I

LEIHOA

 

 

1

 

        «Bai, noski, eguraldi ona egiten badu» esan zuen Ramsay andreak. «Baina goizean goiz jaiki beharko duzu», gaineratu zuen.

        Hitz hauek berebiziko poza eman zioten semeari, erabakia balego bezala espedizioa egitearena, eta urtetan eta urtetan irrikatutako mirari antzeko hura eskura balego bezala, gau bateko iluna eta egun bateko bidaiaren ondoren. Nolaz eta semea, sei urte besterik ez eduki arren, sentimenduak bata bestetik berezita eduki ezin dituen klan handi horretako partaide zen, alegia etorkizuneko asmoen poz eta nahigabeek aldameneko guztia estal dezaten uzten duten horietakoa; eta nolaz eta txiki-txikitatik horrelako jendeak gaitasuna daukan, sentsazio gurpilaren edozein jira-biraren distira edo itzala pausatutako urea kristalizatu eta izozteko, James Ramsayk, ama mintzo bitartean, lurrean eserita, Army and Navy Stores-eko katalogo ilustratuaren argazkiak mozten, zeruko poza txertatu zion hozkailu baten argazkiak. Zorionak dotoretzen zuen huraxe. Esku-orga, belarra ebakitzekoa, makalen zurrumurrua, euri-jasaren aitzineko hosto zuritzea, beleak makakorroka, erratzen igurtzia, soinekoen firfira, hain bizi zegoen dena bere buruan, non jadanik bai baitzeukan bere kode pribatua, bere hizkuntza sekretua, nahiz eta zurruntasun lehor eta ezaxolatiaren itxura eman, bere bekoki altu eta begi urdin garratzekin, akatsik gabe laino eta garden, giza ahultasunaren aurrean kopetilun; hainbesteraino zen hori horrela, non amak, hozkailu ertzak guraizeaz txukun mozten ikustean, purpuraz eta katazuriz imajinatu baitzuen semea auzitegian, edo jarduera zail eta garrantzitsu bat zuzentzen gizarteko aferen kinka batean.

        «Hala ere» esan zuen aitak, egongelako leiho aurrean geldituz, «ez du eguraldi ona egingo».

        Aizkoraren bat eskura izan balu, edo burruntzi bat, edo aitaren bularra txikitu eta hilko zuen beste edozein arma, Jamesek atxiki egingo zion orduantxe. Horrelakoak ziren Ramsay jaunak ondoan egote hutsarekin seme-alabengan ernetzen zituen emozio azkarrak; hantxe, zutik, orain bezala, labanaren ahobizarra bezain argal eta estu, irri zuri batez, ez soilik bere semeari ilusioa galarazteko eta emaztea barregarri nondik utziko, bidenabar esanda bera baino hamar mila aldiz hobea (Jamesen ustez), baina ere bere epaia zuzena zeneko harrotasun ezkutuz. Egia zen esaten zuen guztia. Egia borobila. Ez zen ezertarako gauza, egia tartean ez bazen; inoiz datu bat trukatu gabea; inoiz hitz zakarrik goxatu gabea, norbaiti atsegin edo mesede egiteko izan arren, are gutxiago bere seme-alabei, hauek, bere odol eta haragi izanik, haurtzarotik jabetu beharra baitzeukaten bizitzaren gogorraz; bigarren aukerarik ezaz; eta bizitza hau lurralde mitiko hartarako pasabide dela, non gure itxaropenik kutunenak deuseztatzen baitiren, gure txalupa ahulek ilunpetan hondoa jotzen duten (une honetan Ramsay jaunak bizkarra tentetu eta begitxo urdinak kizkurtu ohi zituen ortzi-mugari buruz), beharrezko eginez, oroz gainetik, kemena, egia eta bizirik irauteko ahalmena.

        «Baina beharbada ona egingo du — ona egitea espero dut» esan zuen Ramsay andreak, grinati josten ari zen galtzerdi marroi gorrizta zertxobait kiribilduz. Gau hartan bukatzen bazuen, azkenean farora joaten baziren, bertako begiralearen mutikoari ematekoa zion, aldakako tuberkulosia nozitzen zuen harixe; aldizkari zahar sorta bat ere bai, eta tabako apur bat, alegia lurrean aurki zezakeen edozer, inork nahi ez eta gelan botea bazegoen, gizarajo haiek pixka batean entretenituko zituen zer edo zer, asper-asper eginda egongo baitziren egun osoan eserita eta beste zereginik gabe, bakarrik lanparari briloa ateratzea eta argia mukatzea eta eskuareaz baratze zaztar hartan aritzea. Izan ere, gustatuko al litzaizueke irten gabe itxita egotea hilabete osoan, eta apika gehiagoan ekaitza denean, tenis zelaiaren tamainako harkaitz batean? galdetu ohi zien; eta gutunik edo egunkaririk ez jasotzea, eta inor ez ikustea; ezkonduta egonez gero, emaztea ez ikustea, ez jakitea seme-alabak zer moduz diren — gaixo dauden, erori eta hanka edo besoa apurtu duten; olatu goibel berberak lehertzen ikustea asterik aste, eta ondoko ekaitz izugarria, eta leihoak bitsez basituak, eta txoriak lanpararen kontra zapart eginda, eta leku osoa dardarka, eta sudurra atez kanpora atera ezinik itsasoak eramango zaituen beldurrez? Gustatuko litzaizueke? galdetu obi zuen, batez ere alabei zuzenduz. Beraz, gaineratu zuen beste doinu batean, ahal hainbat erosotasun eraman behar zaie.

        «Mendebal haizea» esan zuen Tansley ateoak bere atzamar hezurtsuak zabaldurik, haizea tartetatik igaro zedin, Ramsay jaunari lagundu bitartean arratseko osteratxoan gora eta behera, gora eta behera terrazan barrena. Alegia alderdi okerrenetik jotzen zuela haizeak, farora joateko. Bai, gauza zakar asko esaten zituen, aitortu zuen Ramsay andreak; gorrotagarria zen etengabe hartan jardukitzea, eta James are eta etsiago uztea; baina hala ere ez zien ametituko haren bizkar irri egiten. «Ateoa», deitzen zioten, «ateo txikia». Rosek iseka egiten zion; Pruek iseka egiten zion; Andrewk, Jasperek, Rogerek iseka egiten zioten; batere hortzik ez zeukan Badger zaharrak ere ausiki egin zion, hura zelako (Nancyk zioen eran) Hebridetaraino segika etorri zitzaien ehun eta hamargarren gizona, bakarrik egotea hain atsegina izanik.

        «Txorakeriak» esan zuen Ramsay andreak, seriostasun handiz. Alde batera utziz umeen exajeratzeko ohitura, beragandik hartua, eta beste zehar-esan hura, alegia berak jende gehiegi gonbidatzen zuela (egia zen), eta batzuei ostatua herrian bilatu behar izaten ziela, hala ere ez zuen onartzen itsuskeriak egitea bisitariei, bereziki gizon gazteei, goian zerua eta behean lurra zutenei, «ikusgarri iaioak» senarrak zioenez, honen miresle handiak, oporretan etorriak. Egia esan, bere babespean hartzen zuen beste sexua; argitu ezin zituen arrazoiengatik, gizonen prestutasun eta kemenagatik, hitzarmenak negoziatu, Indian agindu, finantzak kontrolatzen zituztelako; edo azkenik beragana zuten jarreragatik, edozein emakumerentzat atsegina, zera fidagarri, ume tankerako, agurgarri bat; hau da, emakume heldu batek gizon gazte batengandik duintasun galerarik gabe har zezakeena, eta hura neska gajoa —ez al zen arren bere alabarik izango!— hezurmamiraino jabetzen ez zena horren balioaz, eta horrek esan nahi zuenaz.

        Seriostasunez jiratu zuen aurpegia Nancygana. Hura ez zitzaien segika etorri, esan zuen. Hala eskatuta baizik.

        Irtenbide bat aurkitu behar zuten umeek. Posible zen irtenbide errazago bat egotea, ez hain nekeza, suspiriatu zuen. Ispiluan begiratu eta bere ile urdina ikusi zuenean, masail zuloak, berrogeita hamar urte, agian gauzak hobeto antolatu ahal izan zitzakeela pentsatu zuen — senarra; dirua; honen liburuak. Baina bera behintzat inoiz ez zen bere erabakiez damutuko, oztopoei itzuri egingo edo eginbeharretan zabartuko. Berealdikoa zen oraingo bere itxura, eta Charles Tansleyri buruz hain gogor mintzatu ondoren, bere alabak —Prue, Nancy, Rose— isilik eta plateretatik begiak jasota, jolasten ari ziren beren bizitzentzat oratutako ideia bihurriekin, bereak ez bezalakoak; Parisen, agian; zirrarazko bizitza; beti gizonen peskizan egon gabe; izan ere, denek jartzen zuten zalantzan begirunea eta prestutasuna, eta Ingalaterrako Bankua eta Indiako Inperioa, eraztunekiko behatzak eta farfaila, uste izan arren bazegoela horretan edertasunaren esentzia hondar bat, honek beren neskatila bihotzetako gizontasuna iratzartzen zuelarik, eta baita behartzen ere, amaren begiratupean mahaian eserita zeuden bitartean, honen zurruntasuna errespetatzera, honen berebiziko kortesia, lokatzetatik erromes baten oin zikina atera eta garbitzen duen erreginarena bezalakoa, hain gogor errieta egiten zienean ateo zital hura zela eta, beraiengana segika etorria —edo, zehatz esanda, beraiengana gonbidatua— Skye Irlaraino.

        Ramsay jaunarekin leiho ondoan zegoen bitartean, Charles Tansleyk «Bihar ez da farora joaterik izango» esan eta txalo egin zuen. Aski zen. Nahiago zuen behingoz Jamesekin bakarrik utzi eta hizketara beste norabait joan balira. Begiratu egin zion. Kozkorrak eta zuloak besterik ez zeuzkan zalastrajo txatxua, umeek deitzen zioten bezala. Ez zekien cricketean; motela zen; oinak arrastatzen zituen. Basapizti sarkastikoa, deitzen zion Andrewk. Bazekiten zer gustatzen zitzaion gehien —etengabe Ramsay jaunarekin ibiltzea batera eta bestera, batera eta bestera, esanez nork irabazi zuen hau, nork bestea, nor zen «lehen mailako gizona» latinezko bertsoetan, nor zen «azkarra baina nire ustez sendotasunik gabea», nor zen ezbairik gabe «Ballioleko lagunik trebeena», nork gorde zuen bere jakintza aldi baterako Bristol edo Bedforden, baina gerora zer entzuna emateko, matematikak edo filosofia arloren batentzako Prolegomenoak argitaratzen zirenean; Tansley jaunak berarekin zeuzkan lehen zirriborro orriak, Ramsay jaunak irakurri nahi bazituen. Horretaz ari ziren.

        Ramsay andreak zenbaitetan ez zion barreari eusterik izaten. Aurreko batean «mendiak adinako olatuak» aipatu zituen. Bai, erantzun zion Charles Tansleyk, zakarra zegoen. «Ez zaude blai?» galdetu zion berak. «Bustita bai, baina ez barruraino», erantzun zuen Tansley jaunak, mahuka bihurrituz, galtzerdiak ukituz.

        Baina hori berdin zitzaien, zioten umeek. Ez zen haren aurpegia; ez zen haren jokabidea. Hura osorik zen — haren ikuspegia. Zerbait interesgarriaz ari zirenean hizketan, jendeaz, musikaz, historiaz, zernahiz, esaten zutenean gaugiro ona egiten zuela beraz zergatik ez atarian eseri, halakoetan Charles Tansleyri aurkitzen zioten aitzakia zen, ez zuela onik izaten, harik eta kontu guztia azpikozgaindu eta nola hala bere burua nabarmendu eta besteak gutxietsi arte, guztia larrutzeko modu garratz harekin denak sutan jarriz. Eta pintura galerietara joan, zioten umeek, eta bere gorbata gustatzen zitzaien galdetu ohi zuen. Eta Jainkoak daki, esan zuen Rosek, ezetz.

        Otordua bukatu orduko oreinak bezain gordean ezkutatuz, Ramsaytarren zortzi seme-alabak nor bere gelara abiatu ziren, pribatutasunik gabeko etxe hartan zituzten gotorleku bakarrak, zernahitaz eztabaidatzeko lekuak; Tansleyren gorbataz; Erreforma Legearen bozketaz; itsas txoriak eta tximeletez; jendeaz; bitartean, ohol bakar batez bereizitako teilatupeko geletan, non urrats bakoitza argi entzun baitzitekeen eta baita ere Suitzako neskamearen negarra Grisonetako haran batean minbiziz hiltzen ari zen aitagatik, eguzkia ibaika hedatzen zen, eta argitu egiten zituen bateak, franelazko jantziak, lastozko kapelak, tinta-ontziak, pintura potoak, labezomorroak, eta txori txikien kaskezurrak, eta, aldi berean, horman erantsitako alga zerrenda apaindu luzeei gatza eta belar-gaizto usaina isurarazten zien, toallek zeukaten usain bera, bainualdiko hareak zakartuta.

        Sesioa, zatiketak, aburu desberdintasuna, aurreiritziak bizitzaren zuntzari itsatsiak, oh hain goiz hasi behar zutenik, deitoratu zuen Ramsay andreak. Hain ziren kritikoak bere umeak. Hainbeste txorakeria esaten zuten. Jangelatik irten zen, Jamesi eskutik helduta, honek besteekin joan nahi ez zuelako. Ramsay andreari halako txorakeria iruditzen zitzaion — desberdintasunak asmatzea, bestela ere jendea, zeruak ongi daki, hori gabe ere aski desberdin ez balitz bezala. Benetako desberdintasunekin, pentsatu zuen egongelako leiho ondoan zutik, aski dugu, aski dugunez ere. Gogoan zeuzkan une hartan aberatsa eta pobrea, goikoa eta behekoa; jaiotzez handi zirenei, gogoz kontra bazen ere, bazien begirune apur bat, zeren eta berak ere bai baitzeukan zainetan Italiako etxe noble eta mitiko samar haren odola; hango alabek, hemeretzigarren mendean Ingalaterrako saloietan sakabanatuak, zoragarri zazeatu eta zalaparta gartsuak harrotu zituzten. Hauengandik zetorkion berari ernetasuna, ibilera eta izaera guztia, eta ez ingeles geldo edo eskoziar hotzagandik; baina sakonagotik hausnartu zuen beste arazoa, aberats eta behartsuei buruzkoa, eta bere begiez ikusitako gauzak, astero, egunero, hemen edo Londresen, bisitatzen zuenean alargun hura, edo emazte saiatu hura, poltsa besoan hartuta, eta koadernoa eta arkatza, propio antolatutako zutabetan idaztearren soldatak eta gastuak, lana eta lanik eza, karitate hori norberaren sumina goxatzeko aitzakia hutsa izango ez zelakoan, eta ezta norberaren kuriositatea lasaitzeko ere, eta hala, agian, gizarte arazoen ikertzaile bihurtuko zelakoan, horixe miresten baitzuen bere adimen hezigabearen bitartez.

        Argitu ezineko galderak iruditzen zitzaizkion, hantxe zutik, Jamesi eskutik helduta zegoen bitartean. Umeei hain barregarria egiten zitzaien gizon gazteak egongelaraino jarraitu zion; begiratu gabe igar zezakeen mahai alboan zegoela zutik, zerbaitekin lardaskan, moldakaitz, lekuz kanpo sentituz. Joanak ziren denak — haurrak; Minta Doyle eta Paul Rayley; Augustus Carmichael; senarra — joanak ziren denak. Orduan hasperen batez jiratu eta esan zuen, «Aspertu egingo al zintuzke nirekin etortzeak, Tansley jauna?»

        Enkargu gogaikarri bat zeukan herrirako; bizpahiru gutun idatzi, kapela janztera igo, eta hamar minuturen buruan prest izango zen. Eta handik hamar minututara hantxe zegoen berriro, otarra eta aterkia hartuta, ibilalditxorako prest zegoela aditzera emanez; hala ere, geratu beharra izan zuen une batez, tenis zelaitik igarotzerakoan, ahalik eta galdetzeko eguzkitan etzanda zegoen Carmichael jaunari, bere katu-begi horiak zirrikituta, katu batenak bezala adarren mugimendua edo hodeien pasaera islatzen zutela ziruditenak, baina barne gogoeta edo emozio zantzurik eman gabe, ea ezer nahi zuen.

        Abiatua zen espedizio handia, esan zuen barrez. Herrira zihoazen. «Zigiluak, idazteko papera, tabakoa?» aipatu zizkion, aldamenean gelditurik. Baina ez, ez zuen deus nahi. Sabel guriaren gainean eskuak gurutzaturik, Carmichael jaunak begiak kliskatu zituen, ahaleginduz bezala jator erantzuteko lausengu haiei (seduzitzailea zegoen Ramsay andrea, nahiz eta urduri samar), baina ezin izan zuen, murgilduta baitzegoen logale berde grisaxka batean, borondate oneko letargo oparo eta gozo batean, hitz beharrik gabe, dena bere barne hartuz; etxe guztia; mundu guztia; bertako jende guztia; izan ere bazkalorduan tanta batzuk isurtzen zituen nonbaitetik basora, eta horregatik zeukan, umeen ustez, bibote eta bizarrean arrasto hori bizi hura, gainerakoan zuria. Ez zuen deus nahi, murmurikatu zuen.

        Filosofo handia izan zitekeen, esan zuen Ramsay andreak harengatik, errepidean behera zihoazelarik arrantzale herrirantz, baina ez zuen ezkontzarekin zorterik izan. Aterki beltzari tente-tente heldurik eta ikusmin ukitu batekin mugituz, kantoian ezagunen batekin topatzera joango balitz bezala, istorio osoa kontatu zion; Oxfordeko abentura neska batekin; ezkontza goiztiarra; beharra; Indiarako bidaia; zenbait olerki itzuli izana «oso txukun, nire ustez», pertsiera edo hindiera irakasteko asmoak, baina zertarako? — etzanda bukatzeko, ikusi zuten bezala, belazean.

        Losintxatua sentitu zen; lehen aintzat hartu ez, eta orain arindu egin zen Ramsay andrearen hizketa salo harekin. Charles Tansley bizitu egin zen. Gainera, Ramsay andreak iradoki zuenean gizonaren adimen handia, gainbehera joan arren, eta gainera senarraren egitekoen menpe zegoela emaztea —ez zuen neska hura errudun egiten, eta ezkontza aski zoriontsua izan zen bere irudiko—, Charles Tansley inoiz baino aseago sentitu zen bere buruarekin, eta asko gustatu izango zitzaion, taxia hartu balute, adibidez, berak ordaintzea. Ramsay andrearen poltsa txiki hura, ez zion eramaten utziko? Ez, ez, esan zion, hura beti berak eramaten zuen. Egia zen. Bai, Charles Tansleyk ere sentitzen zuen. Gauza asko sentitzen zituen, eta batek asaldatu eta kordokatzen zuen bereziki, arrazoi ezezagunengatik. Asko gustatuko zitzaion Ramsay andreak unibertsitateko prozesioan ikusi balu, toga eta burukoa jantzita. Ikerlari, unibertsitateko irakasle —bere burua zernahitarako gai zekusan— baina zeri begira zegoen hura bitartean? Kartel bat eransten ari zen gizon bati. Zabaltzen ari zen orri zalapartaria, eta zipiluaren igurtzi bakoitzarekin hanka berriak, ustaiak, zaldiak azaltzen ziren, distira gorri urdinez, leuntasun ederrekoak, harik eta horma erdia zirko baten iragarkiak bete zuen arte; ehun zaldun, hogei itsas zakurren emanaldia, lehoiak, tigreak... Lepoa luzaturik, begiz labur baitzen, ozenki irakurri zuen «laster herri honetan». Izugarri arriskutsua zen gizon besobakar batentzat, oihukatu zuen Ramsay andreak, eskailera-goian horrela egotea — uzta biltzeko makina batek moztu zion ezker besoa bi urte lehenago.

        «Joan gaitezen denok!» hots egin zuen aurrera eginez, zaldizko eta zaldi guzti haiek ume asalduraz bete eta gupida ahaztarazi baliote bezala.

        «Joan gaitezen, bai», esan zuen Charles Tansleyk hitz berak errepikatuz, hain lotsati ordea, non Ramsay andreari dardara eginarazi zion. «Joan gaitezen zirkora». Ez. Ezin zuen ganoraz esan. Ezin zuen ganoraz sentitu. Baina zergatik? galdetu zion Ramsay andreak bere buruari. Zer gertatzen zitzaion? Xamurtasuna sentitu zuen une hartan harengana. Ez al zuten zirkura eraman, galdetu zion, haur denboran? Ezta inoiz ere, erantzun zuen, galdera harexen zain egon balitz bezala, azken egun guzti haietan inoiz ez zela zirkura joan esateko desiratzen egon balitz bezala. Familia ugarikoa zen, bederatzi anai-arreba, eta aita langilea; «Aita botikaria dut, andrea. Dendan aritzen da». Bere buruaren kargu egin zen hamahiru urterekin. Neguan sarritan berokirik gabe ibilia. Inoiz ezin zion eskolan «besteen txerari erantzun» (hauek izan ziren bere hitz lehor baldarrak). Gainerako jendeak halako bi iraunarazi behar izaten zien gauzei; tabakorik merkeena erretzen zuen; xehatua; agureek kaietan erre ohi zuten bera. Gogor egiten zuen lan — zazpi ordu egunean; orain zerbaitek norbaitengan zuen eraginaz ari zen hizketan — oinez jarraitzen zuten eta Ramsay andrea ez zen esanahiaz zehatz ohartu, hitz bakanak soilik, han-hemenka... disertazioa... ikerlaritza... lektoradutza... katedra. Ezin zion segitu hizkera akademiko zatar haren jario motelari, baina orain ulertzen zuen zergatik zirkura joateko kontuak gailurretik bota zuen, gizarajoa, eta zergatik ekin zion, bat-batean, aita eta ama eta anaiak eta arreben kontu guzti hari; aurrerantzean adarra jo ez ziezaioten arduratuko zen, Prueri kontatuko zion. Charles Tansley honi asko gustatuko zitzaion, pentsatu zuen Ramsay andreak, gurekin Ibsen ikustera joan zela esan ahal izatea. Sekulako ustea baitzeukan — oh bai, gogaikarri hutsa zen. Izan ere, nahiz eta herrira iritsi eta karrika nagusitik joan, non gurdiek harri potorroetan kirrikatzen zuten, hala ere hizketan jarraitzen zuen, erabakiei buruz, eta hezkuntzaz, eta langileez, eta geure mailakoei laguntzeaz, eta hitzaldiez, Ramsay andreak antzeman zion arte berreskuratu zuela lehengo konfiantza, gainditu zuela zirkuarena (orain berriro xamurtasuna sentitu zuen harengana), eta orduantxe zera esateko zorian zegoela — baina hartan, bi saihetseko etxeak ezkutatzean, kaira heldu ziren, eta badia osoa beren aurrean zabaldu eta Ramsay andreak ezin izan zion eutsi esateari, «Oh, bai ederra!» Izan ere, aurrean zeukan ur urdinaren baltsa handia; faro arrea, urrun, garratz, erdian; eta eskuinera, ikus zitekeen heinean, lausotu eta ezkutatuz, izur apal leunetan, hareazko duna berdeak basa-belar zabukariekin gainean, beti ihesi bezala, ilargiko lurralde batera, biztanlerik gabea.

        Ikusmira huraxe, esan zuen, bertan gelditu eta begiak uherturik, maite zuen bere senarrak.

        Bertan geratu zen une batez. Baina orain, esan zuen, artistez lepo zegoen. Hain zuzen ere hantxe, urrats bakar batzuetara zegoen bat, panama kapela eta bota horiz, seriosa, eztia, bere baitaratua, nahiz hamar mutiko zelatan eduki, aurpegi gorri biribilean atsegin sakona seinale zuela, eta gero, begira egon ondoren, tontor berde edo arrosa bigun batean pintzel muturra sartuz. Paunceforte jauna han zenetik, azken hiru urteetan, horrelakoak ziren koadro guztiak, esan zuen, berde eta grisak, limoi koloreko belaontziekin, eta emakume arrosekin hondartzan.

        Bere amonaren lagunek aldiz, esan zuen, pasaeran diskrezioz kirika eginez, sekulako lanak hartzen zituzten; lehenik koloreak nahastu, gero xehatu eta gero zapi bustiak gainean jarri, heze mantentzeko.

        Beraz, pentsatu zuen Tansley jaunak, Ramsay andreak nahi zuena zen berak gizon haren koadroa kaxkartzat hartzea. Horrela esaten zen? Koloreek ez zeukatela sendotasunik? Horrela esaten zen? Paseoan zehar hazten joandako emozio itzel haren eraginpean, baratzean hasia poltsa hartu nahi izan zionean, herrian handitua berari buruzko guztia esan nahi izan zionean, zertxobait okertua hasi zitzaion iruditzen bere burua eta ezagutzen zuen guztia. Izugarri arraroa zen.

        Hantxe zegoen Ramsay andrearekin joandako etxe txiki zarpailaren salan, zain, hura pixka batean emakume bat ikustera igo bitartean. Haren urrats azkarrak entzuten zituen goiko aldean; haren ahotsa entzuten zuen, argia, ondoren lodia; alfonbrei, te-ontziei, tulipei begiratu zien; artega zegoen zain; desiratzen zegoen etxeko bidea noiz hartuko, poltsa eramateko asmoz; irteten entzun zuen orduan; ate bat ixten; leihoak zabalik eta ateak itxita eduki behar zituztela esaten, joateko bere etxera ezer behar bazuten (ume batekin ari zen hizketan nonbait), halako batean sartu zen arte, pixka batean isilik (goi hartan itxurak egiten aritu ondoren lehengora itzuliko balitz bezala), pixka batean mugitu gabe zutik Garter-eko xingola urdina zeraman Victoria erreginaren koadro baten aurrean; eta bat-batean ulertu zuen halaxe zela: halaxe zen: — berak inoiz ikusitako pertsonarik ederrena zen.

        Begietan izarrak eta ilean belo haiek, ziklamenak eta basa bioletak — zer pentsatzeko modu txoroa zen hura gero? Gutxienez berrogeita hamar urte izango zituen; zortzi seme-alaben ama zen. Lore zelaietan barrena eta bularrera mimikoi hautsiak eta arkume eroriak eramanez; izarrak begietan eta haizea ilean — Poltsa hartu zion.

        «Agur, Elsie», esan zuen, eta kalean zehar joan ziren, Ramsay andrea eguzkitakoari tente eutsiz eta kantoian norbaitekin topo egitea espero balu bezala, eta Charles Tansley berriz bizitzan lehen aldiz sekulako harrotasuna sentituz; zangan aitzurrean ari zen gizon batek lanari utzi eta emakumeari begiratu zion; besoari jaisten utzi eta begiratu egin zion; Charles Tansleyk sekulako harrotasuna sentitu zuen; haizea, ziklamenak eta bioletak sentitu zituen, bizitzan lehen aldiz emakume eder baten ondoan zihoalako. Poltsa zeramakion.

 

 

2

 

        «Ez dugu farora joaterik izango, James», esan zuen Ramsay jaunak, leiho ondoan zutik, trakets hitz eginez, baina emazteaganako begiruneagatik ahotsa goxatuz, jator antza emateko.

        Gixon gorrotagarria, pentsatu zuen emazteak, zergatik jarraitzen ote du hori esaten?

 

 

3

 

        «Beharbada esnatu eta eguna eguzkitan eta txoriak kantuan aurkituko dituzu», esan zuen errukiz Ramsay andreak, semearen ilea laztanduz, zeren senarrak, ateraldi zorrotz harekin, alegia ez zuela ona egingo, itxaropenak zapuztu baitzizkion Jamesi, ondo jabetzen zen bera. Farora joatea pasio bat zen Jamesentzat, hala jabetu zen, eta ondoren, senarrak aski esan ez balu bezala ateraldi zorrotz harekin, alegia biharamunean ez zuela ona egingo, gixon gorrotagarri hark berriro igurzten zion kontu hura muturretan.

        «Beharbada ona egingo du bihar», esan zion amak, ilea laztanduz.

        Berak orain egin zezakeen bakarra zen hozkailuari mirespenez begiratzea, eta Stores zerrendako orriak pasatzea eskuarea-edo belarra ebakitzekoa-edo aurkitzeko esperantzan, ezten eta girten haiek trebetasun eta kontu handia eskatzen baitzuten guraizeekin mozteko. Mutil gazte haiek denak senarraren parodia ari ziren egiten, pentsatu zuen; honek euria egingo zuela; haiek berriz berebiziko erauntsia izango zela.

        Baina honetan, orria pasatzean, eskuare edo belarra ebakitzeko baten irudia bilatzeko bere lanak eten egin ziren. Zurrumurru elkor hura, ahoko pipen sartu-atereak irregularki hautsia, gizonak hizketan pozik ari ziren adierazle, nahiz haiek ziotena entzun ez (leihoan baitzegoen bera eserita); soinu hura, ordu erdiz iraun eta emeki pausatu zena bere buru gaina zapaltzen zuten soinuen eskalan, hala nola piloten kolpea bateen kontra, edo cricketean jolasten ari diren umeen aldian behingo garrasi zorrotz azkarra «Jotzailea kanpo! Jotzailea kanpo!», isildu egin zen; eta hala, soinu hark, areago zirudien olatuen etorrera monotonoa hondartzara, gehienetan bere pentsamenduei tarrapata konpasatu eta lasaigarri bat txertatzen ziena, eta seme-alabekin eserita zegoenean sehaska kanta baten hitzak, naturak murmurikatuak, «Zu zaintzen nago, zure euskarria naiz» kontsolamendu moduan behin eta berriro errepikatzen zituela, baina beste zenbaitetan, bat-batean eta ustekabe, batez ere eskuarteko lanetik burua zertxobait altxatzean, soinu hark ez zeukan hain zentzu atsegina, aitzitik, parte gaiztoko danbor errepika baten antzera bizitzaren neurria markatzen zuen gupidarik gabe, inori gogora ekarriz irlaren suntsipena eta itsasoan hondoratzea, eta eguna huskeriatan jardun zuenari abisatzera zetorren, dena Erromako zubia bezain galkorra zela — soinu hark, beste soinuen azpian ilundua eta gordea egonak, bat-batean durundi hots lodi bat jo zuen bere belarrietan, eta izuzko zarrada batekin begirarazi zion goialdera.

        Hitz egiteari utzi zioten; hori zen esplikazio bakarra. Bere buruaz nagusitutako estutasun hartatik segundo batean igaroz beste mutur hotz, dibertitu eta baita maltzur samar hartara ere, nolahalako ordaina bere alferrikako emozio jario harengatik, Charles Tansley gizarajoa baztertua izan zela atera zuen ondorio. Gutxi axola. Senarrak sakrifizioak behar bazituen (hala behar baitzituen) atseginez oparitzen zion Charles Tansley, mutikoa mindu zuena.

        Beste pixka batean egon zen aditzen, burua altxatuta, itxoiten bezala ohiko soinuren bati, soinu mekaniko erregularren bati; eta orduan, lorategian hasitako zerbait erritmikoa aditu zuenean, erdi hitz egina erdi kantatua, senarra terrazan gora eta behera zebilen bitartean, makakorroa eta kantaren arteko zerbait, berriro lasaitu zen, dena ostera ongi zegoen segurantziarekin, eta belaunean zeukan katalogoari begiratuz sei ahoko labana baten irudia aurkitu zuen, Jamesek kontu handiz bakarrik ebakitzeko modukoa.

        Bat-batean garrasi ozen bat zabaldu zen, erdi esnatutako sonanbulu batena bezalakoa

 

Su eta gar ekinda

 

antzeko zerbait aditu zuen bere belarrian indarrik handienarekin, kezkaturik burua itzularaziz, inork hari aditu ote zion begiratzeko. Lily Briscoek bakarrik, poztu zen; eta honengatik ez zitzaion axola. Baina neskatxaren imajinak, belardi ertzean zutik pintaketan, gogora ekarri zion; ahalik eta geldiena eduki behar zuen burua, Lily pintatzen ari zen koadrorako. Lilyren koadroa! Ramsay andreak barre egin zuen. Begi txinatar txiki haiek eta aurpegi ximur harekin ez zen inoiz ezkonduko; pintaketa hura ez zen oso aintzakotzat hartzekoa; baina umetxoa bere buruaren jabe zen, Ramsay andreak begiko zuen horregatik, eta hala, emandako hitzaz oroitu eta burua saihestu zuen.

 

 

4

 

        Gutxigatik ez zion astoa irauli, eskuak astinduz azaldu zenean, «Zaldiz aurrera eginda» oihuka, baina, zorionez, agudo jiratu eta jarraitu zuen zaldiz, ustez behintzat lorioski hiltzera Balaclavako gainetan. Behin ere ez zen inor, aldi berean, hain barregarri eta zalapartari izan. Baina hark hala jarraitu bitartean, eskuak astinduz eta oihuka, bera seguru zegoen; ez zen bertan geldituko bere koadroari begira. Horixe baitzen Lily Briscoek eraman ezingo zuena. Baita begiratzen zionean masari, lerroei, koloreari, leihoan Jamesekin eserita zegoen Ramsay andreari, orduan ere antena bat edukitzen zuen bere inguruan zabaldua, badaezpada, norbait ezkutuan hurbildu eta bat-batean bere koadroari begira ez ikusteko. Baina oraingoan, zentzu guztiak hain zorrotz, so eginez, grinati, hormaren eta atzeko klematideen koloreak begietan erre zioten arte, konturatu egin zen norbait zetorrela etxetik, beragana zetorrela; baina nola hala, ibileragatik, igarri egin zuen William Bankes zela, eta orduan bere pintzelak dardara egin zuen, eta Tansley jauna, Paul Rayley, Minta Doyle edo beste nornahi izan balitz egingo zuen moduan, ez zuen oihala belar aldera jiratu, baizik bertan utzi.

        Gela bana zeukaten herrian hartua, eta hala, sar-ateran, berandu zebiltzalarik elkarri ate aurrean agur esaterakoan, kontu hutsalak esan ohi zizkioten elkarri, zopari buruz, umeei buruz, honetaz eta hartaz, eta horrek kideko egin zituen; eta hala, ondoan geratu zitzaionean epaile jarrera harekin (bere aita izateko ere nahikoa adina zeukan, botanikoa, alarguna, xaboi usainduna, oso eskrupulotsu eta garbia), bera ere mugitu gabe geratu zen. Hura bezalaxe. Oinetako apartak zeramazkiela aipatu zion Williamek. Berezko zabalera eskaintzen zieten behatzei. Etxe berean zeukatenez ostatu, bera ere jabetu zen zer metodikoa zen Lily, gosalaurretik jaiki eta han joaten zen pintatzera, ustez bakar-bakarrik: segur aski pobrea, eta Miss Doyleren izaera edo xarmarik gabea, noski, baina zentzuduna, horrek, bere gusturako behintzat, beste andereño gazte haren gainetik jartzen zuelarik. Orain konparazio batera, seguru zegoen: Ramsay beraiengana oldartu zenean, oihuka, imintzioka, Miss Briscoek ongi ulertu zuen.

 

Hutsa egin zuen norbaitek.

 

        Ramsay jaunak begiratu egin zien. Begiratu egin zien batere ikusiko ez balitu bezala. Horrek ezinegon apur bat sortu zien biei. Ikusi ez beharreko zerbait ikusi zuten. Beste norbaiten esparruan sartu ziren. Hala, pentsatu zuen Lilyk, segur aski aitzakia bat izan zen handik joateko, entzumenetik urruntzeko, Bankes jaunari berehala esanarazi ziona fresko egiten zuela eta paseatzeko eskaintza bati buruz zer edo zer. Bera ere joango zen, bai. Baina nekez baztertu zituen begiak koadrotik.

