BIGARREN ATALA

MARQUESA DE MONTEMAYOR: PEPITA

 

        Askoz ere gehiago jakitea eskatzen zaie gaur egun Espainian eskola-umeei, Doña María, Marquesa de Montemayor, izan zenari buruz, Anai Juniperok ikertuz urteak eman ondoren ediren zuena baino. Hil eta hurrengo mende betean haren gutunak espainiar literaturaren monumentuetako bat bilakatu ziren, eta harrezkero haren bizitza eta garaiaz azterketa sakonak egin dira. Baina haren biografoak oker ibili dira era batera, frantziskotarra hainbat beste batera: dohainez janzten ahalegindu dira, atzera irakurtzeko haren bizitzan eta harengan gutunetan ugari diren edertasunak, eta aldiz, emakume harrigarri honi buruzko ezagutza egiazkoa etorri behar da bera umiliatzetik eta edertasun guztiak, salbu eta bat, kentzetik.

        Ehun-merkatari bat zuen aita, Plazatik bertan limatarren diruak eta gorrotoa bereganatu zituena. Neskatoaren haurtzaroa ez zen zoriontsua izan; itsusia zen; totelka egiten zuen; amak sarkasmotan egiten zion xarma sozialik sortarazteko asmoz eta behartzen zuen bitxiz gainezka pildatuta hirian zehar ibiltzen. Bakarrik bizi eta bakarrik pentsatzen zuen. Senargai asko azaldu zitzaizkion, baina ahal bezainbeste borrokatu zen bere garaiko konbentzionalismoen kontra eta erabaki sendoa hartu zuen ezkongabe irauteko. Ama-alabek histeriazko eszenak egiten zituzten, elkarri erasian, txilioka eta panpaka. Azkenean, hogeita sei urte zituela, ezkontzak lotu zuen jaun argoi eta zorrek jandako batekin, eta gonbidatuek burlen burrunbaz bete zuten Limako katedrala. Eta artean bakarrik bizi eta bakarrik pentsatzen zuen, eta alaba eder bat jaio zenean, maitasun idolatrikoz atxiki zuen. Baina Clara txikia aitaren ezpalekoa zen; hotza eta intelektuala. Zortzi urterekin lasai asko zuzentzen zion amari hizkera eta geroxeago harriduraz eta nazkaz tratatzen zuen. Ama zortzerbatua otzandu eta lausengatu zen, baina ezin zion bere buruari eragotzi Doña Clararen ondotik jarrai zezan adeitasun larriz eta bere maitasun aspergarriaz. Berriro ere errepikatu ziren erasia histerikoak, txilioak eta panpakadak. Berari ezkontza eskatutakoetatik Doña Clarak berariaz aukeratu zuen Espainiara joan beharrekoa. Beraz, Espainiara joan zen, hots, gutun-erantzunak sei hilabeteko bidea daukan lurraldera. Halako bidaia luzeen aurretiko agur aldia Elizaren elizkizun zeremoniatsu bilakatua zen. Ontzia benedikatu zuten, eta bera eta kostaldearen bitartea zabaldu ahala talde biek belaunikatu eta abestu zuten himno bat, aire zabalean makal eta herabea ematen zuena. Doña Clara eratasun miresgarriz abiatu zen itsasoz, ama utzia, itsasontzi distiratsuari so zegoen bitartean, eskuarekin sakatuz, noiz bihotza, noiz ahoa. Lauso eta nabar ikusten zituen Pazifiko barea eta beronen gainean beti ibilge zintzilik dauden perlazko odei gaitzak.

        Liman bakarrik utzita, Marquesaren bizimodua gero eta barrukoagotu zen. Janzkerari dagokionez geroago eta axolagabeagotu zen, eta bakardadean bizi diren guztiek bezala, klarki entzuteko moduan hitz egiten zuen bere buruarekin. Bere existentzia osoa gogoaren muin irazekian zeukan. Aldarte horretan hizketa amaigabeak egiten zituen bere alabarekin, ezinezko errekontziliazioak, behin eta berriz damu-kezkaz eta barkazioz berrasitako eszenak. Kalean atso zaharra zen, ileorde gorria belarri baten gainera erorian zuela, ezkerreko masaila azaleko eritasun batez suztatua, eskuinekoa osagarri gorri batez berdindua. Kokotsa inoiz ez zuen siku; ezpainak inoiz ez geldi. Lima eszentrikoen hiria zen, baina han ere trufagai bilakatu zen kaleetan ibiltzen edo elizetako harmailetan gora oinak herrestaka erabiliz igotzen zenean. Pentsatzen zuten etengabe mozkor zegoela. Gauza txarragoak ere esan zituzten berari buruz, eta eskabideak egin ziren giltzapera zezaten. Hirutan salatu zioten Inkisizioari. Hurrean erreko zuten, suhia Espainian itzal gutxiagokoa izan balitz, eta Marquesak berak nolabait erregeordearen gortean adiskide batzuk bildu ez balitu, haren arrarotasuna eta irakurri handiagatik jasaten zutenak. Ama eta alabaren elkar-harreman doloretsuak mingaitzagotu ziren diruaren gaineko gaizki ulertu batzuk zirela eta. Condesak amarengandik diru-esleipen bat eta opariak ugari jasotzen zituen. Doña Clara berehalakotik bilakatu zen espainiar gortean emakume argietan gailena. Peruko aberastasun guztiak ez ziren aski izango berak gura zuen era arranditsuan bizi ahal zedin. Arraro samarra bada ere, zarrasteltasuna bere jitearen ezaugarririk hoberenetako batetik zetorkion: adiskideak, otseinak eta hiriko jende interesgarri guztia bere umeak legez preziatzen zituen. Bazirudien, egia esateko, munduan pertsona bat bakarrik zegoela atseginez tratatzen ez zuena. Haren protégé-etako bat De Blasiis kartografoa zen (zeinak «Mundu Berriaren Mapak» liburua Marquesa de Montemayor-i dedikatu baitzion Limako gortesauen barre algaren artean, irakurri zutelako bera zela «hiriak miretsia eta Mendebaldeko sorteguzkia») beste bat Azuarius zientzialaria zen, zeinaren lege hidraulikoei buruzko tratatua debekatu baitzuen Inkisizioak, antza kitzikagarriegia zelako. Hamarkada batez Condesak, hitzez hitz esanda, mantendu zituen Espainiako arte eta zientzia guztiak; ez zuen berak errurik izan, denbora hartan ezer gogoangarririk egin ez izanaz.

        Doña Clara joan eta lau urte ingurua, Doña Mariak baimena jaso zuen Europa bisitatzeko. Alde biek bisitaldiaren aurretik hartu zituzten erabakiak bakoitzak bere buruari egindako erasietatik sortu ziren: batak eroapentsu izatekoa, besteak zogi izatekoa. Biok huts. Batak bestea torturatu zuten, eta zoratu zorian egon ziren, etengabe beren bururari agirika eta grina bizien mende. Guenean, egun batez Doña María egunsentia baino lehen ohetik jaiki, alaba lo zegoen gelako atean mun ematen baino ausartu ez, itsasontziratu eta Ameriketara itzuli zen. Harrezkero gutun-idazketa jabetu zen ezin bizi zuen maitasun guztiaren tokiaz.

        Berak idatzitakoak dira gutun haiek, mundu harrigarri honetan eskola-umeen testu-liburu eta gramatikalari inurrien bazkagai bilakatu direnak. Doña Mariak bere jeinua sortu beharko zukeen, beraren jabe jaio ez balitz, zeren halako moldez baitzuen beharrezkoa bere maitasunerako, urrutiko haurrak jaramon, agian miretsi, egin ziezaion. Bere burua behartzen zuen gizarteratzen, gauza irri-egingarriak biltzeko xedez; begiei irakatsi zien behatzen; hizkuntzaren maisu-lanak irakurri zituen efektuak aurkitzeko; limurtzen zen beren hizketagatik entzutetsuak zirenen lagunartera. Gaurik gau bere jauregi barrokoan idazten eta berridazten zituen orri sinesgaitz haiek, antze eta ederraren mirari haiek, erregeorde-gorteari buruzko kronika mamitsu haiek. Orain badakigu alabak doi-doi irakurtzen zituela eta haren suhiari zor diogula gutunak kontserbatu izana.

