20.
GREAT PORTLAND STREETEKO
ETXEAN

 

        Kemp une batez isilik gelditu zen, leiho alboko gizirudi burugabearen bizkarrari so. Zerbaitekin larritu, altxatu, Gizon Ikusezinari besotik heldu eta begiralekutik baztertu zuen.

        — Nekatuta egon behar duzu —esan zion eta ni nago eserita eta zu, berriz, gelan atzera eta aurrera. Tori nire aulkia.

        Griffinen eta hurbileneko leihoaren artean jarri zen.

        Griffin isilik egon zen apur batean; gero bizi-bizi jarraitu zuen.

        — Hura gertatu zenerako utzia nuen Chesilstowengo etxetxoa —esan zuen Abendua zen. Gela bat hartu nuen Londresen, altzaririk gabeko gela handi bat, gaizki gobernaturiko ostatu handi batean, Great Portland Streetetik hurbil. Berehala bete nuen gela hura, lapurtutako diruarekin erositako tresnez. Lanean gero eta hobeto ari nintzen, gero eta arrakasta handiagoz; hurbil ikusten nuen amaiera. Sasi artetik irten orduko trajediarik beltzenarekin topo egiten duen gizon bat bezalakoa nintzen. Aita lurperatzera joan nintzen. Ikerketan jarria nuen gogoa; ez nuen hatz bat ere mugitu aitak bere ohorea berreskura zezan. Oroitzen dut hileta, hilkutxa merkea, elizkizun laburra, muino aldetik zetorren haizea, ihintza; eta gogoan dut aitaren eskolako lagun zahar hura, arropa beltz zarpailez jantzitako gizon zahar makurra, haren arimaren aldeko otoitzak irakurri zituena, katarroaren eraginez negar-zotinka.

        'Oroitzen dut etxe hutsera nola itzuli nintzen, garai batean herri izandako baina arkitekto zabarrek hiriaren karikatura huts bihurtu zuten paraje hartan barrena; norabide guztietarako bideak zeuden zelai hondatu haietan, zabor-mendietara iristen zirenak denak. Neure burua irudi beltz argal bat bezala gogoratzen dut; espaloi labainkor distiratsuan aurrera nindoala, sentitu nuen ezerk ez ninduela lotzen leku hartara, hondoa jo eta diruzalekeria zikoitzak mendean hartua zuen leku hartara.

        'Ez nuen aitagatik errukirik sentitu; bere sentiberatasun ergelaren biktima iruditzen zitzaidan. Hiletara joan nintzen, joan, garai hartako ohiturei jarraiki, baina ez nuen ezer sentitu.

        'Baina High Streeten aurrera egin ahala, nire bizitzako iraganeko pasarteak etorri zitzaizkidan gogora, hamar urte lehenago maite izan nuen emakumea ikusi nuenean. Gure begiradek topo egin zuten.

        'Zerbaitek atzera jiratu eta harekin mintzatzera bultzatu ninduen. Emakume zeharo arrunta iruditu zitzaidan.

        'Amets bat bezala izan zen aspaldiko paraje haiek berriro bisitatzea. Ez nintzen konturatzen bakarrik nengoela munduan, mundutik at nengoela, herri mortu batean bezala. Konturatzen nintzen ez nuela errukirik, baina gauzen hutsaltasun orokorrari egotzi nion horren errua. Neure gelan berriro sartzean erralitatea berreskuratu nuela iruditu zitzaidan. Hantxe ziren nire gauza kuttun eta maitatuenak. Han ziren nire tresnak eta esperimentuak, prest, zain. Arazo bat bera ere ez zitzaidan gelditzen konpontzeke, xehetasunak bakarrik nituen azterkizun.

        'Azalduko dizkizut, Kemp, goiz ala berandu, prozesu konplexu horiek guztiak. Baina orain ez da horretarako garaia. Xehetasun gehientsuenak, neronek gogoan gorde nahi izan ditudanak izan ezik, idatzita daude, klabean idatzita, arlote horrek lapurtu zizkidan liburuetan. Harrapatu egin behar dugu. Liburu horiek berreskuratu behar ditugu. Dena dela, prozesuaren oinarrizko urratsa hau izan zen: gauzaki garden baten errefrakzio maila beheratu eta gauzaki hori dardara etereozko sortak igortzen zituzten bi guneren artean ezartzea. Geroago mintzatuko natzaizu dardara etereo horiez. Ez ziren Röntgen dardarak. Ez dakit beste dardar hauek sekula inork deskribatu dituen, baina nabarmen-nabarmenak dira. Bi dinamo txiki erabili nituen; gasezko motore merke batekin jarri nituen martxan. Lehenengo saioa artilezko oihal zuri txiki batekin egin nuen. Oihala izpien argitan leun eta zuri egon eta bat-batean kea bezala desagertzen ikustea; hori baino gauza liluragarriagorik!

