BOSGARREN ATALA

AGIAN ASMO BAT

 

        Harrizko zubi berria eraiki dute zaharraren lekuan, baina gertaera ez da ahaztu. Esaera askotara pasatu da. «Asteartean ikusi behar zaitut» dio limatar batek, «non ez den zubia jausten». «Nire lehengusua San Luis Reyren zubi aldean bizi da,» dio beste batek, eta irribarrea zabaltzen da lagunartean, zeren eta esan nahi baitu: Damoklesen ezpataren azpian. Badira poema batzuk ezbeharrari buruz, edozein perutar antologiatan topa daitezkeenak, baina benetako literatura-monumentua Anai Juniperoren liburua da.

        Hamaika era daude zirkunstantziez miresteko. Anai Juniperok ez zuen inoiz ere bere metodoa edirengo, ez balu adiskidantzarik izan San Martingo unibertsitateko irakasle batekin. Goiz batean ikastun honen emaztea itzuri zen itsasontzi batez Espainiarantz, soldatu bati jarraiki, eta senarra utzi zuen bi sehaskakoren umezain. Anai Juniperor falta zitzaion samintasun guztiak hartuta zegoen bera, eta nolabaiteko poza ateratzen zuen munduan dena txarto zegoelako konbentzimendutik. Mundu zuzendu baten ideia ezeztatzeko pentsamendu eta anekdotak isuri zituen frantziskotarraren belarrietara. Une batez atsekabezko, ia derrotazko, begirada nagusitzen zen Anaiaren begietan; gero ekiten zion esplikatzeari zergatik halako istorioak ez ziren sinestunarentzat larrigarri. «Bazen Napoli eta Siziliako erregina bat,» zioen ikastunak, «jakin zuena ezen saihetsean handitsu txarra zeukala. Oso bihozkaturik agindu zien bere sujetei otoitz egiteko, eta manatu zuen Sizilian eta Napolin soineko guztietan gurutze botibo bana jos zedin. Herriak oso maite zuen eta otoitz eta broderia guztiak zinezkoak ziren, baina ondorio gabeak. Orain Monreale-ko handitasunean datza, eta bihotzaren zenbait hazbete gorago honako hitz hauek irakur daitezke: ez naiz inolako gaitzaren beldur izango.»

        Anai Junipero, fedeari buruzko halako murrikak ugari entzunaren poderioz, konbentzitu zen garaia heldua zela bere baitan hain argi eta bizi zeukan konbentzimenduaren froga, froga matematikoa, munduak ere eduki zezan. Izurriteak bere Puerto herrixka maitera iritsi eta aldean nekazari asko eraman zituenean, isilpean egin zuen hamabost biktima eta hamabost biziren ezaugarrien diagrama, haien sub specie aeternitatis merituen estatistika. Arima bakoitza ebaluatu zuen hamar zenbakiaren gainean, ontasunaren, betekizun erlijiosoekiko arduraren, eta familia-taldearekiko inportantziaren arabera. Hona hemen taula handinahi haren zati bat:

 

                          Ontasuna      Debozioa      Baliagarritasuna

        Alfonso G.        4                  4                    10

        Nina                2                  5                    10

        Manuel B.        10                10                    0

        Alfonso V.        -8                -10                  10

        Vera N.              0                  10                  10

 