        Marquesa txundituko zatekeen, jakin balu gutunok hilezkorrak zirela. Hala eta guztiz ere, kritikari askok salatu dute gogoan gerokoak zeuzkalarik idatzi zituela eta seinalatu dute zenbait gutun erretorika-ariketa hutsa direla. Haien ustez, Doña Maríak alaba liluratzeko ezingo zizkion bere buruari eragin artista gehienek jendea liluratzeko jasaten dituzten atsekabe berak. Suhiak bezala ez zuten ondo ulertu: Condeak laket zituen gutunak, baina pentsatzen zuen estiloaz atsegin hartuta, aberastasun eta asmo osoa ateratzen ziela, alde batera utziz (irakurle askok bezala) literaturaren xede benetakoa, hau da, bihotzari ohartzea. Estiloa ontzi erdeinagarri samarra besterik ez da, bertan likido mingotsa munduari gomendatzeko. Marquesa txundituko zatekeen, jakin balu gutunak oso onak zirela, zeren halako autoreak bizi dira beti beren gogoen goi-arnasan, eta ekarpen hauek, guk bikainak deritzegunak, haientzat errutina-egun bat baino hobexeagoak besterik ez dira.

        Halakoa zen atso zahar hura, ordurik ordu balkoian jesarrita egoten zena, lastozko kapela arraroak purpurazko itzala moldatzen zuela haren aurpegi zimurtu eta horiaren gainean. Orriak bere esku bitxiztatuekin pasatzen zituenean maiz galdetu ohi zion bere buruari, kasik jostaketan, ea bihotzeko atsekabe etengabeak oinarri fisikorik izango ote zuen. Jakin gura zuen ea osagile zorrotz batek tronu kolpatu hura ebakiz ediren zezakeen zeinurik, eta ikasleengana bihurturik esan: «Emakume honek sufritu du eta sufrikarioak markatu dio bihotzaren egitura». Hain maiz bururatzen zitzaion ideia hau, ezen egun batez gutunean idatzi baitzuen, eta alabak murrungatu zuen introspekziotan eta negarraren kultua egiteagatik.

        Ordainez inork maitatuko ez zuela jakiteak haren ideiei eragiten zien, mareak harkaitzei bezala. Aurrena sinesmen erlijiosoa galdu zuen, zeren eta berak jainko bati, edo hilezkortasunari, eska ziezaiokeen gauza bakarra baitzen, alabek amak maite dituzten tokiaren oparia; Zeruetako beste atributuak ezer ez batean lot daitezke. Hurrena bere ingurukoen egiatasunari buruzko sinesmena galdu zuen. Isilpean pentsatzen zuen inork (berak salbu) ez zuela inor maite. Familia guztiak ohiturazko giro idorrean bizi ziren eta isilpeko indiferentziaz musu ematen zioten elkarri. Ikusten zuen jendea mundu honetan egotismozko armadura jantzita zebilela, bere buruari beha, konplimendu-egarri, esaten zitzaienaz ezer gutxi adituz, adiskiderik minenak galarazitako ezbeharrei sorgor, beren gurariekiko komunio luzea eten zezaketen dei guztien beldur-ikaran. Halakoak ziren Adanen seme-alabak Katai-tik Perura. Eta balkoian pentsabide hauetan baina abiatzen zenean, ezpainak estutu ohi zitzaizkion lotsaz, zeren baitzekien ezen berak ere bekatu egiten zuela eta, nahiz alabarenganako maitasuna behar bezain zabala zen maitasunaren kolore guztiak edukitzeko, tiraniaren itzalik gabekoa ez zela: alaba maite zuen ez alabarengatik berarengatik, bere buruagatik baizik. Luzaroan irrikitu zuen askapena lokarri doilor honetatik; baina azpiratzeko biziegia zen grina. Eta orduan balkoi berde hartan gerra estrainio batek inarrosten zuen andre zahar ezain hura, baina borroka singularki alferrekoa zen, erortzeko paradarik inoiz izango ez zuen tentaldiaren kontrakoa. Nolaz edukiko zuen bere agindupean alaba, bost mila kilometro bitartean, berau ziur egonda? Hala eta guztiarekin ere Doña María gatazkatzen zen bere tentaldiaren mamuarekin eta honek beti garaitzen zuen. Bere alaba beretzat nahi zuen; nahi zuen esan ziezaion: «Zeu zara ama denik eta hoberena»; irrikaz gura zuen alabak xuxurla ziezaion: «Barka nazazu».

 

        Espainiatik itzuli eta bi urte ingurura Marquesaren barne bizitzarekin zerikusi handia izan zuten gertaera nabarmengaitz batzuk jazo ziren. Korrespondentzian dago horiei buruzko alusio ganduzko bakarra, baina XXII. Gutunak beste jakinbide batzuk ere badauzkanez gero, saiatutako naiz gutunaren lehenengo zatiaren ahalik eta itzulpen eta iruzkinik egokienak egiten:

        «Ez al dago medikurik Espainian? Non ote daude zaindu ohi zintuzten Flandeseko gizon prestu haiek? O, ene bitxia, nola zigor zintzaket katarroa hainbeste astez luzatzen uzteagatik? Don Vicente, arren eskatzen dizut nire umea zentzatzeko. Zeruko aingeruak, arren eskatzen dizuet nire umea zentzatzeko. Orain, hobeto baitzaude, otoi eskatzen dizut katarroaren lehenengo seinaleaz ohartu bezain laster lurrunetan egin eta oheratzeko erabakia har dezazun. Peru honetatik ezin dizut lagundu; ezin dut ezer ere egin. Ez izan egoskorra, ene kutun hori. Jainkoak benedika zaitzala. Gaurko paketean batu dizut Santo Tomasen arrebek aterik ate saltzen daten zuhaitz bateko goma. Ez dakit oso baliagarria izango den. Ez dizu kalterik emango. Esan didatenez komentuan moja tentelek hain sarri erabiltzen dute, ezen mezatan intsentsua ezin baita usaindu. Ez dakit onuragarria izango den; proba ezazu.

        »Lasai egon, ene laztan hori, honekin batera urrezko katea betegina bidaliko diot Bere Maiestate Txit Katolikoari.» (Alabak idatzi baitzion: "Katea ondo heldu zen eta Infantearen bataioan jantzi nuen. Bere Maiestate Txit Katolikoak bera miresteko atsegintasuna izan zuen, eta zeuk eman zenidala esan nionean, zuretzako goraipamena egin zidan. Behar diozu ahalik eta berdintsuena igorri; segituan igor iezaiozu txanbelanaren bitartez») "Ez du jakin behar bera eskuratzeko koadro batean sarta behar izan nintzela. Gogoratzen duzu San Martingo sakristian dagoela Velazquezek egindako erretratu bat, Monasterioa fundatu zuen Erregeordearen eta beronen emazte eta mukizuarena? Emazteak urrezko katea bat daukana? Bada, erabaki nuen huraxe izan beharko zela. Beraz, gauerdi batean sakristian sarta, hamabi urteko neskato antzo jantzi-kutxa gainera igo eta barruan sarta nintzen. Mihiseak gogor egin zidan une batez, baina pintorea bera aurreratu zitzaidan pigmentuaz bestaldera igotzen laguntzeko. Esan nion Espainian aurki litekeen neskarik ederrenak munduko errege gorenari urrezko katerik bikainena erregalatu gura ziola. Kontatu bezain erraza izan zen, eta hantxe ari ginen hizketan, laurok, Velazquez bat eratzen duen giro gris eta zilarrezkoan. Orain pentsatzen ari naiz argi urrezkoago batez; etengabe ari naiz jauregiari begira: arratsa Tiziano batean eman behar dut. Erregeordeak utziko lidake?"

