23.
DRURY LANE INGURUAN

 

        — Honezkero jabetzen hasia izango zara —esan zuen Gizon Ikusezinak nire egoeraren gogaikarriaz. Ez nuen aterperik, ez babesik ere, jantziz gero abantaila guztiak galdu eta izaki bitxi eta izugarri bihurtuko bainintzen. Baraurik nengoen, ikusgai bihurtuko bainintzen zerbait jaten banuen, hau da, nire gorputzak jaki hori txegosi arte.

        — Hortaz konturatu gabe nengoen! —esan zuen Kempek.

        — Baita ni ere! Eta elurrak ere zenbait arrisku erakutsi zizkidan. Elurra ari zuenean ez nuen kalean ibiltzerik, elur malutek nire gorputz gainean gelditu eta salatu egingo ninduketelako. Euriak ere itzal urtsu bihurtuko ninduke, gizirudi distiratsu baten gisara erakutsiko ninduke, burbuila baten antzera. Eta lainotan ere... Burbuila lauso bat izango nintzateke lainotan; irudi bat, gizaki baten antzeko izpi lausoa. Gainera, kanpora, Londresko kaleetara alegia, irten nintzenean orkatila inguruak zikindu zitzaizkidan, larruazalean lohia eta hautsa pilatu baitzitzaizkidan. Ez nekien bide horretatik zenbat denboraren buruan bihur nintekeen ikusgai. Baina ziur nengoen ez nuela denbora asko beharko. Ez Londresko kaleetan, behinik-behin!

        'Great Portland Street inguruko arrabaletara joan eta ni bizi izan nintzen kalearen muturrera iritsi nintzen. Baina ez nintzen etxe aldera joan, jende samalda handia ikusi bainuen kale erdian, neronek erretako etxearen hondakin ketsuen aurrean. Premia nagusia jantziak eskuratzea nuen. Aurpegiarena nola konpondu ez nekien. Horretan pentsatzen ari nintzela, maskara eta txantxetako sudur mordoa ikusi nuen denda nahas-mahas txiki horietako batean, egunkariak, gozokiak, jostailuak, bulegoko gauzak, Gabonetako pailazokeria zaharkituak eta horrelakoak saltzen dituzten horietako batean. Nire arazoa konpondua zela pentsatu nuen. Argialdi batean hurrengo urratsak zehaztu nituen. Atzera egin nuen, zertan ari nintzen jakitun, eta Strand Streeten iparraldera joan nintzen, inorekin topo ez egitearren hainbat itzulinguru eginez. Gogora etorri zitzaidan antzerkirako arropa egiten zuten jostun batzuek han inguruan ezarri zituztela beren dendak, zehazki non ez banekien ere.

        'Hotz egiten zuen, haize zorrotza zebilen iparraldera ematen zuten kaleetan. Bizkor nindoan, inork ez harrapatzeko. Kalea gurutzatzen nuen bakoitzean arriskuan jartzen nintzen, arreta handiz begiratu behar nituen oinezko guztien nondik-norakoak. Bedforf Streeten gizon bat ustekabean jiratu zen, aurrea hartzera nindoakion unean bertan; nirekin estropezu egin eta errepidera bota ninduen, handik pasatzen ari zen zalgurdi baten gurpil azpira ia. Gizonak atake bat edo izan zuela pentsatu zuen gurdizainak. Gertaera horrek erabat kokilduta utzi ninduenez, Covent Gardeneko azokara jo nuen eta bioletak saltzen ziren postu baten alboan eseri nintzen, apur bat lasaitzearren; izan ere, dardara eta arnasestu batean nengoen. Berriro hotzeria harrapatu nuela ohartu nintzen ordea, eta azokatik alde egin behar izan nuen, inork nire doministikuak entzun ez zitzan.

        'Aurkitu nuen, noizbait, behar nuena: dendaxka zikin eta hondatu bat zen, Drury Lanetik hurbileko kalexka batean. Lentejuelekiko jantzi distiratsu, bitxi faltsu, ileorde, dantzarako oinetako, domino eta antzerki argazkiez betea zegoen. Modaz pasatako denda makur ilun bat zen, eta lau solairuko etxe bat zuen gainean, goibela eta iluna hura ere. Leihotik barrena begiratu eta inor ez zegoela ikusita, sartu egin nintzen. Atea irekitzean kanpai batek txilin egin zuen. Irekita utzi nuen, eta mozorroak zeuden bazterrera joan nintzen, ispilu handi baten atzera. Minutu batean edo ez zen inor agertu. Denbora horren buruan gela batetik igarotzen ziren urrats astunak entzun nituen, eta gizon bat agertu zen dendan.

