24.
LANAK HUTS EGIN

 

        — Baina —esan zuen Kempek, leihotik begiratu bat eginda zer egin behar dugu orain?

        Eta bere gonbidatuaren albora joan zen, errepidean gora etxerantz zetozen hiru gizonak ikusi ez zitzan edo; hiru haiek patxada-patxadan zetozen gainera, Kempen iritzirako.

        — Zer egin nahi zenuen Port Burdockera iritsitakoan? Planen bat al zenuen?

        — Kanpora alde egiteko asmoa nuen. Baina zurekin topo egin dudalarik, plana aldatu dut. Zuzenena hegoaldera joatea izango zela pentsatu nuen, hango eguraldia epela delako eta han posible delako ikusezintasuna. Honezkero zabaldu delako nire sekretua hemen, eta jende guztia gizon mozorrotu maskaradun baten bila ibiliko delako. Hemendik abiatzen dira Frantziarako itsasontziak; horietako batean itsasoratu eta bidaiak ekar ditzakeen arrisku guztiak neure gain hartzeko asmoa nuen. Handik Espainiara edo Aljeriara joan nintekeen, trenez. Ez dut uste zaila gertatuko litzaidakenik. Lurralde haietan urte guztian izan daiteke gizon bat ikusezin, ez da hotzez hilko. Eta gauzak egin ditzake. Neure dirua eta ekipaia eramateko erabili nahi nuen arlote hura, bizitzen jartzen nintzen tokira liburuak eta gauzak nola bidali erabaki arte.

        — Jakina.

        — Baina, hara non, gizatxar horrek lapurreta egiten didan! Liburuak ezkutatu zizkidan, Kemp! Nire liburuak ezkutatu zituen! Harrapatzen badut...!

        — Hobe duzu liburuak lehenbailehen hari kentzea.

        — Non dago bera, ordea? Zuk ba al dakizu?

        — Hiriko polizia-bulegoetan dago, giltzapean, berak hala eskatuta, etxe hartako ziegarik seguruenean.

        — Urde zikina! —esan zuen Gizon Ikusezinak.

        — Horrek apur bat atzeratuko ditu zure planak.

        — Liburu horiek eskuratu beharra dugu; behar-beharrezkoak ditugu.

        — Noski —esan zuen Kempek, urduri samar, gonbidatuak kanpoko urratsak entzungo zituen beldur Jakina. Liburu horiek eskuratu behar ditugu. Baina ez da lan nekeza izango, zuretzat zeinen garrantzitsuak diren ez badaki behintzat.

        — Ez, ez daki —esan zuen Gizon Ikusezinak, eta pentsakor gelditu zen.

        Kemp hizketan jarraitzeko beste zerbait asmatzen saiatu zen, baina Gizon Ikusezinak ez zuen erregu handirik behar izan berriketan jarraitzeko.

        — Zure etxean sartu izanari esker, Kemp —esan zuen nire plan guztiak aldatu dira. Gizon argia zara eta. Nahiz eta hau dena gertatu, nahiz eta berria zabaldu, nahiz eta nire liburuak galdu eta horrenbeste sufritu dudan, oraindik ere badugu aukera, aukera ugari...

        'Inori esan al diozu hemen naizenik? —galdetu zion halako batean.

        Duda-mudatan gelditu zen Kemp.

        — Ez al nizun hitz eman? —erantzun zion.

        — Inori ez? —berriro Griffinek.

        — Inori ere ez.

        — Ah! Orain...

        Eta Gizon Ikusezina altxatu eta eskuak gerrian jarrita gelan hara eta hona hasi zen.

        — Huts egin nuen, Kemp, eta huts galanta, gainera: bakar-bakarrik egin nahi izan nuen hau guztia. Indarra, denbora eta aukera asko alferrik galdu ditut hau dena nik bakarrik egin nahi izanagatik. Bakarrik! Ikustekoa da gizon batek bakarrik zer gutxi egin dezakeen! Zerbait lapurtu, norbaiti eraso, eta kitto!

        'Nik nahi dudana zera da, Kemp: babesle bat; laguntzaile bat; ezkutaleku egoki bat; lo egiteko, jateko eta atseden hartzeko toki bat, inori susmorik sortuko ez diona. Konplize bat behar dut. Konplize batekin, janari eta atsedenlekuarekin, milaka gauza lor daitezke.

        'Orain arte galduta ibili naiz. Orain ikusezintasunak zer esan nahi duen eta zer esan nahi ez duen aztertu behar dugu. Ez du abantaila handirik eskaintzen espioitzarako-eta, ikusezin batek ere hotsa ateratzen duelako; etxeetan lapurreta egiteko-eta ez da languntza handia, alderantziz baizik. Gainera behin harrapatuz gero, oso erraza dute ni espetxeratzea. Baina hori bai, harrapatzen zaila naiz. Ikusezintasun hau, beraz, bi gauzatarako bakarrik da baliagarria: baliagarria da nonbaitetik ihes egiteko, eta baliagarria da norabait hurbiltzeko. Bereziki baliagarria da, beraz, hiltzeko. Edozein gizonengana, izan armatu edo armagabe, joan, tokia ongi hautatu eta nahierara jo. Eta nahierara itzuri. Nahierara ihes egin.

        Kempek eskua bibotera eraman zuen. Behean mugimenduren bat entzun ote zuen?

        — Eta horixe da guk egin behar duguna, Kemp: jendea hil.

        — Eta horixe da guk egin behar duguna: jendea hil —errepikatu zuen Kempek Zure plana entzuten ari naiz, Griffin, baina, begira, ez nago ados. Zergatik hil?

