handi bat beharko dugu gaur gauerako. Non da zera — erretilu urdina?» Hark bakarrik esaten zuen egia; hari bakarrik esan ziezaiokeen berak egia. Horregatik sentitzen zuen amak beraganako erakarpen betiereko hura, agian; burura etorritako edozein gauza esan ziezaiokeen bart. Baina bera amagan pentsatzen ari zen denbora guztian, antzematen zuen aita pentsamendu hari segika zebilela, itzal emanka, dardara eta kordoka eginaraziz.

        Azkenean pentsatzeari utzi zion; han zegoen eserita, eskua lema-adar gainean eguzkitan, faroari adi-adi begira, mugitzeko gaitasunik gabe, bata bestearen ondoren gogoan ezartzen zihoazkion oinaze ale hauek uxatzeko gaitasunik gabe. Bazirudien soka batek loturik zeukala, eta aitak egin zuela korapiloa eta handik ihes egiteko ezinbestekoa zuela labana hartu eta harixe bihotzean... Baina orduan bela astiro harrotu, astiro puztu zen, bazirudien nagiak ateratzen ari zela txalupa, ondoren erdi lotan mugitu, eta ondoren esnatu eta olatuetan barrena abiatu zen ziztuan. Berebiziko arintasuna izan zen. Bazirudien denak berriro elkarrengandik bereizi eta lasai asko zeudela orain, eta kanaberak tenk txaluparen saihetsean zeharka. Baina aita ez zen zutitu. Eskuineko eskua misteriotsuki gora altxatzea besterik ez zuen egin, eta gero berriro belaun gainera erortzen utzi, sinfonia sekretu bat zuzentzen ari balitz bezala.

 

 

9

 

        [Itsasoa lohidura bakar bat ere gabe, pentsatu zuen Lily Briscoek, artean zutik eta badian barrena begira. Zetazkoa balitz bezala zegoen itsasoa badian zehar luzatuta. Sekulako boterea zeukan distantziak; honek irentsi zituen, sentitu zuen berak, betirako zeuden galduak, gauzen muinaren zati bihurtu ziren. Dena hain lasai; dena hain bare. Desagertu zen bapore-ontzia, baina ke adarra airean zintzilik zegoen artean, eta bandera baten antzera ari zen tristuraz jaisten, diosala eginez bezala.]

 

 

10

 

        Horrelakoa zen beraz irla, pentsatu zuen Camek, berriro ere behatzekin olatuetan arrastoak eginez. Inoiz ez zuen hura lehenago itsasotik ikusi. Itsasoan etzanda zegoen, mailatu batekin erdian eta bi harkaitz zorrotzekin, eta itsasoa bertan lehertu eta miliatan eta miliatan zabaltzen zen irlaren alde bietan. Oso txikia zen; zutik jarritako hosto baten antza zeukan. Eta hala txalupa txiki bat hartu genuen, pentsatu zuen, bere buruari abenturazko ipuin bat kontatzen hasiz, hondora zihoan barku batetik salbatu zenekoa. Baina itsasoa behatz tartetik zeriola eta alga zerrenda bat haien atzean desagertzen zen honetan, ez zen benetakoa bere buruari ipuin bat kontatzeko nahia; abentura eta salbazioaren sentsazioa zen berak nahi zuena, gogoan baitzerabilen, txalupak aurrera egin ahala, aitaren haserrea iparrorratzaren muturrei buruz, Jamesen egoskorkeria paktuari buruz, eta bere ezinegona ere, denak joan zirela irristan, denak igaro zirela, denak joan zirela jarioan. Zer ote zetorren hurrena? Nora ote zihoazen? Bere eskutik, zeharo izoztua, itsas uretan murgildua, zorionezko iturri bat jaiki zen aldaketa zela eta, salbazioa zela eta, abentura zela eta (bera bizirik zegoelako, bera han zegoelako). Eta zorion iturri bat-bateko eta axolagabe honetatik isuritako tantak han eta hemen isuri ziren ilunpean, bere baitako forma lokartuetan; gauzatu gabeko mundu baten formak, baina ilunpe hartan jira-biran zebiltzanak, han eta hemen argi printza bati atxikiz; Grezia, Erroma, Konstantinopla. Nahiz eta txikia izan eta zutik jarritako hostoaren antzeko forma eduki, urrez zipriztindutako urek laztandu eta inguratua, ba ote zeukan hark ere bere txokoa unibertsoan — irla txiki hark? Bulegoko gizaseme adinduek agian esan ahal izango ziotela pentsatu zuen. Zenbaitetan noraezean bezala sartzen zen lorategitik, haiek gaiztakerian harrapatuko ote. Han egoten ziren (nahiz Carmichael jauna nahiz Bankes jauna, oso zaharrak, oso zurrun) parez pare eserita beren besaulki apaletan. Aurrean zeukaten The Times-eko orriak hotsarekin pasatzen zituzten, bera lorategitik sartzen zenean, zeharo nahastuta Kristori buruz norbaitek esandako zerbaitekin; Londreseko kale batetik mamuta desobiratu zutela; ea nolakoa zen Napoleon handia. Orduan haiek hau dena beren esku garbietan hartu (arropa grisak zeramatzaten; txilar usaina zeukaten) eta papurrak biltzen zituzten, egunkariko orria itzuliz, belaunak gurutzatuz, eta noizean behin zerbait oso laburra esaten zuten. Trantze antzeko batean berak liburu bat hartu apaletik eta bertan gelditu ohi zen, aitak nola idazten zuen begira, hain berdin, hain txukun, orriaren alde batetik bestera, aldian behin eztul txiki bat eginez, edo pareko beste gizaseme adinduari zerbait labur esanez. Eta berak pentsatzen zuen, liburua irekita hantxe zutik, hemen hostoa uretan barrena bezala utzi zitekeela edozein pentsamendu zabaltzen; eta hemen ongi moldatzen bazen, The Times-eko orriak hotsarekin pasatzen eta erretzen ari ziren gizaseme adinduen artean, orduan zuzen zegoen. Eta aitari begira, bulegoan nola idazten zuen ikusiz, pentsatu zuen (orain txalupan eserita) ezin jatorragoa zela, ezin jakintsuagoa; ez zen ez hutsandi eta ez tiranoa. Aldiz, bera bertan ikusiez gero libururen bat irakurtzen, beste edonork bezain eztiro galdetuko zion ea ezer ematerik nahi zuen.