        Klematidea bioleta distiratsua zen; horma berriz zuri nabarmena. Horrela ikusten zituenez ez zitzaion ondratua iruditzen bioleta distiratsua eta zuri nabarmena lardaskatzea, nahiz eta modan egon, Paunceforte jaunaren bisita ezgero, dena zurbil, apain, erdi garden ikustea. Gainera, kolorearen azpian forma zegoen. Dena ikus zezakeen ezin argiago, ezin gailenago, begiratzen zuenean: baina pintzela eskuetan hartu orduko aldatzen zen guztia. Irudia eta oihalaren artean zegoen momentu hartako hegalaldian erasotzen zioten deabruek, sarritan negar egiteko zorian jarriz eta ideiatik lanera bitarteko pasabide hura ume batentzako pasabide ilun bat bezain beldurgarri bihurtuz. Horrela sentitzen zen askotan — izugarrizko etsaien kontra borrokan, adoreari eusteko; esan ahal izateko: «Baina hau da ikusten dudana; hau da ikusten dudana», eta hala bere bisionearen hondar eskasen bat bere bularrean eransteko, nahiz milaka indarrek kosta ahala kosta erauzi nahi zioten. Eta orduan, bide fresko eta haizetsu hartan, pintatzen hasi zenean, abaildu zitzaizkion gainera beste gauza haiek, bere gaitasun eza, bere hutsaltasuna, Brompton Roaden ondoan bizi zen aitari etxea zaindu beharra, eta lan handiak zeuzkan bere burua kontrolatzeko (Jainkoari eskerrak ordura arte eutsi ahal izan zion) Ramsay andrearen aurrean belauniko jartzetik eta esatetik — baina zer esan ziezaiokeen? «Maitemindua nago zurekin?» Ez, hori ez zen egia. «Maitemindua nago guzti honekin», eskua luzatuz hesiari, etxeari, umeei? Ez zuen zentzurik, ez zen posible. Ez zegoen esaterik benetan uste zena. Orain beraz pintzelak kutxatilan txukun sartu, bata bestearekin, eta William Bankesi esan zion:

        «Hoztutzen ari du bat-batean. Eguzkiaren beroa gutxituz doala dirudi», esan zuen ingurura begira, artean argi aski baitzegoen, belarra artean berdetasun trinko leunekoa, etxearen berdetasuna pasio lore purpurez izarreztatua, eta beleak orro hotzak jalkiz goiko alde urdinetik. Baina han bazebilen zerbait, distiratzen, airean zilarrezko hego bat astintzen. Iraila zen azken batean, irailaren erdialdea, eta arratsaldeko seiak pasatuta. Han joan ziren beraz lorategian behera betiko norabidean, tenis zelaitik aurrera, panpako belarretik aurrera, hesi estuko ataka hartaraino, surtako ikatz txingarren antzeko su-galda loreek zaindua, haien artetik badiako ur urdinek inoiz baino urdinago ematen zutelarik.

        Beharren batek bultzatuta joan ohi ziren haraino arratsaldero. Bazirudien urak oroitzapenak azaleratu eta nabigatzen jartzen zituela, ordura arte lehorrean estankaturik egonak, eta beren gorputzei arinaldi fisiko antzeko bat ematen ziela. Lehenik, koloreen taupadek badia urdinez gainezkatu eta bihotza zabaldu egiten zen horrekin, eta gorputza igeri hasten, harik eta hurrengo istantean bertan gelditu eta izozten zen arte olatu harroen belztasun arantzadunagatik. Ondoren, atzeko harkaitz beltz handian gora, ia arratsaldero zutitzen zen irregularki, hartara talaian egotera behartuz eta gozamen handia eraginez azaltzen zenean, ur zuriko sorburu bat; eta orduan, horren zain egon bitartean ikusten zen, olatuak joan olatuak etorri, hondartza erdi borobil zuriztan behin eta berriro nakarrezko mintz bat emeki isurtzen.

        Biak zeuden irribarretsu, bertan zutik. Biek sentitzen zuten poztasun bera, olatuen mugimenduak piztua; eta geroago baita belaontzi baten lasterketa zorrotzak piztua ere, badian arku bat xerratu ondoren geldituz; eta dardara eginez; eta belari jaisten utziz; eta gero, irudia osatzeko senez, mugimendu azkar honen ondoren, biek begiratu zuten urrutiko dunetara, eta bozkarioaren ordez tristura sentitu zuten beren gainera jausten — aldez gauza hura jadanik osatua zegoelako, eta aldez badirudielako urrutiko ikuskizunak (pentsatu zuen Lilyk) begiralea baino milioi bat urte gehiago biziko direla, eta jadanik bat eginda daudela zeruarekin, honek zeharoko atsedenean kontenplatzen duelarik lurra.

        Hondarrezko muino urrunei begira, Ramsayrekin gogoratu zen William Bankes: Westmorlandeko bide batekin gogoratu zen, Ramsayrekin gogoratu zen, nola joaten zen bidean bere gisa, berezkoa zirudien bakardade giro hartan bildua. Baina bat-batean eten egin zen hau, William Bankesi gogora etorri baitzitzaion (eta benetako gertakariren batekin eduki behar zuen honek zerikusia) oilo bat, txita talde bat babesteko hegoak zabaldurik, eta orduan Ramsay gelditu, bastoiarekin seinalatu, eta «Politta-politta» esan zuen, hura Bankesi argi printza bakan bat iruditu zitzaion, haren lainotasuna eta gauza xeheekiko zuen errukiaren erakusle; baina beren adiskidantza bukatu egin zela uste izan zuen, hantxe, bide bazter hartan. Gerora, Ramsay ezkondu egin zen. Gerora, bata zela eta bestea zela, galdu egin zen adiskidantza haren muina. Ezin esan noren errua izan zen, baina, handik gutxira, errepikak hartu zion berritasunari leku. Errepikarako elkartzen ziren. Baina hareazko dunekiko solas mutu hartan aldarrikatu zuen ez zela batere gutxitu Ramsayganako bere begikotasuna; aitzitik, hantxe zegoen, mende oso batez turba gainean egondako gizon gazte baten gorpua bezala, freskotasun gorria ezpainetan, hantxe zegoen bere adiskidantza, garratz bezain zinezko, hareazko muinoen artean badiaren zabalera guztian etzanda.

        Kezkatuta zegoen adiskidantza honengatik, eta agian ere, bere burua zuritzeko lehortu eta ihartu egin zeneko salaketaz —zeren Ramsay ume arteko nahaspila batean bizi baitzen, eta bera berriz seme-alabarik gabe eta alargun— kezkatuta zegoen Lily Briscoek gutxietsi ez zezan Ramsay (gizon bikaina, bitxi samarra izanagatik), eta uler zezan nola zeuden bien arteko gauzak. Aspaldi jaio ondoren, beren adiskidantza makaldu egin zen Westmorlandeko bide batean, non oiloak hegoak zabaldu zituen txiten aurrean; ondoren Ramsay ezkondu, eta beren bideek norako desberdina izan zutenez, joera zegoen, ez zen noski inoren errua, elkartzen zirenero gauzak errepikatzeko.

        Bai. Hori zen. Kito. Ikusmira hartatik jiratu zen. Eta buelta emanez beste aldetik joateko, paseoan zehar, Bankes jauna zenbait gauzetaz ohartu zen, bestela atentzioa deituko ez ziotenak, baldin eta hareazko muino haiek erakutsi ez baliote bere adiskidantzaren gorpua turba gainean etzanda, gorritasun harekin ezpainetan — esate baterako Cam, neskatoa, Ramsayren alaba gazteena. Latxortenak ari zen maldan biltzen. Basatia eta elkorra zen. Ez zion «gizonari lore bat» eman nahi, inudeak esan bezala. Ez! Ez! Ez! Ez zuen nahi! Ukabilak estutu zituen. Ostikoz jo zuen lurra. Eta Bankes jauna zahartua eta goibeldua sentitu zen, eta ume hark nola hala errudun sentiarazi zuen adiskidantza harengatik. Bera, nonbait, lehortua eta ihartua zegoen.

        Ramsaytarrak ez ziren aberatsak, eta miresgarria zen nola iristen ziren denera. Zortzi seme-alaba! Zortzi seme-alabei filosofiaren bidez jaten ematea! Hemen zegoen beste bat, oraingoan Jasper, handik barrena, txoriei tiroz jotzera omen, axolarik gabe, pasaeran Lilyren eskuari ur-bonba girten bati bezala eraginez, eta horrek Bankes jaunari saminki esanarazi zion denak Lilyren zale zirela. Heziketa ere hartu behar zen kontutan (egia, Ramsay andreak ere agian bazuen zer edo zer bere aldetik), eta urradurei buruz zer esanik ez, makina bat arropa, oinetako eta galtzerdi beharko baitzuten «gazte jator» haiek, denak koxkortuak, mardul eta ankerrak. Bakoitza zein zen edo zein ordenetan zetozen, ez zen esateko gai. Bere artean, Ingalaterrako Errege-Erreginen arabera deitzen zien: Cam Zitala, James Ankerra, Andrew Zuzena, Prue Ederra —zeren Prue lerdena izango baitzen, ez zegoen hori ebitatzerik— eta Andrew azkarra. Paseoan zehar, eta Lily Briscoek baietz eta ezetz esan eta bere oharrak osatu bitartean (Lily maitemindua baitzegoen denekin, mundu honekin maitemindua) Ramsayren kasua aztertzen zuen, erruki zion, inbidia zion, hura ikusi balu bezala gaztetan koroatzen zuten bakardade eta garraztasunaren loria guzti haietatik eranzten, ondoren bere buruari enbarazua sortzeko hegoen zalaparta eta etxeko lokaldiekin. Zer edo zer ere bereganatu zuen — aitortzen zuen, bai, William Bankesek; atsegina izango zen Camek berari paparrean lorea jarri balio edo sorbaldan gora igo balitzaio, aitari bezala, Vesuvioaren leherketa erakusten zuen irudi bati begiratzeko; baina hauek zerbait suntsitu zioten ere, hori antzematen zuten aspaldiko lagunek. Zer pentsatuko luke orain arrotz batek? Zer pentsatzen zuen Lily Briscoe honek? Nola ez antzeman ohiturak ari zela hartzen? Baita bitxikeriak ere, ahultasunak agian? Harrigarria zen adimen hartako gizona hain behera makurtu izana —baina oso esaldi gogorra zen hori— horrenbesteraino egotea inoren lausenguen peskizan.

        «Oh, baina...» esan zuen Lilyk, «har ezazu bere lana kontutan».

        Lilyk «bere lana kontutan» hartzen zuenero, sukaldeko mahai handi bat ikusten zuen aurrez aurre. Andrewren kulpa zen. Behin honi galdetu zion ea zertaz ziren aitaren liburuak. «Sujetoa eta objektua eta errealitatearen izaera», erantzun zion Andrewk. Eta berak orduan Ene bada esan zuenean, ez zekiela zer esan nahi zuen horrek, «imajina ezazu sukaldeko mahai bat», erantzun zion Andrewk berriro, «bertan ez zaudenean».

        Hala, Lilyk Ramsay jaunaren lanean pentsatzen zuenero beti ikusten zuen sukaldeko mahai fregatu bat. Udareondo baten adar artean ageri zen oraintxe, baratzeraino iritsiak baitziren. Eta kontzentratzeko ahalegin mingarri batekin bere gogoa enfokatu zuen, ez arbolaren azalera, zilarrezko kozkorduna, edo arrain itxurako hostoetara, baizik eta sukaldeko mahai fantasma batera, egurrezko mahai fregatu horietako batera, pinporta eta korapiloduna, besoko giharren urtetako sasoiagatik soilduak geratu izana dutelarik bertute bakarra, hantxe erantsita, lau hankak goratuta. Jakina, norbaitek egunak igaroez gero honelako izaki kantoidunei begira, ilunabar guztien hodei flamingoak eta urdina eta zilarra mugatuz lau hankako pinuzko mahai batera, jakina ez zegoela norbait hori beste edonoren antzera epaitzerik.

        Bankes jaunak gogoko zuen Lily, «haren lana kontutan hartzea» eskatzen ziolako. Hartua zuen kontutan, sarri askotan. Ezin konta ahala bider esan zuen, «lanik onena berrogei urteak baino lehen egiten duten gizon horietakoa da Ramsay». Hogeita bost urte besterik ez zituenean kontribuzio sendoa egin zuen filosofia arloan liburu txiki batekin; handik aurrerakoa, gutxi gorabehera, zabalpena izan zen, errepika. Baina oso txikia da edonolako kontribuzio sendoa egiten duten gizonen kopurua, esan zuen udareondoaren alboan geldituz, txukun asko, zehaztasun eskrupulotsuz, fintasun osoko epailea. Bat-batean, haren eskuko mugimenduak askatuta bezala, hari buruz Lilyk pilatua zeukan inpresioen zama okertu eta goitik behera jausi zen ibaika. Hori izan zen sentsazio bat. Ondoren, ke artean altxatu zen haren izaeraren funtsa. Hori izan zen bestea. Transfiguraturik sentitu zen bere pertzepzioaren intentsitatearekin; haren gogortasuna zen; haren ontasuna. Errespetu handia diot (mintzatu zitzaion isilka) zure atomo bakoitzari; ez zara harroa; erabat inpertsonala zara; Ramsay jauna baino jatorragoa zara; ezagutzen dudan gizasemerik jatorrena zara; ez daukazu ez emazte eta ez haurrik (inolako sentimendu sexualik gabe, Bankes jaunaren bakardade hura besarkatu nahi zuen), zientziari emana bizi zara (nahi gabe, patata xerrak azaldu zitzaizkion begi aurrean); edozein laudorio iraina da zuretzat; gizon eskuzabal, bihotz garbi, heroikoa! Baina aldi berean, gogoratu zitzaion morroi bat ekarri zuela haraino; ez zituela zakurrak aulki gainetan ametitzen; ordutan jarduten zuela hizketan (Ramsay jaunak atea danbateko batekin itxiz joan arte) barazkientzako gatza eta sukaldari ingelesen maltzurkeriari buruz.

        Zer irteten zen guzti honetatik? Nola epaitu jendea, iritzia osatu? Nola elkartu bata eta bestea, eta onespena ala gaitzespena atera ondoriotzat? Eta, azken batean, zer esanahi egokitu hitz horiei? Orain, zutik, itxuraz transfiguratua, udareondoaren alboan, bi gizon haien inpresioak zetozkion barra-barra, eta bere pentsamenduari segitzea zen arkatzez hartzeko arinegia den ahots bati segitzea bezala, eta ahots hura bere baitakoa zen, beste inoren eraginik gabe gauza ukaezinak, eternalak, elkarren kontrakoak esaten ari zena, hartara udareondoaren azaleko pitzadura eta kozkorrak ere eternitate osorako derrigorrez bertan itsatsiak geratzen zirelarik. Zuk handitasuna daukazu, jarraitu zuen, baina Ramsay jaunak batere ez. Ziztrina da, berekoia, harroa, egozentrikoa; gaizki ohitua dago; tiranoa da; Ramsay andrea latz oinazetzen du; baina zuk ez daukazuna (mintzatu zitzaion Bankes jaunari) dauka berak: izpiritualtasun basatia; ez daki ezer huskeriez; zakurrak eta seme-alabak maite ditu. Zortzi dauzka. Zuk bakar bat ere ez. Ez al zen lehengo gauean jaitsi bi berokitan bildua Ramsay andreak ilea budin formarekin moztu ziezaion? Hau dena gora eta behera zebilen dantzan, euli konpainia bat bezala, zein bere aldetik, baina denak ederki kontrolatuak sare elastiko ikusiezin batean — gora eta behera dantzan Lilyren gogoan, udareondoko adar batetik bestera, non artean zintzilik baitzegoen sukaldeko mahai fregatuaren efigiea, Ramsay jaunaren adimenari zion errespetu sakonaren sinboloa, harik eta bere pentsamendua, gero eta jira-bira bizkorragoen poderioz, intentsitate harengatixe lehertu zen arte; askaturik sentitu zen; tiro bat entzun zen handik hurbil, eta han etorri zen, perdigoiei ihesi, izuturik, asaldatuak, istiluan, zozo saldo bat hegan.

        «Jasper!» esan zuen Bankes jaunak. Zozoek hegaz etorritako bidea hartu zuten, terrazan barrena. Zeruan sakabanatzen ari ziren txori haiei jarraituz, hesi altua zeharkatu eta Ramsay jaunarekin egin zuten topo, tragikotasunez ozenki esaka, «Hutsa egin zuen norbaitek!»

        Honen begiak, zirrararekin kristalduak, intentsitate tragikoz desafiakor, haienekin elkartu ziren segundo basez, eta dardara egin zuten ezagupenaren atarian; baina orduan, aurpegiaren erdibidera eskua altxatuz haien begirada normala baztertzeko, ezabatzeko bezala, lotsa setati batekin agonian, erregutuko balie bezala pixka batean eusteko berak ebitaezina zela zekien hari, eten zutelako zeukan sumindura xaloaz jabe zitezen nahiko balu bezala, nahiz eta aurkitu zutenean bere burua sustraitik ateratzen ez utzi, baizik eta gogor heltzeko asmoa eduki zirrara goxo haren zerbaiti, rapsodia likits hari, lotsagarria iruditu baina aldi berean amets eginarazten ziona — zakar jiratu zen, aurrean itxi zien bere ate pribatua; eta, Lily Briscoe eta Bankes jauna, enbarazuz zerura begira, konturatu ziren Jasperek eskopetaz uxatutako zozo saldoa makalen gailurretan pausatu zela.

 

 

5

 

        «Eta bihar eguraldi onik egiten ez badu», esan zuen Ramsay andreak, begiak altxatuz William Bankes eta Lily Briscoeri so egiteko handik pasatzen ziren unean, «beste noizbait izango da. Ea orain», esan zuen, pentsatuz Lilyren xarma begi txinatar haiek zirela, bere aurpegitxo zuri ximur hartan zeharka jarriak, baina azkarra izan behar zen hartaz jabetzeko, «ea orain zutitu, utzidazu hanka neurtzen», azkenean beharbada farora joango baitziren, eta ikusi egin nahi zuen galtzerdiak pittin bat luzeagoa izan behar ote zuen.

        Irribarrez, zeren orduantxe ideia zoragarri batek argitu baitzion gogoa —William eta Lilyk elkarrekin ezkondu behar lukete— txilar koloreko galtzerdia hartu, zuloan altzairuzko orratzak gurutzaturik, eta Jamesen hankaren ondoan neurtu zuen.

        «Egon geldirik, maitea», esan zuen, farozainaren semearentzat neurtzeko tresna bat izan nahi ez eta bere tema hartan James propio mugitzen baitzen; eta hartara nola ikusi luzeegia ala motzegia zen? galdetu zuen Ramsay andreak.

        Gora begiratu zuen —zer deabru zeukan barruan bere semetxoak, bere kuttunak?— eta koartoa ikusi zuen, aulkiak ikusi zituen, izugarri narras ematen zuten. Haien erraiak, Andrewk lehengoan esan bezala, lurrean botata zeuden; baina zer zentzu zeukan aulki onak erosteak, galdetu zion Ramsay andreak bere buruari, zer eta bertan hondatzen uzteko negu osoan, etxeari hezetasuna zerionean, edadeko emakume bakar batek zainduta? Berdin zion: hutsaren hurrengoa zen errenta; umeek oso gustukoa zuten; senarrari mesede egiten zion liburutegi, hitzaldi eta ikasleengandik hiru mila miliatara egoteak, edo zehatzago esanez hirurehunera; eta leku aski zegoen bisitentzat. Esterak, ohe tolesgarriak, aulki eta mahaien hondar zarpailak, Londresen beren buruak ongi pagatutakoak — hainbestean zetozen honako; eta argazki bat edo beste, eta liburuak. Liburuak, pentsatu zuen, beren kabuz ugaltzen ziren. Inoiz ez zeukan haiek irakurtzeko betarik. Ai! berari emandako liburuak ere, poetak berak izenpetuak: «Bere desirak agindu diren honentzat» ... «Gure aroko Helena zoriontsuarentzat» ... lotsagarria zen esatea, irakurri gabe zeuzkan. Eta Adimenari buruzko Croomena eta Polinesiako Ohitura Basatiei buruzko Batesena («Egon geldirik, maitea», esan zuen) — ezin zuen haietako bakar bat ere farora bidali. Noizbait etxea zeharo narrastu eta zerbait egin beharko zen, noski. Irakatsi ahal balitzaie oinak garbitzen, harea etxe barrura ekarri gabe — alde ederra litzateke. Ametitu beharra zeukan Andrewk karramarroak disekatu nahi izatea, eta Jasperek algekin zopa egin zitekeela uste bazuen, ezin galarazi: edo Rosen objektuak — maskorrak, kainaberak, harriak; denek zuten talentua, bere umeek, baina bakoitzak bere moduan. Eta horren ondorioz, hasperen egin zuen gela osoari zorutik sabairaino so eginez, galtzerdia Jamesen hanka parean zeukan bitartean, gauzak gero eta narrasago zeuden, uda joan eta uda etorri. Estera marzte;: ari zen; hormako papera laxatzen. Jadanik ez zegoen antzematerik gainekoak arrosak zirenik. Baina noski, etxe bateko ate guztiak zabalik uzten badira beti, eta Eskozia osoan ez badago sarraila-zalerik krisket bat konpon dezakeenik, gauzek hondatu beharra daukate. Zertarako bota katxemirazko txal berdea koadro baten marko gainean? Bi asteren buruan ilar-zoparen kolorea leukake. Baina bera ateekin amorrarazten zen; ate guztiak uzten zituzten zabalik. Entzuten jarri zen. Saloiko atea zabalik zegoen; halleko atea zabalik; bazirudien logeletako ateak zabalik zeudela; eta eskailerarteko leihoa zabalik zegoen noski, berak ireki baitzuen hura. Leihoek zabalik eta ateek itxita egon behar zutela — hain erraza izan eta, ezin al zuten gogoan hartu? Gauez neskameen logeletara joan eta labe-zuloak bezala aurkitzen zituen itxita. Marierena izan ezik, neska suitzarra, bainua lehenago utziko zuena aire freskoa baino, baina han etxean, esan zuen honek, «mendiak hain dira ederrak». Aurreko gauean esan zuen hori malkoekin begietan, leihotik begira. «Mendiak hain dira ederrak». Han ari zen bere aita hiltzen, bazekien Ramsay andreak. Umezurtz utziko zituen. Errietan eta erakusten ari zitzaion bitartean (nola egin ohea, nola ireki leihoa, emakume frantses batek bezala eskuak itxi eta zabalduz), neskak bat-batean hitz egin eta dena bere inguruan bil-bil egin zen emeki, hala nola eguzkitan hegatu ondoren txoriaren hegoak emeki biltzen diren eta bere lumajearen urdintasuna altzairu distiratsutik purpura leunera aldatzen den. Bera berriz isilik geratu zen, zer esanik ezean. Aitak eztarriko minbizia zeukan. Gogora etorri zitzaionean — nola geratu zen neskamea bertan, nola esan zuen «Etxean mendiak hain dira ederrak», eta itxaropenik ez, batere itxaropenik ez, amorraziozko dardarizo bat antzeman zuen eta zorrotz hitz eginez esan zion Jamesi:

        «Egon geldirik. Ez gogaitu», eta semeak berehala antzeman zuen tinkotasun hura benetakoa zela, eta hanka luzatu zuen neurtu ahal ziezaion.

        Galtzerdia motzegia zen behatz erdi batengatik gutxienez, kontutan harturik ere Sorleyren mutikoa ez zegoela James bezain koxkortua.

        «Motzegia da», esan zuen, «askogatik da motzegia».

        Inork ez zuen behin ere hain itxura tristea eduki. Samin eta beltz, ilunpetan, eguzkitatik osin-zulora zihoan argizko adar haren erdibidean, agian malko bat sortu zen; malko bat erori zen; urak batera eta bestera harrotu, malkoa jaso, eta atsedenean geratu ziren. Inork ez zuen behin ere hain itxura tristea eduki.

        Baina Ramsay andrearena itxura hutsa al zen? zioen jendeak. Zer zegoen atzean — edertasun haren, oparotasun haren atzean? Bere burua tiroz jota garbitu ote zuen, galdetzen zuten, ezkondu aurreko astean hil ote zen — lehenagoko beste maitale hura, zurrumurruek aipatzen zutena? Edo ez ote zegoen ezer? edertasun paregabe hura besterik ez, bera harexen atzean bizi zelarik, eta okertu ezin zuena? Izan ere, nahiz intimitatezko momenturen batean, pasio handiak, ezinezko amodioak, zapuztutako handinahien kontakizunen aurrean aise asko esan ahal izango zuen berak ere ezagutu, sentitu edo pairatu zuela, ez zuen inoiz txintik atera. Beti egon zen isilik. Berak bazekien — ikasi gabe zekien. Bere soiltasunak igarri egiten zion jende azkarraren faltsukeriari. Bere tinkotasunak harria bezain sendo erorarazi, txoria bezain zehatz pausarazi, eta gaitasuna ematen zion egiari naturaltasunez ekin eta atxikitzeko, besteak gozatuz, arinduz, babestuz — faltsuki agian.

        («Naturak buztin gutxi dauka», esan zion behin Bankes jaunak, zeharo hunkitua bere ahotsa entzun zuenean telefonoz, nahiz eta tren bati buruz ari zitzaion hizketan, «zu osatzeko erabili zuen borren antzekorik». Linearen beste aldean ikusten zuen Ramsay andrea, greziarra, begi-urdina, sudur zuzena. Zentzugabea ematen zuen horrelako emakumeari telefonoz hots egitea. Bazirudien Graziek asfodelo soro batean bildu eta elkarri eskua eman ziotela, aurpegi hura sortzeko. Bai, hamar t'erditakoa hartuko zuen Eustonen.

        «Baina ume bat baino gutxiago jabetzen da bere edertasunaz» esan zuen Bankes jaunak, entzungailua eseki eta gela zeharkatuz, ahalik eta ikusteko zer aurrerapen egin zuten etxe atzean hotela eraikitzen ari ziren langileek. Eta bukatu gabeko hormen arteko joan-etorri hari begira, Ramsay andreagan pentsatu zuen. Izan ere, pentsatu zuen, beti tartekatzen zen zerbait desegokia haren aurpegiko harmonian. Ehiztari kapela eramaten zuen soinean; botak jantzita joaten zen belardian barrena korrika, ume bat arriskutik salbatzeko. Hala, haren edertasunean bakarrik pentsatuez gero, gogoratu beharra zegoen zera dardarati, zera bizi hartaz (begiratzen zien bitartean, adreiluak ari ziren garraiatzen ohol txiki batean gora), eta irudi hartan tartekatu; edo soilik emakume gisa pentsatuez gero harengan, idiosinkrasiako bitxikeria bati egotzi behar zitzaion hori; edo bestela suposatu desira ezkuturen bat zeukala bere erregina-itxuraz biluzteko, aspertua balego bezala bere edertasunarekin eta gizonezkoek edertasunaz zioten guztiarekin, eta beste gainontzekoak bezalakoxea izan nahi balu bezala, hutsala. Auskalo. Auskalo. Lanera joan behar zuen).

        Galtzerdi marroi gorrizta iletsu hura puntuz egiten, burua urrezko markoan zentzurik gabe inguratua, txal berdea botata marko izkinara eta Michael Angeloren maisulan benetako aitortuaren gainera, Ramsay andreak lehenxeagoko bere jarrera zakarra goxatu, burua jaso eta muxu eman zion semeari kopetan. «Bila dezagun mozteko beste irudi bat», esan zion.

 

 

6

 

        Baina zer gertatu zen?

        Hutsa egin zuen norbaitek.

        Hausnarketatik esnatuz, denbora askoan bere gogoan esanahi gabetzat edukitako hitzei esanahia eman zien. «Hutsa egin zuen norbaitek» — Ondora zetorkion senarragan josiz bere begi miopeak, adi-adi begiratu zion, harik eta hurbiltzean konturatu arte (lelo hark gorputz hartu zuen bere buruan) zerbait gertatu zela, hutsa egin zuela norbaitek. Baina inondik inora ezin igarri zer ote zen.

        Ramsay jaunak dardara egin zuen; ikara egin zuen. Bere harrotasun guztia, bere handitasunarekin zeukan gozamen guztia, tximista bezala zaldiz, heriotzaren haranean barrena bezala bere gizonen buruzagi, den-dena erraustu, suntsitu zen. Sua eta kea zeriola, zaldi gainean ausart, ziztu bizian heriotza-haranean barrena, erauntsi eta tximista — zuzenean Lily Briscoe eta William Bankes zeudeneraino. Ramsay jaunak dardara egin zuen; ikara egin zuen.

        Inolaz ere ez zion senarrari hitz egingo, jabetzen baitzen, aztarna ezagun haietatik, begi saihestuak eta bere baitan biltzeko joera berezi harengatik, bere burua tolestu eta bakardadea behar balu bezala bere oreka berreskuratzeko, mindua eta ezinez zegoela. Ramsay andreak burua laztandu zion Jamesi; honengana zuzendu zuen senarragatik sentitzen zuena, eta hau Army and Navy Stores katalogoko gizon baten etiketazko alkandora zuria horiz nola pintatzen zuen begira zegoen bitartean, burura etorri zitzaion zenbat poztuko zen, semea artista iaio bihurtuez gero; zergatik ez? Bekoki ederra zeukan. Orduan, senarra berriro ondotik igaro zenean, gora begiratu eta lasaitu egin zen hondamena ezkutatua ikusirik; etxekoitasuna garaile; usadioak bere erritmo barea xaramelatu zuen, eta hala, berriro itzultzerakoan leiho ondoan propio gelditu eta Jamesek agerian zeukan belauna zerbaiten adaxkarekin kilimatzeko makurtu zenean, apetatsu eta isekati, emazteak purrust egin zion «gazte gizarajo hura», Charles Tansley, ondotik bidali zuelako. Baina Tansleyk bere gelara joan behar izan omen zuen, tesi doktorala idazteko.

        «Hauetako egunen batean Jamesek ere idatzi beharko du bere tesi doktorala», gaineratu zuen ironikoki, txotxari eraginez.

        Aita gorrotatuz, Jamesek baztertu egin zuen kilimatzeko txotx hura, harekintxe zirikatzen baitzuen seme gazteenak agerian zeukan hanka, hain modu berezian, seriostasun eta umore artean.

        Galtzerdi txatxu haiek bukatu nahian ari zen, biharamunean Sorleyren mutikoari igortzeko, esan zuen Ramsay andreak.

        Ez zegoen aukera bakar bat biharamunean farora joateko, jalki zuen Ramsay jaunak sumindurik.

        Nolaz zekien hori? galdetu zion emazteak. Haizea maiz aldatzen zen.

        Sutan jarri zuen ateraldi haren zentzurik ezak, emakumeen eromenak. Heriotzaren haranean ibilia zen zaldiz, zirtzilaturik eta dardarka; eta orain emazteak gogor egiten zion begi-bistakoa zenari, ezinezko itxaropenak ernetzen zituen seme-alaben baitan, eta berez, gezurretan ari zen. Ramsay jaunak hankaz jo zuen harrizko koska. «Zoaz pikutara», esan zuen. Baina zer zen emazteak esandakoa? Agian eguraldi ona egingo zuela biharamunean. Agian bai.

        Barometroa beheraka eta haizea mendebala izanik ez.

        Egiari atzaparra bota nahia, inoren sentipenekiko begirune eza harrigarri harekin, hain antsikabe, hain anker urratzea zibilizazioaren errezela xareak, hori hainbesteko laidoa iruditu zitzaion gizalegearen kontra non Ramsay andreak, ihardetsi ere gabe, zorabiatu eta itsuturik, burua apaldu baitzuen, txingor zakarraren jasak, ur zikinaren blaituak, txintik atera gabe zipriztindu zezan onartuz bezala. Ez zeukan ezer esateko.

        Isilik geratu zen emaztearen alboan. Apaltasun handiz, azkenik, kostazainengana joango zela galdetzera esan zion, hala nahi bazuen.

        Beste inor baino gehiago miresten zuen Ramsay andreak senarra.

        Hartara sinetsiko zuen, esan zion. Orduan ez zuten ogitartekoak prestatu beharrik — hori zen kontua. Emakumea zenez, noski, beragana etortzen ziren egun guztian zehar, hau zela edo hura zela; batak hau nahi zuela, besteak hura; hazten ari ziren umeak; bera esponja bat zela iruditzen zitzaion sarritan, giza sentimenduz basitua. Eta orduan senarrak berari Zoaz pikutara, esan zion. Euria egingo du, esan zuen. Ez du euririk egingo, esan zuen; eta berehala segurtasunezko zeru bat zabaldu zen Ramsay andrearen aurrean. Beste inor baino gehiago miresten zuen senarra. Ez zen gai haren oinetako lokarriak ere lotzeko, iruditzen zitzaion.

        Jadanik lotsaturik bere handiuste hartaz, esku imintzio haietaz gudaroste buruan erasotzerakoan, herabe samar zirikatu zituen berriro semeak agerian zeuzkan hankak, eta gero, emaztearen baimena baleuka bezala, honi harrigarriro zooko itsas-lehoi handia gogorarazten zion mugimendu batekin, arraina irentsi ondoren buruz gora zerraldo erori eta igeri joaten zenean, horrela urmaeleko ura alderik alde astinduz, Ramsay jauna murgildu egin zen ilunabarreko airean, jadanik xumea, hosto eta hesien mamia hartzen ari zena, baina, ordainetan bezala, arrosa eta krabelinei egunez eduki ez zuten distira berreskuratuz.

        «Hutsa egin zuen norbaitek», esan zuen berriro, pauso luzez terrazan gora eta behera.

        Baina zer harrigarri aldatu zen haren doinua! Kukuaren antzera; «garagarrilean gelditzen da mutu»; praktikatzen ari balitz bezala, zalantzati bilatu nahian aldarte berri baterako esaldiren bat, eta eskura zeukan bakarra izanik huraxe erabiliz, sobera entzuna egon arren. Baina barregarria ematen zuen —«Hutsa egin zuen norbaitek»— horrela esanda, ia galdera baten antzera, batere konbentzimendurik gabe, melodi baten antzera. Ramsay andreak ez zion irribarreari eusterik izan, eta laster, zinez, batera eta bestera zebilelarik, senarra xuxurlatzen hasi zen, isiltzen, mututzen.

        Salburik zegoen, intimitatea berreskuraturik. Pipa pizteko gelditu, emazteari eta semeari leihoan behin begiratu, eta hala nola trenean doanak begiak orritik altxatu eta bertako ilustrazio edo baieztapen gisa ikusten dituen baserria, zuhaitza, etxalde multzoa, era horretan lehengo orrira indarturik eta kontent itzuliz, horrelaxe ere, semea eta emaztea bereizi gabe, haiek ikusita indartu eta poztu egin zen, eta bere ahalegin guztiak zuzendu zituen ongi ulertu ahal izateko arazo hura, une hartan bere adimen bikainaren kemen guztia lanean zerabilena.

        Bikaina zuen adimena. Zeren eta pentsamendua pianoaren teklatua bezalakoa bada, hainbeste notatan banakatua, edo alfabetoa bezala badago hogeita sei hizkitan sailkatua ordenan, orduan bere adimen bikainak ez zeukan zailtasunik banan bana letra horien gainetik joateko, tinko eta zehatz, harik eta, esate baterako, Q hizkira iritsi arte. Q-raino iritsi zen. Ingalaterra guztian oso jende gutxi iristen zen inoiz Q-raino. Hartan, geranioen harrizko urna ondoan pixka batean geldituz, hantxe ikusi zituen, baina orain oso-oso urruti, umeak txirlak biltzen dituztenean bezala, aingeruen inozentziaz eta oinazpiko xaborrekin jardunean eta nolabait inolako babesik gabe, berak bai igarri zezakeen patuaren aurrean, emaztea eta semea, elkarrekin, leihoan. Bere geriza behar zuten; ematen zien. Baina Q-ren ostean? Zer dator hurrena? Q-ren ostean hainbat hizki daude, azkenekoa ozta-ozta ikus dezakete inoren begi hilkorrek, baina gorriz distiratzen du urrunean. Belaunaldi batean gizon bakarra iristen da inoiz Z-raino. Hala ere poliki legoke R-raino iritsi ahal baledi. Q behintzat hemen zegoen. Q-ri gogor eusten zion. Q segurtaturik zeukan. Q frogatzeko moduan zegoen. Q beraz Q bada, — R — Honenbestez pipa hustu zuen, urnako girten lanak egiten zituen ahari adarrean bizpahiru kolpe ozen emanez, eta aurrera segitu zuen. «Orduan R...» Haizea eman zion bere buruari. Irmotu egin zuen bere burua.

