LAUGARREN ATALA

OSABA PIO; DON JAIME

 

        Marquesa de Montemayor bere gutunetako batean saiatzen da Osaba Piok, «gure Arlekin adinduak», sortarazi zion inpresioa deskribatzen: «Goiz osoan egon naiz balkoi berdean jesarrita zuri pare bat zapatila egiten, ene kutuna», diotso alabari. «Urrezko hariak nire ardura guztia behar ez zuenez gero, gai nintzen nire aurreko horman zebilen inurri-koadrila baten joan-etorriei jaramon egiteko. Nonbait, holtzaz bestealdean, etxea pazientki suntsitzen ari zitzaizkidan. Hiru minututik hiru minutura behargin txiki bat agertzen zen bi taularen artetik eta zur-izpi bat botatzen zuen behegainera. Gero antenei eragiten zien ni nengoen aldera eta zeregintsu itzultzen zen bere korridore misteriotsu barrura. Bitartean haren haurride batzuk halako errepide batean aurrera eta atzera kalkolka zebiltzan, eta geldialdiak egiten zituzten elkar igurzteko edo, eraman behar zituzten mezuak erabat garrantzitsuak baziren, haserre errefusatzen zuten igurztea edo igurtziak izatea. Eta berehalaxe etorri zitzaidan Osaba Pio gogora. Zergatik? Nori berari ezik ikusi diot keinu berberori, pasatzen den abate edo gorte-gizonaren gela-mutil bat harrapatu eta, ezpainak biktimaren belarrien ondo-ondoan ipinirik, xuxurlatzeko erabiltzen duena? Eta izan ere eguerdia baino lehen ikusi dut presaka haren ibilera horietako bat zela eta. Emakumerik zeregin gabe eta tentelena naizenez gero, Pepita bidali dut zati bat turroi ekar ziezadan, nik inurrien errepidean ipintzeko. Era berean Cafe Pizarrora bidali dut abisua, eskatuz Osaba Pio ni ikustera bidal dezaten, baldin eta eguzkia gorde baino lehen azaltzen bazen. Nik turkesadun entsalada-sardexka zahar okertua emango diot, eta berak ekarriko dit balada berriaren kopia bat, orain jende guztiak kantatzen duen d-k-a Ol-v-sekoari buruzkoarena. Ene umea, onena eduki behar duzu eta aurrena eduki behar duzu.»

        Eta hurrengo gutunean: «Ene kutuna, Osaba Pio gizonik atseginena da, zure senarra salbu. Munduko bigarren gizonik atseginena. Solasean zoragarri egiten du. Hain ospe txarrekoa ez balitz, idazkari hartuko nuke. Nire ordez idatz litzake gutunok eta jeinu bezala goraipatuko nindukete etorkizuneko belaunaldiek. Aiene! baina hain jota dago gaixotasunez eta konpainia txarrez, ezen beraren azpimundu horretan utzi behar baitut. Inurriak bezala ez ezik, karta erabili eta lohituak bezala ere bada. Eta dudatzekoa da ea Pazifiko osoak garbi lezakeen gozo eta lurrintsu uzteko moduan. Baina nolako espainiera iaioa egiten duen eta nolako gauza eztiak esaten dituen! Horixe lortzen da antzokian ibiliz eta Calderonen solasaldia besterik ez entzunez. Ai ene kutuna! mundu honetan zer gertatzen da halako izaki bat hain gaizki tratatzeko? Begiak ditu hamargarren txahala kendutako behiarenak bezain tristeak.»

        Jakiteko duzu lehenik ezen Osaba Pio hau Camila Pericholeren neskamea zela. Baita ere kanta-maisua, ile-apaintzailea, masajelaria, irakurlea, mandatu-mutila, bankaria; zurrumurruak gaineratzen zuenez, aita. Adibidez, antzerki-paperak irakasten zizkion. Hirian zehar zebilen zurrumurruaren arabera Camilak irakurtzen eta idazten zekien. Konplimendu hau funsgabea zen; Osaba Piok irakurtzen eta idazten zuen berarentzat. Konpainiak astean bizpahiru obra antzezten zuen sasoi aldiaren gorenean, eta bakoitzak Pericholerentzat zati luze eta jariotsuak zeuzkanez gero, buruz ikaste soila ez zen huskeria.

        Peru hamabost urtean igaroa zen muga-herri soil bat izatetik berpizkunde-egoerara. Musika eta teatroarekiko interesa bizi-bizia zen. Limak jaiegunak goizez Tomas Luis da Vittoria-ren Meza eta arratsaldez Calderónen poesia distiratsua entzunez ospatzen zituen. Egia da limatarrak edonolako abestiak antzerkirik bikainenetan eta efektu negargarriak musikarik latzenetan sartzearen zaleak zirela; baina behintzat inoiz ez zuten inongo benerazio destokitu baten menpekotasunik onartu. Limatarrek teatro heroikoa laket izan ez balute, zalantzarik gabe etxean geratuko ziren; eta polifoniarekiko sorgorrak izan balira, inork ez zien eragotziko goizagoko meza batera joatea. Artzapezpikua, Espainiarako bidaia laburren bat eginda, itzultzen zenean, Lima osoak galdezka egiten zuen: «Zer ekarri du?» Azkenean berria hirian zehar hedatzen zen, itzulia zela Palestrina, Morales eta Vittoriaren meza eta motete liburu pilarekin, baita Tirso de Molina eta Ruiz de Alarcón eta Moretoren hogeita hamabost obrarekin ere. Haren ohoretan ospakizun zibikoa egiten zen. Eta koru-mutilen eskola eta antzokiko areto berdea gainezka betetzen zuten opari emandako ortuariz eta gariz. Jende guztiak nahi-nahi zuen edertasun handi haien interpretariak elikatzea.

        Antzoki hartantxe egin zuen Camila Pericholek apurka-apurka bere ospea. Hain ugaria zen obra-multzoa eta hain ganorazkoa apuntadore-tokia, ezen oso obra gutxi eszenaratu baitziren lau bider baino gehiago. Enpresariak XVII. mendeko espainiar dramaren florea zeukan aukeragai, guretzat galdutako obra asko barne. Perichole bera Lope de Vegaren ehun obretan agertua zen. Urte haietan baziren Liman aktoresa miresgarri asko, baina hobeagorik ez. Hiritarrak Espainiatik urrunegi zeuden espainiar munduko onena zela ohartzeko. Antsiaz desiratzen zuten begiraldi bat egitea Madrileko izarrei, zeintzuk inoiz ikusi gabe baitzeuden eta zeintzuei eransten baitzizkieten zehaztugabeko bikaintasunak. Pertsona bakar batek besterik ez zekien ziurtasun osoz Perichole antzezlari aparta zela eta, hain zuzen ere, haren tutorea zen bera, Osaba Pio.

        Osaba Pio gaztelar familia onekoa zen, sasikoa. Hamar urte zituela, aitaren haziendatik alde egin zuen Madrilera, baina gogo handirik gabe bilatu zuten. Handik aurrera bere burutik bizi izan zen. Abenturazalearen sei atributuak zeuzkan: izen eta aurpegi oroimena, bereak aldatzeko gaitasunarekin; mintzairen dohaina; agortezinezko asmamena; arrotzekin solasean egiteko etorria eta haren harrapakinak ziren aberats loerituenganako mesprezutik datorren kontzientzia-askatasuna. Hamar urtetik hamabostera artean merkatarientzako prospektuak banatu, zaldizain ibili eta mandatu konfidentzialak egin zituen. Hamabost urtetik hogeira artean zirku ibiltarietarako artzak eta sugeak bezatu zituen; sukaldaritzan aritu zen eta pontxeak prestatzen ere bai; ganguren-manguren ibiltzen zen ardanetxerik garestienen ate inguruetatik informaziorik xuxurlatzen bidaiarien belarrietara, batzuetan hain informazio badaezpadakoa nola handiki-etxe jakin batean behartuak zirela zilarra saltzera eta haren bidez zilargin-komisiorik gabe eros zitekeela. Hiriko antzoki guztien zalea zen eta bazekien hamar lagunek beste txalo egiten. Kalumniak zabaltzen zituen, kalumnia bakoitzeko hainbeste kobratuz. Zurrumurruak saldu zituen uzten eta lurren balioaz. Hogei urtetik hogeita hamar urtera bitartean goi-goiko zirkuluek estimatu zituzten haren zerbitzuak; gobernuak mendietara igorri zuen zenbait matxinada erdi itzali berpizteko, gero gobernuak heldu eta sugarretan zanpa zitzan.

