AZKEN HITZA

 

        Horrela amaitu zen Gizon Ikusezinaren esperimentu bitxi eta gaiztoa. Baina irakurleak hari buruz zerbait gehiago jakin nahi balu, joan bedi Port Stowetik hurbileko ostatu txiki batera eta mintza bedi hango nagusiarekin. Ostatuaren ikurra ohol soil bat da, kapelu baten eta bota batzuen irudia zizelkaturik duena; eta haren izena, berriz, istorio honek izenburu duen berbera. Nagusia gizon lodikote bat da, sudur biribil irtena du, ile zakarra, eta tarteka gorriuneak irteten zaizkio aurpegian. Irakurleak oparo edan, eta hark ere xehetasun oparoez azalduko dio pasadizo hauen ondoren zer gertatu zitzaion eta epaileak nola saiatu ziren haren altxorra lapurtzen.

        — Diru hura norena zen ezin zutela frogatu konturatu zirenean, zer, eta altxor madarikatu hura aurkitu nuela aitorrarazi nahi izan zidaten! —esaten du Altxor bilatzailea ematen al dut, ba? Eta gero, gizon batek gaueko ginea bat ordainduko zidala agindu zidan Empire Music Hallen istorio hura nire hitzez kontatzeagatik bakarrik.

        Halako batean oroitzapenen etorria eten nahiko balio, galde beza ez ote ziren ohar-liburu batzuk agertzen istorio hartan. Baietz, izan zirela, esaten du berak, eta berak dituela uste duela mundu guztiak! Baina, bai zera! Ezetz, ez dituela berak.

        — Gizon Ikusezinak hartu eta izkutatu zituen nik Port Stowera ihes egin nuenean. Kemp doktore horrek esan zien nik ditudala denei.

        Ondoren bere gogoetetan murgiltzen da, zeharka begiratzen du, edalontziekin jolasean hasten da, urduri, eta, ahal bezain laster, alde egiten du tabernatik.

        Mutilzaharra da, beti hala nahi izan baitu, eta haren etxean ez dago emakumeen arrastorik ere. Kanpoko jantzietan botoiak erabiltzen ditu, behar den bezala, baina azpiko jantzietan, tiranteetan adibidez, lokarriak ditu. Ostatua zuzentzen ez da oso saiatua, baina txukun darama. Oso poliki mugitzen da, eta pentsalari handia da. Herrikoek gizon jakintsu eta eskuzabal samartzat dute, eta Hego Ingalaterrako bideez Cobbettek berak baino gehiago dakiela esaten dute.

        Igande goizetan, igande goizero, urteko igande goiz guztietan, munduaren ikusmiratik at dagoenean, eta gauero, hamarretatik aurrera, ostatuko barruko gelan sartzen da edalontzi bat hartuta —ginebra ur tanta batzuekin edalontzia mahai gainean utzi ondoren atea itxi eta errezelak aztertzen ditu, eta mahai azpian begiratzen du. Bakar-bakarrik dagoela ziur denean, irekitzen du arasa, arasan dagoen kutxa bat eta kutxa horretako tiraderatxo bat, ateratzen ditu larru marroizko azala duten hiru liburuki eta arrandiaz jartzen ditu mahaiaren erdian. Liburu-azalak zaharkiturik daude eta algen tankerako kolore berdea hartu dute; izan ere, garai batean erreten batean egon baitziren ezkutaturik, eta orri batzuk marguldu ere egin zituen hango ur zikinak. Besaulki batean esertzen da ostatuko nagusia, pizten du buztinezko pipa luze bat eta liburuei begira gelditzen da pozik. Gero, liburuki bat hartu, ireki eta hura aztertzen hasten da, orriak atzera-aurrera pasatuz.

        Ondoren, bekainak zimurtu eta ezpainak mugitzen ditu, atsekabeturik.

        — Ixa, biko bat ixaren alboan, baina goialdean gurutze bat eta, haren atzetik, auskalozer bat. Ene Jaungoikoa! Bai jakintsua gizona!

        Handik denbora puska batera atseden hartu eta atzerantz etzaten da; pipak gelan utzitako ketan zehar begiratzen duenean gainerakoen begietara ikusezina den zerbaiti begiratzen diola dirudi.

        — Sekretuz josita daude —esaten du Sekretu handiez josita. Ai! Horiek aurkitzen ditudan egunean! Ez dut, ez, hark egin zuena egingo; zera egingo dut... zera...

        Eta pipari heltzen dio.

        Ametsetan murgiltzen da gero, bere bizitzako amets liluragarri betierekoan. Eta Kemp etengabe bila aritu den arren eta Adyek galdeketa zorrotzak egin dituen arren, inork ere ez daki, ostatuko nagusiak besterik, non diren liburu horiek, ikusezintasunaren sekretua eta beste dozena bat sekretu bitxi gordetzen dituzten liburuak. Eta hura hil artean behintzat, beste inork ere ez du haien berri izango.

 

 

 

© H.G. Wells

© itzulpenarena: Miren Arratibel

 

 

"H.G. Wells / Gizon ikusezina" orrialde nagusia