        'Ondo nekien zer egin behar nuen: etxebizitzan sartu, goian ezkutatu, aukerarik onenaren zain egon, eta, dena lasai gelditzen zenean, ileordea, maskara, betaurrekoak eta mozorroa eskuratu, eta mundura jalgi, gizirudi agian barregarri baina betiere sinesgarri bihurturik. Eta, bide batez, han aurkitzen nuen diru guztia lapurtu, noski.

        'Dendan sartu zen gizona txikia, argala eta konkorduna zen; bekain iletsuak, beso luzeak eta hanka zabal laburrak zituen. Jatordua egiten harrapatu nuen, nonbait. Denda guztian zehar begiratu zuen jakin-minez. Denda hutsik ikusirik, hasierako keinua harridurazko keinu bihurtu zen gero, eta amorruzkoa azkenik. «Mutil kozkor nazkante hauek!» esan zuen. Aterantz joan eta kalera jaitsi zen. Handik gutxira itzuli zen dendara, atea ostiko batez itxi, haserre, eta dendatik etxe barrura sartu zen marmarka.

        'Haren atzetik abiatu nintzen, baina nire mugimenduaren hotsak bertan geldiarazi zuen. Gauza bera egin nuen nik ere, haren entzumen bikainarekin harriturik. Baina muturren aurrean itxi zidan etxeko atea.

        'Zer egin ez nekiela gelditu nintzen. Horretan, haren pausoak entzun nituen berriro, dendara zetozela; atea ireki zen berriro. Denda guztia arakatu zuen, lehenengo begiratuan lasai gelditu ez balitz bezala. Erakusmahaiaren atzealdea miatu zuen, marmarka, eta manikien artean begiratu bat egin zuen. Zalantzan gelditu zen. Etxeko atea irekita utzi zuen, eta barruko gelara sartzea lortu nuen horrela.

        'Gela aski txikia zen, altzari gutxi zituen, eta bazter batean maskara pila bat zegoen. Mahai gainean gosaria zeukan, ordurako berandutua; gogaikarria izan zen niretzat, Kemp, kafe haren usainean gelditu beharra dendaria gelara itzuli eta gosaria bukatzen zuen denbora guztian. Oso manera txarrak zituen gizonak gainera. Gelan hiru ate zeuden; bat bigarren solairura zihoan eta beste bat behera, baina itxita zeuden denak. Ezingo nintzen gelatik irten bera han zegoen bitartean, mugitu ere ezin nintzen ia mugitu, zentzu guztiak erne-erne baitzituen. Haize bolada bat igarotzen zen nire bizkar atzetik. Bi aldiz lortu nuen, asko kostata halere, doministikuak itotzea.

        'Nire sentipenak nahasiak eta berriak ziren, baina gizonak jatordua amaitu baino askoz lehenagorako zeharo nekatuta eta haserre nengoen. Amaitu zuen, noizbait, eta teontzia zegoen latorrizko erretilu beltzean ezarri zituen bere ontzi errukarriak, eta ziapez zikinduriko mahai-oihaleko ogi apur guztiak bildu ostean, traste guztiak eraman zituen. Karga hark ez zion atea ixteko aukerarik eman, beti hala egin ohi bazuen ere; inoiz ikusi gabe nengoen ateak ixteko halako grina zuen gizonik. Hala, haren atzetik joan nintzen, sotoan zegoen sukalde-garbitoki zikin bateraino. Atsegin handia hartu nuen harrikoa egiten hasi zenean, eta, han egotearekin ezer gutxi lortuko nuela ikusirik eta lurreko harlauzetan oinak hozten hasi zitzaizkidanez, gora igo eta haren eserlekuan eseri nintzen, sutondoan. Sua itzaltzen ari zen, eta zer egiten nuen ia konturatu gabe, ikatz pixka bat gehiago bota nuen sutara. Hori egitean ateratako hotsa entzun zuen eta berehala igo zen; adi-adi begira gelditu zen. Gela miatzen hasi eta ni ukitzeko zorian egon zen. Baina miaketa horrekin ere ez zirudien lasai zegoenik gizona. Ate aurrean berriro gelditu zen, eta alde egin aurretik azken begiratua egin zion gelari.