        Inoiz ez zuen gauza bakar batean aste bitan baino luzeago jardun, nahiz eta jarraituz gero, antza, irabazi handi-handiak lortu ahal izateko aukera eduki. Bilaka zitekeen zirku-enpresari, teatro-zuzendari, gauza zaharren tratulari, italiar zeten inportatzaile, jauregi zein katedraleko idazkari, armadako hornitzaile, lur eta etxe-espekulatzaile, esteialmen-eta plazer-merkatari. Baina bazirudien bere nortasunean markatuta zeukala, umetan izandako ezbehar edo mirespen goiztiar batez, ezer propiorik edukitzeko, lotua izateko, luzaroan atxikita egoteko uzkurtasuna. Horrexegatik, esate baterako, ez zen lapur bilakatu. Batzuetan ostu zuen, baina irabaziak inoiz ez ziren izan kartzelarekiko beldurra ezabatzeko behar bezain handiak; buruargia zen, lapurretan bertan poliziari itzurtzeko adina, baina ezerk ez zuen babesten etsaien salakeriatik. Era berean Inkisizioarentzako ikerketak egin behar izan zituen, baina bere biktimetako batzuk txotino bana jantzita ikusi ondoren, ulertu zuen ezen bera korapilatzen ari zen erakunde haren nondik norakoak ez zirela beti igar errazak.

        Hogei urtera hurbildu ahala, Osaba Piok argi eta garbi konprenitu zuen beraren bizitzak hiru jomuga zituela. Lehenengoa zen independentzia beharra, era bitxi batean moldatua: alegia, desberdina, sekretua eta orojakilea izan gura zuen. Prest zegoen bizitza publikoko karguei uko egiteko sekretuan sentitu ahal bazuen gizonei gain-gainetik begiratzen ziela, haiei buruz beraiek baino gehiago ezagutzen zuela jakinez, eta gainera halako jakintzaz ezen inoiz, berau erabiliz, bihurtzen baitzen estatuen eta pertsonen aferen agente. Bigarrena: emakume ederren ondoan beti egon nahi izatea, zeren beraien gurtzailea, hitz honen zentzu hoberenean eta txarrenean, baitzen beti. Ondotik ibiltzea arnas egitea bezain beharrezkoa zen berarentzat. Edertasun eta xarmarekiko gurtasuna agiri-agirikoa zen eta mundu guztiari barregarria iruditzen zitzaion; teatro, gorte eta plazer-etxeetako damei, berriz, biziki laket zitzaien haren ezagutza ezin hobea. Oinazez eta irainka erabiltzen zuten, aholkatzeko eskatzen zioten, eta haren eraspen taxugabeaz suspertzen ziren. Izugarri sufritzen zuen haien amorrualdi, zuhurkeria eta malko konfidentzialekin; zera besterik ez zuen eskatzen: berez onar zezatela, berarekin fida zitezela, permititu ziezaiotela, txakur maitekor eta txoro samarra bailitzen, haien geletan sartu-irtenak egitea eta haien gutunak idaztea. Jakingura asegaitza zuen haien gogo-bihotzez. Inoiz ez zuen espero izan maitatuko zutenik (hitzaren beste zentzua une batez erabiliz), zeren horretarako bere dirua hiriko alderdi ilunetara eramaten baitzuen; beti etsipenerainoko xarma urrikoa gertatzen zen bere bibote-ile izpi eta bizar-ile izpi haiekin, bere begi triste erridikulu handi haiekin. Apaizak eliztarrak bezala zaintzen zituen; haiengandik bereganatu zuen Osaba Pio izena, eta problemetan zeudenean azaltzen zuen bere benetako nortasuna; gauzak txarto zihoazkienean dirua uzten zien; gaixorik zeudenean amoranteen gainbeherazko eraspena eta neskameen erretxindura gainditzen zituen; denborak edota gaixotasunak edertasuna lapurtzen zienean, edertasunaren oroimenez zerbitzatzen zien; eta hiltzen zirenean, berarena zen azken bidaian ahalik eta urrutienera laguntzen zien zinezko pena.

        Hirugarrena: nahi zuen espainiar literatura eta beronen maisulanak, bereziki teatro-arlokoak, maite zituztenen ondoan ibiltzea. Bere kabuz ediren zuen altxor guzti hori, ugazaben liburutegietatik mailegatuz zein ostuz, haietatik ezkutuan elikatuz, bere bizimodu zoroaren eszenategiaren atzealdean. Mesprezatzen zituen, goi-mailako heziketa eta ekanduak izan arren, Calderón eta Cervantesen hitz-ordenamenduaren mirariez ez interesik eta ez harridurarik erakusten ez zuten handikiak. Gura-gura zuen neurtitzak egitea. Bizi izan zen jakitera heldu gabe ezen vaudevilletarako idatzi zituen kanta satirikoetako asko herri muskikara igaro eta errepideetan zehar bazter guztietara hedatu zirela.

        Emagaletxeetan berez sortzen diren liskar horietako baten ondorioz bizimodua larregi katramilatu zitzaion eta lekutu zen Peru aldera. Osaba Pio are aldaberagoa ere izan zen Perun. Bertan ere aritu zen onibar, zirku, plazer, matxinada eta gauza zaharretan. Txinatar jungu bat haizeek Kanton-etik Ameriketara eraman eta naufragatu zen; hondartzan portzelana-fardoak batu eta gatiluak antigoaleko zaharkien bildumazaleei saldu zizkien. Inken erremedio subiranoak berrediren eta pilula-merkatalgo maltzurkeriazkoa egiten hasi zen. Esan liteke lau hilabete iragan ondoren Liman ia jende guztia ezagutzen zuela. Orduan kostaldeko hamaika herri, eta barnealdeko meatoki eta baserrietako biztanleekin hasi zen erlazionatzen. Orojakingura gero eta egingarriagotzen ari zen. Erregeordeak Osaba Pio eta beronen informazio-iturri oparoa ediren zituen; harrezkero zeregin askotarako kontratatu zituen haren zerbitzuak. Don Andrések, adimenaren gainbeheran zihoala, atxiki zuen dohain bat: trebe-trebea zen zerbitzari konfidentzialak erabiltzen. Kontu handiz eta halako adeitasun batez tratatzen zuen Osaba Pio; ulertu zuen zeintzuk egiteko betetzea ezin zitzaion eskatu, eta ulertu ere zuen tarte-aldiak eta aldakortasuna behar zituela. Osaba Pio, ordea, beti harritzen zuen printzea bere egoeraz hain gutxi baliatzeak botererako, zein fantasiarako, zein beste gizonen patua manipulatzeko plazer hutserako; baina zerbitzariari nagusia laket zitzaion Cervantesen edozein aitzinsolasetako aipurik egin zezakeelako eta haren hizkuntzak artean gaztelar gatza atxikitzen zuelako. Goiz askotan Osaba Pio jauregian sartzen zen aitorle edo matoi konfidentzialen bat besterik ikusten ez zueneko korridoreetan zehar, eta gero Erregeordearekin jesartzen zen goizeko txokolatea edateko.

        Baina jarduera guzti hauek ez zuten aberastu Osaba Pio. Esan liteke abenturak lagatzen zituela hobera jotzeko mehatxua egiten ziotenean. Inork ez bazekien ere, etxe bat zeukan. Bertan ugaldu eta biderkatu ahal ziren txakurrez beteta zegoen, eta goiko solairua txorientzako erreserbatuta zegoen. Baina erresuma hartan ere bakarti zegoen, eta bere bakardadean harro, bakartasun hark halako superioritate bat emango balio bezala. Azkenean topo egin zuen abentura zeruetatiko erregalia legez heldu zitzaion eta abenturarekin konbinatu zituen haren bizitzaren hiru jomuga nagusiak, hots, besteen bizitzak kontrolatzeko grina, emakume ederrenganako gurtasuna eta espainiar literaturaren altxorrekiko mirespena. Camila Perichole ediren zuen. Micaela Villegas zeukan benetako izena. Hamabi urte zeukala, caféetan kantatzen zuen, eta Osaba Pio betidanik izan zen caféen arima bera. Honetan, gitarra-joleen artean jesarrita, neskato traketsa, beraren aurretik aritutako kantari esperientzia handiagokoen inflexio-eraguztiak imitatuz, baladak nola kantatzen zituen ikusten ari zen bitartean, Pigmalionen papera egiteko erabakia nagusitu zitzaion. Erosi egin zuen. Neskatoak, ardo upa batean itxita lo egin behar barik, haren etxeko kamaina bat jarauntsi zuen. Idatzi zizkion kantak, irakatsi zion nola zaindu behar zuen tonua, eta erosi zion jantzi berri bat. Hasieran neskatoak, pozarren, zerari baino ez zitzaion ohartu: inork ez zuela zigorkatzen, zopa beroa eskaintzen zitzaiola, eta zerbait irakasten zitzaiola. Baina Osaba Pio zen zinez liluratuta zegoena. Hasitako esperimentu ausarta aldez aurretik pentsa zitekeen baino loratzenago ari zen. Hamabi urteko neskato koskorrak, isilik eta beti muturtu samar, lana irentsi egiten zuen. Jarri zizkion antzezte eta mimika-ariketa amaigabeak, jarri zizkion kanta-giroaren helarazpenari buruzko problemak; antzokietara eraman eta ohartarazten zuen antzezpenaren xehetasun guztiez. Baina gerora Camila emakumetuak eman beharko zion irriki-marrakarik handiena. Hanka-beso luze haiek armoniadun liraintasunaren gorputz bilakatu ziren. Aurpegia ia grotesko eta gosetia edertu zen. Izaera guztia sotil, misteriotsu eta bitxikiro zuhur bilakatu zen; eta guzti hura Osaba Piorengana zuzendu zen. Camilak ez zion akatsik bilatzen eta itsutuki leiala zitzaion. Elkar maite-maite zuten; grinarik gabe, ordea. Osaba Piok lotsa gordetzen zion, neskarengana hurbiltzen zenean, beronen aurpegia zeharkatzen zuen itzal urduriari. Baina ezetz honetatik sortu zen samurtasun-lurrin hori, grina-irudi hori, erlaziorik ezustekoenean betebeharrik gogaikarrienari emandako bizitzaldi osoa amets gozo legez iragatea ekarri ahal duena.