        Hainbat bertute, sei gaileta eta ur pitxer batekin itsaso zakarraren menpe dagoen eskifaia salbatuko zuketenak — tinkotasuna eta zuzentasuna, zuhurtzia, saiatzea, trebezia, etorri zitzaizkion laguntzera. R beraz da — zer da R?

        Leihatila bat, muskerraren larruzko betilearen antzekoa, bere begirada trinkoaren gainera abaildu eta R hizkia lausotu zuen. Ilunpezko tximista hartan jendeari entzun zion esaten —kale egin zuela berak— ez zeukala K eskura. Ez zela inoiz R-raino iritsiko. Ekin berriro R-ri. R —

        Hainbat bertute, polo aldeko bakardade izoztuetan barrena espedizio desolatu batean bera buruzagi, gidari, aholkulari bihurtuko zuketenak, izaera ez grinati eta ez etsiarekin gertaerak zuhur aztertu eta gaindituz, berriro etorri zitzaizkion laguntzera. R —

        Berriro abaildu zen muskerraren begia. Puztu egin zitzaizkion kopetako zainak. Urnako geranioa harritzeko moduan nabarmendu zen, eta hosto artean agerian ikus zezakeen, nahi izan gabe, bi gizon klaseen arteko bereizketa argi, antzinako hori; alde batean gizagaindizko indarra daukaten ekintzaile tinkoak, tirriki-tarraka eta saiatuz alfabeto osoa ordenan errepikatzen dutenak, hogeita sei hizki denera, hasieratik bukaeraraino; beste aldean dohaina, etorria dutenak, hizki guztiak batera hartzen dituztenak, miragarri, tximistak bezala — jenioaren moduan. Bera ez zen jenioa; ez zuen hori eskatzen: baina bazeukan, edo eduki ahal izan zuen alfabetoko hizki bakoitza Atik Z-raino orden zehatzean errepikatzeko ahalmena. Artean, Q-n zegoen trabaturik. Ekin bada, ekin R-ri.

        Sentipenak sortu zitzaizkion, buruzagi baten izena belztuko ez zutenak, elurra hasi eta mendi gailurra laino denean etzan eta egunak argitu aurretik hil behar duela jakin arren, eta begietako kolorea zurbildu zitzaion, zahartzaro ihartuaren itxura zurizta emanez, baita terrazan bi minutu bakar haietan ibili bitartean ere. Baina bera ez zen etzanda hilko; aurkituko zuen harkaitzen bat, eta hantxe, begiak ekaitzari josita, bukaera arte ilunpea zulatzeko ahaleginetan, zutik hilko zen. Inoiz ez zen iritsiko R-raino.

        Zirkinik egin gabe gelditu zen, urnaren ondoan, geranio loreak zintzilik zeuden hartan. Mila milioi gizonen artean, galdetu zion bere buruari, zenbat iritsi zen azken batean Z-raino? Helburu eskuragaitz bat duen buruzagiak seguru hori galdetuko liokeela bere buruari, eta erantzun, atzeko espedizioari iruzur egin gabe, «Agian bakar bat». Belaunaldi batean bakarra. Haren errua al zen, beraz, bakar hori ez izatea bera? baldin eta lana fin egin badu, ahal duen ondoena jardun badu, emateko beste ezer geratu ez zaion arte? Noiz arte dirau haren ospeak? Hilzorian dagoen heroiak ere zilegi du hil aurretik pentsatzea nola hitz egingo duten gizonek beratzaz aurrerantzean. Agian bi mila urtez iraungo du haren ospeak? (galdetu zuen Ramsay jaunak ironiaz, hesiari begira). Mendi gailur batetik beheko mendeen mortu luzeei begiratuez gero, zer? Botarekin ostikoz jotako harriak ere gehiago iraungo du Shakespearek baino. Inoren argitxoak distira egingo luke, ez sobera, urtebete edo biz, eta ondoren argi handiagoren batek zurrupatuko luke, eta hau beste hirugarren handiago batek. (Ilunpera begiratu zuen, adarren anabasara). Nork egotzi ezer, beraz, helburu eskuragaitza duen talde horretako buruzagiari, azken batean nahikoa gora igo dena urteen mortua eta izarren suntsipena ikusteko, baldin eta, herioak mugitzeko gaitasuna kenduta, gorputz atalak gogortu aitzin, konorte apur batekin behatz suminduak bekokira altxatzen baditu, eta sorbaldak tinkatzen, ahalik eta ikertaldea datorrenean bere postuan hilik aurki dezaten, soldadu jarrera ederrean? Ramsay jaunak sorbaldak tinkatu eta erabat tentetu zen urnaren ondoan.

        Nork egotzi ezer berari baldin eta, pixka batean horrela zutik, hausnartzen arituez gero ospeari buruz, ikertaldeei buruz, eskerroneko jarraitzaileek bere hezurren gainean jasotako oroitarriei buruz? Azkenik, nork egotzi ezer espedizio galduaren buruzagiari baldin eta mutur muturreraino ausartu, bere indarra azken hondarreraino erabili, eta esnatuko den ala ez deus gutxi arduratuz lo hartu ostean jabetzen bada orain, behatzetako sastada batengatik, bizirik dagoela, eta oro har ez duela ezer bizitzearen kontra, baizik ulerpena behar duela, eta whiskia, eta baten bat bere sufrikarioen istorioa berehala esan ahal izateko? Nork egotzi ezer hari? Nor ez da bere golkorako poztuko heroiak armadura erantzi, eta leiho ondoan gelditu eta begiratzen badie emazteari eta semeari, hauek hasieran oso urruti baina pixkana gero eta hurbilago, hauen ezpainak eta liburua eta burua argi asko aurrean dauzkan arte, nahiz eta hari dena artean maitagarria eta arrotza iruditu bere bakardade minagatik eta mendeen mortuagatik eta izarren suntsipenagatik, eta azkenik pipa poltsikoan sartuz eta bere buru aparta emaztearen aurrean makurtuz — nork egotzi ezer, halakok omen egiten badio munduaren edertasunari?

 

 

7

 

        Baina semeak gorroto zion. Gorroto zion beren ondora etortzen zelako, gelditu eta goitik begiratzen zielako; gorroto zion etena sortzen zuelako; gorroto zion imintzio sutsu eta handios haiengatik; buru aparta harengatik; etengabeko eskakizun eta egotismo harengatik (hantxe zegoen zutik, aintzakotzat har zezaten agintzen); baina batez ere gorroto zien aitaren zirrara sudurzulokari eta garrasilariei, hauek dardara egin eta oztopatu egiten baitzuten amarekiko harreman sinple eta zuhurtzia perfektukoa. Begirada orrian josiz, hari alde eginaraztea espero zuen; behatzarekin hitz bat seinalatuz, amaren arreta bereganatzea espero zuen, haserre konturatzen baitzen berehala barreiatzen zitzaiola, aita aldamenean gelditu bezain laster. Baina ez. Ezerk ez zion Ramsay jaunari alde eginaraziko. Hantxe zegoen zutik, ulerpen eske.

        Ramsay andreak, ordura arte trankil eserita egona semea besotan hartuta, kemena bildu zuen, eta, erdizka itzuliz, bazirudien esfortzu batekin zutitzera zihoala, eta orduantxe energiazko ibai zuzen bat, aparrezko zutabe bat isuriko zuela airera, aldi berean itxura animatu eta bizikoa, bere energia guztiak indar bihurtzen ari balira bezala, su eta argi emanez (isilik eserita egon arren, galtzeta-lanei berrekinda); eta joritasun goxo honetan, bizitzaren iturri eta apar honetan murgildu zen arraren antzutasun hiltzailea, latoi puska bezala, agor eta soil. Ulerpena nahi zuen. Kale egin omen zuen. Emazteak galtzeta-burdinei distirarazi zien. Senarrak berriro esan zuen, emaztearen aurpegitik begiak behin ere aldendu gabe, kale egin zuela. Emazteak bidali egin zizkion atzera hitzak. «Charles Tansley...» esan zuen. Baina hori baino gehiago jaso behar zuen. Ulerpena jaso nahi zuen, jenioa zela segurta ziezaioten, ezer baino lehen, eta ondoren bizitzaren zirkulu barrura eraman zezaten, epelera eta patxadara, bere zentzuen jabe egin zezaten berriro, bere agortasuna emankor bihurtu, eta etxeko gela guztiak bizitzaz bete — saloia, saloi atzeko sukaldea, sukalde gaineko logelak, eta harantzagoko jolasgelak; jantzi egin behar ziren, bizitzaz bete behar ziren.

        Charles Tansleyren ustetan garaiko metafisikorik onena zen, esan zuen emazteak. Baina hori baino gehiago jaso behar zuen. Ulerpena jaso behar zuen. Bera ere bizitzaren bihotzean bizi zela segurtatu behar zioten; bere beharra zegoela; hemen ez ezik baita mundu osoan barrena ere. Galtzeta-burdinei bristadak atera bitartean, konfiantzaz, tente, saloia eta sukaldea kreatu zituen, denak jarri zituen argitan; bertan eroso egotera gonbidatu zuen, sartu eta atera zedin, disfruta zezan. Barre egin zuen, galtzeta eginez. Amaren belaunetan, oso irmo, Jamesek amaren indar guztia sentitu zuen furi-furian, zer eta gero ito eta agortzeko latoi puskaren aurrean, arraren zimitarra idorraren aurrean, errukirik gabe joka ari zena, behin eta berriro, ulerpen eske.

        Galtzaile bat zen, esan zuen berriro. Tira, begira ezazu bada, senti ezazu bada. Galtzeta-burdinei bristadak atereaz, ingurura begira, leihoaz bestalde, gela barrura, Jamesi berari, segurtatu egin zion, zalantza arrastorik gabe, bere barre, bere jarrera, bere gaitasun haren bitartez (gela ilun batetik barrena kandela bat daraman inudeak ume bihurriari segurantzia ematen dion moduan), dena benetakoa zela; etxea beterik zegoela; baratza loretan. Beragan fede isila edukiez gero ezerk ez zuela kaltetuko; lur azpian ehortzi edo zeruraino igoez gero ere, berak ez ziola huts egingo. Ramsay andreari, dena besarkatu eta babesteko zeukan ahalmen harekin harroturik,ia ez zitzaion ezer bererik geratzen; dena oparitu eta xahutzen zuen; eta Jamesek, amaren belaunetan irmo, sentitu egin zuen lore arrosako fruta-arbola baten antzera ama zutitzen, hostoak eta adarrak kulunka, bitartean latoi puska hura, aitaren zimitarra agorra, gizon egotista hura zulatu eta joka ari zelarik, ulerpen eske.

        Emaztearen hitzekin aserik, atseginez lokartzen den umearen antzera, azkenean, eskerron apalez begira, bere oneratua, berritua, bueltatxo bat ematera zihoala esan zuen; umeak cricketean jolasten ikustera. Hala joan zen.

        Berehala, Ramsay andrea bil-bil egin zela eman zuen, petaloak bata bestearen gainean, eraikuntza osoa erori egin zela nekez leher, eta hala, bere burua nekearen altzoan abandonaturik, Grimmen amandre istorioko orritik behatza eramateko indar doia zeukan, artean barrenean taupaka zeukalarik, udaberria zeharo zabaldu ondoren emeki ahitzen doan pultsuaren antzera, kreazio arrakastatsuaren bozkarioa.

        Senarra handik zihoala, bazirudien pultsu honen taupada bakoitzak barruan hartzen zituela biak, eta arinaldi bat ematen ziela, bi nota desberdinek, bata altua, bestea baxua, batera jo eta konbinatzean ematen dutena bezalakoa. Oihartzuna mututu, ordea, eta berriro Amandre Ipuinera itzuli zenean, Ramsay andrea ez zen sentitu gorputzez bakarrik nekatua (gerora, artean ez, beti sentitzen zen horrela), zeren bere unadura fisikoa beste jatorriko sentsazio desatsegin samarren batek ere likisten baitzuen. Ez zekien, Arrantzalearen Emaztearen istorioa buila handian irakurtzerakoan, sentsazio hura zehatz-mehatz nondik zetorkion; ez zion atsekabe hura bere buruari hitzez adierazten utzi, jabetu zenean, orria pasatu eta olatu bat motel, mehatxukor, erortzen entzutean, haren jatorriaz: ez zuela gogoko, ezta istant batez ere, bere burua senarra baino gorago sentitzea; eta areago, ezin zuela jasan, senarrari mintzo zitzaionean, hari esaten ziona egia ote zen zalantzan jartzea. Unibertsitateek eta jendeek maite zutela, bere hitzaldi eta liburuak garrantzi handikoak zirela — hori dena ez zuen momentu batez ere zalantzan jartzen; baina bien arteko harremana zen, eta baita beragana honela etortzea ere, agerian, edonork ikusteko moduan, egonezina sortzen ziona; emaztearen menpe zegoela esaten baitzuen orduan jendeak, aitortu beharrean, alderantziz, senarra anitzez garrantzitsuagoa zela, eta berak munduari ematen ziona, senarrak ematen zionaren aldean, hutsa zela. Baina gainera beste gauza hura ere bazegoen — hari egia ezin esan izatea, beldurra, adibidez, negutegiko sabaia aipatzeko, haren konponketa gastua, berrogeita hamar libra agian; eta gainera liburuak zirela eta, bere susmo hura igarriko ote zion beldurra, alegia azken liburua ez zela libururik onena (William Bankesengandik antzeman zuen hori); eta gainera eguneroko gauza txikiak gordetzea, eta umeek igartzea, eta horrek bizkarrean jartzen zien zama — horrek denak urritu egiten zuen batera jotako bi noten poz osoa, poz hutsa, eta soinu hura geldotasun hits batekin isildu zen bere belarrian.

        Errainu bat azaldu zen orrian; Ramsay andreak gora begiratu zuen. Augustus Carmichael zen handik zirrin-zarran igarotzen, noiz eta orduan, hain mingarria zenean inork gogoraraztea giza harremanak desegokiak zirela, perfektuenak ere bazuela akatsik, eta ezin zuela jasan berak egiarako senez eta senarraganako maitasunez erabiltzen zuen azterketa; hain mingarria zenean sentitzea berari duintasun eza leporatzen ziotela, eta jarduera zuzena oztopatzen ziotela gezur hauek, exajerazio hauek — orduan bertan, hain modu makurrean amorrarazita zegoenean bere asaldura hura zela medio, Carmichael jauna igaro zen zirrin-zarran, txapin zuriekin, eta barruko deabruren batek hots eginarazi zion, hura handik igarotzerakoan,

        «Barrualdera, jauna?»

 

 

8

 

        Ez zuen ezer erantzun. Opioa hartzen zuen. Umeek ziotenez horregatik horitu zitzaion bizarra. Beharbada. Ramsay andrearentzat argi zegoen gizarajoa ez zela zoriontsu, ihesbide moduan etortzen zela urtero beraiengana; eta hala ere urtero gauza bera sentitzen zuen: Carmichael jauna ez zela berarekin fidatzen. Esan zion, «Herrira noa. Ekarriko al dizkizut seiluak, papera, tabakoa?» eta haren dardarizoa sentitu zuen. Carmichael jauna ez zen berarekin fidatzen. Emaztearen kulpa zen. Gogoan zeukan emazteak harekiko zuen zitalkeria, honengatik bihurtu zen Ramsay andrea altzairua eta diamantea bezain gogor, St. John's Woodeko gela txiki zatar hartan bere begiekin ikusi zuenean emakume ziztrin hura senarra etxetik bidaltzen. Gizon enasa zen; gauzak erortzen zitzaizkion berokira; munduan zereginik gabeko agure baten asperdura zeukan; eta emazteak gelatik bidali zuen. Higuingarri esan zion, «Tira, Ramsay andreak eta biok hitz-aspertu bat egin nahi dugu», eta Ramsay andreak ikusi egin zituen, begi aurrean baleuzka bezala, Carmichael jaunaren bizitzako miseria ugariak. Nahikoa diru ba ote zeukan tabakoa erosteko? Dirua eskatu beharra izaten ote zuen? koroa erdia? hemezortzi penike? Oh, ezin zituen eraman emazteak hari sufriarazten zizkion laido txikiak. Eta orain beti (ezin zuen asmatu zergatik, non eta emakume harengatik ez zen) ihes egiten zion berari. Ez zion inoiz ezer esaten. Zer gehiago egin zezakeen berak? Gela eguzkitsu bat paratu zion. Umeak ondo portatzen ziren harekin. Berak inoiz ez zuen ezagutzera eman gogokoa ez zuenik. Berak ahalegin guztiak egiten zituen jatorra izateko. Nahi al dituzu seiluak, nahi al duzu tabakoa? Agian liburu hau gustatuko zaizu, eta abar. Azken finean — azken finean (une honetan, oharkabean, bere baitara bildu zen, fisikoki, zeren andre ederra zeneko irudipena ari baitzitzaion nagusitzen, gutxitan bezala) — azken finean, berak ez zuen normalean inongo zailtasunik jendea beratzaz zaletzeko; esate baterako, George Manning; Wallace jauna; ospetsuak izan arren, arratsalde-pasa etortzen ziren beragana, patxadan, sutondoan berarekin hitz egitera. Soinean zeraman, bera ere ezin egon konturatu gabe, edertasunaren zuzia; tente eramaten zuen sartzen zen edozein gelatan; eta azken finean, nahiz eta hura ezkutatu ahal izan, eta hark agintzen zion jokabide monotonoari muzin egin, nabaria zen bere edertasuna. Miretsia izan zen. Maitatua izan zen. Lutodunak eserita zeuden geletara sartu izan zen. Malkoak hegaldatu izan ziren bere presentzian. Gizonek, eta baita emakumeek ere, gauzen aniztasuna aintzat hartu gabe, berarekin sinpleziaren lasaitasuna erabili izan zuten. Iraingarria zen Carmichael jauna berarekin hala izutzea. Mina hartzen zuen. Eta hala ere argiro ez, zuzenki ez. Hori zen esan nahi zuena, senarragatik zeukan atsekabeari gaineraturik; Ramsay andrearen irudipen hura, Carmichael jauna zirrin-zarran igarotzean, galderari baiezkoa soilik eginez, liburu batekin galtzarbean, txapinak soinean, alegia bere susmoa zeukala; eta bere eman behar hura, lagundu behar hura, hutsala zela. Bere buruari atsegin ematearren nahi al zuen senez lagundu, oparitu, jendeak beratzaz esan zezan, «Oh, Ramsay andrea! Ramsay andre jatorra... Ramsay andrea, noski!», hartara besteek bere beharra izan eta deitu eta mirets zezaten? Ez al zuen ezkutuan horixe nahi, eta horrela, Carmichael jaunak ihes egiten zionean, orduantxe bezala, izkinen batera joanda etengabe akrostikoak egitera, bere sena bazterturik sentitzeaz gain, antzematen zuen bere baitako alderdi batzuk kaxkarrak zirela, eta giza harremanak ere beren onenean okerrak zirela, ziztrinak, berekoiak. Narras eta akituta, eta segur aski (masailak hexurtuta zeuzkan, ilea zurituta) jadanik inoren begiak atseginez betetzeko gauza ez zenez, hobe zuen bere arreta eskaini Arrantzalea eta Emaztearen istorioari, eta hartara nola hala goxatu sentikortasunezko mataza hura (beste seme-alabarik ez zeukan hura bezain sentikorrik), bere seme James.

        «Gizonaren bihotza goibeldu egin zen», irakurri zuen ozenki, «eta ez zuen joan nahi. Bere artean esan zuen "Ez da zuzena", baina hala ere joan egin zen. Eta itsasora heltzean ura zeharo purpura eta urdin iluna zegoen, eta arrea eta lausoa, eta ez lehen bezain berde eta hori, baina artean bare. Eta bertan zutik zegoelarik esan zuen...»

        Ramsay andreak nahiago izango zukeen senarrak momentu huraxe aukeratu ez balu bertan gelditzeko. Zergatik ez zen joan arestian esan bezala umeak cricketean jolasten ikustera? Baina ez zen mintzatu; begiratu, baiezkoa egin, oniritzi eta aurrera jarraitu zuen. Handik lerratu zen, aurreko hesiari begira, zeinak behin eta berriro borobiltzen baitzituen etenaldiak, eta ondorioak eragiten, emaztea eta semea ikusita, urna haiek berriro ikusita, gogoetak eta asperraldiak hainbeste aldiz apaindu zituzten geranio gorri dilindakorrekin bitartez, hosto artean idatziz, irakurri ahala oharrak zirriborratzeko paper muturrak balira bezala — guzti honi begira, emeki lerratu zen The Times-eko artikulu batek iradokitako hausnarketara, Shakespearen etxea urtero bisitatzen duen amerikar kopuruari buruz. Shakespeare bizi izan ez balitz, galdetu zuen, mundua oso desberdina izango ote zen gaur egungoaren aldean? Gizon handien menpe al dago zibilizazioaren aurrerapena? Faraoien aroan baino hobea al da orain gizaki arruntaren bizi-maila? Nolanahi ere gizaki arruntaren bizi-maila al da, galdetu zion bere buruari, zibilizazioa neurtzeko irizpidea? Segur aski ez. Ongizate handienak segur aski esklabo klase bat egotea eskatzen du. Metroko igogailu-zaina premia eternala da. Desatsegina zitzaion gogoeta hau. Burua astindu zuen. Hori ebitatzeko, bideren bat aurkituko zuen artearen nagusigoa zapuzteko. Mundua gizaki arruntarentzat zela argudiatuko zuen; artea apaingarri bat besterik ez dela, giza bizitzaren gailurrean ezarria; ez dela bizitzaren adierazpen. Shakespeare ere ez dela beharrezkoa bertan. Zehatz jakin gabe zergatik gutxietsi nahi zuen Shakespeare, eta eternalki igogailuaren atarian dagoen gizona salbatzera joan, hosto bat hartu zuen hesitik gogor. Hau dena jarri beharko zitzaien mahai gainean Cardiffeko mutil gazteei hurrengo hilean, pentsatu zuen; hemen, bere terrazan, zulomiran eta picnic-ean besterik ez zebilen (bota egin zuen hain haserre bildutako hostoa), arrosa sorta bat biltzeko zaldi gainetik eskua luzatzen duen gizona bezala, edo poltsikoak intxaurrez betetzen dituena bezala, bere gisa dabilen bitartean mutil kozkorretatik ezagutzen duen lurralde bateko bidezidor eta soroetatik. Dena zen etxekoia; bihurgune hau, hesiko ataka hura, soroan zehar zihoan bide-zidor hura. Arratsalde-ordu osoak igaro ohi zituen horrela, pipa erretzen, gora eta behera eta harantz eta honantz aspaldiko bidezidor eta auzo-lur zahar ezagunetatik, denak mukururaino beteak harako kanpaina haren kondairarekin, honako agintari honen bizitzarekin, olerki eta pasadizoekin, baita pertsonaiekin ere, pentsalari hau, soldadu hura; guztia bizkor eta argi; baina azkenean bidezidorrak, soroak, auzo-lurrak, intxaurrondo emankorrak eta hesi loratuak errepideko bihurgune urrun hartaraino eramaten zuten, eta bertan beti zalditik jaitsi, zuhaitz bati lotu, eta oinez jarraitzen zuen bakarrik. Belardi ertzera iritsi eta beheko badiara begiratu zuen.

        Patu huraxe zuen, berezitasun huraxe, berak nahi ala ez, itsasoak pixkana jaten duen lur adarrera iritsi eta bertan geratzea, itsas hegazti desolatuaren antzera, bakardadean. Boterea zeukan, dohaima, azaleko guztia berehala jaurtitzeko, bere burua murriztu eta ñimiñotzeko, horrela biluzago eman eta iharrago sentituz, baita gorputzez ere, hala ere bere izpirituak trinkotasun izpirik galdu gabe, eta hala bere koska txikian egoteko, giza ezjakintasunaren ilunpearekin aurrez aurre, ikusiz nola ezer ez dakigun eta nola jaten duen itsasoak gu gauden lurra — botere hori zuen, dohain hori. Baina zalditik jaistean harrika bota zituenez imintzio eta huskeria guztiak, intxaur eta arrosazko sari guztiak, eta bere burua murriztu zuenez ospea ez ezik bere izena ere ahazteraino, desolazio horren erdian ere fantasmarik onartzen ez zuen ernetasun bati eusten zion eta ez zuen inongo bisionirekin gozatzen, eta era honetan sortzen zuen William Bankesengan (aldian behin) eta Charles Tansleygan (apaltasunez) eta emazteagan ere oraintxe, honek gora begiratu eta belardi ertzean zutik ikusi zuenean, begirune sakona, eta errukia, eta baita eskerrona ere, hala nola ubide zolan iltzatutako hesolak, gainean kaioak pausatu eta olatuek erasotzen dutena, eskerronezko sentimendua sortzen duen ontzilari alaien artean, bere gain hartu duelako ubidea markatzeko ardura, hortxe, itsasgoraren bakardadean.

        «Baina zortzi umeren aitak ez dauka aukerarik...» Erdi ozenki marmarrean, isildu, jiratu, suspiriatu, begiak jaso eta mutikoari ipuinak irakurtzen ari zitzaion emaztearen irudia bilatu zuen; bere pipa bete zuen.Jiratu egin zen gizakiaren ezjakintasunetik eta gizakiaren patutik eta gu gauden lehorra jaten duen itsasoa ikustetik, nahiz huraxe arretaz kontenplatu izan balu agian zerbait lortuko zukeen; eta orduantxe aurrean zeukan gai gorenaren aldean hain huskeria kaxkarretan aurkitu zuen kontsolamendu, non gogoa izan baitzuen atsegin hari ezikusia egin eta gaitzesteko, mundu negargarri batean zoriontsu izatea balitz bezala krimenik makurrena gizon ondratuarentzat. Egia, gehienetan zoriontsu zen; emaztea zeukan; seme-alabak; hitza emana zeukan sei asteren buruan «txorakeria batzuk» esango zizkiela Cardiffeko mutil gazteei Locke, Hume, Berkeley eta Iraultza Frantsesaren arrazoiei buruz. Baina hau dena, eta bere perpausek, gaztetako sugarrak, emaztearen edertasunak, Swansea, Cardiff, Exeter, Southampton, Kidderminster, Oxford, Cambridgetik zetozkion laudorioek ematen zioten plazera — dena gaitzetsi eta ezkutatu behar zen «txorakeriak esan» perpausaren azpian, zeren, izan ere, ez baitzuen egin zezakeen guztia egin. Mozorro bat zen; bere sentimenduen jabe izateari beldur dion gizon baten gordelekua zen, ezin zuen esan Niri hau gustatzen zait, ni hau naiz; eta errukarri eta desatsegin samarra iruditzen zitzaien William Bankes eta Lily Briscoeri, halako ezkutukeriak zergatik ziren beharrezkoak galdetzen baitzioten beren buruari; zergatik behar zuen beti goraipamena; pentsamendutan hain ausarta zen gizona zergatik ote zen bizitzan hain lotsatia; zer modu harrigarrian zen, aldi berean, miresgarri eta barregarri.

        Irakasteak eta predikatzeak giza indarra gainditzen dute, susmatzen zuen Lilyk. (Bere tresnak jasotzen ari zen). Goratzen bazaituzte joko duzu nola hala behea. Ramsay andreak errazegi eman dio beti senarrari eskatzen zuena. Horregatik sortuko luke ondoeza handia edozein aldaketak, esan zuen Lilyk. Liburu artetik etorri eta denok jolasean eta txorakeriak esaten aurkitzen gaitu. Kontu egizu zenbateko aldea dagoen hortik berak pentsatzen dituen gauzetara, esan zuen.

        Bazetorkien gainera. Orduan gelditu eta itsasoari begira jarri zen isilik. Gero buelta eman zuen berriro.

 

 

9

 

        Bai, esan zuen Bankes jaunak, hura nola urruntzen zen begira. Ikusgarrizko pena zen. (Lilyk zerbait esan zuen, beldurra ziola edo — hain agudo aldatzen baitzen umorez). Bai, esan zuen Bankes jaunak, ikusgarrizko pena zen Ramsay jaunak gainerako jendearen antzerago ez jokatzea. (Lily Briscoe gustatzen zitzaion; argiro solasta zitekeen honekin Ramsayri buruz). Horrexegatik, esan zuen, gazteek ez dute Carlyle irakurtzen. Olo-ahia hotzagatik muturtu egiten zen purrustero zahar petral batek zergatik predikatu guri? uste zuen Bankes jaunak esaten zutela gazteek gaur egun. Ikusgarrizko pena zen uste izatea, hala uste zuen berak ere, gizateriaren irakasle bikainenetako bat zela Carlyle. Lilyk lotsaturik aitortu beharra zeukan ez zuela eskola garaiaz gero Carlyle irakurri. Baina Lilyren iritziz are atseginagoa zen Ramsay jauna, zeren honek behatz txikerrean mina bazeukan mundua bukatzera zihoala uste baitzuen. Baina hori ez zen Lilyri axola zitzaiona. Izan ere, nor engaina zezakeen hark? Argiro eskatzen zuen losintxa zezaten, mirets zezaten, haren amarru txikiek ez zuten inor engainatzen. Harengan gustatzen ez zitzaiona hertsikeria hura zen, itsukeria hura, esan zuen, Ramsayri atzetik begiratu bitartean.

        «Zuri samarra?» iradoki zuen Bankes jaunak, bera ere Ramsay jaunaren bizkarrari begira, zeren ez al zeukan gogoan bere adiskidetasuna, eta Camek lorea ukatu izana, eta neska-mutil horiek denak, eta bere etxea, eroso askoa baina emaztea hil zenetik hain isila? Lan asko egina zen, noski... Nolanahi ere gustura hartuko zuen Lily berarekin ados etortzea Ramsay jauna «zuri samarra» zela esatean.

        Lily Briscoek pintzelak biltzen jarraitu zuen, gora begira, behera begira. Gora begira, hantxe zegoen —Ramsay jauna— eurenganatzen, gerriei eragiten, antsikabe, bere baitaraturik, urrun. Zuri samarra? galdetu zuen. Oh, ez — gizonik egiazaleena, leialena (ondoan zuten berriro), onena; baina behera begira, pentsatu zuen, bere inguruan dago bildua, tiranoa da, okerra da; eta behera begira jarraitu zuen, propio, soilik horrela jarraitu baitzezakeen lasai, Ramsaytarrenean egon bitartean. Zuzenean gora begiratuez gero han agertzen zen familia osoa, berak «maitemina» deitzen zionaz gainezka. Partaide bilakatzen ziren unibertso irreal baina sarkor eta zirraragarri batekoak, alegia maitasunaren begiz ikusitako mundukoak. Eurei erantsia zegoen zerua; eurengandik zehar kantatzen zuten txoriek. Eta are zirraragarriagoa zena, baita ere sentitu zuen, Ramsay jauna hurbiltzen eta aldentzen ikustean, eta Ramsay andrea leiho ondoan Jamesekin eserita, eta hodeia mugitzen eta zuhaitza makurtzen, nola bizitza, inork banaka-banaka bizitzen dituen gertaera txiki separatuz osatuta egotetik, bat-batean kuzkurtu eta harrotzen zen olatua bezala, berarekin batera inor gora altxatu eta berarekin batera mor behera boteaz, hantxe, burrunba batekin, hondartzan.

        Bankes jaunak esperantza zeukan Lily Briscoek erantzun egingo zuela. Eta bazihoan hau zerbait esatera Ramsay andrea kritikatuz, alegia hura ere, bere modu berezian, estutasun sortzailea zela, larderiatsua, edo antzeko hitzak, baina edozein solas alferrikako bihurtu zen Bankes jaunaren orduko estasiarekin. Hala izan zuen, kontuan hartuez gero haren adina, hirurogeietan sartua, eta haren txukuntasuna eta haren jarrera inpertsonala, eta itxuraz soinean zeraman estalki zuri zientifikoa. Ramsay andreari modu hartan begiratzea, Lilyk ikusi bezala, estasia zen, Lilyren ustez dozenaka gizon gazteren maitasunen parekoa (eta agian Ramsay andreak ez zuen inoiz dozenaka gizon gazteren maitasuna piztu). Maitasuna zen, pentsatu zuen Lilyk, oihala mugitzeko itxura eginez, eta gainera destilatua eta iragazia; xedeari atxikitzen inoiz saiatzen ez zen maitasuna; aitzitik, matematikoek beren sinboloei dien maitasuna bezala, edo poetek beren esaldiei, munduan zehar sakabanatzeko eta giza ondarearen zati bihurtzeko jaiotakoa. Halaxe zen, bai. Ongi egongo zen munduak estasi hura ikusi ahal izatea, Bankes jaunak adierazi ahal izan balu zergatik atsegin zitzaion hainbeste emakume hura; ea zergatik emazteak semeari ipuina irakurtzen ikusteak sortzen zion zirrara hura, problema zientifiko bat argitu osteko berbera; hartara, hura kontenplatzen geratu, eta landareen sistema digestiboari buruzko zerbait absolutua frogatzen zuenean bezala, sentitu zuen basakeria otzandua zegoela, eta kaosaren erresuma menperatua.

        Estasi hark —zeren nola deitu bestela?— esatera zihoan guztia ahaztarazi zion Lily Briscoeri. Ez zen garrantzizko ezer; Ramsay andreari buruzko zerbait. Indarra galdu zuen berak hainbeste eskertzen zuen «estasi» haren, begirada isil haren aldean; izan ere beste ezerk ez zion hainbeste barrena goxatzen, bizitzaren aurreko txundidura arintzen, eta bertako zamak mirariz bezala altxatzen, botere goren honek adina, zeruetako dohain honek adina, eta honi, iraun bitartean, ezin zitzaion kalterik sortu, hala nola ezin den hautsi zoruaren mailan etzanda dagoen eguzkiaren argi arrastoa.

        Jendeak honela maitatzea, Ramsay andreagatik hau sentitzea Bankes jaunak (hausnarkor begiratu zion honi), lagungarria zen, goresgarria. Zapi puska zahar batean garbitu zituen pintzelak bata bestearen ondoren, umil, propio. Ezkutatu egin zen emakume guztiengana heltzen zen mirespenetik; laudaturik sentitu zuen bere burua. Begiratzen utzi zion; berak kirika egingo zion bere koadroari.

        Negar egiteko modukoa zen. Txarra zen, txarra, izugarri txarra! Beste era batean egin ahal izan zuen, noski; kolorea urritu eta lausotu ahal izan zuen; forma etereoak; horrela ikusiko zuen Pauncefortek. Baina berak ez zuen modu horretan ikusten. Kolorea sutan ikusi zuen altzairuzko eraikin batean; mitxeleta-hegal baten argia katedral bateko arku gainean etzaten. Guzti horretatik badaezpadako arrasto bakar batzuk soilik geratu ziren oihal gainean zirriborraturik. Eta inoiz ere ez zen ikusia izango, inoiz ere ez eskegia, eta hantxe zeukan Tansley jauna belarrira xuxurlatzen, «Emakumeek ez dakite pintatzen, emakumeek ez dakite idazten...»