        'Ezin nuen sinetsi ere egin zer lortu nuen. Ezarri nuen eskua espazio hutsean eta oihalaren ohiko ukitua nabaritu nuen: oihal arruntarena bezain ukitu trinkoa. Hartu eta lurrera bota nuen. Asko kosta zitzaidan berriro aurkitzea.

        'Saio bitxi bat egin nuen ondoren. Miao bat entzun nuen neure atzean; jiratu nintzenean kateme zuri argal bat ikusi nuen, oso zikina, leihoaren kanpoaldeko ur-ontziaren estalki gainean. Ideia bat bururatu zitzaidan. «Prest da dena zuretzat» esan nuen; joan leihora, ireki, eta samur-samur deitu nion. Marmarka etorri zen —gose baitzen pitxitxi gaixoa esne pixka bat eman nion. Janaria gela bazter bateko arasan nuen gordeta. Katemea gela guztian zehar usainka ibili zen, etxea ezagutzeko edo. Oihal ikusezinak beldurtu egin zuen, nonbait; ikustekoa zen bizkarra nola konkortu zitzaion! Oheko burukoan jarri nuen goxo-goxo. Eta gurina eman nion, pixka bat zuritzeko.

        — Zure esperimenturako erabili zenuen, orduan?

        — Bai, harekin egin nuen saioa. Baina katu bati droga harraraztea ez da, ez, lan erraza, Kemp! Eta saioak huts egin zuen.

        — Huts egin zuela?

        — Bai, bi arazo izan nituen. Atzaparrak batetik, eta, bestetik, katuen begiaren atzealdeko pigmentu hori, bai, nola da? Badakizu zein esaten dudan?

        — Tapetum izenekoa.

        — Bai, tapetum delako hori. Ez zen desagertu. Odola zuritzeko gai bat eman eta beste zenbait gauza egin ondoren, opioa eman nion eta katemea zegoen burukoa tresnan ezarri nuen. Baina, gainerako gauza guztiak suntsitu eta desagertu zirenean, ikusgai jarraitzen zuten katemearen begietako orbanak.

        — Bai harrigarria!

        — Ez dut ulertzen zergatik. Bendaz estali eta lotu nuen noski, bere burua babesteko modurik izan ez zezan; baina, artean erdi tontotuta zegoela, esnatu eta miao triste bat egin zuen. Horretan, atea jo zuten. Etxapeko atso zahar bat zen, bizi-ebakuntzak egiten nituela uste zuena; atso mozkorti bat, munduan kateme zuri bat besterik ez zuena. Hartu nuen kloroformo pixka bat eta katuari eman nion. Atea zabaldu nuen. «Katu baten miaoa iruditu zait,» esan zidan, «nire katuaren miaoa.» «Hemen ez da katurik, andrea.», esan nion, moduz. Zalantzan gelditu zen; atetik gela barrura begiratu zuen. Egia esan, ez zen harritzekoa nire hitza sinetsi ez izana: zuri-zuri zeuden gelako hormak; leihoetan mihiserik ez; ohexka bat; gasezko motorea borborka; orban distiratsuak ziburu-zaburuka; eta kloroformo usain sarkor nazkagarria airean. Baina atsoa lasaitu zen, noizbait, eta alde egin zuen.

        — Zenbat denbora behar izan zenuen saioa egiteko?

        — Katemearen saiorako hiruzpalau ordu. Suntsitu ziren azken atalak hezurrak, kirioak eta gantza izan ziren, eta ile-punta koloredunak. Lehen esan dizudan bezala, begien atzealdea, gai iridiszente sendo hori, ez zen desagertu.