        'Luzaz itxaron nuen egongela hartan; azkenean, itzuli zen dendaria eta bigarren solairura ematen zuen atea zabaldu zuen. Haren atzetik abiatu nintzen.

        'Zurubian ustekabean gelditu zen; harekin behaztopa egiteko zorian egon nintzen. Eskuinaldetik atzera begiratu zuen, nire aurpegian zehar, eta adi-adi jarri zen. «Lepoa egingo nuke...», esan zuen. Esku luze iletsuarekin tira egin zion beheko ezpainari. Bere begiek zurubian gora eta behera begiratu zuten. Gero, erremuskada bat egin eta gorantz jarraitu zuen.

        'Eskua ate bateko maratilan zuenean berriro gelditu zen; lehenagoko haserre eta harridura keinu berbera zuen orduan ere. Haren atzean egiten nituen mugimenduen hots apala antzematen hasia zen, nonbait. Gizon hark entzumen arrunt zorrotza zuela iruditu zitzaidan. Horretan, sutan jarri zen. «Norbait aurkitzen badut etxe honetan...» oihu egin zuen biraoka, eta bukatu gabe utzi zuen mehatxua. Eskua patrikan sartu eta bila zebilena aurkitu zuen; nire albotik igarota zurubira itzuli zen, arrapaladan, zarata handia eginez eta oldarkor. Ez nion jarraitu. Zurubi buruan eseri nintzen, hura itzuli zain.

        'Handik apur batera bazetorrela antzeman nuen, marmar batean orduan ere. Gelako atea zabaldu eta ni sartu aurretik, muturren aurrean itxi zidan berriro.

        'Etxea miatzea erabaki nuen. Denbora dexente eman nuen horretan, ahal bezain isilik ibili behar nuen eta. Oso etxe zaharra zen, oso hondatuta zegoen; hain hezea zen non ganbarako hormetako papera askatzen hasia baitzen; eta arratoiez josita zegoen. Ate gehienetako maratilek kirrinka egiten zuten, eta ez nintzen ausartu haiek irekitzera. Arakatu nituen gela batzuetan ez zegoen batere altzaririk. Beste batzuk, berriz, antzerkiko trastez beterik zeuden; itxuragatik, bigarren eskuko trasteak ematen zuten. Gizona zegoen gelaren aldamenean arropa mordoa aurkitu nuen. Haiek aztertzen hasi nintzen, eta nire grinak gizonak erakutsia zuen entzumen zorrotza ahaztarazi zidan berriro. Halako batean, urratsak entzun nituen, ni nengoen gelara isilka hurbiltzen; garaiz begiratu nuen, eta antigoaleko errebolber bat hartuta arropa-meta nahasi hura aztertzen ari zela ohartu nintzen. Geldi-geldirik egon nintzen, berak, ahozabalik eta mesfidantzaz, gelako zoko guztiak ikertzen zituen bitartean. «Atsoa izango zen.», esan zuen mantso-mantso. «Atso madarikatu hori!».

        'Atea poliki-poliki itxi eta giltza jiratu zuela entzun nuen. Urrundu egin ziren urratsak. Berehala ohartu nintzen giltzapeturik nengoela. Zer egin ez nekiela gelditu nintzen. Atetik leihora eta leihotik atera joan nintzen. Txundituta nengoen. Sutan. Beste ezer egin aurretik jantziak aztertzea erabaki nuen, baina lehenengo saioan arasa batetik arropa pila bat bota nuen. Hala, berriro itzuli zen gizona, sekula baino haserreago gainera. Eta ordukoan ukitu egin ninduen; jauzi bat eginez ikaratuta atzeratu eta gela erdian gelditu zen zur eta lur.

        'Berehala lasaitu zen apur bat. «Arratoiak!», esan zuen bere artean, hatzak ezpainetan zituela. Bistakoa zen izutu samar zegoela. Isil-isilik irten nintzen gelatik, baina ohol batek karraska egin zuen. Eta piztia zakar hura etxearen alde batetik bestera abiatu zen, errebolberra eskuan hartuta; ibilbidean aurkitu zituen ate guztiak itxi eta giltzak patrikan gorde zituen. Amorratzen jarri nintzen zer egin nahi zuen ohartu nintzenean. Ezin nuen neure ezinegona menderatu eta aukera onenaren zain gelditu. Ordurako banekien bakarrik zegoela etxean eta, besterik gabe, buruan jo nuen.

