15.
LASTERKA ZIHOAN GIZONA

 

        Iluntzeko lehen orduetan Kemp doktorea langelan zegoen, bere etxeko talaian, Burdock gaineko muinora ematen zuen begiralekuan. Gela txikia zen, oso goxoa. Hiru leiho zituen —ipar, mendebal eta hegoaldera zientzia liburu eta argitalpenez beteriko arasak; idazmahai handi bat; eta, iparraldeko leihoaren azpian, mikroskopio bat, beirazko euskarritxoak, doitasun-tresnak, zenbait haztegi eta erreaktiboez beteriko ontziak han-hemen sakabanatuak. Eguzki-lanpara pizturik zuen Kemp doktoreak, nahiz eta arratseko eguzkiak argitzen zuen oraindik zerua eta errezelak jasota zeuden, kanpotik inork ezin baitzuen gela ikusi eta ez baitzen beharrezkoa haiek jaistea. Kemp doktorea gizaseme gazte, garai eta argala zen; ilehoria zen, eta bibotea ia erabat zuritua zuen. Burubelarri ari zen lanean, Errege Akademiako kide izateko aukera emango zion lan batean; hori uste zuen behintzat berak.

        Bere begiek, lanetik apartatu eta eguzki distiratsua begiratu zuten, malda atzean nola ari zen ezkutatzen. Minutu batez edo egon zen eserita, idazluma ahoan, hodeiertzak hartu zuen urre-kolorearekin liluratuta. Urrutian gizirudi bat zegoela ohartu zen, beltz-beltza, eta muinoan behera lasterka zihoala. Gizon moztaka zen, kapelu luzea zeukan, eta hain zebilen bizkor ezen bere oinek lurra ukitu ere ez baitzuten egiten ia.

        — Hara! Beste ergel horietako bat —esan zuen bere artean Kemp doktoreak Gaur goizean kale-kantoian «Gizon Ikusezin bat dator, jauna!» esanez lasterka hurbildu zaidan hura bezalakoa. Ezin dut ulertu nola jartzen den jendea horrela, XIII. mendean bageunde bezala!

        Zutitu, leihora joan eta hegi itzaltsura eta handik behera lasterka zihoan giziruditxoari begira gelditu zen.

        — Estu dator nonbait —jarraitu zuen Kemp doktoreak baina gehiegi ere ez du aurreratzen. Poltsikoak berunez beterik balitu ere ezin mantsoago ibili! Tira, motel!

        Gizon lasterkaria Burdockeko muinoko etxe gorenak ezkutatu zuen. Segituan agertu zen une batez atzera, eta gero berriro eta berriro, hiru aldiz, hurrengo hiru etxeen artean. Maldak erabat ezkutatu zuen, azkenik.

        — Inozo alaenak! —esan, orpoen gainean jiratu eta idazmahaira itzuli zen doktorea.

        Baina errepidean zeudela iheslaria hurbilagotik ikusi eta haren aurpegi izerdituan izuikarazko keinu larri hura antzeman zutenek ez zuten doktoreak bezala mesprezurik sentitu. Aurrera egin zuen gizonak; lasterka egiten zuenean ondo beteriko diru-zaku bat batera eta bestera mugitzen denean bezalako hotsa ateratzen zuen. Ez zuen ez eskuin eta ez ezker begiratzen; haren begi zabalduek muinoan behera begiratzen zuten, argiak pizten eta jendea pilatzen hasia zen tokira. Ahoa desitxuratuta eta erdi zabalik zuen, ezpainak listu likatsuz estalirik, eta arnasa erlats eta zaratatsu. Bidean harekin topo egiten zuten guztiek gelditu, kalean gora eta behera begiratu, eta, kezkaturik, haren larritasunaren arrazoia zein ote zen galdetzen zioten elkarri.

        Halako batean, muino gailurreko errepidean jolasean ari zen zakur batek intziri egin zuen, eta atari batean ezkutatu zen bizkor-bizkor. Jendea zer gertatzen zen asmatu ezinik zegoen artean; baina haize zurrunbilo bat, urrats-hotsa —ttap, ttap, ttap eta arnasestua entzun zuten beren ondotik igarotzen.

        Oihuka hasi ziren denak. Han-hemen barreiatu ziren. Berria ahoz aho, senez, zabaldu eta iritsi zen muinoan behera. Marvel herrirako erdibidera iritsi zenerako oihuka ari zen jendea; berria entzun orduko etxeak giltzapetzen eta ateak ondo ixten hasi ziren. Bera ere konturatu zen, eta azken ahalegin etsia egin zuen garaiz iristearren. Izua ziztu batean iritsi zen, Marveli aurrea hartuta, eta bere mende hartu zuen herri guztia.

        — Gizon Ikusezina datorrela! Gizon Ikusezina!

 

 

 

© H.G. Wells

© itzulpenarena: Miren Arratibel

 

 

"H.G. Wells / Gizon ikusezina" orrialde nagusia