II

DENBORAK AURRERA

 

 

1

 

        «Tira, geroak erakutsi arte itxoin beharko», esan zuen Bankes jaunak, terrazatik azalduz.

        «Ilunegi dago ezer ikusteko», esan zuen Andrewk, hondartzatik iritsiz.

        «Ia ez dago antzematerik zein den itsasoa eta zein lehorra», esan zuen Pruek.

        «Piztuta utziko al dugu argi hori?» esan zuen Lilyk, etxe barruan txamarrak eranzterakoan.

        «Ez», esan zuen Pruek, «denak barruan badaude ez».

        «Andrew», hots egin zuen berriro, «itzali sarrerako argia».

        Banan-banan lanpara guztiak iraungi ziren, Carmichael jaunarena izan ezik, ohean apur bat Virgilio irakurtzen egoteko gogoz, besteek baino luzaroxeago eduki baitzuen kandela pizturik.

 

 

2

 

        Hala, lanpara guztiak itzalita, ilargia gordeta eta euri xehea teilatuan hotsarekin joka, berebiziko ilunpe jasa hasi zuen. Bazirudien deus ez zela bizirik irtengo uholde hartatik, ilunpe jori hartatik, sarraila-zulo eta zirrikituetatik irristan, leihosare inguruan ezkutuan, logeletara sartuz, hemen pitxerra eta antoisina irentsiz, hor dalia gorri-horien txarroa, han komodaren ertz zorrotzak eta gorputz sendoa. Ez ziren altzariak bakarrik desegin; ia ez zen geratzen izaki edo izpiritu hondarrik esan ahal izateko «Hau hura da» edo «Hau bestea da». Batzuetan esku bat altxatzen zen zerbaiti atxiki edo zerbait oztopatzeko, edo batek hasperen edo besteak algara egiten zuen, ezerezarekin txantxetan bezala.

        Ezer ez zen mugitzen, ez saloian, ez jangelan, ez eskaileretan. Soilik misagra herdoilduetatik eta itsasoko hezetasunak puztutako izkinetatik lerratu eta ausartzen ziren barrura zenbait aire, haizete nagusitik aldenduak (azken batean etxea gainbeheratua zegoen). Ia imajinatu ere egin zitezkeen haiek, saloian sartuta, galdezka eta zalantzan, hormako paper puska libratu batekin jolasten, jakin nahian askoz gehiago iraungo ote zuen zintzilik, noiz eroriko zen. Ondoren hormak emeki igurtzi eta hausnarkor zeharkatzen zituzten, hango arrosa gorri-horiei galdezka bezala ea ihartuko ziren, eta itaunka ere (goxo-goxo, denbora franko zeukatenez) zakarrontziko gutun puskatuei, loreei, liburuei, orain denak haien aurrean zabalik baitzeuden, eta galdezka, Aldekoak al ziren? Arerioak al ziren? Noiz arte jardukiko zuten?

        Hala, badaezpadako argi batek, estali gabeko izar batena, itsasontzi errari batena edo faroarena, eskailera eta felpudoaren gainean oinatz zurbila utzirik, bidea erakutsi zien aire txikiei, eskailera-zulotik igo eta logeletako ateak usnatzeko. Baina hemen gelditu beharra daukate. Beste edozer suntsitu eta desagerturik ere, hemengoa tinko dago. Hemen posible zen argi irristakor haiei esatea, ohe gainetik haize eman eta makurtzen diren aire haztakatzaile haiei esatea, hemengoa ezin duzue ez ukitu eta ez triskatu. Orduan haiek, akiturik, fantasmen antzera, lumazko behatz arinak eta lumen setakeria arina baleukate bezala, itxitako begi haiei eta indarge estuturiko behatz haiei begiratu, behin bakarrik, beren jantziak akiturik tolestu eta desagertu ohi ziren. Eta hala joan ziren, usnaka, igurzten, eskailera-zuloko leihora, mirabeen logelara, teilatupeko geletara; jaisterakoan, jangela mahaiko sagarrak zuritu, arrosa-hostoak haztatu, astoko koadroa ukitu, felpudoa ferekatu eta harea pixka bat zabaldu zuten lurrean. Azkenean, amore emanez, denak batera gelditu, denak batera bildu, denek batera suspiriatu zuten; denek batera jalki zuten lantura alfer bat, eta ondoren sukaldeko ateren batek erantzun zuen, erabat zabalduz, sarrera galaraziz, eta danba itxiz.

        [Honetan, Virgilio irakurtzen ari zen Carmichael jaunak kandelari haize eman eta itzali zuen. Gauerdia pasea zen.]

 

 

3

 

        Baina zer da azken finean gau bat? Tarte labur bat, bereziki ilunpea hain agudo argitzen denean, eta txoriak hain agudo kantatzen, oilarrak kukurruku egiten, edo kolore berde xumea hosto aldakorraren antzera indartzen denean olatuaren altzoan. Gauaren ondoren, dena den, gaua dator berriro. Neguak sorta oso bat dauka jasota, eta berdin eta zuzen banatzen ditu behatz nekaezinekin. Luzatzen; iluntzen. Batzuk planeta distiratsuei, argitasunezko guneei eusten. Udazkeneko zuhaitzek, zirtzilaturik, beren gain hartzen dute bandera piltzarren distira, hauek argia ematen dutenean katedral hotzen hilobi ospeletan, non urrezko letrek marmolezko orritan azaltzen baitute gatazkako heriotza eta nola zuritu eta kiskaltzen diren hezurrak Indiako hondar-arte urrunetan. Udazkeneko zuhaitzek ilargiaren argi horitan distiratzen dute, iraileko ilbetearen argitan, lanerako kemena ontzen duen argia, eta sastraka goxatzen, eta olatu urdindua lehorrera mihizka ekartzen.

