HIRUGARREN ATALA
ESTEBAN
Goiz batean mutiko biki batzuk topatu zituzten urikoen otarrean Santa María Rosa de las Rosas komentuko atearen aurrean. Haientzako izenak berehalaxe, ia inudea heldu baino lehenago, aurkitu zituzten, baina izenok ez ziren haientzat gutako gehienontzat bezain erabilgarri, zeren inork ez baitzuen mutikoak bereizten lortu. Ez zegoen gurasoak nortzuk ziren jakiterik, baina limatar autulariek, erreparatuta mutikoak hazi-ahala artez-artez ibiltzen zirela eta oso isil eta ilunak zirela, aldarrikatu zuten gaztelarrak zirela eta blasoidun atari batetik bestera, txandaka, ibili zituzten. Mundu honetan zaindari moduko bakarra komentuko Abatesa izan zuten. Madre María del Pilar gizonak gorrotatzeraino heldu zen, baina Manuel eta Estebanekin gero eta zaletuago zen. Arratsez bere bulegora deitu ohi zien eta sukaldetik opilen batzuk ekartzera bidali, gero Cid eta Judas Makabeo eta Arlekinen hogeita hamasei zoritxarrei buruzko istorioak kontatzeko. Hainbeste maitatzera heldu zen, ezen maiz konturatzen baitzen, haien begi beltz eta zemaikarietan barrena so, bilatzen zituela gizondutakoan azalduko ziren ezaugarri horiek, bera ibiltzen zen mundua higuingarritzen zuen itsusitasun guzti hura, desgizakortasun guzti hura. Komentuan hazi ziren harik eta beraien presentziaz ahizpa saiatuak apur bat nahasten hasi ziren arte. Handik gora hiriko sakristia guztiei atxikita gelditu ziren: apaintzen zituzten klaustroetako palaxu guztiak; distirazi zituzten ahal bezainbeste gurutzefika guztiak; oihal bustiz garbitzen zituzten, urtean behin, sabai eklesiastiko gehienak. Ederto ezagutzen zituen Lima guztiak. Apaiza kaleetatik presaka zihoanean, bere zama preziatua gaixo-gelaren batera zeramala, Esteban edo Manuel joango ziren beraren atzetik intsentsu-ontzia kulunkatuz. Hazi-ahala, ordea, ez zuten inolako gogorik erakutsi bizimodu klerikalerako. Pixkanaka-pixkanaka kopista-lanbidea hartu zuten. Mundu Berrian oso moldiztegi gutxi zegoen, eta laster mutilek bizimodu bikaina lortu zuten teatrorako antzerkiak, jendearentzako baladak eta merkatarientzako iragarkiak transkribatuz. Batez ere koru-maisuen kopistak ziren eta Morales eta Victoria-ren moteteen zati amaigabe asko egin behar izan zuten.
Familiarik gabeak zirelako, bikiak zirelako, eta emakumeek haziak zirelako, isilak ziren. Lotsa berezia zuten elkarren berdintasuna zela eta. Berau etengabeko esamesa eta txistegaia zen munduan bizi behar zuten. Inoiz ez zitzaien dibertigarria iruditu eta betiko ateraldiak eroapen handiz pairatzen zituzten. Urteen poderioz hitz egiten ikasi ondoren asmatu zuten elkarrentzako hizkuntza sekretu bat, hiztegi zein sintaxi arloan ere, espainierari ezer gutxi zor ziona. Soilki erabiltzen zuten bakarrik zeudenean, edo inoiz batean xuxurlaka besteen aurrean estu eta larri egonda. Limako Artzapezpikua nolabaiteko filologoa zen; dialektozalea zen; ekoitzita zeukan latinetik espainierara eta espainieratik indiar-espainierako bokal eta kontsonante aldaketen taula bikain bat. Ezagupen bitxizko ohar-koadernoak biltzen zebilen Segoviako ukantzetara itzulitakoan bere buruari eskaini asmo zion zahartzaro goxoari begira. Hortaz, anaia bikien hizkuntza sekretuaren berri izan zuenean, hegatsen batzuk zorroztu eta berarengana etortzeko deja bidali zien. Mutilak, ikasgelako alfonbra eder haietan zutik, umiliatuta zeuden, artzapezpikua beraien ogi eta lore eta dakusat eta nekusan atera erazten ahalegintzen zen bitartean. Hitzak odol-tantak bezala zerizkien. Larrizko isilune banak jarraitzen zien Artzapezpikuaren galderei, harik eta batak edo besteak erantzuna murduskatzen zuen arte. Eliz gizonak hasieran pentsatu zuen ezen beraren lerruneaz eta etxe-bizitzaren luxuaz lotsaturik zeudela, baina azkenean igarri zuen, oso baldituta, uzkurtasun sakonago baten existentzia eta, etsiturik, joaten utzi zien.
Hizkuntza hura haien elkar barne-identifikatzearen sinboloa zen, zeren nola etsimena hitz ez-nahikoa baitzen Cluxambuaquako ostatuan, gau hartan, Marquesa de Montemayor-i jazo zitzaion gogo-aldaketa deskribatzeko, hala maitasuna ere desegokia da anaia hauen batasun tazitua, ia lotsatua, deskribatzeko. Ze erlazio mota ote da horrelakoa? Hitz gutxi esan, eta esandakoak soilki janari, jantzi eta lanari buruzkoak ziren; elkarri ikus pasada bat egiteko ere halako uzkurtasuna zeukaten; eta hirian elkarrekin ez azaltzeko eta mandatu berera kale ezberdinetatik joateko akordio tazitua egina zuten. Eta gainera, guzti honekin batera, bazuten elkarrenganako hain premia itzelak, ezen mirariak ekartzen baitzituen, sargoriak elektrizitatez kargatutako aireak tximista berez dakarren bezala. Anaiak ia-ia ez ziren horretaz konturatzen, baina telepatia gertaera normala zen haien bizitzan, eta bata etxera itzultzen zenean, bestea jakitun zegoen beti, anaia artean zenbait kale harantzagotik zebilen arren.
Noizbait ohartu ziren idazteaz aspertuta zeudela. Itsaso aldera jo zuten eta itsasontziak kargatzen eta deskargatzen aritu ziren, indiarrekin eskuz esku lan egiteaz lotsatu gabe. Itaurreko ibili ziren probintzietan zehar. Fruta-bilketan aritu ziren. Ontzikariak izan ziren. Eta beti isilik. Haien aurpegi goibelak trabailu hauetaz gizondu eta ijitotu ziren. Oso gutxitan mozten zuten ilea eta txima ilunen azpian begiek bat-batean harrituta eta apur bat zakarki begiratzen zuten. Mundu guztia urruna eta arrotza eta etsaia zen, salbu eta norberaren anaia.
Baina azkenean lehenengo itzala heldu zen batasun honetara, eta itzala emakume-maitasunak moldatu zuen.
