11.
COACH AND HORSES OSTATUAN

 

        Baina ostatuan jazo zenari buruzko xehetasunak ezagutzeko atzera jo beharra dago, hain zuzen ere Huxter jaunaren leihoko ikusmiran Marvel lehenengoz agertu zen unera. Egongelan zeuden une hartan Cuss eta Bunting jaunak. Goizeko gertaera harrigarrien ikerketan murgilduta zeuden, eta Gizon Ikusezinaren ondasun guztiak zehatz-mehatz aztertzen ari ziren, Hall jaunaren baimenarekin. Jaffers, bere eroralditik indarberritu antzean, etxera joana zen, zenbait adiskide errukitsu zituela lagun. Hall jaunak lurrean barreiatuta zeuden ezezagunaren arropak bildu zituen; gela txukunduta zegoen. Eskuz idatzitako hiru liburu handi aurkitu zituen Cussek berehala ezezagunak lanean jarduten zuen leiho ondoko mahaian. Liburuek «Egunkaria» zioen txartel bana zuten.

        — Egunkaria! —esan zuen Cussek, eta mahai gainean ezarri zituen hiru liburuak Orain, orain jakingo dugu zer edo zer.

        Erretorea zutik zegoen, eskuak mahai gainean jarrita.

        — Egunkaria! —esan zuen berriro Cussek. Eseri eta liburuotako bat ireki zuen, beste biak hirugarrenaren euskarri ezarrita Hmmm! Lehen orrian ez dago izenik. Madarikatua! Izkutuko hizkuntza batean dago idatzia. Zenbakiz betea dago dena.

        Erretorea makurtu eta Cussen besagainetik begira jarri zen.

        Atsekabezko keinuaz pasa zituen orriak Cussek.

        — Baina...! Alajaina! Izkutuko hizkuntza batean idatzita dago guztia, Bunting.

        — Ez al dago batere diagramarik? —galdetu zion Buntingek Edo zerbait argituko digun irudirik?

        — Zerorrek begiratu —esan zuen Cussek Atal batzuk matematikakoak dira; badira beste atal batzuk errusieraz edo idatziak —karaktereengatik diot eta beste batzuk, berriz, grekeraz. Grekera, zera... nik uste nuen zuk bazenekiela...

        — Noski —erantzun zion Bunting jaunak. Betaurrekoak atera eta garbitu zituen, baina bat-batean zeharo atsekabetu zen; hutsaren hurrengoa zen berak zekien grekera guztia Bai..., grekera izango dugu, agian, gakoa.

        — Grekerazko atal bat bilatuko dizut.

        — Nire ustez hiru liburuak aztertu behar genituzke lehenik —esan zuen Bunting jaunak, betaurrekoak garbitzen, artean Gainbegiratu bat lehenik, Cuss, eta, gero, badakizu, gako bila hasi.

        Eztula egin, betaurrekoak jarri eta kontu handiz egokitu, berriro eztula egin, eta zain gelditu zen, ordurako saihetsezina zirudien erdeinua ekidingo zuen zerbait gertatuko zen itxaropenaz. Hala, Cussek emandako liburua hartu zuen patxadaz. Eta orduan zerbait gertatu zen: atea ireki zen bat-batean.

        Asaldatu egin ziren bi gizonak; ingurura begiratu eta lasaitu ederra hartu zuten belusezko kapelu baten azpian gorri-gorri jartzen ari zen aurpegi bat ikustean.

        — Garagardotegia? —galdetu eta begira-begira gelditu zitzaien aurpegi gorria.

        — Beste aldean da, gizona! —esan zuen Bunting jaunak.

        — Eta irtetean atea itxi, mesedez —Cuss jaunak, haserre.

        — Ondo da —esan zuen apal, ez hasierako ahots erlatsaz, baimenik gabe sartu berri zenak Egia! —jarraitu zuen hasierako ahots ozenaz Aldamenera!

        Eta, hala, irten eta atea itxi zuen.

        — Marinela edo izango zen —Bunting jaunak Bai xelebreak marinel hauek! «Aldamenera!» esan du; itsas esapide bat da hori. Gelatik irtetera doala adierazteko edo esango zuen.

        — Hala esango zuen, bai —esan zuen Cussek Nerbio guztiak dantzan dabilzkit gaur. Eta larritu egin naiz atea horrela ireki denean.

        Bunting jaunak irribarre egin zuen, bera asaldatu ez balitz bezala.