        Orain bazirudien ontasun zerutiarrak, gizakiaren penitentzia eta nekeagatik hunkiturik, gortina zabaldu eta agerian jarri zuela, soil eta argi, erbia zutik; olatua jausten; barkua kulunkan, mereziko bagenitu betirako geureak izango liratekeenak. Baina ai!, ontasun zerutiarrak sokari tira eta gortina ixten du; ez zaio atsegin; kazkabar erauntsi baten pean ehorzten ditu bere altxorrak, eta hainbeste apurtzen ditu, hainbeste nahaspilatzen ditu, non ezinezkoa baitirudi haiek patxada inoiz berreskuratzea edo guk haien zatietatik inoiz multzo perfekturik osatzea edo puska sakabanatuetan egiaren hitz gardenak irakurtzea. Gure penitentziagatik kirika bat soilik merezi baitugu; gure nekeagatik atsedenaldi bat soilik.

        Orain gauak haize eta txikizioz beteak daude; zuhaitzak okertu eta makurtu, eta hostoak zalapartan hegatzen dira, belardiari adabakiak jarriz, eta erretenetan metatzen eta tuberiak trabatzen eta bide bustietan barreiatzen dira. Itsasoa ere oldartu eta bertan lehertzen da, eta baldin lokarturen bat, bere zalantzen erantzuna edo bakardadea elkarbanatzeko norbait aurkituko duelakoan oheko tapakiak baztertu eta hondartzara jaitsiko balitz bakar-bakarrik paseatzera, ez litzaioke inongo irudi eskura etorriko zerbitzatzeko itxuraz eta arintasun zerutiarrez, gaua ordenan jartzera eta munduari arimaren mugak islaraztera. Eskua bere eskuan ahitzen da; ahotsak bere belarrian egiten du marru. Ia badirudi halako nahasmenean alferrik dela gauari galdetzea zer, zergatik eta zertarako, galdera hauek zirikatzen baitute lokartua erantzun bila ohetik kanpora.

        [Ramsay jaunak, pasilloan zehar balantzaka, besoak luzatu zituen goiz ilun batean, baina Ramsay andrea aurreko gauean hil zenez bat-batean, besoak luzatzea besterik ez zuen egin. Hutsik jarraitu zuten.]

 

 

4

 

        Hala, etxea hutsik eta ateak giltzez itxiak eta koltxoiak bildurik, aire deslai hauek, gudaroste handien abangoardia hauek, burrunban, apal soilak igurtziz, horzka eta haize emanez, ez zuten topatu logela eta saloian gogor egiten zien ezer, bakarrik zintzilikarioak far-far, egurrak intzirika, mahaien hanka luzeak, lapikoak eta portzelana ilaundu, uhertu, pitzatua. Jendeak bota eta utzi zuena —oinetako parea, ehizarako kapela, gona eta txamarra maiztu batzuk armairuetan— hauek bakarrik mantentzen zuten giza itxura, eta, beren hustasunaren bidez, garai batean beterik eta bizirik egon zirela erakusten zuten; garai batean eskuak zereginean aritu zirela kakotx eta botoiekin; garai batean ispiluak aurpegi bat eduki zuela bere altzoan; munduaren zati bat eduki zuela bere altzoan, non irudi bat jiratu, esku bat azaldu, atea zabaldu, eta umeak sartu baitziren zalapartan korrika; eta berriro irten. Orain, egunak joan eta egunak etorri, argiak, uretan islatutako loreak bezala, bere buruaren irudi gardena erakusten zuen aurreko horman. Haizeak eragindako zuhaitzen itzalek bakarrik egiten zuten hormaren gainean gurkera, eta momentu batez urmaela iluntzen zuten, non argiak bere burua islatzen zuen; edo txoriek, hegaz, belzgune xume bat irristarazten zuren astiro logelako zorutik.

        Hala, edertasuna eta lasaitasuna ziren nagusi, eta biek batera edertasunaren forma hartu zuten, bizitzak alde egin ondorengo forma; ilunabarrean treneko leihotik urruti ikusitako lakua bezain bakarti, ilunabarrean zurbil, hain bizkor ezkutatzen non ia batere ez baita lakuari osten zaion bakardadea, behin ikusia izan arren. Edertasuna eta lasaitasuna elkarri besotik helduta zeuden logelan, eta zapiz bildutako pitxer eta izarez estalitako aulkietan zehar ez haize zelatariek eta ezta itsas aire umelen sudur eztiek ere, igurzten, usnatzen, beren galderak berritzen eta arraberritzen —«Zimelduko al zarete? Galduko al zarete?»— Ia batere ez zuten hondatzen hango bakea, axolarik eza, osotasun itxura, galdera haiek ia erantzun beharrik ez balute bezala: hemen geratzen gara.