        — Buruan jo zenuela? —esan zuen Kempek.

        — Bai, zurubian behera zihoala, jo eta konorterik gabe utzi nuen. Atzetik jo nuen, pasiloan aurkitu nuen aulki batekin. Bota zaharrez beteriko zaku bat bezala jauzi zen zurubian behera.

        — Baina! Aizu... Non dira gizatasunaren oinarrizko legeak...

        — Jende arruntarentzat oso ongi daude horiek. Baina kontua zen, Kemp, mozorroturik eta inork ikusi gabe irten behar nuela etxe hartatik. Eta ez zitzaidan hori lortzeko beste biderik bururatu. Gero Luis XIV.a estiloko zapi bat aho inguruan lotu nion eta maindire batean bildu nuen.

        — Maindire batean bildu zenuela?

        — Zaku moduko bat egin nuen maindirearekin. Ideia ona izan zen inozo hura izututa eta isilik mantentzeko; oso zaila zuen handik irtetea. Gainera sokaz lotu nuen. Kemp adiskidea, ez da bidezkoa inor hil banu bezala begiratzea horregatik! Beste erremediorik ez nuen. Berak errebolber bat zeukan. Ikusi izan banindu nire deskribapena zalbalduko zuen.

        — Baina, halere —esan zuen Kempek Ingalaterran, gaur egun... Gainera gizon hura bere etxean zegoen, eta zu, tira..., zu lapurretan ari zinen.

        — Lapurretan! Bai zera! Eta hurrena, lapurra naizela esango didazu! Benetan, ez nuen uste hain antigoalekoa zinenik. Ez al duzu ikusten zein zen nire egoera?

        — Baita harena ere! —erantzun zion Kempek.

        Gizon Ikusezina zutik jarri zen.

        — Zer esan nahi duzu?

        Kempen keinua zorroztu egin zen. Hitz egitera zihoan, baina bere burua menderatzea lortu zuen.

        — Azken batean, hori egitea beste irtenbiderik ez zenuen izango, noski —esan zuen, jarrera aldaturik Ataka larri batean zinen. Baina, halere...

        — Noski ataka larrian nengoela, ataka zorigaiztoko batean! Eta gizon hark neure onetik atera ninduen gainera: etxe guztian nire atzetik, bere errebolberrarekin jolasean, ateak irekitzen eta ixten. Gogaikarria zen! Ez didazu hura egin izana gaitzetsiko, ezta? Ez didazu gaitzetsiko, ez?

        — Nik inoiz ez diot inori ezer gaitzesten —esan zuen Kempek Hori zaharkituta gelditu da. Zer egin zenuen ondoren?

        — Goseak nengoen. Ogi xerra bat eta gazta zaharmindu pixka bat aurkitu nituen goian, neukan gosea asetzeko aski baino gehiago. Brandy-ur apur bat edan, neure behin-behineko fardelaren gainetik igaro —bera lasai-lasai etzanda zegoen eta arropa aurkitu nuen gelara joan nintzen. Gelatik kalea ikusten zen, zikinak horitutako bi mihise farfaildunen atzetik. Egun argia zegoen; ni nengoen etxe hondatu hartako itzal ilunekin kontraste handia egiten zuen. Egun distiratsua zen benetan. Trafiko handia zebilen: frutazaleen gurdiak, zalgurdi bat, kaxaz beteriko lau-gurpileko bat, arrain saltzailearen gurdia. Neure atzeko altzari ilunen aldera jiratu nintzen, begien aurrean koloretako izpiak dantzan zebilzkidala. Asaldura desagertu ahala, beldurra nagusitu zitzaidan berriro nire egoeraren zoritxarraren aurrean. Gelan bentzol usaina zegoen; bentzola jantziak garbitzeko edo erabiliko zuela pentsatu nuen.

        'Etxearen azterketa sistematikoa egiten hasi nintzen. Konkordunak aspalditik bakarrik bizi behar zuela pentsatu nuen. Agure xelebrea zen oso. Baliagarri izan zitezkeen gauza guztiak jantzien gelan bildu eta haien artetik egokienak hautatu nituen. Poltsa bat aurkitu nuen, oso erabilgarria, bai eta zenbait hauts, masail-apaingarri eta esparadrapoa ere.