        Gauza aldez aurretik uste baino zailagoa izan zen. Muga-komunitate batean ia pertsona guztiak ekonomikoki premiazkoak ziren, eta hirugarren zutabeak ez zuen ezertarako ere balio. Azterlariak minus terminoak erabili behar izan zituen Alfonso V.ren izaera kalifikatzeko, zeren ez baitzen, Vera N. bezala, soilki gaiztoa: gaizkiaren aldeko propagandista zen eta bera elizari itzuri ez ezik, besteei itzuri eragiten ere saiatzen zen. Vera N. benetan gaiztoa zen, baina eliztar eredugarria eta familia oso baten euskarri nagusia. Datu tristagarri hauen arabera Anai Juniperok nekazari bakoitzaren indizea eratu zuen. Biktimen totala atera eta bizien totalarekin konparatu zuen, azken buruan ikusteko ezen hilek biziek baino bost bider gehiago merezi izan zutela bizitzea. Ia zirudien izurritea Puerto herrixkako pertsona baliosen kontra zuzendua izan zela. Eta arratsalde hartan Anai Juniperok ibilalditxo bat egin zuen Pazifiko itsasbazterretik. Bere aurkikundeak apurtu eta olatuetara bota zituen; ordubetean egon zen itsaso haren ortzemuga gainean betiko zintzilik dauden perlazko odei handiei so, eta edertasunetik atera zuen etsimena ez zion arrazoiari aztertzen permititu. Fedearen eta egitateen arteko desadostasuna ezagutu ohi den baino handiagoa da.

        Baina San Martingo irakaslearen beste istorio batek (honako hau ez hain subertsiboa) iradoki bide zion Anai Juniperori San Luis Reyren zubia amildu ondorengo eginbidea.

        Egun batean bazebilen irakaslea Limako katedralean paseatzen, eta gelditu zen dama baten hilartitza irakurtzen. Beheko ezpaina, sinetsi ez eta, gero eta aurrerago atereaz, irakurri zuen ezen dama hura hogei urtean izan zela bere etxeko ardatz eta poza, haren adiskideen atsegina, bera ezagutu zuten guztiak bere ontasun eta edertasunaz harritzen zirela, eta bertan zetzala Jaunaren itzuleraren zai. Orain bada, hitz hauek irakurri zituen egun hartan, San Martingo irakaslea haserrea aldean ekartzeko gauza asko jazotakoa zen eta, hilarritik begiak altxaturik, bere amorruan ahots goraki esan zuen: «Hau lotsagarria! Hau jazarpena! Gauza jakina da munduan nahiak egiten ditugula, eta besterik ez. Zergatik betikotu berekoitasun ezaren legenda hau? Zergatik iraunarazi desinteresaren omen hau?»

        Eta hala zioela, harlangileen konspirazioa salatzea erabaki zuen. Dama soilki hamabi urte lehenago hil zen. Haren otseinak, seme-alabak eta adiskideak bilatu eta arakatu zituen. Eta nora joan, hantxe topatzen zituen, lurrin antzo, hildakoaren maitasun-markak bizirik, eta bera nonahi aipatzea aski zen nahigabezko irribarrerik eragin eta hitzek haren manera maitagarriak ezin deskriba zitzaketelako protesta sortarazteko. Amona inoiz ikusi ez zuten iloben gaztaro oldartsua ere zailagotu zuen hain ona izatea posible dela jakiteak. Hori zela eta, gizona miretsita zegoen; azkenean, baina, marmarikatu zuen: «Hala ere diodana egia da. Emakume hau salbuespena zen; agian salbuespena.»

        Pertsona haiei buruzko liburua egitean, bazirudien Anai Juniperok xehetasun txikiena aipatu gabe utziz gero, iradokizun bide-erakuslerik galtzeko beldur zela. Zenbat eta lana luzeagotzen zen, orduan eta gehiago sentitzen zuen oso adierazpide ilunarazien artean behaztopaka zebilela. Etengabe engainatzen zuten, testuinguruan kokatuz gero, nonbait esanguratsuak izango ziren xehetasunek. Berak den-dena jasotzen zuen, agian berak (edo buru argiago batek) liburua hamaika aldiz irakurriz gero, egitate infinituak bat-batean mugitzen, batzen eta beren sekretua traditzen hasiko zirelako ustetan. Marquesa de Montemayoren sukaldariak esan zion ezen arroza, arraina eta apur bat fruta ia beste elikagairik ez zuela jaten, eta Anai Juniperok anotatu egin zuen, datu horrek egunen batean izpiritu-ezaugarriren bat argituko zuelako posibilitateagatik. Don Rubíok zioenez haren errezepzioetara gonbidatu gabe azaldu ohi zen koilareak lapurtzera. Hiri-inguruetan bizi zen emagin batek esan zuen doña Maríak berarengana jotzen zuela galdera labanekin, harik eta azkenean, ezinbestez, eskalea balitz bezalaxe bidali behar izan zuen arte. Hiriko liburu-dendakoak informatu zion hura Limako hiru pertsonarik kultuenetakoa zela. Haren etxaldeko nekazariaren emazteak adierazi zuen adigalkorra zela, baina on-ona. Biografiaren artea uste ohi dena baino zailagoa da.