        Bazirudien ezerk ezin zuela irudi hura hautsi, xalotasun hura likistu eta isiltasunezko geruza kulunkaria hondatu, honek gela hutsean asterik aste bere baitan bilbatzen zituelarik txorien txilio apalduak, barkuen sirena-hotsak, soroen txistu eta burrunba, zakurraren zaunka, gizonaren oihua, etxe inguruan tolestuz isil-isilik. Behin bakarrik askatu zen eskailerarteko ohol bat; behin, gauaren erdian, harrabots batekin, etendura batekin, gizalditako patxadaren ondoren menditik erauzi eta ibarrean ziztu bizian lehertzen den harkaitza bezala, txalaren tolestura bat libratu eta dilindan geratu zen. Orduan berriro bakea abaildu, itzalak dardara egin, eta argia bere buruaren irudi aurrean makurtu zen logelako horman, adoratzera; harik eta McNab andrea, isiltasunaren errezela urratuz eta xehatuz, kubelan aritutako eskuekin, harri txintxarra zanpatutako botekin, agindutako moduan etorri zen arte leiho guztiak zabaldu eta logeletako hautsak kentzera.

 

 

5

 

        Aldaroka (barkua itsasoan barrena bezala balantzan) eta zeharka begira (ez zion ezeri zuzenean begiratzen, baizik saihetsetik, munduaren mespretxua eta amorrua gaitzetsiz — bazekien tuntun samarra zela), barandari atxiki eta bere burua gorantz eraman eta gelaz gela balantzaka joan bitartean, kantari ari zen. Ispilu luzeko kristala igurtzi, eta bere buruaren irudi kulunkariari zeharka begiratuz, doinu bat jalki zen bere ezpainetatik — hogei urte lehenago agian antzezlekuen gainean alaia izandako zerbait, denean tarareatu eta dantzatu izandakoa, baina orain, hortzik gabeko administratzaile tokadun harengan ez zeukan inongo zentzurik, gehiago ematen zuen tuntunkeria, nahikeria, setaren ahotsa, oinazpian zapaldu baina berriro zutitzen dena; hala, aldaroka zihoan bitartean, hautsak kentzen eta garbiketan, bazirudien esaten ari zela bizitza etengabeko atsekabe eta kezka zela, goizean jaiki eta gauean oheratu, gauzak atera eta berriro jaso. Ez zen samurra edo erosoa ia hirurogeita hamar urtez ezagututako mundu hau. Makurturik zegoen ahidurarekin. Noiz arte, galdetu zuen bere artean, ohea egin eta mahaietako hautsak kentzerakoan intzirika eta belaunak kirrika, noiz arte iraungo ote zuen bizitzak? baina berriro herrenka altxatu, bizkarra tentetu, eta berriro ere zehar-begiratu harekin, atsekabe guztiei eta bere aurpegiari ere ihes eta muzin eginez, ispilura begira jarri zen, arrazoirik gabe barrez, eta berriro hasi zen tirriki-tarraka, koltxoiak altxatu, portzelana bere lekuan ipini, ispilura saiheska begiratuz, azken batean zerekin kontsolatua baleuka bezala, bere lantura hotsak itxaropen menderaezin bat baleuka bezala txirikordaturik. Segur aski izanak zituen zorionezko bisioneak kubelan, edo seme-alabekin (nahiz bi sasikoak izan eta batek bera abandonatu), edo tabernan edanean, edo bere kaxoian purtxileria lardaskatzen. Segur aski bazegoen arrakalaren bat ilunpetan, zirrikituren bat belztasunaren osinean, nahikoa argi sartzen uzten zuena ispilu aurrean imintzioa egiteko, eta, berriro lanari ekinez, music halleko kanta zahar hura murduskatzeko. Mistikoak eta aztiak, bien bitartean, hondartzatik paseatu, putzu batean aztarrikatu, harri bati begiratu eta beren buruari galdetzen dioten «Zer naiz ni?» «Zer da hau?», eta erantzun bat oparitzen zitzaien bat-batean (ezin zuten esan zer nolakoa): horrela, antzigarretan epel eta basamortuan eroso zeuden. Baina McNab andreak lehenago bezala jarraitu zuen edaten eta esamesaka.

 

 

6

 

        Udaberria, astindu ahal izateko hosto bakar bat ere gabe, soil eta argi, kastitate grinati eta xahutasun mesprezutzaileko birjin baten antzera hedatu zen soroetan, begi zabalik eta erne eta batere axolarik gabe ikusleek egin edo pentsatzen zutenaz.

        [Prue Ramsay, aitaren besoetan apoiaturik, maiatz hartan izan zen ezkontzan emana. Zer egokiagorik? zioen jendeak. Eta bai ederra zegoela, gaineratu zuten.]