        »Baina Bere Goitasunak berriz ere du hezueria. Berriz ere diot zeren eta gorteko lausengatzaileak esan eta esan aritzen baitira aldikada batzuetan horretatik libre dagoela. Gaur San Markoren eguna denez, Bere Goitasuna Unibertsitaterantz abiatu da, bertan hogeita bi doktore berri munduratuko baitziren. Dibanetik karrozara eraman duten ordukoxe, garrasika hasi da eta aurrerago joateari uko egin dio. Atzera oheratu ondoren, zigarro puru gozo bat piztu eta Pericholeren bila joateko agindu du. Eta gu doktrina-mintzaldi luzeegiak, hala-holako latinaz, entzuten ari ginen bitartean, bera guri buruzko guztiak, hala-holako espainieraz, aditzen ari zen hiriko mihi gorri eta ankerrenetik.» (Doña Mariak pasarte hau idatzi zuen, nahiz eta alabaren azken gutunean honako hauxe irakurri berria zuen: "Zenbat aldiz esan behar izango dizut gutunak zuhurrago idatzi behar dituzula? Maiz dute bidaian ireki dituztelako seinale agirikoa. Zuk-ondo-dakizun hari buruz idatzitakoak baino ezin daiteke ezer gaizkiagotzat hartu. Halako idatziak ez dira barre eragitekoak, nahiz eta Vicentek eskutitz-ondoan ederto daudela esan dizun, eta arazo handitan sar gaitzakete Espainiako pertsona nagusi batzuekin. Harri-harrituta nago zure arinkeriengatik aspaldian landetxera joateko agindurik jaso ez izanaz.")

        »Jendalde handia izan zen doktore berrien hitzaldietan eta emakume bi erori ziren balkoitik behera, baina Jainkoak, bere bihozberatasunean, Doña Merceden gainera eror erazi zituen. Hirurak daude larriki zaurituta, baina urte bete barru beste edozer izango dute gogoan. Presidentea ari zen hizketan ezbeharra gertatu zenean, eta begi-laburra izanik ezin zuen asmatu zer izan zitekeen oihu eta hitz eta gorputz erorien zalaparta guzti hura. Oso laket izan zitzaigun, txalo jotzen ziotelakoan, kilimusi egiten ikustea.

        »Pericholez eta txaloez bidenabar, jakiteko duzu Pepita eta biok erabaki dugula gaur gauean antzokira joatea. Publikoak bere Perichole oraindik ere idolatratzen du; haren urteak ere barkatzeraino. Ahal duena salbatzen omen du goizero masailetan izotzezko eta suzko lapitzak pasatuz.» (Itzulpena oso motz gelditzen da espainiar hizkuntzaren pitxitasun guztia daukan galania honen kasuan. Condesaren adeitasun lausenguzkotzat hartu zen, eta faltsua zen. Aktoresa bikain hark hogeita zortzi urte zituen orduan; haren masailek marmol hori-ilunaren leun eta garbitasuna zuten eta, eiki, kualitateok urte askotarako atxikiko zituzten. Antzezpenetarako komestikoez gain, Camila Pericholek aurpegiari egiten zion tratamendu bakarra egunean bi aldiz ura ematea zen, emakume nekazariek zaldi-uhaskan bezala.)

        »Osaba Pio deitzen dioten gizon arraro hori beti dago berarekin. Don Rubiok dio ezin duela igarri Osaba Pio haren aita, amorantea edo semea den. Pericholek antzezpen bikaina egin zuen. Egidazu agirika nahi adina probintzianismo ergel honegatik, baina holako aktoresarik Espainian ez dago.» Eta abar.

        Baina antzokirako bisita honen gai-jarioa agortu gabe daukagu. Pericholek Moretoren Trampa Adelante-ko Doña Leonor antzezten zuen obra ikustera joatea erabaki zuen; agian bisitalditik idazgairik aterako zuen bere alabarentzako hurrengo gutunean erabiltzeko. Pepita eraman zuen, neskato bat, zeinari buruz aurrerago asko ikasi beharko baitugu. Doña Maríak bere gelaria izateko jaso zuen Santa María Rosa de las Rosas komentuari atxikitako umezurztegitik. Marquesa bere palkoan zegoen jesarrita, gero eta aditasun txikiagoz eszenategi distiratsuari begira. Ekitaldien artean Perichole dotoreziazko antzezte-saila alde batera utzi eta teloiaren aurrera azaldu ohi zen guztien ahotan zeuden gaiei buruzko abestiren batzuk kantatzera. Aktoresa maliziatiak Marquesa heldukeran ikusia zuen eta berehalaxe hasi zen koplak botatzen haren itxuraz, diru-goseaz, mozkorrez eta harengandik ihes egindako alabaz ere. Publikoak maltzurki behatzen zion emakume zaharrari eta gero eta mesprezuzko marmar handiagoa egiten zen entzuleriaren barre algarekin. Baina Marquesa, antzerkiaren lehenengo bi ekitaldiek hunkituta, apenas ikusten zuen kantaria eta aurrera begi-begi zegoen, Espainiaz pentsatzen. Camila Perichole gero eta lotsagabeago ari zen eta giroa elektrizitatez bete zen jendetzaren gorroto eta alegrantziarekin. Azkenean Pepitatak Marquesari mahukatik tiratu eta joan behar zirela xuxurlatu zion. Palkoa uzten ari ziren unean publikoa jaiki eta garaikundezko orro batean lehertu zen; Perichole dantza ero batean apoderatu zen, zeren enpresaria aretoaren atzealdean ikusi eta soldata gehitu ziola baitzekien. Marquesa, aldiz, gertatutakoa jakin gabe gelditu zen; egia esan, poz-pozik zegoen, zeren bisitaldi hartan zenbait esaldi borobil sortu baitzituen, eta esaldiok (batek daki!) alabaren aurpegira irriren bat ekarri eta zera xuxurlatu eragingo zioten: «Zinez, ama xarmangarria dut».

        Behar bezala heldu zen Erregeordearen belarrietara antzokian aristokratetako bati agerriz egindako isekaren berria. Pericholeri jauregira deitu eta agindu zion Marquesarengana joan zedin eta barkazioa eskatzeko. Ortozik eta beltzez jantzita joan beharko zen. Camila gatazkatu eta borrokatu zen, baina zapata parea besterik ez zuen irabazi.

        Erregeordeak hiru arrazoi zituen eusteko. Lehenik, kantaria haren gortearekin libertate gehiegiz aritua zen. Don Andrések erbestaldia eramangarritzeko asmatu zuen hain zeremonial korapilatsua, ezen pentsatzeko oeste gairik ez zeukan gizarteak soilki oroitu ahal izango zuen. Berak zaintzen zituen aristokrazia txikia eta beronen distintzio zinbrikiak, eta Marquesa bati egindako edonolako iraina Haren Pertsonari egindako iraina zen. Bigarrenik, Doña Mariaren suhia gero eta inportanteagoa zen Espainian, eta Erregeordeari kalterik ekarri ahal izateko gai, are gehiago, beraren ordez ezarri ahal izateko gai. Conde Vicente d'Abuirre ezin zen haserrarazi, ezta amaginarreba erdi ergelarengatik ere.

        Azkenik, Erregeordeak pozarren apalaraziko zuen aktoresa. Susmatzen zuen matadore, edo agian aktore, batekin engainatzen ari zela; gorteko lausenguen eta hezueriaren inertziaren artean ezin zuen ziur jakin nor zen; nolanahi ere, garbi zegoen kantaria bera munduko gizon printzipaletako bat zela ahanzten hasita zegoela.

