12.
GIZON IKUSEZINA BERE ONETIK ATERA ZENEKOA

 

        Puntu honetara iritsita kontakizuna berriro eten beharra dago, laster aditzera emango den arrazoi penagarri bat dela eta. Egongelan gora-behera horiek gertatzen ari zirenean eta Huxter jauna atariko atean Marvel pipa erretzen nola ari zen begira zegoen bitartean, Hall jauna eta Teddy Henfrey, handik dozena bat metrora, Ipingen jazotako gertaerez mintzo ziren nahas-mahas ilun batean murgilduta.

        Horretan, egongelako atean jotako kolpe bortitz bat entzun zen lehenik, oihu ozen bat gero, eta isiltasuna ondoren.

        — Zer zuan hori? —esan zuen Teddy Henfreyk.

        — Zer zuan hori? —entzun zen garagardotegitik.

        Hall jaunari kosta egiten zitzaion gauzez jabetzea; jabetzen zenean ordea, ez zuen huts egiten.

        — Oker zebilek zerbait —esan, eta tabernako mostradore atzetik egongelako atera joan zen.

        Keinu erabakiaz ate alboan jarri ziren bera eta Teddy. Atera begira gelditu ziren.

        — Okerren bat gertatuko zuan —esan zuen Hallek; Henfreyk buruarekin baietz egin zuen. Kimikako gai baten usain sarkorra somatu zuten, eta elkarrizketa bizkor apal bat aditu zuten.

        — Ondo al zaudete, jaunak? —galdetu zuen atea jo ondoren Hallek.

        Elkarrizketa bat-batean eten eta isilik gelditu ziren, baina berehala hasi ziren berriro. Zurrumurru txistukariak eta norbaitek «Ez, ez egin hori!» nola esaten zuen garbi-garbi entzun zen. Gero mugimendu bat, aulki bat lurrera erortzen eta borroka labur bat. Eta, azkenik, isiltasuna berriro.

        — Zer arraio...? —esan zuen, sotto voce, Henfreyk.

        — Ondo al zaudete, benetan? —galdetu zuen zakar Hallek.

        Erretorearen ahotsak erantzun zien, izu-ikarazko doinu berezi batean:

        — Primeran gaude. Mesedez, utz gaitzazue bakean.

        — Bai gauza arraroa! —esan zuen Henfreyk.

        — Bai gauza arraroa! —errepikatu zuen Hallek.

        — «Utz gaitzazue bakean» esan dik —esan zuen Henfreyk.

        — Bai, entzun diat —Hallek.

        — Eta baten batek bafa egin dik —Henfreyk berriro.

        Entzuten jarri ziren arreta handiz. Bizkor eta apal ari ziren hizketan barruan.

        — Ezin dut —zioen aho betean Bunting jaunak Esan dizut, jauna, ez dut nahi.

        — Zer esan dik? —galdetu zuen Henfreyk.

        — Ez duela nahi esan dik —Hallek Ez zuan, ba, gurekin ariko?

        — Lotsagarria da! —esan zuen Bunting jaunak gelatik.

        — «Lotsagarria da!» —errepikatu zuen Henfrey jaunak argi asko entzun zioat. Nor demontre da orain hitz egiten ari dena?

        — Cuss jauna izango duk, nire iritzirako —erantzun zion Hallek Ezer aditzen al duk?

        Isildu egin ziren. Hots nahasi harrigarriak entzuten ziren.

        — Mahai-oihala kendu dutela ematen dik —esan zuen Hallek.

        Horretan Hall andrea agertu zen tabernako mostradorearen atzean. Hallek isilik egoteko eta entzutera joateko keinuak egin zizkion. Baina Hall andreari ez zitzaion ondo iruditu.

        — Zer ari zara hor kuxkuxean Hall? —galdetu zion emazteak Hori al da gaur bezalako egun lanpetu batean egiteko duzun guztia?

        Barruan zer gertatzen ari zen keinu eta imintzioen bidez azaltzeko ahaleginak egin zituen Hallek, baina Hall andrea oso burugogorra zen, eta are ozenago mintzatu zen. Hala, Hallek eta Henfreyk tabernara itzuli behar izan zuten, burumakur, behatz-punttetan, zer gertatzen zen azaltzeko keinuak eginez.

        Andreak hasieran ez zion garrantzirik eman nahi izan gizonek entzundakoari. Henfreyk istorio guztia kontatzen zion bitartean isilik egoteko agindu zion Halli. Hura guztia zorakeria zela pentsatu nahi zuen andreak, altzariak batetik bestera mugitzen ariko zirela agian.

        — «Lotsagarria da» nola esan duen entzun dut, ondo garbi entzun ere —esan zion Hallek.

        — Neuk entzun dut, Hall andrea —Henfreyk, berriz.

        — Ba, entzun ez bazenute ere berdin-berdin! —Hall andreak.

