16.
JOLLY CRICKETERS TABERNAN

 

        Jolly Cricketers taberna muino magalean dago, trenbidea hasten den tokian bertan. Tabernaria, bere beso lodi gorriak mostradore gainean jarrita, zaldiez ari zen gaixo itxurako gurdizain batekin; beste gizon bat, bizar-beltza eta grisez jantzia, gazta eta taloa janez eta Burton edanez, amerikanoz ari zen lanetik libre zegoen polizia batekin.

        — Zer dira orro horiek? —esan zuen gurdizainak, elkarrizketaren haria eten eta ostatu goialdeko leihoetako errezel hori zikinen atzetik muinoan zer gertatzen ari ote zen ikusteko ahaleginetan.

        Norbait lasterka igaro zen.

        — Sua izango da, akaso —esan zuen tabernariak.

        Urratsak hurbilago entzun ziren, laster astunean; horretan atea zabaldu zen indarrez, eta Marvel sartu zen arrapaladan, negar-zotinka eta ileak nahastuta, kapelua galduta eta jakaren lepoa askatuta; jiratu, dardarka, eta atea ixten saiatu zen. Atea, lokarri batek eusten ziola, erdi irekita zeukaten.

        — Badatorrela! —esan zuen izuturik Badatorrela Gizon Ikusezina! Atzetik segika datorkit! Jainkoaren izenean! Lagundu! Lagundu! Lagundu!

        — Itxi ateak —esan zuen poliziak Nor dator, baina? Zer da iskanbila hori?

        Ate aldera joan, askatu lokarria, eta atea danbateko batez itxi zen. Amerikarrak beste atea itxi zuen.

        — Utzi sartzen! —erregutu zuen Marvelek, hasperenka eta negar-zotinka, baina liburuak bota gabe Utzi sartzen! Gorde nazazue non edo han. Esan dizuet atzetik segika datorkidala! Ihes egin diot! Hilko ninduela esan dit, eta hilko nau!

        — Hemen seguru zaude —esan zion bizar beltzeko gizonak Atea itxita dago. Baina, zer da hau dena?

        — Utzi barrura sartzen! —esan zuen Marvelek, eta izu-oihu ozen bat atera zitzaion, haize zurrunbilo batek atea, ondo itxita omen zena, dardarazi zuenean. Kolpe urduriak eta oihuak entzun ziren kanpoan.

        — Bai? —galdetu zuen poliziak, ozen Nor dabil hor?

        Marvel hormako oholen kontra jauzika hasi zen etsi-etsian, etxera sartzeko ateak zirelakoan.

        — Hil egingo nau, labana edo zerbait badu. Jainkoaren izenean!

        — Zatoz hemendik —esan zion tabernariak Zatoz hona —esan eta mostradoreko oholtxoa altxatu zuen.

        Marvel tabernaren atzealdera joan zen bizkor-bizkor; bitartean ate joka jarraitzen zuten kanpoan.

        — Ez zabaldu aterik, gero —egin zuen oihu Mesedez ez zabaldu aterik. Non izkutatuko naiz?

        — Gizon Ikusezina da, beraz? —galdetu zion bizar beltzeko gizonak, esku bat bizkar atzean zuela Ikus dezagun, ba, badugu garaia eta.

        Halako batean ostatuko leihoa hautsi zen, eta oihuak eta lasterketak entzun ziren kalean gora eta behera. Polizia bere eserleku gainetik begira zegoen, kanpoan ate joka nor ari ote zen ikusteko. Gero aulkitik lurrera jaitsi zen, bekainak jasorik.

        — Bera da, bai —esan zuen.

        Tabernaria zutik zegoen leiho hautsiari begira, Marvelek ezkutaleku hartu zuen tabernako barruko gelako ate parean. Gero beste bi gizonengana joan zen.

        Bat-batean isil-isilik gelditu zen dena.

        — Makila aldean banu... —esan zuen poliziak, duda-mudan aterantz eginez Atea zabaldu eta behingoan sartuko da. Ezingo diogu galarazi.

        — Atea zabaltzeko presarik ez izan —esan zuen gaixo itxurako gurdizainak.

        — Ireki kisketa —esan zuen bizar beltzeko gizonak eta sartzen bada... —eta eskuan zeukan errebolberra erakutsi zuen.

        — Ezin duzu halakorik egin —esan zion poliziak Hori hilketa da.

        — Badakit zein konderritan nagoen —erantzun zuen bizardunak Hanketara tirako diot. Ireki kisketa.

        — Iskanbila hau baretzen den arte ez dut irekiko —esan zuen tabernariak, lepoa luzatuta errezela gainetik begira.

        — Tira —esan zuen bizar beltzeko gizonak, eta, errebolberra pronto, makurtu, eta kisketak ireki zituen. Tabernaria, gurdizaina eta polizia atzera jiratu ziren.

        — Aurrera —esan zuen bizardunak apal, eta atzera egin zuen bere pistolarekin, ateko kisketei begira. Inor ez zen sartu, ordea; atea itxita gelditu zen. Handik bost minutura, beste gurdizain batek burua atetik kontu handiz sartu zuenean, nor sartuko zeuden oraindik barrukoak. Barruko gelako ate atzetik aurpegi larritu bat agertu eta informazio gehiago eman zien tabernakoei.