Hirira itzuli eta berriz ekin zioten antzerki-paperak kopiatzeari. Gau batean enpresariak, publiko urria egongo zela eta, utzi zien doan sartzen. Mutilei ez zitzaien han topatu zutena gustatu. Haientzat mintzoa ere isil modu desgradatua zen; hainbat hutsalagoa poesia, mintzo-modu desgradatua baita. Alusio guzti haiek ohoreaz, ospeaz eta maitasun-garraz, metafora guztiak, txoriei, Akilesi eta Zeilango bitxiei buruzkoak gogaikarriak ziren. Txakurraren begien ostean une batez pizten den inteligentzia ilunpetsu bera zuten haiek literaturaren aurrean, baina eramankor zeuden jesarrita, kandela distiratsu eta jantzi ederrei so. Antzerki-ekitaldien artean Perichole bere papera egiteari utzi, dozena bat gonazpiko jantzi eta teloiaren aurrean dantzatzen zen. Esteban, kopiatzekorik zeukala eta, edo zeukanarena eginda, goiz etxeratu zen; baina Manuel geratu zen. Pericholeren galtzerdi eta zapatek inpresionatu zuten.
Anaia biek eskenatokiaren atzeko eskailera hautseztatuetan gora eta behera eraman eta ekartzen zituzten eskuizkribuak. Hantxe ikusi zuten neska suminkor bat, gorontz zikin batez jantzia ispiluaren aurrean galtzerdiak adabatzen ari zena, eszena-zuzendariak memorizaziorako pasarteak ahots goraz irakurtzen zizkiolarik. Une batez mutilei zuzendu zien bere begi harrigarrien tximista, berehalaxe, bikiak zirela erreparatuaren pozean, gorde zena. Segituan bultzatu zituen gela barrura eta elkarren ondoan jarri. Arreta handiz, jostalari eta zorrotz arakatu zuen haien aurpegien hazbete karratu bakoitza, harik eta azkenean, esku bat Estebanen sorbaldan ipinita, aldarrikatu zuen arte: «Hauxe da gazteena!» Guzti hau zenbait urte lehenago gertatu zen, eta anaiei jazoera hau ez zitzaien berriz ere gogoratu.
Harrezkero bazirudien Manuel mandatu guztiek antzokitik pasatu eragiten zutela. Arrats beranduan, zuhaitzen artean, haren jantzi-gelaren azpitik noraezean ibiltzen zen. Ez zen lehenengo aldia, lehenago ere emakume liluratua zen (emakumeei gorputza emanda zeuden anaia biak, eta sarri, batez ere kostaldeko urteetan, lañoki, latindar erara) baina hau lehenengo aldia zen haren borondatea eta irudimena horrela menderatu zirena. Izaera xaloen pribilegioa, maitasuna eta plazeraren disoziazioa, galdu zuen. Plazera ez zen jatea bezain erraza: maitasunak konplikatzen zuen. Orduantxe hasi zen norberaren galmen erogarri hori, guztia, salbu eta maitatuari buruzko pentsamendu dramatikoak, gaitzeste hori, barne-bizitza sukartsu hori, zeina Pericholeren inguruan eratu baitzen, eta berau hainbeste harritu eta nazkatuko zuen, konturatzeko aukerarik izan balu. Manuel ez zen maitemindu literatura nolabait imitatuz. Inondik inora ez zegokion berari Frantziako mihirik garratzenak soilki berrogeita hamar urte lehenago esan zuena: ezen pertsona asko inoiz ez zela maiteminduko, maitasunaz ezer entzun ez balute. Manuelek gutxi irakurtzen zuen, behin batean baino ez zen antzokian egon (non denaren gainean nagusi baita maitasuna debozioa delako legenda) eta berak entzun zitzakeen perutar taberna-kantek, Espainiakoek ez bezala, oso urriki islatzen zuten emakume idealizatuaren kultu erromantikoa. Bere buruari Perichole ederra eta aberatsa eta berealdiko zirtolaria eta Erregeordearen amorantea zela esaten zionean, eskuragaitzago egiten zuten atributu hauetako batek ere ez zuen haren kitzikamen jakingale eta samurra baretzeko indarra. Horrela egoten zen zuhaitzen kontra ilunpean, eri-bizkarrak hortzean zituela, bere bihotz-taupada ozenak entzuten.
Baina Estebanentzat ordura arteko bizimodua asegarria zen. Ez zeukan bere irudimenean leialtasun berri baterako tokirik, ez bihotza Manuelek baino txikiagoa zeukalako, baizik eta egitura sinpleagokoa zelako. Oraingo honetan ikasi zuen sekretutik inor ez da guztiz sendatzen, hots, maitasun beteginean ere maitale batak besteak baino sakontasun txikiagoz maitatzen duelakotik. Izan daitezke bi berdinki onak, berdinki dohaindunak, berdinki ederrak, baina ezin dira inoiz izan bi berdin-berdinki elkar maite dutenak. Hortaz Esteban haien gelan egoten zen kandela xirripatsu baten ondoan, eri-bizkarrak hortzean zituela, hausnartzen zergatik aldatua zen hainbeste Manuel eta zergatik aldendua zen haien bizitzatik zentzu guztia.
Arrats batean, kalean, mutiko batek Manuel geldiarazi eta esan zion Pericholek gura zuela berarengana behingoan joan zedin. Manuel bere bidean atzera egin eta antzokira joan zen. Artez, goibeltsu eta inpertsonal, aktoresaren gelan sartu zen eta zutik itxaron zuen. Camilak zerbitzu bat egiteko eskatu behar zion Manueli eta pentsatu zuen aldez aurretik apur bat balakatu beharko zuela, baina ozta egin zuen pausalditxo bat aurreko mahaiaren gainean zegoen ileorde horailaren orrazketan.
«Jendearentzat idazten dituzu gutunak, ezta? Nahi nuke gutun bat idatziko bazenit. Mesedez, hurbil zaitez.»
Bi pauso aurrera egin zituen.
«Ez didazue bisitarik bat ere egiten. Zuen jokaera ez da oso espainiarra» (esan nahi baita «kortesiazkoa»). «Zein zara zu, Manuel ala Esteban?»
«Manuel.»
«Berdin dio. Biok zarete mukerberak. Inoiz ez zarete ni ikustera etortzen. Hemen egun osoan egoten naiz pasarte tentelak ikasten eta txerpolari piloa besterik ez zait bisitatzera etortzen. Horrela gertatzen da aktoresa naizelako, ezta?»
Guzti hau ez zen oso arteriotsua, baina Manuelentzat ezin korapilatsuagoa zen. Neskari bere ile luzeen itzaletatik begirada harrituaz so zegoen eta ezer esan gabe jarraitzen uzten zion.
«Zure gain utzi nahi dut gutun baten idazketa, zeina baita oso gutun sekretua. Baina orain ikusten dut ez nauzula laket, eta zuri gutuna idazteko eskatzea eta tabernetan ozenki irakurtzea bat direla. Zer esan nahi du begirada horrek, Manuel? Nire adiskidea zara?»