        Anai Juniperok deskubritu zuen ikertu beharreko pertsonetan gehien atxikitakoengandik gutxien ikasten zela. Madre María xehetasun handiz mintzatu zitzaion Pepitaren gainean, baina ez zion hitz bat ere esan berak neskarentzat zeuzkan anbizioen gainean. Perichole hasieran hurbilgaitza izan zen, baina laster laketu ere zitzaion frantziskotarra. Eta egin zion Osaba Pioren deskribapena inondik ere ez zetorren bat fraideak lehenago bildutako burugabeko testigantza-mordoarekin. Pericholek bere semeaz egin zituen alusioak gutxi eta nekez emanak izan ziren. Zakar amaitu zuten elkarrizketa. Kapitain Alvaradok ahal izan zuena esan zion Esteban eta Osaba Pioz. Honelako gaiez gehien dakitenak gutxien esaten menturatzen baitira.

        Anai Juniperoren azken konklusioei dagokienez hobe dugu aipatu gabe utzi. Berton dauzkagu, beti eskura. Berak pentsatzen zuen ezen ezbehar berean ikusi zituela gaiztoak suntsitzen eta onak Zerura deituak izaten. Pentsatzen zuen ezen ikusi zituela urguilua eta aberastasuna kondenatuta, munduarentzako ikasgai gisa, eta pentsatzen zuen apaltasuna ikusi zuela nagusi eta sariztatuta, hiriak ikasteko xedez. Baina Anai Junipero ez zegoen konforme bere arrazoiekin. Bazitekeen Marquesa de Montemayor abarizia-munstroa eta Osaba Pio induljentzia-munstroa ez izatea.

        Liburua idatzitakoan zenbait epaileren eskuetara heldu zen eta berehala heretikotzat jo zuten. Agindua eman zuten Plazan autorearekin batera erretzeko. Anai Juniperok ontzat hartu zuen erabakia; deabruak Perun kanpainaldi ederra egiteko erabili zuen eta. Azkenengo gauean, ziegan jesarrita, saiatu zen bere bizitzan topatzen beste bost haienean aurkitu ez zuena. Ez zen errebeldea. Gogoz emango zuen bizia elizaren garbitasunaren alde... baina antsiatzen zuen ahots bat nonbait haren aldeko testigantza emango zuena, haren asmoa, gutxienez, fedearen aldekoa izan zela adieraziko zuena; pentsatu zuen munduan inork ez ziola sinesten. Baina hurrengo goizean gaitzeko jendalde eta eguzki-argi hartan, baziren asko berarengan sinesten zutenak, oso maite baitzuten.

        Bazen Puerto herrixkako ordezkaritza txiki bat, eta hantxe egon ziren begira Nina (Ontasuna 2. Debozioa 5. Baliagarritasuna 10.) eta besteak, aurpegiera penatu eta nahastuak zituztela, haien fraidetxoa sutzar lagun berari entregatzen zioten bitartean. Eta orduan ere, orduan ere bazirauen haren bihotzean nerbio hisgogor batek, esan eta esan ezen San Frantziskok behintzat ez zuela guztiz kondenatuko, eta (goragoko izenik aipatzen ausartu gabe, gai horietan guztiz aise erratzen baitzen) birritan deitu zion San Frantziskori, sugar batera makurtu, irribarre egin eta hil egin zen.