        Badaezpada hala ez bazen, aitari begiratu zion, azal distiratsuko liburu txiki, txirri arrautzaren antzera ñabartua irakurtzen ari zelarik. Ez; zuzen ari zen. Begiraiozu orain, esan nahi zion ozenki Jamesi. (Baina Jamesek belan zeukan begirada jarria). Basapizti sarkastiko bat da, esango zuen Jamesek. Beti bere buru eta bere liburutara eramaten du elkarrizketa, esango zuen Jamesek. Berekoi jasanezina. Eta denetan okerrena, tirano hutsa da. Baina begiraiozu! zioen berak bere artean, aitari begira. Begiraiozu orain! Hari begira jarri zen bera, aitak, hankak bilduta, liburu txiki hura nola irakurtzen zuen ikusiz; orri horixkako liburu hura, jadanik ezaguna, ez jakin arren bertan zer zegoen idatzita. Txikia zen; estu-estu inprimatua; guardako orrian, bazekien Camek, afari batean aitak hamabost franko gastatu zituela zeukan idatzita; ardoa hainbeste; zerbitzariari eskupekoa hainbeste; txukun zegoen batuketa eginda orriaren behealdean. Baina poltsikoan egoteagatik ertzak borobilduak zeuzkan liburu hartan zer zegoen idatzita, ez jakin. Bietako inork ez zekien zer ari zen aita pentsatzen. Baina hain zegoen barneratua, non gora begiratzean, oraintxe istant batez bezala, ez baitzen izan ezer ikusteko; gogoetaren bat hobeto finkatzeko baizik. Hori eginik, bere gogoa berriro atzera hegatu eta irakurketan murgildu zen. Zerbait gidatzen ari balitz bezala irakurtzen zuen, pentsatu zuen Camek, edo artalde handi bati aurrera zirikatzen ari balitz bezala, edo bidean gora eta gora balihoa bezala zidor mehar batetik; eta zenbaitetan bizkor eta zuzen joaten zen, sastrakaren artetik bidea urratuz, eta zenbaitetan bazirudien adar batek jotzekoa egiten ziola, lahar batek itsutzen zuela, baina ez zuen horregatik amore ematen; aurrera jarraitzen zuen, orriak pasa eta pasa. Eta Camek bere buruari ipuin bat kontatzen jarraitu zuen, hondora zihoan barku batetik salbatu zenekoa, seguru baitzegoen aita han eserita egon bitartean; seguru, beste aldi hartan sentitu zen bezala, lorategitik ezkutuan sartu, eta liburu bat hartu, eta gizaseme adinduak, egunkaria bat-batean beheratuz, haren gainetik zerbait oso laburra esan zuenean Napoleonen izaerari buruz.

        Atzerantz begiratu zuen itsasora, irlara. Baina hostoa lehengo zorroztasuna galtzen ari zen. Oso txikia zen; oso urrun zegoen. Orain itsasoa garrantzitsuagoa zen lehorra baino. Olatuak zeuzkaten inguru guztian, zutitu eta hondoratzen, olatu batean behera enborra piririka; beste batean kaioa zangalatraba. Hemen nonbait, pentsatu zuen berak, behatzekin uretan arrastoa eginez, barku bat hondoratu zen, eta bere artean murmurikatu zuen, ameslari, erdi lotan, akabo ginen denok, nor bere bakardadean.

 

 

11

 

        Beraz benetan erabakigarria dena, pentsatu zuen Lily Briscoek itsasoari begira, ia lohidura bakar bat ere gabea, hain bare non bazirudien belak eta hodeiak hango urdinean zeudela josirik, benetan erabakigarria dena, pentsatu zuen, distantzia da: jendea gugandik hurbil ala urrun dagoen; zeren bere Ramsay jaunaganako sentipena aldatzen ari baitzen, hura badian barrena aurrera eta aurrera joan ahala. Luzatua zirudien, zabaldua; bazirudien gero eta urrunagotzen ari zela. Bazirudien hura eta haren umeak irentsi egin zituela urdintasun hark, distantzia hark; baina hemen, belardian, aldamenean, Carmichael jaunak purrusta egin zuen bat-batean. Berak berriz barre. Hark liburua jaso zuen belarretatik. Ondoren berriro jarri zen etzaulkian eroso, arnasestuka eta haize emanka itsas munstro baten antzera. Erabat egoera desberdina zen hura, Carmichael jauna hain hurbil zegoenez. Eta orain berriro dena lasai. Honezkero jaikiko ziren ohetik, pentsatu zuen berak etxera begira, baina han ez zen ezer gertatu. Otordua amaitu bezain laster ordea, oroitu zen, nork bere langitera joateko ohitura zeukan. Dena bat zetorren isilune honekin, hustasun honekin eta egunsentiko irrealitatearekin. Horrela gertatzen zen batzuetan gauzekin, pentsatu zuen, momentu batez gelditu eta begira jarriz leiho luze eta distiratsuei eta ke urdineko gandorrari: irrealak bihurtzen ziren. Bidaia batetik itzultzean, edo eritasun baten ondoren. Lehengo ohiturek berriro denean beren sarea zabaldu aurretik, irrealitate horixe sentitzen zen, harrigarri askoa; zerbait sortzen ari, zela sentitzen zen. Ezin freskoagoa zen orduan bizitza. Patxadan egon zitekeen. Zorionez ez zegoen alaitu eta esan beharrik, belardia zeharkatuz Beckwith andre zaharra agurtzeko, txoko batean eserleku bila etorria, «Oh, egunon, Bekwith andrea! Ederra eguna! Eguzkitan esertzeko adorea izango al duzu? Jasperek aulkiak ezkutatu ditu. Aurkituko dizut bat!» eta gainerako hitz jario guztia. Ez zegon fitsik esan beharrik. Labaintzen joan zitekeen norbera, belak harrotuta (joan-etorri handi samarra zegoen badian, abiatzen hasiak ziren txalupak) gauzen artetik, gauzetatik harantzago. Ez zegoen hutsa, baizik mukuruka betea. Iruditu zitzaion ezpainetaraino zegoela bera sartua substantziaren batean, hartantxe mugitu eta flotatu eta hondoratuz, bai, ur hauek ezin sakonagoak baitziren. Makina bat bizitza isuri zen haietara. Ramsaytarrena; umeena; eta hainbat eta hainbat xabor eta huskeria. Garbiketako emakumea saskiarekin; belea; su-galda lorea; loreen purpura eta berde grisaxkak: dena batzen zuen sentipen berberak.

        Honelako betetasun sentipen bat izan zen agian, hamar urte lehenago, ia oraingo leku berean, esanarazi ziona maitemindua bide zegoela leku harekin. Maitasunak milaka forma zeuzkan. Posible zen zenbait maitalek dohaina izatea gauzen osagaiak hautatu eta bata besteari eransteko, eta horrela, osagai hauei berez ez zeukaten osotasuna emanez, eszena edo jende-talde bat (orain denak joanak eta aparte ziren) gauza sendo borobildu bihurtzeko, inori zertan pentsatua eta maitasunari zerekin jolastua ematen diona.