        Hamaika bidaia egin zuten, taberna berri gehiagoren bilaketan, zeren eta café-kantariaren gorengo kalitate-marka berritasuna baita. Mexikora joan ziren, arropa eskasak txal berean bilduta. Hondartzetan lo egiten zuten, joka erabili zituzten Panaman eta naufragatu ziren Pazifiko aldean txori-zirinez mantartutako irla batzuetan. Ohianak zeharkatu zituzten bidea urguriro aukeratuz. Uzta-biltzaile lan egin zuten aldikada latz batean. Munduan ezerk ez zituen gehiegi harritzen.

        Orduan hasi zen egiten neska trebatze-ikastaldi bat are gogorragoa, hainbesteraino non ematen baitzuen akrobata bat prestatzeko zela. Irakasteak apur bat konplikatu ziren oso agudo famatzen ari zelako; eta bazen arriskurik, jasotzen zituen txaloek haren nahia arinegi betez gero. Osaba Piok inoiz ez zuen jo, baina terrore propioa zeukan sarkasmoaz baliatzen zen.

        Jendaurreko jardunaldi bat amaitutakoan, Camilak bere jantzi-gelara itzuli eta bertako txoko batean topatuko zuen Osaba Pio ezaxolki txistuka. Jarrera asmatzen zion eta haserre galdetzen:

        «Zer da oraingoan? Birjina maitea, Birjina maitea! zer ote da oraingoan?»

        «Ezer ez, perlatxo. Ene Camilen Camilatxoa, ezer ez.»

        «Zer edo zer ez zaizu gustatu. Masajelaria halakoa! Beti espaka. Has zaitez, ba, zer izan da? Aizu, ni prest nago.»

        «Ez, arraintxo. Ene goizeko izar adoragarria, uste dut ahalik eta hobetoen egin duzula.»

        Artista mugatua zela eta goitartasun batzuk sekula ere lortuko ez zituelako aieruak apoderarazten zuen beti Camila. Negarrari ematen zion: «Hobe nukeen, zu ezagutu ez bazintut. Bizitza zeharo pozoitzen didazu eta. Pentsatzen duzu txarto egin dudala. Gogokoa duzu txarto aritu naizela esatea. Ederto, ba, lasai egon.»

        Osaba Piok txistuka segitzen zuen.

        «Jakin badakit gau honetan funtsa mehe aritu naizela eta ez daukat zuk esateko beharrik. Tira, ba. Orain joan zaitez. Ez zaitut hemendik ikusi nahi. Nahikoa da paper hau egitea, hona itzuli eta zu horrela topatu gabe.»

        Bat-batean Osaba Pio aurrerantz makurtzen zen eta intentsitate samingarriz galdetzen zion: «Zergatik esan zenuen hain arin presoarentzako mintzaldia?»

        Pericholeri malko gehiago: «O, Jainkoarren, utz nazazu bakean hiltzen! Egun batean diostazu arinago egiteko, eta hurrengoan astiroago. Nolanahi urte bete edo bi barru erotuko naiz eta orduan ardurarik ez.»

        Txistuka berriro.

        «Bestalde, ikuslegoak inoiz baino txalo gehiago jo dit. Entzun didazu? Inoiz baino gehiago. Hara! Berdin die arinegi zein astiroegi esan. Negarretan egin dute. Bikain baino bikainago egin dut. Horixe da inporta zaidana. Orain isil zaitez. Isilik egon zaitez.»

        Osaba Pio isil-isilik.

        «Ilea orraztu ahal didazu, baina berriz hasten bazara, ez naiz inola ere eszenaratuko. Beste neska bat bilatu beharko duzu, eta kito!»

        Gero Osaba Piok otzan-otzan orrazten zion ilea, alegia eginez ez zela konturatzen neskaren gorputz akituari dardara eragiten zioten intziriez. Azkenean Camilak berarengana arin itzuli eta esku bat harrapatuta muin egiten zion frenetikoki: «Osaba Pio, hain txarto egin dut? Zoritxarra izan naiz zuretzat? Zer egin dut hain txarto, zu antzokitik joan erazterainokoa?»

        Pausaldi luzearen ondoren, Osaba Piok zuhurki onartzen zuen: «Ondo egon zara itsasontziko eszenan.»

        «Baina beste batzuetan hobeto egin dut, Osaba Pio. Gogoratzen duzu Cuzcotik itzuli zinen gauean?»

        «On-ondo aritu zara bukaeran.»

        «Benetan?»

        «Baina, ene lilia, ene perla, zer gertatu zaizu presoarentzako mintzaldian?»

        Orduan Pericholek burua eta besoak mahai gaineko pomaden artera oldartzen zituen ikaragarrizko negar batean. Perfekzioa besterik ez, soilki perfekzioa. Eta berau iritsi gabe zegoen.

        Orduan Osaba Pio, hasieran ahots apalez, ordu betean mintzatzen zitzaion, obra analizatuz, ahots, keinu eta tempo gaiei buruzko fineziaren mundua arakatuz, eta askotan egunsentira arteraino ere irauten zuten Calderónen elkarrizketa sotila batak besteari deklamatuz.

        Baina nortzuen gogoa bete nahi zuten? Ez Limako ikuslegoarena, zeren aspaldian nahiak eginda baitzegoen. Bikaintasun-maila sinestezinak ezagutu dituguneko mundutik gatoz, eta gandukiro gogoratzen zaizkigu berriz atzeman ez ditugun edertasunak; eta mundu horretarantz itzultzen gara. Osaba Pio eta Camila Pericholek beren burua oinazeka erabiltzen zuten Calderón aurreratu zitzaien Zeruren bateko antzokietako antzezpen-gradua Perun ezartzen ahaleginduz. Maisu-lanak pentsatu eta egin ziren ikuslego jakin batentzat, baina berau ez da lur honetakoa.

        Denboraren poderioz hasi zen Camila bere artegintzari lehentasuna kentzen. Halako destaina aldizkakoak lazotu zuen antzezpen-jardunean. Espainiar drama klasikoan emakume-paperen ernagarritasun urriagatik gertatu zen hala. Ingalaterra eta Frantziako (eta geroxeago Veneziako) gorteetara bildutako antzerki-idazleak emakumeen paperak talentu, xarma, grina eta histerismoari buruzko estudioekin aberasten ari zinen garaian, Espainiako dramagileek beren heroiez, ohore-exijentzia kontrajarrien artean banatutako edota, bekatari legez, azkenengo unean gurutzera bihurtzen ziren zaldunez besterik ez zuten idazten. Urte asko eman zuen Osaba Piok ahalegintzen Perichole interesatzeko suertatzen zitzaizkion paperetan. Behin adierazi ahal izan zion Vico de Barrera-ren iloba bat Perura heldu berria zela. Osaba Piok aspaldian aipatua zion Camilari poeta handienganako bere benerazioa, eta Camilak inoiz ez zuen eztabaidan jarri poetok erregeen goratxoagoko eta santuen beheratxoagokoak zirela. Beraz, biok burua bero-bero eginda, hautatu zuten idazle haren obra bat beronen ilobaren aurrean antzezteko. Ehun aldiz entseatu zuten poema, batean jeinuaren poz handiaz, bestean lur jota. Antzezpenaren gauean Camilak teloiaren tolesduren artetik begiratuz seinala erazi zion Osaba Piori familia ugari eta miseriaren ardurek erabilitako emakumetxo heldua; Camilari, ordea, iruditu zitzaion munduko edermen eta duintasun guztia ikusten ari zela, eta bere sarrera aurreko hitzen zain zegoen bitartean, Osaba Piori helduta, bihotza taupa-taupaka eta isiltasun gurgarriz eusten zion bere buruari. Ekitaldien artean erretiratzen zen biltegiko txoko hautseztatu batera, non inork ez baitzuen topatuko, eta hantxe gelditzen zen, txoko hartatik begira-begira. Antzezpena bukatutakoan, Osaba Piok Vico de Barreraren iloba Camilaren gelara eraman zuen. Camila horman zintzilik zeuden arropen artean zegoen, zoriontasunez eta lotsaz negarretan. Azkenean belaunikatu zen eta bera baino zaharragoa zen emakume haren eskuetan muin egin zuen, eta emakume zaharrago hark ere muin egin zuen Camilarenetan, eta ikuslegoa etxeratu eta oheratu artean bisitariak hantxe segitu zuen Camilari kontatzen familiarren artean zirauten Vicoren lan eta ohiturei buruzko pasadizoak.

