LEHENENGO ATALA
EZBEHARRA, AGIAN HALABEHARREZ
Ostiral eguerdian, 1714ko uztailaren hogeian, Peru guztiko zubirik ederrena hautsi zen eta bost bidaiari amilarazi zituen leizetik behera. Zubia Lima eta Cuzco bitarteko errepidean zegoen eta bertatik ehunka lagun igarotzen zen egunero. Inkek zumez ehundua zen, mende bete baino zaharragoa, eta hiritik bertara eramaten zituzten beti arrotzak ikus zezaten. Estrabe mehez osatutako eskala bat besterik ez zen, sakanaren gainean zintzilik, aihenezko esku-barandak zituena. Zaldiek eta gurdiek eta ohatzeek ehunka oin bete jaitsi behar zuten, eta uhar meharraren gainean almadiez igaro, baina inor ez zen, ezta Erregeordea, ezta Limako Artzapezpikua ere, behealdetik bagaieriarekin joaten, baizik eta San Luis Rey-ren zubi ospetsutik. Frantziako San Louisek berak babesten zuen, bere izenaz eta bestealdean pezoezko elizatxo batez. Bazirudien zubia beti ere iraun behar duten gauza horietako bat zela; inori ez zitzaion bururatuko hauts zitekeenik. Hala, ezbeharraren berri izan zuten unean, ez zen perutarrik zeinatu eta bere baitan kalkulatu ez zuenik noiz igaro zuen azkenengoz eta noiz igaro asmo zuen hurren aldi. Jendea noraezean zebilen trantzean bezala, ahopean hitz eginez: eta haluzinaziotan beren burua ikusten zuten leizetik behera amiltzen.
Hileta-elizkizun handia egin zen katedralean. Biktimen gorpuak hola-hala osatu ziren eta hola-hala banatu elkarrengandik, eta bihotz-askatze handia egin zen Limako hiri ederrean. Ondorioz, neskameek itzuli zituzten beren andreei ostutako besauztaiak, eta lukurreruek kolera bizian arengatu zituzten beren emazteak lukurreriaren alde. Bada arraroa ordea, halako gertaerak limatarrak hainbeste zirraratu izana, zeren eta herrialde hartan era horretako katastrofeak, abokatuen esaera harrigarriaz «Jainkoaren egintzak», gertatu ohi diren baino sarriagoak baitziren. Itsasikarek etengabe arrasatzen zituzten hiriak; lurrikarak astero izan eta dorreak tai gabe erortzen ziren gizon-emakume prestuen gainera. Beti zituzten gaixotasunak probintziarik probintzia oldartzen, eta zahartzaroak eramaten zituen hiritarrik bikainenetako batzuk. Horrexegatik zen hain harrigarria perutarrak bereziki hunkitu izana San Luis Rey-ren zubiaren apurketak.
Zirrarak guztiak hartu zituen oso, baina soilki lagun batek egin zuen zerbait, eta bera Anai Junipero zen. Kointzidentzia multzo baten ondorioz, hain apartekoak, ezen ia susmatzen baitugu Asmoren baten jarduna, Ipar Italiako frantziskotar txiki ilegorria Perun suertatu zen indioak kristautzen, eta suertatu ere zen ezbeharraren lekuko.
Eguerdi bero-beroa zen, zorigaitzeko eguerdi hura, eta muino baten lepoa igo ondoren Anai Junipero gelditu zen bekokia xukatzeko eta urrutiko tontor elurpetuzko pantailari begiratzeko, eta gero bere oinpeko sakanari, zeina baitzegoen txori berdeen eta zuhaitz berdeen lumaje ilunaz betea eta zumezko eskala batez zeharkatua. Pozez zegoen bera; gauzak ez zebiltzan txarto. Irekiak zituen eliza txiki abandonatu batzuk, indioak oin-eskuka sartzen ziren egunsentiko mezara eta, bihotzak erdibitzekotan bezala, antsiaka egiten zuten mirariaren unean. Agian haren aurreko elurrari zerion aireak, edo agian une batez ukitu zuen poema-oroitzapenak aginduta altxatu zituen begiak mendi lagunkorretarantz. Edonola ere, bakean sentitzen zen. Orduan haren begirada zubi aldera jausi zen, noiz eta aireaz jabetu baitzen zaratots bat, musika tresna baten haria gela abandonatu batean apurtzen denean bezala, eta ikusi zuen zubia banatzen eta bost inurri beso-eraginka beheko ibarrera hegan.
Beste edozeinek esango zukeen bere artean isilpeko pozez: «Hamar minutu barru neu!...» Baina Anai Juniperori bestelakorik bururatu zitzaion: «Zergatik bost hauexei gertatu zaie?» Baldin unibertsoan inolako egitasmorik balego, baldin giza bizitza batean inolako araurik balego, ziur ediren liteke misteriotsuki gordea hain deblauki ebakitako bizitzetan. Edo halabeharrez hil, edo egitasmo batez bizi gara, eta egitasmo batez hil. Eta une hartantxe erabaki zuen Anai Juniperok ikertu behar zituela momentu hartan airetik behera erortzen ari ziren bost pertsona haien bizitza sekretuak eta atzeman zergatik utzi zuten lurra.