        Elizkizunaren eguna argitsu eta beroa izan zen. Limatarrek, begi beltzak larderiaz zabal-zabalik, kaleak bete eta katedrala gainezkatu zuten, belus beltzezko eta zilarrezko metari begira geratzeko. Artzapezpikua, bere jantzi eder eta ia zurezkoez berrolatua, izerdi zen bere tronuan eta noizean behin, belarri ikasia izaki, atentzioa zuzentzen zuen Vittoriaren kontrapuntuaren efektu xarmangarrietara. Koruak berrikasitako orriak, Tomás Luisek, musikari agur esateko xedez, bere adiskide eta babeslearentzat, Austriako enperadoresarentzat, konposatuak zituen, eta orain pena eta eztitasun guzti hura, italiar erako espainiar errealismo-jario guzti hura, altxatzen eta erortzen zen mantila-itsaso haren gainean. Don Andrés, beraren lanbideari zegozkion kolore eta luma dilindarien azpian, belaunikatu, larritu eta nahasten zen. Bazekien jendetza bestela baitakoan begira zuela, ustez seme bakarra galdutako aitarena egin beharko zuela. Bere buruari galdetzen zion ea Perichole bertan egongo zen. Ordura artean inoiz ez zen erre gabe hain luzaro egon behar izan. Kapitain Alvarado barrura sartu zen plaza eguzkitsutik. Une batez begiratu zuen ile beltz eta dantelezko landa haietan zehar kandela-oste eta intsentsu-sorta aldera. «Zein faltsua, zein gezurrezkoa!» esan zuen eta bultzaka irten zen kanpora. Itsasora jaitsi eta bere ontziaren karelean jesarri zen, beheko ur gardenari begiratzeko. «Zoriontsuak itotakoak, Esteban,» esan zuen.

        Abatesa babesezko sare-pantailaren ostean zegoen bere nesken artean jesarrita. Aurreko gauean bere bihotzetik idolo bat idoki zuen eta esperientzia hark zurbildu ez ezik, irmotu ere egin zuen. Onartu zuen lanak emaitzarik izan ala ez inportantziarik gabeko kontua zela; lan egitea nahikoa zen. Bera zen sendatuko ez den gaixoa zaintzen duen erizaina; bera zen eliztarrik gabeko aldare aurrean ofizioa etengabe berritzen duen apaiza. Ez zen Pepitarik izango lana jarraitzeko; berriz ere nagusituko ziren haren kideen soraiokeria eta ezaxola. Zirudienez, Zeruarentzat nahikoa zen aldi batez Perun maitasun desinteresatu bat loratu eta zimeldu izana. Bekokiari eskuaz eutsita jarraitu zion sopranoak Kyriean altxatzen zuen kurba luze samurrari. «Nire atxikimenduak honelako koloretik gehiago eduki beharko zuen, Pepita. Nire bizitza osoak honelako kalitatetik gehiago eduki beharko zien. Lanpetuegi ibilia naiz,» gaineratu zuen tristuraz, eta gogoa otoitzari lotu zitzaion.