        'Esperimentua amaitu baino askoz lehenago gaua etorri zen; gelan ez zen ezer ikusten, katemearen begietako orbanak eta atzaparrak izan ezik. Gasezko motorea itzali ondoren piztia ukitu eta laztandu nuen, artean konorterik gabe zegoela. Oso nekatuta nengoen; katemea buruko ikusezinean lo utzi eta oheratu nintzen. Asko kosta zitzaidan loak hartzea. Esna egon nintzen, gauza laino eta funtsgabeetan pentsatzen, esperimentuaren urrats guztiak behin eta berriro aztertzen, edo nire inguruan lausotzen eta desagertzen ziren gauzei buruz amets suharrak egiten; harik eta amesgaizto batean zapaltzen nuen lurra ere desagertzen ikusi nuen arte. Ordu biak aldera katemea miaoka hasi zen gela guztian zehar. Hitz egiten hasi nintzaion, lasaituko zelakoan, baina kanpora bidaltzea erabaki nuen, azkenik. Ez dakizu nolako sustoa hartu nuen argia piztu eta katemearen begi berdeen distira bakarrik ikusi nuenean! Esnea emango niokeen, baina ez nuen gehiago. Ez zen isiltzen; ate alboan eseri eta miaoka gelditu zen. Katua harrapatzen saiatu nintzen, leihora ateratzeko, baina ezin izan nuen: desagertu egin zen. Horretan, berriro hasi zen han-hemen miaoka. Azkenean leihoa zabaldu nuen, zarata handia atereaz. Eta kanpora alde egingo zuen, ez dut sekula gehiago ikusi eta.

        'Aitaren hileta eta muino goibeleko haizea etorri zitzaizkidan gogora —Jainkoak daki zergatik! horretan pentsatzen jardun nuen eguna argitu arte. Egunsentian, lo egiteko itxaropenik ez nuenez, gelako atea itxi eta kalera irten nintzen noraezean.

        — Beraz, kateme ikusezin bat dabil hor nonbait? —esan zuen Kempek.

        — Inork hil ez badu, behintzat, bai —esan zuen Gizon Ikusezinak Baliteke.

        — Nola balitekeela? —esan zuen Kempek Barkatu, ez nuen zure kontakizuna eten nahi.

        — Seguruenik hil egingo zuten —esan zuen Gizon Ikusezinak Handik lau egunera bizirik zegoela badakit, Great Tichfield Streeteko burdin hesi batean zebilela; izan ere, jendea ikusi nuen hesiaren inguruan, miaoak nondik zetozen igarri ezinik.

        Minutu batez edo isilik egon zen. Eta gero:

        — Garbi gogoratzen dut antzaldaketaren ondorengo biharamuna. Great Portland Streeten gora joan nintzela uste dut, gogoan baitut Albany Streeteko koartelak eta zalditeriako soldaduak handik irteten ikusi izana. Primrose Hillen eguzkitan eseri nintzen; ondoezik eta oso aldarte bitxiko nengoen. Urtarrileko egun eguzkitsu bat zen, aurten elurteak baino lehenago izan ditugun egun eguzkitsu eta hotz horien tankerako bat. Burua nekatua nuen, baina egoera aztertzen saiatu nintzen; zer egin behar nuen jakiteko plangintza bat osatzen, alegia.

        'Zeharo harritu nintzen, neure helburua lortua nuelarik, lorpen hura zein hutsala zen konturatu nintzenean. Egia esan, gogaiturik nengoen; lau urte inguru iraun zuen lan nekagarri hark edozein sentipen izateko ahalmena kendu zidan. Soraio nengoen, eta alferrik saiatu nintzen neure hasierako aurkikuntzekin sentitu nuena berreskuratzen, azken urteetan aitaren ile zuriaren errespetua ere galarazi zidan grina hura berreskuratzen. Ezerk ez zuen niretzat interesik ordea. Baina gogo aldarte hura laster aldatuko zitzaidala uste nuen, lan gogorrak eta lo faltak eragina zelakoan; drogak hartuz edo atsedenarekin edo neure indarra berreskuratuko nuela uste nuen.

        'Gauza bat ikusten nuen garbi: azkeneraino eraman behar nuela hura guztia. Ideia horrek mendean harturik zuen nire izate guztia. Laster amaitu behar nuen gainera, xahutua bainuen ia diru guztia. Batera eta bestera begiratu nuen, haurrak nola zebiltzan mazelean jolasean eta neskameek nola zaintzen zituzten. Gizon ikusezin batek mundu honetan izan litzakeen abantailetan pentsatzen saiatu nintzen. Gero etxera itzuli, jateko zerbait eta estriknina dosi handi bat hartu eta ohe gainean etzan nintzen jantzita, ohea egin gabe. Estriknina oso toniko eraginkorra da, Kemp, indarberritzeko ematen zaio gizonari.