        Uda hurbildu ahala, arratsaldeak luzatu ahala, hondartzatik paseatu eta putzuan aztarrikatu bitartean, itxaropentsu eta itzarrien baitan irudipen arraroenak jaio ziren — atomotan desegindako haragia haizeak zeramala, beren bihotzetan izarrek distiratzen zutela, labar, itsaso, hodei eta zeru nahita batu zirela barruko bisione honen zati sakabanatuak elkarri eransteko, kanpotik. Giza arimen ispilu haietan, ur artegako putzu haietan, non hodeiak etengabe irristatzen eta itzalak sortzen ziren, ametsek tinko zirauten, eta ezinezkoa zen gogor egitea kaio, lore, zuhaitz, gizon-emakume bakoitzak, eta lur zuriak berak ere itxuraz aitortzen zuen ideia arraroari (baina edozein galdera berehala baztertzen zen), alegia ontasuna dela garaile, zoriona nagusi, ordena agintari; eta ezinezkoa zen ere gogor egitea estimulu itzel hari, han-hemenka ibiltzera bultzatzen zuena ontasun absoluturen baten bila, kristal trinkoren baten bila, betiko atsegin eta dohain ezagunak ez bezalakoa izango zena, eguneroko jardueren aldean arrotza, zerbait bakana, gogorra, argia, diamantea hareatzan bezala, jabeari segurtasuna lekarkiokeena. Gainera, erleak burrunban eta eltxoak dantzan zebilzkien udaberri hark, goxaturik eta etorkor, bere estalkipean bildu, begiak gorde, burua itzuli, eta pasaerako itzalak eta langar boladen artean bazirudien bere bizkar hartu zuela giza atsekabeen jakintza bat.

        [Prue Ramsay uda hartan hil zen erditze garaiko gaitzen batengatik, benetako tragedia, jendearen esanetan. Beste inork baino gehiago merezi omen zuen hark zoriona.]

        Eta orain, udako sargorian, haizeak berriro bidali zituen bere zelatariak etxe ingurura. Euliek sarea irun zuten gela eguzkitsuetan; gauez ia leihoraino hazitako belar gaiztoek aldian-aldian kolpatzen zuten kristala. Iluna abailtzean, faroko distira, alfonbra gainean halako nagusitasunez etzan eta bere forma bertan ezarri ondoren ilunpetan, orain, udaberriko argi goxoagoan, ilargiarekin nahasturik etorri zen, emeki labainduz, bere laztana zabalduz bezala, eta luzaroago geratu eta begiratu eta berriro etorri zen eztiro. Baina laztan maitagarri honen barealdian, distira luzea ohe gainean makurtzean, harkaitza pitzatu zen; txalaren beste izur bat urratu zen; han zegoen zintzilik, dilindan. Udako gau labur eta udako egun luzeetan zehar, gela hutsak murmurioka zeudela zirudienean soroen oihartzun eta eulien burrunbarekin, filda luze hura emeki astindu, noraezean kulunkatu zen; eguzkiak gela guztiak alderik alde arrastoz eta gandu horiz hainbeste bete zituen non McNab andreak, bertan aldaroka sartzean garbiketa egin eta hautsak kentzeko, arrain tropikala ematen baitzuen eguzki printzez zeharkaturiko uretan barrena lerratzen.

        Baina geldotasuna eta lozorroa nagusitu arren, uda aurreratzean parte gaiztoko hotsak heldu ziren, larru gainean moteldutako mailukada neurtuen antzera, behin eta berriro erasoz, txala are gehiago urratuz eta te kikarak pitzatuz. Noizean behin basoren baten hotsa aditzen zen arasan, erraldoi batek hilzorian garrasi eginik arasa barruko ontziak ere dardarka jarri balitu bezala. Ondoren berriro abaildu zen isiltasuna; eta ondoren, gauero-gauero, eta zenbaitetan eguerdian bertan ere bai, arrosak argitan zeudenean eta eguzkiak bere errainu garbia aurreko horman ezartzen zuenean, bazirudien isiltasun, axolarik eza eta osotasun honetara zerbait erortzen zela, danbateko batekin.

        [Frantzian granada bat lehertu zen. Hogei edo hogeita hamar gizon gazte errautsi zituen, tartean Andrew Ramsay, zorionez berehala hil zena.]

        Garai hartan, hondartzatik paseatzera jaitsi eta itsasoari eta ortziari zer berri zen edo zer bisione eskaintzen zuten galdezka aritutako haiek, kontutan hartu beharra izan zuten, emankortasun zerutiarraren ohiko ikurren artean —eguzkiaren sarrera itsasoan, egunsentiko zurbiltasuna, ilargiaren jaiotza, ilargiaren alboko arrantzontziak eta umeak belar eskukadak botatzen elkarri— bozkario eta patxada honekin harmonian ez zegoen zerbait. Errauts koloreko barku baten agerraldi isila adibidez, etorri eta joan; lohidura purpura itsaso batearen gainean, zerbait irakin eta urtu balitz bezala, ezkutuan, azpian. Intrusio honek, gogoeta gorenak eta ondorio lasaigarrienak eragiteko eszena hartan, beren urratsa mantsotu zuen. Zaila zen hori eta horrenbestez haiei ezikusia egitea, paisaian zeukaten garrantzia deuseztatzea, itsasertzetik ibili bitartean miresten jarraitzea nola kanpoko edertasunak barruko edertasuna ispilatzen zuen.

        Naturak gehitu egiten ote zuen gizakiak aurreratutakoa? osatu egiten ote zuen honek hasitakoa? Ederrespen berdinaz ikusten zuen naturak gizakiaren miseria, honen zitalkeria barkatzen eta honen oinazea onartzen. Elkarbanatu, osatu, eta hondartzako bakardadean erantzun bat aurkitzeko amets hura, beraz, ez ote zen ispilu bateko isla besterik, eta ispilua bera ere ez ote zen kristalezko mintza besterik, gelditasunean formatua botere prestuagoak azpian lo daudenean? Luzeiritzita, etsipenez baina joan nahi ezik (edertasunak bere lilurak eskaintzen baititu, baditu bere kontsolamenduak), ezinezkoa zen hondartzan ibiltzea; jasanezina zen kontenplazioa; ispilua hautsirik zegoen.