        Camila etxaldetik irten zen elizkizunera joateko. Bihotza konsternazio eta harriduraz beteta zeukan. Hau zeruetatiko beste ohar bat zen. Hitz egin zion hirugarren aldia. Nafarreria, Jaimeren gaixotasuna, eta orain zubiaren erorpena ez ziren, inola ere, ezbeharrak. Lotsatuta zegoen, dena bekokian idatzita baleuka bezala. Jauregiko agindu baten arabera Erregeordeak beraren alabak Espainiako komentu-ikastetxe batera eramango zituen. Ondo zegoen. Bakarrik zegoen bera. Mekanikoki gauza batzuk bildu eta hirirantz abiatu zen elizkizunera asmoz. Baina pentsatzen hasi zen ezen jendetza beraren semea eta Osaba Piori begira sor egongo zela; pentsatu zuen ezen elizaren gaitzeko errituala zela leize moduko bat, zeinean norberaren maiteak erortzen diren, eta pentsatu zuen dies irae-ko ekaitzaz, zeinean gizabanakoa milioika hildakoren artean galdu, hazpegiak gandutu eta ezaugarriak zirriborratzen diren. Bidaia erdia baino apur bat gehiago eginda San Luis Reyren pezoezko elizan sartu zen eta pilare baten ondoan belaunikatu zen atseden hartzeko. Oroimena arakatu zuen beretarren bila. Espero zuen hunkipenik sentitzea. «Baina ez dut ezer sentitzen,» ahopean esan zion bere buruari. «Ez daukat bihotzik. Zentzurik gabeko emakume gaizoa naiz, horixe da. Hara, ez dut ezertaz pentsatu nahi; hemen berton hartu behar dut atseden.» Eta isildu ordukoxe berriz ere uholdetu zitzaion atsekabe latz eta komunikaezina; atsekabe hura baitzen Osaba Piori behin ere hitz egin ezin izana, eta berarenganako maitasuna aipatu ezin izana eta Jaimeri sufrikarioan adorerik eman ezin izana. Bat batean altxatu zen. «Guztiei huts egiten diet,» oihukatu zuen. «Maite naute eta huts egiten diet.» Etxaldera itzuli zen eta urtebete eman zuen bere autoetsipen-aldartea pairatzen. Egun batean halabeharrez entzun zuen Abatesa miresgarriak ezbehar berean pertsona maite bi galdu zituela. Joste-lana eskuetatik erori egin zitzaion: hortaz, berak jakingo zuen; berak azalduko zion. «Baina ez, zer esan behar dit niri? Ez du sinetsi ere egingo ni bezalako pertsona batek maite edo galdu egin dezakeenik.» Camilak erabaki zuen Limara joan eta Abatesa urrutitik ikustea. «Baldin badiost ez nauela arbuiatuko, hitz egingo diot,» esan zuen bere artean.

        Camila ibili zen komentu-elizaren inguruetatik eta umilki maitemindu zen aurpegi itsusi zahar harekin, nahiz eta apur bat beldurtzen zuen. Azkenean berarengana heldu zen.

        «Ama,» esan zuen, «Ni... ni...»

        «Ezagutzen al nauzu, ene alaba?»

        «Aktoresa nintzen, Perichole nintzen ni.»

        «O, bai. O, aspalditik neukan zu ezagutzeko gogoa, baina ez omen zenuen inolako bisitarik nahi. Badakit, ba, zuk ere galdu egin zenuela San Luis Reyren zubiaren erorketan...»

        Camila altxatu eta kordokatu egin zen. Berriz hasi zitzaion atsekabe aldia, berak ezin heldu zien hildakoen eskuak. Ezpainak zuri zituen. Haren bekokiak Abatesaren belaunak ukitu zituen: «Ama, zer egingo dut? Bakarrik nago. Ez daukat ezer munduan. Malte ditut. Zer egingo dut?»

        Abatesak erne begiratu zion. «Ene alaba, beroa da hemen. Goazen lorategira. Hantxe atseden hartuko duzu.» Keinu batez adierazi zion klaustroan zegoen neska bati ura eraman ziezaien. Mekanikoki segitu zuen Camilari hitz egiten «Aspalditik ezagutu nahi zintudan, señora. Ezbeharra baino lehen ere neukan oso interes handia zu ezagutzeko. Ziotenez oso aktoresa handi eta ederra zinen auto sacramentales-etan, Baltasarren oturuntza-n.»

        «O, ama, ez du horrelakorik esan behar. Bekataria naiz. Ez du horrelakorik esan behar.»