        Marquesa, kanta laidotsuak entzun gabe edukitzeaz gain, beste gauza batzuengatik ere ez zegoen prest aktoresaren bisitarako. Jakiteko duzu alaba joan ondoren, Doña Mariak nolabaiteko kontsolabide bat aurkitu zuela: edanari emana zen. Perun guztiek edaten zuten chicha eta jaiegun batean konorterik gabe topatua izatea ez zen aparteko lotsabidea. Doña María ohartu zen bere sukarrezko bakarrizketek gau osoan loa galarazten ziotela. Behin batez, lotarakoan ildaskadun edalontzi bat chicha edan zuen. Gogotik galtzea hain goxoa izan zen, ezen laster isilpean gero eta gehiago edaten baitzuen eta Pepitari ondoreak estaltzen saiatzen zen: aditzera ematen zion ez zegoela ondo eta gainbeheran erakusten zuen bere burua. Azkenean, etsituta, plantak egiteari utzi zion. Gutuna Espainiara eramaten zuten itsasontziak hilabetetik hilabetera baino sarriago ez ziren partitzen. Paketea egin aurreko astean zehar erabateko erregimena egiten zuen eta sarritan jorratzen zuen hiria idazgairik batzeko. Azkenean posta-bezperan gutuna idazten zuen, egunsentian fardela egin eta Pepitari ematen zion agenteari entrega ziezaion. Orduan eguzkia irten ahala, bere gelan pitxer batzuekin hertsi eta orbela uretan bezala eman ohi zituen hurrengo asteak kontzientziaren zamarik gabe. Guzti honen buruan zorion hartatik jalgi eta «entrenamendu» egoeran sartzeko prestatu ohi zen beste gutun baten idazketa prestatu asmoz.

        Hala, bada, antzokiko eskandaluaren ondorengo gauean XXII. Gutuna idatzi zuen eta bonbil batekin oheratu zen. Hurrengo egun osoan Pepita harat-honat ibili zen gelan, larri-larri oheko figurari begira. Hurrengo arratsaldean Pepitak bere joste lana gelara eraman zuen. Marquesa etzanda zegoen begiak zabal-zabalik sabaiari so, bere buruarekin hizketan. Ilunabar aldean Pepitari ezkaratzera deitu eta esan zioten Perichole etorria zela andrea ikusteko. Pepitak oso ondo gogoratzen zuen antzerkikoa eta haserre bidali zuen erantzuna, andreak ez zuela ikusi nahi. Morroiak mezua kaleko atera eraman zuen, baina sor eta lot itzuli eta informatu zuen Señora Pericholek Erregeordearen gutun bat zeukala bera andreari aurkezteko. Pepita behatz-punttetan ohera joan zen eta Marquesari hitz egiten hasi. Begi lausotuak neskaren aurpegirantz mugitu ziren. Pepitak emeki eragin zion. Doña María ahalegin handiz saiatu zen bere gogoa esaten ari zitzaionari ohartzen. Birritan atzera etzan zen, esana aditzeari uko eginik, baina azkenean (jeneral bat bezala, gauez eta euritan bere armadako dibisio sakabanatuei elkartzeko agintzen) oroimena eta aditasuna eta beste ahalmen batzuk bildu zituen, eta eskuarekin bekokia neke gorritan presionatuaz batera katilukada bat elur eskatu zuen. Ekarritakoan, luzaro eta lo erdi, esku-beteka presionatu zituen loki-masailak; gero luzaro egon zen zutik, ohearen kontra bere oinetakoei begira. Azkenean, zirt edo zart, burua jaso zuen; larruzko apaingarridun kapa eta errezela eskatu zituen. Jantzi eta aktoresa zain zeukan ezkaratzik ederrenera zanbuluka joan zen.

        Camilak erabakita zeukan axolagabe eta, ahal izanez gero, ozar aritzea, baina lehenengoz hunkitu zuen emakume zahar haren duintasunak. Mertzeroaren alabak bazekien batzuetan Montemayortarren distintzio guztiarekin jarduten eta Camilarentzat begi erdi itxi haiek larderia nekatuaren airea zuten eta ia herabeki hasi zen:

        «Etorri naiz, señora, ziur egon nahi nukeelako nire antzokia bistatzeko ohorea egin zidan gauean esan nituenak berorren graziak oker ulertu ez zituela».

        «Oker ulertu? Oker ulertu?» esan zuen Marquesak.

        «Berorren graziak agian oker ulertu eta pentsatuko zuen nire hitzak berorren graziarenganako begirunearen kontra esan zirela.»

        «Nireganako?»

        «Berorren grazia ez dago minduta zerbitzari apal honekin? Berorren grazia jakitun dago nire egoerako aktoresa gaizo bati gerta dakiokeela bere asmo-nahietatik harago egitea... oso zaila dela... eta dena...»

        «Baina, nola egongo naiz minduta, señora? Gogoratzen dudan guztia zure antzezpen ederra da. Artista bikaina zara. Zoriontsua izan behar zara, zoriontsua. Nire zapia, Pepita...

        Marquesak hitz hauek oso arin eta zehaztugabe jaulki zituen, baina Perichole nahasita zegoen. Lotsa zorrotz batez bete zen. Gorri-gorritu zen. Azkenean gauza izan zen marmarez honako hauxe esateko:

        «Antzerkiaren ekitaldien arteko abestietan izan zen. Beldur nintzen berorren grazia...»

        «Bai, bai. Orain gogoratu zait. Goiz joan nintzen. Pepita, goiz joan ginen, ezta? Baina, señora, goiz, gainera zure antzezpen miresgarriaren erdian, joan izana barkatzeko bezain atsegina zara. Ahaztuta daukat zergatik joan ginen. Pepita... o... ondoezaren bat...»

        Antzokiko inork ere ezingo zuen gaizki ulertu abestien xedea. Camilak soilki suposatu ahal zuen ezen Marquesa bihotz handitasunik handienaz erreparatu gabearena egiten ari zela. Ia negarretan zegoen: «Gaina hain zara ona, ezen nire umekeria ez baituzu kontutan hartzen, señora, berorren grazia esan nahi dut. Ez nekien. Ez nekien zure ontasuna. Señora, utz biezat eskuan muin egiten.»

        Doña Maríak, txundituta, eskua luzatu zuen. Inork ez zion aspaldidanik horrela hitz egin. Auzoak, merkatariak, zerbitzariak —zeren Pepita ere haren beldur bizi baitzen—, eta alaba bera ez zitzaizkion sekula ere horrela hurbildu. Beste aldarte bat sortarazi zion; segur aski minberakeriazkoa esan litekeena. Berritsu hasi zen:

        «Minduta, zugatik minduta, ene polita... ene ume dohaintsua? Ez naiz nor... atso inozo eta maitegabe hau, zugatik minduta egoteko. Sentitu nintzen, ene alaba, banengo bezala —nola dio olerkariak?— hodei tartetik aingeruen hizketa ezustean entzuten. Zure ahotsak bata bestearen atzetik erakusten zizkidan gure Moretoren miragarritasunak. Esan zenuenean:

 

                «Don Juan, si mi amor estimas,

                y la fe segura es necia?

                Enojarte mis temores

                Es no quererme discreta.

                Tan seguros...»

 

eta abar, hura egia! Eta nolako keinua egin zenuena Lehenengo Egunaren bukaeran. Hara hor, zure eskuarekin, honela. Birjinak egin zuenaren modukoa, Gabrieli zioelarik: Nola daiteke nik ume bat izatea? Ez, ez, nigatik gaitzituko zara, zeren erakustera noakizu keinu bat, agian gogoratuko zaizuna noizbait erabiltzeko. Bai, egokia liteke zeure Don Juan de Lara barkatzen duzun eszenan. Behar bada esan behar dizut nire alabak egun batez nola egiten zuen ikusi nuela. Nire alaba oso ederra da... denek hala pentsatzen dute. Zuk... zuk nire Doña Clara ezagutzen duzu, señora?»

