25.
GIZON IKUSEZINAREN EHIZAN

 

        Kemp ez zen gertaera bizkor haiek Adye koronelari azaltzeko gauza. Tranpalean zeuden, Kemp tarrapataka hizketan, Griffinen arropa zarpailak eskuan zituela artean. Baina Adye berehala hasi zen egoeraren nondik-norakoak ulertzen.

        — Erotuta dago —esan zuen Kempek Ez da gizaki bat. Berekoikeriaren irudi berbera da. Bere onura bakarrik hartzen du kontuan, bere segurtasuna. Gaur goizean berekoikeriarik ankerrenaren ipuina entzun behar izan dut. Gizon asko zauritu omen ditu. Eta hil ere egingo ditu, ez badiogu nolabait galarazten. Izua zabaldu nahi du. Ezerk ezingo du gelditu. Sutan alde egin du hemendik!

        — Harrapatu egin behar dugu —esan zuen Adyek Nahitaez!

        — Nola ordea? —esan eta hainbat ideia bururatu zitzaizkion berehala Kempi Oraintxe hasi behar duzue. Zure esanetara dituzun gizon guztiak bildu. Barruti honetatik irtetea eragotzi behar diozu. Hemendik alde egitea lortuz gero, lasai asko ibiliko da landetan, jendea hiltzen, kalte larriak egiten. Izuaren Erreinua du amets! Izuaren Erreinua, pentsa! Tren guztiak, errepideak eta itsasontziak miatu behar dituzu. Gudarosteak ere parte hartu beharko du. Laguntza eskatu behar duzu telegrafoz. Beretzat balio handikoak bide diren ohar-liburu batzuk eskuratu artean bakarrik geldituko da hemen. Aurrerago azalduko dizut hobeto! Gizon bat baduzu polizia-bulegoetan: Marvel...

        — Bai, badakit —esan zuen Adyek Badakit. Liburu horiek, bai.

        — Eta ez diozu utzi behar jaten edo lo egiten; herrialde guztiak gau eta egun egin behar dio aurre. Jakiak giltzapean gorde beharko dira, jaki guztiak; jan bila hasi beharko du. Etxe guztiak babestu beharko dira haren erasoetatik. Gau hotzak eta euriteak bidaliko ahal dizkigu Jainkoak! Herri guztiak haren ehizan hasi behar du, eta ehizari eutsi egin behar dio, gainera. Berriro diotsut, Adye: oso arriskutsua da, izurria da. Ikara ematen du harrapatu eta giltzaperatu ezean egingo dituen gauzetan pentsatze hutsak.

        — Zer gehiago egin dezakegu? —galdetu zuen Adyek Behera jaitsi eta den-dena antolatzen hasiko naiz. Baina zergatik ez zara nirekin etortzen? Bai, zatoz zeu ere. Zatoz, eta gerra kontseilu moduko bat osatuko dugu; laguntza eskatuko diegu Hoppsi eta tren konpainiako arduradunei. Arranopola! Hil ala biziko kontua da hau! Goazen, kontatuko didazu bidean. Zer gehiago egin dezakegu? Idatz ezazu bururatzen zaizun guztia.

        Hala, zurubian behera abiatu zen Adye, Kempen aurretik. Sarrera-atea irekita aurkitu zuten, eta polizia-ofizialak, berriz, kalean, ezerezari begira.

        — Ihes egin digu, jauna —esan zuen batek.

        — Bulego nagusietara joan behar dugu lehenbailehen —esan zuen Adyek Ea, zuetako bat! Jaitsi zalgurdi baten bila eta itzuli gure bila. Bizkor! Zer gehiago, Kemp?

        — Zakurrak —esan zuen Kempek Har itzazu zakurrak ere. Ikusi, ez dute deabru hori ikusiko, baina bai usaitu. Hartu zakurrak!

        — Ongi —esan zuen Adyek Jende arruntak ez daki hori, baina Halsteadeko espetxe-ofizialek ezagutzen dute gizon bat ehiza-zakurrak dituena. Zakurrak. Zer gehiago?

        — Gogoan izan jaten duen guztia ikusi egiten zaiola —esan zuen Kempek jan ondoren, eta gorputzak txegosketa amaitu bitartean, jakiak ikusgai dira haren gorputz barnean. Beraz, jan ondoren ezkutuan ibili beharko du. Ez etsi bilaketa lanetan; miatu sasi guztiak, zoko isil guztiak. Eta ongi gorde armak edo arma gisa erabil ditzakeen baliabide guztiak. Berak ezin ditu armak eta horrelakoak aldean luzaz eraman. Ongi gorde behar dira harrapatu eta gizonak erasotzeko erabil ditzakeen gauza guztiak.

        — Ongi, ongi —esan zuen Adyek Harrapatuko dugula uste dut!

        — Eta errepideetan... —esan zuen Kempek, eta pentsatzen jarri zen.

        — Zer? —galdetu zion Adyek.

        — Beira-hautsa —esan zuen Kempek Neurri krudela da, badakit. Baina pentsa zenbat kalte egin dezakeen bestela!

        Adyek hasperen sakona egin zuen, aireak hotsa atera zuen haren hortz arteetatik sartzean.

        — Hori ez da joko garbia. Ez dakit. Tira, dena dela, pronto izango dut beira-hautsa ere. Urrutitxo joaten denean edo erabiltzeko.

        — Gizon horrek jadanik ez du gizatasunik, sinetsidazu —zioen Kempek Ziur nago ihesaldiaren urduritasuna gainditu bezain pronto Izuaren Erreinua sortu nahiko duela; zurekin hitz egiten ari naizela bezain ziur nago horretaz. Gure aukera bakarra Ikusezinari aurrea hartzea da. Bere odola eroriko zaio burutik behera.

 

 

 

© H.G. Wells

© itzulpenarena: Miren Arratibel

 

 

"H.G. Wells / Gizon ikusezina" orrialde nagusia