        Orain gogoratu zitzaion lehen Ramsay andreari buruz esateko zorian egon zena. Ez zekien nola adierazi izango zuen; baina kritikaren bat izango zen. Amorrarazi egin zen iragan gaueko larderia batekin. Bankes jaunak begiratzen zuen angelu beretik begiratuz Ramsay andreari, pentsatu zuen inongo emakumek ezin zuela beste emakume bat miretsi gizon honek adina; Bankes jaunak bien gainean zabaldutako gerizpean soilik bila zezaketen babesa. Honen begiradaren argiari jarraituz, berak ere bere izpi berezia gaineratu zuen, bere artean pentsatuz Ramsay andrea zalantzarik gabe pertsonarik zoragarriena zela (liburu gainean burua apalduta); onena agian; baina, era berean, han ikusten zen forma perfektuaren aldean desberdina. Baina zergatik desberdina, eta nola desberdina? galdetu zion bere buruari, bere paletatik karraskatuz tontor urdin eta berde guzti haiek, orain bizitzarik gabeko lur zokorren antzekoak, baina zin egin zuen arnasa emango ziela, mugitu eta jariatzera behartu, bere agindua betearaziko ziela biharamunean. Zertan zen Ramsay andrea desberdina? Zer izpiritu zeukan barruan, zer funtsezko gauza, posible egiten zuena sofa izkinan goante bat aurkituez gero, jakitea, behatz okertuagatik, inondik ere harena zela? Abiaduragatik txoria zen, zuzentasunagatik gezia. Egoskorra zen; aginduzalea (noski, gogorarazi zion Lilyk bere buruari, emakumeekin dituen harremanetan ari naiz pentsatzen, ni askoz gazteagoa naiz, hutsaren hurrengo neskatxa, Brampton Road bazterrean bizi dena). Logeletako leihoak zabaldu. Ateak itxi. (Horrela saiatzen zen bere baitan pizten Ramsay andrearen doinua). Gauean berandu iritsi, logelako atean kraskatako txiki bat jo, larruzko beroki zahar batean bilduta (horrelakoa baitzen beti haren edertasunaren antolaketa — presakakoa baina egokia), eta edozein gauza antzeztuko zuen — Charles Tansley aterkia galtzen; Carmichael jauna sudurrari tira eta tira; Bankes jauna esaten, «landareek gatza galdu dute». Oso trebe ematen zion guzti honi itxura; baita maltzurki itsustu ere; eta, leiho aldera joanez, joan beharra baleuka bezala egin —egunsentia zen, eguzkia jaiotzen ikus zezakeen erdizka jiratu, intimitate handiagoz baina hala ere beti barrez, eta insistitu egiten zuen, beharrezkoa zela Lilyrentzat, beharrezkoa Mintarentzat, beharrezkoa zela ezkontzea denentzat, zeren eta, norberari hainbat erramu-lore botata ere (baina Ramsay andreari bost axola zitzaion Lilyren pintura), eta hainbat garaipen lortuta ere (seguruenik Ramsay andreak ere bildu zuen hauetatik bere partea), eta une honetan tristatu egiten zen, goibeldu, eta aulkira itzultzen zen, ez baitzegoen zera zalantzan jartzerik: ezkondu gabeko emakumeak (orduan eskua hartzen zion pittin batean goxoki), ezkondu gabeko emakumeak bizitzaren alderdi ona huts egin duela. Ume lokartuz betea ematen zuen etxeak, eta Ramsay andrea entzuten; argi moteldu eta arnasa erregularrez betea.

        Oh baina, esan ohi zuen Lilyk, berak aita zeukan; etxea; baita, esatera ausartu balitz, bere pintura ere. Baina guzti honek huskeria ematen zuen, birjina, bestearen aldean. Gauak aurrera egitean, ordea, eta argi zuriek gortinak erdibitzean, eta lantzean behin txoriren bat lorategian txioka hastean, berak orduan etsi-etsian kemena bilduz bere burua salbuespentzat aurkezten zuen lege unibertsal hartan; bere buruaren alde egiten zuen; bakarrik egotea gustatzen zitzaiola; bere buruaren jabe izatea gustatzen zitzaiola; bera ez zela horretarako egina; eta orduan topo egin behar izaten zuen sakonera paregabeko begirada irmo harekin, eta baita aurre egin ere Ramsay andrearen segurtasun xumeari (umearen antzekoa bihurtzen zen hura orduan), alegia Lily kuttuna, Briscoe txikia, tuntuna zela. Ondoren, gogoan zeukan, burua Ramsay andrearen magalean jarri ohi zuen, barre eta barre eta barre, ia histeriaz barrez, pentsaturik zer patxada ederrean kontrolatzen zituen Ramsay andreak besteren destinuak, inondik inora ulertu ezin zituenak. Hantxe zegoen eserita, xume, serios. Lilyk zentzua berreskuratu zuen berriro — hau zen goantearen behatz okertua. Baina zein santutegitan sartu berri zen? Azkenean gora begiratu eta hantxe zegoen Ramsay andrea, Lilyren barrea zerk eragin zuen igarri gabe, artean kontrolatzen, baina ordurako egoskorkeria zantzu guztiak deseginda, eta borren ordez argitasun bat zegoen, hodeiek azkenean agerian utzitako espazioaren antzera — ilargi ondoan lo egiten duen espazio puska.

        Zuhurtzia al zen? Jakinduria al zen? Edertasunaren engainua al zen berriro, hartara inoren pertzepzio guztiak, egiaren erdibidean zeudenak, urrezko lardaska batean nahasten zirelarik? edo hark barruan sekreturen bat al zeukan giltzapean, Lilyren ustez jendeak eduki beharrekoa ahalik eta munduak aurrera egin ahal izan dezan? Denek ez zeukaten zalaparta berean bizitzerik, egunean egunekoarekin. Baina inork ezer baldin bazekien, ba al zeukan inori esaterik zekien hura? Lurrean eserita, besoak Ramsay andrearen belaun inguruan, ahal bezain ondoan, Ramsay andreak kixkurtze haren arrazoia inoiz ez zuela jakingo pentsatzean irribarretsu, imajinatu zuen gorputzez ukitzen zuen emakume haren buru eta bihotz txokoan aurki zitezkeela, erregeen hilobietako altxorrak bezala, izkribu sekretuen oholak, deszifratu ahal izanez gero den-dena irakatsiko ziotenak edonori, baina inoiz ez zirenak agerian jarriko, ezagutzera emango. Zer modu ote zegoen amodioa edo azkartasunaren bidez txoko ezkutuotan sartu ahal izateko? Zer tresna ote zegoen gurtutako objektuarekin batasun bakarra eta bera osatzeko, pitxer berera isuritako urak bezala? Hori erdiesteko gauza al zen gorputza, edo adimena, garuneko pasabide korapilatsuetan fin-fin elkartuz? edo bihotza? Gauza al zen amodioa, jendeak zioen moduan, bera eta Ramsay andrea bat egiteko? zeren ez baitzen jakinduria, batasuna baizik, berak desio zuena; ez inongo ohol izkribu, ez gizonak ezagutzen zuen edozein hizkuntzan idatzitako ezer, baizik intimitatea bera, hori baita jakinduria, pentsatu zuen Lilyk, burua Ramsay andrearen belaun gainean kokatuz.

        Ez zen deus gertatu. Deus ez! Deus ez! burua Ramsay andrearen belaunaren kontra eduki bitartean. Eta hala ere bazekien jakinduria eta zuhurtzia zeudela Ramsay andrearen bihotzean jasota. Baina nola, galdetu zion bere buruari, inori buruz hau edo beste jakin, zigilupean baldin badago? Erlearen antzera soilik, ukitu edo dastatu ezin den aireko gozotasun edo mintasun batek erakarrita, hurbil zitekeen kupula formako erlategira, zeharka zitezkeen aireko mortuak munduko lurraldeetan barrena bakardadean, eta hurbil zitekeen ondoren erlategiko zurrumurru eta ardailara; erlategi hauek jendea ziren. Ramsay andrea zutitu egin zen. Lily zutitu egin zen. Ramsay andrea joan egin zen. Egunetan zehar, hala nola amets baten ondoren aldaketa xume bat sumatzen den ametseko pertsonagan, aldamenean eduki zuen zurrumurru hotsa, esandako edozein gauza baino biziago, eta saloiaren leiho ondoko zumitzezko besaulkian esertzen zenean itxura goresgarria hartzen zuen Lilyren begietan; kupula baten forma.

        Bankes jaunaren argi izpiaren parean joan zen bere argi izpia ere zuzenean Ramsay andreaganaino, hau James belaunetan jarrita zegoelarik irakurketan. Baina bera begiratzen ari zen bitartean, Bankes jaunak amaitu egin zuen. Jantzita zeuzkan betaurrekoak. Atzeraka joanda zegoen. Eskua jasota zeukan. Begi urdin argiak pittin bat kizkurtuta zeuzkan, orduantxe Lily esnatu eta konturatu zenean hura zertan ari zen, eta aztoratu egin zen, jotzera doakion eskua ikusten duen zakurrak bezala. Gustura erauziko zukeen koadroa astotik, baina bere artean esan zuen: hola behar du. Animoak eman zizkion bere buruari, norbait bere koadroari begira egotearen estutasun latza jasan ahal izateko. Hola behar du, zioen, hola behar du. Eta ikusi beharrekoa bazen, Bankes jauna ez zen beste zenbait bezain asaldatzaile. Baina beste norbaiten begiek ikustea bere hogeita hamahiru urteen kondarra, eguneroko bizitzaren hondakina, hura dena nahasturik ikuslea bitarte guzti hartan inori aipatu edo agertu gabeko zerbait sekretuagoarekin, sekulako agonia zen. Halaber, ikusgarri zirraragarria zen.

        Ez zegoen hotzago eta lasaiago izaterik. Labana atereaz, Bankes jaunak oihala ukitu zuen hezurrezko girtenarekin. Zer adierazi nahi zuen forma hirukitu purpura harekin, «horko horretan?» galdetu zion.

        Ramsay andrea Jamesi irakurtzen, erantzun zuen. Bazekien haren juzkua — ez zeukala giza tankerarik. Baina bere asmoa ez zen izan antzeko zerbait egitea, esan zuen. Zergatik jarri zituen orduan han? galdetu zion. Bai, zergatik? — bada han, ertz hartan argia zegoelako, eta hemen, honetan, ilunpe beharra sentitu zuelako. Hain xume, bistako, arrunt izan arren, Bankes jaunak interesa zeukan. Beraz ama-semeak —gorazarre unibertsaleko gaiak, eta kasu honetan amak eder ospea zeukan— desohorerik gabe urritu ahal ziren, oldoztu zuen, itzal purpura bihurtzeraino.

        Baina ez zen haien erretratu bat, esan zuen Lilyk. Ez behintzat Ramsay jaunak emandako zentzu berean. Bazeuden modu gehiago ere haiek goresteko. Hemengo itzal hau edo horko argitasun horren bitartez, esate baterako. Horrela ematen zion gorputz bere omenaldiari, baldin eta, erdizka uste zuenez, koadroak omenaldi izan behar bazuen. Ama-semeak desohorerik gabe urritu ahal ziren itzal bihurtzeraino. Hemengo argitasunak haranzko itzala eskatzen zuen. Hausnartzen zegoen Bankes jauna. Interesa zeukan. Ikuspegi zientifikotik hartzen zuen, borondate on osoarekin. Egia esan bere aurreiritzi guztiak alderantzizkoak ziren, azaldu zuen. Bere saloiko koadrorik handienean, pintoreek goraipatua eta ordaindu baino garestiago iritzi ziotena, Kennet ibai bazterreko gereziondo loratuak ageri ziren. Kennet ibai bazterretan igaro zuen eztilargia, esan zuen. Joan behar zuen Lilyk koadro hura ikustera, esan zuen. Baina orain — betaurrekoak goraturik jiratu zen oihala zientifikoki aztertzeko. Arazoa zera zenez, zer-nolako harremana zegoen masa, argi, eta itzalen artean, oneski esanda inoiz kontuan hartu ez zituen gauzak, esplikatzea nahiko zukeen — zer erdietsi nahi zuen Lilyk? Eta beren aurreko eszena seinalatu zuen. Hara begiratu zuen Lilyk. Ezin zion erakutsi zer erdietsi nahi zuen, berak ere ezin antzeman, pintzelik gabe eskuetan. Berriro hartu zuen lehengo pintatzeko jarrera, begiak lauso eta bere baitaraturik, emakume zen aldetik jasotzen zituen inpresio guztiak zerbait askoz jeneralagoaren menpe jarriz; bere burua berriro bisione harixe uztartuz, behin argiro ikusi izandakoa, eta orain hesiak eta etxeak eta amak eta umeen artean haztaka bilatu beharrekoa — koadroan bertan. Kontua zen, etorri zitzaion gogora, nola lotu eskuineko masa ezkerrekoarekin. Adarraren arrastoa zeharka eramanez egin zezakeen, holaxe; edo aurreko hutsunea objektu baten bidez (James agian) apurtuz, holaxe. Baina horren arriskua zen batasuna apur zitekeela. Isildu egin zen; ez zuen Bankes jauna aspertu nahi; arin kendu zuen oihala astotik.

        Baina ikusi egin zioten; harrapatu egin zioten. Gizon honek oso barruko zerbait elkarbanatu zuen berarekin. Eta horregatik eskerrak emanez Ramsay jaunari eta Ramsay andreari eta orduari eta lekuari, ordura arte susmatu ez zuen botere bat iritziz munduari, alegia posible zela galeria luze hartan behera joatea, jadanik bakardadean ez, baizik norbaiti besotik helduta —munduko sentipenik arraroena eta suspergarriena— bere pintura-estutxearen gakoa beharrezko baino gogorrago itxi, eta bazirudien gako hark zirkulu berean batu zituela betirako pintura-estutxea, belardia, Bankes jauna eta bihurri basati hura, Cam, korrika batean handik barrena igaro zena.

 

 

10

 

        Gutxigatik ez zuen Camek astoa ukitu; ez zen Bankes jauna eta Lily Briscoegatik gelditu; nahiz eta Bankes jaunak, alabaren bat gustura hartuko zuenak, eskua luzatuta eduki; ez zen gelditu gutxigatik jo ez zuen aitagatik ere; ezta amagatik ere, honek hots egin zionean «Cam! Zurekin egon nahi dut!» handik korrika igarotzerakoan. Txoria, bala edo gezia legez egin zuen ihes, zein desiok bultzatuta, nork jaurtita, norantz, nork jakin? Zer ote zen hura? Zer ote? hausnartu zuen Ramsay andreak, hari begira. Bisione bat agian — maskor batena, esku-orga batena, amandreen erresuma batena, han urrun hesiaz bestalde; edo abiaduraren gloria agian; ez jakin. Baina Ramsay andreak «Cam!» hots egin zionean bigarren aldiz, jaurtigaia lasterketaren erdian jausi zen, eta Cam nahiezik itzuli zen amagana, bidean hosto bat erauzita.

        Zerekin ari ote zen ametsetan, galdetu zuen Ramsay andreak bere artean, hura han aurrean ikusita, bere baitaratua, barruko gogoetaren batekin, mezua birritan errepikatu behar izateraino — galdetzeko Mildredi ea Andrew, Doyle andrea eta Rayley jauna itzuli ziren. Bazirudien hitz haiek putzu batera erori zirela, ur gardenak zituena, baina aldi berean hain deformatzaileak non jaitsi ahala ikus zitezkeen kiribiltzen, umearen buru zolan jainkoak daki zer itxura hartu arte. Zer mezu emango ote zion Camek sukaldariari? galdetu zuen Ramsay andreak bere artean. Eta hain zuzen ere soilik pazientziarekin itxoin ondoren, eta entzun ondoren emakume zahar musugorri bat zegoela sukaldean antoisinetik zopa edaten, Ramsay andreak azkenean ernearazi ahal izan zuen alabarengan lorito sen hura, Mildreden hitzak zehatz jaso eta jalkitzeko gai, itxoinez gero, lelo motelean. Hanka batekin eta bestearekin txingoka errepikatu zuen Camek: «Ez, oraindik ez, eta tea biltzeko esan diot Elleni».

        Minta Doyle eta Paul Rayley ez ziren beraz artean itzuli. Gauza bakarra esan nahi zuen horrek, pentsatu zuen Ramsay andreak. Mintak behingoz Paul onartu ala baztertu beharra. Bazkalondoan paseatzera joateak, nahiz eta Andrew beraiekin izan — zer esan nahi zezakeen? bada Mintak erabaki zuela, oso zuzen Ramsay andrearen ustez (eta oso-oso begiko zuen Minta), gazte jator hura onartzea, agian azkarra ez zena, baina hala ere, pentsatu zuen Ramsay andreak, konturatuz James gonatik tiraka ari zitzaiola Arrantzalea eta Emaztea irakurtzen jarrai zezan, Mintak, bihotz barrenean, askoz nahiago zituen inozoak, tesiak idazten jarduten zuten gizon burutsuak baino; Charles Tansley adibidez. Nolanahi ere bazen hura gertatzeko garaia, batera ez bazen bestera.

        Baina irakurri egin zuen, «Biharamunean emaztea esnatu zen lehenik; arturratzen ari zuen, eta ohetik ikusi zituen lur sail ederrak bere aurrean zabaldurik. Nagiak ateratzen ari zen senarra artean...»

        Baina Mintak artean nola esan zezakeen ez zuela ondoan hartuko? Ezin zuen, konforme egon ondoren arratsalde osoak biak bakarrik mendian harantz eta honantz ibiltzeko —Andrew karramarro bila joaten baitzen— baina segur aski Nancy beraiekin joan zen. Bien ikuskizuna saiatu zen gogora ekartzen, atarian zutik bazkalondoan. Hantxe zutik, zeruari begira, eguraldiarekin zalantzan, eta berak esan zuen, aldez beren lotsa gordetzeko, aldez haizea emateko joan zitezen (Paulen zale zen ere),

        «Hainbeste miliatan ez da hodei bakar bat ere ageri», eta orduan Charles Tansley gixona antzeman zuen, han ere beren atzetik irtenda, farriduriz. Baina berak propio esan zuen hura. Buru barruan bati eta besteari begira, ez zegoen ziur Nancy bertan ote zen.

        Irakurtzen jarraitu zuen: «Ah, emazte», esan zuen gizonak, «zergatik izan behar dugu Errege? Nik ez dut Errege izan nahi». «Tira», esan zuen emazteak, «zu ez bazara Errege izaten, ni izango naiz; zoaz Lengoraduagana, nik Errege izan nahi dut eta».

        «Barrura ala kanpora, Cam», esan zuen, bai baitzekien «Lengoradu» hitzak soilik erakartzen zuela Cam, eta berehala hasiko zela Jamesekin beti bezala hika-mika eta sesioan. Airean alde egin zuen. Ramsay andreak irakurtzen jarraitu zuen, lasaiturik, berak eta Jamesek zaletasun berak baitzeuzkaten eta gustura egoten ziren elkarrekin.

        «Eta itsasora heldu zenean, gris iluna aurkitu zuen, urak zutituta eta ustel usainarekin. Orduan bertan gelditu eta esan zuen:

 

                Lengoradu, lengoradu itsasoko.

                Zatoz, arren, niri entzuteko;

                zeren ene emazteak. Ilsabil onak,

                ez baititu nire desio berdinak».

 

        «Zer nahi du bada?» esan zuen Lengoraduak. «Non ote zeuden? galdetu zuen Ramsay andreak bere artean, irakurtzen eta pentsatzen, biak batera, aise asko; zeren Arrantzalea eta Emaztearen ipuin hura baxua bezalakoa baitzen, doinuari goxoki akonpainatzen ziona, noizean behin melodian ustekabe tartekatuz. Noiz esango ote zioten? Inongo berririk ez bazen, serioski hitz egin beharko zuen Mintarekin. Ezin baitzuen honek lurralde guztian barrena paseatzen ibili, nahiz eta Nancy beraiekin joan (berriro ahalegindu zen, arrakastarik gabe, bidean behera zihoazen haien bizkarrak ikusi eta zenbatzen). Bera zen erantzule Mintaren gurasoen aurrean — Ontza eta Laratza. Irakurtzerakoan oroitu zen bat-batean goitizenez. Ontza eta Laratza — bai, haserretuko lirateke entzunez gero — eta noski entzungo zutela — alegia Minta, Ramsaytarrekin zegoelarik, hola eta hola eta hola ikusi zutela. «Gizonak House of Commons-ean ileordea zeraman soinean eta andreak iaio asko laguntzen zion atariko eskaileretan» errepikatu zuen, haiek biak kanaberaz burutik atereaz esaldi haren bitartez, behin berak senarrari barre eginarazteko esana, festa batetik etxerakoan. Ene bada, zioen Ramsay andreak bere artean, nolaz sortu zuten alaba bakan hau? Minta marimutil hau, galtzerdian zuloarekin? Nolaz bizi zitekeen hain giro gaiztoan, non neskamea beti loritoak sakabanatutako harea pala batekin biltzen, eta elkarrizketa ia erabat baitzegoen mugatua —interesgarria agian, baina nolanahi ere murritza— txori haren balentrietara? Noski, bazkaldu, tea hartu, afaldu, eta azkenean beraiekin egunak pasatzera gonbidatu zuten Finlay-en; horrek istilu zerbait sortu zuen Ontzarekin, amarekin, eta dei gehiago, eta elkarrizketa gehiago, eta harea gehiago, eta azkenerako bizitza guztian irauteko adina gezur jalki zituen loritoei buruz (hala esan zion senarrari gau hartan, festatik etxerakoan). Dena den, Minta etorri egin zen... Bai, etorri egin zen, pentsatu zuen Ramsay andreak, arantzen bat susmatuz pentsamendu honen mataza barruan; eta hura askatzean hau zela aurkitu zuen: emakume batek behin «alabaren maitasuna ari zitzaiola lapurtzen» bota zion aurpegira; Doyle andreak esandako zerbaitek salaketa hura gogorarazi zion berriro. Agindu nahia, tartean sartu nahia, bere nahia inori eginaraztea — hura zen bere aurkako salaketa, eta guztiz bidegabea iritzi zion. Nola galarazi itxura hori edukitzea? Ez zioten behintzat aurpegira botako inor hunkitu nahian jardutea. Askotan lotsatzen zen enasa izateaz. Ez zen ez aginduzale eta ez tiranoa. Egia handiagoak ziren erietxeak, estoldak eta esnetegiari buruzko kontuak. Grina handia sentitzen zuen halako gauzetarako, eta aukera izan balu gustura helduko ziokeen jendeari garondo edo lepotik, hura ikus zezaten. Irla osoan erietxerik ez. Hura zoritxarra. Londresen etxe aurrera ekartzen zizuten esnea zikinkeriaz marroi-marroi. Debekatua egon behar zukeen. Esnetegi bikaina eta eritetxe bana hementxe — gustura egingo zituzkeen bi gauza horiek, bere gisa. Baina nola? Ume pila honekin? Koxkortzen zirenean agian edukiko zuen betarik; denak eskolara hastean.

        Oh, baina ez zuen nahi James egun batez ere gehiago koxkortzerik, eta ezta Cam ere. Zeuden bezalaxe gustatuko zitzaiokeen haiek biak betirako mantentzea, deabru bihurriak, aingeru jatorrak, inoiz ere ez bihurtzea munstro hankaluze. Galera haren ordaina ez zen aski ona. Orduantxe Jamesi irakurri zionean «soldadu ugari azaldu ziren tinbal eta tronpetekin», eta honen begiak ilundu zirenean, bere artean pentsatu zuen, zergatik koxkortu eta hori dena galdu beharra? James zen dohain gehien zeuzkana, seme-alabetan sentikorrena. Baina denengan, pentsatu zuen Ramsay andreak, jarri zitezkeen itxaropenak. Prue aingeruaren parekoa zen besterekiko, eta orain batzuetan, bereziki gauez, arnasarik gabe uzten zintuen bere edertasunak. Andrew — senarrak ere aitortzen zuen berebiziko dohaina zeukala matematiketarako. Eta Nancy eta Roger ume basatiak ziren artean, egun osoa ziztu bizian mendian barrena. Rosek berriz aho handiegia zeukan, baina dohain zoragarria eskulanetarako. Txaradetan jolasten bazuten, Rosek soinekoak egiten zituen; dena egiten zuen; mahaiak, loreak eta gainerakoak prestatzea gustatzen zitzaion gehien. Ez zitzaion gustatzen Jasper txoriei tiroka aritzea; baina bizitzaren fase bat besterik ez zen hura; denek igarotzen zituzten faseak. Zer dela eta, galdetzen zuen kokotsa Jamesen buru gainean jarrita, horren arin hazi beharra? Zer dela eta eskolara joan beharra? Beti haurren bat edukitzea gustatuko zitzaiokeen. Besoetan halako bati eustea zen bere zorionik handiena. Esatea zuen orduan jendeak bera tiranoa zela, aginduzalea, menperatzailea, hala nahi bazuten; axola gutxi. Eta semearen ilea ezpainekin ukituz pentsatu zuen, ez da inoiz orain bezain zoriontsua izango, baina bere buruari eutsi zion, hura esanez gero senarra zenbat haserretzen zen gogoratuta. Egia zen hala ere. Inoiz izango zirena baino zoriontsuago ziren orain. Hamar peniketako te joko batek egun osotarako egiten zuen Cam zoriontsu. Lurrari danbadaka eta makakorroka entzuten zituen esnatu orduko goiko aldean. Zalapartan etortzen ziren pasabidetik. Orduan atea indarrean zabaldu eta han non sartzen ziren, arrosak bezain fresko, adi-adi, erabat esna, gosalondoan jangelara etortze hura, eguneroko zeregina, berebiziko gertakizuna balute bezala; eta horrelaxe dena, bat ez zenean bestea, egun guztian, ondoloegin esatera igo arte, eta beren ohetxoetan harrapaturik aurkitzen zituen, txoriak gerezi eta franbuesen artean bezala, artean istorioak sumatzen txorakeriaren bati buruz — entzundako zerbait zela, edo lorategian bildutako zerbait. Nork bere altxor txikia zeukan... Eta orduan jaitsi eta senarrari esaten zion, zergatik hazi eta hori dena galdu beharra? Inoiz ez dira orain bezain zoriontsu izango. Eta senarra haserretu egiten zitzaion. Zergatik eduki bizitzaren hain ikuspegi iluna? esaten zion. Ez da zentzuzkoa. Bitxia zen, baina egia iruditzen zitzaion: senarraren iluntasun eta hertsipen hura gorabehera, hala ere bera baino zoriontsuagoa, itxaropentsuagoa zen, oro har. Gutxiago hunkitzen zuten hura inoren kezkek — agian horrexegatik. Beti zeukan lana eskura. Ez zen bera «pesimista» zelako, senarrak aurpegiratu bezala. Bizitzan pentsatu — eta denbora puska txiki bat azaltzen zitzaion begietara, bere berrogeita hamar urteak. Hantxe zeukan aurrean — bizitza. Bizitza: pentsatu bai, baina ez zuen pentsatzez bukatzen. Kirika egiten zion bizitzari, argi antzematen baitzuen hantxe zegoela, benetako zerbait, berea bakarra, seme-alabekin edo senarrarekin elkarbanatu ez zuena. Hitzarmen antzeko bat zegoen bien artean erabakia, bera alde batean eta bizitza bestean, eta beti elkarren lehian ari ziren batak besteari onena kentzeko; eta zenbaitetan parlamentatu egiten zuten (bakarrik eserita zegoenean); orduan izaten ziren, gogoan zeukan, adiskidetzeko eszena handiak; baina gehienetan, harrigarria izan arren, onartu beharra zeukan bizitza izeneko gauza hura izugarria iruditzen zitzaiola, zakarra, aukera emanez gero inori ekiteko gertu zegoena. Han zeuden betiko problemak: sufrimena; heriotza; behartsuak. Beti zegoen aldamenean emakume bat minbiziarekin hiltzen. Eta hala ere berak umeei esana zien, Egingo duzue aurrera. Garraztasunez esan zien hori zortzi pertsonari (eta negutegiko kontua berrogeita hamar librakoa izango zen). Horregatik, zer ikusteko jaioak ziren jakinda —maitasuna eta handinahia eta leku goibeletan bizitzea bakardade negargarrian— sarritan sentitzen zuen, Zergatik hazi eta hori dena galdu? Eta orduan bere buruari esaten zion, bizitzaren kontra ezpatari eraginez, txorakeriak zirela haiek. Guztiz zoriontsu izango dira. Eta hona non hasten zen, gogoan zeukan, berriro bizitzari izugarri samarra irizten, Mintari Paul Rayleyrekin ezkonarazten; zeren bere hitzarmen hari zernahi iritzita ere, eta denei gertatu beharrekoak ez ziren esperientziak ezagutu zituen berak (ez zizkion bere buruari aipatzen), indar batek bultzatzen baitzion, arinegi zela jakin arren, ihesbide bat balitz bezala berarentzat ere, ezkondu beharra zegoela esatera; haurrak eduki behar zirela.

        Oker ari ote zen honetan, galdetu zion bere buruari, azken asteetako bere jokabidea gainbegiratuz, eta galdezka ea gehiegi behartu ote zuen Minta, hogeita lau urte besterik ez zituena, erabakia har zezan. Egonezina nabari zuen. Ez al zuen hari buruz barre egin? Ez al zitzaion ahazten ari zer eragin handia zuen jendeagan? Ezinbestekoak ziren ezkontzeko — oh, makina bat kualitate bai (negutegiko kontua berrogeita hamar librakoa izango zen); bata —ez zeukan zertan aipaturik— baitezpadakoa; berak senarrarekin zeukan gauza. Ba al zeukaten hura?

        «Orduan gizonak galtzak jantzi eta eroa baino areago alde egin zuen handik», irakurri zuen. «Baina kanpoan ekaitz erauntsia ari zuen eta haizearen indarrak lanak ematen zizkion zutik egoteko; etxeak eta zuhaitzak erori, mendiak dar-dar, harkaitzak itsasora piririka, zerua bikea baino beltzago, trumoi eta tximista, eta itsasoa gorantz eliza-dorreak eta mendiak adinako olatu beltzekin, apar zuriarekin gailurrean».

        Orria igaro zuen; lerro bakar batzuk geratzen zirenez bukatu egingo zuen ipuina, jadanik lotarako ordua pasea izanagatik. Berandutzen ani zen. Baratzeko argiak esaten zion hori; eta loreen zurbilak eta hostoen grisak bat hartu zuten, beragan larrialdi antzeko bat pizteko. Hasieran ez zuen igartzen zer zen. Orduan oroitu zen; Paul eta Minta eta Andrew ez ziren etxeratu. Berriro ekarri zuen gogo aurrera lehengo taldea terrazan sarrerako atarian, zeruari begira zutik. Andrewk sarea eta saskia zeuzkan. Beraz karramarroak-eta harrapatuko zituen. Beraz harkaitzen batera igoko zen; eta itsasgorak aislatu. Edo labar gaineko bide-zidor haietako batetik ilaran zetozenean bakarren bat eror zitekeen. Piririka erori eta bertan mastrakatu. Zeharo ari zuen iluntzen.

        Baina ez zion bere ahotsari den gutxiena ere aldatzen utzi ipuina bukatzerakoan, eta liburua itxiz gehitu zuen, azken hitzak berak asmatu balitu bezala, Jamesi begietara so: «Eta oraindik ere bertan bizi dira».

        «Horrela amaitzen da», esan zuen, eta Jamesen begietan, ipuinaren interesa agortzen joan ahala, beste zerbait ikusi zuen haren lekua betetzen; harridurazko zerbait, zurbila, argi baten isla bezala, begirarazi eta liluratu egiten zuena aldi berean. Ramsay andrea jiratu, badiaz bestalde begiratu, eta hantxe, zalantzarik gabe, olatuetan barrena aldian-aldian bi distira azkar eta ondoren luze iraunkor bat bidaliz, faroko argia zegoen. Piztu berria.

        Laster galdetuko zion Jamesek, «Joango al gara farora?» Eta berak erantzun beharko zion: «Ez, bihar ez. Aitak ezetz dio». Zorionez Mildred sartu zen beren bila, eta zalaparta hark distraitu zituen. Baina Mildredek zeraman bitartean, sorbalda gainetik atzera begira jarraitzen zuen, eta Ramsay andrea seguru zegoen semeak bere artean zioela, bihar ez gara farora joango; eta pentsatu zuen, bizitza guztian edukiko du hori gogoan.

 

 

11

 

        Ez, pentsatu zuen, Jamesek moztutako irudi batzuk bateratuz —hozkailua, belarra ebakitzekoa, gizasemea etiketaz jantzia— umeei ez zaie inoiz ahazten. Horregatik zuen hainbeste garrantzi inork esan eta egiten zuenak, eta lasaitasun handia zen oheratzen zirenean. Orain ez baitzeukan inorengan pentsatu beharrik. Bere buruari begira egon zitekeen, bere gisa. Eta horrexen beharra sentitzen zuen orain sarritan — pentsatu beharra; beno, pentsatzea ere ez. Isilik egotea; bakarrik egotea. Suntsitu egiten zen izate eta egite hedakor, bikain, ozen guztia; eta inor murriztu egiten zen, ukitu goren batekin, norbera bihurtu arte, adar formako ilunpe muin bat, besterentzat ikusiezina den zerbait. Nahiz puntua egiten jarraitu, tente eserita, horrela sentitzen zen; eta bere nortasuna, loturak erortzen utzi ondoren, libre zegoen abentura bitxienetarako. Unetxo batez bizitza urperatzen zenean, esperientziaren esparruak amaigabea zirudien. Eta baliabideak amaigabeak zirela denen artean zabaldutako irudipena zen, suposatu zuen; berak, Lilyk, Augustus Carmichaelek, hirurek sentitu bide zuten umekeriak besterik ez direla gure aparizioak, inoren aurrean ezagun egiten gaituzten gauzak. Azpian dena ilun, dena barreiatzen, izugarri sakon; baina aldian behin azalera igotzen gara eta hori da gutaz ikusten dena. Amaigabea iruditzen zitzaion bere ortzi-muga. Han zeuden artean ikusi gabeko leku guztiak; Indiako ordekak; Erromako eliza batean larruzko gortina lodi bat baztertzen sentitu zuen bere burua. Ilunpe muin hau edonora hel zitekeen, inork ez baitzuen ikusi. Ezinezkoa zen hura gelditzea, pentsatu zuen, bozkarioz. Han zegoen askatasuna, han zegoen bakea, han zegoen, denetan atseginena, elkar biltze bat, sendotasunezko plataforma batean atseden hartze bat. Bere esperientziaren arabera, atseden hura ez zen ohikoa (trebetasun handiz burutu ahal izan zuen orain zerbait galtzeta-burdinekin), baizik ilunpezko adar baten gisakoa. Nortasuna galtzean galdu egiten da kezka, presa, ernetasuna; eta bere ezpainetan beti jaiotzen zen bizitzaren gaineko garaipen oihu bat, gauzak honela elkartzen zirenean, bake honetan, atseden honetan, eternitate honetan; eta gogoeta hortxe etenaz kanpora begiratu zuen faroko distirarekin egokitzeko, distira luze iraunkorra, hiruretatik azkena, alegia berarentzako distira, zeren haiek beti ordu hartan aldarte hartan ikusita ez baitzegoen ebitatzerik inork bere burua atxikitzea ikusitako gauza bati; eta gauza hau, distira luze iraunkorra, berarentzako distira zen. Sarritan aurkitzen zuen bere burua eserita begira, eserita begira, zeregina eskuetan, begiratzen zuen gauza hura bihurtu arte — adibidez argi hura. Eta orduan esaldi labur bat edo beste altxatzen zen, ordura arte bere gogoan egona, hala nola —«Umeei ez zaie ahazten, umeei ez zaie ahazten»— huraxe errepikatuz eta aldi berean gaineratuz: Bukatuko da, Bukatuko da. Helduko da, helduko da, bat-batean gaineratu zuen arte: Jainkoaren eskuetan gaude.

        Baina istant hartantxe haserretu egin zen bere buruarekin, hura esateagatik. Noten esana izan zen? berea ez; nahi ez zuen zerbait esanarazi zioten. Eskulanetik gora begiratu, hirugarren distirarekin egokitu, eta iruditu zitzaion bere begiek aurrez aurre egiten zutela topo bere begiekin, berak bakarrik azter zezakeen bere barruko gogo eta bihotzak aztertuz, bizitzatik garbituz gezur hura, edozein gezur. Argia laudatzerakoan bere burua laudatu zuen, harrotasunik gabe, zeren bera irmoa baitzen, azterzalea, argi hura bezain ederra. Bitxia zen, pentsatu zuen, bakarrik egonez gero nola jotzen zuen pertsonak gauzetarantz, bizigabeko gauzetarantz; zuhaitzak, ibaiak, loreak; norbera adierazten zutela sentituz; norbera bihurtzen zirela sentituz; norbera ezagutzen zutela sentituz, nola hala norbera zirela; hartara, norberari adinako xamurtasun zentzugabea sentituz haiengana ere (argi luze iraunkor hari so egin zion). Orduan jaiki zen, begira eta begira zegoelarik galtzeta-burdinekin airean, orduan goratu zen gogoaren zolan, altxatu zen norbere baitako lakutik, gandu bat, andregai bat bere maiteagana joateko.

