28.
EHIZTARI EHIZATUA

 

        Heelas jauna, inguruko villetako nagusietan Kempen hurbileneko auzokidea, bere mintegian lo zegoen Kempen etxeko setioa hasi zenean. Gizon Ikusezinari buruzko «zozokeria horietan» sinesteari uko egiten zion gutxiengo zabal hori osatzen zutenetako bat zen Heelas. Haren emazteak, ordea, gero sarritan gogoratu zion bezala, sinesten zuen gauza haietan. Gizona lorategian ibili zen ezer gertatuko ez balitz bezala, eta arratsaldean bere lo kuluxka egin zuen, urteetako ohiturari jarraiki. Lo zegoenez, ez zuen leihoen txikizioa entzun, baina zerbait gertatu zelako sentipen bitxia zuen esnatzean. Kempenera begiratu zuen, begiak igurtzi zituen eta berriro begiratu zuen. Oinak lurrean jarri eta entzuten gelditu zen. Begiz jota zegoela esan zuen, baina hori esan ondoren ere ikusgaia zen ikuskizun harrigarri hura. Eraso bortitz bat jasan eta aspaldiko asteetan itxita egondako etxe bat ematen zuen. Leiho guztiak apurtuta eta, talaiko langelakoak izan ezik, barneko pertsianez babestuta zeuden.

        — Lehenxeago —eta erlojuari begiratu zion orain dela hogei bat minutu edo, etxea ongi zegoela egingo nuke, bada!

        Zalaparta handia eta beira apurtuen hotsa entzun zuen urrutian. Horretan, ahozabalik eserita zegoelarik, are gauza harrigarriagoa gertatu zen. Jangelako pertsianak indarrez ireki ziren, eta etxezaina ikusi zuen, kaleko soinekoa eta kapelua jantzita, leihatila bat igotzeko lehia bizian. Gero gizon bat agertu zen zerbitzariaren alboan, hari laguntzera: Kemp doktorea zen! Leihoa ireki zen, azkenik, eta kanpora jauzi egin zuen etxezainak; ziztu batean zuhaixketara joan eta haien artean desagertu zen. Heelasek zutitu eta birao egin zuen gertaera bitxi haiek guztiak ikusita. Kemp leiho-barrenean zutik ikusi zuen; gero leihotik jauzi egin eta lurrera iritsi orduko sasiko bide-zidor batetik korrika zihoala ikusi zuen, inork ikus ez zezan edo, makurtuta. Laburnu zuhaixka baten atzean desagertu zen, eta belardiarekin muga egiten zuen hesi bat igotzean agertu zen berriro Heelasen ikusmiran. Hesia segundo batean igo eta maldan behera abiatu zen ahal bezain laster, Heelas zegoen tokirantz.

        — Jainko maitea! —deiadar egin zuen Heelasek, gogoa argitu zitzaiola Gizon Ikusezin anker hori izango da! Egia zen, hortaz!

        Horrelako gauzak bururatzen zitzaizkionean zerbait egin beharra sortzen zitzaion Heelas jaunari, eta sukaldaria, etxeko leiho gorenetik begiratu zuenean, harrituta gelditu zen nagusia etxera ziztu batean sartzen ikusi zuenean, orduko bederatzi bat miliako lastertasunean edo.

        — Eskerrak bera ez zegoen kezkatuta! —esan zuen sukaldariak.

        — Mary, zatoz hona oraintxe bertan!

        Ate danbadak, kanpai-hotsak eta Heelasen ahotsa, zezen bat bezala marruka, entzun ziren.

        — Itxi ateak, itxi leihoak, itxi dena! Gizon Ikusezina dator eta!

        Oihuak, aginduak eta korrikaldiak nagusitu ziren etxe guztian. Galeriara ematen zuten leiho frantses handiak ixtera joan zen bera; eta horretara zihoala, Kempen buru-sorbaldak eta belaun bat agertu ziren lorategiko hesi gainean. Gero frantses-porruen artetik pasa zen Kemp, eta tenis zelaian zehar korrika joan zen etxerantz.

        — Ezin zara sartu —esan zion Heelasek, kisketak itxita Zu harrapatu nahian badabil, sentitzen dut, baina ezin zara sartu!