        — Deabrua bera da —esan zuen Kempek Paleolitiko osoa botilan sartuta.

        — Indartsu eta haserre esnatu nintzen. Badakizu, ezta?

        — Bai, ezagutzen ditut gai horren ondorioak.

        — Atea jo zuten. Etxejabea zen, mehatxuka eta galdezka. Judu poloniar zahar bat zen etxejabea, beroki grisez eta zapatila koipetsuez jantzia. Gauean katu bat zirikatzen jardun omen nuela, ziur zegoela bera. Atsoa mingaina dantzatzen ibili bide zen. Etxejabeak den-dena jakin nahi zuen. Konderri hartako legedian bizi-ebakuntzen kontrako legea zorrotza omen zen, eta bera ere ez omen zegoen hartatik salbu. Ukatu egin nion katuarena. Gasezko motorearen dardarak etxe guztian entzuten zirela esan zidan orduan. Eta egia zen, gainera. Nire albotik igaro eta gelara sartu zen, bere betaurreko zilar alemanezkoekin den-dena miatuz. Izuak hartu ninduen; sekretua igarriko zidala uste nuen. Haren eta neuk asmatutako kontzentrazio-tresnaren artean jarri nintzen; horrek, ordea, areago piztu zion jakin-mina. Ea zertan ari nintzen. Ea zergatik nintzen hain bakartia eta neure baitakoa. Ea legezkoa al zen hura. Ea ez al zen arriskutsua. Errenta, ez nuen garestia ordaintzen. Eta bere etxea ostatu errespetagarria izan omen zen beti... auzoa ospe txarrekoa izan arren. Horretan, neure onetik atera nintzen. Alde egiteko eskatu nion. Berak ezetz, eta gela hartan egoteko zuen eskubidea aipatu zidan. Heldu nion lepotik; zerbait zartatu zen, eta biraka bota nuen bere pasiloan zehar. Atea itxi, giltzatu, eta eseri egin nintzen, dardarka.

        'Izugarrizko iskanbila sortu zuen kanpoan, baina ez nion jaramon egin eta alde egin zuen azkenean.

        'Gertaera hark krisiari bide eman zion, ordea. Ez nekien zer egingo zuen, ezta zer egiteko gai zen ere. Beste apartamentu bat hartzen banuen lana berandutuko zitzaidan; gainera, hogei libra eskasa zen nire dirua, bankuan gordea gehiena, eta ezin nion gastu horri aurre egin. Desagertu! Baina ezinezkoa zen hori; galdezka hasiko ziren, eta nire gela ikertuko zuten.

        'Nire lana onen-onenean zegoenean inork haren berri jakin edo nire lana oztopa zezakeela pentsatze hutsak sutan jartzen ninduen. Zerbait asmatu behar nuen. Hiru ohar-liburuak eta txekeen liburuxka, orain arloteak dauzkanak, hartu eta alde egin nuen. Fardelak eta gutunak gordetzen diren Great Portland Streeteko etxe batera bidali nituen guztiak hurbileneko postetxetik. Etxetik isil-isilik irteten saiatu nintzen. Itzuli nintzenean zurubia isilka igotzen aurkitu nuen etxejabea; atea ixten entzun ninduela uste dut. Gogotik barre egingo zenukeen nire urratsak gibelean entzunda tranpalean alde batera nola baztertu zen ikusi bazenu! Haserre begiratu zidan; nik, berriz, etxea dardarazi nuen atea ixtean eman nuen danbatekoarekin. Hankak arrastaka nire solairura igo eta, zer egin ez zekiela, berriro behera jaisten entzun nuen. Eta orduan prestakuntza lanei ekin nien.

        'Arrats eta gau hartan bukatu nuen den-dena. Odola koloregabetzeko drogak harturik lozorro gozoan nengoela, ate joka hasi ziren. Gero urratsak entzun ziren hara-hona, eta ate joka hasi ziren berriro. Atepetik zerbait sartzen saiatu ziren; paper urdin bat zen. Haserre bizian jaiki eta atea parez pare zabaldu nuen. «Zer da orain?», esan nuen.

        'Etxejabea zen, maizter-bidaltzeko agindu batekin edo. Agindua luzatu zidan, baina nire eskuetan bitxikeriaren bat ikusi eta aurpegira begiratu zidan.

