21.
OXFORD STREETEN

 

        — Lehenengo aldiz mailak jaisterakoan aurretik kontuan hartu ez nuen zailtasun handi bat aurkitu nuen: ez nituen nire oinak ikusten. Bi aldiz egon nintzen erortzekotan, eta ohi ez bezala, oso trakets nenbilen kisketak irekitzen. Dena dela, lurrera begiratu gabe ongi samar ibiltzea lortu nuen.

        'Nire aldartea, esan dizudan bezala, euforikoa zen. Gizon ikusgai bat bezala sentitzen nintzen; hotsik ateratzen ez duten oinak eta jantziak lituzkeen gizon ikusgai bat itsuen herrian sentituko litzatekeen moduan. Txantxetan jarduteko gogoa nuen, jendea izutzekoa, gizonei bizkarrean jotzekoa, kapeluak kentzekoa: nire abantaila bereziak agerian uzteko irrikitan, azken batean.

        'Great Portlan Streetetik irten bezain laster (nire ostatua oihal-denda handi baten alboan zegoen) hots bat entzun nuen eta zerbaitek atzetik jo ninduen indar handiz. Atzera jiratu nintzenean gizon bat ikusi nuen; seltz-urezko sifoiez beteriko saski bat zeraman eta harrituta begiratu zion saskiari. Kolpeak benetan min eman zidan arren, hain barregarria iruditu zitzaidan haren harridurazko keinua, ezen barre algara bat atera zitzaidan. «Deabrua daramazu saski honetan» esan eta eskutik kendu nion. Ziztu batean alde egin zuen. Airean altxa nuen saskia.

        'Baina, horretan, gurdizain ergel bat, taberna baten kanpoaldean zegoen bat, saskia jasotzera joan eta haren hatz luzeek belarrondoan jo ninduten indar handiz. Saskia gurdizainaren gainean jaregin nuen. Nire ingurura hurbiltzen zirenen oihu eta urrats-hotsak entzun eta jendea dendetatik irten eta ibilgailuak gelditzen hasi zirenean, ergelkeria bat egin nuela ohartu nintzen; neure hutsa madarikatuz, denda bateko erakusleihoaren kontra jarri eta iskanbila hartatik ihes egiteko prestatu nintzen. Handik berehala ihes egin ezean jende samalda baten erdian ikusiko nuen nire burua, aurkitu egingo ninduten. Harategiko mutila bultza (zorionez ez zen atzera jiratu horrela bultza egin zion ezereza zer ote zen ikusteko) eta gurdizainaren lau-gurpilekoaren atzean ezkutatu nintzen. Ez dakit nola bukatuko zen gertaera hura. Kalearen bestaldera lasterka joan nintzen; jainkoari eskerrak hutsik zegoen. Ez nekien zer norabide hartu ere; Oxford Streeteko arratsetako jende oldean galdu nintzen, gertaera hark agerian utziko ote ninduen izu-izu eginda.

        'Jendartean sartzen saiatu nintzen, baina lodiegiak ziren niretzat; orpoak zapaltzen zizkidaten gainera! Espaloitik erretenera jaitsi nintzen, baina haren zakarrak oin-azpiak mintzen zizkidan. Zalgurdi bateko zigorrak lepa-uztaian jo ninduen; ordurako ubeldura franko banuela ekarri zidan horrek gogora. Hala, gurdiaren ibilbidetik aldendu, mugimendu laster bat eginez haur-orga bat saihestu eta zalgurdiaren atzean jarri nintzen. Neure burua nola salbatu bururatu zitzaidan orduan: zalgurdiak poliki-poliki aurrera egin ahala, haren atzetik abiatu nintzen, nire abenturaren tankera itsusiagatik izu-dardarka eta aztoraturik, baina. Eta ez izu-dardarka bakarrik, hotzikaraz ere bai. Izan ere, urtarrileko egun oskarbi horietako bat zen, eta larrugorri nengoen eta errepideko lokatz geruza mehea izozten hasia zen. Orain akats lotsagarria iruditzen zaidala aitortu behar dut, baina hasieran ez nintzen ohartu, garden izan ala ez, eguraldiarekiko eta haren ondorioekiko sentikor izango nintzela.

        'Erabaki bat hartu nuen: zalgurdiaren inguruan itzulia egin eta barnean sartu nintzen. Horrela, dardarka, ikaratuta, hotzeriaren lehen zantzuak antzematen hasia nintzela, eta bizkar beheko ubeldurek minduta, Oxford Street igaro eta Tottenham Court Streetetik aldendu nintzen. Nire aldartea hamar minutu lehenago etxetik irteera egin nuenekoaz oso bestelakoa zen. Ikusezintasun madarikatu hau! Buruan nerabilen ideia nagusia estuasun hartatik onik irteteko bidea aurkitzea zen.