        Kempen izu aurpegia beiraren ondo-ondoan ikusi zen, beiran joka lehenik eta galeriako leihateria frantses guztia indarrez astintzen gero. Bere eginahalak alferrekoak zirela ikusita, galerian zehar korrika egin, barandaren albo batetik salto egin eta alboko atea jo zuen. Albo-sarreratik berriro etxearen aurrealdera joan eta muinoko errepidera irten zen. Heelas leihotik begira zegoen, ikaraturik; ez zen ia ohartu ere egin Kempek alde egin zuela, baina bai oin ikusezin batzuk haren frantses-porruak zapaltzen ari zirela. Heelas bigarren solairura igo zen arrapaladan, eta handik aurrera gertatu zena bere ikusmiratik at gelditu zen. Zurubiko leiho paretik igarotzean albo-sarrerako atea itxi zela entzun zuen.

        Muinoko errepidetik irten eta, senak hala aginduta, maldan behera jarraitu zuen Kempek; lau egun lehenago talaiko langelatik begi zorrotzez ikertu zuen ibilbide luze hura bete behar izan zuen. Nahiko ongi zihoan entrenatu gabeko lasterkaria izateko, eta aurpegia zurbil-zurbil eta bustita zuen arren, hotz iraun zuen amaiera arte. Urrats handiak ematen zituen, eta zoruan gora-beheraren bat, harri pila bat edo dizdiz zegion kristal apurtu bat ikusten zuenean oztopoaren gainetik igarotzen zen bere bidea aldatu gabe, atzetik segika zihoazkion oinuts ikusezinek ere bide bera hartuko zutela pentsatuta.

        Orduan jakin zuen zein zabal eta mortua zen muinoko errepidea, eta zein urrun zegoen muinoaren oinetan urrutira ikusten zen hiriaren sarrera. Sekula ikusi zuen garraiabide geldo eta mingarriena iruditu zitzaion lasterka egitea. Villa goibel guztiak, arratsaldeko eguzkitan lozorroan, itxita eta hesiturik zeudela zirudien; bai, itxita eta hesiturik egongo ziren, zalantzarik gabe, horretarako agindua emana baitzuen berak. Dena dela, horrelako ustekabe bat gertatzen zenerako zerbait prestatzea ere burura zitzaiekeen! Begien aurrean zuen hiria; itsasoa ikusmiratik desagertu zitzaion hiriaren atzean; eta behealdean jendea ikusten zuen hara-hona. Tranbia bat heldu berri zen muinoaren oinetara. Harantzago polizia-bulegoak zeuden. Urratsak al ziren aldean entzun zituen hotsak? Bizkor!

        Behealdean jendea begira zegoen, bat edo bi korrika; berari berriz, eztarrian behera arnasa ikusten zitzaion ia. Tranbia hurbilago ikusten zuen, eta Jolly Cricketers tabernan zarata handiz ixten ari ziren atea. Tranbiaren atzean hagak eta hartxintxar pilak zeuden, estoldetako lanak zirela eta. Trenean sartu, ate guztiak itxi eta bertan ezkutatzea pentsatu zuen, baina polizia-bulegoetara joatea erabaki zuen azkenik. Jolly Cricketers tabernako ate paretik igaroa zen; zuloz beteriko kale-mutur batean zegoen, gizonez inguraturik. Tranbiako gidaria eta haren laguntzailea tranbia tiratzen zuten zaldien loturak askatuta begira-begira gelditu zitzaizkion, hark zekarren presa larriarekin zeharo txundituta. Aurrerago langileen aurpegi harrituak ikusi zituen hartxintxar pilen gainetik.

        Urratsa apur bat mantsotu zuen, baina bere jarraitzailearen urrats bizkorrak entzunda lastertu egin zuen berriro.