«Bai, señora.»
«Zoaz, ba. Bidal iezadazu Esteban. Bai, señora ere ez duzu esan adiskide batek esango lukeen moduan.»
Isilune luzea. Eta gero burua jaso zuen neskak: «Oraindik hemen? Muker ala?»
«Bai, señora... nitaz fida zaitezke zuretzat edozer egiteko... fida zaitezke...»
«Eskatzen badizut niretzat gutun bat idatz dezazun, edo bi gutun, aginduko didazu ez diozula inori ere esango idatzitakoa edo zuk idatziak direla?»
«Bai, señora.»
«Noren izenean agintzen didazu? Ama birjinaren izenean?»
«Bai, señora.»
«Eta Santa Rosa Limakoaren bihotzaren izenean?»
«Bai, señora.»
«Jainkoarren! Pentsa liteke idia bezain ergela zarela. Manuel, oso haserre nago zurekin. Ez zara ergela. Ez egin ergelarena. Mesedez, ez esan berriro Bai, señora. Ez izan ergela edo Estebanen bila joateko aginduko dut. Zer gertatzen zaizu, ba?»
Honetan Manuelek espainiar hizkuntzari heldu zion eta premiagabeko indarrez esan: «Zin dagit Ama Birjinaren eta Santa Rosa Limakoaren izenean gutunaren gaineko guztia sekretua izango dela.»
«Baita Estebanentzat ere.» apuntatu zion Pericholek.
«Baita Estebanentzat ere.»
«Ongi, honela hobeto dago.» Adierazi zion jesar zedila idazteko gauzak prest zeuden mahaiaren aurrean. Diktatu zion bitartean zango luzeka ibili zen gelan zehar batetik bestera, beltzuri, aldakei eragiten ziela. Desafioka estutzen zuen bere txala sorbalden gainean.
«Camila Pericholek muin egiten du Berorren Goitasunaren eskuetan —Ez, hartu beste orri bat eta hasi berriro—. Señora Micaela Villegas-ek, artistak, muin egiten du Berorren Goitasunaren eskuetan eta dio ezen, B.G.aren ontasunak berorren ondoan permititzen dituen adiskide bekaizti eta gezurtien biktima izaki, ezin dituela gehiago jasan B. G.aren susmo txar eta jeloskeriak. B. G.aren zerbitzari honek betidanik estimatu du B. G.aren adiskidantza eta beronen kontra ez du inoiz jaulki, ezta pentsatu ere, inolako laidorik baina B.G.ak hain aise sinesten dituen kalumnien kontra gehiago borrokatu ezinik, Señora Villegasek, artistak, Perichole deitutakoak, guzti hori dela eta, honako honekin batera itzultzen ditu B. G.aren kentzezinezkotzat ez jotako erregaliak, zeren B. G.aren konfiantzarik gabe B. G.aren zerbitzari honek baietatik ez baitu atseginik hartzen.»
Camilak jarraitu zuen gelan zehar zenbait minutu gehiagoz ibiltzen, pentsaketan. Eta gero bere idazkariari begirada bat ere eman gabe, agindu zuen: «Hartu beste orri bat. Erotu zara? Ez iezadazu berriz ere opa beste zezenik. Itzelezko gerra aterarazi zuen azkenengoak. Zeruak gorde zaitzala, ene moxal hori. Ostiral gauean, toki berean, ordu berean. Apur bat berandu heldu beharko naiz, azeria erne dago eta. Hori da dena.»
Manuel zutitu egin zen.
«Zin egin dezakezu ez duzula errakuntzarik egin?,»
«Bai, zin dagit.»
«Hona hemen zure dirua.»
Manuelek dirua hartu zuen.
«Noizean behin gutun gehiago idatzi beharko dizkidazu. Nire osaba Piok idatzi izaten dizkit, baina hauek ez dut nahi ezagut ditzan Gabon. Jainkoa lagun dakizula.»
«Jainkoa lagun dakizula.»
Manuel eskaileratik behera jaitsi zen eta luzaro egon zen zuhaitzen artean, pentsatu gabe, mugitu gabe.
Estebanek bazekien anaiak etengabe Perichole gogotan zuena, baina inoiz ez zuen susmatu ikusten zuela. Noizean behin hurrengo bi hilabetean zehar mutiko txiki bat hurbildu ohi zitzaion arrapaladan galdezka ea zein zen bera, Manuel ala Esteban, eta Esteban baino ez zela ikasitakoan, mutikoak gaineratzen zuen Manuel antzokian behar zutela. Estebanek uste zuen deitzea kopista-lana egiteko izango zela, eta beraz erabat prestatu gabe zegoen gau batean beren gelan izan zuten bisitarako.
Ia gauerdia zen. Esteban oheratuta zegoen, eta burusiaren azpitik so zegoen lanean ari zen anaiaren ondoko kandelari. Leunkiro jo zuten atean eta Manuelek zabaldu zuen arnasestuka eta urduri zetorren dama guztiz estali bati sartzen uzteko. Aurpegitik buruzapia atzera jarri eta itobeharrez hitz egin zuen:
«Agudo, tinta-paperak. Manuel zara, ezta? Behingoan idatzi behar didazu gutun bat.»
Une batez neskaren begirada zuzendu zen kamainaren ertzetik berari begira so zeuden bi begi erluzetsuetara. Ahapeka esan zuen: «Ee... barkatu behar nauzue. Badakit berandu dela... beharrezkoa zen... etorri behar izan naiz.» Gero, Manuelengana itzuli eta belarrira xuxurlatu zion: «Idatzi hau: Ni, Perichole, ez nago zita baterako itxaroten ohituta. Idatzita daukazu? Cholo hutsa zara eta badaude matadore hobeagoak, are Liman ere. Ni erdi gaztelarra naiz eta munduan ez dago aktoresa hobeagorik. Ez duzu aukera gehiagorik izango, cholo horrek, —ondo hartu duzu?— ni berriz zure zain edukitzeko, eta neuk egingo dut azken barrea, zeren aktoresa bat ez da zezenkaria bezain arin zahartzen.»
Estebanentzat ilunpeko koadro hura, Perichole anaiaren eskuaren gainean makurtuta eta haren belarrira xuxurlatuz, erabateko argibidea izan zen, berak inoiz ezagutuko ez zuen gogaidetasun bat sortu zelakoa. Iruditzen zitzaion endurtzen zela espazioan, mugagabeki txikerra, mugagabeki nahi gabea. Berriz ere begiratu zuen Maitasunezko koadrora, bertatik iraitzia zen paradisura, eta aurpegia horma aldera bihurtu zuen.
Amaitu ordukoxe Camila gutunaz jabetu, txanpon bat mahaira bota eta gelatik irten zen farfaileria beltz, txirtxila eskarlata eta marmar asaldatuzko bolada batean. Manuel, kandela eskuan, atetik itzuli zen. Jesarri zen eta eskuak belarrietan, eta ukondoak belaunetan ipini zituen. Adoratu egiten zuen. Bere kolkorako esan eta esan zuen adoratzen zuela, hotsarekin konjuru moduko bat eta pentsatzeko eragozpena eginez.