        Osaba Pio zoriontsuen egon ohi zen beste aktoresarik konpainian sartuta, Pericholeri talentu berri bat ondoan izateak beti eragiten ziolako. Osaba Piori (zutik ikuslegoaren ostean, pozaz eta maltzurkeriaz doblatuki lehertzen) iruditzen zitzaion ezen Pericholeren gorputza argi bizi-bizi bat jarritako harturizko lanpara bilakatu zela. Inolako amarru edo enfasi faltsurik erabili gabe, ahalegintzen zen etorri berria ezabatzen. Obra komedia zenean agudezia bera bihurtzen zen, eta (normalagoa zen bezala) dama laidotutako eta errukirik gabeko gorrotoei buruzko drama zenean, antzokia sutan jartzen zen haren zirraraz. Haren nortasuna hain elektriko bilakatzen zen, ezen eskua beste antzezlari batenean jartzea nahikoa baitzen dardara elektriko bat ikuslego osoari heda zekion. Baina halako bikain aldiak gero eta gutxiagotan gertatzen ziren. Teknika landuagotzen zuen neurrian, gero eta gutxiago behar zen Camilaren egiatasuna. Adigalduta egiten zuenean ere ez zen ikuslegoa ezertaz konturatzen, eta Osaba Pio bakarrik nahigabetzen zen.

        Camilak aurpegi eder-ederra zeukan, edo hobeto esanda, aurpegi ederra salbu eta geldirik zeukanean. Harritzekoa zen ikustea geldiuneetan haren sudur luze eta mehea, aho infantil samarra eta nekatua, eta begi asegaitzak: neska nekazari mukuru samarra, café-chantants deitutakoetatik aldarazia eta guztiz ezgauza bere artearen, bere gutizien, bere ametsen eta eguneango bere errutina eskergaren arteko armoniarik ezartzeko. Gauza hauetako bakoitza mundu bat zen eta haien arteko borrokak berehala ergelduko (edo hutsalduko) zuen gutxiago zaildutako gorputza. Lehenagotik ikusita daukagu ezen Pericholek, paperek ekartzen zioten desadostasuna gorabehera, ederto ezagutzen zuela antzezteak eman dezakeen poza, eta noizetik noizera sugar horren berotasunera biltzen zela. Baina maitasunezko pozak sarriagotan erakartzen zuen, nahiz eta zoriontasun-segurantzia handiagorik ez eskaini, harik eta Jupiterrek berak zenbait perla igorri zion arte.

        Don Andrés de Ribera, Peruko Erregeordea, gizon atsegin baten hondarra zen, mahaiak, ohe-lekuak, grandeza de España batek eta hamar urteko erbestaldiak hautsia. Gaztea zelarik, enbaxada-kide joan zen Versailles eta Erromara; gerrari ibili zen Austrian; Jerusalemen egon zen. Emakume handitzar eta aberats baten alargun seme-alabarik gabea zen; bildumak egiten zituen: txanpon gutxi, ardoak, aktoresak, kondekorazioak eta mapak. Mahaitik hezueria bereganatu zuen, ohe-lekutik dardarikatzeko joera; grandeza-tik harrokeria hain handi eta txikikeriazalekoa, ezen bakanka aditzen baitzuen esaten zitzaiona, eta sabaia aldera begira hitz egiten baitzuen betiereko bakarrizketan; erbestalditik asperdurazko ozeanoak, eta asperdura hain pertsuasiboa, ezen atsekabea baitzirudien: berarekin esnatzen zen eta berarekin ematen zuen eguna, eta ohe ondoan jesartzen zitzaion gau osoan loa zaintzeko. Camila urteak, tarteka amodio-kontu ez garbi batzuek gozaturik, antzezte-errutinazko lan gogorrean ematen ari zen, noiz eta Olinpiako pertsonaia hura (zeren aurpegia eta itxura baitzeuzkan heroiak eszenategian antzezteko modukoak) bat batean eramaten hasi baitzen bere jauregiko gauerdi-afari gozoetara. Eszenategi eta estatu tradizio guztien kontra bere miresle zaharragoa adoratzen zuen Pericholek; betiko zoriontsua izango zela pentsatzen zuen. Don Andrések gauza asko irakatsi zion eta Pericholeren gogo lehiatsu eta biziarentzat hura izan zen maitasunaren osagarririk eztienetako bat. Frantsesera apur bat irakatsi zion; garbi eta txukuna izaten. Bestalde, Osaba Piok irakatsia zion nola egiten duten goi-mailako damek garrantzizko abaguneetan; irakatsi zion nola erlaxatzen diren. Osaba Piok eta Calderónek trebatu zuten espainiera ederrean; Don Andrések jantzi zuen El Buen Retiro-ko argot dotorearekin.

        Jauregiko gonbidapenak Osaba Pio artegatu zuen. Askoz ere nahiago izango zuen Camilak segitu izan balu bere amodio-kontu arruntekin, antzerkiko biltegian. Baina Camilaren artea hala landuz hobetzen zela ikusi zuenean guztiz poztu zen. Antzokiko atzealdean jesarri ohi zen, eta eserlekuan, pozez eta bozkario hutsez, danbalaka egiten zuen, ikusirik ezen Pericholek ikuslegoari aditzera ematen ziola ederto ezagutzen zuela dramagileek gaitzat hartzen duten goi-mailako mundua. Camilak ikasita zeukan ardo-kopak erabiltzeko, agurtzeko beste modu bat, gelan sartzeko beste modu bat, eta modu berri guzti hauek dena ematen zuten aditzera. Osaba Piorentzat ez zegoen hura besterik. Bazitekeen munduan ezer politagorik emakume eder batek espainiar maisu-obra bat legez eta bidez antzeztea baino? Antzezpen bat (gogoetaka egiten zuen) arretaz bete egina, hitzen banaketak berak bizia eta testuarekiko oharpidea erakusten duena, ahots garbiak ebakia, eta akatsik gabeko ibilerak, edertasun pertsonal handiak eta xarma jarkiezinak ilustratua. «Ia prest gaude bikaintasun hau Espainiara eramateko,» ahapetik esan zuen bere artean Osaba Piok. Antzezpenaren ondoren Camilaren jantzi-gelara joaten zen eta «Ederto!» esaten zion. Baina handik alde egin baino lehen beti moldatzen zen galdetzeko, Kolonia-ko hamaika mila dontzeilen izenean, non bilatua zuen Goitasuna esateko modu arranditsu hura.

        Noizbait Erregeordeak Pericholeri galdetu zion ea gustatuko zitzaion gauerdiko afarietara lagun urguriren bat gonbidatzea, eta galdetu ere zion ea Artzapezpikua ezagutu nahi izango zuen. Camilari zoragarria iruditu zitzaion. Artzapezpikuari zoragarria iruditu zitzaion. Lehenengo elkarraldiaren bezperan Artzapezpikuak igorri zion joko-karta baten neurriko esmeralda-medailoi bat.

        Bazen Liman ehun morailezko kanakada batzuek batutako zerbait, eta zerbait horretatik azaltzen ziren buru handi hidropiko bat eta bi nakar-antzeko esku gizen; eta Limako Artzapezpikua zen bera. Haragi-kiribilek inguratuta azaltzen ziren bi begi beltzak deserosotasun, onberatasun eta talentuz mintzatzen ziren. Gantza guzti hartan preso itxita zegoen arima jakin-nahi eta suhartsua, baina bere buruari faisai bat, zein antzar bat, zein eguneroko erromatar orduen prozesioa uko egin gabez, bera zen bere espetxezainik zorrotzena. Laket zuen bere katedrala; laket zituen bere eginbeharrak; oso jaieratsua zen. Egun batzuetan bere lodiera deitoratzen zuen; baina alhaduraren herstura baino garratzagoa zitzaion baraualdiaren herstura, eta berehalaxe aurkitzen zen analizatzen erreki jakin batek bere jarraiko entsaladari igorri beharreko mezu isilak. Eta bere burua zigortzeko bizimodu ereduzkoa egiten zuen bestelako gauza guztietan.

        Antzinateko literatura guztia irakurrita eta dena ahaztuta zeukan, salbu eta xarma eta desilusiozko lurrin orokor bat. Elizako Gurasoak eta Kontzilioak aztertuta eta dena ahaztuta zeukan, salbu eta Perun halako gatazkarik jazotzerik ez zegoelako ganduzko inpresioa. Italia eta Frantziako maisu-obra libertino guztiak irakurrita zeuzkan eta urtero berrirakurtzen zituen; hezueriaren oinazetan ere (zeintzuk zorionez urtzen baitzituen Santa María de Cluxambuqua-ko iturrietako ura edanez) ezer ez zuen gogokoagoa Brantôme-ren eta Aretino dibinoaren pasadizoak baino.