        'Aho zabalik begira gelditu zitzaidan. Egin zuen oihu ulertezin bat, kandela eta agiria, biak, lurrera bota eta pasilo ilunean zehar zabuka alde egin zen. Atea itxi, giltzatu eta ispilu aurrera joan nintzen. Eta orduan ulertu nuen haren izua. Nire aurpegia zuri-zuri zegoen, marmol zuria bezalakoxea.

        'Izugarria izan zen. Nire hasierako planetan ez nuen pairamen fisikoa kontuan hartu. Gau gaiztoa izan zen: estuasun mingarria, zorabioak, konorte galtzeak... Larrua garretan bezala jarri zitzaidan. Hortzak estutu nituen. Gorputz guztia sutan bezala neukan, baina etzanda gelditu nintzen, hilda bezala. Orduan konturatu nintzen kloroformoa eman nion arte katemeak zergatik jardun zuen marruka. Eskerrak neure gelan bakar-bakarrik bizi nintzen eta laguntzailerik ez nuen. Gau hartan intziri, negar eta hitz egin nuen. Baina eutsi egin nion. Horretan, konortea galdu nuen; gauaren erdian ahul-ahul esnatu nintzen.

        'Baina ordurako ez nuen minik. Nire burua hiltzen ari nintzela pentsatu nuen, baina berdin-berdin zitzaidan. Sekula ez dut ahaztuko egunsenti hura, orduko larritasun bitxia. Eskuak beira bezala jarri zitzaizkidan eta, egunak aurrera egin ahala, gero eta gardenago eta meharrago, gainera: azkenerako nire gela nahaspilatua ikusi ahal izan nuen eskuetan zehar begiratuta, betazalak itxi arren, haiek ere garden baitzeuden ordurako. Gorputz adarrak gardendu, hezurrak eta arteriak suntsitu, desagertu, eta, ondoren, kirio zuri txikiak ezkutatu ziren. Hortzak karraskatu, eta azkeneraino eutsi nion. Azkenean azkazal hilak bakarrik gelditu ziren, zurbil eta zuri, eta hatzetan azidoren baten arrasto marroia.

        'Nekez jarri nintzen zutik. Hasieran titiko haur bat bezain ezgauza nintzen, ikusten ez nituen gorputz adarrez baliatu beharra nuen eta. Oso ahul nengoen, gose nintzen. Ahal nuen moduan aurrera egin eta ispiluan begiratu nion nire gorputz gardenari. Erretinako pigmentu itzaliak bakarrik ikusten ziren, eta lainoa bera baino lausoago haiek. Mahaiari eutsi eta burua beiraren kontra jarri behar izan nuen.

        'Nire borondatearen indarrari esker ordea, tresnaraino arrastaka iritsi eta prozesua burutzea lortu nuen.

        'Goiza lo igaro nuen, argirik ez ikusteko maindirea begietan jarrita. Eguerdi aldera esnatu nintzen, berriro ate joka hasi zirelako. Indarberriturik nengoen ordurako. Eseri eta entzuten gelditu nintzen: zurrumurru bat. Zutitu, ahal bezain isilik neure tresnaren osagai guztiak askatu eta gelan zehar sakabanatzen hasi nintzen, haren arrastorik aurki ez zezaten. Horretan, ate joka hasi ziren berriro, eta ahots batzuk niri deika, etxejabearena lehenik, eta beste birena ondoren. Eta denbora irabaztearren erantzun egin nien. Bitartean, oihal puska eta buruko ikusezinak eskuratu, leihoa zabaldu eta leiho barrenean utzi nituen biak. Leihoa irekitzean, zarata handi bat entzun nuen atean; norbaitek atearen kontra jauzi egin zuen, nonbait, maratila apurtzeko. Ezin izan ziren sartu, egun batzuk lehenago iltzatu nituen kisketa berriei esker. Baina sutan jarri ninduten, lehertzeko zorian nengoen. Dardarka eta gauzak arrapaladan egiten hasi nintzen.