Gogoa guztiz hustu zuen, doinu bakar hura baino ez zuen utzi, eta huts harexek permititu zion Estebanen aldarteari ohar zekiola. Iruditzen zitzaion ilunpetik zetorren ahots bat entzuten zuela esanez: «Joan eta jarrai iezaiozu, Manuel. Ez gelditu hemen. Zoriontsua izango zara. Munduan guztiontzako tokia dago.» Orduan gero eta biziagoa egin zen oharkuntza eta gogoan jaso zuen Estebanen irudia urruti-urrutira aldentzen eta joan ahala maiz askotan agur egiten. Izuz bete zen; eta beronen argitan ikusi zuen munduko beste atxikimendu guztiak itzal hutsak zirela, edo sukar-ilusioak, bai eta Madre María del Pilar ere, bai eta Perichole ere. Ezin zuen ulertu zergatik Estebanen dolorea aurkeztu behar zen bera eta Pericholeren arteko hautatu behar legez, baina ulertu ahal zuen Estebanen dolorea dolore legez. Eta behingoan honen alde dena sakrifikatu zuen, baldin eta esan badaiteke zerbait sakrifikatzen dugula, salbu eta, guk dakigunez, ezin lortzekoa zaiguna edo, halako jakinduria sekretu batek dioskunez, deseroso edo tristagarri suerta daitekeena. Egia esan, Estebanek ez zeukan kexabiderik. Ez zen jeloskeria, zeren lehenagoko amodio-kontuetan ez zitzaien inoiz murriztu, ez batari eta ez besteari, elkarrenganako leialtasuna.Gauza sinplea zen, bataren bihotzean bazegoen irudimenaz landutako atxikimendu baterako tokirik, eta bestearen bihotzean ez. Manuelek ezin zuen behar bezala ulertu eta, aurrerago ikusiko dugun bezala, salaketa zuzengabea jasotzen ari zelako zentzazio uherra hazi zitzaion. Baina ulertu zuen Esteban sufritzen ari zela. Bere asalduran itsuka hasi zen itzurtzen zitzaion anaiari eusteko moduaren bila ahaleginean. Eta bat-batean, zalantza-izpirik gabe, borondate-kolpe batez erauzi zuen Perichole bere bihotzetik.
Kandela itzali zuen eta ohean etzan zen. Dardarka zegoen. Ahots goraki, desaxola handiegiz, esan zuen: «Beno, ba, hori izan duk emakume horri idatzi diodan azkenengo gutuna. Bila dezala nonbait lupu bat. Horixe esaiok berriz deitzen badit hona, edo, kanpoan nagoela, esaten badik nire bila joateko. Esaiok horrelaxe, garbi-garbi. Ez diat berriz harremanik izango berarekin,» eta hau esanda hasi zen gaueko salmoak goraki errezatzen. Baina ozta esan zuen «a sagitta volante in die» konturatu zenean Esteban jaiki eta kandela pizten ari zela.
«Zer gertatzen da?» galdetu zuen.
«Kanpora noak ostera bat egitera,» ihardetsi zion Estebanek goibeltsu, gerrikoa lotzen zuelarik. Une baten ondoren suminduxe iharduki zion: «Nigatik ez duk zertan esan behar... esan duana. Berdin zidak gutunak heuk idatzi edo ez idatzi. Hik ez duk ezer aldatu behar nigatik. Ez diat inolako zerikusirik guzti honekin.»
«Hoa ohera, tentel hori! Jainkoarren, tentela haiz gero, Esteban! Zergatik pentsatzen duk zugatik esan dudala? Ez al duk sinesten diodana, berarekin amaitu dudala? Uste duk nahi diodala gutun lohi gehiago idatzi eta era horretara pagatua izatea?»
«Ondo zegok. Maite duk. Ez duk ezer aldatu behar nigatik.»
«Bera maite? Burutik hago, Esteban. Nola maitatuko dut, ba? Ze aukera izan nezake nik? Uste duk gutun horiek emango zizkidala inolako aukerarik izan banu? Uste duk gutunok idatzitakoan berak mahai gainera txanpon bat botako zuela?... Burutik hago, Esteban, horixe.»
Isilune luze bat egin zen. Estebanek ez zuen oheratu nahi. Kandelaren ondoan jesarri zen gela erdian, eta eskuaz zapladatxoka egiten zuen mahaiaren ertzean.
«Hoa ohera, tentel hori!» oihukatu zion Manuelek, burusiaren azpitik ukondo baten gainean jalgita. Hizkuntza sekretuan ari zen hizketan, eta bihotz-min berriak ematen zion errealitatezko kutsu handiagoa alegiazko haserrealdiari. «Egia duk, ba.»
«Ez diat nahi. Kanpora noak ostera bat egitera,» ihardetsi zuen Estebanek soinekoa hartuta.
«Ezin haiz kanpora joan ostera bat egitera. Ordu biak dituk. Euria ari dik. Ezin haiz horrela irten eta kanpoan denbora luzean ibili. Aizak, Esteban, zin egiten diat jadanik ez dagoela ezer. Ez diat maite. Aldikada batean baino ez nian maite izan.»
Jadaneko Esteban ate irekiaren itzalean zegoen. Gure bizitzako deklaraziorik inportanteenak egiteko erabiltzen dugun ahoskera artifizialaz marmar egin zuen, «enbarazuan egiten diat», eta itzuli zen joateko.
Manuelek salto egin zuen ohetik. Bazirudien burua zalaparta handi batez beteta zeukala, ahots batek deiadarka egiten ziola esanez Esteban betiko joaten ari zela, betiko bakarrik uzten ari zela. «Jainkoaren izenean, Jainkoaren izenean, Esteban, itzul hadi.»
Esteban itzuli egin eta oheratu zen, eta kontua ez zuten aste askotan aipatu. Biharamuneko gauean Manuelek bere jarrera agerian uzteko aukera izan zuen. Pericholeren mezulari bat ailegatu zen eta zakar esan zion aktoresari informatzeko Manuelek ez ziola gutun gehiagorik idatziko.
Arrats batean Manuel metal zati baten kontra jo eta belaunean zauritu zen.
