THORNTON WILDER

 

        Thornton Niven Wilder Estatu Batuetako Wisconsin-en jaio zen, 1897an. Txikitan urte batzuez Sanghai-n bizi izan zen, aita bertako kontsula baitzen. Yale-n graduatu eta Erromako Amerikar Akademian izan zen urtebetez. Hango esperientziatik aterako zuen bere lehen nobela, The Cabala, 1926an argitaratu zena. Estatu Batuetan eskolak ematen aritu zen, frantsesera eta geroago, Chicagoko unibertsitatean, ingelesera. 1950-1951ko ikasturtean Harvad-en hasi zen lanean.

        Askoz ere lehenago, 1927an, famatu zen San Luis Reyren zubia nobelaren argitalpenarekin. Arrakasta handia —1928ko Pulitzer saria ere— izan zuen nobela honek, batetik irakurlegoa nobela errealistez asper eginda omen zegoelako, eta bestetik, kritikarien iritziz, autoreak bizitzaren misterio zentzua adierazteko erabili zuen estilo garden, zuzen eta zorrotzagatik. Halatan, bada, jaso zuen bai kritikaren, bai irakurle asko eta askoren onespena.

        Baina idatzi zuen hurrengo nobela, The Woman of Andros (1930) zela eta, eztabaida handia sortu zen. 1929an eztanda egin zuen krisi ekonomikoaren giroan, gero eta jende gehiagoren iritziz, ezin onartzekoa zen errealitate latz eta gordinetik hala urruntzea edo ezjakinarena egitea. Idazleak bertako eta garaiko arazo sozialei, bere idazketaz, aurre egin beharko zien. Wilder-en aldekoek, berriz, eztabaidara ekarri zuten argudioari jarraikiz gero, autoreak guztioi omen dagozkigun arazo moralak erabiltzen ditu, nahiz eta pertsonaiak Grezia, Erroma edo Peru zaharretako jantziez apainduta egon.

        Agian eztabaida hark bultzatuta argitara eman zuen 1935ean Heaven's My Destination izeneko nobela. Bertan Depresioaldiko egoeraz ari da Wilder, ez Steinbeck-en langileriaren ikuspegia eskainiz, baina erdi-klasearen kontzientzian garai hartako gertaerei buruz tinko iraun duten sinbolo nagusien bidez.

        Teatrogintzan ere nabarmendu zen. 1938an Our Town eta 1942an The Skin of Our Teeth antzerkiak argitaratu eta Pulitzer bana ekarri zioten, baina baita beste kritika-eztabaida bat ere. 1942an kritikari batzuek salatu zuten James Joyceren Finnegans Wake plagiatu zuela. Beste batzuen arabera Joyceren lanari asko zor arren, ez zuen inolako plagiorik egin, influentzia eta imitazioa ez baitira gauza bera.

        Bigarren Mundu Gerrate denboran Italia eta Ipar Afrikan zehar ibili zen Aire Armadaren inteligentzia-zerbitzuetan. 1948an The Ides Of March nobela argitaratu zuen, autoreak zioenez, historia-zati bat berreraikitzeko asmorik ez daukan fikzioa. 1950-51ko ikasturtean Harvard-en hasi zen lanean eta 1952an Arte eta Literatura Akademiaren fikziorako urrezko domina jaso zuen. Ia hogei urte geroago, 1967an argitaratutako beste nobela batekin, The Eight Day-rekin, Nazio-Liburu saria irabazi zuen. Thornton Wilder 1975eko abenduan bil zen.