        Zerk esanarazi zion hura: «Jainkoaren eskuetan gaude?» galdetu zion bere buruari. Egien artetik lerratutako zintasun ezarekin aztoratu, haserretu egiten zen. Puntua egiteari ekin zion berriro. Nola egingo zuen inongo Jainkok mundu hau? galdetu zuen. Bere adimenaren bitartez beti antzeman zuen ez zegoela arrazoi, ordenu, zuzenik, baizik sufrimena, heriotza, behartsuak. Ez zegoen munduak gauzatuko ez zuen gaiztakeria makurregirik; ondo asko zekien berak. Zorionak ez zuen irauten; ondo asko zekien berak. Lasaitasun tinkoz ari zen puntua egiten, ezpainak apur bat zimur, eta, jabetu gabe, bere ohiko irmotasun harekin aurpegiko egitea hain gogor eta lasai zeukan, non senarrak, handik igarotzean, nahiz bere artean barrez aritu pentsatuz Hume filosofoa, lar gizendua, lokazti batean trabatu zela, ez baitzuen ebitatzerik izan konturatzea, handik igarotzerakoan, emazte ederraren irmotasunaz. Horrek tristura eman zion, eta urruntasun hark mindu, eta emaztea ezin zuela babestu sentitu zuen handik igarotzerakoan, eta hesira iristean triste zegoen. Ezin zuen ezer egin emazteari laguntzeko. Ondoan begira egotea besterik ez. Berak gauzak okertzen zizkion, hori zen egia izugarria. Suminkorra, hunkibera irizten zion bere buruari. Bere onetatik atera zen faroaren kontuekin. Hesi barru hartara begiratu zuen, hango nahaspilara, hango ilunpera.

        Beti, sentitu zuen Ramsay andreak, nork bere burua bakardadetik nahiezik ateratzeko, eutsi egiten zion honi ez bazen beste horri, hotsen bati, ikuskizunen bati. Entzuten jarri zen, baina dena isil isilik zegoen; cricket saioa bukatua; seme-alabak bainua hartzen; itsasoaren hotsa soilik. Puntua egiteari utzi zion; eskuetan zintzilik eutsi zion galtzerdi marroi gorriztari pixka batean. Lehengo argia ikusi zuen berriro. Ironia apur batez galdera egiterakoan, zeren inor esnatzen denean aldatu egiten baitira harremanak, argi egonkorrari begiratu zion, argi gupidagabe eta bihozgogor bart, hain neurri handian bera zena, baina baita hain txikian ere, harexen menpe (gauez esnatu eta ohean zehar makurturik ikusten zuen, lurra laztantzen), liluraz begira, hipnotizaturik, zilarrezko behatz haiek bere baitako ontzi zigilatu bat laztantzen baleude bezala, zapart eginez gero bera gozamenez gainezkatzeko; baina nolanahi ere, pentsatu zuen, zoriona ezagutu zuen berak, zorion goxoa, zorion mina, eta egunaren argia moteltzen joan ahala distira gehixeagoz zilarreztatu zituen olatu zakarrak, eta hartan, urdina desagertu itsasotik, eta hau limoi gardenezko olatutan piririkatzen zen, hondartzan kiribilduz eta harrotuz eta lehertuz, eta estasiak begietan eztanda egin eta gozamen gardenezko olatuek zeharkatu zuten bere gogoaren zola, eta sentitu zuen, Aski da! Aski da!

        Ramsay jaunak buelta eman eta emaztea ikusi zuen. Ah! Aparta zen ederra, inoiz uste baino ederragoa oraintxe. Baina ezin hari hitz egin. Ezin enbarazurik egin. Harekin hitz egiteko premia zeukan, James joan eta azkenean bakarrik geratuta. Baina ezetz erabaki zuen; ez enbarazurik egitea. Emaztea aparte zegoen, hain zoragarri, hain triste. Bakean utziko zuen, eta haren ondotik igaro zen txintik atera gabe, nahiz mina egiten zion emaztea hain urrun ikusteak, eta harengana ezin hurbilduak, eta ezertan lagundu ezinak. Eta txintik gabe igaroko zen haren ondotik, baldin eta orduantxe bertan emazteak bere borondatez eman ez balio senarrak inoiz ez ziola eskatuko zekiena, eta atzetik deitu eta txal berdea hartu zuen koadroaren markotik, beragana joateko. Bai baitzekien senarrak babestu egin nahi zuela.

 

 

12

 

        Ramsay andreak sorbalden gainean hartu zuen txal berdea. Besotik heldu zion senarrari. Hain zen gizon ederra, esan zuen, Kennedy lorazainaz hizketan hasiz; hainbesteraino zen ederra non ezin baitzuen lanetik bidali. Eskailera bat zegoen negutegiaren kontra, eta ote mordoxkak han-hemenka erantsita, negutegiko sabaia konpontzen hasiak zirenez. Bai, baina handik barrena senarrarekin paseatzerakoan, bere kezkaren jatorria antzeman zuen. Mihiaren puntan zeukan esateko, handik barrena paseatzerakoan, «Berrogeita hamar libra kostatuko da», baina horren ordez, diru kontuekin kemena galtzen baitzuen, txoriei tiroka aritzeko Jasperen joera aipatu zuen, eta Ramsay jaunak berehala esan zion, hartara emaztea segituan lasaituz, berezkoa zela hura mutikoengan, eta ziur zegoela luze gabe aurkituko zituela dibertitzeko modu hobeak. Senarra hain zen zentzuduna, hain zen zuzena. Eta hala, andreak esan zion, «Bai; ume guztiek igarotzen dituzte fase desberdinak», eta alor handiko daliez hasi zen pentsatzen, eta hurrengo urteko loraldia nolakoa izango ote zen bere artean galdezka, eta umeek Charles Tansleyri jarritako izengoitia entzun al zuen galdetu zion. Ateoa deitzen zioten, ateo txikia. «Fintasun handirik ez daukan kristaua da», esan zuen Ramsay jaunak. «Batere ez dauka, ez», esan zuen Ramsay andreak.

        Ustez behintzat hura bere gisa uztea zen onena, esan zuen Ramsay andreak, bere artean galdezka ea merezi ote zuen ernamuinak ekarrarazteak; aldatzen al zituzten? «Oh, bere tesia idatzi beharra dauka», esan zuen Ramsay jaunak. Ondotxo zekien horren berri, esan zuen Ramsay andreak. Hark ez zuen beste ezertaz hitz egiten. Norbaitek zerbaitetan zeukan eraginari buruzkoa zen. «Horixe bakarrik baitauka eskura» esan zuen Ramsay jaunak. «Baldinbaitere ez al da Pruerekin maiteminduko», esan zuen Ramsay andreak. Alaba deseredatuko zukeen harekin ezkonduez gero, esan zuen Ramsay jaunak. Ez zegoen begira emazteak kontenplatzen zituen loreei, baizik haiek baino apur bat goraxeago. Hala ere ez zen barren gaiztokoa, gaineratu zuen, eta esateko zorian egon zen hura zela Ingalaterrako gazte bakarra miresten zuena bere — baina eztarrian behera irentsi zuen. Ez zuen emaztea berriro aspertu nahi bere liburuak zirela eta. Lore hauek itxuraz hazi dira, esan zuen, begirada jaitsi eta zerbait gorria, zerbait marroia antzemanez. Bai, baina hauek nire eskuekin jarritakoak dira, esan zuen Ramsay andreak. Arazoa zen zer gertatzen zen ernamuinak ekarrarazita; aldatzen al zituen Kennedyk? Halako alferziririk, gaineratu zuen, aurrera jarraituz. Berak pala eskuetan hartu eta egun osoa harixe begira egonez gero, aldian behin egiten zuen lan pikoren bat. Horrela segitu zuten paseoan, su-galda loreetarantz. «Zure alabak zugandik ari dira exajeratzen ikasten», egin zion erantzuki Ramsay jaunak. Izeba Camilla askoz okerragoa izan zen, adierazi zuen Ramsay andreak. «Nik dakidanez inork ez du behin ere zure izeba Camilla bertuteen eredutzat hartu», esan zuen Ramsay jaunak. «Inoiz ikusi dudan emakumerik ederrena zen», esan zuen Ramsay andreak. «Beste norbait zen holakoa», esan zuen Ramsay jaunak. Prue askoz ederragoa izango zen, esan zuen Ramsay andreak. Berak ez zuen horren aztarrenik ikusten, esan zuen Ramsay jaunak. «Begiraiozu bada gaur gauean», esan zuen Ramsay andreak. Gelditu egin ziren. Andrewri lan gehiago eginarazi nahi zion senarrak. Beste gainontzean beka aukera guztiak galduko zituen. «A zer gauza, bekak!» esan zion emazteak. Ramsay jaunari txoroarena iruditu zitzaion ateraldi hura, beka bezain gauza serios baten gainean. Bera Andrewrekin oso harro zegokeen bekaren bat lortuez gero, esan zuen senarrak. Bada bera Andrewrekin berdin-berdin zegokeen harro, lortzen ez bazuen ere, erantzun zion emazteak. Ez zeuden inoiz honetan ados, baina ez zuen axola handirik. Gogoko zuten elkar, batak beketan sinesten zuelako eta bestea Andrewrekin harro zegoelako, honek zernahi eginda ere. Ez non eta ez han, Ramsay andrea labar ertzeko bide-zidor haiekin gogoratu zen.

        Ez al zen berandu? galdetu zuen. Artean ez ziren etxeratu. Ramsay jaunak erlojuaren tapa altxatu zuen ardurarik gabe. Baina zazpiak pasatxo besterik ez ziren. Zabalik eduki zuen erlojua pixka batean, terrazan sentitu zuena kontatzea erabakita. Hasteko, ez zela zentzuzkoa hain urduri jartzea. Andrew bere burua zaintzeko gauza zen. Ondoren, esan nahi zion ezen lehentxeago terrazan zebilenean — honetan egonezina jarri zitzaion, apurtzen ari balitz bezala emaztearen bakardadea, apartetasuna, urruntasuna... Baina honek gogor egin zion. Ea zer kontatu nahi zion, galdetu zuen, farora joateari buruz zelakoan; eta damu zela «Zoaz pikutara» esateagatik. Baina ez. Ez zitzaiola gustatzen bera hain triste ikustea, esan zion senarrak. Burua beste gauzetan, ihardetsi zion emazteak, apur bat gorrituz. Biei jarri zitzaien ondoeza, aurrera ala atzera egin ez balekite bezala. Jamesi amandre ipuinak irakurtzen aritu zen, esan zion emazteak. Ez, hura ezin zuten elkarbanatu; horretaz ezin ziren mintzatu.

        Bi su-galda lore sorten arteko hutsunera heldu ziren, eta han zegoen faroa berriro, baina Ramsay andreak ez zion utzi bere buruari hari begiratzen. Senarra begira zeukala jakin izan balu, pentsatu zuen, ez zen bertan pentsakor eserita egongo. Ez zitzaion atsegin zerbaitek gogoraraztea pentsakor eserita egon zenik. Hala, sorbalda gainetik begiratu zuen, herrirantz. Argiak jarioan zihoazen olatutan, haizeak itsatsitako ur tanta zilarrezkoak bailiran. Eta horixe bihurtu zen miseria guztia, sufrimen guztia, pentsatu zuen Ramsay andreak. Herriko, portuko eta barkuetako argiek sare fantasma bat ematen zuten, hondora joandako zerbait markatzeko hantxe flotatzen. Tira, emazteak ez bazituen pentsamenduak elkarbanatu nahi, esan zion Ramsay jaunak bere buruari, joan egingo zen, orduan, bere gisa. Pentsatzen jarraitu nahi zuen, bere buruari kontatzen Hume lokaztian trabatua geratu zeneko istorioa; farre egiteko gogoa zeukan. Baina, ezer baino lehen, txorakeria zen Andrewrekin kezkatzea. Andrewren urteekin bera egun osoan ibiltzen zen mendian barrena, gaileta bat besterik ez poltsikoan eta beratzaz inor larritu edo labarretik behera erori zela pentsatu gabe. Eguraldiak eutsiez gero, egun-pasa oinez joateko asmoa zuela esan zuen ozenki. Askotxo jasan zituen Bankes eta Carmichael. Bakardade apur bat nahi zuen. Bai, esan zuen emazteak. Amorrazioa eman zion emazteak gogor egin ez izanak. Honek bai baitzekien inoiz ez zuela asmo hori beteko. Zaharregia zen egun-pasa oinez joateko gaileta bakar batekin poltsikoan. Emaztea umeekin kezkatzen zen, baina berarekin ez. Aspaldi, ezkon aurretik, pentsatu zuen, badian barrena begira, su-galda lore sorten artean zeudelarik, egun osoan ibiltzen zen oinez. Otordurako aski zuen ostatuko gazta eta ogia. Hamar orduz egiten zuen lan etengabe; andre zahar baten burua azaltzen zen noizean behin, suaz arduratzeko. Inguru hura gustatzen zitzaion gehien, haranzko hura; hareazko muino haiek ilunpetan itzaltzen. Egun osoa ibil zitekeen arimarik topatu gabe. Ia etxerik ere ez zegoen, ezta herri bakar bat ere milia askotan. Bakardadean azter zitezkeen gauzak. Inor antzinatik izan gabeko hondartza txikiak zeuden. Fokak bertan eseri eta inon begira egoten ziren. Zenbaitetan pentsatzen zuen hango etxe txiki batean, bakar bakarrik — eten egin zuen gogoeta hura, hasperen eginez. Ez zeukan eskubiderik. Zortzi umeren gurasoa — gogorarazi zion bere buruari. Eta basapiztia eta zitalarena litzateke ezer aldatu nahi izatea. Bera baino gizon hobea izango zen Andrew. Eder aparta izango zen Prue, amaren esanetan. Ordura arteko joera apur bat hobetuko zuten. Izan ere langile handi samarra zen — zortzi ume. Haiek frogatzen zuten berak ez zuela arras madarikatzen unibertso kaxkarra, zeren honelako arrats batean, pentsatu zuen iluntzen zihoan lurrari begira, irlatxoak tankera txiki penagarria baitzeukan, itsasoak erdi irentsia.

        «Hau leku kaxkarra», murmurikatu zuen hasperen batekin.

        Emazteak entzun egin zion. Gauzarik hitsenak esan ohi zituen hark, baina bera antzemana zegoen haiek esan eta berehala bestetan baino alaiago ematen zuela. Honelako ateraldiak jolas bat ziren, pentsatu zuen, zeren senarrak esandako erdiak esan balitu berak, aspaldi bere buruaz beste egina zen.

        Amorrarazi egiten zen senarraren ateraldi haiekin, eta segurtasunik handienaz esan zion ilunabar aparta zela hura. Eta ea zertan ari zen marmarka, galdetu zion, erdi barrez erdi kexati, igartzen baitzion zertan ari zen pentsatzen — liburu hobeak idatziko zituzkeela ezkondu ez balitz.

        Ez zen kexatzen ari, erantzun zion. Emazteak bazekien ez zela kexatzen ari. Bazekien ez zeukala zertaz kexaturik. Senarrak eskutik heldu, ezpainetara eraman eta hainbesteko berotasunez eman zion muxu non emazteari malkoak jalki baitzitzaizkion begietara, eta orduan senarrak eskua askatu zion bizkor.

        Ikusmirari bizkarra eman eta lantza itxurako landare berde zilartsuen bidean gora abiatu ziren, besotik helduta. Haren besoak gizon gaztearena zirudien, pentsatu zuen Ramsay andreak, argala eta gogorra, eta pozez pentsatu zuen zer indartsua zen artean, nahiz hirurogei urteak paseak izan, eta zer hezigabe eta baikorra, eta zer bitxia zen hainbat izugarrikeriaz konbentzitua egon arren, itxuraz behintzat ez zapuztea, baizik bizkortzea. Ez al zen arraroa? pentsatu zuen. Izan ere batzuetan beste inor ez bezala zegoela egina ematen zuen, gauza arrunten aurrean jaiotzez itsu, gor eta mutu, baina ezohikoen aurrean arrano-begiduna. Askotan harritzen zen haren zentzuaz. Erreparatzen al zien loreei? Ez. Erreparatzen al zion ikusmirari? Ez. Erreparatzen al zion alabaren edertasunari, edo platerean pudding-a edo haragi errea zeukan? Ametsetan dagoena bezala esertzen zen mahaian. Eta ozenki hitz egin edo olerkiak ozenki esateko ohitura ari zen hartzen, zoritxarrez; izan ere batzuetan komeriak zituzten.

 

Onenak eta ederrenak, utikan!

 

        Giddins andereño gajoa, hori hots egin zionean ia bertan geratu zen zerraldo. Baina orduan, berehala senarraren alde jarriz munduko Giddins-tar txoro guztien aurka, orduan, pentsatu zuen Ramsay andreak, senarrari besoa apur bat estutuz, aldapan gora azkarregi zihoala adierazi nahiz, eta momentutxo batez gelditu beharra zeukala satorren muntoko lur piloak berriak ote ziren ikusteko, orduan, pentsatu zuen, begiratu ahal izateko makurtuz, berea bezalako adimen bikainak erabat desberdina izan behar du besteonaren aldean. Berak ezagututako gizon bikain guztiak, pentsatu zuen, untxiren bat sartu zela iritzita, halakoak ziren, eta mutil gazteentzat ona zen (nahiz bere ustez hitzaldi aretoetako giroa zakarra eta deprimentea izan, ia jasanezina) hari entzute soila, hari begiratze soila. Baina nola gutxitu untxiak tiroka ez bazen? galdetu zuen bere artean. Agian untxia zen; agian satorra. Piztiaren bat bere San Jose loreak hondatzen ari zen. Eta gora begiratuz izarraren lehen taupada ikusi zuen zuhaitz meheen gainetik, eta hura ikusarazi nahi zion senarrari; atsegin handia ematen baitzion berari ikuskizun hark. Baina eutsi egin zion bere buruari. Senarrak ez zien inoiz gauzei begiratzen. Eta begiratuez gero zera bakarrik esango zuen, Hau mundu kaxkarra, hasperen eginez.

        Une hartan, loreak miresten balego bezala eginez, «Oso ederra» esan zuen, emazteari gustua emateko. Baina honek ongi zekien ez zituela miresten, han zeudenik ere ez zela konturatzen. Berari gustua emateko besterik ez... Ah, baina ez al zen hura Lily Briscoe, William Bankesekin paseatzen? Bere begi miopeak zuzendu zituen urruntzen zihoan bikotearen bizkarretara. Bai, haiek ziren. Ez al zuen horrek esan nahi ezkontzekoak zirela? Bai, inondik ere! Ideia zoragarria! Ezkontzekoak ziren.

 

 

13

 

        Amsterdamen izana zen, zioen Bankes jaunak belardian barrena Lily Briscoerekin paseatzerakoan. Rembrandtak ikusia. Madrilen izana. Zoritxarrez Ostiral Santu izan eta Pradoa itxirik zegoen. Erroman ere izana. Inoiz izan al zen Miss Briscoe Erroman? Oh, joan beharko zukeen — Esperientzia zoragarria izango zukeen — Kapera Sixtina; Michael Angelo; eta Padua, hango Giottoekin. Emaztea ondoezik egon zen urte askotan, eta beraz mugatu samarra izan zen beren bazter ikustea.

        Bera, berriz, Brusselan izana zen; Parisen izana, baina hegazkinez joanda, izeba eri bat bisitatzera. Dresden izana; makina bat koadro ikusi gabe geratua; nolanahi ere, pentsatu zuen Lily Briscoek, agian hobe zen koadrorik ez ikustea: norberaren lanarekiko egonezin etsia besterik ez zuten sortzen. Bankes jaunaren ustez urrunegi eraman zitekeen ikuspuntu hori. Ezin dugu denok Tiziano edo Darwin izan, esan zuen; zalantza egiten zuen gainera, Darwin edo Tizianorik izango zenik gu bezalako jende xehea egon ez balitz. Lilyk lausenguren bat egin nahiko zion; zu ez zara xehea, Bankes jauna, esan nahiko zion. Baina hura ez zen lausengu zale (gizon gehienak bai, pentsatu zuen), eta lotsatu samarra zegoen bere bultzadarekin eta isilik geratu zen, Bankes jaunak zioen bitartean agian ez zeukala koadroekin zerikusirik berak esan berri zuenak. Hala eta guztiz ere, esan zuen Lilyk, bere faltsukeria txikia gainetik astinduz, beti jarraituko zuen pintatzen, interesgarria iruditzen zitzaiolako. Bai, esan zuen Bankes jaunak, horixe jarraituko zuela, eta belardi bukaerara iristean ea Londresen gaiak aurkitzeko zailtasunik zeukan ari zitzaion galdetzen, orduan jiratu eta Ramsaytarrak ikusi zituztenean. Hori da beraz ezkontza, pentsatu zuen Lilyk, senar-emazteak pilotan jostatzen dabilen neska bati begira. Hori adierazi nahi zidan Ramsay andreak lehengo gauean, pentsatu zuen. Honek soinean txal berdea zeraman, oso elkarren ondoan zeuden, elkarri pilota botaka zebiltzan Prue eta Jasperi begira. Eta bat-batean, batere arrazoirik gabe, agian metrotik irteten edo ate bateko txirrina jotzen ari denari gainera esanahi bat jaisten zaion bezala, hura sinbolo, ordezkari bihurtuz, esanahi huraxe ezarri zen bi haien gainean ere, eta hala, ilunabarrean zutik, begira, ezkontzaren sinbolo bilakatu zituen, senar-emazte. Gero, handik pittin batera, berriro hondoratu zen benetako irudiak gainditzen zituen ingurumari sinbolikoa, eta, aldamenera heltzerako, Ramsay jaun-andreak ziren berriro, pilotan jostatzen zebiltzan umeei begira. Baina hala ere momentu batez, nahiz Ramsay andreak betiko irribarreaz agurtu (oh, ezkontzekoak garela uste du, pentsatu zuen Lilyk) eta esan «Gaur ni txapeldun», adierazi nahian behingoagatik Bankes jauna konforme zegoela beraiekin afaltzeko, ostatura ihes egin gabe, non morroiak hain poliki paratzen baitzizkion barazkiak; hala ere, momentu batez jarraitu egin zuen leherketa, hustasun eta zabarkeriaren irudipenak, bitartean pilota gora zihoalarik, eta beraiek begiez hari segika, galdu arte, eta izar bakar bat eta adarrak zintzilik ikusi zituzten. Argiak indarra galdu ahala denek ematen zuten ertz zorrotzak eta etereoak eta bata besteagandik tarte handitara. Orduan, berebiziko hustasun hartatik ziztu bizian atzeraka (gauzen sendotasunak desegina ematen baitzuen), Prue beraiengana ziztuan etorri eta trebe asko atzeman zuen pilota goian ezker eskuaz, eta amak esan zion «Ez al dira oraindik etxeratu?», horrenbestez hango lilura hautsiz. Ramsay jauna libre sentitu zen barre egiteko Humeen bizkar, lokaztian trabatu eta andre zahar batek salbatua Aita Gurea esanez gerotan, eta bere artean ijika abiatu zen bulego aldera. Ramsay andreak Prue berriro familiarteko bizitzara bilduz, alde eginda egon baitzen pilotan jostatzeko, galdetu zion,

        «Beraiekin joan al da Nancy?»

 

 

14

 

        (Bai noski, Nancy beraiekin joan zen, Minta Doylek hala eskatu baitzion begirada mutu harekin, eskua luzaturik, Nancy bazkalondoan teilatupeko bere gelara zihoanean, familiako bizitza latzari itzuri. Joan egin beharko zuela pentsatu zuen. Ez zeukan joateko gogorik. Ez zuen bere burua hartaratua ikusi nahi. Zeren bidean barrena labarrerantz zihoazenean Mintak eskutik eusten baitzion. Ondoren askatu. Ondoren berriro eutsi. Zer nahi zuen? galdetzen zuen Nancyk berekiko. Jendeak beti nahi du, noski, zerbait; zeren Mintak eskua hartu eta eusten zionean, Nancyk, nahiezik bazen ere, mundu osoa ikusten baitzuen bere aurrean zabaldurik, Constantinopla gandu artean bezala, eta orduan, nahiz norberak begiak moteldurik eduki, galdetu beharra zegoen: «Santa Sofia al da hori?» «Urrezko Adarra al da hori?» Hala galdetzen zuen Nancyk bere artean, Mintak eskutik eusten zionean: «Zer nahi ote du? Hori al da?» Baina zer zen hori? Han-hemenka azaltzen zen gandu artetik (Nancyk bere azpian zabaldurik zegoen bizitzari begiratzean) pinakulu bat, kupula bat; bistako gauzak, izenik gabeak. Baina Mintak eskua askatzen zionean, adibidez aldapan behera jaisterakoan, guzti hura, kupula, pinakulua, zernahi izanik ere gandu artetik nabarmendutako hura, barru hartan hondoratu eta desagertzen zen.

        Minta, aipatu zuen Andrewk, ibiltari on samarra zen. Emakume gehienek baino arropa zentzuzkoagoak janzten zituen. Gona oso motzak eta bonbatxo beltzak. Zuzenean errekan sartu eta alderik alde zeharkatzeko gauza zen. Gogoko zuen haren ausardia, baina hura ez zen itxura — modurik txoroenean hilko zen haietako egunen batean. Bazirudien ezeri ez ziola beldurrik — zezenei ezik. Soroan zezena ikusi orduko besoak gora altxatu eta marruka alde egiten zuen, zezena xaxatzeko gauzarik egokiena, noski. Baina ez zitzaion deus axola hori aitortzea; egia zen. Bazekien koldar hutsa zela zezenekin, zioen. Pentsatzen zuen haur denboran, ume-kotxean zihoala, ekin egingo ziola bakarren batek. Ez zuen ematen axola zitzaionik zer esan edo zer egin. Bat-batean labar ertzera jauzi egin eta holatsu hasi zen kantari:

 

Egon hadi bada, egon hadi bada

 

Denek egin behar izan zuten bat eta leloa kantatu eta elkarrekin garrasi egin:

 

Egon hadi bada, egon hadi bada

 

baina latza izango zen itsasoa igo eta urak arrantza-leku on guztiak estaltzea haiek hondartzara iritsi aurrez.

        «Latza», berretsi zuen Paulek jauzi eginez, eta irristaka jaisten ziren bitartean gida-liburua zitatzen jarraitu zuen, hala nota «irla honen egiazko ospea parke antzeko ikusmirak eta itsas berezitasunen ugaritasun eta aukeragatik». Baina ez ziren egokiak garrasi eta egon-hadi-bada haiek, pentsatzen zuen Andrewk labarretik jaisteko lekua bilatu bitartean, ezta bizkarreko txapakak eta berari «aspaldiko» deitzea ere; ez ziren batere egokiak. Emakumeak paseatzera eramatearen alderdirik okerrena. Hondartzara iristean banakatu egin ziren, bera Aita Santuaren Sudurrerantz, oinetakoak erantziz, galtzerdiak barruan sartuz eta bikotea bere gisa utziz; Nancyk bere harkaitzak badeatu, bere putzuak bilatu eta bere gisa utzi zuen bikotea. Makur-makur egin eta goma antzeko itsas anemona leunak ukitu zituen, harkaitz saihetsari erantsiak gelatina puskak bezala. Hausnartzearen poderioz, putzua itsaso bihurtu zen, eta arraintxoak tiburoi eta balea, eta eskua eguzki aldera jarriz hodei zabalak hedatu zituen mundu ñimiño hartara, eta hala milioika gizaki ezjakin eta errugaberi iluna eta desolazioa ekarri zien, Jainkoak berak bezala, eta ondoren eskua bat-batean kendu eta jarioan utzi zuen eguzkia. Itsasoak zeharka-meharka gurutzaturiko harea zuriztan, pauso luzez, litxak zintzilik, manoplekin, ezkutuan zihoan berebiziko leviatana (putzua handitzen jarraitzen zuen), eta mendi magaleko pitzadura zabaletatik lerratu zen. Eta ondoren, begiak oharkabean putzutik jaso eta itsaso eta zeruaren arteko lerro dardarati hartan pausatuz, bapore-ontzien keak ortzi-mugan dardarka jartzen zituzten zuhaitz enborretan, hipnotizaturik amaitu zuen olatuen oldar basatiarekin eta ezinbesteko atzerakadekin, eta zabaltasun eta txikitasun irudipenak (putzua berriro urritu zen) esku eta oinak loturik zeuzkala sentiarazi zion, mugitu ezinik hain sentimendu trinkoengatik, hauek betirako murrizten baitzioten bere gorputza, bere bizitza, eta baita munduko gizaki guztien bizitzak ere, hutsean geratu arte. Hala, olatuei entzunez, putzu ondoan makurturik, hausnartzen zegoen.

        Baina itsasoa igotzen ari zela hots egin zion Andrewk, eta orduan Nancy uretan plisti-plasta joan zen saltoka olatu axaletan barrena lehorreraino, eta hondartzan gora korrika, eta bere lehia eta abiadura goseak harkaitz baten atzera eraman zuen, eta hantxe, ene bada! hantxe zeuden elkar besarkatzen Paul eta Minta! segur aski muxuka. Iraindua sentitu zen, sumindua. Andrewk eta berak oinetako eta galtzerdiak isil isilik jantzi zituzten, kontua aipatu ere egin gabe. Ondoren zakar mintzatu ziren elkarrekin. Nolaz ez zion deitu karramarroa edo dena delakoa ikustean, purrustatu zion Andrewk. Nolanahi ere biek sentitzen zuten berdin, ez da geure errua izan. Ez zuten halako ezbehar ikaragarria gertatzerik nahi izan. Hala eta guztiz ere Andrew amorrarazita zegoen Nancy emakumea zelako, eta Nancy berriz Andrew gizonezkoa zelako, eta oinetakoak oso txukun lotu eta estu samar korapilatu zituzten txibistak.

        Berriro labar gainera igo zirenean, Mintak amonaren brotxea galdu zuela oihukatu zuen —amonaren brotxea, zeukan apaingarri bakarra— perlazko zume negartia (inondik ere gogoratu behar zuten). Inondik ere ikusia behar zuten, zioen, malkoak masailetan behera mara-mara, amonak bizi izan bitartean tokari eusteko erabilitako brotxea. Eta orain galdu. Nahiago zuen beste edozer galdu balu! Bila itzuliko zen. Denak itzuli ziren. Dena miatu, arakatu eta aztertu zuten. Buruak arras apaldurik, labur eta petral mintzo ziren. Paul Rayleyk eroa baino areago arakatu zituen eserita egondako harkaitz inguruak. Hainbeste berriketa brotxe batengatik, pentsatu zuen Andrewk, Paulek esan zionean «arretaz aztertzeko hemendik hara bitarteko tartea». Bizkor ari zen itsasoa igotzen. Minutu baten buruan estaliko zuen eserita egondako lekua. Ez zegoen hura aurkitzeko inongo aukerarik. «Bertan harrapatuko gaitu!» egin zuen Mintak garrasi, bat-batean izuturik. Baita zera ere! Berriro ere zezenekin bezala — bere burua menperatu ezina, pentsatu zuen Andrewk. Emakume kontuak. Paul gizarajoak baretu behar izan zuen. Gizonezkoek eztabaida labur bat eduki (Andrew eta Paul gizonezkoen pareko bihurtu ziren berehala, bestetan ez bezala) eta eserita egondako lekuan Rayleyren makila tinkatzea erabaki zuten, eta itsas beheran bueltatzea. Ez zegoen orain beste ezer egiterik. Brotxea han baldin bazegoen han egongo zen goizean ere, segurtatu zioten, baina Mintak zizpuruka jarraitu zuen labar gainera bidean. Amonaren brotxea; nahiago izango zuen beste edozer galtzea, baina hala ere Nancyri iruditu zitzaion, nahiz agian egia izan hari brotxea galduagatik penatzea, ez zela horregatik bakarrik negarrez ari. Beste zerbaitengatik ari zen negarrez. Eseri eta negar egin genezake denok, pentsatu zuen. Baina ez zekien zertarako.

        Elkarrekin zihoazen aurrean Paul eta Minta, hark esanez, kontsolatu nahian, zer ospea zeukan gauzak aurkitzeagatik. Behin mutil kozkorretan urrezko erlojua aurkitu zuen. Argi urratzean jaiki eta seguru zegoen aurkituko zuela. Artean ilun egongo zela bururatu zitzaion, eta bakarrik egongo zela hondartzan, eta arriskutsu samarra-edo izango zela. Nolanahi ere horixe aurkituko zuela, hasi zitzaion esaka, eta Mintak berriz ez zuela entzun ere egin nahi egunsentian jaikitzearena: galdu egin zen eta kito: ondotxo zekien: bihozkada bat eduki zuen arratsalde hartantxe hura janzterakoan. Eta Paulek bere artean erabaki zuen fitsik esan gabe etxetik alde egingo zuela denak lo zeudenean, egunsentian, eta aurkitzerik ez bazeukan Edinburgora joan eta bestea erosiko ziola, lehengoa baino are ederragoa. Zertarako gauza zen erakutsiko zion. Eta gailurra iritsi eta behean herriko argiak ikusi zituztenean, bat-batean banan bana jaiotzen ziren argi haiek bere etorkizuneko gertakariak iruditu zitzaizkion — ezkontza, haurrak, etxea; eta berriro pentsatu zuen, sastraka altuen itzaletan zegoen errepidea iristean, elkarrekin bilduko zirela bakardadera, ibili eta ibili, beti Mintari bidea erakutsiz, eta hau saihetsean pega-pega eginda (orain bezalaxe). Bidegurutzeko bihurgunea hartzerakoan, pentsatu zuen zer esperientzia latza nozitu zuen, eta norbaiti esan behar ziola — Ramsay andreari, noski, zeharo pasatuta baitzegoen, zertan hasi eta zer egin zuen gogoratuta. Bere bizitzako momenturik okerrena izan zen, askogatik, Mintari berarekin ezkontzeko eskatu zion hura. Zuzenean Ramsay andreagana joateko asmoa zeukan, nola hala harengatik uste baitzuen egin zuela hura. Hark pentsarazi zion zer-nahi-hura egin zezakeela. Beste inork ez zuen aintzat hartzen. Hark sinestarazi zion zer-nahi-hura egin zezakeela. Haren begiak sentitu zituen egun osoan, etengabe segika (nahiz behin ere hitzik esan ez), esanez bezala: «Bai, egin dezakezu. Zugan sinesten dut. Hori espero dut zugandik». Hori guztia sentiarazi zion, eta itzuli bezain laster (etxeko argiak bilatu zituen badia gainean) harengana joan eta esango zion: «Egin dut, Mrs. Ramsay; zuri eskerrak». Eta hala, etxerako bidexka hartzean, argiak ikus zitzakeen goiko leihoetan mugitzen. Izugarri berandutu zitzaien, beraz. Denak afaltzeko prest egongo ziren. Etxe guztia zegoen pizturik, eta ilunpe ondorengo argi haiek begiak ase zizkioten, eta bere artean esan zuen, umearen gisa, atariko bidean gora zihoalarik, Argiak, argiak, argiak, eta txunditurik berriro ere Argiak, argiak, argiak, etxean sartzen ziren heinean, aurpegi seriosez ingurura begira. Baina jainko santua, esan zuen berekiko, eskua gorbatara eramanez, ez dut txoroarena egin behar).

 

 

15

 

        «Bai», esan zuen Pruek bere tankera hausnarkor harekin, amaren galderari erantzunez, «Uste dut Nancy beraiekin joan dela».