        Jakitun zegoen Peruko ia apaiz guztiak alproja hutsak zirela. Bere epikurotar heziketa guztia behar zuen bere buruari gai horretaz zer edo zer egitea eragozteko; behin eta berriro errepikatu behar zituen bere ideiarik gogokoenak: zuzengabekeria eta dohakabetasuna betiko direla munduan; progresoaren teoria iruzur hutsa dela; pobreak zorionik ezagutu gabez, zorigaitzarekiko sorgorrak direla. Aberats guztiek bezala berak ere ezin zuen sinetsi pobreek (ikusi haien etxeak! ikusi haien jantziak!) benetan sufritzen zutenik. Eskolatu guztiek bezala uste zuen asko irakurritakoak soilki hel zitezkeela dohakabeak zirela jakitera. Behin, bere eliz barrutiko bidegabekerien berri jakin ondoren, ia-ia egin zuen zer edo zer. Jakin zuen Peruko apaizen artean arau bilakatzen ari zela bi neurri irin eman eraztea absoluzio onaren truke eta bost neurri absoluzio erabat eraginkorraren truke. Suminduraz dardaratu zen; idazkariari orro egin eta agindu zion idazteko gauzak ekar ziezazkion, bere artzainentzako mezu latza diktatu behar zuela eta. Baina tintarik ez zegoen tintontzian; alboko gelan ere ez zegoen tintarik; jauregi osoan ere ez zuten tintarik aurkitu. Bere etxeko egoera honek hainbeste nahastu zuen gizon on hura, ezen, amorru konbinatuez gaixoturik, ikasi baitzuen saminaldietatik bere burua gordetzen.

        Artzapezpikuaren afari-zaletasuna hain handia zen, ezen Don Andrések izen berriak ekartzea pentsatu baitzuen. Osaba Pioren beharra gero eta handiagotzen ari zitzaion arren, itxaron egin zuen harik eta gonbite egitea Camilak bere burutik proposatu zuen arte. Eta Osaba Piok, egokitu zitzaionean, berekin ekarri zuen itsas ibiltari bat, Kapitain Alvarado. Camila normalean bilera hasi eta ordu batzuetara azaltzen zen antzokikoa bukatuta. Ordu bata aldera heldu ohi zen eder-eder, bitxiztatu eta oso nekatua. Lau gizonek erregina bezala hartzen zuten. Ordu betean berak gidatzen zuen elkarrizketa, baina apurka-apurka Don Andrésen sorbaldaren kontra gero eta gehiago makurtuz segitzen zuen solasaldiaren harta, berau aurpegi alai eta zimurtu batetik bestera pinpilinpauxatzen zenaren arabera. Gau osoan hitz egiten zuten, isilpean kontsolatuz beti Espainia-minez beterik zeuzkaten bihotzak, eta beren buruari esanez ezen halako sinposium bat espainiar arimaren araberakoa zela. Hitz egiten zuten mamuz eta usmatzeaz, eta gizona agertu baino lehenagoko lurraz, eta planetek elkar jotzearen gertagarritasunaz; ea anima heriotzaren orduan, uso antzo, hegaldatzen ikus daitekeen kontuari buruz; ezbaian egiten zuten ea, Kristo Jerusalemera bigarren aldiz etorritakoan, Peruk berantetsi beharko zuen berriaren zain. Eguzkia irten artean hitz egiten zuten gerra eta erresumei buruz, poeta eta eskolatuei buruz, eta herrialde estrainioei buruz. Bakoitzak ekartzen zituen elkarrizketara istorio triste eta zuhurrak ugari eta giza arrazarenganako dolamen agorra. Urre-argizko mareak jotzen zuen Andeen kontra, leiho handitik sartu eta hedatzen zen fruta-metatxoetara, mahaiko brokatu zikinean eta bere babeslearen mahukaren gainean lo zegoen Pericholeren kopeta pentsatiaren gainean zehar. Pausaldi luze bat egin ohi zuten, norberak abiatzeko lehenengo mugimendua egin nahi gabe, eta guztien begiradak zuzentzen ziren beraien artean bizi zen txori bitxi eta ederrarenganantz. Baina berarengana zuzentzen zen gau osoan Osaba Pioren begirada, begi beltzen begirada arin hura, samurtasunez eta larritasunez betea, beraren bizitzaren arrazoi eta sekretu nagusiari erne.

        Osaba Piok etengabe begiratzen baitzuen Camila. Mundu honetako biztanleak bi taldetan banatzen zituen, batetik maite izan zutenak, eta bestetik maite izan ez zutenak. Izugarrizko aristokrazia osatzen zuten, zeren, antza, maitasunerako (edo, hobeto esanda, maitasunean sufritzeko) gai ez zirenez, ezin esan baitzen bizi zirenik, eta, noski, hil ondoren ez ziren berriz ere bizi izango. Lastozko jende-modua zen, mundua bere zentzugabeko irribarre, malko eta berriketez betetzen zuena, eta, artean xalo eta hutsal aire mehean desagertzen zena. Bereizketa hau zela eta, maitasunaren definizio propioa landu zuen, ezein definizioren antzik ez zeukan eta bere bizitza arraroaren mingostasun eta urguilu guztia batzen zituena. Haren iritziz maitasuna halako eritasun ankerra zen, hautetsiek gaztaro-amaieran igaro beharra, eta igarotakoan, zurbil eta lur jota egon arren, bizitza-kontuari ekiteko prest irteten direna. Bazen (berak uste zuenaren arabera) errore-sorta luze bat, gaixotasun horretatik sendatutako gizakientzat, urrikalkiro, ezina dena. Tamalez huts egiteko joera handia atxikitzen zuten, baina gutxienez (adibide askok erakutsiaren arabera) inoiz ez zuten begikotasun luzatua bizi-jokabide osotzat hartuko, inoiz gehiago ez zuten ezein gizakirik, printzetik zerbitzariraino, objektu mekanikotzat hartuko. Osaba Piok etengabe begiratzen zuen Camila, zeren eta iruditzen baitzitzaion berorrek ez zuela halako iniziazio-esperientziarik izan. Erregeordeari aurkeztu ondorengo hilabeteetan zehar arnasari eutsi eta itxaron egin zuen. Urtetan eutsi zion arnasari. Camilak hiru ume eman zion Erregeordeari, baina beti-bat iraun zuen. Osaba Piok bazekien Camila munduaz benetan jabetzen hastearen lehenengo zantzua antzezlanean efektu jakin batzuk maitasunez lortzea izango zela. Egunen batean antzerki-pasarte jakin batzuk xaloki, aise eta poz sekretu batekin burutuko zituen, zeren eta bere bihotzaren jakituria berri eta joriari egokituko baitzitzaizkion; baina pasarteok gero eta axalkiago, lotsagarriro ez esatearren, antzezten zituen. Osaba Pio orduan konturatu zen Camila Don Andrésekin aspertuta zegoela, eta berriz ere hasia zela isilpeko amodio-kontuetan hiriko aktore, matadore eta merkatariekin.

        Gero eta jasangaitzagotzen zitzaion antzeztea, eta beste bizkarroi bat sartu zitzaion gogoan barrena. Dama izan nahi zuen. Apurka-apurka nagusitu zitzaion begirunerako gutizia eta denbora-pasa bezala aipatzen zuen bere antzezte-lana. Andre lagun bat eta zenbait lekaio hartu zituen eta elizara mentako orduetan joaten zen. Unibertsitateko sari-banaketetara joaten zen eta karitate handiko emaileetakoa zen. Apur bat irakurtzen eta idazten ikasi zuen. Beraren kontrako bereizketarik txikiena, buhame-bizimodua aipatuz, aski zen amorru bizian asalda zedin. Erregeordeari bizimodu aldrebesa eragin zion bere kontzesio-goseaz eta pribilegioen usurpazio gradualaz. Bizio berria zaharrari nagusitu zitzaion eta hotsandizko bertutetsu bihurtu zen. Zenbait senide asmatu eta zenbait lehengusu-lehengusina sortu zuen. Bere umeentzako legezkotasun dokumentu gabea lortu zuen. Gizartean magdalenatasun delikatu eta hildurazko bat, goi-mailako dama bailitzen, erabiltzen zuen eta, kandela bat eskuan, parte hartzen zuen penitentzia-prozesioetan, aldarte txarren bat edo Descartesi egindako isilpeko begiraturen bat beste damutzekorik ez zeukaten damen ondoan. Beraren bekatua antzeztea izan zen eta denok dakigu saindu batzuk ere izan direla antzezlariak: San Gelasio eta San Gines eta Santa Margarita Antiokiakoa eta Santa Pelagia.