        Bere begiak puntu marroi hartan pausatu ziren, Ramsay jaunaren belaontzian. Bazkalordu inguruan helduko ziren farora, pentsatu zuen. Baina freskatu egin zen haizea, eta zerua apur bat aldatu eta itsasoa apur bat aldatu eta ontziak mugitzen joan heinean, ikuskizuna ere, arestira arte miresteko moduan finkatua egona, desegokia zen orain. Haizeak ke aztarna sakabanatu zuen; bazegoen zerbait desatsegina ontzien kokapenean.

        Bazirudien hango proportzio ezak kolokan jartzen zuela bere gogoko harmonia. Egonezin ilun bat sentitu zuen. Bere koadrora jiratu bezain laster baieztatu zuen. Alegia goiza alferrikaldu zuela. Arrazoiren batengatik, ezin zuen erdietsi elkarren kontrako bi indarren orekazko kinka; Ramsay jauna eta koadroaren artekoa; eta hori ezinbestekoa zen. Okerren bat ote zegoen marrazkian? Edo bestela, galdetu zion bere buruari, eten bat behar ote du hormako lerroak, astunegia ote da zuhaitzen multzoa? Ironiaz egin zuen barre; izan ere ez al zuen uste, aurren berritan, konponduta zeukala problema?

        Zein zen orduan problema? Ihesi zihoakion zerbaiti eusten saiatu behar zuen. Ramsay andreaz pentsatzean, ihesi zihoakion zerbait hura; oraintxe ere, bere koadroaz pentsatzean, ihesi zihoakion. Esaldiak zetozen. Bisioneak zetozen. Esaldi ederrak. Baina berak nerbioetako erresumin hari eutsi nahi zion, beste ezer bihurtu aurretik berez zen gauza harixe. Horri eutsi eta hasieratik ekin; horri eutsi eta hasieratik ekin; horixe zioen etsipenez, bere burua berriro astoaren aurrean sendo irmotuz. Makina txatxua zen, makina kaxkarra, pentsatu zuen, pintatu edo sentitzeko gizakiak zeukan aparailua; beti puskatzen zen unerik larrienean; heroiaren gisa, hari aurrera bultzatu beharra zegoen. Adi-adi zegoen begira, bekozko ilunez. Hantxe zegoen hesia, zalantzarik gabe. Baina ez zen fitsik ere lortzen arren eta arren eskatzen arituta. Begietan itsutasun bat besterik ez zen lortzen hormaren lerroari begira egonda, edo pentsatzen egonda — sonbreiru grisa zeramala Ramsay andreak. Harritzeko moduan zela ederra. Etortzea du bada, pentsatu zuen, etorri nahi badu. Zenbait momentutan ez baitago ez pentsatu eta ez sentitzerik. Eta ez badago ez pentsatu eta ez sentitzerik, non gaude?

        Hementxe belarretan, lurrean, pentsatu zuen, eseri eta pintzelarekin zain-belar multzo bat aztertuz. Belardia oso nahasia baitzegoen. Hemen munduan eserita, pentsatu zuen, buruan zeukan irudipena kendu ezinik, alegia goiz honetan dena lehen aldiz ari zela gertatzen, agian azkeneko aldiz, hala nola bidaiariak, erdi lotan bada ere, ongi asko dakien, treneko leihotik begira, orain daukala begiratu beharra, ez baitu inoiz berriro ikusiko herri hori, edo mando-gurdi hori, edo emakume honi soroan lanean. Belardi hau zen mundua; hemen zeuden biak, talaia goren honetan, pentsatu zuen, Carmichael jaun zaharrari begira, itxuraz honek ere (nahiz bitarte guzti honetan elkarri hitzik esan ez) berak bezala pentsatzen zuelarik. Eta agian ez zuen hura inoiz berriro ikusiko. Zahartzen ari zen Carmichael jauna. Era berean, oroitu zen, haren oinean dilindan zebilen txapinari irribarrez begiratuz, gero eta ospetsuagoa zen. Haren olerkiak «txit ederrak» zirela zioen jendeak. Zer eta berrogei urte lehenago idatzitako gauzak argitaratzen zizkioten. Bazegoen orain Carmichael izeneko gizon ospetsu bat, egin zuen irribarre, pentsatuz zenbat irudi desberdin eduki zitzakeen pertsona berak, egunkarietan halakoa zela, baina hemen beti bezalakoxea. Betikoa ematen zuen — ilea urdinduxea. Bai, betikoa ematen zuen, baina norbaitek esan zuenez, oroitu zen Lily, Andrew Ramsayren heriotzaren berri jaso zuenean (bertan hilda utzi zuen granada batek; matematiko ona izango zen) Carmichael jaunak «bizitzeko interes guztia galdu zuen». Zer esan nahi zuen zerak — esaldi horrek? galdetu zuen bere artean. Trafalgar Squaren barrena ibili ote zen bastoi handi bat hartuta? Orriak pasa eta pasa aritu ote zen, batere irakurri gabe, bere St. John's Woodeko gelan bakar-bakarrik? Ez zekien zer egin zuen hark Andrewren heriotzaren berri jasotzean, baina hala ere antzematen zion. Eskaileretan elkarri marmar besterik ez zioten egiten; goiko zerura begiratu eta ona egingo du edo ez du ona egingo esaten zuten. Baina hau jendea ezagutzeko modu bat zen, pentsatu zuen: perfila ezagutzea, xehetasunik ez, norbaiten lorategian eseri eta haranzko txilardegiraino heltzen den muino magal purpura bati begira egotea. Horrela ezagutzen zuen berak. Bazekien aldatu egin zela hura nola hala. Inoiz ez zuen haren olerki lerro bakar bat irakurri. Hala ere uste zuen bazekiela nolakoa izango zen, mantsoa eta ozena. Heldua eta leuna. Desertua eta ganbeluari buruzkoa. Palmondoa eta ilunabarrari buruzkoa. Ikusgarri inpertsonala; heriotzari buruz zerbait; oso gutxi amodioari buruz. Urruntasun aire bat zeukan Carmichael jaunak. Ezer gutxi nahi zuen inorengandik. Ez al zen beti saloiko leihoan aurrera baldar samar balantzaka joaten besapean egunkaria hartuta, arrazoiren batengatik sobera atsegin ez zitzaion Ramsay andreagandik ihesi? Hori zela eta, noski, Ramsay andrea hura geldiarazten saiatzen zen beti. Carmichael jaunak gur egiten zion. Gogoz kontra gelditu eta sakon egiten zion gur. Hark ezer nahi ez zuelako amorrarazita, Ramsay andreak galdetu ohi zion (entzun zezakeen Lilyk) ea ez al zuen berokia edo behar, tapakia edo, egunkaria edo. Ezetz, ez zeukala ezeren beharrik. (Honetan, gur egin ohi zuen). Bazeukan Ramsay andreak ezaugarriren bat hark gogoko ez zuena. Agian agindu-nahi hura, baikortasun hura, alderdi praktiko hura. Hain zen Ramsay andrea denean zuzen jo zale.