 

 

16

 

        Tira, Nancy beraiekin joana zen beraz, pentsatu zuen Ramsay andreak, bere artean galdezka, zipilua utzi, orrazea hartu, ateko takatekoari «Aurrera» erantzun (Jasper eta Rose sartu ziren), ea Nancy beraiekin egoteak erraztu edo zaildu egiten ote zuen ezer gertatzea; nola hala zaildu egiten zuen, iruditzen zitzaion Ramsay andreari zentzuzko arrazoirik gabe, nahiz azken finean uste izan ez zela probablea tamaina hartako hondamendia. Ezinezkoa zen denak itotzea. Eta berriro ere bakarrik sentitu zen aspaldiko arerioa zuen bizitzaren aurrean.

        Jasper eta Rosek esan zuten Mildredek jakin egin nahi zuela afaria atzeratu ala ez.

        «Ezta Ingalaterrako Erreginagatik ere», esan zuen Ramsay andreak irmoki.

        «Ezta Mexikoko Enperatrizagatik ere», gaineratu zuen Jasperi begira barrez, honek ere amaren bizioa baitzeukan: exajeratzekoa.

        Eta Jasperek mezua eraman bitartean, Ramsay andreak Roseri esan zion nahi izanez gero aukeratzeko zein bitxi jantzi. Hamabost afaltiarrekin ezin dira gauzak etengabe itxoiten eduki. Haserretzen hasia zen berandu zetozelako; begirunerik ez izatea zen, eta kezkaz gain amorrazioa ematen zion gau huraxe aukeratu izana berandu etortzeko, afari atsegina eduki nahi baitzuen, azkenean William Bankesek beraiekin afaltzea onartu zuenez; eta Mildreden gutizia zeukaten jateko — boeuf en daube. Gauzak prest zeuden momentuan bertan zerbitzatzean zegoen koska. Haragia, erramu hostoa eta ardoa — dena bere garaian. Ez zen posible zain edukitzea. Baina hala ere hainbeste gautatik hartantxe berandutu zitzaien, eta janaria atzera bildu eta bero eduki beharra zegoen; erabat alferrikalduko zen boeuf en daube hura.

        Jasperek opalozko koilarea eskaini zion; Rosek urrezkoa. Zeinek ematen zuen hobeto soineko beltzarekin? Zeinek ordea? zioen Ramsay andreak distraiturik, ispiluan lepoa eta sorbaldei begira (baina aurpegia ebitatuz). Eta orduan, umeek bere gauzetan lardaskatu bitartean, leihotik kanpora begiratu zuen ikuskizun beti gogoko batera — beleak, zein zuhaitzetan pausatu erabaki nahian. Bazirudien aldioro iritziz aldatu eta berriro hegatzen zirela, zeren, bere ustez, bele zaharra, bele aita, Joseph zaharra deitzen zion, izaera gogaikarri eta bihurrikoa baitzen. Omen txarreko txori zaharra, hegoetako lumen erdiak galdurik. Ostatu aurre batean tronpeta jotzen ikusitako gizaseme zahar, narras, kopazko sonbreirudun baten antza zuen.

        «Beitu!» esan zuen barrez. Borrokan ari ziren. Joseph eta Mary borrokan. Hala ere berriro hegatu ziren denak, eta beren hego beltzek airea baztertu eta zimitarraren forma zoragarritan moztu zuten. Hegoen mugimenduaren dinbi-danba hura —ezin inoiz bere gustura deskribatu— denetan ederrentxoena iruditzen zitzaion. Beitu horri, esan zion Roseri, berak baino argiago ikusi ahal izango zuelakoan. Zeren seme-alabek sarritan bultzada txiki bat ematen baitzioten aurrerantz norberaren begiztapenei.

        Baina zein hautatu? Zabalik zeuzkaten bere bitxien kutxako kaxoi guztiak. Urrezko koilarea, italiarra hura, ala opalozko koilarea, osaba Jamesek Indiatik ekarria; edo bestela amatistak?

        «Aukera ezazue, laztanak, aukera ezazue», esan zuen, lehenbailehen egingo zuten esperantzaz.

        Baina aukeratzeko beta aski utzi zien: bereziki Roseri utzi zion, batean hau eta bestean hura hartu eta bitxiak soineko beltzaren ondoan jartzen, bai baitzekien bitxiak aukeratzeko zeremonia txiki hura, gauerokoa, beste ezer baino gehiago atsegin zitzaiola Roseri. Honek bazeukan bere baitan arrazoi gorderen bat hainbeste garrantzi emateko amaren jantzi aukeraketari. Zein ote zen arrazoi hura, galdetzen zuen Ramsay andreak berekiko, geldi-geldirik jarrita alabak aukeratu zion koilarea lepo inguruan itxi ahal izateko, iraganetik igarri nahian berak amarengana zer sentimendu sakon, ezkutu, adierazi ezinezko eduki ote zuen Rosen adinean. Nork bere buruarekiko dituen sentimendu guztiak bezala, pentsatu zuen Ramsay andreak, tristea zen hura. Hain baitzen kaxkarra norberak ordainetan eman zezakeena; eta Rosek beragatik sentitzen zuena erabat neurriz kanpo zegoen bera berez zenaren aldean. Eta Rose hazi egingo zen; eta Rosek, ustez behintzat, sufritu egingo zuen sentimendu sakon hauekin, eta jadanik prest zegoela esan zuen, eta behera jaitsiko zirela, eta Jasperek, gizasemea zen aldetik, besoa eskainiko zion, eta Rosek, andereñoa zenez, eskuzapia eramango zion (eskuzapia eman zion), eta zer gehiago? Oh, bai, hotz egiten bazuen ere: txala. Aukeraidazu txala, esan zuen, poztu egingo baitzen horrekin Rose, gerora hainbeste sufritu beharrekoa. «Horratx», esan zuen eskailerarteko leiho ondoan geldituz, «horratx non diren berriro». Joseph beste zuhaitz gailur batean zegoen kokatua. «Ez al duzu uste min handia hartzen dutela», galdetu zion Jasperi, «hegoak apurturik?» Zergatik jotzen zien tiroz Joseph zaharra eta Maryri? Jasperek oinak apur batean zoruan igurtzi eta errieta jaso ondoren bezala sentitu zen, baina ez gehiegi, amak ez baitzuen ulertzen txoriak tiroz jotzearen gozamena; ez ziren hon sentitzeko gai; eta ama munduko beste sail batean bizi zen, baina berak hala ere gogoko zituen istorio haiek Mary eta Josephi buruz. Barregura ematen zion. Nola jakin horiek zirela Mary eta Joseph? Zer uste zuen, gauero etortzen zirela txori berak zuhaitz beretara? galdetu zuen. Baina honetan, bat-batean,jende heldu guztiaren antzera, amak kasu egitez utzi zion. Sarrerako ardaila entzuten zegoen.

        «Etxeratu dira!» hots egin, eta berehala haserre sentitu zen haiekin, lasaiturik baino askoz gehiago. Gertatu ote zen? galdetu zuen bere artean. Jaisten zenean kontatuko zioten — baina ez. Ezingo zioten fitsik ere kontatu, inguruan hainbeste jende egonik. Jaitsi, afaltzen hasi eta itxoin egin behar, beraz. Eta erreginaren antzera, menpekoak sarreran bildurik aurkitu, goitik begiratu, beraien artera abiatu, beren gorazarreak isilik eskertu eta, beren debozio eta ahopez jartzeak onartu ondoren (Paulek, gihar bakar bat mugitu gabe, aurrera begiratzen zuen zuzenean, bera pasatzerakoan), behera jaitsi zen, sarrera zeharkatu eta oso emeki egin zuen gur buruaz, esan ezin ziotena onartuz bezala: bere edertasunaren gorazarrea.

        Baina bertan gelditu zen. Erre usaina zegoen. Gehiegi utzi ote zuten boeuf en daube-a surtan? baldinbaitere! eta orduan adierazi zuen gong-aren harrabotsak, handikiro, agintari, ezen teilatupean, logelan, nor bere txokoan sakabanaturik zeuden guztiak, irakurtzen, idazten, ileari azken leundua ematen edo soinekoak lotzen, bertan uzteko tokadore eta konketa gainetako purtxileriak, mesanotxe gaineko nobelak eta hain pribatuak ziren egutegiak, eta jangelara biltzeko afarirako.

 

 

17

 

        Baina zer egin dut nire bizitzarekin? pentsatu zuen Ramsay andreak, mahaiburuko bere lekua hartu eta zirkulu zuriak egiten zituzten plater guztiei begira. «William, eseri nire ondoan», esan zuen. «Lily», esan zuen ahots nekatuarekin, «zu hortxe». Haiek —Paul Rayley eta Minta Doylek— beste zera hura zeukaten, eta berak hau bakarrik — bukaerarik gabeko mahai luzea eta platerak eta labanak. Beste muturrean senarra zegoen eserita, kuzkur-kuzkur, kopetilun. Zergatik? Auskalo. Bost axola. Ezin zuen ulertu inoiz harengatik zirrara edo zaletasuna sentitu izana. Zopa banatzerakoan, iruditu zitzaion bera ororen gainetik, ororen barrena, orotatik kanpora zegoela, hantxe bertan zurrunbilo bat balego bezala, barruan ala kanpoan egon zitekeelarik, eta bera kanpoan balego bezala. Akabo da dena, pentsatu zuen, bitartean bata bestearen ondoren sartu, Charles Tansley —«Eseri hor, mesedez», esan zion— Augustus Carmichael, eta esertzen zirelarik. Eta bien bitartean zain zegoen, pasiboki, norbaitek berari erantzungo ote, zerbait gertatuko ote. Baina hau ez da, pentsatu zuen zopa burruntzaliarekin zerbitzatuz, hitzez esaten den zerbait.

        Desadostasun honengatik betileak goratuz —hori buruan eta hau egiten, zopa banatzen— gero eta indar handiagoz sentitu zen zurrunbilotik kanpora; edo errainu bat gainera erori eta gauza guztiak, kolorea ebatsirik, egiaz ikusten ari balitz bezala. Gela hura (ingurura begiratu zuen) oso narras zegoen. Inon edertasunik ez. Tansley jaunari ezikusia egiten zion. Ezer ez zela mamitu ematen zuen. Denak aparte zeuden eserita. Eta bere gain zegoen mamitu, jario eta sortze lan guztia. Berriro sentitu zuen, gaitzik gabeko egia baten antzera, gizonen antzutasuna, zeren berak egiten ez bazuen inork ez baitzuen egingo, eta hartara, gelditutako erlojuari ematen zaion kolpe txikia emanez bere buruari, taupaka hasi zen familiako pultsu zaharra, erlojua tiki-taka bezala — bat, bi, hiru, bat, bi, hiru. Eta abar eta abar, errepikatzen zuen, artean xumea zen pultsu hura entzunez, babestuz eta sustatuz, sugar ahula egunkariarekin zaintzen duenak bezala. Eta beraz, amaitu zuen, William Bankesengana isilik jiratuta harekin pentsatzen — gizarajoa! ez emazte, ez seme-alaba, ostatuan bakarrik afaltzen, gaur izan ezik; eta, harekiko errukiz, bizitzak orain bera ere berriro aurrera eramateko indar aski zeukanez, langite honetan hasi zen, hala nola marinelak sentitzen duen, ez ahidurarik gabe, haizeak bela puzten diola eta hala ere abiatzeko gogo gutxi daukala, pentsatuz, ontzia urperatu balitz, zurrunbiloaren jira-biran joan eta atsedena aurkituko zukeela itsas zolan.

        «Aurkitu al dituzu zuretzako gutunak? Sarreran esan diet zuretzat uzteko», esan zion William Bankesi.

        Lily Briscoek irristatzen ikusi zuen Ramsay andrea jaberik gabeko lurralde horretara, inori atzetik segitzea ezinezkoa den lekura, baina hala ere inor joaten ikusteak halako hotzikara sortzen dio begiraleari non hau begiradaz bederen segitzen saiatzen baita, hala nola segitzen zaion lausotzen doan ontziari, belak ortzi-mugapean hondoratu arte.

        Zer zahartua dirudien, zer zarpaildua, pentsatu zuen Lilyk, eta zer urrun. Ondoren William Bankesengana irribarrez jiratu zenean, bazirudien ontzia itzuli eta eguzkiak berriro jotzen zuela haren beletan. Eta lasaiturik zegoelako pentsatu zuen Lilyk alegrantzia pixka batekin, Zergatik errukitzen du Ramsay andreak? Inpresio hori eman baitzion, gutunak sarreran zeuzkala esaterakoan. William Bankes gizarajoa, ematen zuen zioela Ramsay andreak, bere neke hura hein batean jendeari erruki izatetik baletor bezala, eta erruki horrexek emango balio bezala haizea bere bizitzari, berriro bizitzeko erabakiari. Baina hori ez zen egia, pentsatu zuen Lilyk; bere juzku oker horietako bat zen, senaz sumatua nonbait, eta beste inorenean ez baizik bere premia batean oinarritua zirudiena. William Bankes ez da batere errukarria. Bere lana dauka, zioen Lilyk bere artean. Orduan oroitu zen, bat-batean altxorra aurkiturik bezala, berak ere bere lana zeukala. Tximistaren antzera bere koadroa ikusi eta pentsatu zuen, Bai, erdirago jarriko dut zuhaitza; hala osatuko dut hutsune baldar hori. Horixe egingo dut. Horixe zen nire buruhaustea. Gatzontzia hartu eta manteleko lore-irudi baten gainean ipini zuen, zuhaitza mugitu beharra gogorarazteko bezala.

        «Xelebrea da korreoz ia inoiz fundamentuzko ezer jaso ez eta hala ere beti gutunen peskizan egotea», esan zuen Bankes jaunak.

        A zer txorakeriak ari diren esaten, pentsatu zuen Charles Tansleyk, koilara plateraren erdi-erdian utziz, hango hondarrak zibizkatu ondoren, otordua segurtatzeko asmoz bezala, pentsatu zuen Lilyk (aurrean zeukan Charles Tansley eserita, leihoari bizkarra emanda, ikusmiraren erdi-erdian). Inguru guztian zeukan irmotasun urri hura, xarmarik eza hura. Nolanahi ere, artean egia zen ezinezkoa zela norbait gogoko ez izatea, begiratu ondoren. Gogoko zituen haren begiak; urdinak, barru-barruan ezarriak, beldurgarriak.

        «Gutun asko idazten al dituzu, Tansley jauna?» galdetu zuen Ramsay andreak, errukior, orduan ere, Lilyren ustez; horrelakoa baitzen Ramsay andrea —beti zien gizonei erruki, zerbaiten eskasia balute bezala— emakumeei berriz inoiz ez, zerbaiten jabe balira bezala. Amari idazten zion; beste gainontzean gehien jota ilean gutun bat edo, esan zuen Tansley jaunak, labur.

        Ez zeukan asmorik jende honek esanarazi nahi zizkion txorakeriak aipatzeko. Ez zeukan asmorik emakume tuntun haien mailara makurtzeko. Irakurtzen egona zen bere gelan, eta orain jaitsi eta dena ergela, axala, belaxka iruditzen zitzaion. Zergatik dotoretzen ziren? Bera ohiko arropekin jaitsi zen. Ez zeukan arropa dotorerik. «Korreoz ia inoiz ez da fundamentuzko ezer jasotzen» — tankera horretako gauzak ari ziren beti esaten. Tankera horretako gauzak esanarazten zizkieten gizonezkoei. Bai, egia galanta, pentsatu zuen. Inoiz ez zuten fundamentuzko ezer jasotzen urte guztian zehar. Beti tar, tar, tar, jan, jan, jan. Emakumeak ziren errudun. Emakumeek ezinezkoa bihurtzen zuten zibilizazioa, beren «xarma» harekin, beren tuntunkeria harekin.

        «Bihar ez da farora joaterik egongo, Ramsay andrea», esan zuen bere burua adierazi nahian. Gogoko zuen Ramsay andrea; miresten zuen; artean gogoan zeukan estoldako gizonak hari begiratu zion aldia; baina beharrezkoa iruditu zitzaion bere burua adieraztea.

        Tansley jauna, pentsatu zuen Lily Briscoek, nahiz begi haiek eduki, ez zegoen haren sudurrari, haren eskuei begiratzea besterik, inoiz ezagututako gizaseme xarma gutxikoena zen. Orduan zergatik axola zitzaion haren esana? Emakumeek ez dakitela idazten, ez dakitela pintatzen — zergatik arduratu, argi egonik ez zela benetan ari, baina nola hala lagungarri gertatzen zitzaiola hori esatea? Zergatik makurtzen zuen bere izate guztia, garia haizearen menpe bezala, apalaldi hartatik berriro jaikitzeko ahalegin handi eta mingarri baten ostean? Berriro zeukan egin beharra. Horra hor mantel gainean adaska; horra hor nire pintura; erdira aldatu behar dut zuhaitza; hori axola zait — besterik ez. Ezin al zion horri indarrez eutsi, zioen bere artean, eta bere onetatik atera ez, eta eztabaidatu ez; eta, mendeku pittin bat nahi izanez gero, haren bizkar barre eginez eskuratu?

        «Oh, Tansley jauna», esan zion, «eraman nazazu zurekin farora. Zoratzen joango nintzateke».

        Gezurretan ari zitzaion, eta bai Tansley jaunak antzeman ere. Benetan ez baizik amorrarazteko ari zen, arrazoiren batengatik. Bere bizkar barrez. Franelazko galtza zaharrak zeramazkien berak soinean. Besterik ezean. Oso baldar eta isolatu eta bakarti sentitu zen. Bazekien ziria sartu nahi ziola, arrazoiren batengatik; ez zuen farora berarekin joan nahi; gutxietsi egiten zuen: Prue Ramsayk bezalaxe; dendenek bezalaxe. Baina ez zegoen emakumeen txorizogarri izateko asmotan, eta beraz aulkian propio jiratu, leihotik begiratu, eta tupustean, oso elkor, biharamunean eguraldi zakarra izango zela esan zuen. Lilyri ondoeza egingo zitzaiola.

        Amorrarazi egin zen Lilyk modu hartan hitz eginarazi ziolako, Ramsay andrea entzuten egonda. Bere gelan lanean egoterik baleuka behinik behin, pentsatu zuen, liburu artean. Han sentitzen zen denetan lasaiena. Eta inoiz ez zuen penike bakar baten zorrik eduki; hamabost urteez gero ez zitzaion aitari penike bat ere kostatu; bere aurrezkiekin lagundu zuen etxean; bere gain zeukan arrebaren heziketa. Hala ere Miss Briscoeri zuzen erantzuten jakitea gustatuko zitzaion; hain tupustean jalki ez izana. «Ondoeza egingo litzaizuke». Ramsay andreari esateko zerbait bururatzea gustatuko zitzaion, bera uste-handi lehor bat ez zela erakutsiko zion zerbait. Hala irizten baitzioten denek. Harengana jiratu zen. Baina berak inoiz aditu gabeko jendeaz ari zitzaion Ramsay andrea hizketan William Bankesi.

        «Bai, eraman ezazu», esan zuen labur, Bankes jaunari esaten ari zitzaiona etenaz neskameari hitz egiteko. «Izango dira hamabost —ez, hogei urte— azkeneko ikusi nuenetik», ari zen Ramsay andrea esaten, berriro Bankes jaunagana jiratuta, solas hartako momentu bakar bat ere galtzerik ez baleuka bezala, hizketa harekintxe buru-belarri. Haren berri jaso zuela gau hartan bertan? Eta Marlowen bizi al zen artean Carrie, eta dena lehengoan al zegoen? Oh, atzo balitz bezala oroit zitekeen — ibaian barrena, hotzez puskatzen. Baina Manningdarrek plan bat antolatuez gero, beharko hari eutsi! Inoiz ez zuen ahaztuko Herbertek ibai ertzean erlea te-koilararekin hil zuen aldia! Eta dena garai batean bezala, pentsatu zuen Ramsay andreak, mamu baten antzera lerratuz aulki eta mahaietan barrena egongela hartan Thamesaren ondoan, non hotzez puskatzen egon baitzen duela hogei urte; baina orain mamu baten antzera zihoan handik barrena; eta liluraturik zegoen, bera aldatzen joan bitartean, egun berezi hark, orain oso isil eta eder bihurtua, bere hartan jarraitu zuelako, hainbeste urtez. Carriek berak idatzi al zion? galdetu zuen.

        «Bai. Billarrerako saloi berria ari omen dira egiten», esan zuen. Ez! Ez! Oraindik holakorik! Billarrerako saloia egiten! Ezinezkoa iruditzen zitzaion.

        Bankes jaunak ez zion hain tankera arraroa ematen. Zeukatenak ziren orain. Nahi al zuen Carrieri eskumuinak ematea?

        «Oh», esan zuen Ramsay andreak asaldura txiki batekin, «Ez», gaineratu zuen, billarrerako saloi berria eginarazten ari zen Carrie hura ezagutzen ez zuelakoan. Bai gauza arraroa, errepikatu zuen Bankes jaunari barregura emanez, haiek han jarraitzea. Handia zen gero pentsatzea hainbeste urtetan gauza izan zirela bizitzen jarraitzeko, nahiz bera haietaz behin ere gogoratu ez bitarte guzti hartan. Makina bat gertakari ezagutu zituen bere bizitzak bitarte hartan. Baina agian ere Carrie Manning ez zen berarekin gogoratu. Ideia arraro eta desatsegina.

        «Agudo laxatzen dira jendarteko loturak», esan zuen Bankes jaunak, hala eta guztiz ere satisfakio apur bat sentituz, berak azken batean nola Manning-darrak hala Ramsaytarrak ere ezagutzen zituela eta. Berak ez zuen loturarik laxatu, pentsatu zuen, koilara utzi eta bere ezpain alde ongi afeitatua fintasun handiz garbituz. Baina agian bera bakan samarra zen honetan, pentsatu zuen; inoiz ez zuen sustrairik hartu. Giro guztietan zeuzkan lagunak... Ramsay andreak honetan hitza moztu behar izan zuen, neskameari zer edo zer esateko janaria bero mantentzeari buruz. Horregatik nahiago zuen William Bankesek bakarrik afaldu. Amorrazioa ematen zioten etenaldi guzti hauek. Tira, pentsatu zuen, kortesia fin hari eutsiz eta ezker eskuko behatzak mantelaren gainean luzatuz, ederki pulitu eta erabiltzeko prest dagoen erreminta bat mekanikoak aztertzen duen bezala atsedenaldi batean, halakoxeak dira lagunek inori eskatzen dizkioten sakrifizioak. Mindu egingo zuen Ramsay andrea, etortzera ukatu balitz. Baina hala ere ez zuen merezi izan. Bere eskuari begira, pentsatu zuen bakarrik egon balitz afaria ia bukatua edukiko zuela; lanerako moduan egongo zela. Bai, pentsatu zuen, hau denbora alferrikaltzea da. Umeak artean banaka-banaka sartzen ari ziren. «Nahiago nuke zuetako bat Rogeren gelara igoko balitz», zioen Ramsay andreak. Hau da hutsalkeria, hau da aspertzea, pentsatzen zuen, beste zeraren aldean — lanaren aldean. Behatzekin mantelari tapatakoak ematen, beste hartan aritu beharrean — kirika batekin gainbegiratu zuen bere lana. Hura zen gero denbora alferrikaltzea! Nolanahi ere, pentsatu zuen, nire lagunik zaharrenetakoa da Ramsay andrea, ia erabat beragana emana nago. Orain hala ere haren presentziak ez zuen berarentzat fitsik esan nahi: haren edertasunak ez zuen berarentzat fitsik esan nahi; seme gazteenarekin eserita egoteak leiho ondoan — ezta fitsik ere. Berak bakarrik egon nahi zuen, eta berriro liburuari heldu. Egonezina sumatzen zuen; traidorea iruditzen zitzaion bere burua, haren alboan eserita egon zitekeelako harengana ezertxo ere sentitu gabe. Berez, ez zen famili bizitzaren zale. Egoera honelatsuan galdetzen zion inork bere buruari, Zertarako bizi? Zergatik inork hainbeste lan hartu gizateriaren aurrerapenaren alde? Hain desiragarria al da hori? Atseginak al gara espezie gisa? Ez sobera, pentsatu zuen, ume ñar samar haiei begira. Bere kuttuna, Cam, ohean zegoen nonbait. Galdera txoroak, galdera eskasak, zereginen bat zeukanak inoiz egiten ez zituen galderak. Hau al da bizitza? Hori al da bizitza? Ez zegoen inoiz astirik hartan pentsatzeko. Baina hona non zegoen bera halako galderak egiten bere buruari, Ramsay andrea mirabeei aginduak ematen ari zelako, eta baita ere burura etorri zitzaiolako, pentsaturik Ramsay andrea zenbat harritu zen Carrie Manning artean bizirik egoteaz, zer gauza ahulak diren adiskidetasunak, onenak ere. Loturak laxatzen dira. Berriro egin zion bere buruari erantzuki. Ramsay andrearen ondoan eserita eta ez zeukan ezertxo ere hari esateko.

        «Arren barka ezazu», esan zuen Ramsay andreak, azkenean beragana jiratuta. William Bankes gogortua eta agorra sentitzen zen, bota parea bezala, zeharo blaitu eta gero lehortu ondoren oinak ozta-ozta sartu ezinik. Hala ere haiexetan sartu beharrak zeuzkan. Bere buruari hitz eginarazi beharra. Arreta handiz jokatzen ez bazuen, Ramsay andreak igarri egingo zion traizio hari; ez zitzaiola harengatik ipitzik ere axola, eta hori ez litzateke batere atsegina, pentsatu zuen. Beraz, burua okertu zuen kortesiaz harengana.

        «Nazka emango dizu, inondik ere, basapizti hauen ondoan afaltzeak», esan zuen Ramsay andreak, distraituta zegoenero bezala gizabidetsu jardunez. Batzar batean hizkuntz lehia dagoenean, lehendakariak, batasuna erdiesteko, denek frantsesez solastatzea proposatzen du. Beharbada frantses traketsa; frantsesak agian ez ditu edukiko hiztunaren pentsamenduak adieraziko dituen hitzak; frantsesez solastatzeak, nolanahi ere, ordena ezartzen du, berdintasuna. Hizkuntza berean erantzunez, Bankes jaunak esan zuen, «Ez, deus ez», eta Tansley jaunak, hizkuntza hau ezagutu gabe, nahiz silaba bakarreko hitzetan ebakia izan, berehala sumatu zuen faltsukeria. Txorakeriak esaten ari ziren Ramsaytarrak, pentsatu zuen; eta pozez murgildu zen adibide berri honetan, ohar hura gogoan hartuz, hauetako egunen batean lagunen bati edo biri ozenki irakurriko ziona. Han, edozein gauza esatea libre zen bilkura hartan, sarkasmoz deskribatuko zuen «Ramsaytarreneko egonaldia», eta zer lelokeriez hitz egiten zuten. Behin aipatuko zuen; baina birritan ez. Hain ziren emakumeak aspergarri, esango zuen. Ramsay jaunak bere burua hondatu zuen emakume eder batekin ezkondu eta zortzi seme-alaba edukiz. Halatsu izango zen bere aurkezpenaren itxura, baina orain, momentu honetan, aulki huts baten aldamenean tinko eserita, han ez zegoen ezeren itxurarik. Dena puska eta zatitan. Izugarrizko egonezina sentitzen zuen, baita gorputzekoa ere. Bere burua adierazteko aukera nahi zuen norbaitek ematea. Hainbestekoa zen bere grina hartarako, non batera eta bestera mugitzen baitzen aulkian, honi begiratu, hari begiratu, inori hitza nondik etengo, ahoa zabaldu eta berriro itxiz. Arrantzuaz ari ziren. Zergatik ez zion inork iritzia galdetzen? Zer zekiten haiek arrantzuaz?

        Lily Briscoe guzti horretaz jabetzen zen. Bankes jaunaren aurrean eserita, ez al zen gai ikusteko, erradiografia batean bezala, gizon gaztearen nabarmentzeko grinaren saihetsezur eta femurrak ilunpetan, haragiaren laino artean — konbentzioak ezarritako laino xumea, elkarrizketan parte hartzeko zeukan irrika sutsuaren gainean? Baina, pentsatu zuen, bere begi txinatarrak kizkurtuz eta hark emakumeei iseka nola egiten zien oroituz, «ez dakite pintatzen, ez dakite idazten», zergatik nik honi lagundu bere burua arintzen?

        Berak jokabide arautegi bat ezagutzen zuen, zazpigarren artikuluan dioena (agian) gisa honetako egoeretan emakumearentzat komenigarria dela, edozein gauzatan jarduten egonik ere, aurreko gizon gazteari laguntzea, honek bere harrotasuna, bere burua nabarmentzeko grinaren femur eta saihetsezurrak agerian jarri eta arindua eman ahal izan diezaien; halaber, gizon gazteen zeregina da, hausnartu zuen neskazahar batek bezain zuzen, guri laguntzea, metroan sutea zabal baledi. Halakoan Tansley jaunak ni handik ateratzea esperoko nuke noski. Baina zer gertatuko litzateke, pentsatu zuen, biok huts egiten badugu gure zereginean? Hala, irribarrez jarraitu zuen, hantxe eserita.

        «Ez duzu bada farora joateko asmorik izango, eh Lily?» esan zuen Ramsay andreak. «Gogora zaitez Langley jaunarekin; dozenaka aldiz zeharkatu zuen mundua, baina ez omen zuen inoiz sufritu nire senarrak hara eraman zuenean hainbat. Marinel ona al zara zu, Tansley jauna?» galdetu zuen.

        Tansley jaunak mailua altxatu, airean eragin, baina beheratzerakoan konturatu zen ezin zuela halako tresnarekin tximeleta zanpatu, eta bizitza osoan ez zela zorabiatu esan zuen soilik. Baina perpaus bakar honetan zegoen bil-bil eginda, bolbora bezala, aitona arrantzale zuela; aita botikaria; bere kabuz egin zuela aurrera; harro zegoela horrekin; Charles Tansley zela bera — hemengo inor itxuraz konturatzen ez zen gauza; baina hauetako egunen batean den-denek jakingo zutena. Muturturik begiratu zuen aurrera. Ia errukia zion jende ikasi, bare honi, hauetako egunen batean hankaz gora joango zirenak, artilezko balak eta sagar barrikak bezala, bere barruko bolboragatik.

        «Eramango al nauzu zerorrekin, Tansley jauna?» esan zuen Lilyk, agudo, jator, zeren Ramsay andreak esaten bazion, eta hain zuzen ere hala esan zion, «Itotzen ari naiz, maitea, suzko itsasotan. Non eta oinaze hau ukendu batez igurtzi, eta horrako gizon gazte horri zerbait atsegina esaten ez diozun, harkaitzen kontra joko du bizitzak — aditzen nago karraska eta burrunba-hotsa. Biolin sokak bezain tenk dauzkat nerbioak. Beste ukitu batekin etengo zaizkit» — Ramsay andreak hau dena esatean, begietan seinale zuen moduan, noski, Lily Briscoek ehun eta berrogeita hamargarren aldiz uko egin bere esperimentuari —ea zer gertatzen den horrako gizon gazte horrekin jator jokatzen ez bada— eta jator jokatu beharra izan zuen.

        Lilyren umore aldaketari ongi igarriz —jator hasi zen berarekin jokatzen— Tansley jauna berekoikeriatik libre sentitu zen, eta kontatu zuen umetan txalupatik bota zutela; aitak beti haga batekin harrapatzen zuela; horrela ikasi zuela igeri. Bere osabetako bat argizaina izan zela Eskoziako harkaitz mutur batean. Berarekin egona zela ekaitz batean. Azken hau ozenki esan zuen, etenaldi batean. Entzun egin behar zioten, esaterakoan ekaitz orduan osabarekin egon zela faroan. Ah, pentsatu zuen Lily Briscoek, elkarrizketak joera egoki hau hartzean eta Ramsay andrearen eskerrona sentitzean (zeren Ramsay andreak aukera zeukan orain pixka batean bere artean hitz egiteko), ah, pentsatu zuen, baina zer ez dut pagatu behar izan zuri hori eskuratzeko! Faltsuki jokatu zuen.

        Ohiko trikimailua erabili zuen — jator jokatzea. Hartara ez ziren inoiz elkar ezagutzera iritsiko. Giza harreman guztiak ziren horrelakoak, pentsatu zuen, eta denetan okerrenak (Bankes jaunagatik izan ez balitz) gizon eta emakumeen artekoak. Hauek ikusgarri faltsuak ziren derrigorrez. Orduan bere begiek gatzontziari erreparatu zioten, arestian bertan ipinia gogoragarri moduan, eta hurrengo goizean zuhaitza erdialderago mugitu beharraz oroitu zen, eta bere umorea hainbeste alaitu zen biharamunean pintatzen jarduteko ideiarekin non ozenki egin baitzion barre Tansley jauna esaten ari zenari. Aritzea zuen gau osoa hizketan, hala gura bazuen!

        «Zenbat denboran egoten da inor faroan?» galdetu zuen. Bai Tansley jaunak erantzun ere. Harrigarria zen zenbat kontu zekizkien. Eta hark eskerrona sentitzen zuenez, eta hark bera gogoko zuenez, eta hura disfrutatzen hasia zenez, orain, pentsatu zuen Ramsay andreak, ametsen lurralde hartara itzul naiteke, leku irreal baina liluragarri hartara, Manning-darren sabia duela hogei urte Marlowen, presa edo estutasunik gabe ibiltzeko lekua, etorkizunari buruzko kezkarik ez zegoenez. Bazekien zer gertatu zitzaien haiei, eta zer berari. Liburu on bat berriro irakurtzea bezala zen, ezagutzen zuen ipuinaren bukaera, duela hogei urte gertatutakoa baitzen, eta bizitza, jangelako mahaitik ere ibaika jarioan zihoana auskalo nora, bertan zegoen zigilaturik, laku baten antzera goxoki etzanda kantoi haien barruan. Billarrerako gela egin omen zuten — ba ote? Jarraituko ote zuen Williamek hizketan Manning-darrei buruz? Bai berak nahi. Baina ez — arrazoiren batengatik ez zegoen jada umorean. Bera saiatu bai, baina hark erantzun ez. Ezin behartu. Desilusionaturik zegoen.

        «Lotsagarriak dira ume hauek», esan zuen berak hasperenka. Orduan hark zer edo zer esan zuen, alegia puntualtasuna dela bertute txikietako bat edo, urteen poderioz bakarrik eskuratzen dena.

        «Orduan ere nahikoa lan», esan zuen Ramsay andreak, betegarri moduan soilik, pentsatuz neskazahartzen ari zela William. Bere traizioaz jakitun, zerbait intimoagoaz hitz egiteko Ramsay andrearen gogoaz jakitun, baina hala ere artean horretarako umorerik gabe, bizitzaren atsegin-eza sentitu zuen bere gainera erortzen, bertan eserita zain. Zerbait interesgarria ari ote ziren besteak esaten? Zer ari ziren esaten?

        Arrantzarako sasoi txarra izan zela; gizonak atzerrira zihoazela. Soldatak eta langabezia. Gizon gaztea gobernuagatik gaizki-esaka. William Bankesek, pentsatuz zer lasaitasuna zen honelako zerbaiti heldu ahal izatea bizitza pribatua desatsegina zenean, «gaurko gobernuaren ekintza eskandalosoenetako bat» aditu zion aipatzen. Lily entzuten ari zen; Ramsay andrea ere entzuten; denak entzuten. Baina jadanik asperturik, Lilyk zerbaiten hutsunea antzeman zuen; Bankes jaunak zerbaiten hutsunea antzeman zuen. Bere txalean bilduz, Ramsay andreak zerbaiten hutsunea antzeman zuen. Entzun ahal izateko aurrera makurturik, denak ari ziren pentsatzen, «Baldinbaitere ez al dira nire barruko gogoetak azaleratuko», zeren denak ari baitziren pentsatzen, «Besteek hau sentitzen dute. Gobernuarekin sutan eta haserre daude arrantzaleak direla eta. Nik berriz ez dut ezer sentitzen». Baina agian, pentsatu zuen Bankes jaunak Tansley jaunari begira, hau da gizona. Beti gaude norbaiten zain. Beti dago aukera bat. Noiznahi zutitu daiteke buruzagia; jenioa, nola politikan hala beste guztian ere. Segur aski elkor hutsa izango da antigoalekoak garenokin, pentsatu zuen Bankes jaunak, bihotz-zabal izateko ahalegin guztiak eginez, bai baitzekien, gorputzeko sentsazio bitxi batengatik, bizkarrezurreko nerbioak tente baleuzka bezala, inbidia ziola, aldez Tansley jaunari berari, aldez haren lanari, haren ikuspuntuari, haren jakinduriari; eta Tansley jauna ez zen guztiz gogo irekikoa edo erabat gizalegetsua, zeren bazirudien honela zioela, Zuen bizitzak alferrikaldu dituzue. Oker zaudete denok. Aitona-amona errukarriok, itxaropenik gabe geratu zarete antzinako garaietan. Arras seguru ematen zuen, gizon gazte honek; eta modu txarrak zeuzkan. Baina Bankes jaunak haren adorea ikusarazi zion bere buruari; haren trebetasuna; gaur egungo berriak zehatz zekizkiela. Segur aski, pentsatu zuen Bankes jaunak, Tansley gobernuagatik gaizki-esaka ari zen bitartean, arrazoi franko du esaten ari den horretan.