        «Bere Graziak maiz egin zidan antzokia bisitatzeko ohorea. Condesa ondo ezagutzen nuen aurpegiz.»

        «Baina, ene umea, ez egon horrela, belauniko. Pepita, esaion Jenaritori berehala damarentzat pasta batzuk ekartzeko. Pentsa ezazu, behin elkarrekin samurtu ginen, ahaztu dut zergatik. O, ez da bat ere harritzekoa; ama guztiok noizbehinka... Hara, hurbilduko zara apur bat gehiago? Ez duzu sinetsi behar hirian esaten dutena, nirekin ez zela bat ere atsegina. Izaera ederreko emakume handia zara eta gai hauetaz jende arruntak baino gehiago dakizu. Laket zait zuri mintzatzea. Ze ile ederra daukazun! Ze ile ederra! Bera ez zen jite maitekorrekoa, badakit. Baina oi, ene umea, nolako inteligentzia eta graziazko altxorra zeukan! Gure arteko oker ulertuen errua guztiz nirea da; ez al da miragarria ni hain arin barkatzea? Egun hartan suertatu zen halako egoera labur haietako bat. Biok esan genizkion elkarri zuhurgabekeriak eta zein bere gelara joan ginen. Orduan elkarrenganantz itzuli ginen barkazio eske. Azken batean ate batek besterik ez gintuen elkarrengandik banatzen eta elkarren kontrako aldera bultzatzen ari ginen. Baina, azkenean, berak... hartu zuen nire... aurpegia... honela, bere bi esku zuriekin. Ikusi! Honelaxe!»

        Marquesa aulkitik ia erori zen makurtzean, zorionezko malkoak aurpegitik behera zerizkiola, eta keinu beatifikoa egitean. Keinu mitikoa esan beharko nuke, zeren eta jazoera amets errepikakorra baino ez baitzen.

        «Pozik nago zu hemen egoteaz» segitu zuen, «zeren eta orain entzun baituzu nire ahotik bera ez zela desatsegina nirekin, batzuek dioten bezala. Sinets iezadazu, señora, neuk neukan errua. Begira iezadazu. Begira iezadazu. Nonbait errakuntzaren batez izan nintzen hain neska ederraren ama. Izaera gaitzekoa naiz. Nekagarria naiz. Bera eta zu emakume bikainak zarete. Ez, ez, nazazu geldiarazi: aparteko emakumeak zarete, eta ni, berriz, emakume kexu... lelo... ergela. Utz iezadazu oinetan muin egiten. Jasanezina naiz. Jasanezina naiz.»

        Eta honetan bai, atsoa aulkitik erori egin zen; Pepitak jaso eta atzera oheratu zuen. Perichole espantatuta etxeratu zen eta luzaroan egon zen jesarrita bere begiei so, eskuak masailen kontra presionatuta.

        Baina Pepita gelariak ikusten zituen ordu gaitzenetako gehienak. Pepita umezurtza zen, eta Limako jeinu harrigarri hark, Abatesa Madre María del Pilar-ek hazi zuen. Peruko bi emakume bikainak (perspektiba historikoak agertaraziko zituen bezala) behin baino ez ziren aurrez aurre topatu; egun hartan Doña Maríak Santa María Rosa de las Rosas komentuko zuzendariarengana jo eta galdetu zion ea umezurztegiko neska argi bat utziko zion beraren gelaria izateko. Abatesak zorrotz begiratu zion atso groteskoari. Munduko pertsonarik zuhurrenak ere ez dira guztiz zuhur, eta Madre María del Pilarrek, zeina zorakeriazko eta erronkazko maskara guztien ostean giza bihotz gaizoa antzemateko gai baitzen, sekula ere ez zuen sinetsi nahi izan Marquesa de Montemayorek holakorik zeukanik. Makina bat itaun sakon egin zion eta gero isildu zen pentsatzeko. Pepitarentzat nahi zuen jauregian bizitzearen mundukoitasun-esperientzia. Atsoa haren interesetara bihurtzea ere nahi zuen. Eta sumindura ilunez bete zen, zeren baitzekien begien aurrean zeukana Peruko emakume aberatsenetako bat zela, eta itsuena.

        Zibilizazioaren historian markatutako garaian baino zenbait mende lehenago ideia batekin maitemintzeagatik beren biziak karraskatzen laga duten pertsona horietako bat zen Abatesa. Bere burua jaurtikitzen zuen garaiko temaren kontra emakumeei duintasun apur bat atxiki gurean. Gauerdiz komentuko kontuak amaituta, jausi ohi zen zorakeriazko begitanzioztan, zeintzuetan emakumeak organizatu ahal ziren emakumeak babesteko, bidaiatzen diren emakumeak, zerbitzari ari diren emakumeak, zahartuta edo gaixorik dauden emakumeak, berak Potosiko mehatzetan, edo ehun-merkatarien tailerretan topatutako emakumeak, berak gau euritsutan atalaurrean bildutako neskak. Baina beti, hurrengo goizean, aurpegi eman behar zion honako egitate honi: Perun emakumeak, baita mojek ere, bizitza bi ideiarekin zeharkatzen zutelakoa. Bat, gertatu ahal zitzaizkien zoritxar guztien zergatia beraiek mantentzeko gizonik lotzeko behar bezain politak ez izate soiletik zetorrela, eta, bi, munduko miseria guztia jasan zitekeela gizonaren fereka baten truke. Berak Limako ingurumariak besterik ez zuen ezagutzen eta uste zuen hango ustelkeria gizateriaren egoera normala zela. Gure mendetik behatuta ikusten dugu haren itxaropenaren erokeria osoa. Halako hogei emakumek ere ez zuten aro hartan eraginik izango. Hala ere gogotik saiatzen zen eginbide hartan. Alegiako enara zirudien, zeinak mila urtean behin galburu bat lekualdatzen zuen, ilargira heltzeko mendi bat altxatuko zuelako itxaropenaz. Halako pertsonak aro guztietan azaltzen dira; beren galburuen garraioan temaz aritzen dira eta ikusleen murrikaldietatik halako poz indargarri bat ateratzen dute. «Zein janzkera sinotsua!» aldarrikatzen dugu. «Zein janzkera sinotsua».

        Aurpegi arrunt gorriak haren bihotz on handia agertarazten zuen, eta bihotz ona baino areago idealismoa, eta idealismoa baino areago buruzagigoa. Haren lan, ospitale, umezurztegi, komentu, ustekabeko salbamendu-ibilerak diruaren mendekoak ziren. Inork ez zuen bere baitan berak baino gehiago miresten ontasun hutsa, baina behartua izan zen bere burua zaintzera, bere bihotz ona, kasik idealismoa, buruzagigoaren alde sakrifikatzera, hainbesteraino baitziren izugarriak eliz nagusiengandik diru-laguntzak eskuratzeko borrokak. Limako artzapezpikuak, zeinaren aspektu atseginago bat aurrerago ezagutuko baitugu, zioenez, Vatiniar gorrotoz gorroto zion eta haren bisiten azkentzea heriotzaren ordainen artean sailkatzen zuen.