        [Carmichael jaunak poema liburua argitaratu zuen udaberri hartan, ustekabeko arrakastarekin. Gerrak jendearen interesa piztu omen zuen poesiaren aldera.]

 

 

7

 

        Gauetik gauera, udan eta neguan, ekaitzen iskanbilak eta eguraldi ederraren gezi antzeko patxadak beren erregetza eduki zuten, elkarri galarazi gabe. Etxe hutsaren goiko geletatik entzunez (inor egon balitz bertan entzuteko), tximistek astindutako kaos itzela bakarrik aditu ahal izango zen zalapartan eta amorraturik, haizeak eta olatuak jolasean zebiltzanean leviatanen masa amorfoen antzera, kopeta barruan zentzu aztarnarik gabeak, eta bata bestearen bizkarrera igotzen, zanbuluka eta zanbuluka nahiz ilunpetan nahiz egun-argitan (zeren gaua eta eguna, hilabetea eta urtea formarik gabe zihoazen jarioan), joko txorotan, unibertsoa bere buruarekin borrokan eta zalapartan balego bezala, nahasmen basatiz eta desira gordinez, arrazoirik gabe.

        Udaberrian lorategiko urnak, haizeak ekarritako haziekin kasualitatez beteak, beti bezain alai zeuden. Bioletak jaio ziren eta baita nartzisoak ere. Baina eguneko patxada eta argitasun hura gaueko kaosa eta iskanbila bezain arraroa zen, zuhaitzak hemen eta loreak han, aurrera begira, gora begira, baina ezeri erreparatu gabe, begirik gabe, izugarri.

 

 

8

 

        Txarkeria asmorik gabe, familia ez baitzen inoiz itzuliko, zenbaitek zioenez behintzat, eta etxea agian Michaelmas-i salduko baitzitzaion, McNab andrea makurtu eta lore-sorta bildu zuen bere etxera eramateko. Mahai gainean ipini zuen, hautsak kendu bitartean. Oso lorezalea zen. Lastima zen haiek ihartzen uztea. Etxea salduez gero ere (besoak saihetsetan jarrita zegoen ispilu aurrean) zaindu beharra zegoen — horixe bai! Han egon zen hainbeste urtetan arimarik gabe barruan. Liburuak-eta zimeldurik zeuden; izan ere, gerra zela medio laguntza lortzea zaila izan zenez, etxea ez zen garbitu berak nahi adina. Orain berriz, lagun bakarraren eginahalak hura dena taxutzeko aski ez. Zaharregia zen bera. Hanketako mina zeukan. Belardiko eguzkitan zeuden liburu guztiak zabaldu beharrak; igeltsua zegoen sarreran eroria; bulegoaren leiho ondoko erretena trabatu eta itogina zegoen barrura; zeharo hondaturik zegoen alfonbra. Haiek etorri behar zuten eta! Norbait bidali behar zuten ikustera. Arropak zeuden armairuetan; arropak utzi zituzten logela guztietan. Zer egin zezakeen berak haiekin? Sitsak jota zeuden — Ramsay andrearen gauzak. Gajoa! Ez zituen inoiz gehiago beharko. Hila omen zen; aspaldi, Londresen. Han zegoen lorategi lanetarako jantzi ohi zuen xira gris zaharra (McNab andreak eskutan ibili zuen). Bere aurrean ikus zezakeen Ramsay andrea, bidean gora lixibarekin zetorrela, loreen aldera makurtuz (penagarria zegoen orain lorategia, berebiziko anabasa, eta untxiak lore-piloen artetik ihesi norbait inguratuez gero) — bere aurrean ikus zezakeen Ramsay andrea, seme-alabetako bat ondoan, xira grisa soinean. Han zeuden botak eta oinetakoak; eta zipilua eta orrazea tokadore gainean utzirik, biharamunean itzultzea espero balu bezalaxe. (Oso azken azkarra izan omen zuen). Behin batean etortzekotan egon ziren, baina bertan behera utzi zuten, gerra zela-eta bidaiatzea hain zaila izanik; hainbeste urtetan ez ziren behin ere etorri; berari dirua bidali eta kito; ez behin ere idatzi, ez etorri, eta hala ere utzi bezala esperoko zuten gauzak aurkitzea, ai ene! Tokadoreko kaxoiak gauzez beteak zeuden (zabaldu egin zituen), eskuzapiak, xingolak. Bai, aurrean ikus zezakeen Ramsay andrea, bidean gora lixibarekin zetorrela.

        «Arratsaldeon, McNab andrea», esan ohi zion.

        Oso jatorra zen berarekin. Neskatoek ere maite zuten. Baina jainko santua, gauza asko aldatu ziren ordutik (kaxoia itxi zuen); familia askok galdu zuten beren kuttuna. Hila zen beraz; eta Andrew jauna gerran eroria; eta Prue andereñoa ere hila, agidanean lehen haurra izaterakoan; baina denek galdu zuten norbait azken urteotan. Prezioak lotsagarri igo ziren, atzera jaitsi gabe. Ondo gogoratzen zen xira grisa soinean zeraman hartaz.