        Orain, gaingiroki bada ere, ahaleginduko naiz irakurleak eskuetan daukan obra honen ezaugarri nagusien zertzelada arma egiten. Lehen-lehenik saiatu beharko ginateke honako galdera hau erantzuten: ea zeintzuk diren egilearen asmoak, barren-barreneko helburuak edo, agian zehazkiago adierazita, egilearen pentsamoldearen mamia. Nire ustez, Wilder-en helburua iraitzeko errealismoa gainditzea da, benetako errealitatea erakustea. Eta errealismo hutsaren aldekoak kanpoko datu eta ezaugarriekin, hots azaleko zirkunstantziekin, konformatzen diren bitartean, berak pentsatzen du ezen gizakiari beronek dakiena —giza barreneko grinak, desio eta itxaropen ezkutuak argitara atereaz— gogoraztea dela idazlearen eginkizun nagusia, zeren eta aipatu ditugun giza aspektuok, gizakia gizaki denetik aurrera orain arteko guztian, gizatasunaren ezaugarri zinezkoak baitira, eta arrazoibidez ezin konpreni daitezkeen neurrian, bizitzaren misterioa argitu ez, baina behintzat erakutsi beharko baitigu idazleak bere literaturgintzaren bidez. Helburua da erakustea ezen gizabanako eta naturaren, gizateria eta unibertsoaren arteko erlazio bat dagoela, eta berreraikitzea burges nagusigoaz geroztikako sekularizazioak bizitzari galarazitako misterio eta maitasun zentzua, hots, Wilder-en beraren hitzetan: «Asmo eta zoriaren, destino eta asturuaren batasun magikoa saiatu naiz neure liburuetan deskribatzen».

        Esan denez, ingeles nobela-era klasikoaren irakurleak pentsatzen du berez —antza— jazotzen eta garatzen ari diren gertaeren ikuslea dela. Baina badago beste nobela-era bat ere, nobela garbia deitu ohi dena, hots, nobela eraikia, zeinean autoreak liburua antolatzen baitu, nola arkitektoak bere obra. Horrelakoa da San Luis Reyren zubia, zeren hasieran bertan liburuko gertaerarik garrantzitsuenaren berri eman ondoren, arkitektura-obra guztiz pentsatu eta landuaren antzera, altxatu baitu egileak eraikuntza osoa, bide zehatza izan dezagun beraren helburuetara. Wilder-ek estiloari ontzi erdeinagarri samarra deritzan arren, obra honetan ere garbi dago —pertsonaien, gizabanako legez, xehetasun handiz marraztetik hasita— berarentzat daukan inportantzia, nobelari ezarritako helburua bete dadin: asmo eta halabeharraren arteko erlazioa erakustea. Puntu honi dagokionez, seinalatu beharra dago historiari heltzen diola adierazi nahi diguna zehazki kokatzeko barik, garai eta toki guztietakoa dela azpimarratzeko. Horregatik, esate baterako, erabiltzen ditu bere erara pertsonaia historikoak, ezaugarri batzuk errespetatuz eta beste batzuk aldatuz.

        Azken buruan, badirudi ezen giza bizitza bere orokorrean ezin dela ulertu. Modu honetara, hots, gizarte mailan harro sakonago ari diren indar esplika ezin eta kontrolagaitzak nagusi direla uste izanda, misterio bihurtu egiten da giza bizitza. Bistan dago, arestian aipatu ditugun Wilder-en hitzek adierazten duten bezala, balio sakonki sozial eta arrazionalei uko eta aurre egiteko alternatiba dela: giza bizi eta hiltzearen misterioa, eta beronek susmarazten digun gu baino handiagoa den zer bat...

        Beraz, gizarte arloa gizabanakoen elkar-bizimodura murrizten du autoreak, nola nobela honetan ez baitago, zentzu sozialean, kolonialismorik, hala, adibidez, Heaven's My Destination izenekoan ere, protagonistaren egoera 29an hasitako krisiari berari barik, beraren nortasunari eta jokabideari zor zaie. Baina Wilder-ek, antzeko pentsaera izan eta etsipen hutserako bidea aukeratutakoek ez bezala, proposatzen digun soluzioa gizabanakoaren, norberaren nortasuna maitasunaz integratzea eta osatzea da: maitasun-bidez gizaki osoak izatea. Arlo soziala alde batera uzten duen neurrian, irtenbide hau indibidual soila da. Gizarte-izakiak eta gizabanako hutsak aldi berean garela kontutan hartuta, jakin-jakina da halako nortasun integratuen inportantzia hala bizimodu arruntean, nola gizarte-kinka larrietan. Bestalde, ez da ahaztekoa, dudari ate bat zabalik uzten diola: «Eta ni, askoz ere gehiago dakidala aldarrikatzen nabilen hau, ez ote naiz ni ere egongo iturri artean benetako iturburua galduta?»

 

 

 

© Xabier Angulo

 

 

"Thornton Wilder / San Luis Reyren zubia" orrialde nagusia