        — Itxita al daude etxeko ate guztiak? —galdetu zuen Marvelek Inguruan dabil, etxe inguru guztian bueltaka. Deabruak berak baino gehiago daki horrek.

        — Jaungoiko maitea! —esan zuen tabernari sendoak Beste ate bat bada atzean! Begira ditzagun ateak! Aitu! —eta ingurura begiratu zuen etsita. Barruko gelako atea danbateko batez itxi zen, giltza-hotsa entzun zuten Atarikoa eta gela pribatu bateko ateak gelditzen dira. Atariko atea...

        Eta korrika irten zen tabernatik.

        Minutu baten buruan han zen berriro, labana zorrotz bat hartuta.

        — Atariko atea irekita zegoen —esan zuen, beheko ezpain lodia dardarka.

        — Honezkero sartuko zen etxe barrura —esan zuen lehen gurdizainak.

        — Sukaldean ez dago —esan zuen tabernariak Bi emakume ari dira han, eta gelako bazter guztietan zist-zast ibili naiz labanarekin. Emakumeek, behintzat, ez omen dute barruan dagoenik uste. Ez omen dute sentitu...

        — Ondo itxi al duzu atea? —galdetu zion lehen gurdizainak.

        — Aizu, badakit zertan ari naizen —esan zion tabernariak.

        Bizardunak errebolberra gorde zuen. Eta gorde orduko mostradoreko ohola altxatu eta maratila jiratu zen, kisketa ireki zen zarata sor bat atereaz, eta barruko gelako atea zabal-zabalik gelditu zen. Marvel entzun zuten, ehiztariek inguratutako untxi bat bezala intzirika, eta tabernakoak mostradorearen gainetik jauzi eginda, hari laguntzera joan ziren. Bizardunaren errebolberra lanean hasi eta gela hondoko beirazko ispilua mila puskatan hautsi zen, kriski-kraskaka.

        Tabernaria Marvel zegoen gelan sartu zenean oso egokera bitxian aurkitu zuen, uzkur, atarira eta sukaldera ematen zuen ateari ostikoka. Honetan atea zabaldu zen. Tabernaria hara begira gelditu zen, zer egin ez zekiela. Marvel jauna arrastaka sukaldean sartu zen. Oihu bat entzun zen, ontzi-hotsa gero. Marvel hankaz gora gelditu zen lurrean, altxa nahi eta ezinean; zerbaitek sukaldeko atetik kanpora bultzatu zuen ordea, eta kisketa itxi zen azkenik.

        Eta orduan polizia, azkenean tabernariari aurrea hartuta, sukaldean sartu zen, eta haren atzetik bi gurdizainetako bat; Marvel astintzen ari zen esku ikusezinari eskumuturretik heldu zion poliziak, baina aurpegian jo zuten, eta atzerantz erori zen balantzaka. Gero atea ireki zen, eta Marvel ate atzean babesa hartzen ahalegindu zen amorratuta. Gurdizainak zerbaiti heldu zion.

        — Harrapatu dut! —esan zuen.

        Tabernariaren esku gorriek gorputz ikusezin bat atzaparkatu zuten.

        — Hemen dut! —esan zuen tabernariak.

        Marvel, libre ordurako, etzan lurrean eta borrokan ari zirenen hankartetik arrastaka alde egiten saiatu zen. Borrokalariak ate alboan ari ziren. Eta orduan entzun zen lehen aldiz Gizon Ikusezinaren ahotsa, poliziak behatz bat zapaldurik oihu ozen bat egin zuenean. Garrasika hasi zen, ukabilak errota-besoak bailiran astintzen. Gurdizainak intziri egin zuen eta uzkurtu egin zen, diafragmapean ostikoa hartuta. Barruko gela eta sukalde arteko atea itxi zen eta Marveli erretirada babestu zion. Sukaldean geldituak, berriz, ezerezari joka eta ezerezarekin borrokan aurkitu ziren.

        — Nora joan da? —egin zuen oihu bizardunak Kanpora?

        — Zatozte hemendik —esan zuen poliziak, eta atarira irten eta han gelditu zen. Harlauza zati bat txistu eginez belarri ondo-ondotik pasa zitzaion eta sukaldeko mahai gaineko ontzien kontra jo zuen.

        — Nik erakutsiko diot horri —esan zuen bizar-beltzak. Eta altzairuzko upel bat pasa zen goardiaren besagainetik, eta bost tiro entzun ziren bata bestearen atzetik. Bizardunak misila etorri zen alderantz egin zuen tiro, baina horizontalean jiratuz eskua, tiroek atari estu hartako zoko guztiak jo zitzaten.

        Gero isilik gelditu ziren denak.

        — Bost tiro —esan zuen bizar-beltzak Horixe da onena. Lau batekoak eta komodina. Ekarri linterna bat. Zatozte, ea gorputza aurkitzen dugun.

 

 

 

© H.G. Wells

© itzulpenarena: Miren Arratibel

 

 

"H.G. Wells / Gizon ikusezina" orrialde nagusia