        «Arratsaldeon, McNab andrea» esan, eta platerkada esne-zopa gordetzeko agintzen zion sukaldariari — nahi izango zuelakoan, saski astun hura herritik haraino igo ondoren. Aurrean ikus zezakeen orain, loreen aldera makurtuz; (eta gandu artean gir-gir, printza hori bat edo teleskopioaren muturreko zirkulua bezala, soinean xira grisa zeraman andre bat, breen aldera makurtua, paseoan igaro zen logelako horman zehar, tokadorean gora eta lababo gainetik, McNab andrea tirriki-tarraka zebilen bitartean, hautsak kentzen, txukuntzen).

        Eta zer izen zuen bada sukaldariak? Mildred? Marian? — holako izenen bat. Ah, ahaztua zeukan — dena ari zitzaion ahazten. Sutsua, emakume ilegorri guztien moduan. Makina bat barre algara eginak ziren. Bera beti ongi hartzen zuen sukaldean. Harexek denei eginarazten zien barre. Igualekoak ziren lehengo garaiak oraingoen aldean.

        Hasperen egin zuen; lan handiegia zen emakume bakarrarentzat. Alde batera eta bestera eragin zion buruari. Hau zen umeen gela. Hara, dena umel zegoen hemen; igeltsua berriz Jarioan. Zertarako eskegi ote zuten hor pizti baten kaskezurra? hura ere zimeldua. Eta teilatupeko gela guztietan arratoiak. Euria sartzen zen. Baina ez zuten inor bidali; ez ziren inoiz etorri. Hainbat krisket hondaturik zegoen, eta ateek danba jotzen zuten. Ez zuen ilunabarrean goi honetan bakarrik egon nahi izaten. Gehiegi zen emakume bakarrarentzat, gehiegi, gehiegi. Belaunek kirrikatu eta antsi egin zuen. Danbatekoa jo zion ateari. Giltza eman eta han utzi zuen etxea, itxita, bakarrik.

 

 

9

 

        Utzia zegoen etxea; abandonatua zegoen etxea. Abandonatua zegoen txirla bat hondarrezko muino baten gainean bezala, bizitzak bazterrean utzia gatzale lehorrez bete zedin. Bazirudien gau luzearen erasoa hasia zela; bazirudien irabazle gertatu zirela aire jostalariak, hozka, eta arnasa umelak, haztaka. Herdoildua zegoen kazola, eta alfonbra berriz onenak emanda. Muturra sartu zuten zapoek. Harantz eta honantz zebilen txala dilindan, nagi, noraezean. Janaritegiko teilen artetik aurkitu zuen txokoa kardo batek. Saloian zeukaten enarek habia; lasto izpiak zeuden lurrean sakabanaturik; plasta-plasta erortzen zen igeltsua; agerian zeuden gapirioak; hau eta beste zeramaten arratoiek, hormako oholtzaren atzean karraskatzeko. Tximeleta nakaratuak krisalidetatik jarri eta hil arte aritzen ziren leihoko kristala jotzen. Dallen artean zabaltzen zuten amapolek beren hazia; belar luzea kulunkatzen zen zelaian; alkatxofa erraldoiak zutitzen ziren arrosa artean; krabelin bat loratu zen azen artean; belar gaiztoen leihoko ukitu leunak, neguko gauetan, zuhaitz sendo eta sasi arantzatsuen danbor-hots bihurtu ziren, eta horrek sortu zuen udako berdetasun hura gela barruan.

        Zer boterek galaraz zezakeen orain naturaren joritasuna eta ardurarik eza? McNab andrearen ametsak dama batekin, ume batekin, esne-zopa platerkada barekin? Ametsa hormen gainetik eguzki argiune baten antzera kulunkatu eta desagertu zen. McNab andreak atea giltzez itxi eta joan zen. Emakume bakarraren indarra ez zen aski, zioen. Ez zuten inor bidali. Ez zuten inoiz idatzi. Usteltzen ari ziren gauzak kaxoietan — lotsagarria zen haiek hala uztea, zioen. Egoitza osoa zegoen goiak behea jota. Faroaren distira bakarrik sartzen zen momentu batez geletan, kirika egiten zuen ohe eta horma aldera neguko ilunpetan, begiratzen zion axolarik gabe kardoari eta enarari, arratoiari eta lasto izpiari. Ezerk ez zien hauei gogor egiten; ezerk ez zien hauei ezetz esaten. Ibil dadila haizea; amapolak hazia zabaldu eta txerta daitezela krabelina eta aza. Egin dezala enarak saloian habia; eta kardoak teilak baztertu, eta tximeletak eguzkia hartu besaulkien zintz maiztuaren gainean. Egon dadila zelaian edontzi eta portzelana hautsirik, belarra eta basoko haziz estalita.

        Heldua baitzen beste momentu hura, beste zalantza hura, egunsentiak dardara egin eta gaua bertan gelditzen denean, luma bat pausatuez gero balantzaren platera eraitsiko zuenean. Luma bakar bat, eta etxea, erortzen, hondoratzen, bertan irauli eta buruz behera amilduko zen ilunpearen osin-zuloetan. Gela erraustuan jarriko zituzten eskursionistek beren eltzeak surtan; bertan bilatuko zuten maitaleek aterpea, ohol soilduen gainean etzanik; eta bertan utziko artzainak bere otordua adreiluen gainean, eta bertan lo egingo arloteak berokian bilduta hotza uxatzeko. Ondoren teilatua eroriko zen; bidea, eskailera eta leihoa desegingo zituzten sasiak eta asta-perrexilak; hauek munto gainean haziko ziren, nahasian baina ugalkor, hank eta sarkinen batek, bidea galdurik, asunen arteko su-galda lore batengatik edo asta-perrexil arteko portzelana puskagatik bakarrik antzeman ahal izan arte hemen antzina norbait bizi izan zela; etxea egon zela.