Ordura artean anaik ez ziren egun batez ere gaixorik egon, eta honetan Manuelek, guztiz zorabiatuta, ikusten zuen nola hanka hanpatzen zitzaion eta minezko olatuak sentitzen zituen gorputzean zehar gora eta behera. Esteban, haren ondoan jesarrita, aurpegira begiratuz ahalegintzen zen zenbaterainoko min handia zuen imajinatzen. Azkenean, gauerdi batean, Manueli gogoratu zitzaion hiriko ile-apaintzaile baten letreroaren arabera jabea bizargin eta zirujau aditua zela. Estebanek korrika egin zuen kaleetan zehar haren bila. Gogor jo zuen atean. Azkenean emakume bat azaldu zen leihotik eta esan zion senarra goizean itzuliko zela. Ondorengo ordu ikaragarrietan zehar elkarri esan zioten doktoreak hanka ikusitakoan dena konponduko zela. Zer edo zer egingo zuen, eta Manuel hiritik ibiliko zen egun bat edo bi barru, agian egun bat barru, agian egun bat barru baino lehenago. Bizarginak heldu eta edari eta ukendu desberdin batzuk agindu zituen. Estebani manatu zion oihal hotzak anaiaren hanka gainean ordutik ordura ezartzeko. Bizarginak alde egin zuen eta anaiak jesarri ziren mina noiz arinduko zen zain. Baina, batak bestearen aurpegira begira, zientziaren mirariaren zain, jarraitzen zuten bitartean, mina gero eta handiagotzen zen. Ordutik ordura Esteban inguratzen zitzaion bere esku-oihal blaituarekin eta ikasi zuten aplikazio-unea txarrena zela. Manuel, munduko kemen guztiarekin ere, besterik ezin eta, ohean batera eta bestea bihurdikatzen zen garrasika. Gautu zen eta artean Estebanek, irmo, itxaroten, zaintzen eta jarduten zuen. Bederatziak, hamarrak, hamaikak. Oihalak aplikatzeko unea hurbiltzen zenean (dorre guzti haietatik hain musikalki jotako orduan) Manuelek erregutzen zion Estebani ez egiteko. Engainuaz baliatzen zen eta esaten zion ia-ia ez zuela minik nabaritzen. Baina Estebanek, bihotza atsekabez leherturik eta ezpainak altzairuzko marra bihurturik, burusia kendu eta lotu-lotu egiten zion eskuoihala hankan. Eldarnioak gradualki jabetu ziren Manuelez eta, aplikatze hau zela eta, bere senean galaraziko zituen pentsamendu guztiak ahotik kanpora botatzen zituen eztanda batean handituta.
Azkenean, ordu bietan, Manuelek amorruz eta oinazez bere senetik aterata, ohetik erdi irtenda, buruarekin behegaina jotzeraino, oihukatu zuen: «Jainkoak kondenatuko ahal dik hire arima infernurik kiskalgarrienera. Mila deabruk torturatuko ahal haute betiko, Esteban. Jainkoak kondenatuko ahal dik hire arima, aditu?» Hasieran, arnasa gorputzetik joanda, Esteban gelatik ezkaratzera joan eta atearen kontra gelditu zen aho-begiak zabal-zabalik. Artean entzuten zen barrukoa: «Bai, Esteban, Jainkoak kondena dezala hire arrima betiko, aditu duk, aditu? Ni eta zuzenez nirea zenaren artean jartzeagatik. Nirea zuan, aditu? Eta ze eskubide heukan hik, eta jarraian Pericholeren deskribapen zehatza zetorren.»
Suminaldiak ordutik ordura errepikatzen ziren. Eta zenbait denbora iragan zen, harik eta Esteban anaiaren gogoa ondoezik zegoela konturatzeko gauza izan zen arte. Ikaraldiaren ondoren, zeina aldez eragin baitzuen sinestuna izateak, berriz gelaratu eta bere eginbideei ekin zien buru-makur.
Egunsenti aldera anaia bareagotu zen. (Zein giza gaitzetarako ez ote da egunsentia aringarri?) Halako bitarte batean esan zuen Manuelek lasaikiro:
«Jainkoari eskerrak! Hobeto sentitzen nauk, Esteban. Azken finean oihalak onak bide dituk. Ikusiko duk, bihar jaiki eta hortik zehar ibiliko nauk. Ez duk egunotan lorik egin. Ikusiko duk, Esteban, ez diat problema gehiagorik sortuko.»
«Tentel hori! Ez zegok inolako problemarik.»
«Ez didak sinetsi behar trapu zaharrok jartzea eragozten diadanean.» Isilune luzea. Azkenean Estebanek amaitu zuen ozta entzungarri:
«Uste diat... ez duk uste ondo legokeela Pericholeren bila joatea? Balitekek bisitaldi laburra egitera etortzea. Esan nahi diat...»
«Bera? Oraindik ere babil horretaz pentsatzen? Ez diat inola ere hemen ikusi nahi. Ez.»
Baina artean Esteban ez zegoen konforme. Esaldi batzuk jaulki zituen bere izatearen erdi-erditik:
«Manuel, oraindik pentsatzen duk, ba, hi eta Pericholeren artean oztopo jarri nintzela, eta ez al duk gogoratzen esan niala niretzat dena ondo zegoela? Zin egiten diat pozik egongo nintzela zu harekin joanda, edo zernahi eginda.»
«Zer dela eta aipatzen duk guzti hori, Esteban? Esaten diat, ba, Jainkoaren izenean, ez nuela horrelakorik pentsatu. Bera ez duk ezer niretzat. Noiz ahaztu behar duk, Esteban? Esaten diat pozik nagoela gauzak diren bezala izanda. Begira, azkenean haserrarazi behar nauk behin eta berriro horretaz hitz eginez.»
«Manuel, ez niake berriz ere aipatu nahi, baina oihalak direla eta, nirekin haserretzen haizenean... hi, hi, horrexegatik haserretzen haiz. Eta horretaz hitz egiten duk eta hik...»
«Hara, ez nauk esaten dudanaren erantzule. Orduan mina diat hankan, ba.»
«Beraz infernura ez nauk kondenatzen ze... iruditzen al zaik hi eta Pericholeren artean oztopo izan naizela?»
«Hi kondenatu...? Zerk eragiten dik hori esaten? Zoratzen ari haiz. Esteban; gauzak imajinatzen dituk. Lo gabetua habil, Esteban. Benetako madarikazioa izan nauk hiretzat, eta osasuna nigatik galtzen ari haiz. Baina ikusiko duk, ez diat luzaroan enbarazurik egingo. Esteban, nolatan kondenatuko haut infernura, daukadan guztia hi izanda? Aditu, uler ezak, oihal hotzak ipini eta senetik ateratzen naizela. Badakik hala dela. Ez pentsatu gehiago. Berriz ipintzeko ordua duk. Ez diat txintik ere aterako.»
«Ez, Manuel, oraingo honetan ez diat egingo. Ez dik kalterik ekarriko, honetan baino ez diat egin gabe utziko.»
«Osatu behar nauk, Esteban. Laster jaiki behar nauk, badakik. Ipini. Baina itxaron apur bat, eman iezadak gurutzefika. Zin zegiat Jesukristoren gorputz eta bihotzaren izenean ezen Estebanen kontra zer edo zer esaten badut, nahi gabe egingo dudala, eta nik amestutako hitz ergel horiek hankako minan zor zaizkiola. Jainkoak laster senda nazala, amen. Berriz ipini. Jadanik prest nagok orain.»
«Hara, Manuel, ez dik kalterik egingo honetan ez egiteak. On egingo dik, seguru, ez asaldatzeak.»