        Mentako bainuetxe bat zegoen muinoetan, Santa María de Cluxambuquatik hurbil samar. Don Andrés Frantziatik bidaiatua zen eta bururatu zitzaion bertan Vichy moduko txiki bat eraiki behar zuela; bertan zegoen pagoda bat, zenbait saloi, antzoki bat zezen-plaza txiki bat eta frantses erako lorategiren batzuk. Camilaren osasuna itzalik ezagutu gabea zen, baina handik hurbil villa bat eraiki erazi zuen eta egunero hamaika-hamaiketan ur nazkagarria zurrupaka edaten zuen. Marquesa de Montemayor-ek egin zigun opera bouffe-ko paradisu honen koadro bikaina, bertako jainkosa nagusiarekin, zeinak bere minberatasun bizi-bizia hauts bihurtutako maskorrezko kaleetan zehar nabarmenkiro erakutsiaz batera jasotzen baitzuen Erregeordea laidotzen ezin arriskatu ziren guztien omenaldia. Doña Maríak agintari honen erretratua ere egin digu: handiosa zen, gogaituta zegoen, eta gau osoan zehar beste Eskorial bat eraikitzeko hainbat diru jokatzen zuen. Eta beraren ondoan jarri du semearen erretratua, Camilaren Don Jaime txikia. Don Jaime, zazpi urtekoa, gorputz txiki hebain bat zen, antza, amaren bekokia eta begiak ez ezik, aitaren dardara-joera ere jarauntsi zuena. Bere oinazeak animalien harridura isilarekin jasaten zituen eta animaliak bezala lotsa-lotsatzen zen jendaurrean, agirian, halakorik gertatzen zitzaionean. Hain ederra zen, ezen beraren aurrean urrikierarik ziztrinenak gordetzen baitziren, eta jasaten zituen gaiztasunei buruzko gogoeta luzeen poderioz, aurpegia duintasun pairakor eta miresgarri batez estali zitzaion. Bere amak belus granatez janzten zuen, eta umeak, ahal zuenean, metroren batzuetara jarraitzen zion, hizketaren bidez geldiarazten saiatzen ziren andreengandik grabetasunez bere burua libratuz. Camila inoiz ez zen haserretzen Don Jaimerekin, baina inoiz ere ez zen izan irekia. Eguzki-argitan paseatzen ziren isilik terraza artifizial haietan zehar, eta Camilak bere buruari galdetzen zion ea noiz hasiko zen, beraren ustez, betidanik maila sozialari zetxekion zorion hura, eta bitartean Don Jaime xaloki eguzkitan pozten zen eta larritasunez barruntatzen zuen odei baten hurbilketa. Bazirudien urrutiko herrialde batetik etorri eta bidea galduta zebiltzan giza irudi batzuk zirela, edo antzinako balada batetik jalgitakoak, artean hizkuntza berria ikasi ez, eta adiskiderik topatu gabeak.

        Camilak hogeita hamar urte inguru zeukan eszenategia utzi zuenean, eta bost urte behar izan zuen gizarte-maila hura lortzeko. Apurka-apurka ia olandretu zen, nahiz eta bazirudien aurpegia, ordea, urtetik urtera ederragotzen zitzaiola. Handikeriaz janzten hasi zen, jantzi-geletako behegainak bitxiz, xingolaz eta lumaz osatutako egiazko dorre bat islatzeraino. Haren esku-aurpegiak estaltzen zizkioten hauts urdinxkek are nabarmenagotzen zituzten ezpain suminberen laranja eta gorrimina. Haren izaeraren suhartasuna ia eroa mudatu zen andre zahar eta larderiatsuen konpainian erabili beharreko atsegintasunaz. Haren gorabidearen lehenengo faseetan Osaba Piori aditzera eman zion jendaurrean berarekin ez zela azaldu behar, baina azkenean Osaba Pioren bisitaldi diskretuak ere ez zituen onartzen. Elkarrizketak etiketaz eta inguru-minguruka egiten zituen. Camilaren begiak inoiz ez ziren Osaba Piorenekin gurutzatzen, eta beti zebilen liskar egiteko aitzakien bila. Osaba Pio artean ere benturatzen zen hilean behin Camilaren pazientzia frogatzen, eta bisita jarraitzea ezina zenean, eskaileretan gora joan eta umeekin amaitzen zuen bisita-denbora.

        Behin muinoetako villara heldu eta Camilaren neskamearen bidez arrenka eskatu zion hitz egiteko aukera eman ziezaion. Esan zioten lorategi frantsesean ikusi ahal izango zuela eguzkia sartu baino lehentxeago. Limatik etorria zen sentimendu-bulkada berezi batek eraginda. Pertsona bakarti guztiek bezala, adiskidetasun goi-xarmaz betea ikusten zuen: imajinatzen zitzaion ezen kalean elkarrekin barreka eta elkarrengandik banatzean musuka ikusten zuen jendeak, elkarrekin irribarreka jaten zuen jendeak... zaila da sinesten, baina imajinatzen zitzaion ezen jende hark begikotasun guzti hartatik atsegin betea lortzen zuela. Halatan, bada, bat batean nagusitu zitzaion Camila berriz ikusteko gogo bizi-bizia, «Osaba Pio» deitua izateko, eta, aldi labur batez, lehengo harat-honat-aldietako elkarren konfiantza eta umorea berpizteko.

        Lorategi frantsesak hiriko hegoaldetar mugan zeuden. Haien atzealdean Ande handiak altxatzen ziren eta aurrealdean parapeto bat zegoen haran sakon bati nagusituta eta Pazifikorantz hedatzen ziren muino-olatuen begirale. Saguzarrek behetik hegaz egiten duten eta piztitxoak arduragabeki oin azpitik jolasten direneko ordua zen. Artean bakarti gutxi batzuk zebiltzan lorategietatik, apurka-apurka margultzen ari zen zeruari begira ametsetan, edo kalostratik beheko haranari begira bereizi nahian zein herritan ari zen txakur bat zaunkaka. Aita soroetatik etxeratu eta patioan saltoka heltzen zaion txakurrarekin, musturrei heldu eta ahoa itxiz edo bizkarrez gora botaz, apur batean jolasten deneko ordua zen. Neskatoak lehenengo izarraren bila ari dira berari desio bat erantsi asmoz, eta mutikoak gero eta urduriago dabiltza afari eske. Amarik lanpetuena ere geratzen da apur batean ezer egin gabe, bere familia maite eta haserregarriari irribarretsu.

        Osaba Pio marmolezko jesarleku koskatuetako baten kontra zutik gelditu zen, berarengana zetorren Camilari beha.

        «Berandu nator,» esan zuen. «Barkatu. Zer esan nahi didazu?»

        «Camila...» hasi zen.

        «Doña Micaela daukat izena.»

        «Ez dizut irainik egin nahi, Doña Micaela, baina Camila deitzen hogei urtez utzi didazunez gero, uste dut...»

        «Oi, deitu, ba, nahi duzun moduan. Egizu nahi duzun moduan.»

        «Camila, agin iezadazu entzungo didazula. Agin iezadazu ez didazula alde egingo nire lehengo esaldiarekin batera.»

        Bat-batean Camila ezusteko grinaz hasi zen hitz egiten: «Osaba Pio, entzun iezadazu. Burutik egon behar zara, uste baduzu teatrora itzularaziko nauzula. Ikaraz gogoratzen zait teatroa. Uler ezazu. Teatroa! Zorioneko teatroa! Eguneroko irain-ordainketa toki higuingarri horretan. Uler ezazu denbora galtzen ari zarela.»

        Osaba Piok samurkiro erantzun zion: «Ez nuke nahi zu itzultzea zeure adiskide berriekin zoriontsua bazara.»

        «Ez dituzu gogoko, ezta?» erantzun zion berehala. «Nor eskaintzen didazu haien truke?»

        «Camila, gogoratu besterik ez dut...»

        «Ez dut nahi inork kritika nazan. Ez dut nahi inoren aholkurik. Laster hotza hasiko du eta banoa etxera. Utz nazazu behingoan! Ez zaitez nitaz ardura.»

        «Camila maitea, ez haserretu. Utz iezadazu hitz egiten. Jasan nazazu hamar minutuz, besterik ez.»

        Osaba Piok ez zuen ulertzen Camila zergatik ari zen negarrez. Ez zekien zer esan. Firri-farra hitz egin zion. «Antzokira ere ez zara joaten, eta denak konturatu dira. Gero eta ikusle gutxiago joaten da antzokira. Antzerki zaharra astean bitan baino ez dute egiten; beste guztietan hitz-lauzko fartsak antzezten dituzte. Dena ergelkeria, umekeria eta lizunkeria. Jadanik inor ez da espainieraz mintzatzen. Ezta behar bezala ibiltzen ere. Zu hain ederto aritu zinen Baltasarren oturuntza antzeztu zuten Bestaberri egunean. Oraingo hau lotsagarria izan da.»