        Luma erori balitz, platera beherantz okertu balu, etxe osoa osin-zuloan murgildu eta ahanzturaren hondar gainean pausatuko zen. Baina indar bat zegoen han lanean; erabat jakinaren gainean ari ez zen zerbait; alderoka ibili eta zeharka begiratzen zuen zerbait; lanean jarduteko orduan erritual ohoragarritan eta salmodia gorenetan inspiratua ez zegoen zerbait. McNab andrea hasperenka; Bast andrea belaunak kirrika. Zaharrak; gogortuak; hanketako minez. Erratzak eta pertzak hartuta etorri ziren azkenean; lanari ekin zioten. Halako batean, ea McNab andrea arduratuko zen etxea prest edukitzeaz, idatzi zuen andereñoetako batek: ea hau egingo zuen; ea bestea egingo zuen; dena presaka. Beharbada udan etorriko ziren; azkenera arte itxoin zuten; utzi bezala espero zuten dena aurkitzea. Astiro eta nekez, erratza eta pertza hartuta, fregatzen, marruskatzen, hondamena eta ustela geldiarazi zuten; batean antoisina eta bestean armairua salbatu zuten Denboraren putzutik, honek erdi irentsiak zeuzkanean; Waverley nobela guztiak eta te zerbitzu bat berreskuratu zuten goiz batean ahanzturatik; arratsaldean aire eta eguzkitan jarri zituzten latoizko sutondo-babes bat eta altzairuzko su-burdin multzo bat. Bast andrearen semeak, Georgek, arratoiak harrapatu eta belarra ebaki zuen. Etxeginak etorrarazi zituzten. Misagren kirrika eta morroiloen intziria, hezetasunak hanpatutako ateen danbateko eta mailukadak lagun zirela, bazirudien erditze neketsu herdoildu bat ari zela han burutzen, emakumeak makurtzen zirelarik, altxatzen, aieneka, kantari, dinbi-danba, noiz teilatupean noiz sotoan. Oh, esaten zuten, hau lana!

        Zenbaitetan logelan hartzen zuten tea, edo bestela bulegoan; eguerdian lana etenez, aurpegiak zikin eta esku zaharrak okertuta eta suminduta erratz kirtenengatik. Aulkietan zapla eserita begiratzen zioten kanila eta bainu-ontziarekin izandako garaipen bikainari; beste batean garaipen astunago, mugatuago bati, liburu ilara luzeekin izandakoari edo, lehen kedarra baino beltzagoak, orain alderdi zuriekin, onddo zurizten haztegi eta armiarma iheskorren gordeleku. Berriro ere, bere barruan tearen epela sentitu zuenean, McNab andrearen begietara egokitu zen teleskopioa, eta argi borobil batean ikusi zuen jaun zaharra zelaian, oilo-luma baino argalagoa, buruari eragiten, ustez bere artean hizketan, bera lixibarekin zetorrela. Inoiz ez zen beratzaz ohartzen. Batzuek hil zela zioten; besteek emaztea zela hildakoa. Zein ote? Bast andreak ere ez zekien seguru. Jaun gaztea hila zen. Hori bazekien. Egunkarian irakurri zuen izena.

        Sukaldaria ere bazen, Mildred, Marian, horrelako zer edo zer — emakume ilegorria, tankera horretako guztien antzera suminkorra, baina bai jator askoa ere, nota tratatu jakinez gero. Makina bat barre algara eginak zituzten elkarrekin. Platerkada zopa jasotzen zuen Maggierentzat; urdaiazpiko muturra batzuetan; sobera geratutako edozer. Ederki bizi ziren garai haietan. Nahi zuten guztia zeukaten (hiztuna, pozik, tearen beroa barruan, bere gogoeten mataza ari zen askatzen, zumitzezko besaulkian eserita jolasgelako leiho-babesaren alboan). Zeregin franko zegoen beti, gonbidatuak etxean, batzuetan mahai inguruan hogei lagun, eta gauerdia ongi aurreratu arte garbiketan.

        Bast andreak (berak ez zituen ezagutu; Glasgowen bizi zen garai hartan) galdetu zion, kikara beheratuz, zertarako eskegi zuten han piztia haren kaskezurra? Atzerrian ehizatua, inondik ere.

        Baliteke, erantzun zion McNab andreak, bere gogoetekin jolasean; lagunak zeuzkaten ekialdeko lurretan; bertaratutako jaunak, gau soinekoz jantzitako damak; jangelako atetik ikusi zituen behin denak eserita afaltzen. Hogeiren bat izango ziren, bitxiak aukeran, eta geratzeko eskatu zioten berari, garbiketan laguntzeko, gauerdia pasatu arte edo.