        Sentitzen hasi berria zuen ez bakarrik zahartzaroaren hutsa, baita ere abisu larriago bat. Izu-ikaratzen zen, ez beragatik, bere lanagatik baino. Nork Perun estimatuko zituen berak estimatutako gauzak? Eta egun batean egunsentian jaiki eta ibilaldi arina egin zuen bere ospitaletik eta bere komentutik eta bere umezurztegitik, oinordekoa izateko hezi ahal izango zuen arima baten bila. Lehiatuki ibili zen aurpegi huts batetik bestera, noizbehinka gelditzen zelarik konbentzimenduz baino areago itxaropenez. Patioan ehun-zuriketan ari zen neska-talde batekin topatu bezain fite erreparatu zion guztien zuzendari gisa arituaz batera, sugar dramatiko biziz Santa Rosa Limakoaren bizitzako egitxura gutxieneko mirariak kontatzen ari zen hamabi urteko neskatoari. Hala, bada, ikerketa Pepitarekin amaitu zen. Handitasun-heziketa zail samarra da edonoiz, baina komentuko sentikortasun eta jeloskerien artean oso zeharka-meharka egin beharra dago. Etxeko eginbeharrik higuingarrienak ezarri zitzaizkion, baina administrazioaren aspektu guztiak konprenitzera heldu zen. Abatesari laguntzen zion bidaietan, nahiz eta arrautza eta barazkien zaintzaile egitekoarekin izan. Eta toki guztietan, ustekabez, ba ohi zen astiunerik zuzendaria agertu eta berari xehetasun handiz hitz egiteko, esperientzia erlijiosoaz ez ekik, emakumeak eraentzeaz, eta kutsakorren gelen planifikazioaz eta diru-eskabideak egiteaz ere. Handitasunerako heziketa hartako beste maila bat burutu zen Pepitak Doña Manaren gelaria izatearen eginbehar eroak betetzeari ekin zion egunean. Lehenengo bi urtean soilki noizbehinkako arratsaldez joaten zen jauregira, baina azkenean bizitzera joan zen. Inoiz ez zuen uste izan zoriontsua izango zenik, eta, egoera berriaren desegokitasunak, terroreak ez esateagatik, ez zitzaizkion gehiegizkoak iruditzen hamalau urteko neskato batentzat. Ez zuen susmatu abatesa etxe inguruan zaingoan ibiltzen zenik, zamak indartu barik, min egiten duen unea zelatatzen.

        Pepitaren froga batzuk fisikoak ziren: adibidez, etxeko otseinek Doña Maríaren ondoeza ustiatzen zuten; jauregiko logelak senideei zabaltzen zizkieten; lasai asko lapurtzen zuten. Pepitak bakarrik egiten zien kontra eta deserosotasun txiki eta joko txarrezko jazarpena pairatzen zuen. Gogoak ere bazeuzkan, era bertsuan, bere atsekabeak: Doña Maríari hiritik mandatuak egiten laguntzen zionean, atsoaz jabetu ohi zen elizan abiadan sartzeko guraria, zeren eta fede legez galdutako erlijioaren ordez hartu baitzuen erlijioa magia legez. «Egon hadi hemen eguzkitan, ene ume laztana; ez naiz luze egongo», esaten zuen. Gero Doña María aldare aurrean sor egonez gizabidea ahaztu eta beste ate batetik irteten zen elizatik. Madre María del Pilar-ek esanekotasun ia gaixokorra irakatsi zion Pepitari eta, ordu askoren buruan, eliza barrura ausartzen zenean, andrea joana zela ziur zegoenean, artean ere kale kantoira itzuli eta itxaroten zion itzalek gradualki kalera erori eta berau zeharkatzen zuten bitartean. Jendaurrean itxaronez neska gaztetxo bati dagokion lotsak osoki torturatzen zuen. Arrean umezurztegiko uniformea erabiltzen zuen (Doña Maríak berari apur batean kontu eginda, aldatuko zuena) eta haluzinazioak izaten zituen, eta berauetan gizonak berari begira-begira zeuden marmarka; ez ziren beti haluzinazioak. Ez zen txikiagoa bihotzak pairatu beharrekoa, zeren egun batzuetan Doña María bat batean ohartu eta gozo eta arraiki mintzatzen zitzaion, Gutunen sentiberatasun eztiari azaltzeko bidea ematen ziolarik; geroago, biharamunean, bere baitara berriz bildu eta, zakarra inoiz ere izan gabe, inpertsonalizatu eta itsutu egiten zen. Pepitak horretan xahutu eragindako itxaropen eta xera hastapenak zaurtu behar ziren. Behatz-punttetan ibiltzen zen jauregitik, isilean, burtzoratuta, soilki atxikita bertara bidali zuen bere «Jaungoikoaren sinesmeneko ama»renganako, Madre María del Pilar-enganako, betebehar eta leialtasunari.

 

        Azkenean Marquesa eta beronen gelariaren bizitzetan gerora oso eragin handia izango zuen beste egitate bat azaldu zen argitara; «Ene ama maitea», idatzi zuen Condesa-k, «eguraldia oso nekagarria izan da, eta lorategiak eta baratzeak loretan egoteak hainbat eta akigarriagoa egiten du. Loreak lurrinik gabeak direnean baino ezin ditzaket jasan. Hortaz eskatu behar dizut ohi baino laburrago idazteko baimena. Vicentek, posta abiatu aurretik itzultzen bada, pozarren amaituko du orriska eta nitaz emango dizkizu hain atsegin dituzun xehetasun gogaikarriren batzuk. Ez naiz Proventzako Grignan-era joango, uste nuen bezala, udaberri honetan, nire umea urriaren hasieran jaioko da eta.»

        Zein ume? Marquesak hormari heldu zion zutik eusteko. Doña Clarak aurreikusi zituen albiste honek amari erne eraziko zizkion enbarazu nekagarriak eta arindu nahi izan zituen bidenabar bezala berria emanez. Trikimailuak ez zuen arrakastarik lortu. Erantzuna XLII. Gutun famatua izan zen.

        Orduantxe, guenean, Marquesak bazeukan artega egoteko zerbait: haren alaba ama izateko zen. Doña Clara aspertu baino ez zuen jazokuntza honek emozio-eskala berria kanpora erazi zion Marquesari. Medikuntza-jakitate eta sugestioaren mehatze bilakatu zen. Hiria arakatzen zuen atso jakintsuen bilaketan eta gutunak Mundu Berriko herri-jakinduriaz betetzen zituen. Superstiziorik nardagarrienean jausi zen. Tabu-sistema andeagarria erabiltzen zuen bere umea babesteko. Inola ere ez zuen etxean korapilorik permititzen. Neskameei ilea lotzea debekatu zien eta aldean zeramatzan ezkutaturik erditze zoriontsurako sinbolo erridikuluak. Eskaileretako maila bikoitiak klarion gorriz markarazi zituen eta halabeharrez maila bikoiti bat zapaldu zuen neskamea negarrez eta garrasiz etxetik bidali zuen. Doña Clara Natura gaizto zalearen eskuetan zegoen; beronek zeukan haren umeei txantxarik ikaragarrienak egiteko eskubidea. Bazen propiziazio-araudi bat, emakume nekazarientzat belaunaldiz belaunaldi kontsolabidea izan zena. Hain testigantza-saldo handiak dudagabe inplikatzen zuen egia pixka bat bazela. Behintzat ezin zuen kalterik ekarri, eta agian mesede egin bai. Baina Marquesak ez zituen paganismoaren errituak soilki betetzen; halaber ikasi zituen kristautasunaren preskripzioak ere. Argitu gabe jaiki eta kaleetatik estropezuka eginez joaten zen lehenengo mezetara. Histerikoki besarkatzen zituen aldare-hesiak estatuatxo apainduegiei aterarazi nahian seinale bat, soilki seinale bat, irribarre zirkin bat, ezkozko buruen makurtze furtibo bat. Ondo aterako da? Birjina maite-maitea, ondo aterako da?

        Batzuetan, halako inbokazioez egun osoan porrokatu ondoren, supituki pentsamendua aldatu egiten zitzaion. Natura gorra da. Jainkoa ezaxolatia da. Gizonaren esku ez dago legearen bidea aldatzerik. Orduan kale-kantoiren batean gelditzen zen, etsipenak zorabiaturik, eta hormaren kontra egoten zen planik gabeko mundutik ateratzeko irrikan. Baina berehala. Agian handiaren sinesmena olatu egiten zitzaion bere izaera-zolatik eta korrika bizian abiatzen zen etxera alabaren ohearen inguruan kandela berriak ipintzera.