        «Tori, edan ezazu hau, ene ume horrek. Lorategi ederra dugu, ez duzu uste? Maiz etorri behar zara hona gu ikustera eta nahi duzunean ahizpa Juana ezagutu, bera da eta gure lorategizaina. Erlijiosa sartu baino lehen lorategirik ez zuen ikusi, zeren mehatzetan, han goian mendietan, lan egiten zuen. Orain dena hazten da haren eskuez. Urte bete iragan da, señora, gure ezbeharra gertatu zenez geroztik. Nire umezurztegian izandako bi ume galdu nituen, baina zuk zeure umea galdu zenuen, ezta?»

        «Bai, ama.»

        «Eta lagun mina, ezta?»

        «Bai, ama.»

        «Esan mesedez...»

        Eta orduan Camilaren etsipen luzearen uholde osoa, haurtzaroz geroztikako etsipen bakarti tematiak atseden hartu zuen altzo hautseztatu eta lagunbera hartan, ahizpa Juanaren iturri eta arrosen artean.

 

        Baina non egon liteke behar beste liburu zubiaren erorpena gabe berdinak izango ez ziren gertaera guztiak edukitzeko? Multzo horretatik beste bat aukeratu dut.

        «Condesa d'Abuirrek ikusi nahi du berori,» esan zuen ahizpa motzak Abatesaren langelako atean.

        «Ondo,» esan zuen Abatesak, eta luma uzten zuela, «nor da bera?»

        «Espainiatik etorri berria da. Ez dakit.»

        «O, dirurik, Inés, dirua nire itsu-etxerako. Agudo, esaiozu sartzeko.»

        Edertasun altua eta zain-hil samarra gelan sartu zen. Doña Clara, normalean hain egoki jardun arren, estuturik bide zegoen orduan. «Lanpetuta dago, ama? Pixka batean hitz egin nahi nuke berorrekin.»

        «Guztiz libre nago, ene alaba. Barkazioa eskatu behar dizut emakume zahar honen oroimenagatik; ezaguna al zaitut?»

        «Marques de Montemayor nire ama zen...» Doña Clarak susmatzen zuen Abatesak ez zuela beraren ama miresten eta ez zion hitz egiten permititu nahi, harik eta berak Doña Maríaren defentsa luze bezain suhartsua egingo zuen arte. Zain-hiltasuna alhaduraz aienatu zen. Azkenean Abatesak hitz egin zion Pepitaz eta Estebanez, eta Camilaren bisitaldiaz. «Guztiok, guztiok egin dugu huts. Guztiok gura dugu zigorra. Guztiok gaude prest penitentzia-mota guztiak egiteko, baina dakizun bezala, ene alaba horrek, maitasunean —ozta-ozta ausartzen naiz hau esaten— bai, ez al dirudi maitasunean gure errakuntzarik handienak ere ez direla luzerako izaten?»

        Condesak Doña Maríaren azken gutuna erakutsi zion Abatesari. Madre María ez zen goraki esaten ausartu zenbateraino harritu zuen hitz haiek (harrezkero mundu osoak atseginez irakurri dituenak) Pepitaren andre nagusiaren bihotzetik sortu izanak. «Orain ikasi,» agindu zion bere buruari, «ikasi azkenean grazia nonahi topa daitekeela.» Eta zoriontasunez bete zen neskato antzo, zeren hala frogatzen baitzen ezen beraren bizitzaren helburu ziren giza ezaugarriak nonahi zeudela, mundua prest zegoela. «Egingo zenidake mesede bat, ene alaba horrek? Utziko al zenidake neure lana erakusten?»