        — Ez dut esaten hilketa zentzugabeak egin behar ditugunik, behar bezalako hilketak baizik. Begira: badakite badela Gizon Ikusezin bat. Eta, orain, Gizon Ikusezinak Izuaren Erreinua eratu behar du. Bai, izugarria da, zalantzarik gabe. Baina benetan ari natzaizu. Izuaren Erreinua. Zure Burdock honen gisako zenbait hiri hartu, izutu eta menderatu behar ditu. Aginduak eman behar ditu. Milaka bide ditu hori egiteko, baina aski du atepeetatik paper bat sartzea. Bere agindua hausten dutenak hil behar ditu, bai eta horien alde agertzen diren guztiak ere.

        — Hum! —esan zuen Kempek, Griffini jaramon handirik egin gabe, etxeko sarrera-atea ireki eta itxi zela entzuteak asaldatu egin baitzuen.

        — Griffin —esan zuen, haren arreta erakartzearren zure konplizea oso egoera zailean egongo litzatekela iruditzen zait.

        — Inork ez luke jakingo bera nire konplizea denik, ordea —esan zuen sutsu Gizon Ikusezinak.

        Eta gero:

        — Ixo! Zer gertatzen da hor behean?

        — Ezer ere ez —esan zuen Kempek; ozen eta azkar hitz egiten hasi zen berehala Ez nago horrekin ados, Griffin —esan zuen Uler nazazu, ez nago horrekin ados. Zergatik asmatu gizadia menderatzeko plan bat? Nola lortuko duzu, orduan, zoriontasuna? Ez zaitez izan otso bakarti oldarkorra. Eman argitara zure lanen emaitzak; izan fedea munduan; izan fedea zure aberrian, behintzat; izan fedea zeure buruan. Zer ez zenukeen lortuko milioika adiskideren laguntzarekin!

        Gizon Ikusezinak isilarazi egin zuen, besoak luze-luze eginda.

        — Urratsak entzuten dira zurubian —esan zuen ahapeka.

        — Bai zera! —Kempek.

        — Noan begiratzera —esan zuen Gizon Ikusezinak, ate aldera aurreratu eta besoa luzaturik.

        Ondorengo gertaerak oso bizkorrak izan ziren. Kemp zalantzan gelditu zen apur batean, eta gero aurreratu egin zen besteari oztopo egiteko. Gizon Ikusezina harrituta zegoen, geldi-geldirik.

        — Traidore alaena! —esan zuen Ahotsak, eta bat-batean bata ireki zen, eta Ikusezina eseri eta eranzten hasi zen. Kempek hiru urrats bizkor egin zituen ate aldera; Gizon Ikusezina, oinak ordurako desagertuak zituena, zutitu eta oihuka hasi zen. Kempek atea ireki zuen.

        Atea ireki zenean urrats bizkorrak eta ahotsak entzun ziren, zurubitik.

        Mugimendu laster batekin Kempek Gizon Ikusezinari atzerantz bultza egin zion, kanpora jauzi egin eta atea itxi zuen. Giltza kanpoan utzita zuen, apropos jarrita. Horrela langelan giltzapeturik geldituko zen Griffin, bakarrik, harrapatuta. Xehetasun txiki bategatik izan ez balitz: Kempek giltza sarrailan ongi sartu gabe utzi zuen goizean, presaren presaz, eta atea indarrez ixtean giltza alfonbrara erori zen hotsik atera gabe.

        Kemp zurbil-zurbil gelditu zen. Ateko maratilari bi eskuez eusten saiatu zen. Tiraka jardun zuen. Atea sei bat hatz ireki zen. Baina atzera berriro ixtea lortu zuen. Bigarrenean, ordea, oin bat ateratzeko adina ireki zen; bata atearen zirrikitutik irten zen. Hatz ikusezin batzuek eztarritik heldu zioten Kempi, eta maratila askatu behar izan zuen bere burua defenditzeko. Zerbaitek atzera bultzatu, hankatrabatu eta tranpaleko bazter batera bota zuen. Bata barne-hutsa gainera joan zitzaion hegan.

        Zurubiaren erdialdera iritsita zegoen Adye koronela, Kempen eskutitza hartu zuena, Burdockeko poliziburua. Izuturik begiratu zuen Kempen agerraldia eta haren atzetik hegan zihoan jantzi bitxia, jantzi barne-hutsa, airean bere kasa mugitzen zela. Kemp behaztopaka ikusi zuen, bere hankekin borrokan. Hurrena korrika zihoala ikusi zuen, baina idi bat bezala erori zen berriro.

        Horretan, jo egin zuten Adye. Ezerezak, ordea! Zirudienez, pisu astun bat erori zitzaion gainera, eta zurubian behera bota zuen hankaz gora, eztarritik heltzen eta belaun bat hankartean ezartzen ziola. Oin ikusezin batek bizkarra zapaldu zion eta mamu-urrats batzuk entzun ziren zurubian behera; ezkaratzean zeuden bi polizia-ofizialek oihu egin eta korrika alde egin zutela entzun zuen gero, eta etxeko sarrera-atea indar handiz itxi zen.

        Adye itzulika erori eta eserita gelditu zen, batera eta bestera begira. Kemp zurubian behera jaisten ikusi zuen, hautsez beterik, ilea nahasturik, aurpegiaren alde bat zaplasteko baten ondorioz zuri-zuri, ezpaina odoletan, eta eskuetan bata arrosa bat eta beste azpiko jantzi batzuk zituela.

        — Jainko maitea! —oihu egin zuen Kempek Amaitu da jolasa! Ihes egin du!

 

 

 

© H.G. Wells

© itzulpenarena: Miren Arratibel

 

 

"H.G. Wells / Gizon ikusezina" orrialde nagusia