«Ez, osatu behar nauk. Doktoreak esan dik hola egin behar dela. Ez diat txintik ere esango, Esteban.»
Eta berriz ere hasi zen dena. Bigarren gauean alboko gelan zegoen emagaldua horman joka hasi zen, halako hizkeraz gaitzituta. Beste alboko gelako apaiza irten zen pasillora eta ate-joka egin zuen. Solairuko guztiak gela aurrean bildu ziren erretxindurik. Ostalaria eskaileretan gora heldu zen, bere bezeroei ozenki aginduz anaiak hurrengo eguneko goizean bidaliko zituela ostatutik. Estebanek, kandela eskuan, pasillora irten eta utzi zien nahi bezainbeste beraren kontra aritu zitezen; baina, ondoren, larrialdirik latzenetan esku batez tinko estaltzen zuen anaiaren ahoa. Hala handitu zen Manuelen ernegua berarekiko eta gau osoa gurguratzen eman zuen.
Hirugarren gauean Estebanek apaiz bat eskatu zuen, eta itzal eskergen artean elizakoak hartu ondoren hil zen Manuel.
Harrezkero, Estebanek ez zuen etxe hartara itzuli nahi izan. Abiatzen zen ibilaldi luzeak egitera, baina laster itzultzen zen, bueltaka ibiltzen zen oinezkoei begira, anaia zetzan tokitik bi kaletatik harantzago. Ostalariak, harengandik ezer lortu ez, eta mutilak Santa María Rosa de las Rosas komentuan hazitakoak zirela gogoraturik, Abatesarengana jo zuen. Berak xalo eta zuhurki egin zuen egin beharrekoa. Azkenean kale kantoira joan zen Estebanekin hitz egitera. Bera hurbildu ahala begiratzen zion, antsia eta gibel-beldurrezko begiekin. Baina Abatesa haren ondora heldu zenean saiheska jarri eta beste alde batera begiratu zuen.
«Lagundu nahi dizut. Ez duzu ostatura etorri eta zeure anaia ikusi nahi? Ez didazu etorri eta niri lagundu nahi?»
«Ez.»
«Ez didazula lagundu nahi!» Isilune luzea. Bat-batean, ezin-ezinean zegoela, berpiztu zitzaion gogora zenbait urte lehenagoko jazoera bat: anaia bikiak, hamabost urte ingurukoak zirela, haren hanken aurrean jesarrita zeuden eta bera gurutzefikapenaren historia kontatzen ari zen. Haien begi handi serioak haren ezpainei josita zeuden. Bat-batean Manuelek oihuka esan zuen: «Esteban eta biok han izan bagina, eragotziko genukeen.»
«Beno, ba. Lagundu nahi ez badidazu ere, behintzat esango al didazu nor zaren?»
«Manuel,» esan zuen Estebanek.
«Manuel, ez al duzu etorri eta nirekin jesarri nahi, gutxienez apur batean?»
Isilune luze baten ondoren: «Ez».
«Baina Manuel, Manuel laztana, ez al duzu gogoratzen umetan zenbat gauza egin zenuen nigatik? Beti zeunden hiritik mandatu txikiak egiteko prest. Gaixorik nengoenean sukaldariari eragiten zenion niri zopa ekartzen utzi arte.» (Bestelako emakume batek esango zukeen: «Gogoratzen duzu zenbat egin nuen zugatik?»)
«Bai».
«Neuk ere galdu dut, Manuel. Neuk ere... behin. Badakigu Jainkoak Bere eskuetan hartu dituela...» Baina hau ere alferrik esan zuen. Esteban lekoratu antzean itzuli eta aldendu zitzaion. Hogeiren bat urrats egindakoan geratu eta albo-kale batera begiratu zuen, nola egiten baitu joan nahi baina deika ari zaion jabea gaitzitzearen beldur den txakurrak.
Hori baino ez zuten lortu ahal izan. Eta prozesio beldurgarria bere txotino beltzekin, bere kandelekin eguargitan, bere buru-hezur pilatuen erakusketarekin, bere salmo ikaragarriekin, hirian zehar iragan zenean Estebanek kale paraleloetatik jarraitu zion urrutitik begiradaka, basati antzo.
Lima guztia interesatu zen anaien banaketaz. Etxekoandreak errukiz mintzatzen ziren elkarrekin ahapeka, balkoietatik alfonbrak eskegitzen zituzten bitartean. Gizonek, tabernetan, kasua aipatzean buruari eragin eta apur batean isilik erretzen zuten. Barnealdetik ibilitako bidaiari batzuek ikusi omen zuten Esteban, begiak ikazbizituta, ibaien ubide lehortuetatik edo antzinako arrazaren herexa handien artean nora ezean. Llamazain bat topatu zen berarekin, muino baten gainean zegoela, lo edo zorabiatuta, izarren azpian ihintzaz blai. Arrantzale batzuek ikusi zuten hondartzatik urruti igerian zebilela. Noizbehinka lan egiten zuen, artzain edo orgazain jarduten zuen, baina hilabeteren batzuk iraganda desagertu eta zango luzeka probintziarik probintzia ibiltzen zen. Hain beti ere itzultzen zen Limara. Egun batean Pericholeren jantzi-gelako atean azaldu zen; hitz egitekotan hasi, serio-serio begiratu eta aienatu egin zen. Egun batean ahizpa bat arineketan sartu zen Madre María del Pilar-en langelan esanez Esteban (zeinari guztiek Manuel deitzen zioten) aiko-maiko zebilela komentuaren atalaurrean. Abatesa laster batean kaleratu zen. Hilabetetan ibili zen bere buruari galdezka ea nolaz konbentzi zezakeen mutil erdi-zoratu hura beraiekin bizitzera berriz ekartzeko. Jarrera ahalik eta serio eta baretsuena hartu eta kaleko atera irten ondoren, «ene adiskidea» marmaratu zuen, eta begiratu zion. Berak ere Abatesari begiratu zion lehenago ere erabilia zuen urruntasun eta errezelozko begirada berarekin, eta geratu egin zen, dardarka. Abatesak berriz ere xuxurlatu zuen «ene adiskidea», eta urrats bat aurrera egin zuen. Bat-batean Esteban itzuli, lasterketa egiteari ekin eta desagertu egin zen. Madre María del Pilar bere bulegora abian, estropezuka, itzuli zen, zapuztuta oihukatuz: «Zuhurtzia eskatu dut, eta Zuk ez didazu eman. Nahiago izan duzu graziarik bat ere ez ematea. Arraskaria baino ez naiz...» Baina, lotsagabekeria harengatik bere buruari ezarri zion nekea hartzen zuelarik, bururatu zitzaion Kapitain Alvaradorengana jotzeko ideia. Hiru aste geroago hamar minutuko solasaldia egin zuen berarekin. Eta hurrengo egunean Kapitaina Cuzcora abiatu zen, non orduan Estebanek Unibertsitatearentzat kopiatze-lanean omen ziharduen.