        «Baina esadazu...» hasi zen. Hala, politikari buruz jardun zuten, eta Lily mantel gaineko hostoari begira zegoen; eta Ramsay andrea, eztabaida erabat bi gizonen esku utziz, bere buruari galdezka ea zergatik aspertzen zen hainbeste solas harekin, eta desiratzen zegoen, mahaiaren beste muturreko senarrari begira, honek zerbait esan zezan. Hitz bakar bat, zioen bere artean. Haren hitz bakar batekin alde handia antzemango zen. Hark gauzen muinari heltzen zion. Arrantzale eta hauen soldatei buruz kezkatzen zen. Loa kentzen zion haiengan pentsatzeak. Berebiziko aldea zen hark hitz eginez gero; orduan inork ez zuen pentsatuko, baldinbaitere ez al zarete jabetuko zer gutxi axola zaidan, zeren orduan denei axolako baitzitzaien. Orduan, konturatzean senarra hainbeste miresteagatik zegoela hark noiz hitz egingo zain, iruditu zitzaion norbait aritu zela bere senarra eta beren ezkontza goraipatzen, eta txingarra adina gorritu zen, konturatu gabe bera izan zela senarraren goraipatzaile. Begiratu egin zion, aurpegian ageri izango zuelakoan; itxura bikaina edukiko zuen... Baina ezta hurrik ere! Bekozko ilunez zegoen, muturturik eta aurpegi oker, masailak haserrez sutan. Zergatik ote? Zer gertatzen ote zen? Bada Augustus zahar gizarajoak beste platerkada zopa eskatu zuela — hori zen dena. Onartezina zen, jasanezina (hala egin zion senarrak keinu mahaiaren bestaldetik) Augustus berriro zoparekin hastea. Gorroto zuen inork jaten segitzea berak bukatu ostean. Ramsay andreak amorrua ikusi zuen ehiza-zakur saldo bat bezala igotzen zitzaiola senarrari begietara, kopetara, eta konprenitu zuen zerbait indartsua lehertuko zela laster, eta orduan — baina Jainkoari eskerrak bere buruari eutsi eta gurpila galgatzen ikusi zuen senarra, eta bazirudien haren gorputzak txinpartak isurtzen zituela, baina hitzik ez. Kopetilun jarraitu zuen. Ez zuen deus esan, hala berretsi beharko zuen gero Ramsay andreak. Hala aitortu beharko zuen. Baina zergatik ez zuen Augustus zaharrak beste platerkada zopa eskatu behar? Elleni besoa ukitu eta esatea besterik ez zuen egin:

        «Ellen, mesedez, beste platerkada zopa», eta orduan muturtu zen hainbeste Ramsay jauna.

        Eta zergatik ez? jakin gura zuen Ramsay andreak. Noski Augustusek zopa gehiago bar zezakeela nahi izanez gero. Gorroto zuen inork harrapazka jatea, belztu zuen Ramsay jaunak kopeta. Gorroto zuen era honetan gauzak ordutan luzatzea. Baina ikuskizuna higuingarria izan arren bere burua menperatu zuen, hala berretsi beharko zuen gero emazteak. Baina zergatik hain argi ezagutzera eman? jakin gura zuen Ramsay andreak (mahai luzean zehar begiratzen zioten elkarri, galdera eta erantzun hauek bidaliz batak besteri, norberak zehatz jakinez bestearen sentimendua). Denek ikusteko moduan, pentsatu zuen Ramsay andreak. Horra Rose aitari begira, horra Roger aitari begira; algara bizian hasteko zorian zeudela antzeman eta berehala esan zuen (garaia ere bazen):

        «Piztu kandelak», eta umeak airean altxatuta joan, eta haztaka aritu ziren ontzitegian.

        Zergatik ezin zituen senarrak inoiz bere sentimenduak ezkutatu? galdetu zuen Ramsay andreak bere artean, eta Augustus Carmichael konturatu ote zen ere galdetu zuen. Agian bai, agian ez. Ezin zuen errespetatzez utzi haren eserita egoteko patxada, zopa hartu bi tartean. Zopa nahi bazuen, zopa eskatzen zuen. Berdin zitzaion jendeak bere bizkar barre egitea edo haserretzea. Ramsay andreak bazekien ez zuela bera gogoko; baina hein batean arrazoi horrexegatik errespetatzen zuen hura, eta zopa hartzen ikusten zuen bitartean, hain handi eta lasai ilunabarraren argitan, monumentu baten gisa eta hausnarkor, zer ari ote zen sentitzen galdetu zuen Ramsay andreak berekiko, eta zergatik ote zegoen beti alegera eta duin; eta pentsatu zuen ere zenbateko zaletasuna zeukan Andrewgana, honi bere gelara deitzeko, eta, Andrewren esanetan, «gauzak erakusteko». Eta hantxe egongo zen egun osoa belardian etzanda, segur aski bere olerkiekin gogoetan, txoriei zelatan dagoen katua gogorarazi arte inori, eta hitza aurkitzean txalo egiten zuen atzaparrekin, eta senarrak hala zioen, «Augustus zahar gizarajoa — benetako poeta da», senarraren aldetik goraipamen handia, hain zuzen ere.

        Orain zortzi kandela zeuden mahai gainean, eta lehen kizkurraldiaren ondoren sugarrak tentetu eta argitara bildu zuten mahai luze osoa, erdian fruta-erretilu hori purpura bat zeukana. Zer egin zuen Rosek harekin, galdetu zuen Ramsay andreak berekiko, zeren mahatsa eta udareak, arrasto arrosako maskor zakarra, platanoak antolatzeko moduak, gogora ekarri baitzion itsas zolari ostutako trofeoa, Neptunoren orritsa, Bacok sorbaldatik zintzilik daukan mahats tortoa (koadroren batean), lehoinabar larru eta gorri eta urrez jauzika doazen zuzien artean... Honela, bat-batean argitara ekarrita, bazirudien erretiluak sekulako tamaina eta sakonera zeuzkala, mundu baten pareko, nora eta makila harturik joan eta mendian gora igo zitekeen, pentsatu zuen, eta haranetara jaitsi, eta bere zorionerako (harexek une batez harremanean jarri baitzituen biak), Augustus ere fruta-erretilu berean begiei gozatua ematen ikusi zuen, bertan murgiltzen, hemen lorea eta han galburua hausten, eta gozatua hartu ondoren erlauntzera itzultzen. Hori zen haren ikusteko modua, berea ez bezalakoa. Baina biak batera begira egoteak batu egin zituen.

        Orain pizturik zeuden kandela guztiak, eta kandela-argiak elkarrengana hurbildu zituen mahaiaren alde bakoitzeko aurpegiak, eta arestiko ilunabar argitan ez bezala, mahai inguruko lagunarte bat bihurtu zen hura, zeren gaua orain kristalezko xaflek mugatzen baitzuten, eta hauek, kanpoko munduaren ikuspegi zehatza eman beharrean, hain modu arraroan ondulatzen zuten hura non bazirudien hemen gela barruan ordena eta lehorra zirela nagusi; han kanpoan berriz isla bat, non gauzek urtsuki balantzatu eta desagertu egiten ziren.

        Aldaketa batek zeharkatu zituen berehala denak, hau benetan gertatu balitz bezala, eta denak jabeturik baleude bezala talde bat osatzen zutela denen artean zulo batean, irla batean; kanpoko jario haren aurka ekiteko bat eginda bezala. Ramsay andreak, ordura arte urduri Paul eta Minta noiz sartuko zain, eta ezertan hasi ezineko irudipen batek hartuta, orain bere urduritasuna ikusmin bihurturik sentitu zuen. Iristeko zorian behar baitzuten, eta Lily Briscoek, bat-bateko bozkarioaren arrazoia aztertu nahian, tenis zelaiko lehengo momentuarekin alderatu zuen, noiz eta sendotasun guztia bat-batean desagertu eta beren arteko espazioak hainbeste zabaldu baitziren; eta orain, urri jantzitako gela hartan, ondorio hura bera erdiesten zuten hainbeste kandelek, eta baita gortinarik gabeko leihoek, eta baita aurpegien maskara itxurako begirada distiratsuek ere kandela-argitan. Pisuren bat arindu zitzaien; zernahi gerta zitekeen, sentitu zuen. Orain etorri behar zuten, pentsatu zuen Ramsay andreak ateari begira, eta orduantxe Minta Doyle, Paul Rayley, eta eskutan erretilu handi bat zekarren neskamea sartu ziren elkarrekin. Ikaragarri berandu zetozen; izugarri berandu zetozen, esan zien Mintak, nor bere aldetik mahaiko alderdi desberdinetara joanez.

        «Brotxea galdu dut — amonaren brotxea», esan zuen Mintak lantura doinu batekin eta begi marroi handiak malkoz gainezka, behera begira, gora begira, Ramsay jaunaren ondoan esertzerakoan. Hau adarra jotzen hasi zitzaion, bere galanteria iratzarrita.

        Nolaz izan zen hain txoroa, galdetu zion, harkaitzetan txirristan ibiltzeko bitxiak jantzita?

        Minta izuturik bezala zegoen — beldurtzeko moduan baitzen Ramsay jauna azkarra, eta lehen gauean haren ondoan eseri eta George Elioti buruz hitz egin zionean benetan ikaratu zen, zeren trenean ahaztu baitzitzaion Middlemarch-en hirugarren alea, eta ez zekien zer gertatzen zen azkenean; baina gerora ederki etorri ziren elkarrekin, eta berez zena baino ezjakinago egin zuen Mintak bere burua, Ramsay jaunak gogoko baitzuen berari tuntuna deitzea. Eta beraz gau honetan, hark barre egin bezain laster, beldurra joan zitzaion. Izan ere jangelan sartu bezain laster jakin zuen miraria gertatu zela; urrezko ganduak biltzen zuen. Zenbaitetan soinean zeraman; bestetan ez. Inoiz ez zekien zergatik azaldu edo zergatik desegiten zen, edo soinean ote zeraman, harik eta gela batean sartu arte, eta orduan berehala jakiten zuen gizonen batek begiratzen zion moduagatik. Bai, gau hartan soinean zeraman, berealdikoa; Ramsay jaunak tuntuna ez izateko esan zion moduagatik jakin zuen. Haren ondoan eseri zen, irribarrez.

        Hala gertatu zen nonbait, pentsatu zuen Ramsay andreak; ezkon hitza eman diote elkarri. Eta momentu batez Inoiz sentitzea espero ez zuena sentitu zuen — jelosia. Senarrak ere sentitzen baitzuen — Mintaren distira; honelako nesken zale zen, ile gorrizta argiak, aldakorrak, buruarin eta axolagabe samarrak, «ile-tximak zintzilik» zituztenak, «eskasak» ez zirenak, Lily Briscoe gajoari esaten zion moduan. Bazegoen ezaugarriren bat Ramsay andreak berak ez zeukana, erlantzen bat, oparotasunen bat, senarra erakarri, dibertitu, eta Mintaren moduko neskak haren kuttun bihurtzen zituena. Halakoek libre zuten hari ilea moztu, erloju-kateak txirikordatu edo laneko orduan hoska etetea (entzuna zuen berak), «Zatoz, Ramsay jauna; gure txanda da hauei jipoia emateko», eta han irteten zen tenisean jolastera.

        Baina Ramsay andrea ez zen berez batere jeloskor; noizean behin soilik, ispiluan begiratzera behartzen zuenean bere burua, apur bat mindurik sentitzen zen zahartu zelako, agian bere erruz. (Negutegiko faktura eta). Eskertzen zien haren bizkar barre egitea. («Zenbat pipa erre dituzu gaur, Ramsay jauna?» eta abar), gizon gazte ematen zuen arte; emakumeentzat oso erakargarri zen gizona, burua makurtu edo erasan gabea zeregin ugariekin, munduko nahigabeekin, ospe edo hutsegiteekin, baizik berak hasieran ezagutu zuen eran, erkitua baina xarmanta; berari txalupatik irteten lagundu zion aldia zeukan gogoan; gizabide zoragarriz, orain bezalaxe (hari begiratu eta harritzeko moduan ematen zuen gazte, Mintari adarra jotzen). Berak berriz —«Uztazu hementxe», esan zuen, Suitzako neskari bere aurrean emeki jartzen lagunduz boeuf en daube-aren lapiko marroi erraldoia— berak bere aldetik nahiago zituen bere mutiko mozoloak. Paulek bere ondoan eseri behar zuen. Lekua zeukan harentzat gordeta. Zinez, batzuetan uste zuen mutiko mozoloak zituela beste inor baino nahiago. Ez zuten inor gogaitzen tesi doktoralekin. Izan ere zenbat gauza huts egiten zituzten gizon ham azkar hauek! Zenbat ihartzen ziren, alafede. Paulek bazeukan, pentsatu zuen hura esertzerakoan, xarma berezi bat. Zoragarriak iruditzen zitzaizkion haren moduak, haren sudur zorrotza eta begi urdin argiak. Oso arretatsua zen. Kontatuko ote zion berari —orain denak berriro hizketan ari zirenez— zer gertatu zen?

        «Mintaren brotxea bilatzeko itzuli gara gu», esan zuen bere ondoan eseriz. «Gu» — aski zen horrekin. Ahalegin hartan, hitz zail bat gainditzeko haren ahots goratzean, antzeman egin zuen lehen aldia zuela «gu» esaten. «Guk» hau egin genuen, «guk» hura egin genuen. Bizitza guztian esango dute hori, pentsatu zuen, eta azeituna, olio eta salda usain goxoa altxatu zen erretilu marroi handitik, Marthek tapa jaso zuenean garaipenezko keinu batekin. Sukaldariak hiru egun zituen igaroak jaki harekin. Eta kontu handia eduki behar zuen orain berak, pentsatu zuen Ramsay andreak masa bigun hura miatuz, William Bankesentzat ahalik puska xamurrena aukeratzeko. Eta saihets distiratsuko erretilura begiratu, non nahasian baitzeuden haragi marroi eta hori zaporetsuak, eta erramu hostoak eta ardoa, eta pentsatu zuen, Honen bidez ospatuko dugu — eta horrekin batera irudipen berezi bat erne zen bere baitan, aldi berean xelebre eta xamurra, alegia jai bat ari zirela ospatzen, bere baitan bi emozio esnatu balira bezala, bata sakona — zeren ba al zegoen gizonaren maitasuna emakumeagana baino ezer seriosagorik, ezer aurreagoko eta bikainagorik, altzoan heriotzaren hazia daramanez; maitale hauei, halaber, ilusioaren munduan begiak ñirñirka sartzen zen jende honi, dantza bat egin behar zitzaion inguruan txantxetan, eta girnaldekin apaindu.

        «Arrakasta itzela», esan zuen Bankes jaunak, apur batean labana utziz. Arretaz jaten zuen. Aparta zegoen, xamurra. Ederki prestatua. Nola egin zitzakeen halako gauzak bazter hartan? galdetu zion. Emakume zoragarria zen. Bankes jaunari maitasuna eta mirespen guztia itzuli zitzaion; eta Ramsay andreak antzeman egin zuen.

        «Nire amonaren errezeta frantsesa da» erantzun zuen, ahotsean atsegin handiko doinuarekin. Noski frantsesa zela. Ingalaterran sukaldaritza deitzen zaiona izugarrikeria bat da (denak bat etorri ziren). Aza uretan sartzea. Haragia erretzea zapatila zorua baino areago. Barazkien azal goxoa zuritzea. «Bertan dago», esan zuen Bankes jaunak, «barazkien indar guztia». Eta zenbat alferrikaltzen den, esan zuen Ramsay andreak. Familia frantses oso bat bizi liteke sukaldari ingeles batek harrika botatakoarekin. Irudipen hark bultzatuta, alegia Williamen adiskidetasuna berreskuratu, dena berriro bere oneratu, estutasuna amaitu, eta orain bai garaipena eta bai isekarako libre zegoela, barrez hasi zen, keinuka, harik eta Lilyk pentsatu zuen arte, Zer umea, zer burugabea zen, hantxe eserita egotea edertasuna berriro zabaldurik, barazki azalei buruz hizketan. Bazegoen harengan zerbait beldurgarria. Indar eutsiezina. Azkenean beti egiten zuen berea, pentsatu zuen Lilyk. Orain hau lortu zuen — Paulek eta Mintak, itxura zenez, elkarri hitza ematea. Bankes jauna hemen egotea afaltzen. Nahi izate hutsarekin sorgintzen zituen denak, aise eta zuzen; eta Lilyk ugaritasun hori bere izpiritu pobrearekin konparatu zuen, eta segurutzat jo zuen (zeren Ramsay andrearen aurpegia zeharo argitua baitzegoen — gazte ez baina distiratsu ematen zuen) gauza arraro, izugarri hori sinesteagatik zegoela Paul Rayley dardara batean, han erdian, baina hala ere bere baitaratua, hausnarkor, isilik. Barazki azalei buruz hitz egin bitartean, Ramsay andreak, hala sentitu zuen Lilyk, gauza hori goraipatzen zuen, miresten zuen; eskuak gauza haren gainean jartzen zituen, epeltzeko, babesteko, baina ondoren nola hala barre egin eta aldarera eramaten zituen bere biktimak, Lilyk sentitu zuenez. Orain beraganaino ere heldu zen — maitasunaren zirrara, dardara. Zer hutsala sentitzen zuen bere burua Paulen ondoan! Hura gori-gori, sutan; bera urrun, satiriko; hura abenturarako gertu; bera lehorrari itsatsia; hura irrikatsu, ausart; bera bakarti, bazterrean — eta haren hondamenditik, baldin hondamendirik suertatzen bazen, zati bat behinik behin arren eskatzeko prest, herabe galdetu zuen:

        «Noiz galdu du Mintak brotxea?»

        Paulek irribarre eztiena agertu zuen, oroitzapenen beloak gordea, ametsek ñabartua. Buruari eragin zion. «Hondartzan», esan zuen.

        «Baina aurkituko dut», esan zuen, «goizean goiz jaikita». Baina hau Mintaren isilean zeukanez, ahotsa apaldu eta begiak zuzendu zituen hura eserita zegoen aldera, Ramsay jaunaren ondoan irribarrez.

        Lilyk bortitz eta garratz aldarrikatu nahi zuen Pauli laguntzeko zeukan gogoa, iragarriz egunsentian berak topatuko zuela hondartzan brotxea harriren batek erdi ezkutatua, hartara bere burua marinel eta abenturazaleen artean sartuz. Baina zer erantzun zion hark eskaintza honi? Gutxitan azaltzen zuen emozio batekin esan zuen berak, «Utzidazu zurekin joaten», eta hark orduan barre. Bai ala ez esan nahi zuen — agian biak. Baina ez zen esan nahi zuena — baizik barre-iduri xelebre hura, esanez bezala, Zeure burua amildegian behera bota nahi baduzu ere, niri bost axola. Masailera bidali zion maitasunaren beroa, izua, laztasuna, eskrupulurik eza. Lilyk, horrekin kiskalita, begiratuz mahaiaren beste muturrean Ramsay jaunarekin jator asko ari zen Mintari, beldurrez dardara egin zuen betortz haien menpe zegoelako Minta, eta berak izandako zortea eskertu zuen. Zeren azken batean, esan zion bere buruari, mantel gaineko gatzontziari kirika eginez, berak ez zeukan ezkondu beharrik, Jainkoari eskerrak: ez zeukan degradazio hura jasan beharrik. Salbatua zegoen txepelkeria hartatik. Erdialderago eramango zuen zuhaitza.

        Halakoa zen gauzen konplexutasuna. Zeren berari gertatzen zitzaiona zen, bereziki Ramsaytarrenean, elkarren aurkako bi gauza sentitzen zituela aldi berean bortizki: bata zeuk sentitzen duzuna; bestea neuk sentitzen dudana, eta ondoren bere baitan jarduten zuten lehian, orain bezala. Maitasun hau hain da ederra, hain zirraragarria, non dardara egiten baitut honen aldamenean, eta neure burua eskaintzen dut, neure ohituraren kontra, hondartza batean brotxe bat bilatzeko; giza pasioen artean txoroena eta barbaroena ere bada, eta gizon gazte jatorra, gema baten perfila duena (Paulena aparta zen), liskarti hutsa bihurtzen du, palanka batekin Mile End Roaden (harro zegoen, batere lotsarik gabe). Hala ere bere buruari esan zion, mundua mundu denetik kantatu izan zaizkio maitasunari odak; oparitu izan zaizkio erramuzko koroa eta arrosak; eta hamar laguni galdetzen badiezu, hauxe dutela desio bakarra esango dute bederatzik; emakumeek aldiz, bere esperientziaren arabera, denbora guztian sentituko lukete, Hau ez da guk nahi duguna; ez dago maitasuna baino gauza aspergarri, umekeriazko eta inhumanoagorik; baina aldi berean eder eta beharrezkoa da. Beraz? Beraz? galdetu zuen bere artean, eztabaidarekin besteek jarraituko zutelakoan, norbaitek gezia bota, nabarmenki laburregi geratu, eta hura aurrera eramatea besteen gain utziz bezala. Hala, haiek ziotena entzuten jarri zen berriro, badaezpada, maitasun gaia argitzen bazuten ere.

        «Horretaz gain», esan zuen Bankes jaunak, «hor dago ingelesek kafea deitzen dioten isurkin hori».

        «Oh, kafea!» esan zuen Ramsay andreak. Baina arazoa gehiago omen zen (erabat aztoratua zegoen, Lilyk antzeman zezakeenez, eta enfasi handiarekin hitz egiten zuen) benetako gurina eta esne garbia. Berotasun eta etorri oparoz deskribatu zuen esnegintza ingelesaren zitalkeria, eta nolako egoeran banatzen zen esnea etxe atarietara, eta bere salaketaren frogei ekitera zihoan, oso jantzia baitzegoen gai hartan, baina orduantxe mahai guztian barrena, erdiko Andrewgandik hasiz, txilar sasi batetik bestera lasterka doan sutea bezala, seme-alabak barrez hasi ziren; senarra ere barrez; beragatik barrez, suak inguraturik, behartu egin zuten kasko gaineko gandorra gordetzera, bateriak desmuntatzera, eta mendeku bakar gisa Bankes jaunari erakustera, adibide moduan, sufritu beharreko iseka eta burlak baldin norbaitek erasoez gero Britainia Handiko publikoaren aurreiritziei.

        Nahita, hala ere, kontutan zeukanez Lily handik kanpo zegoela, honek lagundu egin baitzion Tansley jaunarekin, bereizi egin zuen beste guztien artetik; esan zuen «Lilyk behintzat arrazoi ematen dit» eta bere ondora ekarri zuen hura, urduri samar, asaldatu samar. (Maitasunari buruz ari baitzen gogoetan). Biak zeuden handik kanpo, aritu zen Ramsay andrea pentsatzen, bai Lily eta bai Charles Tansley. Biak zeuden sufritzen beste bien distiragatik. Mutila, argi zegoen, baztertua sentitzen zen; inongo emakumek ez zion begiratuko, baldin Paul Rayley gela berean bazegoen. Gizarajoa! Hala ere tesi hura zeukan idatzia, norbaitek zerbaitetan daukan eraginaz edo: bere burua zaintzeko gauza zen. Lily ez bezala. Honi kolorea moteltzen zitzaion Mintaren distirapean; inoiz baino hutsalago bihurtzen zen, soineko gris txiki hura, aurpegi ximur txiki hura eta begi txinatar txiki haiekin. Honengan dena zen ñimiñoa. Nolanahi ere, pentsatu zuen Ramsay andreak, Lily Mintarekin alderatuz, eta bitartean harixe laguntza eske (zeren Lilyk baietsi beharra baitzeukan berak ez zuela esnetegiez gehiago hitz egiten senarrak oinetakoez baino — orduak igaro zitzakeen oinetakoei buruz hizketan), berrogei urterekin Lily izango zela bietan onena. Bazeukan Lilyk zerbaiten ukitua; zerbaiten garra; bere baitako zerbait Ramsay andreak oso gogoko zuena, baina zoritxarrez gizonek ez. Ezta inolaz ere, non eta ez zen askoz gizon zaharragoren bat, William Bankes edo. Baina honek, emaztea hil zitzaionetik, pentsatzen zuen zenbaitetan Ramsay andreak, agian beraganako joera zeukan. Ez zegoen «maitemindua», noski; sailkatu gabeko atxikimendu horietako bat zen, hain ugari direnak. Txorakeriak, pentsatu zuen; Williamek Lilyrekin ezkondu behar du. Gauza franko dauzkate parekoak. Lily oso lorezalea da. Biak dira hotzak, urrunak eta besteon beharrik gabeak. Ibilaldi luze bat antolatu behar zien biei.

        Tuntunarena izan zen bata bestearen aurrean eseraraztea. Hurrengo egunean konpon zitekeen hori. Eguraldi ona egiten bazuen picnic-a egitera joan beharko zuketen. Dena posible zirudien. Dena zuzen zirudien. Oraintxe (baina honek ezin du iraun, pentsatu zuen, bere burua etenaz oinetakoei buruzko hizketatik) oraintxe segurtasuna erdietsi zuen; belatzaren antzera zegoen goian hegada gelditurik; banderaren antzera zegoen flotatzen pozezko ingurugiro batean, gorputzeko kirio bakoitza zeharo eta goxoki aserik, zaratatsu ez baizik handikiro, zeren, pentsatu zuen denei jaten begiratu bitartean, bai senarra, bai seme-alaba eta bai lagunengandik ernetzen baitzen; guzti hura, isiltasun sakon hartatik ernetzen ari zena (William Bankesi beste puska txiki bat zerbitzatu eta kirika egin zuen buztinezko lapiko barrura), bazirudien bertan gelditu zela, arrazoi jakinik gabe, gorantz doan kea bezala, lurrina bezala, denak seguruan bilduz. Ez zegoen deus esan beharrik; ez zegoen deus esaterik. Hantxe zegoen hura, denen inguruan. Eternitatearekin zeukan zerikusia, sentitu zuen, Bankes jaunari puska biziki samurra kontu handiz zerbitzatu bitartean; arratsalde hartantxe lehenago beste zerbaitekin sentitu izan zuen bezala; gauzen artean lotura bat dagoela, sendotasuna; zerbaiti ez diotela aldaketek eragiten, eta distira egiten duela (zelata egin zien leihoko argi islen ondulazioei) jariakorra, iheskorra, espektrala den guztiaren aurrean, errubiaren antzera; beraz berriro nagusitu zitzaion egun hartako irudipen bera, bakearena, atsedenarena. Honelako momentuekin egituratzen da, pentsatu zuen, betirako dirauen gauza. Honek bai iraungo zuela.

        «Bai», segurtatu zion William Bankesi, «denontzat dago aski».

        «Andrew», esan zuen, «behera ezazu platera, bestela kanpora isuriko dut eta». (Berebiziko arrakasta zuen boeuf en daube-ak). Hemen zegoen, pentsatu zuen burruntzalia lapikoan utziz, gauzen bihotzeko txoko geldia, non norberak mugitu ala atseden har dezakeen; entzuten zain egon zitekeen (denak zeuden zerbitzaturik); eta ondoren, goiko talaiatik bat-batean abailtzen den belatza bezala, bere burua adierazi eta algaraz hasi zitekeen aise, bere pisu guztia jarriz senarrak mahai bestaldetik zioenaren gainean, alegia mila berrehun eta berrogeita hamahiruren erro karratua, bere tren txartelaren zenbakia hain zuzen ere.

        Zer esan nahi zuen horrek guztiak? Ez zeukan egundaino ideiarik ere. Erro karratua? Zer zen hura? Semeek bazekiten. Haien gainean apoiatu zen; kuboak eta erro karratuen gainean; horretaz ari ziren orain hizketan; Voltaire eta Madame de Staëlen gainean; Napoleonen izaeraren gainean; frantses sistemako lur jabetzaren gainean; Lord Roseberyren gainean; Creeveyren Memorien gainean: onartu egin zuen bere burua eutsi eta sostenga zezan gizonezko adimenaren egitura miresgarri hark, gorantz eta beherantz zihoana, alderik alde zeharka, burdinazko habeek egitura balantzakorra biltzen bezala, munduari eusten, horrela bere burua hartan erabat konfia zezakeelarik, baita begiak itxi ere, edo momentu batez kliskatu, hala nola burkotik begira dagoen umeak keinu egiten dien zuhaitz hostoen geruza ugariei. Esnatu egin zen orduan. Egitura eraikitzen ari ziren artean. Waverley nobelak ari zen William Bankes goraipatzen.

        Sei hilero irakurtzen zuen haietako bat, esan zuen honek. Eta zergatik haserretu behar zuen horregatik Charles Tansleyk? Honek hitza eten (zer eta, pentsatu zuen Ramsay andreak, Prue berarekin jator jokatzen ari ez delako) eta Waverley nobelak gaitzetsi zituen haietaz fitsik ere jakin gabe, ezta ezertxo ere, pentsatu zuen Ramsay andreak, hari entzuten baino areago hari begira. Jarreran bertan ezagun zuen — bere burua adierazi nahi zuen, eta halaxe jardungo zuen katedra erdietsi edo ezkondu arte, eta horrela gehiago esan beharrik gabe «Ni, ni, ni». Horretara mugatzen baitziren Sir Walter gizarajoari egiten zizkion kritikak, edo agian Jane Austenengatik ari zen. Bere buruaz eta ematen ari zen inpresioaz ari zen pentsatzen, Ramsay andreak antzeman zezakeenez haren ahots doinuan, eta haren enfasian eta haren egonezinean. Arrakastak mesede egingo zion. Zernahi gisaz, berriro ekin zioten lehengoari. Orain Ramsay andreak ez zeukan entzun beharrik. Bazekien ezin zuela iraun, baina une hartan bere begiak hain zeuden zabalik non bai baitzirudien mahaian barrena zihoazela, hango jendea agerian jarriz, eta baita haien gogoeta eta sentimenduak ere, batere nekerik gabe, argi printza bezala ur azpira irristatu eta hango olatuak, eta ihiak, eta orekan dauden arraintxoak, eta amuarrain isil zalua, denak batera argituz, dilindan, dardarka. Horrela ikusten zituen denak; aditzen zien denei; baina haiek zernahi esanda ere halakoxea zen, haien esana amuarrainaren mugimendua bezalakoa balitz bezala, aldi berean ikus daitezkeenean uraren izurrak eta harri txintxarrak, eskuinera zerbait, ezkerrera zerbait; eta oro bat eginik; zeren nahiz eta bizitzako harremanetan gauza bakoitza bere aldetik sareratu eta bereiziko zuen, nahiz eta Waverley nobelak gogoko zituela edo ez zituela irakurri esango zuen, nahiz eta bere burua aurrerantz eramango zuen, orain behintzat ez zuen deus esan. Momentuz airean zintzilik zegoen.

        «Ah, baina noiz arte uste duzu iraungo duela?» esan zuen norbaitek. Bazirudien Ramsay andreak antenak zeuzkala kanpora irten eta dardarka, hauek zenbait esaldi atzeman eta bere arretan indartsu sartzen zituztelarik. Hau zen haietako bat. Arriskua usnatu zuen senarrarentzat. Horrelako galderak, segur aski, erantzunen bat sortuko zuen senarrari bere porrota gogoraraziko ziona. Noiz arte izango zen bere lana irakurria — pentsatuko zuen berehala. William Bankesek (halako handinahitik libre) barre egin, eta esan zuen ez ziela garrantzirik ematen moda aldaketei. Nork esan zezakeen zerk iraungo zuen — nahiz literaturan, nahiz beste edozertan?

        «Atsegin har dezagun atsegin ematen digunarekin», esan zuen. Haren fintasuna miresgarria iruditzen zitzaion Ramsay andreari. Ez zirudien hark inoiz pentsatzen zuenik, Zer eragin edukiko du honek nigan? Baina bestelako tenperamentua baldin badaukazu, alegia laudorio beharra, alegia adore beharra, egonezina hasten zaizu (eta Ramsay andreak bazekien senarrari hasia zitzaiola); gogoa ernetzen zaizu norbaitek esateko, Oh, baina zeure lanak iraungo du, Ramsay jauna, edo antzeko zerbait. Argi asko agertu zuen egonezin hura, sumindura apur batekin esanez nolanahi ere Scottek (edo Shakespeare ote zen?) bera bizi bitartean behintzat iraungo zuela. Sumindurik esan zuen. Denak sentitzen ziren deseroso samar, pentsatu zuen emazteak, inork zergatik jakin gabe. Orduan Minta Doylek, sena bikainekoa bera, bururik gabe esan zuen, baldar, ez zuela sinesten inork atsegin hartzen zuenik Shakespeare irakurriz. Ramsay jaunak zakarki esan zuen (baina bere gogoa berriro ere beste norabait joana zen) aitortu hainbat oso jende gutxiri gustatzen zitzaiola hura. Baina, gaineratu zuen, haren antzerki batzuek hala ere meritu franko daukate, eta Ramsay andreak dena ederki zihoala ikusi zuen, momentuz behintzat; Ramsay jaunak barre egingo zuen Mintaren bizkar, eta honek, konturatzean zer larri zegoen hura, bere modu berezian hartuko zuen aintzakotzat, eta nola hala goraipatu, antzeman zuen Ramsay andreak. Baina nahiago zuen hura beharrezko ez izatea: agian bere kulpa zen beharrezko izatea. Dena den, orain jada libre zegoen entzuteko Paul Rayleyk esan nahi zuena, mutil kozkorretan irakurritako liburuei buruz. Haiek bai, irauten omen zuten. Tolstoiren zer edo zer irakurri zuen eskolan. Beri gogoratzen zen haietako batez, baina ahazturik zeukan izena. !zen errusiarrekin ezin zen, esan zuen Ramsay andreak. «Vronsky», esan zuen Paulek. Gogoan zeukan hura, izen egokiena iruditzen baitzitzaion bilau batentzat. «Vronsky», esan zuen Ramsay andreak; «Oh, Anna Karenina», baina ez zuten harekin jarraitu; ez ziren liburu zale. Ez, Charles Tansleyk berehala argitu ahal izango zituen liburuei buruzko beren zalantza guztiak, baina hain zeukan orain barrena nahasia, Egoki ari al naiz hizketan? Inpresio ona ari al naiz ematen? non, azken batean, gehiago jakiten baitzen hartaz Tolstoiri buruz baino; aitzitik, Paul gaiari bakarrik lotzen zitzaion, ez bere buruari. Txoro guztien moduan, apaltasun antzeko bat zeukan, inork sentitzen duenarekiko begirunea, Ramsay andreari aldian behin atsegina iruditzen zitzaiona. Orain ere ez zen pentsatzen ari bere buruaz edo Tolstoiez, baizik Ramsay andreak hotza ote zeukan, haize-lasterra sentitzen ote zuen, udarea nahi ote zuen.

        Ez, erantzun zion Ramsay andreak, ez zuen udarerik nahi. Berez, fruta-ontzia zaintzen egona zen grinati (ohartu gabe), hura inork ez ukitzeko itxaropenetan. Bere begiak batera eta bestera ibiliak ziren frutaren kurba, borobiltasun eta errainuen artean, Lowlandseko mahatsaren purpura kolore ugarien artean, ondoren maskorraren ertz zakarraren gainean, horia purpurarekin parekatuz, kurba borobiltasunarekin, jakin gabe hura zergatik egiten zuen, edo zergatik sentitzen zen gero eta lasaiago hura egiten zuenero; harik eta —oh, zer pena!— esku batek, luzatu, udarea hartu eta dena hondatu zuen arte. Errukiz begiratu zion Roseri. Jasper eta Prueren artean eseritako Roseri begiratu zion. Bai arraroa bere ume batek holako zerbait egin izana!