 

        Azken finean heldu zen perutar etxeetan ilusio handiz espero izaten zen jazokuntza honekiko erritu nagusia: Santa María de Cluxambuqua-ko erlikia-tokirako erromesaldia. Debozioak inolako eraginkortasunik izanez gero, dudagabe erlikia-toki nagusi honetarako bisitaldian izango zuen. Lurra saindua izana zen hiru erlijioz: Inken zibilizazioaren aurretik ere giza izaki larrituek haitzak besarkatzen eta beren burua zigorrez zartakatzen zuten zerua haien nahietara limurtzeko. Bertara eraman zuten Marquesa ohatzean, San Luis Reyren zubia igaroz eta mendietan gora igoz emakume gerriko zabalen hirirantz; herri hura trankila zen, hunkitzen geldo eta irribarre geldokoa, hiri hark kristalezko airea zuen, hango iturri ugarien erreka elikatzaileak bezain hotza; hiri hura zen, leun eta eztia, eztabaidarik alaienak elkarrekin egiteko doinukidetutako kanpaizkoa. Cluxambuqua herrian edozer nahigabe bilakatuz gero, atsekabea nola edo hala beretzakotzen zuten Andeen hurrentasun jarkiezinak eta kale lateraleei gora eta behera zerien poz lasaizko giroak. Urrundik herri honen horma zuriak, tontor garaien lerro okerretan pausatuak, ikusi ordukoxe, Marquesaren atzamarrek kunderei eragiteari utzi eta bere larrikararen otoitz-jarduna eten zitzaion ezpainetan.

        Ostatuan pausatu ere gabe, baina egotaldia antolatzeko Pepita bertan utzita, elizaraino jarraitu zuen eta hantxe egon zen luzaro belauniko, eskuak bata bestearen kontra leunkiro zapladatxoka. Bere baitan gora zetorkion etsipen-marea berria entzuten ari zen. Agian garaiz ikasiko zuen alaba eta jainkoei beren asuntoak goberna zitzaten permititzen. Ez zuen gaitzerarazten kandelak eta dominak saltzen zituzten eta egunsentitik ilundu artean diruaz hizketan ziharduten soineko forruztatutako atso zaharren hizki-mizkiak. Sasi-sakristau batek, sariren bat kobratzen ahalegindu eta, zapuzturik, zoruko baldosa bat berritzeko estakuruz tokia aldatu eraginda ere ez zuen distraitu. Geroxeago eguzkitara irten eta iturriko mailetan jesarri zen. Ezinduen prozesio laburrari behatu zion, lorategietan geldiro itzulinguruka. Hiru belatzi behatu zion, zeruan oldarka. Iturri ingurutik jolasean ibilitako umeek berari apur batean begiratu eta beldurturik alde egin zuten, baina llama batek (dama hura, sama luze eta begi gozo hutsaletakoa, ari zen, larruzko kapa pisuegi baten zamapean, eskailera azkengabean behera polliki-polliki bidea hautatzen) berarengana heldu eta mustur bilotsu hirrikitua eskaini zion laztantzeko. Llamek oso interes handia dute beren inguruko giza izakiekiko; are gehiago, gizakiarena egitea gustatzen zaie, eta burua haien elkarrizketetan sartzea, halako batean ahotsa goratu eta ohar hits eta lagungarririk egin ahal balute bezala. Berehala Doña María inguratu zuten halako ahizpa batzuek, zeintzuk, antza, galdetzear baitzeuden zergatik zebilen esku-zartaka eta zenbat kostatzen zen metro bat errezelgaia.

        Doña Maríak agindua emana zuen Espainiako gutunak heldu bezain laster mezulari berezi batek berari eraman ziezazkion. Limatik astiro etorria zen eta, plazan jesarrita zegoelarik, haren etxaldeko mutil batek korrika iritsi eta eskura eman zion pergamuz batutako eta lakrezko koska batzuk zintzilik zeuzkan pakete handi bat. Astiro zabaldu zituen enbolturak. Keinu estoiko neurtuz irakurri zuen lehenengo eta behin suhiaren ohar txeratsu eta irrikorra; gero alabaren gutuna. Beteta zegoen oharpen zaurgarriz, zeintzuk, gainera, bikain samar esanak ziren, agian hala esanak dotoreziaz mina ematearen birtuosismo hutsagatik. Esaldi bakoitzak topatzen zuen bidea Marquesaren begietatik, eta gero, ulerkortasun eta barkamenez kontu handiz batu eta bihotzean iltzatzen zitzaion. Azkenean jaiki, llama begikoak adeitasunez sakabanatu eta aurpegiera ilunez itzuli zen erlikiara.

 

        Doña María arratsa elizan eta plazan pasatzen ari zen bitartean, Pepitak ostatuarekikoa antolatu behar izan zuen. Erakutsi zien morroiei zumezko saski handiak non jarri eta ekin zion aldarea, su-ontzia, tapizak eta Doña Clararen erretratuak paketeetatik ateratzeari. Sukaldera jaitsi eta sukaldariari azalpen zehatzak eman zizkion Marquesaren elikagai nagusia zen zuku bereziaren prestaketaz. Gero geletara itzuli zen itxarotera. Erabaki zuen Abatesari gutun bat idaztea. Hegatsa luzaro izan zuen dilindan, ezpainak dardarka urrutira begira. Ikusten zuen Madre María del Pilar-en aurpegia, hain gorri eta marruskatua, eta begi beltz ederrak. Entzuten zuen haren ahotsa, afalondoan (umezurtzak, begiak behera eta eskuak baturik, jesarrita) eguneko gorabeherak komentatzen, edo, kandela-argitan, ospitaleko ohe artean zutik, gaueko meditazio-gaiaz mintzatzen. Baina Pepitak elkarrizketa arinak gogoratzen zituen hobekien, Abatesa (neskatoa nagusiagotu arte itxaroten ausartu gabe) bere lanbide-eginbeharrez berarekin mintzatzen zenekoak. Berdinez berdin hitz egiten zuten. Halako solasaldiak miragarri eta kezkagarriak dira ume argientzat, eta Madre María del Pilar-ek gehiegi egin zituen. Zabaldu zuen Pepitaren ikusmoldea, nola sentitu eta jokatu beharko zuen kontuari buruzkoa, haren adinaren neurritik gain. Eta oharkabeki bere nortasunaren sugar osoa azaldu zion, nola Jupiter-ek azaldu baitzion Semele-ri. Pepita bere gutxiegitasunaz izututa zegoen; ezkutuan gorde eta negar egiten zuen. Eta orduan Abatesak jaurtiki zuen bakardade luze haren diziplinapera, zeinean Pepita borrokatzen baitzen, abandonatuta zegoelako sinesmena bere buruari onartzen utzi gabe. Eta orduan ostatu estrainio hartan mendi estrainio haietan, non goratasunak burtzoratzen baitzuen, presentzia laztanaren, bere bizitzako gauza zinezko bakarraren, irrikan zegoen.

        Gutun bat idatzi zuen dena tinta-lohidura eta inkoherentziaz betea. Gero behera joan zen ikatzaren bila eta zukua dastatzera.