Bazen urte haietan Perun pertsonaia berezi eta prestu bat, Kapitain Alvarado, bidaiaria. Eguraldi guztiek beltzarandu eta zaildua zen. Plazan egoten zen oinak alde eraginda, azpian kubierta koloka baileukan. Begi bereziak zituen, distantzia laburretara egokitu gabeak, odei batzuk eta besteen artean konstelazioak antzematera moldatuegiak. Haren atzeratasuna, gutako gehienontzat, bidaiek aski garbi esplikatzen zuten, baina Marquesa de Montemayor-ek bestelako argibiderik zeukan gai honekiko. «Kapitain Alvaradok berak daramakizu gutun hau,» idatzi zion bere alabari. «Aurkeztu zeure geografialariei, ene kutuna, nahiz eta apur bat deseroso jarriko dituen, zeren egiazaletasunaren diamantea da. I noiz ez dute ikusiko bera bezain urrun ibilitakorik. Bart gauean bidaia batzuk kontatu zizkidan. Imajina ezazu bera belar txarrezko itsaso batean zehar brankaz aurrera egiten, ekainean larrapote-odei bati eragiten, edo izotzezko irlen artetik nabigatzen. A! Txinan eta Afrikako ibaietan gora ere ibilitakoa da. Hain ez da abenturari soila, eta ez dirudi lurralde berriak aurkituagatik harropuzten denik; merkatari soila ere ez da. Egun batean zuzenki galdetu nion zergatik bizi zen hala, eta itauna ekidin zuen. Neure latsariarengandik ikasi dut nire ustez erratze honen arrazoia dena: ene umea, berak ume bat zeukan; ene alaba, berak alaba bat zeukan. Neskato doi koskortua zen jaiegunetako janaria maneatzeko edo aitarentzat joste-lan txikiak egiteko. Kapitaina orduan soilki Mexikotik Perura artean nabigatzen zen eta neskak, ongi ibili eta ongi etorri, ehunka aldiz agurtu zuen. Ezin dugu jakin neska hura kapitainaren inguruan bizi zirenak baino politagoa edo argiagoa zenetz, baina berarena zen. Uste dut doilorkeria hutsa irudituko zaizula haritz handi bat bezalako gizon hura mundutik hala ibili beharra, nola itsua baitabil hutsik dagoen etxe batean, soilki neskato mukizua berarengandik aldendua delako. Ez, ez, zuk ezin duzu hau ulertu, ene bihotza, hain neuk bai, eta horrexegatik zurbiltzen naiz. Bart gauean elkarrekin jesarri ginen eta alabaren gainean hitz egin zidan. Bere eskuaz masailari eutsita zegoela suari begira, esan zuen: «Batzuetan iruditzen zait kanpoan dabilela bidaiatzen, eta berriro ikusiko dudala. Iruditzen zait Ingalaterran dagoela.» Barre eragingo dizut, baina uste dut hemisferioz hemisferio ibiltzen dela orain eta zahartzaroaren arteko denbora igarotzeko.»
Anaiek lotsa handia gorde zioten beti Kapitain Alvaradori. Berarentzat denbora laburrean lan egin zuten, eta hiruron isiltasunak zentzu-zuztar txiki bat sortu zuen harrokeria, buru-zuritze eta erretorikazko mundu honetan. Hortaz, bidaiari handia Esteban jaten ari zen sukalde ilunean sartzean, mutilak bere aulkia alde itzaltsuagora arrastatu zuen, baina urruti samar pozik zegoen. Kapitainak ez zuen inola ere aditzera eman ezagutu edo ikusi zuenik, harik eta jaten amaitu zuen arte. Estebanek askoz lehenago amaitu zuen, baina hitz egiteko gogorik ez zuenez, zain zegoen kapitaina taberna-zulo hartatik noiz irtengo zain. Azkenean kapitaina berarengana hurbildu eta esan zion:
«Esteban edo Manuel haiz. Behin deskarga-lanean lagundu hidan. Kapitain Alvarado nauk ni.»
«Bai,» esan zuen Estebanek.
«Zer moduz?»
Estebanek zer edo zer marmaratu zuen.
«Lagun sendoren batzuk behar ditiat hurrengo bidaian nirekin etortzeko.» Pausaldia. «Etorri nahiko huke?» Pausaldi luzeagoa. «Ingalaterra. Eta Errusia... Lan gogorra. Soldata ona... Bide luzea Perutik... Ados?»
Antza Estebanek ez zuen ezer entzun. Jesarrita zegoen mahaira begira. Azkenean Kapitainak ahots goraki, Esteban gorra balitz bezala, esan zion:
«Esaten diat, ba: nahi duk nirekin etorri hurrengo bidaian?...»
«Bai. Joan egingo naiz», erantzun zuen bat batean Estebanek.
«Ederto, ba, ederto. Hire anaia ere nahi diat, noski.»
«Ez.»
«Zer ba? Ezin etorri?»
Estebanek zer edo zer marmaratu zuen, begiak beste alde batera itzulita. Gero, erdi altxatzen zela, esan zuen: «Joan beharra daukat. Norbait ikusi behar dut gauza bat dela eta.»
«Utz iezadak neuri heure anaia ikusten. Non dago?» «Hilda,» esan zuen Estebanek.
«O, ez nekian. Ez nekian. Sentitzen diat.»
«Bai,» esan zuen Estebanek. «Joan beharra daukat.»
«E, Zein haiz hi? Nola daukak izena?»
«Esteban.»
«Noiz hil zen Manuel?»
«O, apenas... apenas aste gutxi. Belauna zerbaiten kontra kolpatu eta... orain aste gutxi.»
Biek begiratzen zuten behegainera.
«Zenbat urte duk, Esteban?»
«Hogeita hiru.»
«Beno, ba, orduan erabakita zegok, etorriko haiz nirekin?»
«Bai.»
«Agian hotzarekin ez hago oso ohituta.»
«Bai, ohituta nago... Orain joan beharra daukat. Hirira joan beharra daukat norbait ikustera, gauza bat dela eta.»
«Beno, Esteban. Itzuli afaltzerako eta hitz egingo diagu bidaiaz. Itzuli eta pixka bat ardo edango diagu elkarrekin. Nahi duk?»
«Bai, nahi dut.»
«Jainkoa lagun.»
«Jainkoa lagun.»
Elkarrekin afaldu zuten eta ados jarri ziren Limara hurrengo goizean abiatzeko. Kapitainak guztiz mozkor erazi zuen. Hasieran isilik aritu ziren edaran eta edan, edaran eta edan. Gero Kapitaina itsasontzi eta itsasbideei buruz hasi zen hitz egiten. Estebani galdetu zion tresna eta izar gidariei buruz. Orduan hasi zen mutila beste gauza batzuei buruz hitz egiten, oso goraki hitz egiten:
«Itsasontzian denbora guztian lanpetuta egoteko beste zeregin eman behar dit berorrek. Edozer egingo dut, edozer. Gora igoko naiz eta bagak lotuko ditut; gau osoan erne egongo naiz, zeren, berorrek jakiteko du, ez dut inola ere lorik egiten. Eta, Kapitain Alvarado, itsasontzian egin behar du ni ez ezagutuarena. Egin beza berorrek ezin gorrotoago nauelakoa, eta denbora guztian egitekoak agin biezazkit. Jadanik ezin naiz mahai aurrean jesarrita idazten egon. Eta ez biezaie aipa besteei nitaz ze, zeraz...»