Anai Juniperori iruditzen zitzaion bazela garaia teologia beste zientzia zehatzen artean bere tokiaz jabetzeko, eta bertan ezartzen luzaroan saiatua zen bera. Ordura artean laborategia falta izan zitzaion. O, inoiz ez zuen espezimenik falta izan; zenbat nahi eliztar zituen zoritxarrak pasatutakoak: armiarmek kosk eginda, birikiak gaixotuta, etxeak errautsita, eta umeei gertatutako gauzak gogotik baztertzekoak direnak. Baina giza atsekabe aldi hauek inoiz ez ziren izan guztiz egokiak azterketa zientifikoa egiteko. Falta zuten gure jakintsuek gerora kontrol egokia deituko zutena. Ezbeharra giza erroretik sortu zen, esate baterako, edota probabilitate elementuak eduki zituen. Baina San Luis Reyren zubiaren amilpena Jainkoaren Egintza begien bistakoa zen. Hark ekarria laborategi betegina zen. Hemen, azkenean, atzeman zitezkeen Haren asmoak egoera garbi-garbian.
Zuk eta nik ikus dezakegu egitasmo hau, Anai Juniperorena barik beste edozeinena izanez gero, eszeptizismo betegin baten fruitua izango litzatekeela. Zeruetako bideetan ibili nahi eta bertaratzeko Babelgo dorrea eraiki zuten gizon harroputzen ahaleginaren antzekoa zen. Baina gure frantziskotarrak ez zuen den mendreneko dudarik egiten esperimentuaz. Bazekien erantzuna. Frogatu baino ez zuen nahi, historikoki, matematikoki, bere konbertsuentzat, konbertsu gizagaixo hisgogorrak izaki, denbora luzea behar baitzuten bizitzan atsekabeak beren onerako ezarri zitzaizkiela sinesteko. Jendeak erabateko frogak eskatzen zituen beti; duda beti da berri giza gogoan, are Inkisizioak guztien pentsamenduak begietan irakurri ahal dituen herrialdeetan ere.
Anai Junipero lehenago ere ahalegindu zen halako metodoez baliatzen. Maiz, egin behar zituen joan-etorri luzeetan (parrokiatik parrokiara presaka, apaiz-jantzia belaunetaraino jasota, arinago ibiltzearren) esperimentuak amestera jausi ohi zen Jainkoaren bideak gizonari justifikatzeko; adibidez, Euri-Otoitzen eta berauen emaitzen zerrenda osoa. Maiz egona zen bere edozein eliza txikitako mailetan zutik, aurrean zuela bere artaldea belauniko kale kiskalian. Maiz altxatu zituen besoak zerurantz eta erritual miresgarria deklamatu. Maiz ez, baina batzuetan sentitu zuen bertutea bere baitara sartzen eta ikusi odei txikia ortzemugan sortzen. Baina askotan, asteak iragaten ziren... baina zergatik pentsatu horretaz? Ez zuen bere burua konbentzitu behar euria eta lehortea zuhurki partituak zirela.
Hala, ba, erne zitzaion deliberamendua ezbeharraren unean bertan. Eta bultzatu zuen sei urtez jardutera, Limako etxe guztietan ate joka, mila galdera itaunduz, hamaika ohar-koaderno betez, galdutako bost biziak osotasun betegin bana zirela egiaztatzeko ahaleginetan. Bazekiten guztiek lanean ari zela ezbeharraren memorial moduko bat prestatzen, eta guztiak zituen oso lagundu nahi eta okerkor. Gutxi batzuek besterik ez zekiten haren jarduketaren helmuga, eta goi-mailako mezenas ziren hauek.
Ekinaren emaitzek liburu eskerga osatu zuten, zeina, geroago ikusiko dugunez, jendaurrean erre baitzuten udaberriko goiz eder batez plaza nagusian. Baina bazegoen kopia sekretu bat, urte luze askoren buruan eta ia oharkabean San Martingo Unibertsitateko liburutegiraino heldu zena. Han dago oholezko bi azalen artean hauts biltzen arasa batean. Ezbeharraren biktimak banan-banan aztertzen ditu, milaka egitate txiki eta pasadizo eta testigantza sailkaturik dauzka eta pasarte handios batez amaitzen du, deskribatuz zergatik Jainkoak hautatu zituen halako pertsona eta halako eguna Bere jakinduria erakusteko. Baina oso maratza izan arren, Anai Juniperok ez zuen inoiz ikasi Doña Manaren grina nagusia; ez eta Osaba Piorena, ez eta Estebanena ere. Eta ni, askoz ere gehiago dakidala aldarrikatzen nabilen hau, ez ote naiz ni ere egongo iturri artean benetako iturburua galduta?
Batzuek diote inoiz ez dugula jakingo, eta jainkoentzat garela mutikoek udako egun batez hiltzen dituzten euliak bezala, eta beste batzuek diote, alderantziz, kurloiek berek ez dutela lumarik galtzen Jainkoaren hatzak kendu gabe.
© Thornton Wilder
© itzulpenarena: Xabier Angulo