        — Ixo! —esan zuen Teddy Henfreyk Ez al duzue leihoa entzun?

        — Ze leiho? —galdetu zuen Hall andreak.

        — Egongelakoa —erantzun zion Henfreyk.

        Hirurak isildu eta adi-adi entzuten jarri ziren. Hall andrearen begiak aurrera begira zeuden; ostatuko sarrera-atearen marko luzanga distiratsuari, errepide zuri biziari eta ekaineko eguzkiak argitzen zuen Huxterren dendari begira zeuden, apartekorik ez zuten ikusten, ordea. Huxterreneko atea zabaldu eta, horretan, Huxter agertu zen: begiak asalduraren asalduraz dizdizka zituen eta eskuak astintzen ari zen.

        — Lapurra! —egin zuen oihu Huxterrek Badijoala!

        Atari aldera lasterka joan eta desagertu egin zen.

        Egongelatik zurrumurru bat entzun zen eta leihoak itxi ziren.

        Hall, Henfrey eta ostatuko arima guztiak arrapaladan irten ziren kalera. Baten bat beheko errepiderako kale-kantoirantz lasterka zihoala ohartu ziren; gero Huxterrek airean zilipurdi bitxi bat egin eta buru-sorbaldekin lurra nola jo zuen ikusi zuten. Kalean behera, batzuk harrituta gelditu ziren eta beste batzuk haien atzetik korrika irten ziren.

        Huxterrek konortea galdu zuen. Eta haren egoera tamalgarriaz jabeturik, berari laguntzen geratu zen Henfrey, baina Hall eta ostatuko bi peoi kale-kantoiraino joan ziren lasterka, oihu ulergaitzak eginaz. Marvel elizako hormaren atzetik desagertzen ikusi zuten. Lasterka zihoan gizon hura Gizon Ikusezina zelako ideia eroa bururatu zitzaien nonbait; Gizon Ikusezina ikusgai bihurtua zelakoan haren atzetik abiatu ziren bidean behera. Baina ez zituen dozena bat metro egin Hallek, izugarrizko harridura oihua egin eta buruz behera albo batera erortzean baserritar bati heldu eta hura ere lurrera bota zuen. Futbolean ari balitz bezala bultza egin zioten. Bigarren baserritarra inguratu eta begira gelditu zen, baina Hall bere kabuz erori zela pentsatuta, atzera jiratu eta iheslariaren atzetik jarraitu zuen; ez urrutira ordea, Huxter bezala hankatrabatu baitzuten hura ere. Lehenengo baserritarrari, zutik jartzeko ahaleginak egiten hasi orduko, idi bat botatzeko moduko kolpea eman zioten albo batetik.

        Horretan kale-kantoian herriko zelaitik zetorren jende samalda agertu zen. Koko-jaurtiketaren txosnako nagusia zetorren aurretik, gizon sendoa bera, jertse urdin ilunaz jantzia. Lur eta zur gelditu zen ikusi zuenean bidean inor ez zegoela, lurrean hankaz gora zeuden hiru gizon haiek izan ezik. Baina zerbait gertatu zitzaion oin batean, atzerago zuen oinean, eta hura ere erori egin zen; erori aurretik denbora izan zuen bere anaia eta bazkideari hankatik heltzeko, eta han joan ziren biak muturrez aurrera. Atzetik zalaparta batean zetozen herritar guztiek ostikoz jo, zapaldu, azpian harrapatu eta madarikatu egin zituzten bi haiek.

        Bitartean, Hall, Henfrey eta baserritarrak etxetik lasterka irten zirenean, Hall andrea, urteetako esperientziatik aski ikasia, mostradore atzean gelditu zen, diru-kutxaren alboan. Halako batean egongelako atea zabaldu, Cuss jauna agertu eta, andreari begiratu ere egin gabe, mailak korrika jaitsi eta kale-kantoira abiatu zen.

        — Harrapa ezazue! —deiadar egin zuen Ez utzi fardela eramaten! Ez utzi fardela eskuan daramala ihes egiten!

        Baina berak ez zekien Marvelen berri. Eta Gizon Ikusezinak harixe eman zizkion, hain zuzen, liburuak eta fardela atarian. Cuss jauna haserre eta zerbait egitera erabakita zegoela antzeman zitekeen haren keinuagatik, baina barregarri jantzita zegoen: soinean ez zuen azpiko gona zuri lasai bat baino, Grezian erabiltzeko bakarrik aproposa.

        — Harrapazazue! —oihu egin zuen Nire galtzak eraman ditu! Eta erretorearen arropa guztia ere bai!