        Eguzkia gordea zen, baina Abatesak pasaia iraganbidez iraganbide argitu zuen linterna batekin. Doña Clarak guztiak ikusi zituen, zahar-gazteak, itsu-gaixoak, baina batez ere bera gidatzen ari zen emakume zahar nekatu eta azkarra ikusi zuen. Halako batean Abatesa pasaiabide batean gelditu eta hitzetik hortzera esan zuen: «Ezin dut burutik kendu gormutuen alde zerbait egin daitekeelako ideia. Iruditzen zait pertsona saiatu batek egin... egin lezakeela haientzako hizkuntza bat. Gauza jakina da Perun ehunka gormutu dagoela. Oroitzen al duzu holako metodorik Espainian ediren duen norbait? Beno, ba, noizbait egingo dute.» Eta geroxeago: «Zera, ziur nago zerbait egin daitekeela zuen alde. Zaharra naiz, bistan da, eta ezin naiz joan gai hauetaz hitz egiten den tokietara, baina noizean behin, haiei beha, niri iruditzen zait... Espainian, orain ondo zaintzen dituzte? Iruditzen zait zerbait sekretu dagoela, guretzat gordea, baina hortxe bertan, kantoiaren bestealdean dagoena. Inoiz, Espainiara itzulitakoan, guri lagun diezagukeen zerbait entzuten baduzu, idatziko al didazu gutun bat... baldin ez bazaude oso lanpetuta?»

        Azkenean Abatesak, Doña Clarak sukaldeak ere ikusi ondoren, esan zuen: «Orain barkatu beharko nauzu, zeren gaixo larrien gelara joan eta zerbait esan behar diet, lo ezinik badaude, hausnar dezaten. Ez dizut esaten nirekin sar zaitezen, zeren zu ez zaude ohituta halako... halako hots eta gauzekin. Eta bestalde umeak balira bezala hitz egiten diet.» Begiak altxatu eta Doña Clarari bere irribarre apal eta tristearekin begiratu zion. Bat-batean desagertu zen, eta berehalaxe itzuli zen laguntzaile batekin, zubiaren gertaerarekin erlaziorik izan zuen eta lehenago aktoresa izan zen batekin. «Badoa,» esan zuen Abatesak, «hirira lan bat egitera, eta nik hemen hitz egindakoan utziko zaituztet bakarrik, zeren irin-hornitzaileak ez dit luzaroago itxarongo, eta luze hitz egin behar baitut berarekin.»

        Baina Doña Clara atean geratu zen, Abatesak, lanpara zoruan, bere aurrean ipinita, hitz egiten zien bitartean. Madre María zutoin baten kontra zegoen zutik; gaixoak lerroan zeuden sabaiari begira eta arnasari eusten ahaleginduz. Gau hartan aipatu zizkien kanpoan, ilunetan, zeudenak (Esteban bakarrik zerabilen gogoan, Pepita bakarrik zerabilen gogoan), norengana jo ez zeukatenak, mundua zaila baino zailagoa, zentzurik gabea, zitzaienak. Eta oheetan etzanda zeudenek sentitu zuten Abatesak beraientzat eraikitako hormaren barruan zeudela; barruan argia eta epela ziren nagusi, eta kanpoan iluntasuna, beraiek minaren arintze eta heriotzaren truke ere hartuko ez zutena. Baina hitz egiten zien bitartean bestelako pentsamenduak ibiltzen zitzaizkion gogoaren gibelaldean barna. «Jadanik,» pentsatu zuen, «ia inork, salbu eta nik, dauzka gogoan Esteban eta Pepita. Camilak bakarrik dauzka gogoan bere Osaba Pio eta bere semea; emakume honek bere ama. Baina laster hilko gara eta bost hauen oroitzapen guztiak lurretik aienatuko dira, eta geu ere aldi labur batez maite eta ahaztuak izango gara. Baina maitasuna nahikoa izango da; maitasun-bulkada guzti hauek beraiek sortutako maitasunera itzultzen dira. Oroimena ere ez du behar maitasunak. Bizi-herri bat dago, eta hil-herri bat, eta maitasuna da zubia, bizirik irauten duen bakarra, zentzua daukan bakarra.»

 

 

 

© Thornton Wilder

© itzulpenarena: Xabier Angulo

 

 

"Thornton Wilder / San Luis Reyren zubia" orrialde nagusia