        Pausaldi bat egin zuten. Hodeizko prozesio eder bat, artaldea bailitzen, zetorren itsasotik aldenduz, haranetatik gora muinoen artean lerratuz. Bat-batean Camilak haren belauna ukitu zuen eta beraren aurpegia hogei une lehenagokoa izan zen. «Barka iezadazu, Osaba Pio, honen gaiztoa izatea. Jaime gaixorik egon da arratsaldeon. Ezin daiteke ezer ere egin. Hantxe dago etzanda, hain zurbil eta... hain harrituta. Beste ezertan pentsatu beharra dago. Osaba Pio, teatrora itzultzea txarto aterako litzateke. Ikusleek hitz-lauzko fartsak nahiago dituzte. Zoratuta geunden teatro zaharra bizirik iraunarazi nahian. Utz iezaiozu jendeari, hala nahi badu, antzerki zaharrak liburuetan irakurtzen. Ez da ona guztien kontrako borrokan jardutea.»

        «Ai, Camila miragarria, eszenategian zenbiltzanean ez nintzen zurekin zuzen aritu. Halako harrokeria ero baten menpe nengoen. Urriki eman nizun benetan merezi zenuen gorazarrea. Barka nazazu. Betidanik izan zara artista handi-handia. Azkenean konturatzen bazara jende honen artean pozik ez zaudela, Madrilera joatea erabaki dezakezu. Han triunfo handia lortuko zenuke. Gaztea eta ederra zara oraindik. Gero etorriko da Doña Micaela deitua izateko garaia. Laster zahartuko gara. Laster hilko gara.»

        «Ez, ez dut inoiz Espainia ikusiko. Mundu guztia berdina da, Madril zein Lima.»

        «Oi, irlaren batera joan ahal izango bagina! Jendeak zu zeurez ezagutzeko. Eta zu maite izateko.»

        «Berrogeita hamar urte daukazu eta oraindik ere amets egiten duzu halako irlekin, Osaba Pio.»

        Osaba Piok burua makurtu eta murmurikatu zuen: «Bai, Camila, maite zaitut, beti maite izango zaitut, eta esan dezakedan baino maiteago, gainera. Zu ezagutzea aski izan da nire bizitza osorako. Dama handia zara orain. Eta aberatsa. Ezin dizut gehiago ezertan lagundu. Beti prest naukazu, baina.»

        «Zein zentzugabea zaren!» erantzun zion, irribarrez. «Mutikoek bezala hitz egiten duzu. Antza, zahartu ahala ez duzu ezer ikasten, Osaba Pio. Ez dago holako maitasunik, ezta holako irlarik ere. Teatroan baino ezin dira holako gauzak topatu.»

        «Osaba Piok lotsa zela zirudien, bian ez konbentzitua.»

        Azkenean Camilak altxatu eta triste esan zuen: «Zertaz ari gara hizketan? Hozten ari du eta etxera joan behar naiz. Etsi behar duzu. Ni ez naiz teatroan ematen.» Pausaldia egin zuten. «Eta gainerakoaz?... O, ez dut ulertzen. Zirkunstantziak baino ez dira. Naizena baino ezin naiz izan. Ez zaitez saia gehiago ulertzen. Nitaz ez pentsatu, Osaba Pio. Barka nazazu, besterik ez. Saia zaitez barkatzen.»

        Hala geratu zen apur batean, esateko zer edo zer sakonagorik bilatzen. Lehenengo hodeia terrazara iritsi zen; iluna zen; azken oinezko berantiarrak lorategietatik joaten hasiak ziren. Don Jaime, Don Andrés eta bere buruaz ari zen pentsaketan. Ezin zuen hitzik aurkitu. Bat batean makurtu, atzamarretan muin egin eta arinki abiatu zen. Osaba Piok, berriz, jesarrita segitu zuen zoriontasunez dardarka eta guzti haren esanahia ikasi nahian ahalegintzen.

 

        Berria berehalaxe zabaldu zen Lima osoan zehar. Doña Micaela Villegasek, Camila Perichole izan zen damak, nafarreria zeukan. Ehunka lagun gehiago ere zegoen kutsatuta; baina herriaren interesa eta gaizkinahia aktoresarengana zuzendu ziren. Itxaropen basa bat hedatu zen hiri osoan zehar, hots, bere jatorri-klasea arbuiatzeko gaitu zuen edertasuna mariatuko zela. Gaixoaren gelatik irtendako berrien arabera Camila irrigarri izateraino itsusitu zen, eta bekaiztien kopak gainezka egin zuen. Gauza izan bezain laster agindu zuen hiritik muinoetako villara eraman zezaten; jauregitxo ederra saltzekoak egin zituen, bitxiak emaileei itzuli zizkien eta eder-jantziak saldu zituen. Artean Erregeordeak, Artzapezpikuak eta gortean haren miresle zinezkoak izan ziren gizon gutxi batzuek setiatzen zioten atea mezu eta opariekin; mezuez ezjakinarena egin eta opariak hitz erdirik ere gabe itzuli zituen. Gaixotuz geroztik erizainak eta neskameek baino ez zuten bera ikusteko baimena. Don Andrések, behin eta berriro ahalegindu ondoren, haren erantzuna jaso zuen: diru kopuru handia eta garraztasun eta urguilu ahalik eta handienaz idatzitako gutun bat.

        Haien edertasunari egindako omen etengabeen artean hazitako emakume eder guztiek bezala, berak ere garraztasunik gabe onartu zuen edertasuna bera zela nahitaez berarenganako atxikimenduaren oinarria; aurrerantzean, berari jaramon eginez gero, babes-nahiz betetako eta, hain gainazpikapen osoagatik, atseginez finki lurrindutako gupidaz egingo zioten. Eraspen gehiagorik, edertasuna galduta, ezin espero zezakeelako onarpena berak maitasuna grina legez baino ezagutu ez izanetik zetorren. Halako maitasuna, eskuzabaltasun eta adeitasunez ahalegintzen den arren, goi-argia eta goi-poesia ekartzen dituen arren, norberekoitasunaren adierazpenik garbienen arlokoa da. Harik eta joputzaldi luze batetik, autogaitzestetik, isekatik, zalantza handietatik igaro arte, ezin esan daiteke leialtasunen arlokoa denik. Horretan bizitza osoa eman dutenetako askok gutxiago esan ahal izango digute atzo txakurra galdutako umeak baino. Adiskideek gizartera berriz ekartzeko zenbat eta ahalegin gehiago egin, hainbat eta haserreagotzen zitzaienez gero hasi zen hirian zehar irain-mezuak banatzen. Aldi batean kurritu zen berriaren arabera, erlijiora erretiratuko zen. Baina zurrumurru berriek ziotenez, etxalde txiki hartan haserre gorria eta etsipen hutsa ziren nagusi, eta beraz lehenengo zurrumurrua gezurtatu zen. Camilaren ingurukoentzat ikaragarria zen etsipen hura ikustea. Etsi zuen bizitza, berarena eta beraren umeena, bukatua zela. Bere histeriazko harroaldian zeukana baino gehiago itzuli zuen, eta pobreziaren hurbilketa gaineratu zitzaion etorkizunaren bakardade eta goibeltasunari. Gainbeheratzen ari zen etxalde txiki haren erdian, egunak bakardade jeloskorrean zirrin-zarran igarotzea beste aukerarik ez zitzaion geratzen. Ordutan aritzen zen etsaien pozaz hausnartzen, eta etxekoek entzuten zuten nola ibiltzen zen bere geletan zehar zango luzeka oihu aldrebesak egiten.

        Osaba Piok bere buruari eraginez ez zuen etsi. Umeekin baliagarria izatearen poderioz, etxaldearen administrazioan lagunduz, eta Camilari urguriro diru apur bat prestatuz lortu zuen etxean sartzea, baita etxeko-nagusi errezelatua ikustea ere. Baina orduan ere zaurtzen zuen Camilak, bere harrotasunean Osaba Pio erruki zitzaiola ziur egonda, bere mihi zorrotzaz, eta bestalde, Osaba Piori iseka eta iseka eginez halako kontsolamendu pitxia lortzen zuen. Osaba Piok, aldiz, maiteago zuen, Camilak berak baino hobeto ulertzen baitzituen izpiritu umiliatu haren sendabitarte-etapa guztiak. Baina egun batean gertatu zen ezbeharrak galarazi zion irabazitako partaidetza Camilaren aurrerabidearekiko. Ate bat ireki baitzuen.

        Itxita zeukalakoan zegoen Camila. Ordu bete lehenago itxaropen sekretu eta inozoa bururatu zitzaion: bere buruari galdetu zion ea egin ahal izango zuen klera eta kremazko pasta bat aurpegian ipintzeko. Gorteko atso irineztatuen bizkar hainbatetan trufatu ondoren, alditxo batez galdetu zion bere buruari ea eszenategian ikasi ote zuen oraingoan lagungarri izan zitekeen ezer. Atea itxita zeukalakoan zegoen eta saiakera hura alferrikakoa zela ikusten ari zen unean bertan, ispiluan, erreparatu zion atalasean zur eta lur eginda zegoen Osaba Pioren irudiari. Garrasi batean aulkitik altxatu eta aurpegia eskuekin estali zuen.