        (Hots batek erakarri zuen bere arreta saloiko leihora — misagra baten intziria. Itsas-aire arina leihoarekin ari zen jolasten).

        Egongo zen jendea Ramsay andrea batere gogoko ez zuena ere, pentsatu zuen Lilyk (Bai; saloiko koska hutsik zegoela konturatu zen, baina horrek ez zuen beragan inolako eraginik izan. Ez zeukan orain Ramsay andrearen beharrik). — Seguruegia eta drastikoegia irizten ziotenak. Haren edertasunak ere mintzen zuen jendea segur aski. Bai monotonoa dela, esan ohi zuten, beti berdina! Nahiago zuten beste tankera batekoa izan balitz — beltzarana, bizia. Gainera biguna zela senarraren aurrean. Eszena haiek egitea onartzen ziola. Gainera itxia zela. Inork ez zekien zehatz zer gertatu zitzaion. Eta (Carmichael jauna eta honen eramanezinera itzuliaz) ez zegoen imajinatzerik Ramsay andrea zutik egotea pintatzen, etzanda egotea irakurtzen, goiz osoa belardian. Pentsaezina zen. Txintik atera gabe, bere enkarguaren seinale bakartzat besoko saskia, herrira joaten zen, behartsuengana, gela zoko-usaindun txikiren batean eserita egoteko. Sarri askotan ikusi zuen Lilyk isilka joaten jolasaren erdian, eztabai-n daren erdian, saskia besoan hartuta, tente asko. Haren itzulera igartzen zuen. Orduan pentsatu zuen ere, erdi barrez (hain baitzen Ramsay andrea metodikoa te kikarak jartzen) erdi hunkituta (arnasarik gabe uzten zuen inor haren edertasunak), oinazez ixten ari diren begiek ikusi zaituzte. Beraiekin egon zara.

        Eta ondoren Ramsay andrea amorrarazi egin ohi zen norbait berandu etortzeagatik, gurina freskoa ez egoteagatik, edo te-ontzia koskatua zegoelako. Eta gurina ez zegoela freskoa esan bitartean, Greziako tenpluez oroitu ohi zen inor, eta garai hartakoak edertasunaren jabe izan zirela. Ez zuen inoiz hartaz hitz egiten — joan eta kito, garaiz, zuzen. Senez joaten zen, enarek hegora edo alkatxofek eguzkitara jotzen duten bezala, hutsik egin gabe lagun-hurkoaren aldera jiratu eta honen bihotzean eginez habia. Eta honek, sena guztien antzera, egonezin apur bat sortzen zuen holakorik ez zeukatenengan; Carmichael jaunagan agian, beragan noski. Biek zeukaten ideia bera ekintzen baliorik ezaz, pentsamenduaren gailentasunaz. Bisita haiekin erantzuki egiten zien biei, ikuspegi berri bat ematen zion munduari; hala, beren aurreiritziak desagertzen ikustean, protesta egin eta tinko eutsi behar izan zieten hauei, suntsitzen ari zirenez. Hala egiten zuen Charles Tansleyk ere: honen zale ez izateko arrazoietako bat zen. Inork munduaz zeuzkan proportzio guztiak hankazgoratzen zituen. Eta zertan ote zen hura, galdetu zion bere buruari, zain-belarrak pintzelarekin nagikiro zirikatuz. Harako beka hura lortu zuen. Ezkondu egin zen; Golder's Greenen bizi zen.

        Egun batean gerra garaian Lily areto batera sartu eta haren hitzaldi bat entzun zuen. Zerbait salatzen ari zen: norbait gaitzesten. Anaiarteko maitasuna predikatzen. Eta Lilyk gauza bakarra sentitu zuen, nola maita ote zezakeen hark lagun-hurkoa, koadro bat bestetik bereizten ez bazekien, bere atzean egon bazen zutik tabako xehatua erretzen («bost penike ontzako, Miss Briscoe») eta ahalegin guztiak egin bazituen emakumeei esaten ez dakitela idazten, ez dakitela pintatzen, ez benetan sinesten zuelako baizik hala izatea nahi zuelako, auskalo zer arrazoi xelebregatik. Han zegoen hura, iharra eta gorritua eta erlatsa, oholtza gainetik maitasuna predikatzen (inurriak zebiltzan arrastaka berak pintzelarekin lardaskatzen zituen zain-belar artean — inurri gorriak, sasoidunak, Charles Tansleyren antzekoak). Ironiaz begiratu zion Lilyk areto erdi-hutseko eserlekutik, ikusi nahirik nola txertatzen zion maitasuna espazio hotz hari, eta bat-batean han zegoen kupel zaharra edo dena delako hura olatu artean gora eta behera, eta Ramsay andrea bere betaurrekoen etxearen bila harri txintxarren artean. «Ene bada! Hau da gero komeria! Galdu dut berriro. Lasai, Tansley jauna. Milaka galtzen ditut uda bakoitzero», eta orduan Tansley jaunak kokotsa estutu zuen lepoaren kontra, exajerazio hura onesteko beldurrez edo, baina Ramsay andrea atsegin zitzaionez onartu ahal izango balio bezala, eta oso xamur egin zuen irribarre. Tansley jaunak bere kontuak esan zizkion nonbait, txango luze haietakoren batean, jendea sakabanatu eta biak bakarrik etxeratu zirenen batean. Arreba gazteena hezten ari omen zen, kontatu zion Ramsay andreak Lilyri. Oso goragarria zen hori. Groteskoa zen berak Tansley jaunaz zeukan ideia, ongi zekien hori Lilyk, zain-belarrak pintzelarekin zirikatu bitartean. Edozeinek besteez zeuzkan iritzien erdiak, azken batean, groteskoak ziren. Norberaren helburuen mesedetan zeuden eratuak. Besteren okerrak pagatzen zituena zen Tansley jauna berarentzat. Honen saihets argalak zigortzen aurkitu ohi zuen bere burua, umore txarrez zegoenean. Harekin serioski jardun ahal izateko, Ramsay andreak esandakoak erabili eta honen begien bitartez begiratu behar zion.

        Munto txiki bat egin zuen inurriak handik barrena joan zitezen. Erabakiezinez zoratuta jarri zituen, beren kosmogoniako nahasketa honengatik. Batzuek hona eta besteek hara egin zuten korri.