        — Eta orain —esan zuen hasperen eginez jarrai dezagun liburuekin.

        — Itxaron —esan zuen Cussek; atea giltzatu zuen Horrela lasaiago egongo gara.

        Nobaitek bafa egin zuen.

        — Gauza bat dago argi —esan zuen Buntingek, eta aulki bat eraman zuen Cussen albora oso gauza xelebreak gertatu direla Ipingen azken egunotan, oso-oso xelebreak, gainera. Nik, ordea, ezin dut ikusezintasunaren kontu zentzugabe hori sinetsi.

        — Sinestezina da eta! —esan zion Cussek Baina kontua da, nik ikusi egin nuela mauka barne-huts hura.

        — Baina... ziur al zaude? Pentsa ezazu: ispilu batekin, adibidez,... oso erraza dela aluzinazioak sortzea. Ez dakit inoiz prestigitadore on bat ikusiko zenuen...

        — Ez dut berriro sesioan hasi nahi —esan zion Cussek Nahikoa hitz egin dugu horretaz, Bunting. Orain iker ditzagun liburuak. Begira! Hemen duzu niri grekeraz idatzia iruditu zaidan ataletako bat. Izan, bederen, grekerazko letrak dira.

        Orriaren erdialdea seinalatu zion. Bunting jauna apur bat gorritu zen, eta orria hurbilagotik begiratu zuen, betaurrekoekin arazoren bat zuelako itxurak eginez. Horretan, zerbait nabaritu zuen lepoan. Burua atzera jiratzeko ahaleginak egin zituen, baina erresistentzia gaindiezin bat aurkitu zuen. Sakadura bitxi bat sentitzen zuen, esku sendo eta pisu baten sakadura edo, kokotsa mahaiaren kontra ezarrarazi ziona.

        — Geldi hor, nire gizontxoak —esan zuen ahapeka ahots batek biak garbituko zaituztet bestela!

        Buntingek bere aurpegiaren albo-alboan ikusi zuen Cussena ere, eta nork bere larridura izugarriaren isla ikusi zuen bestearen keinuan.

        — Damu naiz zuei indarrez eutsi beharragatik —esan zuen Ahotsak Baina hala behar du izan; halabeharra da. Noiztik ibiltzen zarete ikertzaileen liburu pribatuetan usainka? —esan zuen. Bi kokotsek mahaia jo zuten, aldi berean, eta bien hortz-haginen karraska entzun zen Noiztik sartzen zarete zorigaiztoko gizonen gela pribatuetan? —kolpeak entzun ziren berriz Eta non gorde dituzue nire arropak?

        — Entzun ongi —jarraitu zuen Ahotsak Leihoak kisketaz itxita daude eta ateko giltza neuk daukat. Indar handiko gizona nauzue, eta bertzuna dut eskuan; eta ikusezina naiz, gainera. Biak hil eta lasai-lasai ihes egiteko ahalmena dut, ez izan zalantzarik. Ulertzen duzue, ezta? Ondo da. Alde egiten uzten badizuet, ez diozue honetaz inori ezer ere esango eta nire esanak beteko dituzue, konforme?

        Erretoreak eta medikuak elkarri begiratu zioten, eta medikuak keinu bat egin zuen.

        — Bai, bai, konforme —esan zuen Bunting jaunak, eta gauza bera medikuak ere.

        Lepoa askatu zien, eta medikua eta erretorea tente jarri ziren, gorri-gorri biak, eta burua alde batera eta bestera mugitu zuten.

        — Arren, gera zaitezte zaudeten tokian —esan zien Gizon Ikusezinak Hemen dut bertzuna, begira. Gela honetan sartu naizenean —jarraitu zuen, bertzuna bisitarietako baten sudur puntara hurbilduz ez nuen uste barruan inor izango zenik. Eta bai, aldiz, nire ohar-liburuak, eta horiez gainera, nire jantziak. Non daude jantziak, baina? Ez; ez zutitu. Ikusten dut ez daudela hemen. Urtaro honetan artean epel samarrak dira egunak eta Gizon Ikusezin batek badu egunez biluzik ibiltzerik; gauak, ordea, hotzak dira. Jantziak behar ditut, eta beste aterpe bat; bai eta hiru liburu horiek ere.

 

 

 

© H.G. Wells

© itzulpenarena: Miren Arratibel

 

 

"H.G. Wells / Gizon ikusezina" orrialde nagusia