        'Aurpegia eta agerian nituen atal guztiak margotzea edo hautsez estaltzea pentsatu nuen, ikusgai bihurtzeko. Baina eragozpen bat zegoen: berriro desagertu ahal izateko trementina, beste zenbait gai eta denbora dexente beharko nuen. Azkenean, hartu nituen maskara bat, aurkitu nuen txukunena —zabar samarra hala ere, baina ez edozeinen aurpegia baino zabarragoa betaurreko ilun batzuk, bibote zuri bat, eta ileorde bat. Ez nuen azpiko jantzirik aurkitu, baina erosi ahal izango nuen geroago; hasteko, kotoi leunezko jantzi luze txanodun bat eta katxemirazko lepoko zuri batzuk hartu nituen. Ez nuen galtzerdirik ere topatu, baina konkordunaren botak lasai antzean neuzkan eta haiekin aski nuen. Dendako mahai batean hiru soberano eta zilarrezko hogeita hamar bat txelin aurkitu nituen, eta denda atzeko gelan giltzaz itxita zegoen arasa bat apurtu, eta urrezko zortzi libra hartu nituen. Mundu zabalera irteteko pronto nengoen berriro, ongi horniturik.

        'Zalantza bat nuen. Nire itxura benetan sinesgarria ote zen? Logeletako apainmahaiko ispilu txiki horietako baten aurrean jarri nintzen, eta alde guztietatik begiratu nuen neure gorputza, zerbait ahaztu ote zitzaidan edo ikusteko; ongi zegoen dena. Antzerki emanaldi bateko pertsonaia ematen nuen —muntaia merke batekoa baina gorpuzkerari zegokionez ez nuen aitzakiarik. Beraz, adorez beterik, ispilutxoa dendara eraman, dendako errezelak jaitsi eta dendako ispilu handiaren laguntzarekin goitik behera miatu nuen neure burua.

        'Minutu batzuk behar izan nituen neure buruarekiko konfiantza osoa berreskuratzeko. Gero dendako ateko kisketa ireki eta kalera irten nintzen, eta han utzi nuen gizarajoa, nahi zuenean maindiretik aska zedin. Handik bost minutura dendatik dozena bat etxadira edo nengoen. Eta antza zenez inor ez zen nire itxuragatik kezkatu. Gainditua nuen neure azken arazoa!

        Isildu egin zen.

        — Eta konkordunaz ez zinen gehiago arduratu? —galdetu zion Kempek.

        — Ez —erantzun zion Gizon Ikusezinak Eta ez dut haren berririk gehiago izan. Lortuko zuen loturak askatzea edo maindiretik ostikoka irtetea, nik uste. Korapiloak lasaiak ziren.

        Berriro isildu, leihora joan eta leihotik begiratu zuen.

        — Zer gertatu zitzaizun Strandera irten zinenean?

        — Ene! Etsipena berriro! Arazo guztiak gaindituta nituela uste nuen, banuela edozer egiteko aukera, neure sekretua agerian uztea izan ezik. Hala uste nuen. Neure ekintzek eta ekintzen ondorioek ez zidatela kalterik egingo. Aski nuela arropak erantzi eta desagertzea. Inork ezingo ninduela harrapatu. Dirua har nezakeela dirua aurkitzen nuen edozein tokitan. Hori sinetsita, neure burua saritzeko jatordu oparo bat egitea erabaki nuen, eta gero hotel on batera joan eta ondasun gehiago eskuratzea. Izugarri seguru sentitzen nintzen. Ez da batere goxoa orduan zein inozoa izan nintzen oroitzea! Sartu jatetxe batean, eta zer jango nuen erabakitzen ari nintzenean konturatu nintzen ezingo nuela ezer jan baldin eta nire aurpegi ikusezina agerian uzten ez banuen. Eskatu jakiak, zerbitzariari hamar minuturen buruan itzuliko nintzela esan eta kanpora irten nintzen zeharo atsekabeturik. Ez dakit horrelako ustekaberik hartuko zenuen inoiz jatenarekin...

        — Ez, hain gogorrik inoiz ez —esan zuen Kempek Baina ulertzen dut nola sentituko zinen.