        'Mudirenetik igaro ginenean emakume lerden batek, eskuan etiketa horiko bospasei liburu zituenak, zalgurdia gelditzeko agindu zuen. Zalgurditik kanpora jauzi egin nuen; harekin estropezu egin nuen ia, eta nire hegaldian ia-ia harrapatu ninduen tranbia batek. Galtzadan gora korrika abiatu nintzen Bloomsbury Square aldera; museoa iparraldetik igaro eta barruti lasaiago batera iristea zen nire asmoa. Izoztuta nengoen, eta nire egoeraren harrigarriak hain urduri jarri ninduen, ezen negarrez hasi bainintzen lasterka nindoala. Square iparraldeko ertzean Botikarien Elkarteko bulegoetatik zakur zuri txiki bat irten eta nire atzetik korrika hasi zen, lurrari usainka.

        'Ordura arte sekula ez nuen horretaz pentsatu, baina usaimena zakurrarentzat ikusmena gizon ikusgaiarentzat bezalatsu da. Zakurrek gizon bat mugitzen ari dela usaintzen dute gizonek mugimendua ikusmenaren bidez antzematen duten bezala. Zakurra zaunka eta saltoka hasi zen, ni han nengoela antzematen zuela argi erakutsiz; hala iruditu zitzaidan niri behintzat. Besagainetik atzera begira Great Rusell Street zeharkatu eta Montague Streeten aurrera samar nengoen arte ez nintzen ohartu norantz nindoan.

        'Musika entzun nuen eta, kalean aurrera begiratu nuenean, Rusell Squaretik jende pila zetorrela konturatu nintzen; jaka gorriz jantzita zeuden denak, eta Salbazioko Gudarostearen ikurrina zekarten aurrean. Errepidean oihuka zetozenek eta espaloian haiei barre egiten zietenek osaturiko jende aldra hura sekula gaindituko nuen itxaropenik ez neukan, baina atzera egin eta berriro etxera hurbildu nahi ez nuenez, estuasun hura gainditzeko museoko hesien pareko etxe bateko maila zuriak igotzea erabaki nuen; han gelditu nintzen segizioa desagertu zen arte. Zorionez, zakurra musika-bandaren zaratarekin isildu zen, zer egin ez zekiela gelditu eta, azkenik, atzera jiratu eta Bloomsbury Squarera itzuli zen korrika.

        'Musika-banda aurrera zihoan. Haiek ez zekiten, baina ironiaz beteriko ereserki bat abesten ari ziren: «Noiz ikusi ahalko diogu Aurpegia?», edo horrelako zerbait esaten zuen. Denbora amaigabea iruditu zitzaidan jende oldea espaloian nire aurretik pasatu artekoa. Dun, dun, dun, iristen zen danborren dunbots dardarkaria. Hasieran ez nintzen konturatu, baina hesian bi mutil kozkor zeuden, nire aurre-aurrean. «Begira!», esan zuen batek. «Begiratzeko, zer?», galdetu zion besteak. «Ez al duk ikusten? Oinutsik egindako oinatzak dituk. Baten bat lokatzatan ibili balitz bezala.» Behera begiratu eta konturatu nintzen mutil kozkorrak nik mailadi margotu berrian utzitako oinatz lohitsuei begira zeudela. Ingurutik pasatzen zen jendeak astindu eta bultza egiten zieten, baina haien inteligentzia madarikatuak han gelditzera bultzatzen zituen nonbait. «Dun, dun, dun, Noiz, dun, ikusi ahalko diogu, dun, Aurpegia, dun, dun.» «Gizon bat igo duk hortik oinutsik, ala ni burutik eginda nagok.», esan zuen batek, «Eta ez duk berriro jaitsi. Eta odoletan zaukak oin bat.»

        'Ordurako jende gehiena igarota zegoen. «Begirazak hona, Ted.», esan zuen harriturik bi detektibeetan gazteenak, eta nire oinak seinalatu zituen zuzen-zuzen. Behera begiratu eta lokatzezko geruza mehe batek nire oiningurua itxuratzen zuela ohartu nintzen. Harri eta zur gelditu nintzen.