 

        Marquesa etorri eta mahaian jesarri zen. «Ezin dut gehiagorik egin. Izatekoa izango da» esan zuen ahapeka. Samatik superstiziozko kutunak kendu eta su-ontzi izeki barruan utzi zituen. Jainkoari erregu-otoitz gehiegi eginda etsaiarazi zuelako uste estrainioa zeukan eta horrexegatik zeharka hitz egin zion. «Azken finean guztia beste baten esku dago. Ez dut den mendreneko influentziarik eskatuko. Izatekoa izango da». Luzaro egon zen jesarrita, ahurrak masailen kontra, gogoan ezer ere gabe. Beraren begiak Pepitaren gutunerantz zuzendu ziren. Mekanikoki zabaldu eta hasi zen irakurtzen. Erdia irakurrita zeukan hitzen esanahiaz jabetu baino lehenago: «...baina guzti hau ez da ezer berorrek maite banau eta berarekin egon nadin gura badu. Ez nioke esan behar baina noiz edo noiz neska ganbarari gaiztoek geletan ixten naute eta gauzak lapurtzen dituzte eta behar bada andreak pentsatuko du neuk lapurtu ditudala. Espero dut ezetz. Espero dut berori ondo egongo dela problemarik gabe ospitalean edo beste inon. Inoiz ikusi ez arren berorretaz pentsatzen dut denbora guztian eta gogoan daukat berorrek esana, Jainkoaren sinesmenean dudan ene ama maite hori. Nahi dut soilki egin berorrek nahi duena, baina utzi ahal balit atzera itzultzen komentuan egun batzuk pasatzen, hain ez badu gura ez. Baina hain bakarrik nago eta inori hitz egin ez, eta gainerako guztia. Batzuetan ez dakit ni ahaztu nauen eta bilatuko balu minutu bat gutun txiki bat edo zerbait niri idazteko. Euts niezaioke, baina badakit zein lanpetuta...»

        Doña Maríak ez zuen gehiago irakurri. Gutuna tolestu eta alde batera utzi zuen. Une batez bekaizkeria jabetu zitzaion: irrikan zegoen arima bati moja hark zekien bezain zeharo nagusitzeko. Batez ere irrikan zegoen maitasunaren xalotasunera itzultzeko, beraren maitasunak betidanik eduki zuen hanpuruskeria eta banitatezko zama egozteko. Gogoaren zarraparra baretzeko deboziozko liburu bat hartu eta saiatu zen hitzak irakurtzeari ekiten. Baina berehalaxe, bat batean, sentitu zuen gutun osoa berrirakurtzeko beharra, halako zorionaren sekretua, ahal bazuen, edireteko.

        Pepitak, neskame batek jarraitzen ziola, ekarri zuen afaria. Doña Maríak liburuaren gainaldetik behatu zion Zeruetako bisitari bati behatuko zion bezala. Pepita behatz-punttetan zebilen gelan zehar mahaia antolatzen eta laguntzaileari aginduak ahapeka esaten.

        «Afaria prest du ene andreak», esan zuen azkenean.

        «Baina, umea, ez al dun nirekin afalduko?» Liman gehienetan bere nagusiarekin jesartzen zen mahaian.

        «Uste dut nekatuta egongo dela, ene andrea. Behean daukat afaria».

        «Ez du nirekin jan gura,» pentsatu zuen Marquesak. «Ezagutzen nau eta ez nau onartzen».

        «Gustatuko litzaioke, jan bitartean, nik ahots goraz irakurtzea, ene andrea?» galdetu zuen Pepitak, huts egin zuela oharturik.

        «Ez. Ohera haiteke, hala nahi badun.»

        «Eskerrik asko, ene andrea.»

        Doña María jaiki eta mahaira hurbildu zen. Esku bat aulkiaren bizkarrean ipinita, ez-baiki hitz egin zion: «Ene ume laztana, goizean gutun bat bidaliko dinat Limara. Gutunik badaukan, nirearekin batera bidal dezaken.»

        «Ez, ez daukat,» esan zuen Pepitak. Harrapaka erantsi zuen: «Behera joan behar dut eta ikatz gehiago ekarri.»

        «Baina, ene laztana, hik badaukan bat. Madre María del Pilarentzat. Ez huke...?»

        Pepita zeregintsuarena egiten ari zen su-ontziaz. «Ez, ez dut bidaliko,» esan zuen. Jakitun zegoen, ondorengo isilune luzean zehar, Marquesak txundituta begiratzen ziola. «Asmoaz aldatu dut.»

        «Ziur nagon hire gutun bat pozez hartuko lukeela, Pepita. Atsegingarri izango litzaioken. Ziur nagon.»

        Pepitari aurpegia gorritzen hasi zitzaion. Ozenki esan zion: «Ostalariak esan du ikatz gehiago iluntzerako prest egongo dela berorrentzat. Esango diet orain ekartzeko.» Une arin batez atsoari begiratu eta konturatu zen etengabe berari so zituela haren bi begi tristeak galdekari. Pepita jakinaren gainean zegoen haiek ez zirela hitz egiteko gauzak, baina emakume bitxi hari, ematen zuenez, hain gogor eragiten zion arazoak, ezen Pepitak erantzun bat gehiago eman nahi izan baitzion: «Ez, gutun txarra zen. Ez zen gutun ona.»

        Doña María arnas beharrean zegoen. «Zergatik, ene Pepita laztana, nire ustez ederra dun. Sinets iezadan, ziur nagon. Ez, ez; zergatik ez da izango gutun ona?»

        Pepita, beltzurituta, arazoari amaiera emateko hitzaren bilaketan ari zen. «Ez da... ez da... kemenezkoa,» esan zuen. Eta geroztik ez zuen gehiagorik esan nahi izan. Gutuna bere gelara eramanda, entzun zen nola puskatzen zuen. Oheratu eta ilunpean egon zen begira-begira, kezkatsu era horretara hitz egin izanagatik. Eta Doña María, baldituta, jesarri zen bere plateraren aurrean.

        Inoiz ez zuen adorerik izan ez bizi, ez maitasunerako. Begiek bihotza miatu zuten. Bere kutunez, bere kunderrez, bere mozkorrez pentsatu zuen... bere alabaz pentsatu zuen. Gogoan zeukan erlazio luze hura, elkarrizketa exhumatuen, ustezko arbuioen, konfiantza desegokien, hoztasun —eta bazterketa— salaketen naufragio-hondakinez betea (baina egun hartan burutik egon behar izango zen; gogoan zeukan mahaian jotzen aritu zela). «Baina nik ez daukat errurik» kexatu zen. «Ez da nirea hola izatearen errua. Zirkunstantziengatik gertatu da. Eman zidaten heziketarengatik. Bihar bestelako bizimodu bat egiten hasiko naiz. Egon eta ikusi, ene umea.» Azkenean mahaian argiune bat egin, jesarri eta idatzi zuen, bere esanaren arabera, lehenengo gutuna, adorezko lehenengo gutun motel eta traketsa. Gogoan zeukan, lotsaz, ezen aurreko gutunean alabari errukarriro galdetu ziola ea zenbat maite zuen bera, eta irritsez azpimarratu zituela Doña Clarak zuzendu zizkion azken laztan-hitz bakan eta zalantzakorrak. Doña Maríak ezin zituen orri haiek atzera ekarri, baina bai beste batzuk, zintzo eta eskuzabalak, idatzi. Berak soilki kontsideratu du traketsak direla. LVI. Gutun famatua da, entziklopedisten arabera korintoarren bigarrena, maitasunari buruzko pasarte hilezkor honegatik: «Bizitzan zehar topatzen ditugun milaka pertsonetatik, ene umea...» eta abar. Ia egunsentia zen gutuna amaitu zueneko. Balkoiko atea zabaldu eta Andeen gaineko izar distiratsuen grada handiak ikusi zituen. Gaueko orduetan zehar, entzule gutxi izan zen arren, zeru guztia ozendua zen konstelazio haien kantuarekin. Gero kandela bat harturik alboko gelan sartu, lo zegoen Pepitari begiratu eta neskaren aurpegitik ile erdi bustia erretiratu zuen. «Utz iezadan bizitzen» esan zuen ahapeka. «Utz iezadan berriz hasten.»

        Egun bi geroago Limarantz abiatu ziren, eta, San Luis Reyren zubia igarotzen ari zirela, dakigun ezbeharrak amilarazi zituen.

 

 

 

© Thornton Wilder

© itzulpenarena: Xabier Angulo

 

 

"Thornton Wilder / San Luis Reyren zubia" orrialde nagusia