        Berrogeita hamar begi pare behar ziren ikusi ahal izateko, pentsatu zuen. Berrogeita hamar begi pare ere ez ziren aski emakume haren alderdi guztietara iristeko, pentsatu zuen. Haien denen artean egongo zen bakarren bat haren edertasunaren aurrean itsu zena. Ezinbestekoa zen zentzu sekretu bat, airea bezain fina, sarraila-zuloetatik labaintzeko gauza izateko eta hura zegoen lekura inguratzeko, josten, hizketan edo leiho ondoan bakarrik eserita isilik; zentzu horrek altxorraren gisa jasotzen zituen, bapore-ontziaren keari eusten dion aireak bezala, haren gogoetak, haren irudipenak, haren desirak. Zer esanahi zuen hesiak harentzat, zer esanahi zuen lorategiak harentzat, olatu bat lehertzen zenean zer esanahi zuen harentzat? (Lilyk gora begiratu zuen, Ramsay andreari ikusia zion bezala; berak ere olatu bat aditu zuen hondartzan erortzen). Eta zerk eragin eta astintzen ote zion hari gogoa umeek hots egitean «Jotzailea kanpo! Jotzailea kanpo!» cricketean jolasterakoan? Galtzeta egitez gelditu ohi zen istant batean. Erne begiratu ohi zuen. Ondoren berriro murgildu ohi zen, eta bat-batean Ramsay jaunak bere ibilera gelditzen zuen emaztearen aurrean, eta honek zarrada berezi bat sentitu eta bazirudien urduritasun gogor batek larritzen ziola barrena, senarra ondoan gelditu eta begira jartzen zitzaionean. Lilyk Ramsay jauna ikus zezakeen.

        Honek eskua luzatu eta aulkitik altxatzen lagundu zion emazteari. Bazirudien lehenago ere egina zuela hura; beste noizbait ere modu berean makurtu zela hari altxatzen laguntzeko txalupa batetik, irlaren batetik behatz bakar batzuetara hondartu eta gizonezkoak behar izan balira bezala andereñoei lehorreratzen laguntzeko. Oso antigoaleko eszena zen hura, ia-ia kriolinak eta galtza gerri-zabalak ere eskatzen zituena. Senarrari laguntzen utziz, Ramsay andreak pentsatu zuen (Lilyren ustez) iritsi da ordua; Bai, orain esango zuen. Bai, ezkontzea onartuko zuen. Eta lehorrera jaitsi zen astiro, geldiro. Segur aski hitz bakar batzuk bakarrik esan zituen, bere eskua harenean utziz. Ezkonduko naiz zurekin, esango zuen agian, bere eskua harenean; baina besterik ez. Behin eta berriro zirrara bera igaro zen haien artean — noski, pentsatu zuen Lilyk, inurrientzat bidea berdintzen ari zela. Ez zen asmaketan ari; hainbat urte lehenago berari tolestuta eman zioten zerbait berdindu nahian besterik ez zen ari; berak ikusitako zerbait. Izan ere, eguneroko bizitzaren atzera-aurrera horretan, inguruan hainbeste ume eta bisitekin, etengabe nagusitzen zen edonorengan errepikaren zentzua — zerbait erortzen zela beste zerbait eroritako lekuan, oihartzun bat sortuz, durundi egin eta airea dardarez betetzen zuena.

        Baina oker legoke, pentsatu zuen, haiek biak elkarrekin nola joaten ziren gogoratuz, andreak txal berdea soinean, gizonak gorbata zintzilik, besoz beso, negutegian aurrera, beren arteko harremana sobera soiltzea. Ez zen batere zorion monotonoa — andrearen bultzada eta zolitasuna; gizonaren hotzikara eta atsekabea. Oh ez. Danbatekoa aditu ohi zen logelako atean goizean goiz. Sutan altxatu ohi zen gizona mahaitik. Txistu eginaraziz bota ohi zuen leihotik platera. Orduan etxe guztian barrena sentitu ohi ziren ateak danbaka eta leihosareak airean, haize zakar batek astinduta bezala, eta jendea abaila bizian balebil bezala zalapartan krisketak estutzen eta dena txukun jartzen. Horrela topatu zuen berak goiz batean Paul Rayley eskaileretan. Barre eta barre aritu ziren, umeak baino areago, zer eta Ramsay jaunak, gosalorduan ipursardea aurkitzean bere esnetan, den-dena airean barrena bidali zuelako hegan kanpoko terrazaraino. «Ipursardea», murmurikatu zuen Pruek, izuz pasatuta, «bere esnetan». Beste batek agian ehunzangoak aurkituko zituen. Baina hark bere inguruan halako hesi sakratua eraiki zuen, eta halako jarrera handiosez betetzen zuen barruti hura non munstroaren parekoa baitzen ipursarde bat esnetan.

        Baina nekatu egiten zen Ramsay andrea, ikaratu egiten zen apur bat — platerak txistuka hegan eta ateak danbaka. Eta isilune luze astunak erori ohi ziren beren gainera; halakoetan Ramsay andreak, Lilyri amorrazioa ematen zion aldartean, erdi lanturosa erdi sumindua, ez zuen gauza ematen ekaitza patxadan gainditzeko, edo besteek barre egitean berak ere barre egiteko, baina agian zerbait ezkutatzen zen neke haren azpian. Hausnarrean egon obi zen isilik eserita. Handik lasterrera senarra zelatan hasten zen emaztearen inguruan — leiho aldean kuxkuxean hura hantxe gutunak idazten edo hizketan ari zen bitartean, senarra ondotik igarotzean lanpetuta egoten saiatzen baitzen, eta honi ihes eta ezikusia egiten. Orduan senarra oilo-luma bezain leuna bihurtu ohi zen, onbera, inorekikoa, emaztea bereganatu nahian. Honek hala ere muzin egin ohi zion, eta denbora tarte batez agerian jarri ohi zuen bere harrotasuna eta itxura, edertasun harentzat egokia, jeneralean halakorik gabe egoten bazen ere; burua jiratzen zuen; halaxe begiratzen zuen, sorbalda gainetik, beti Minta, Paul edo William aldamenean zeuzkalarik. Azkenean, taldetik kanpora otso zakur gosepasatua bezalaxe (Lily belarretatik altxatu eta atariko koskei begira jarri zen, eta leihoari, han ikusi baitzuen Ramsay jauna), emaztearen izena esaten zuen, behin bakarrik, elurretan zaunka ari den otsoaren antz guztiarekin, baina hala ere hark bereari eusten zion; eta berriro esaten zuen izena, eta orduan hizketako doinu hark emaztea iratzarri eta harengana joatera behartzen zuen, seme-alabak bertan utzita, eta elkarrekin joaten ziren biak udareondo, aza eta franbuesa sorten artetik. Elkarrekin garbitzen zuten, nonbait, kontua. Baina nolako jarrerekin eta nolako hitzekin? Halako duintasuna zeukaten harreman honetan non, bizkarra emanda, Paul, Minta eta berak jakin-mina eta egonezina ezkutatu eta loreak biltzen hasten baitziren, pilotak botatzen, berriketan, afalordua iritsi arte, eta orduan hantxe zeuden biak, mahaiaren alde banatan, beti bezala.