        '«Bai arraroa!», esan zuen helduenak. «Oso arraroa bai! Oin baten mamua ematen dik, ezta?». Duda-mudatan ibili zen; eskua luzaturik aurreratu zen. Gizon bat gelditu zen, mutikoak zer hartu nahi zuen ikusteko, eta gero neska bat ere bai. Mutikoak ukitu egin ninduen. Orduan bururatu zitzaidan zer egin. Urrats bat eman nuen, mutikoak atzera egin zuen oihuka eta ni, bizkor-bizkor jauzi eginez, alboko etxeko atarian sartu nintzen. Baina mutil kozkor gazteena begi-zorrotza zen inondik ere, bai nire mugimenduari antzemateko bezain begi-zorrotza behintzat, eta ni mailak jaitsi eta espaloira iritsi orduko, mutikoak bere harridura gainditu eta oinak horman gora igo zirela esaten hasi zen garrasi batean.

        'Atzera jiratu ziren guztiak eta nire oinatzak ikusi zituzten beheko mailatik espaloia bitartean. «Zer igo dela?», galdetu zuen norbaitek. «Oinak! Begira! Oinak korrika!». Kalean zebiltzan guztiak, nire hiru jarraitzaileak izan ezik, Salbazioko Gudarostearen atzetik zihoazen; enbarazu egiten ziguten, bai niri, baina baita nire jarraitzaileei ere. Harridurazko eta jakin-minezko zurrunbilo bat eratu zen. Mutiko gazteetako batekin behaztopa egin arren aurrera jarraitu nuen; handik gutxira biribilean korrika ari nintzen Russell Squaren, nire oinatzen atzetik sei-zazpi lagun nituela lur eta zur eginda. Ez nuen azalpenik emateko astirik ordea, jende pila ni harrapatu nahian ikusi nahi ez banuen behintzat.

        'Bi aldiz saiatu nintzen kale-bazterretan haietatik urruntzen, hiru aldiz gurutzatu nuen kalea eta itzuli nintzen nire oinatzen bidera, eta nire oinak berotu eta lehortu ahala oinatz hezeak desagertzen hasi ziren. Azkenean, atsedenalditxo bat izan nuen eta eskuez oinak garbitu nituen. Horri eskerrak salbatu nintzen. Gertaera hartaz gogoan dudan azken irudia da dozena bat lagunek edo osatutako taldetxo bat nola ari zen aztertzen, zeharo harriturik, pixkanaka lehortzen ari zen oinatz bat, Tavistock Squaren putzu bat zapaldu nuelako utzi bide nuena. Oinatz bakar eta zentzugabe bat zen hura beraientzat, Robinson Crusoek egindako aurkikuntza bakartu bezain ulertezina.

        'Apur bat berotu nintzen lasterraldi harekin eta kementsuago abiatu nintzen paraje haietako kale bakartienen labirintoan zehar. Bizkarra mailatuta eta minbera neukan, min nuen eztarrian ere, gurdizainak heldu zidan tokian, eta lepoko larruazala haren azkazalek urraturik. Oinetan ere min handia nuen; gainera zauri txiki bat neukan oin batean, herrenka ibilarazten ninduena. Horretan, itsu bat gerturatzen ari zitzaidala ikusi nuen; herrenka ihes egin nuen, haren sen zorrotzaren beldur. Behin edo bitan estropezu egin nuen nahi gabe eta harriturik utzi nuen jendea, haien belarriak biraoez ondo berotu nituelarik. Zerbaitek aurpegian jo ninduen, isilik eta poliki etorri zen zerbaitek: milaka elur maluta txiki erortzen hasi ziren Squaren. Hotzeria neukan, eta eginahalak eginda ere ezin nion eutsi noizbehinka doministiku egin beharrari. Eta bidean aurkitzen nituen zakur guztiak muturra gora jaso eta usainka hasten zitzaizkidan eta izutu egiten ninduten.

        'Aurrerago mutil batzuk agertu ziren, bat aurretik eta beste zenbait atzean, lasterka eta oihuka. Sute bat izan omen zen. Ni ostatu egondako etxe aldera zihoazen; kale batean behera begiratu eta ke beltz piloa ikusi nuen teilatu eta telefono harien gainetik. Nire ostatua sutan zegoen; eta han nituen arropak, tresnak, nire ondasun guztiak, Great Portland Streeteko postetxera iritsiko ziren txeke-liburuxka eta hiru ohar-liburuak izan ezik. Sutan den-dena!

        'Neure ontzi guztiak erre nituen, ongi erre ere! Etxea sutan zegoen.

        Gizon Ikusezinak etenaldi bat egin, eta pentsakor gelditu zen. Kempek leihotik begiratu zuen urduri.

        — Bai? Jarraitu —esan zion.

 

 

 

© H.G. Wells

© itzulpenarena: Miren Arratibel

 

 

"H.G. Wells / Gizon ikusezina" orrialde nagusia