«Entzunda nagok, Esteban, sutan zegoen etxe batean sartu eta norbait atera huela.»
«Bai, eta ez zitzaidan ezer ere gertatu, ezta erredura txiki bat ere. Gauza jakina da,» goraki esan zuen Estebanek, mahai gainean makurturik, «ez dugula zilegi nork bere burua hiltzea; jakina da ez dugula zilegi. Guztiok dakigu. Baina sutan dagoen etxean inor salbatzeko sartuta, ez litzateke norberaren burua hiltzea. Edo toreroa izan eta zezenak harrapatuta, ez litzateke norberaren burua hiltzea. Noski, debekatuta dago zezenaren bidean apropos jartzea. Inoiz ohartu al da berori animaliek, ezin salba daitezkeela ziur jakinda ere, ez dutela beren burua hiltzen? Inoiz, ezin salba daitezkeela ziur jakinda ere, ez dute beren burua ibaira botatzen edo holakorik egiten. Zaldiak sutzarretara sartzen omen dira. Egia al da?»
«Ez, ez diat uste egia denik.»
«Neuk ere ez dut uste egia denik. Guk txakur bat eduki genuen. Beno, ba, ez dut horretaz pentsatu behar. Kapitain Alvarado, berorrek Madre María del Pilar ezagutzen du?»
«Bai.»
«Opari bat egin nahi diot joan baino lehen. Kapitain Alvarado, nahi dut partitu aurretik soldata guztiak ematea, zeren ez baitut inon ere dirurik beharko, eta orain nahi baitiot opari bat erosi. Oparia ez da nirea bakarrik. Madre María del Pilar zen... zen...» Hemen Estebanek anaiaren izena esan gura izan zuen, baina ez zen gauza izan. Isilago segitu zuen, ordea: «Berak izan zuen halako... berak halako galera bat izan zuen, behin. Berak esan zuen. Ez dakit nor zen, eta opari bat egin nahi diot. Emakumeek ez dakite halakoak jasaten guk bezala.»
Kapitainak agindu zion goizean zerbait aukeratuko zutela. Esteban xehetasun handiz mintzatu zitzaion hartaz. Azkenean Kapitainak ikusi zuen nola lerratzen zen mahai azpira, eta bera mahaitik altxatu eta ostatu aurreko plazara irten zen. Begiratu zuen Andeen lerrora eta zeruan zehar betiko gainezkatzen Ziren izar-jario etengabeetara. Hantxe zegoen mamu hura aire zabalean dilindan eta irribarreka, mamu hura zilarrezko ahotsez milagarren aldiz esaten ziona: «Ez luzatu kanpoan, ze atzera itzultzerako neska handia izango naiz.» Gero ostatu barrura itzuli eta Esteban beraren gelara eramanda, jesarri eta luzaroan egon zen berari begira.
Hurrengo goizean, eskailera barrenean zain zegoela, azaldu zen Esteban:
«Prest hagoenean abiatuko gaituk,» esan zuen Kapitainak.
Distira berezia zuten berriro mutilaren begiek. Zakar esan zuen: «Ez, ez noa. Esanak esan, ez naiz joango.»
«Ai, Esteban! Baina agindu hidan etorriko hintzela.»
«Ezina da. Ezin naiz berorrekin joan.» Eta eskaileretan gora hasi zen.
«Etorri apur bat, Esteban, apur bat bakarrik.»
«Ezin naiz berorrekin joan. Ezin naiz Perutik partitu.»
«Zerbait esan behar diat, ba.»
Esteban eskailera barrenera jaitsi zen.
«Zer gertatuko da Madre María del Pilar-en erregaliarekin?» galdetu zuen Kapitainak ahots apalez. Esteban isilik zegoen, mendietara begira. «Ez diok erregalia hori kenduko, ez ba? Badakik... oso garrantzitsua izango litzatekeela berarentzat.»
«Konforme,» murmurikatu zuen Estebanek oso hunkitu balitz bezala.
«Bai. Bestalde ozeanoa Peru baino hobeagoa duk. Peru, Cuzco, errepidea, denak ezagutzen dituk. Osoki ezagutzen dituk. Hara, ozeanoa falta zaik. Bestalde ontzian denbora guzti-guztian izango duk zereginik. Arduratuko nauk, ba. Joan, ekarri heure gauzak eta abiatuko gaituk.»
Esteban saiatzen ari zen erabaki bat hartzen. Betidanik Manuel izan zen erabakiak hartzen zituena, eta Manuelek ere ez zuen inoiz beharrik izan halako erabaki inportanterik hartzeko. Esteban astiro igo zen eskaileretan gora. Kapitainak itxaron zion, luzaro itxaron ere, harik eta azkenean eskailera erdietaraino benturatu zen arte, non entzuten jarri baitzen. Hasieran isiltasuna zen nagusi; gero zarataren batzuk, haren irudimenak berehalaxe ezagutu zituenak. Esteban habe baten igeltsua karrakatu ondoren, bertan soka bat ipintzen ari zen. Kapitaina eskaileretan zegoen, dardarka. «Agian egokiena izango da» esan zuen bere baitan. «Agian bakarrik utzi beharko nuke. Agian hauxe da irtenbide bakarra.» Orduan beste hots bat entzunda atearen kontra oldartu zen, gela barruan sartu eta mutilari oratu zion. «Joan hemendik,» oihukatu zuen Estebanek. «Utzi bakean. Ez sartu orain.» Esteban ahozpez erori zen behegainera. «Bakarrik nago, bakarrik, bakarrik,» oihukatu zuen. Kapitaina haren gainean zegoen, zutik, aurpegi arrunta atsekabez zimurtu eta grisaturik; bere aspaldiko orduak birbizitzen ari zen. Munduko eletaririk txarrena zen, itsas kontuez izan ezik, baina une batzuetan adore handia behar da gauza hutsalak esateko. Ez zekien seguru behegainean zetzan figura hura entzuten ari zen ala ez, baina hitz egin zion: «Ahal duguna egiten diagu. Esteban, ahalik eta hobetoen egiten diagu aurrera. Ez duk luzerako, ba. Denbora etengabe zioak aurrera. Harritzekoa duk nola iragaten den denbora.»
Limara abiatu ziren. San Luis Reyren zubira heldu zirenean Kapitaina azpiko errekara jaitsi zen, pasaeran zenbait merkantziari kontu egiteko, baina Esteban zubitik igaro eta beronekin batera erori zen behera.
© Thornton Wilder
© itzulpenarena: Xabier Angulo