        'Pilatu nituen paper puska batzuk, lastoa, bildukinak egiteko papera eta abar gela erdian, eta gasaren giltza ireki nuen. Kanpotik atea jo eta jo ari ziren. Ez nituen pospoluak aurkitzen. Eskuez horma jo nuen, amorruak erreta. Gasaren giltza berriro itxi, irten leihotik ur-ontziaren estalki gainera, leihoa kontu handiz itxi eta hantxe eseri nintzen. Ikusezin bihurturik seguru ikusten nuen neure burua, baina haserreak dardarka nengoen, zer gertatuko zain. Horretan, ate-tarte bat apurtu zutela ikusi nuen, eta gero kisketetako kakoak. Kanpokoak ataurrean agertu ziren: nire etxejabea eta haren bi sasiko semeak ziren, hogeita hiru-lau urteko mutil sendoak biak, eta haien atzetik beheko sorgina, hara-hona dantzan.

        'Hura ezustekoa hartu zutena gela hutsik ikustean! Gazteetako bat korrika leihora etorri, ireki leihoa eta kanpora begiratu zuen. Haren begi erneak eta aurpegi bizartsua nire aurpegitik oin batera gelditu ziren. Begitarte ergel hari jotzeko tentatuta egon nintzen, baina nire ukabila menderatzeko gai izan nintzen. Nire gorputzean zehar begiratu zuen hark. Eta gauza bera egin zuten besteek haren albora etorrita. Agureak ohe azpia begiratu zuen. Arasara ere begiratu zuten. Gero arazo hartaz luzaz eztabaidatu zuten, Yiddish hizkuntzaz eta auzo langileetako Cockney English ingelesez. Nik ez niela erantzun erabaki zuten, beren irudimenak engainatu zituela. Ordu arte haserrea izan zenaren tokia izugarrizko euforia batek bete zuen nire baitan, ikusirik ni leihoan eserita nengoela eta lau haiek —atsoa ere han baitzen, katu bat bezala batera eta bestera begira berriz, nire portaera ulertu ezinik zebiltzala.

        'Agurea, haren patois hizkeratik ulertu ahal izan nuenagatik, ados zegoen atsoarekin; nik bizi-ebakuntzak egiten nituela uste zuen berak ere. Semeek, berriz, kontra egin zieten, ingeles traketsean; elektrizista kaxkar bat besterik ez nintzela, horregatik neuzkala dinamo eta bero-hodi haiek gelan. Urduri zeuden, ni iritsiko ote nintzen, baina, gero ikusi ahal izan nuenez, sarrera-atea giltzaturik zuten. Atsoak arasa eta ohe azpia aztertu zituen; gazte batek tximiniako tiroa zabaldu eta tximina miatu zuen. Pasiloan beste bizilagun bat agertu zen, saltzaile ibiltari bat, harakin batekin nirearen pareko gela hartu zuena; eta hari deitu zioten eta gauza ulergaitzak kontatu zizkioten.

        'Pentsatu nuen bero-hodiek eta gainerako tresnek agerian utz zezaketela nire sekretua, aditu batek aztertzen bazituen, eta aukera izan bezain laster gelan sartu, denak zeuden tokitik dinamo txiki bat hartu eta dinamoa eta bero-hodia apurtu nituen. Zarata hura zer izan ote zen azaltzeko ahaleginetan ari zirela, gelatik ihes egin eta isil-isilik zurubia jaitsi nuen.

        'Egongela batean sartu eta han gelditu nintzen besteak iritsi arte. Artean egoera aztertzen eta eztabaidatzen ari ziren, denak ere etsi samar, ez baitzuten halako «izugarrikeriarik» aurkitu; eta urduri samar ere bai, beldur baitziren nirekin zuten harremanagatik justiziarekin arazorik izango zutela. Pospolu kaxa bat harturik berriro isil-isilik igo, paper eta zikinkeria metari su eman, aulkiak eta ohea ere sutara bota eta, goma indiarrezko hodi baten bidez, gasari utzi nion lan hura bukatzen. Gela agurtu eta betiko aldegin nuen handik.

        — Etxea erre zenuen?! —esan zuen Kempek.

        — Etxea erretzea: horixe zen nire aztarnak ezkutatzeko modu bakarra! Eta ziur nago lortu nuela. Sarrera-ateko kisketak isil-isilik ireki eta kalera irten nintzen. Ikusezina nintzen, eta ikusezintasunak ematen zizkidan abantailez jabetzen hasi berri nintzen. Burua egitasmoez gainezka nuen: inolako arazorik gabe egin nitzakeen gauza zoragarri eta harrigarri guztiak burutzeko prest nengoen.

 

 

 

© H.G. Wells

© itzulpenarena: Miren Arratibel

 

 

"H.G. Wells / Gizon ikusezina" orrialde nagusia