        — Jendearekin dinbi-danba hasteko gogoa nuen. Azkenean, jatordu oparo bat egiteko grina menderatu ezinik, beste jatetxe batera joan eta jangela pribatu bat eskatu nuen. «Aurpegia erabat desitxuratua daukat.», esan nien. «Zeharo desitxuratua.» Jakin-minez begiratu zidaten, baina hori ez zen haien kontua, eta azkenik lortu nuen jatordua egitea. Zerbitzua ez zen oso ona, baina jatekoa bai. Bukatu nuenean, zigarro bat erretzen gelditu nintzen, handik aurrerako planak prestatzen. Kanpoan elur-erauntsia zen.

        'Zenbat eta gehiago pentsatu, Kemp, are garbiago ikusten nuen zein zentzugabe eta errukarria zen Gizon Ikusezinaren bizitza, batez ere klima hotz ziztrineko hiri jendetsu batean. Nire esperimentu ero hura egin aurretik milaka abantailekin amets egin nuen. Baina arratsalde hartan dena zen eragozpen. Gizonek nahi izaten dituzten gauzetan pentsatu nuen. Ikusezintasunak horiek guztiak eskuratzeko bidea emango zidan, zalantzarik gabe. Baina haiek lortu ondoren haietaz gozatzeak ezinezko gauza zirudien. Handinahia! Zertarako balio du nonbaiteko kuttuna izateak, nonbait horretara joaterik ez baduzu? Zertarako balio emakume baten maitea izateak, emakume horren izenak nahitaez Dalila izan behar badu? Ez dut politika atsegin, ez ospearen azpijokoak, ez filantropia, ez eta kirola ere. Zer egin nezakeen? Horretarako bihurtu ote nintzen, bada, mozorro misteriotsu, gizon baten karikatura bendaz betea!

        Isildu egin zen; leihotik begira zegoela esan daiteke haren egokeragatik.

        — Nolatan joan zinen Ipingera, baina? —galdetu zion Kempek, solaskideari hitz eginarazteko irrikitan.

        — Lanera. Artean banuen itxaropena. Ideiatxo bat nuen! Eta oraindik ere badut. Baina askoz ere biribilagoa dagoeneko. Itzultzeko bide bat. Nire lorpena lehenera bihurtzeko bidea. Nahi dudanean. Eta nire lorpena esaten dudanean, ikusezintasuna esan nahi dut. Eta horixe da, hain zuzen, orain azaldu nahi dizudana.

        — Zuzenean joan al zinen hara?

        — Bai. Hiru ohar-liburuak eta txekeen liburuxka, ekipaia eta azpiko jantzi berriak bakarrik hartu behar izan nituen. Neure ideia landu ahal izateko kimikako hainbat tresna eta gai eskatu (liburuak eskuratu bezain laster erakutsiko dizkizut formula guztiak) eta lanari ekin nion. Aurrera! Gogoan dut elur-erauntsia, zein gogaikarri eta nekagarria zen nire kartoizko sudurra elurraren hezetasunetik gorde behar hura...

        — Eta azkenean —esan zuen Kempek herenegun, aurkitu zintuztenean, bada, hori, egunkariak dioenez...

        — Bai. Hori. Polizia madarikatu hura hil al nuen?

        — Ez —esan zion Kempek Osatuko dela diote.

        — Zorioneko dago, orduan. Oso haserre nengoen. Ergel alaenak! Zergatik ez zidaten alde egiten utzi? Eta beste dendari baba-lore hura berriz?

        — Ez omen da inor hilko —esan zuen Kempek.

        — Ez dakit, bada, nire arlote hori ere salbatuko den —esan zuen algara higuingarri bat eginez Gizon Ikusezinak. Eta jarraitu zuen Kemp, ez dakizu ongi zer den amorrua! Urteetan lanean jardun, plangintzak eta egitasmoak antolatu, zertarako, eta astapotro ezjakin eta egoskor bat etorri eta guztia hondatzeko! Inoiz sortu diren izaki inozoenak niri bidean oztopo egiteko sortuak dira inondik ere! Horrela jarraitzen badut erotu egingo naiz. Neure bidetik baztertu beharko ditut nola edo hala. Izan ere, behin eta berriro okertu dizkidate gauzak.

        — Gogaikarria da benetan —esan zuen Kempek lehor.

 

 

 

© H.G. Wells

© itzulpenarena: Miren Arratibel

 

 

"H.G. Wells / Gizon ikusezina" orrialde nagusia