        — Oraintxe nator honi laguntzera! —esan zion Henfreyri, Huxter ahozpez etzanda zegoen tokitik igarotzean. Baina kale-kantoia hartu eta segizioarekin elkartzera zihoanean kolpe bat eman ziotelarik, oreka galdu eta hankaz gora erori zen. Hegan bezala zihoan batek zapal-zapal egin zion hatza. Cussek intziri egin zuen; bi oinak parez pare jartzen saiatu zen, baina berriro jo zuten; lau-hankan gelditu zen berriro. Eta orduan ohartu zen inori segika ez baina iheska zebilkiola. Jendea atzera herrirantz zetorren ziztu batean. Berriro zutitu zen, baina egundoko belarrondokoa eman zioten. Balantzaka joan zen Coach and Horses aldera, ordurako bide erdian esertzea lortu zuen Huxter abandonatuaren gainetik jauzi eginez.

        Ostatuko mailadian gora zihoala amorruzko orro bat entzun zuen atzean, oihuen gainetik nabarmendu zena, eta zaplasteko baten oihartzuna gero. Gizon Ikusezinaren ahotsa iruditu zitzaion; doinua, berriz, minaren zigorrak bere onetik ateratako gizon batena zen.

        Cuss egongelara itzuli zen berriro.

        — Bunting, badatorrela! —esan zuen, gelara arrapaladan sartu ondoren Argi ibili gero! Erotu egin da eta!

        Bunting jauna leiho alboan zen, tximinia aurreko alfonbrarekin eta West Surrey Gazette egunkariarekin bere biluztasuna jantzi nahi eta ezinean.

        — Nor dator, baina? —esan zuen jantziak ia deseginarazi zizkion larridura batek hartuta.

        — Gizon Ikusezina, bada! —esan, eta korrika leihora joan zen Cuss Hobe izango dugu hemendik ihes egitea! Ero baten moduan ari da borrokan! Ero baten moduan!

        Medikua atarira irten zen.

        — Jaungoiko maitea! —esan zuen Bunting jaunak, bi irtenbide izugarrietatik zein aukeratu ez zekiela. Ostatuko pasilotik borroka ikaragarri baten oihartzuna entzun zuen. Eta orduan hartu zuen erabakia: leihoan gora arrastaka igo, bere behin-behineko jantzia ahal zuen bezain ongi apailatu eta ihesi joan zen herrian behera, bere zango lodikoteek eraman zezaketen bezain bizkor.

        Gizon Ikusezinak amorru-orro bat egin eta Bunting jaunak ihesaldi gogoangarri hari eman zionetik aurrera ez dago Ipingeko gertaeren ondoz-ondoko kontakizuna osatzerik. Marveli arropak eta liburuak eman ondoren haren ihesaldia babestea izango zen agian Gizon Ikusezinaren asmoa. Baina kolpe bat eman ziotenean pazientzia erabat ahitu bide zitzaion —lehendik ere asko ez zuen eta, eta horregatik hasiko zen jendea jotzen eta hankatrabatzen, jendeari min eginez atsegin hartzearren.

        Pentsa ezazue: lasterka zebilen jendez beteta zegoen kalea; ateak danbatekoka ixten ziren; jendea ezkutaleku bat lortzeko borrokan ari zen. Pentsa ezazue: hain zen handia iskanbila, ezen Fletcher agurearen oholak eta bi aulkiek ordu arte izan zuten oreka ahula galdu eta hondamendi handia ekarri baitzuten. Pentsa ezazue: bikote bat zabuan dilinka gelditu zen, izuak erabat harturik. Baina iskanbila hura berehala amaitu zen. Ipingeko kale nagusia, bere ikurrin eta kriseiluekin, mortu gelditu zen, artean amorratuta zegoen Gizon Ikusezinaren presentzia hutsarekin, alegia, eta zorua kokoez, txosna irauliez eta gozodenda bateko salgaiez beterik. Pertsiana eta kisket-hotsak entzuten ziren nonnahi, eta gizatasun ikusgairik batere izatekotan, leihoko beira bazterretik begira zegoen begi iheskorra izango zen, harriduraren eraginez jasoriko bekain azpiko hura.

        Asko dibertitu zen Gizon Ikusezina Coach and Horses ostatuko leiho guztiak txikitzen. Gero, kaleko kriseilu bat bota zuen Gribble andrearen egongelako leihoen kontra. Berak moztu bide zituen herria eta Adderdean lotzen zituzten telegrafia hariak, Adderdeaneko bidean, Higginsen baserritik hurbil zeudenak. Eta ondoren, bere tasun bitxiei eskerrak, gizadiaren ikusmiratik ezkutatu zen. Ipingen ez zuten gehiago ikusi, entzun edo sentitu. Ipingeko kaleko hondamenean desagertu zen.

        Baina ondorengo bi orduetan edo, inortxo ere ez zen ausartu Ipingeko kale nagusiko hondamen hartara irtetera.

 

 

© H.G. Wells

© itzulpenarena: Miren Arratibel

 

 

"H.G. Wells / Gizon ikusezina" orrialde nagusia