        Ah, esan zuen Bast andreak, aldatuta aurkituko zuten dena. Burua atera zuen leihotik. Bere seme George belarra ebakitzen ikusi zuen. Hura zertan zen galdetuko zuten agian, ustez Kennedy zaharra baitzen hartaz arduratzekoa, baina hanka gaizkitu zitzaion gurditik erori ondoren; eta inor ez, beraz, urte osoan edo gehienean; eta ondoren Davie Macdonaldek haziak bidaltzeko eskatu zuen, baina auskalo erein zituen ala ez. Aldatuta aurkituko zuten dena.

        Segan ari zen semeari begiratu zion. Oso egokia zen lanerako — pertsona trankil horietakoa. Tira, armairuekin hasi beharko zuten orain. Beren buruak altxatu zituzten.

        Azkenean, egunetan zehar lanean aritu ondoren barruan, kimatzen eta aldatzen kanpoan, hautsak kentzeko zapiak leihoetatik astindu, leihoak itxi, etxe guztiko giltzei eman eta danbatekoa jo zioten aurreko ateari; bukatu zuten.

        Eta orain, garbitzeak eta fregatzeak eta segatzeak eta kimatzeak ordura arte itota eduki balu bezala, erdizka aditutako melodia hori zabaldu zen, belarriak erdizka atxiki baina erortzen utzi izandako musika eten hori; zaunka, marrua; irregularra, etena, baina nola hala harremandua; zomorroaren burrunba, belar ebakiaren hotzikara, bereizia baina nola hala elkartua; kakalardoaren hozki-hotsa, gurpilaren intziria, ozen, isil, baina misteriotsuki harremandua; belarriak eginahal guztian hauek denak bateratu nahi eta beti dago hauek harmonizatzeko zorian, baina ez ditu inoiz guztiz aditzen, ez ditu inoiz erabat harmonizatzen, eta azkenean, iluntzean, bata bestearen ondoren ahitzen dira soinuak, eta harmonia makaltzen, eta isiltasuna abailtzen. Eguzkia sartzean galdu zen gardentasuna, eta gandu jaioberria bezala jaio eta zabaldu zen baretasuna, atertu zuen haizeak; askaturik etzan zen mundua loaren altzoan, ilunpetan, argi bakar bat ere gabe, soilik hostoetatik barrena berdeturik zetorrena, edo leiho ondoko lore zurietara zurbildurik zetorrena.

        [Lily Briscoek etxeraino igoarazi zuen bere poltsa irail arratsalde batean. Tren berean etorri zen Carmichael jauna.]

 

 

10

 

        Horrenbestez etorri zen bakea. Itsasoaren arnasak bakezko mezuak haize ematen zituen lehorrera. Honen loa ez zuela gehiago etengo, are atseden goxoagoa izan zezan kulunkatuko zuela, ameslarien amets sakratu eta zuhur guzti guztiak indartuko zituela —zer beste ari zen xuxurlatzen?— Lily Briscoek gela isil garbiko burkoan burua ipini eta itsasoari aditu bitartean. Leiho irekitik zetorren murmurioka munduko edertasunari buruzko mintzoa, zer zioen zehatz ulertzeko emeegi —baina esanahia argi bazegoen zer axola?— lokartuei arren eskatuz (etxea betea zegoen berriro; Beckwith andrea zegoen bertan, eta baita Carmichael jauna ere), hauek berez hondartzaraino jaisten ez baziren ere, gutxienez pertsiana altxatu eta kanpora begiratzeko. Hartara gaua ikusiko zuten purpurez jantzita jarioan; buruan koroa; zetroan bitxiak; eta haurrek ere begira zezaketela haren begietara. Eta hala ere zabartzen baziren (Lily leher eginda zegoen bidaiarekin eta ia berehala hartu zuen lo, baina Carmichael jauna liburua irakurtzen ari zen kandela-argitan), hala ere uko egiten bazuten, adierazi nahiz bezala lurrin hutsa zela gauaren oparotasun hau, eta ihintzak indar gehiago zeukala, eta nahiago zutela lo egin; orduan, kexa edo eztabaidarik gabe, samur, mintzoak bere kanta kantatuko zuen; eztiro lehertuko ziren olatuak (lotan aditzen zituen Lilyk); emeki jausi zen argia (Lilyren betazaletatik zetorrela zirudien). Eta denak, pentsatu zuen Carmichael jaunak, liburua itxiz, lo hartuz, aspaldiko urte haietan bezala ematen zuen.

        Izan ere, honela hasi zitekeen berriro mintzoa, ilunpearen gortinek etxea, Beckwith andrea, Carmichael jauna eta Lily Briscoe estali zituztenean, beren begi gainetan pausatuz, belztasunezko tolesturekin, zergatik ez honi ameto eman, honi askietsi, oniritzi eta amore eman? Irlen inguruan aldian-aldian lehertutako itsaso guztien antsiek goxatu zuten haien loa; gauak bildu zituen; ezerk ez zien loa eten, harik eta txoriak beren ahots meheak egunsenti zuriari txirikordatzen hasi arte, orga bat kirrika, zakurra nonbait zaunka, eguzkiak gortinak jaso, beren begi gainetako beloak urratu, eta Lily Briscoek, lotan mugituz, maindireei eutsi zien, erortzen ari denak amildegi ertzeko zotalari eusten dion bezala. Begiak zabaldu zituen. Hemen zegoen berriro, pentsatu zuen, ohean bizkarra tenteturik eseriz. Esna.

 

 

 

© Virginia Woolf

© itzulpenarena: Anton Garikano

 

 

"Virginia Woolf / Farorantz" orrialde nagusia