        «Alde hemendik. Alde hemendik betiko,» oihukatu zuen. «Ez zaitut sekula ere gehiago ikusi nahi.» Lotsak hartuta, herraz eta biraoka kanpora egotzi zuen. Gauzak botaka jarraitu zion korridoretik eta eskaileretan behera jaitsi bitartean. Bere nekazariari agindu zion Osaba Piori haziendako lurretan sartzea debekatzeko. Baina berau aste betean saiatu zen Camila berriz ikusten. Azkenean Limara itzuli zen; denbora ematen zuen ahal bezala, baina irrikan zegoen, hamazortzi urteko mutila bailitzen, berriz ere Camilaren ondora itzultzeko. Azkenean estratagema bat otu zitzaion eta muinoetarantz itzuli zen burutzeko asmotan.

        Goiz batean, egunsentia baino lehen, etxeraino heldu eta lurrean, Camilaren leiho azpian, etzan zen. Ilunpean negar-hotsak imitatu zituen eta, ahal zuen hobetoen, neskato baten negar-hotsak. Horrelaxe segitu zuen ordu laurden oso batean. Ez zuen ahotsa altxatu italiar musikariek esaten duten piano ozentazun-graduaz gorago, baina sarritan isildu egiten zen, ustez Camila lo bazegoen ere, azkenean haren gogoan barna pollikiro sartuko zela iraunaldiaz bezainbestean tarteka egiteagatik. Haize hozkirri eta atsegina zebilen. Lehenengo zafiro-izpia tontor-hegien ostetik azaltzen ari zen, eta ekialdean goizeko izarrak keinuka egiten zuen unetik unera gero eta asmo samurragoz. Isiltasun sakonak zeuzkan etxaldeko eraikin guztiak batuta, eta soilki noizean behinkako haizeño batek zizpuru eragiten zien belarrei. Bat-batean argi bat piztu zen Camilaren gelan eta une bat geroago kontraleihoa zabaldu eta errezelak estalitako buru bat azaldu zen kanpoaldera.

        «Nor da hor?» galdetu zuen ahots ederrak.

        Osaba Pio isilik.

        Camilak berriz galdetu zuen inpazientzia-ukitu batez: «Nor da hor? Nor ari da negarrez?»

        «Doña Micaela, ene andrea, arren eskatzen diot hona etor dadin.»

        «Nor zara, eta zer nahi duzu?»

        «Neskato gizagaixoa. Estrella daukat izena. Arren eskatzen diot etor dadin eta lagun diezadan. Ez deitu neskameari. Otoi, Doña Micaela, etorri.»

        Camila une batez isilik egon ondoren, ebazkor esan zuen, «Ongi da,» eta kontraleihoa itxi zuen. Berehalakoan agertu zen etxearen kantoian. Kapa lodia zeukan jantzita, ihintzean zehar herrestan zeramana. Urruti samar geratuta esan zuen: «Erdu honantz, ni nagoen tokira... Nor zara?»

        Osaba Pio zutitu zen. «Camila, neu naiz, Osaba Pio. Barka nazazu, baina hitz egin behar dizut.»

        «Birjina maitea! noiz libratuko naiz gizaki madarikatu honetatik? Uler ezazu behingoan: ez dut inor ikusi nahi. Ez dut inorekin ere hitz egin nahi. Nire bizitza bukatuta dago. Besterik ez.»

        «Camila, gure elkar-bizitza luzearengatik, arren eskatzen dizut gauza bat kontzedi diezadazun. Gero joan egingo naiz eta inoiz gehiago ez zaitut nekaraziko.»

        «Ez dizut ezer kontzedituko, ezer ere ez. Ez zaitez nigana hurbil.»

        «Agintzen dizut berriz ez zaitudala nekaraziko, baina, mesedez, entzun iezadazu oraingo honetan.» «Camila arineketan joan zen etxearen bestaldeko aterantz, eta Osaba Piok, besterik ezean, haren ondoan korrika egin zuen esaten ari zena entzungo zuela ziur egon nahian. Camila gelditu egin zen.

        «Ea, ba, zer duzu? Agudo. Hotza dago eta ez nago ondo. Neure gelara joan behar naiz.»

        «Camila utz iezadazu Don Jaime nirekin urte betean bizitzeko. Utz iezadazu haren maisua izan nadin. Utz iezadazu gaztelera irakats diezaiodan. Otsein artean dabil hemen. Honela ez du ezer ikasiko.»

        «Ez.»

        «Camila, zer egingo da Don Jaime? Gogo azkarra dauka eta ikasi nahi du.»

        «Gaixobera da. Herbal dago. Zure etxea txerrikorta hutsa da. Landa da berarentzat ona.»

        «Baina azken hilabeteotan askoz ere hobeto ibili da. Agindu egiten dizut etxea zeharo garbituko dudala. Madre María del Pilar-engana joko dut emakume etxezain bat bilatzeko. Hemen abeltegietan egoten da beti. Irakatsiko diot jaun batek jakin behar duen guztia: esgrima, latina eta musika. Irakatsiko diot jaun batek jakin behar duen guztia: esgrima, latina eta musika. Irakurriko ditugu guzti...»

        «Ama-semeak ezin dira horrela elkarrengandik banatu. Ezina da. Holakorik pentsatzeko burutik egon behar. Etsi ezazu, ez pentsatu nitaz, ezta nire ingurukoez. Jadanik ez naiz bizi. Nire umeak eta ni nola edo hala konponduko gara. Ez dut inongo gizakirik ikusi nahi.»

        Une hartan Osaba Piok heldu behar izan zion neurri latz bati. «Orduan paga iezadazu zor didazun dirua,» esan zuen.

        Camila harriturik zegoen, nahastuta. Bere buruari esan zion: «Bizitza gogorregia da eusteko. Noiz hilko naiz?» Une baten ondoren, ahotsa erlasturik, erantzun zion: «Oso diru gutxi daukat. Ahal dudana pagatutako dizut. Oraintxe pagatu behar dizut. Hemen bitxi batzuk dauzkat. Hala ez dugu elkar ikusi beharrik izango.» Pobreziak lotsatuta zegoen. Urrats batzuk egin, gero itzuli eta esan zuen: «Orain ikusi dut oso gizon latza zarela. Baina bidezkoa da zor dizudana pagatzea.»

        «Ez, Camila, nire eskabidea indartzeko baino ez dut esan. Ez dizut dirurik hartuko. Baina utz iezadazu Don Jaime urte betean. Maite izango dut eta guztiz zainduko dut. Zurekin txarto egin al nuen? Urte haietan maisu txarra izan ninduzun?»

        «Ankerra zara, beti estutuz esker ona, esker ona, esker ona eskatzen. Eskertu egiten nuen... ederto! baina orain lehengo emakumea ez naizenez gero, ez dago ezer eskertzekorik.» Isilunea egin zuten. Camilaren begiak izar batean pausatu ziren; bazirudien bere miragarritasunean aurrera gidatzen zuela zeru osoa. Atsekabe handia zeukan bihotzean, zentzugabea zen mundu bateko atsekabea. Orduan hitz egin zuen: «Jaimek zurekin joan gura badu, ederto. Goizeon mintzatuko naiz berarekin. Zurekin gura badu, eguerdi aldean aurkituko duzu ostatuan. Gabon. Jainkoa lagun dakizula.»

        «Jainkoa lagun dakizula.»

        Etxera itzuli zen Camila. Biharamunean mutiko arduratsua ostatura azaldu zen. Jantzi finak urratu eta lohituta zeuzkan eta aldean fardeltxo bat zekarren aldatzeko arropekin. Amak emana zion urrezko txanpon bat gastatzeko eta ilunpean argi egiten zuen harritxo bat, logabeko gauetan begira ziezaion. Gurdi batean elkarrekin abiatu ziren, baina Osaba Pio berehala ohartu zen mutikoari binbiliketak ez ziola onik egiten. Lepoan hartu eta eraman zuen. San Luis Reyren zubira hurbilkeran, Jaime saiatu zen bere lotsa gordetzen, zeren konturatzen baitzen bera besteengandik bereizten zuten aldietako bat zetorkiola. Gainera lotsa-lotsaturik zegoen Osaba Piok adiskide bat, itsas kapitain bat, topatu berria zuelako. Eta zubira heldu berritan hitz egin zion neskato batekin zihoan dama zahar bati. Osaba Piok esan zuen zubia iragandakoan jesarri eta atseden hartuko zutela, baina ez zen beharrezko suertatu.

 

 

 

© Thornton Wilder

© itzulpenarena: Xabier Angulo

 

 

"Thornton Wilder / San Luis Reyren zubia" orrialde nagusia