        — Gizon Ikusezina! —esan zien langileei, eta bere jarraitzailea zegoen tokia seinalatu zuen ezkutuka bezala. Halako inspirazio une batean langileak zulaketak egiten ari ziren tokiaren gainetik jauzi egin zuen; langile taldea gelditu zen horrela Kempen eta bere jarraitzailearen artean. Polizia-bulegoetara joateko asmoa alde batera utzi eta albo-kale txiki bat hartu zuen, barazkizale baten gurdia bultzatu, segundo hamarren batean gozodendako ate aurrean zer egin ez zekiela geratu, eta Hill Street kale nagusira ematen zuen kale-mutur batera jo zuen. Bizpahiru haur zebiltzan han jolasean, eta oihuka eta korrika hasi ziren ikusi zutenean. Ateak eta leihoak ireki ziren berehala; amak agertu ziren, aztoraturik, beren bihotzikara agerian utziaz. Hill Streeten agertu zen berriro, tranbiaren bidea amaitzen zen tokitik hirurehun bat metrora. Jende-aldra baten oihuak eta zalaparta entzun zituen.

        Kalean zehar muino aldera begiratu zuen. Hamabi metro eskasera langile erraldoi bat korrika zihoan, biraoak esanez eta pikotx bat airean astinduz; haren alboan, apur bat atzerago, tranbia gidaria zihoan, ukabilak estututa. Kalean gorago beste batzuk ere atera ziren hauen atzetik, keinuka eta oihuka guztiak. Beherago, herrigunean, gizonak eta emakumeak korrika zebiltzan, eta gizon bat ikusi zuen denda batetik makulua eskuan hartuta irteten.

        — Sakabanatu denak! Denak sakabanatu! —egin zuen oihu norbaitek.

        Ehizaren arauak aldatuta zeudela ohartu zen Kemp orduan. Gelditu eta ingurura begiratu zuen arnasestuka.

        — Hemen inguruan dabil! —oihu egin zuen Osa dezagun giza-kate bat...

        — Aha! —esan zuen ahots batek.

        Belarrondoko handi bat eman zioten Kempi, eta balantzaka gelditu zen, etsai ikusezinari bizkar ez emateko ahaleginetan. Nekez iraun zuen zutik, baina ezereza jo zuen, arrakastarik gabe halere. Masail-hezurraren azpian jo zuten berriro, eta tripaz gora erori zen lurrera. Belaun batek diafragma zapaldu eta esku pare iaio batek eztarritik heldu zion, baina esku bat bestea baino ahulagoa zela ohartu zen; eskumutur haiei gogor heldu eta erasotzaileari aiene bat atera zion; langilearen pikotxa haren gorputz gainera erori zen biraka; gorputz bat jo eta hots lehor bat atera zuen gorputzak. Kempek tanta heze bat sentitu zuen aurpegian. Gero eztarritik heltzen zioten eskuen estukada lasaitu zen, eta dardaraldi batekin erasotzailearen atzaparretatik askatu, sorbalda bigun bati heldu eta gorputz hura hankaz gora irauli zuen Kempek. Lurraren kontra ondo estutu zituen ukalondo ikusezinak.

        — Harrapatu dut! —garrasi batean Kempek Lagundu! Lagundu ongi heltzen! Honenak egin du! Heldu oinetatik!

        Denbora gutxian zalaparta handia sortu zen borroka gertatu zen lekuan; une horretan errepidetik kanpotar bat iritsi balitz rugbi partidu gogor bat jokatzen ari zirela pentsatuko zukeen hura ikusita. Kempen garrasiaren ondoren ez zen beste oihurik entzun; kolpeak eta urratsak bakarrik, eta arnasestu bat.

        Ahalegin izugarria eginez, bere bi arerioetatik askatu eta belauniko jartzea lortu zuen Gizon Ikusezinak. Kempek gogor eutsi zion aurre-aurretik, ehiza zakur batek orein bati eusten dion moduan; dozena bat eskuk heldu, estutu eta tira egin zioten Ikusezinari. Eta tranbia-gidariak lepo-sorbaldetatik heldu eta lurrera bota zuen atzera.

        Gizon taldea haren gainera makurtu eta ostikoka eraso zioten hurrena. Basakeria puntu bat bazen, nire ustez, han. Horretan oihu garratz bat entzun zen:

        — Erruki zaitezte! Erruki zaitezte!

        Ahotsa isildu egin zen, itolarriak jo balu bezala entzun zen.