        «Zergatik ez duzue bakarren batek botanika ikasten? ... Zuek hainbat hanka eta besoekin, zergatik ez du zuetakoren batek...?» Beti bezala hitz egiten zuten, barrez, umeen artean. Dena zen beti bezala, hotzikara bat izan ezik, ahobizar batena airean bezala, bien artean joan eta etorri, umeak zopa plateren aurrean eserita egotearen betiko ikuskizuna berritu egin balitz bezala bien begietan, udareondo eta azen arteko ordubete haren ostean. Baina batez ere, pentsatu zuen Lilyk, Ramsay andreak Prueri begiratzen zion. Hau han erdian esertzen zen, anaia eta ahizpen artean, ezer oker joan ez zedin hain kezkatu itxurarekin beti, non ia ez baitzuen hitzik esaten. Zenbateraino sentitu ote zen Prue errudun esneko ipursarde harengatik! Nola zurbildu zen Ramsay jaunak platera leihotik botatzean! Nola atsekabetzen zen haien bien arteko isilune luze haiekin! Nolanahi ere, bazirudien orain amak alaba saritzen zuela; dena ongi zegoela segurtatuz; haietako egunen batean Pruek ere antzeko zoriona sentituko zuela hitz emanez. Urtebete baino gutxiagoz disfrutatu zuen, ordea.

        Erortzen utzi zien saskitik loreei, pentsatu zuen Lilyk begiak kizkurtu eta apur bat atzeratuz bere koadroari begiratzeko bezala, hura ukitu gabe baina bere gaitasun guztiak trantzean zeuzkalarik, gainetik izoztuak baina azpitik abaila bizian mugitzen.

        Erortzen utzi zien saskitik loreei, belarretan sakabanatu eta irauli zituen, eta nahiezik eta zalantzati, baina galdera edo kexarik gabe —ez al zeukan obeditzeko gaitasuna maila perfektuan?­ joan egin zen. Soro eta ibarretan barrena, zuriak, lorez estaliak — horrela pintatuko zuen. Mendiak agorrak. Harkaiztsuak, aldapatsuak. Olatuak lodi aditzen ziren beheko arroketan. Han joan ziren, hirurak elkarrekin, Ramsay andrea aurretik bizkor samar, kantoian bertan norbaitekin topo egingo zuelakoan edo.

        Begitan zeukan leihoa zuritu egin zen bat-batean atzeko oihal arinen batengatik. Beraz azkenean norbait sartu zen saloian; norbait zegoen besaulkian eserita. Jainkoarren, egin zuen otoi, segi zezatela bertan eserita eta ez zitezela baldarki etorri hitz egiteko asmotan. Zorionez, hura nornahi izanik ere, barruan gelditu zen; jarrita zegoen moduan, zorte kolpe batengatik, forma bereziko itzal hiruki bat botatzen zuen atariko koska gainera. Koadroaren konposizioa apurtzen zuen pittin bat. Interesgarria. Agian balioko zuen. Bazetorkion berriro pintatzeko sena. Begira jarraitu beharra zegoen, segundo bakar batean ere zirrararen intentsitatea urritu gabe, laxatu gabe baztertua eta engainatua ez izateko erabaki tinkoa. Brentsa batekin heldu behar zitzaion eszenari —holaxe— zerbait etorri eta hondatu ez zezan. Beharrezkoa zen, pentsatu zuen, pintzela arretarekin bustiz, norbera esperientzia arruntaren maila berean egotea, besterik gabe sentitzea hori aulkia da, hori mahaia, baina era berean, Hori miraria da, estasia da. Apika konponduko zen azken finean problema. Ah, baina zer gertatu zen? Olatu zuri bat hegatu zen leihoko beira gainetik. Bere bihotzak jauzi egin, erraietatik atxiki eta oinazez bete zuen.

        «Ramsay andrea! Ramsay andrea!» hots egin zuen, aspaldiko izua itzultzen zela antzemanez — nahi bai eta eduki ez. Gauza al zen artean Ramsay andrea inori halakorik sentiarazteko? Eta ondoren, astiro, bere buruari eutsiz bezala, hura ere esperientzia arruntaren zati bihurtu zen, aulkia eta mahaiaren maila berekoa. Ramsay andrea —hark Lilyrengana zeukan borondate onaren zati bat zen— soiltasun osoz zegoen hantxe eserita, besaulkian, galtzeta-burdinei batera eta bestera eragiten, galtzerdi marroi gorrizta egiten, bere itzala atariko koskan luzatua. Han zegoen eserita.

        Eta norbaitekin elkarbanatu beharreko zerbait baleuka bezala, hala ere nekez aldendu zitekeen astotik, hain zeukan burua beteta pentsatzen ari zenarekin, ikusten ari zenarekin. Carmichael jaunaren ondotik pasatuta belardi ertzera joan zen pintzelari eutsiz. Non zegoen orain txalupa? Ramsay jauna? Haren beharra zeukan.

 

 

12

 

        Ramsay jaunak ia bukatu zuen irakurtzez. Esku bat orri gainean zeukan zintzilik, amaitu bezain laster hura pasatzeko gertu egotearren edo. Buru-hutsik zegoen eserita, haizeak ilea banatzen ziola, edozeren menpe, harritzeko moduan. Oso zaharra zirudien. Bazirudien, pentsatu zuen Jamesek, burua zenbaitetan faro aldera jiratuta, bestetan zabalera osoan jarioan zihoazen ur eremuen aldera, hondarretan geratutako harri antzinako bat; bazirudien Ramsay jauna bilakatu egin zela beti bien buru barrenean egondako zera hura — bakardadea, bientzat ala bientzat ere gauza guztien benetako egia.

        Oso bizkor ari zen irakurtzen, bukaerara iristeko irrikaz bezala. Izan ere orain farotik oso hurbil zeuden. Han zutitzen zen, gotor eta zuzen, distira zuri beltzez, eta olatuak ikus zitezkeen kristal birrindua bezala printza zuritan lehertzen harkaitz gainean. Lerroak eta pitzadurak ikus zitezkeen harkaitzetan. Leihoak ikus zitezkeen argiro; haietako batean zuritasun ukitu bat, eta sastraka ipitz berde bat harkaitz gainean. Gizon bat irten, katalejuekin begiratu beraiei eta barrura sartu zen berriro. Horrelakoa zen beraz, pentsatu zuen Jamesek, hainbeste urtez badiaren bestaldean ikusitako faroa; dorre gotor bat harkaitz soilaren gainean. Gustora geratu zen. Bere izaerari buruz zeukan irudipen ilun bat baieztatzen zuen horrek. Dama zaharrak, pentsatu zuen, etxeko lorategiarekin gogoratuz, beren etzaulkiak arrastaka hartuta joaten ziren belardira. Beckwith andre zaharra, konparazio batera, beti ari zen esaten zer polita zen eta zer atsegina zen eta zer harro egon behar luketen eta pozez zoratzen egon behar luketela, baina berez, pentsatu zuen Jamesek, hantxe harkaitz gaineko faroari begira, honelakoxea zen. Aitari begiratu zion, hankak zeharo bilduta grinati irakurtzen. Biek zeukaten jakintza hura bera. «Ekaitz baten aurretik goaz — itsas ondora beharko dugu», hasi zen bere artean esaten, erdi ozen, aitaren modu berean.

