10.
MARVEL JAUNA IPINGEN

 

        Hasierako izualdia igarota, eztabaidan murgildu zen Iping herria. Ezbaikorkeria nagusitu zen, ezbaikorkeria urduri samar bat; ez erabat garbia, baina ezbaikorkeria, azken batean. Askoz ere errazagoa da gizon ikusezin batean ez sinestea; eta hura airean desagertzen ikusi zutenak edo haren besoaren indarra ezagutu zutenak kontatzeko aski ziren bi eskuetako hatzak. Lekuko haietatik, gainera, Wadgers desagertua zen —bere etxean giltzapetu baitzen eta Jaffers, berriz, konorterik gabe zegoen Coach and Horsesko egongelan. Ideia transzendetal urruneko eta bitxiek eragin gutxiago izaten dute sarritan gizon-emakumeengan ideia arrunt eta hurbilekoek baino. Iping oso alai zegoen bere ikurrinekin, eta herriko guztiek beren jantzi dotoreenak zeuzkaten jantzita. Mendekoste-igandea iristeko irrikitan igaro zuten hilabete edo gehiago. Arratsalderako, Ezkutuko gauzetan sinesten zutenak dibertitzen hasiak ziren beren denborapasa xaloekin, Gizon Ikusezina ordurako joana zelako ustetan; sinesgabeentzat txantxa hutsa zen haren existentziaren ideia bera. Guztiak ere, sinesgabe zein sinestun, lagunkoi portatu ziren egun guztian.

        Haysmanen belardian etxola bat zegoen; Bunting andrea eta beste zenbait emakume tea prestatzen ari ziren bertan. Kanpoan katekesiko haurrak lasterketak egiten eta jolasean zebiltzan; hurbil-hurbiletik begiratzen zituzten erretoreak eta Cuss eta Sackbut andereñoek. Zalantzarik gabe, nabaritzen zen giroan halako larridura bat, baina herritar gehienak gai ziren irudimenak sortuko zien edozein izu ezkutatzeko. Herriko larrean soka txirrikadun bat zegoen, eta txirrikatik zintzilik saski bat, ziztu bizian larrearen goialdetik behera jaisten zena; sokaren jolasak arrakasta handia izan zuen herriko gaztetxoen artean, zabuek eta koko-jaurtiketak bezala. Paseeran ere bazebilen jendea. Zabuen alboan zegoen lurrin-organo batek olio usain sarkorraz eta usain hura bezain sarkor zen musikaz betetzen zituen bazter guztiak. Klubeko kideak, goizean mezatan izan zirenak, oso dotore zeuden beren ikur arrosa-berdeekin. Alaienek kolore biziko zintez apaindu zituzten beren kapelu biribilak. Fletcher zaharra etxean zen, oso iritzi estua baitzuen opor egiteari buruz; haren leihoko jazmin artetik edo ate zabaldutik barrura begiratuz gero (batetik zein bestetik) han ikus zitekeen gizona, aurrealdeko gelako sabaia zuritzen bi aulkiren gainean ezarritako ohol batean igota.

        Laurak aldera ezezagun bat sartu zen muino aldetik herrira. Gizontxo mozkote bat zen, erabat zirpildutako kapelu luze bitxia zeramana; antza zenez, arnasestuka zetorren. Masailak txandaka puzten eta erabat husten zitzaizkion. Bere aurpegi orbandunaren keinuak haserrea adierazten zuen, eta gogoz kontra bezala zetorren, bizkor-bizkor. Elizako kantoia igaro eta Coach and Horses aldera jo zuen. Besteren artean, Fletcher zaharra oroitzen da gizon hura ikusi izanaz; agureari hain harrigarria iruditu zitzaion haren larritasun bitxia, ezen hari begira gelditu zelarik kare pixka bat erori baitzitzaion mantalaren mauka barnera.

        Ezezaguna bakarrik mintzo zela zirudien, koko-jaurtiketaren txosnako nagusiak ikusi zuenaren arabera; hori bera esan zuen Huxter jaunak ere. Coach and Horses ostatuko mailadi aurrean gelditu zen eta, Huxter jaunaren arabera, barne-borroka handia izan zuen etxean sartzera erabaki aurretik. Azkenean, igo zituen mailak eta, Huxter jaunak ikusi zuenez, ezkerraldera jo eta egongelako atea zabaldu zuen. Huxter jaunak ahotsak entzun zituen gela barnetik eta tabernatik: okerreko gela batera zihoala esan zion norbaitek ezezagunari.

        — Gela hori pribatua da! —esan zion Hallek.

        Ezezagunak atea zakar itxi eta tabernan sartu zen.

        Handik minutu gutxira berriro agertu zen esku-gainarekin ezpainak igurtziz, atseginez, edo atsegin plantak eginez, Huxter jaunaren ustez. Inguru guztira begira jardun zuen; ondoren, egongelako leihoak ematen zuen atariko hesira isilka bezala, oso era bitxian, hurbiltzen ikusi zuen Huxter jaunak. Ezezaguna, apur batean zalantzan egon ostean, bizkarra ateko zutabe baten kontra jarri, buztinezko pipa labur bat atera eta hura betetzen hasi zen. Horretan ari zen bitartean hatzek dardar egiten zioten. Pipa piztu zuen baldar, eta, besoak gurutzaturik, erretzen hasi zen, lasaitasuna adierazi nahian; nohizbehinka atarira egiten zituen laster-begiratuek ordea, jarrera hura itxura hutsa zela salatzen zuten.

        Huxterrek bere tabako-dendako erakusleihoen atzetik ikusi ahal izan zuen hori guztia, eta gizonaren portaera bitxiak zelatan jarraitzera bultzatu zuen.

        Ezezaguna ustekabean zutitu zen eta pipa patrikan gorde zuen. Gero atarian sartu zen. Huxter jauna, lapurreta baten lekuko zela sinetsita, mostradore atzetik lasterka atera zen kalera, lapurra harrapatzera. Marvel berriro agertu zen; kapelua okertuta zuen; fardel handi bat, mahai-oihal urdin batean bildua, zeraman esku batean, eta bestean, berriz, hiru liburu, loturik (erretore jaunaren galtzetako tiranteekin lotuak, gero frogatu zenez). Huxter ikusi zuenean oihu ito bat egin, ezkerrera jo eta lasterka hasi zen.

        — Lapurra, lapurra! —egin zuen oihu Huxterrek, eta haren atzetik abiatu zen.

        Huxterren sentipenak bizi-biziak izan ziren, baina oso-oso laburrak. Parean ikusi zuen gizona, ziztu batean elizako kantoitik muinoko bidera zihoala. Huxterrek herriko ikurrinak eta festa ikusi zituen harantzago, eta aurpegi bat edo bi hari begiratzeko jiratu ziren. Oihu egin zuen berriro:

        — Harrapa ezazue!

        Baina hamar urrats ere egin ez zituela, nola jakin gabe, hanka batetik heltzen ziotela nabaritu zuen; harrezkero ez zuen gehiago lasterka egin, baina, lastertasun sinestezinean, hegan egin zuen. Bat-batean muturren aurrean ikusi zuen lurra. Mundua milioika argi izpi birakaritan zatitzen zela iruditu zitzaion, eta handik aurrerako gertaerek ez zuten haren arreta erakarri.

 

 

 

© H.G. Wells

© itzulpenarena: Miren Arratibel

 

 

"H.G. Wells / Gizon ikusezina" orrialde nagusia