        — Atzera, astakirtenak! —egin zuen oihu Kempen ahots apalak; elkarri atzera eragin zioten gainerakoek Zaurituta dago, esan dizuet! Atzera!

        Haren inguruan tokia egiteko borroka labur baten ondoren, doktoreari begiratu zioten zirkuluan jarrita zeudenen aurpegi odolzaleek; belauniko zegoen, lurretik berrogeita hamar bat hatzera, beso ikusezinak lurraren kontra estu-estu helduta. Haren atzean goardia bat zegoen, orkatila ikusezinei eusten ziena.

        — Ez laga aldegiten! —esan zuen langile handiak, pikotx odoleztatua eskuan zuela Gezurretan ari da!

        — Ez da gezurretan ari —esan zuen doktoreak, kontu handiz belaun bat altxatuz eta neuk eutsiko diot.

        Aurpegia atzamarkadez betea zuen Kempek, gorritzen ari zitzaion; eta ezin zuen hitz egin ia, ezpaina odoletan baitzuen. Antza denez, esku bat mugitu eta aurpegi ikusezina igurtzi zuen doktoreak.

        — Ahoa busti-busti eginda du —esan zuen Jainko maitea!

        Zutitu eta belauniko jarri zen zera ikusezinaren alboan. Jendea aurrera eta atzera mugitzen eta elkarri bultzaka hasi zen; hara zihoan jende gehiagoren urratsak entzun ziren, eta jende-aldra gehiago estutuko zen horrela. Etxeetatik irteten ari ziren denak. Jolly Crickretersko ateak ere parez pare ireki zituzten. Baina ez zen hitzik entzuten.

        Ezereza ukitzen ari zen Kemp; haren eskuak airea igurtzitzen zuela ematen zuen.

        — Ez du arnasarik hartzen —esan zuen Ez dizkiot bihotz taupadak entzuten. Gorputzaren albo bat... Ene!

        Langile handiaren besapetik begira zegoen atso batek oihu egin zuen ozen:

        — Begira hor! —esan eta zerbait seinalatu zuen bere hatz zimurtuaz.

        Hatzak seinalatzen zuen tokian, esku erori eta garden baten arrasto lausoa ikusi zuten guztiek; beirazkoa bezalakoa zen, baina agerian zituen zainak eta arteriak eta hezurrak eta nerbioak. Jendearen begiratuarekin gero eta opakoagoa bihurtu zen eskua.

        — Hara! —oihu egin zuen goardiak Oinak ere agertzen hasi zaizkio!

        Eta, astiro-astiro, aurrera jarraitu zuen antzaldaketa bitxiak, esku eta oinetatik hasita gorputzadar eta oinarrizko organo guztietara. Pixkanaka-pixkanaka pozoia barreiatzen ari balitz bezala zen. Nerbio zuri txikiak agertu ziren lehenengo, gorputzadarren irudi lauso bat itxuratuz; hezur hauskorrak eta arteria korapilatuak hurrena; eta haragia eta larruazala ondoren, lanbro artean bezala hasieran, baina gero eta trinko eta opakoago. Handik gutxira bular ubeldua eta sorbaldak ikusi ahal izan zizkioten, baita bere aurpegi zartatu eta mailatuaren arrasto lausoa ere.

        Azkenik, jende-aldrak Kemp doktoreari zutik jartzeko adina toki egin zionean, hogeita hamar bat urteko gizon gazte baten gorputz ubeldu eta makatua ikusi zuten, biluzik eta lurrean errukarri etzanda. Ile eta bizar zuria zituen —ez zaharra zelako, albinoa zelako baizik eta granate harrien antzekoak begiak. Eskuak estuturik zeuzkan, begiak zabal-zabal, eta haserre eta laztura keinua aurpegian.

        — Estaliozue aurpegia! —esan zuen gizon batek Jaungoikoaren izenean, estali aurpegi hori!

        Eta atzeratzera behartu zituzten jendartean bultzaka sartutako hiru haur.

        Jolly Cricketerstik maindire bat eraman eta maindireaz estali ostean, etxe hartantxe sartu zuten gizona.

 

 

 

© H.G. Wells

© itzulpenarena: Miren Arratibel

 

 

"H.G. Wells / Gizon ikusezina" orrialde nagusia