        Bazirudien inork ez zuela mende oso batean hitz egin. Cam aspertuta zegoen itsasora begiratzez. Kortxo puska beltzak igaro ziren aldamenetik; arrainak hilik zeuden txalupa hondoan. Aitak irakurtzen segitzen zuen, eta James hari begira zegoen, eta bera ere hari begira zegoen, eta tirania heriotzaraino borrokatzea egin zuten zin, eta aitak irakurtzen jarraitu zuen, haiek pentsatzen ari zirenaz batere ohartu gabe. Horrela egiten zuen hark ihes, pentsatu zuen. Bai, kopeta handi hura eta sudur handi harekin, liburu txiki ñabarrari bere aurrean tinko eutsiz egiten zuen hark ihes. Hari gainean eskua jartzen saiatuez gero hegoak zabaldu, txoriaren antzera, eta aireratu egiten zen, inoren irispidetik kanpo, enbor mutur desolaturen batean ezartzera. Cam itsasoaren zabalera berealdikoari begira zegoen. Irla hainbeste txikitu zen non jadanik ez baitzeukan ia batere hosto antzik. Harkaitz gain bat zirudien, olatu handiren batek estaliko zuena. Ahultasun haren barruan zeuden hala ere bidezidor haiek, terraza haiek, logela haiek denak — ezin-konta-hainbat gauza. Baina hala nola lo hartu aurretixek gauzak xumetu egiten diren, xehetasun franko guztien artetik bakar bat soilik nabarmentzeraino, hala, sentitu zuen berak, irlari logaletuta begira, bidezidor eta terraza eta logela haiek denak desegiten eta suntsitzen ari ziren, eta ez zen ezer geratzen intsentsu-ontzi urdin zurbil bat besterik, bere baitan harat-honat zebilena erritmikoki dilindan. Lorategi zintzilikatu bat zen; haran bat zen, txori eta lore eta antilopez betea... Loak hartzen ari zuen.

        «Goazen», esan zuen Ramsay jaunak, bat-batean liburua itxiz.

        Joan nora? Zer abentura ikusgarritara? Asaldatuta esnatu zen. Nonbait lur hartzeko, norabait igotzeko? Nora zeramazkien? Ramsay jaunaren isiltasun itzelaren ondoren izutu egin ziren hitz haiekin. Baina ez zeukan zentzurik. Gose zen, esan zuen Ramsay jaunak. Bazkalordua zen. Gainera, beitu, esan zuen. Horra hor faroa. Iritsi gara kasik.

        «Oso poliki ari da», esan zuen Macalisterek, James goraipatuz. «Sendo eusten dio».

        Baina aitak ez zuen inoiz goraipatzen, pentsatu zuen Jamesek zakar.

        Ramsay jaunak zorroa ireki eta ogitartekoak banatu zizkien. Zoriontsua zen orain, ogia eta gazta jaten arrantzale hauekin. Etxalde batean bizi eta portuan zehar ibiltzea gustatuko zitzaion, beste agureek bezala txistua botatzea, pentsatu zuen Jamesek, labanaz gazta nola ebakitzen zuen begiratuz, xerra hori mehetan.

        Ondo dago, hola behar du, sentitzen zuen Camek arrautza gogorra zuritu bitartean. Adineko gizonak bulegoan The Times irakurtzen ikustean bezala sentitzen zen orain. Nahi dudana pentsa dezaket orain, eta ez naiz amildegitik erori edo itoko, hor baitaukat bera, niri begi ematen, pentsatu zuen.

        Era berean oso zirraragarria zen, zeren, hain azkar nabigatzen zutenez harkaitz aldamenetik — bazirudien bi gauza ari zirela batera egiten; hemen eguzkitan otordua hartzen, eta aldi berean ekaitz handi batean lehor segurura heltzeko ahaleginetan, ontzia hondoratu ostean. Aski ur izango ote zuten? Aski hornizio izango ote zuten? galdetu zuen Camek bere artean, bere buruari ipuin bat kontatuz baina era berean ongi jakinez zein zen egia.

        Laster bukatuko ziren beren hemen-horietako ibilerak, ari zitzaion esaten Ramsay jauna Macalister zaharrari; baina beren umeak gauza harrigarriak ikusteko zeudela. Macalisterek hirurogeita hamabost urte bete omen zituen joandako martxoan; Ramsay jaunak hirurogeita hamaika zeuzkan. Macalister ez omen zen inoiz medikutan izan; ezta inoiz hortz bakar bat ere galdu. Horrela nahi nuke nire seme-alabak ere bizitzea — Cam seguru zegoen aita horixe ari zela pentsatzen, honek galarazi egin baitzion ogitartekoa itsasora botatzea, eta baita esan ere, arrantzaleak eta hauen bizimodua baleuka bezala gogoan, nahi ez bazuen jasotzeko zorroan. Ez alferrikaltzeko, gain zuhur esan zuen, munduko gauzen berri hain ongi baleki bezala, non berak berehala jaso baitzuen, eta orduan aitak zorrotik jengibre pastel puska bat eman zion, Espainiako gizaseme prestu bat balitz bezala, pentsatu zuen Camek, leihoko dama gazteari lorea luzatzen (hain zeukan modu gisakoa). Baina enasa zen, eta traketsa, ogia eta gazta jaten; eta hala ere hura zen buru espedizio handi hartan, non, berak ondo zekienez, denak ziren itotzekoak.

        «Hortxe hondoratu zen», esan zuen Macalisteren mutikoak bat-batean.

        «Hiru gizon ito ziren orain gauden lekuan», esan zuen agureak. Berak ikusi zituen mastari helduta. Eta James eta Cam beldur ziren Ramsay jauna, inguruetara begira, bat-batean lehertuko ote zen:

 

                Baina neu, itsaso are zakarragoan,

 

eta hala egiten bazuen ezingo zuten burutu; garrasi egingo zuten; ezingo zuten jasan haren barruan irakiten zegoen pasioaren beste eztanda bat; baina, harrigarriro, esan zuen bakarra izan zen «Ah», bere artean pentsatuz bezala, Zer eta horregatik istilu hau harrotu? Noski ekaitzean gizonak itotzen direla, baina begi-bistako gauza da hori, eta itsas barrenak (bere ogitartekoaren papereko papurrak bota zituen hara) azken batean ura besterik ez dira. Ondoren pipa piztu eta erlojua atera zuen. Adi-adi begiratu zion bere harixe; kalkulu matematikoren bat egin zuen, agian. Azkenean garaile esan zuen:

        «Bejondeizula!» Jamesek marinel peto-petoak bezala eraman zituen haraino.