        Bai arraroa denak han eserita ikustea, erreskadan, bere seme-alabak: Jasper, Rose, Prue, Andrew, erdi isilik, baina bazebilkiten bromaren bat beren artean, haien ezpain bihurrietatik antzematen zuen. Erabat berezia zen zerbait, ondoren beren geletan barrez aritzeko pilatzen ari zirena. Ez al zen behintzat beren aitari buruz izango. Ez, ez zuen halakorik uste. Zer ote zuten, galdetu zuen berekiko, triste antzean, bera bertan ez zegoenean jardungo zutela barrez iruditzen baitzitzaion. Hura dena zegoen pilatua aurpegi irmo, geldi, maskara gisako bajen atzean, ez baitzuten hain erraz solasean parte hartzen; begirale, ikerleen antzekoak ziren, jende helduaren aldean goratu edo aldenduak. Baina gau hartan Prueri begiratu zionean, hori harengan ez zela egia antzeman zuen. Hasi berritan zegoen, orduantxe mugitzen, orduantxe jaisten. Argi xume bat zegoen haren aurpegian, bertan islaturik baleuka bezala Mintaren goritasuna, hau da, zirrararen bat, zorionaren iragarpenen bat, gizon-emakumeen maitasunaren eguzkia mantelaren hegitik gora altxatzen ari balitz bezala, eta hura zer ote zen jakin gabe harengana makurtu eta diosala egin zion. Mintari begira jarraitu zuen Pruek, lotsati baina kuriostasunez, eta bitartean Ramsay andreak batari eta besteari begiratu eta bere artean hizketan ari zen Pruerekin. Hauetako egunen batean bera bezain zoriontsu izango zara. Askoz zoriontsuago izango zara, gaineratu zuen, zu nire alaba zara eta; beste inoren alabak baino zoriontsuago izan behar zuen bere alabak. Baina afaria bukatua zegoen. Joateko garaia zen. Platereko azken kondarrekin ari ziren jostatzen. Senarra kontatzen ari zen pasadizoarekin haiek barre egitez bukatu arte itxoingo zuen. Txantxetan ari zen Mintarekin apustu bati buruz. Ondoren zutituko zen.

        Gogoko zuen Charles Tansley, pentsatu zuen bat-batean; gogoko zuen haren irribarrea. Gogoko zuen hain haserre zegoelako Paul eta Mintarekin. Gogoko zuen haren baldarkeria. Izan ere gauza asko zeuden gizon gazte haren baitan. Eta Lily, pentsatu zuen eskuzapia plater ondoan utziz, beti zebilen bere gisa txantxetan. Ez zegoen inoiz Lilyrengatik kezkatu beharrik. Zain zegoen. Plater ertzaren azpira bildu zuen eskuzapia. Bukatu al zuten jada? Ez. Pasadizo hura beste pasadizo baterako bide izan zen. Senarra oso aldarte onean zegoen gau hartan, eta, antza zenez, zoparen eszenaren ondoren Augustus zaharrarekin adiskidetzeko, solasera bildu zuen hura ere — biek unibertsitatean ezagututako norbaiti buruz ari ziren kontu kontari. Leihora begiratu zuen, non kandelaren sugarrek argiago distiratzen baitzuten kristal belztuetan, eta kanpo hartara begiratzerakoan oso arrotz iristen zitzaizkion ahotsak, katedral bateko ospakizunaren ahotsak balira bezala, zeren ez baitzituen hitzak entzuten. Bat-bateko algara leherketek eta ondorengo ahotsak (Mintarena), bakarrik hizketan, burura ekarri zizkion gizon eta mutilak latinezko hitzak oihukatzen katedral katoliko erromatarren bateko ospakizunean. Zain zegoen. Senarra hizketan. Zerbait errezitatzen ari zen, eta berak olerkia zela antzeman zuen, erritmoagatik eta ahotsaren asaldura eta malenkonia doinuagatik:

 

                Irten zaitez lorategiko bidera,

                        Luriana, Lurilee

                Txinako arrosa loretan eta erle horia inguruan txistuka.

 

        Han kanpoan uretan flotatzen zuten loreak iruditu zitzaizkion hitz haiek (leihotik begira zegoen), denengandik apartatuak, inork esanak ez baizik beren kabuz jaiotakoak balira bezala.

 

                Eta inoiz bizitu ditugun bizitzak oro

                Eta geroko bizitzak oro

                Beteak daude zuhaitzez eta hosto aldakorrez.

 

        Ez zion igartzen esanahiari, baina, musikaren antzera, bazirudien bere ahotsez zeudela hitz haiek esanak, bere buruaz kanpo, eta erraz eta naturalki esaten zutela gau osoan gogoan eduki zuena, hainbat gauza esan bitartean. Bazekien, ingurura begiratu gabe, mahaiko guztiak entzuten zeudela hitz haiek esaten zituen ahotsari:

 

                Hala uste ote duzu zuk ere,

                        Luriana, Lurilee

 

berearen tankerako lasaitasun eta atsegin berdinarekin, hauxe balitz bezala, azkenean, esateko gauzarik naturalena, denen ahotsa balitz bezala hizketan ari zena.

        Baina ahotsa isildu egin zen. Ingurura begiratu zuen. Bere burua altxarazi zuen. Augustus Carmichael zutiturik zegoen, eta eskuzapiari helduz tunika zuri luze baten antzera, kantari jardun zuen:

 

                Erregeren zalduneria

                Belardi eta txibiriten zelaian da ageri

                Eskuetan palmondo hosto eta zedro sortak

                        Luriana, Lurilee

 

eta Ramsay andrea haren ondotik igarotzerakoan, beragana emeki jiratu eta azken hitzak errepikatu zituen:

 

                        Luriana, Lurilee

 

eta omen eginez bezala apaldu zuen beragana burua. Zergatik jakin gabe, Augustusek bera inoiz baino maiteago zuela sentitu zuen Ramsay andreak; eta lasaitasun eta eskerronez buru apaldura itzuli eta hark berarentzat zabalik zeukan atetik barrena igaro zen.

        Beharrezko zen orain hura dena urrats bat aurrerago eramatea. Hanka atalondoan zeukalarik itxoin zuen gehixeago, begi aurrean suntsitzen zihoan eszena hartan, eta gero, mugitu eta Mintari besotik heldu eta gelatik irtetean, dena aldatu zen, beste itxura bat hartu zuen; hura dena, antzeman zuen sorbalda gainetik azken begiratua luzatuz, iragana bihurtua zen jadanik.

 

 

18

 

        Betikoa, pentsatu zuen Lilyk. Beti zegoen orduantxe bertan egin beharreko zerbait, Ramsay andreak arrazoi jakinen batengatik berehala egitea erabakitako zerbait, nahiz denak berriketan aritu zutituta, orain bezala, erabaki ezinik erretzeko gelara joan, ala saloira, ala teilatupera. Orduan ikusten zen Ramsay andrea iskanbila horren erdian Mintari besotik helduta zutik, besteei gogorarazten «Garaia da», eta segituan alde egiten zuen zerbait bakarrik egitera, sekretu itxurarekin. Eta bera joan bezain laster desintegrazio antzeko bat hasten zen; harantz eta honantz, nor bere aldetik; Bankes jaunak besotik Charles Tansley hartu eta honekin joan zen politikari buruz afarian hasitako eztabaida terrazan amaitzeko, horrela ilunabarreko oreka guztiari joera bat emanez, pisua beste aldera eroraraziz, pentsatu zuen Lilyk, haiek joaten ikusi eta hitzen bat edo beste aditu ondoren alderdi laboristaren politikari buruz, itsasontziko aginte-zubira igo balira bezala ibilbidea zehazteko; irudipen hori eman zion olerkitik politikara aldatze hark; Bankes jauna eta Charles Tansley irten egin ziren beraz, besteek, zutik, Ramsay andreari begiratzen zioten bitartean, lanpararen argitan eskaileretan gora bakar-bakarrik zihoala. Nora ote zihoan, galdetzen zion Lilyk bere buruari, horren arin?

        Ez zen berez korrika edo presaka joan; egia esan poliki samar joan zen. Momentu batez gogoa etorri zitzaion hitz jario haren ondoren bertan geldirik geratu, eta gauza zehatz bati atxikitzeko; garrantzizko gauzari; hura bereizi; hura apartatu; hura garbitu emozio eta zabor eta kondar guztietatik, eta huraxe bere buruaren aurrean ipini, eta tribunalera eraman, non epaileak baitzeuden batzarturik, berak deituta honelako gauzak erabakitzeko. Ona al da, txarra al da? Zuzena ala okerra? Zertan bukatuko dugu? eta abar. Zirrararen ostean horrela bildu zuen kemena, eta guztiz oharkabea eta zentzurik gabea bazen ere, kanpoko zumarren adarrak erabili zituen bere jarrera sendotzen laguntzeko. Bere mundua aldatzen, baina haiek lehengoan zeuden. Arestiko gertaerak mugimenduzko irudipen bat utzi zion. Ordenan jarri beharra zegoen dena. Honako hau eta bestea zuzendu beharra, pentsatu zuen, konturatu gabe zuhaitz geldien duintasunari oniritziz, eta ondoren berriro zumar adarren igotze bikainari (ontzi baten espoloia bezala olatuan gora), haizeak harrotu zituenean. Haizea baitzebilen (Ramsay andrea gelditu egin zen apur batean, kanpora begiratzeko). Haizea zebilen, hartara hostoek noizean behin txoko bat uzten zioten izar bati, eta bazirudien izarrak berak ere beren buruak astintzen ari zirela, eta argia jaurtitzen, eta hosto ertzen artetik distira egin nahian. Bai, eginik zegoen hori, erdietsirik; eta egindako gauza guztien antzera solemne bihurturik. Orain hartan pentsatuez gero, berritsuketa eta emoziorik gabe, bazirudien beti han egon baina orain agertzen zela, eta agertze horrek gauza guztiak sendotzen zituela. Haiek, pentsatu zuen aurrera jarraituz, edozein adinetara heldurik ere, gogora ekarriko zuten gau hau; ilargi hau; haize hau; etxe hau: eta baita bera ere. Bere burua losintxatua sentitu zuen, losintxarako erraztasun gehien zeukan lekuan, pentsatzean edozein adinetara heldurik ere, haiek beren buruei bilbaturik, bihotzean txirikordaturik edukiko zutela bera; eta hau, eta hau, eta hau, ari zen pentsatzen, eskaileretan gora, eskailerarteko sofagatik (amarena) barrez, baina goxotasunez, eta baita kulunka-aulkiagatik ere (aitarena); Hebridetako mapagatik. Hura dena berpiztuko zen Paul eta Mintaren bizitzetan; «Rayleytarrak» — saiatu zen izen berriarekin; eta eskua umeen jolasgelako atean zeukalarik antzeman zuen lagun-hurkoarekiko sentimendu batasuna, emozioak eman ohi duena, bereizketaren hormak erabat mehetuz (lasaitasuna eta zorionezkoa zen sentimendu hura), dena jario bakar bat bihurtu balitz bezala, eta aulkiak, mahaiak, mapak, nahiz bereak nahiz beraienak balira bezala, eta Paulek eta Mintak jario hartan segituko balute bezala bera hildakoan ere.

        Heldulekua irmoki jiratu, intziri egin ez zezan, eta barrura sartu zen, ezpainak pittin bat zimurtuz, bere buruari gogorarazteko bezala ez zuela ozenki hitz egin behar. Baina sartu bezain laster ikusi zuen, amorrazioz, arreta hura alferrik zela. Umeak ez zeuden lo. Amorrazioa edukitzekoa zen. Mildredek kontu gehiago izan beharko zukeen. Jamesek ilargia adinako begiak, Cam txorimaloa bezain tente, eta Mildred jaikita oinutsik, ia hamaikak eta denak hizketan. Zer zuten ordea? Kaskezur nazkagarri hura berriro. Esana zion Mildredi hura tokiz aldatzeko, baina honi ahaztu, noski, eta orain Cam eta James ilargia adinako begiekin sesioan, nahiz eta aspaldian lotan behar zuten. Zer dela-eta bidali zien Edwardek kaskezur nazkagarri hau? Bere tuntunean, utzi egin zien han goian zintzilikatzen. Sendo zegoen iltzatua, zioen Mildredek, eta Camek ezin lo hartu hura gela barruan bazegoen, eta James berriz hura ukituez gero garrasika.

        Baina Camek lo hartu behar zuen (adar handiak zeuzkan, zioen Camek), lo hartu eta jauregi ederrekin amestu, zioen Ramsay andreak, ondoan eserita ohean. Adarrak ikusten zituen ordea, zioen Camek, gela guztian zehar. Egia zen. Argia nonahi jarririk ere (eta Jamesek ezin argirik gabe lo egin) beti zegoen errainuren bat nonbait.

        «Baina pentsa ezazu, Cam, txerri zahar bat besterik ez dela», zioen Ramsay andreak, «txerri beltx polit bat, baserriko txerriak bezalakoxea». Baina Cami izugarria iruditzen zitzaion zera hura, gela guztian zehar zabaltzen zena.

        «Tira», esan zuen Ramsay andreak, «orduan estali egingo dugu». Eta begira geratu zitzaizkion denak, komodara joan eta kaxoi txikiak bata bestearen ondoren zabaltzen zituen bitartean, arin-arin, baina ezer egokirik aurkitu ezean bere txala arin erantzi eta harekin bildu zuen kaskezurra, bil-bil egin arte, eta ondoren Camengana itzuli eta ta erabat ezarri zuen burua Camen burkoan, esanez zer itxura ederra zeukan orain; zenbat gustatuko zitzaien huraxe iratxoei; txori-habia bezalakoa zela; berak atzerrian ikusitakoen antzeko mendi zoragarria zela, ibarrak eta loreak eta ezkila-hotsa eta txoriak kantari eta antxume eta antilopeak... Hitz haiek erritmikoki esan ahala, Camen gogoan ikusi zituen oihartzun egiten, eta Camek ondoren errepikatu zuen mendiaren antzekoa zela, txori-habia, lorategia, eta antilope txikiak zeudela, eta begiak itxi eta berriro ireki zitzaizkion, eta Ramsay andreak esaten jarraitu zuen, gero eta doinu monotonoagoz, erritmo mantsoago eta zentzu gutxiagoz, begiak itxi behar zituela eta lo hartu eta amets egin mendiekin, eta ibar eta izar iheslari eta lorito eta antilope eta lorategiekin, eta ederra zen guztiarekin, esan zuen, emeki-emeki burua jaso eta gero eta geldoago hitz eginez, azkenean tentetu eta Cam lotan ikusi zuen arte.

        Eta orain, xuxurlatu zuen Jamesen ohe aldera joanez, honek ere lo hartu behar zuen, zeren begira, esan zion, artean bertan zegoen basurde kaskezurra; ez zuten ukitu; esandakoa egin zuten; minik hartu gabe zegoen hantxe. Jamesek sinetsi egin zuen kaskezurrak txal azpian jarraitzen zuela. Baina beste zerbait galdetu nahi zion amari. Joango al ziren farora bihar?

        Ez, bihar ez, erantzun zion, baina aurki, hitz eman zion; eguraldi ona egiten zuen lehen egunean. James txintxoa zen. Etzan egin zen. Amak tapa-tapa egin zuen. Baina honek ez zuen inoiz ahaztuko, ondotxo zekien amak, eta bera haserre zegoen Charles Tansleyrekin, senarrarekin, eta baita bere buruarekin ere, berak piztu baitzizkien itxaropenak. Orduan behatzekin txala bilatu, baina basurde kaskezurraren inguruan bildu zuela gogoratzean zutitu, eta leihoa apur bat gehixeago zirrikitu, eta haizea aditu, eta gaueko aire fresko guztiz arduragabea arnastu, eta Mildredi ondoloegin xuxurlatu, eta gelatik irten, eta sarraila-zuloan krisketa astiro irristatuz, joan egin zen.

        Ez al zuen behintzat orain goian liburuekin lurra joko, pentsatu zuen, artean Charles Tansley gogaikarria buruan. Oso lo arina baitzeukaten; ume asaldagarriak ziren, eta hark faroari buruz halako gauzak esaten zituenez, posible zen trakets hark ukalondoz bultzatuta liburu pila bat mahaitik behera botatzea, umeak lo hartzera zihoazen une berean. Segur aski gora joana izango baitzen lanera. Hala ere erabat desolaturik ematen zuen; hala ere lasaitua hartuko zuen hura joandakoan; hala ere bihar hura hobeki trata zezaten saiatuko zen; hala ere hura ikusgarri jatorra zen senarrarekin; hala ere haren moduek bazeukaten hobetzeko premia; hala ere gogoko zuen haren irribarrea... honetan pentsatzen ari zelarik, beherako bidean, eskaileretako leihotik ilargia ikus zezakeela konturatu —udazkeneko ilbete horia— eta jiratu egin zen, eta haiek ikusi egin zuten bera, goiko aldeko eskaileretan zutik.

        «Nire ama da hori», pentsatu zuen Pruek. Bai; Mintak hari begiratu behar zion; Paul Rayleyk hari begiratu behar zion. Bera da benetako gauza bakarra, iruditu zitzaion, mundu osoan horrelako pertsona bakarra balego bezala; bere ama. Eta lehentxeago besteekin hitz egiterakoan nagusi izatetik ume bihurtu zen berriro, eta egiten aritu zirena jolas bat zen, eta amak beren jolasa onetsi ala gaitzetsi egingo ote zuen, galdetzen zion bere buruari. Eta pentsatuz zer aukera ona zeukaten Minta, Paul eta Lilyk hura ikusteko, eta sentituz zenbateko zortea zen berarentzat hura amatzat edukitzea, eta bera inoiz ez zela haziko eta ezta etxetik joango ere, umearen antzera esan zuen, «Hondartzara jaitsiko ote ginen geunden, olatuak ikusteko».

        Bat-batean, inongo arrazoirik gabe, Ramsay andrea hogei urteko neskaren antzeko bihurtu zen, alaitasunez gainezka. Festarako gogoa nagusitu zitzaion segituan. Noski joan behar zutela; noski joan behar zutela, hots egin zien barrez; eta azken hiru edo lau mailak korrika jaitsiz, burua batagandik besteagana jiratzen hasi zen, eta barrez, eta Mintari lepokoa jartzen eta ahal balu bera ere gustura asko joango zela esaten, eta ea berandu etxeratuko ziren, eta ea inork erlojurik bazeraman.

        «Bai, Paulek bai», esan zuen Mintak. Paulek urrezko erloju eder bat atera zuen orkatz-larruzko kutxatila batetik berari erakusteko. Eta esku ahurrean eutsi bitartean sentitu zuen: «Den-dena daki. Ez daukat deus esan beharrik». Erlojua erakutsi bitartean ari zitzaion esaten, «Lortu dut, Ramsay andrea. Zuri eskerrak dena». Eta haren eskuko urrezko erlojuari begira sentitu zuen Ramsay andreak, Berebiziko zortea izan du Mintak! Larruzko zorroan urrezko erlojua daukan gizon batekin da ezkontzekoa!

        «Gustora asko joango nintzateke neu ere!» hots egin zuen. Baina zerbaitek eusten zion, hain indartsu non inoiz ez baitzitzaion burutik pasatu ere egin hura zer ote zen galdetzea. Noski ezinezkoa zuela haiekin joatea. Baina gustatuko zitzaion, beste zera harengatik izan ez balitz; eta burutapen haren zentzurik ezak kilimaturik (erlojuarentzat larruzko zorroa daukan gizonarekin ezkontzearen zortea), ezpainetan irribarre batekin sartu zen beste gelara, senarra eserita irakurtzen zegoen lekura.

 

 

19

 

        Noski, esan zion bere buruari gelan sartzerakoan, nahi zuen zerbaiten bila etorri behar izan zuen hona. Lehenik besaulki jakin batean eseri nahi zuen, lanpara jakin baten azpian. Baina beste zerbait ere nahi zuen, nahiz jakin ez, nahiz pentsatzerik eduki ez zer zen. Senarrari begiratu (galtzerdiari berrekin eta galtzeta egiten hasiz), eta etenik ez zuela nahi igarri zion — argi zegoen. Zer edo zer oso hunkigarria ari zen nonbait irakurtzen. Barre-iduria zeukan, eta hartatik antzeman zion emozioei eusten ari zela. Zartada batekin pasatzen zituen orriak. Antzezten ari zen — agian bera liburuko pertsonaia zelakoan. Zer liburu ote zen? Oh, Sir Walter zaharraren bat, ikusi zion, lanpararen pantaila egokituz argiak galtzeta-lanean jo zezan. Izan ere, Charles Tansley (gora begiratu zuen, gaineko solairuan liburu zalaparta entzungo ote) esaten aritu zen gaur egun jendeak ez duela Scott irakurtzen. Orduan senarrak pentsatu bide zuen, «Hori esango dute nigatik ere»; horregatik hona etorri eta liburu haietako bat hartu zuen. Eta «Egia da» ondoriora helduez gero Charles Tansleyk esandakoari buruz, onartu egingo zuen Scotten kasuan. (Irakurri bitartean antzeman zion parekatzen ari zela, hausnartzen, bata bestearekin alderatzen). Baina ez bere kasuan. Senarra beti zalantzati zegoen bere buruarekin. Bera kezkatu egiten zen hori ikusirik. Hura beti bere liburuekin larriturik — irakurriko ote dira, onak ote dira, zergatik ez ote dira hobeak, zer irizten ote dit jendeak? Eta senarra horrela imajinatu nahi ezik, eta bere artean galdezka besteak konturatu ote ziren zergatik sumindu zen bat-batean afalorduan haiek ospea eta liburuen iraupena aipatzean, eta bere artean galdezka ea umeek horregatik egin ote zuten barre, galtzerdia astindu zuen, eta bere ezpain eta kopetako grabatu fin guztiak altzairuzko tresnekin zizelkatu ziren, eta geldi-geldi geratu zen, ordura arte inarrosten eta dardarka egondako zuhaitza bezala, orain, itsas airea emetzean, hostoz hosto irmotzen doana.

        Axolarik gabeko gauzak ziren haiek denak, pentsatu zuen. Gizon bikaina, liburu bikaina, ospea — nork esan zezakeen hori? Berak ez zuen horretaz ezer ulertzen. Baina jokabide horixe zeukan senarrak, egiazaletasuna — afalorduan esate baterako senez etorri zitzaion burura, Nahiago nuke hitz egingo balu! Erabateko konfiantza baitzeukan harengan. Eta hau dena saihestuz, urpean ibiltzerakoan noiz alga, noiz lasto printza, noiz burbuila baten ondotik igaroz bezala, berriro sentitu zuen, hondorago murgiltzeaz bat, hallean sentitu bezala besteek hizketan jardun bitartean, Zerbait nahi dut — zerbaiten bila etorri naiz, eta gero eta hondorago jausi zen, hura zer ote zen zehatz jakin gabe, begiak itxirik. Eta apur bat itxoin zuen, galtzeta eginez, zalantzati, eta afalorduan esan zituzten hitz haiek, «Txinako arrosa loretan eta erle horiak inguruan txistuka», pixkana hasi ziren bere gogoan alderik alde erritmoz jarioan, eta jario haren hitzak, argi txiki motelduak bezala, bere gogoaren ilunpetan piztu ziren, noiz gorri, noiz urdin, noiz hori, eta bazirudien goiko beren pausalekuak utzi eta batera eta bestera hegatzen zirela, edo garrasi egin eta oihartzuna zabaltzen zela; horregatik jiratu eta bilatu zuen libururen bat aldameneko mahaian haztaka.

 

                Eta inoiz bizitu ditugun bizitzak oro

                Eta geroko bizitzak oro,

                Beteak daude zuhaitzez eta hosto aldakorrez,

 

murmurikatu zuen, galtzeta-burdinak galtzerdian sartuz. Eta liburua zabaldu eta han-hemenka hasi zen nonahi irakurtzen, eta hori egiterakoan atzeraka zihoala aldapan gora sentitu zuen, burua estaltzen zioten petaloen pean bidea zabalduz, eta hau zuria da, edo hau gorria da besterik ez zekien. Hasieran ez zien hitzei inongo esanahirik hartzen.

 

Zuzendu honantz zeuon masta hegalariak, marinel akituok

 

irakurri eta orria pasatu zuen, bere burua kulunkatuz, harat-honat sigi-saga, lerro batetik bestera adar batetik bestera bezala, lore zurigorri batetik bestera, zarata txiki batek asaldatu zuen arte — senarra bere buruari izterkada jotzen. Bien begiak elkartu ziren segundo batez; baina ez zeukaten elkarrekin mintzatzeko gogorik. Zer esanik ez zeukaten, baina nolanahi ere bazirudien zerbait zetorrela senarragandik beragana. Bizitza zen, indarra zen, sekulako umore hura zen, emazteak ere bazekien, izterra joarazi ziona. Ez gero ni eten, ematen zuen ari zela esaten, ez gero ezer esan; egon hortxe eserita. Eta irakurtzen jarraitu zuen senarrak. Ezpainak dardara. Ase. Sendoturik. Erabat ahaztu zituen ilunabarreko hika-mika guztiak, eta zenbat eta zenbat aspertu zen eserita egotez, besteek etengabe jan eta edan bitartean, eta emaztearekin hainbeste erretxindu eta hainbeste sumindu eta tematu izana bere liburuak aipatu ere egin ez zituztenean, existituko ez balira bezala. Baina orain, hala sentitzen zuen, bost axola zitzaion nor iristen zen Z-raino (baldin eta pentsamendua alfabetoaren antzera bazihoan A-tik Z-raino). Norbait iritsiko zen — bera ez bazen, besteren bat. Halako gizonen indar eta zuhurtziak, gauza prestu xumeetarako horien senak, arrantzale horiek, Mucklebackit etxolako gizarajo erdi-ero zaharrak, hauek denek hain kementsu sentiarazi zuten, zamaren batetik hain arindurik, non susperturik eta garaile sentitu eta ez baitzuen malkoak menderatzerik eduki. Liburua apur bat altxatuz aurpegia gordetzeko, haiei isurtzen utzi, buruari alde batetik bestera eragin eta zeharo ahaztu zen bere buruarekin (baina ez gogoetaren bat edo besterekin, moralari buruz eta nobela frantsesak eta nobela ingelesak eta Scotten eskuak loturik egon arren haren ikuspuntua agian bestea bezain egiazkoa zela), zeharo ahaztu zen bere kezka eta hutsegiteekin, Steenie gizarajoa ito zen aldiari leku utziz, eta Mucklebackiteko atsekabeei (hartan zen Scott onena) eta horrek denak berari ematen zion gozamen harrigarria eta kemenezko sentipenari.

        Ahal duenak hobe dezala, pentsatu zuen kapitulua irakurtzez bukatzean. Norbaitekin eztabaidan aritu eta berak irabazi zuela iruditzen zitzaion. Ez zegoen hura hobetzerik, haiek zernahi esanik ere; eta bere jarrera irmoagoa bihurtu zen. Maitaleena txorakeria zen, pentsatu zuen, dena berriro gogora ekarriz. Honako hau txorakeria, horko hori ezin hobea, pentsatzen zuen bata bestearen ondoan jarriz. Baina berriro irakurri behar zuen hura. Ezin zuen gogoratu guzti haren forma. Bere iritzia kolokan utzi beharra zeukan. Eta beraz beste ideiara itzuli zen — gazteei ez bazitzaien hau axola, berea ere ez zitzaien noski axola. Ez zegoen kexatzen hasterik, pentsatu zuen Ramsay jaunak, bere irrika itotzeko ahaleginetan, alegia gazteek ez zutela miresten esatekoa. Baina erabakia zeukan; ez zion berriro enbarazu egingo. Nola irakurtzen zuen begiratu zion. Oso patxadan ematen zuen. Atsegina zen pentsatzea denek alde egin eta emaztea eta biak bakarrik zeudela. Bizitza guztia ez zen oinarritzen emakume batekin ohera joatean, pentsatu zuen, Scott eta Balzacengana itzuliz, nobela ingelesa eta nobela frantsesera.

        Ramsay andreak burua altxatu zuen, eta lo arina daukan norbaiten antzera ematen zuen senarrari esanez ari zela, nahi bazuen esnatuko zela, benetan esnatuko zela, baina bestela ezin al zuen lotan jarraitu beste pixka-pixka batean bakarrik. Adar haietan gora zihoan, harantz eta honantz, lore baten gainean eskua ezarriz, eta ondoren beste batean.

 

Ez laudatu ere arrosaren gorri iluna,

 

irakurri zuen, eta hori irakurriz ari zen igotzen, hala sentitu zuen, gailurrera, tontorrera. Hura asetasuna! Hura atsedena! Eguneko saski-nahaski guztiak iman honi itsatsi ziren; garbiturik sentitzen zuen bere gogoa, xahuturik. Eta bat-batean hona non zegoen, bere eskuetan bat-batean gorputz harturik, eder eta zuhur, argi eta oso, bizitzatik edoskitako mamia hementxe borobildurik — sonetoa.

        Baina ohartzen hasia zen senarra begira zeukala. Berari barrez ari zen, ironiatsu, goxotasunez iseka eginez bezala egun-argitan lo zegoelako, baina aldi berean pentsatzen zuen, Jarrai ezazu irakurtzen. Orain ez duzu triste ematen, pentsatu zuen. Eta emaztea zer ari ote zen irakurtzen galdetu zion bere buruari, eta honen ezjakintasun eta xalotasuna exajeratu zituen, gustatu egiten baitzitzaion pentsatzea ez zela azkarra, ez zela batere ikasia. Ulertzen ote zuen irakurtzen ari zena. Segur aski ez, pentsatu zuen. Harrigarria zen emaztearen edertasuna. Edertasuna handitzen zihoakiola zirudien, hori posible bazen.

 

                Nahiz artean negua eman eta zu urrun egon

                Zure itzalarekin bezala jolastu nuen nik hauekin,

 

bukatu zuen irakurtzez.

        «Eta?» esan zuen, senarraren irribarreari erdi ametsetan erantzunez, liburutik begiak altxatuta.

 

                Zure itzalarekin bezala jokatu nuen nik hauekin,

 

murmurikatu zuen, liburua mahai gainean uzterakoan.

        Zer gertatu ote zen galdetu zion bere buruari, galtzeta-lanari berrekinez, senarra azkeneko aldiz bakarrik ikusi zuenetik? Gogoan zeukan bera jantzi eta ilargiari begira egon zela; Andrewk afarian gehiegi altxatu zuela platera; goibeldu egin zela Williamek esandako zerbaitekin; txoriak zuhaitzetan; eskailerarteko sofa; umeak esna; Charles Tansleyk esnatu zituela liburuak erorita — oh ez, hori berak asmatua zen; eta Paulek larruzko zorroa zeukala erlojuarentzat. Zeinez hitz egin senarrari?

        «Konprometiturik daude», esan zuen galtzeta egiten hasiz, «Paul eta Minta».

        «Pentsatzen nuen», izan zen arrapostua. Ez zegoen hartaz zer esan handirik. Emaztearen gogoa gora eta behera zebilen artean, gora eta behera olerkiekin; senarra oso kementsu sentitzen zen artean, oso egiazale, Steenieren hiletari buruz irakurri zuenetik. Isilik egon ziren beraz eserita. Orduan Ramsay andreak antzeman zuen zer gogoa zeukan, senarrak zer edo zer esateko.

        Zernahi, zernahi, pentsatu zuen galtzeta egiten jarraituz. Zernahi izanda ere.

        «Atsegina izan behar du erlojuarentzat larruzko etxea daukan gizonarekin ezkontzea», esan zuen emazteak, tankera horretako bromak egiten baitzituzten elkarrekin.

        Senarrak indartsu haize eman zuen. Edozein konpromisoz zeukan iritzi bera zeukan konpromiso honetaz ere; neska onegia mutil horrentzat. Pixkana etorri zitzaion emazteari burura, zergatik nahi da orduan jendea ezkontzea? Zer balio, zer esanahi zeukaten gauzek? (Orain esatera zihoazen guztia egia izango zen). Esan ezazu zerbait, pentsatu zuen, senarraren ahotsa entzuteko irrikaz. Zeren biak biltzen zituen itzal hura, zera hura, hasia baitzen bera berriro inguratzen. Zernahi esan ezazu arren, zioen bere artean, senarrari begira, laguntza eske bezala.

        Baina hau isilik zegoen, erloju kateko iparrorratzari batera eta bestera eragiten, eta Scotten nobelak eta Balzacen nobelei buruz pentsatzen. Baina bien intimitatearen ilunabarrezko hormetatik barrena, senarraren gogoa sentitu zuen esku goratu baten antzera bere gogoari itzala ematen, zeren hurbiltzen ari baitziren, nahi gabe, elkarrengana alboratzen, ondo-ondoraino; eta emaztearen gogoetek berari atsegin ez zitzaion joera hartu zutenez —berak «pesimismoa» deitzen zion hartarako joera— urduritzen hasi zen, nahiz ezer esan ez, eskua kopetara altxatu, ile-txima bat kiribildu eta berriro erortzen utziz.

        «Ez duzu galtzerdi hori gaur bukatuko» esan zuen, emaztearen galtzerdia seinalatuz. Horixe nahi zuen honek — senarraren ahots zakarra berari errietan. Pesimista izatea oker dagoela esaten badu berak, segur aski oker egongo da, pentsatu zuen; ezkontza hau ongi irtengo da.

        «Ez», esan zuen, galtzerdia belaun gainean berdinduz, «ez dut bukatuko».

        Eta ondoren zer? Antzematen baitzuen senarra artean begira zeukala, baina bestelako begirada batekin. Zerbait nahi zuen — emateko hain zaila zen gauza nahi zuen; maite zuela esatea. Eta hori ez, ezin zuen esan. Harentzat askoz errazagoa zen hitz egitea, berarentzat baino. Hark gauzak esan zitzakeen — berak inoiz ez. Beraz beti hura zen gauzak esaten zituena, eta zenbaitetan horregatik bat-batean damutu eta purrusta egiten zion berari. Emakume bihozgabe deitzen zion; inoiz esan ez ziolako maite zuenik. Baina ez zen hala — ez zen hala. Zenbaitetan ezin zuen esan sentitzen zuena. Ez al zeukan papurrik txamarran? Ezertan lagun al ziezaiokeen? Zutitu eta leiho ondoan geratu zen galtzerdi marroi gorriztarekin eskuetan, aldez senarragandik ihes egiteko, aldez orain ez zitzaiolako axola faroari begira egotea, senarra txelatan egon arren. Bai baitzekien senarrak burua jiratu zuela, berarekin batera; berari begira zegoen. Bazekien pentsatzen ari zela, Inoiz baino ederrago zaude. Eta bera oso eder sentitzen zen. Ez al didazu behingoagatik esango maite nauzula? Hori ari zen senarra pentsatzen, asaldatua baitzegoen, bateko bere liburua eta Mintagatik, besteko egunaren bukaeragatik, eta azkenik farora joateaz edukitako sesioagatik. Baina emazteak ezin zuen hori egin; ezin zuen hori esan. Baina hura txelatan zeukala jakinik, zerbait esan ordez jiratu, galtzerdiari eutsiz, eta hari begira jarri zen. Eta begiratu bitartean irribarrez hasi zen, hitzik ez esan arren hark bai baitzekien, jakingo ez zuen bada, emazteak maite zuela. Ezin uka. Eta leihotik kanpora begiratu eta esan zuen (bere artean pentsatuz, Munduan beste ezer ez dago zorion honen parekorik)

        «Bai, arrazoi zenuen. Euria egingo du bihar». Ez zuen esan, baina senarrak bazekien. Eta irribarrez begiratu zion senarrari. Berriro ere bera baitzen irabazle.

 

 

 

© Virginia Woolf

© itzulpenarena: Anton Garikano

 

 

"Virginia Woolf / Farorantz" orrialde nagusia