        Horra bada! pentsatu zuen Camek, Jamesengana isilik zuzenduz. Lortu duzu azkenean. Bai baitzekien James honexen zain egon zela, eta bazekien ere orain erdietsia zuenez ez ziola ez berari, ez aitari eta ez beste inori begiratuko, pozaren pozez. Han zegoen eskua lema-adarrean jarri eta tente asko eserita, setati eta bekozko ilun samarrez. Pozaren pozez, ez zion inori utziko bere plazeraren ale bat ere eramaten. Goraipatu egin zuen aitak. Ez zitzaiola fitsik axola pentsatu behar zuzen denek. Baina oraingoan erdietsi duzu, pentsatu zuen Camek.

        Bira hartu eta bazihoazen nabigatzen, arin eta bizkor olatu luze kulunkarietan, bataren gainetik bestearen gainera labarraren ondoan, berebiziko kadentzia eta bozkario artean. Ezkerraldean harkaitz ilara marroi bat agertzen zen uraren barrenetik, geroz mehe eta berdeagoa, eta haietako batean, besteak baino altuagoa, olatu bat behin eta berriro lehertu eta tanta zutabe txiki bat jaurtitzen zuen, ondoren parrastan erortzeko. Argiro adi zitekeen uraren zaplada eta tanta erorien zalaparta eta olatuen zurrumurru eta txistu-hots antzeko bat, piririka, hankaz gora eta harkaitzei zapla joka, izaki basati erabat libreak bailiran, beti honelaxe astintzen eta zilipurdikatzen eta jolasten.

        Bi gizon ikus zitzaketen orain faroan, beraiei begira eta ongietorria emateko prestatzen.

        Ramsay jaunak txamarra lotu eta galtzabarrenak altxatu zituen. Nancyk prestatutako paper latzezko zorro marroi, handi, gaizki bildutakoa hartu eta hura belaunean zuela eseri zen. Lehorreratzeko erabat prest zegoen, atzeko irlari begira. Bere ikusmen luzeko begiekin agian ikus zezakeen hosto antzeko forma urritu hura, urrezko plater baten gainean zutik jarria. Zer ikusi ote zezakeen? galdetzen zuen Camek bere artean. Berarentzat dena lausotua zegoen. Zertan pentsatzen ote zuen orain? galdetu zuen bere artean. Zer bilatzen ote zuen, hain tinko, hain adi, hain isil? Biek erreparatu zioten hari, buru-hutsik eserita zorroarekin belaun gainean, begira eta begira forma urdin xume hari, bere gisa erretako zerbaiten lamara balitz bezala. Zeren beharra daukazu? galdetu nahi zioten biek. Biek esan nahi zioten, Edozein gauza eskatu eta emango dizugu. Baina ez zien ezer eskatu. Eserita zegoen, irlari begira, eta agian pentsatzen Akabo ginen denok, nor bere bakardadean, edo bestela Erdietsi dut. Aurkitu dut, baina ez zuen ezer esan.

        Ondoren sonbreirua jantzi zuen.

        «Hartu zorro horiek», esan zuen, buruarekin keinu eginez Nancyk farorako bildutako gauzei. «Farozainarentzat zorroak», esan zuen. Zutitu eta txaluparen brankan geratu zen, oso tente eta altu, inondik ere, uste zuen Jamesek, esaten ari balitz bezala «Ez dago Jainkorik», eta Camek pentsatu zuen jauzi egingo zuela espaziora, eta biak zutitu ziren hari atzetik segitzeko salto egin zuenean, gizon gazte batek bezain arin, bere zorroari eusten, harkaitz gainera.

 

 

13

 

        «Iritsiko zen», esan zuen Lily Briscoek ozenki, bat-batean zeharo nekatuta sentituz. Faroa ia ikusiezina bihurtu baitzen, gandu urdin batean desegina, eta begira egotearen ahalegin hark eta Ramsay jauna nola lehorreratzen zen pentsatzearen ahalegin hark, ahalegin berdin eta bera zirudienak, azken muturreraino jarri zizkion gorputza eta burua tenk. Ah, baina arinduta sentitzen zen. Ramsay jaunari goizean joaterakoan eman nahi izan ziona, emana zion azkenean.

        «Lehorreratu da», esan zuen ozenki, «Bukatu da». Orduan, bat-batean sortuz eta apur bat arnasestuka, Carmichael jaun zaharra topatu zuen aldamenean, antzinako Jainko pagano baten itxuraz, zimatsua, ilean belar aihenak eta eskuan hiruhortza (ez zen nobela frantses bat besterik). Alboan zegoen belardi ertzean, bere mardultasunei apur bat eragiten, eta begiei eskuarekin itzala emanez esan zuen: «Lehorreratuko ziren», eta Lilyk sentitu zuen arrazoi izan zuela lehen berak. Ez zuten hitz egin beharrik izan. Gauza berak pentsatu zituzten biek, eta berak ezertxo ere galdetu gabe erantzun zion Carmichael jaunak. Hantxe zegoen hura eskuak luzatuta gizakien ahultasun eta sufrimendu guztien gainetik; bazirudien beren azken patua ari zela gainbegiratzen, onbera, errukior. Azken epaia eman berri zuen, pentsatu zuen haren eskua pixkana erori zenean, altuera handi hartatik bioleta eta asfodelozko koroa bat erortzen utzi balu bezala, astiro hegaldatu zena lur gainean amaitu arte.

        Agudo, hango zerbaitek gogorarazita bezala, oihalera jiratu zen. Hantxe zegoen — bere koadroa. Bai, berde eta urdin guztiekin, lerroak gora eta zeharka, zerbait izan nahian. Teilatupean eskegiko zuten, pentsatu zuen; txikitu egingo zuten. Baina zer axola? galdetu zion bere buruari, berriro pintzelari helduz. Atariko kosketara begiratu zuen; hutsik zeuden; oihalera begiratu zuen; lausotua zegoen. Bat-bateko lehiaz, segundo batez argi ikusiko balu bezala, lerro bat egin zuen han, erdian. Kito; bukatua zegoen. Bai, pentsatu zuen, zeharo leher eginda pintzela behean utziz, Izan dut nire bisionea.

 

 

 

© Virginia Woolf

© itzulpenarena: Anton Garikano

 

 

"Virginia Woolf / Farorantz" orrialde nagusia