9.
THOMAS MARVEL

 

        Imagina ezazue Thomas Marvel nolakoa zen: aurpegi malgua eta aldakorra zuen; sudur irten biribila; aho handia, alkoholak hezetua, zabala, pulunparia; eta bizar kizkur bitxia. Oso erraz loditzeko joera zuen, eta zango eta besoen laburrak are nabarmenagoa egiten zuten joera hori. Belusezko kapelua zeukan. Jantzietan botoiak behar izaten diren lekuetan ikusten zitzaizkion lokarri eta hariek betiko mutil zahar horietakoa zela ematen zuten aditzera.

        Thomas Marvel eserita zegoen, Adderdeanerako errepideko erretenean sarturik oinak, Ipingetik milia eta erdira, gutxi gora-behera. Orratz-lan xelebrez beteriko galtzerdiak bakarrik zituen oinetan, ez zuen oinetakorik; behatz lodiak oso zabalak ziren, eta ageri-agerian zeuzkan, zakur zelatari baten belarriak bezain tente. Patxada ederrean zegoen —guzti-guztia patxadaz egiten baitzuen berak bota pare zahar bati begira. Bota haiek ziren aspaldian izan zituen sendoenak, baina handiegiak gelditzen zitzaizkion. Eskura zituen beste botak, berriz, oso erosoak izan arren, egun lehorretan bakarrik erabil zitzakeen, lur bustian ibiltzeko oso zoru mehea baitzuten. Thomas Marvelek gorroto zuen bota lasaiekin ibiltzea, baina hezetasuna ere gorroto zuen. Sekula ez zen pentsatzen jarri bi gauza horietatik zeri ote zion gorroto handiagoa, baina eguraldi ona zegoen eta ez zuen beste zereginik. Hala bada, jarri zituen lau oinetakoak belar gainean, grazia handiz, eta haiei begira gelditu zen. Oinetakoak belar gainean eta loratzen ari zen uso-belarren artean ikusi zituenean bi pareak ere itsusi amorratuak zituela erabaki zuen. Ez zen ikaratu atzean ahots bat entzun zuenean.

        — Botak dira, bederen —esan zuen ahotsak.

        — Bai, bota errukarriak, ordea! —esan zuen Thomas Marvelek, burua albora okertu eta botei atsekabeturik begira Hara, ezin erabakirik nago bi hauetatik zein den munduko bota pare itsusiena!

        — Hum —esan zion ahotsak.

        — Okerragoak ere erabili izan ditut. Oinutsik ere ibili izan naiz. Baina sekula ez dut izan hauek bezain oinetako itsusi amorraturik, hala esan banezake. Egunetan ibili naiz eskean, bota eske, alegia, dagoeneko nazka-nazka eginda nago hauekin eta. Sendoak dira, hori bai. Baina bota hauekin dabilen ibiltariak ez du bota besterik ikusiko. Eta sinetsidazu, konderri santu guztian ez dut besterik aurkitu, eginahalak eginda ere; hauek baino ez! Begira itzazu! Eta hori, konderri honetan bota onak aurkitu ohi direlarik; hori ezin ukatu. Baina, niri tokatu behar zoritxarra! Begira, azken hamar urte edo gehiagotan konderri honetan eskuratu izan ditut botak. Zertarako, eta hamar urteren buruan honela ibiltzeko!

        — Gogaikarria da, bai, konderri hau —esan zuen ahotsak Eta zerri batzuk bertako denak.

        — Baietz? —esan zuen Thomas Marvelek Jesus, Jesus! Eta okerren okerrena, bota nazkagarri hauek!

        Eskuineko sorbaldaren gainetik begiratu zuen solaskidearen botak ikusteko, bereak eta harenak alderatzeko... Baina, hara! Haren botek behar zuten tokian ez zegoen ez zango eta ez bota. Gero ezkerreko sorbaldaren gainetik begiratu zuen, baina han ere ez zen ez zango eta ez bota. Horretaz jabetu zenean zeharo larritzen hasi zen.

        — Non demontre zaude, baina? —esan zuen Thomas Marvelek, sorbalda gainetik begira, lau-hankan. Muino hutsa baizik ez zuen ikusi; muinoa eta hango ote zuhaixka berdeak, haizetan kulunka.

        — Ez naiz, ba, mozkortuta egongo? —esan zuen Marvelek Ikuskariak ditudala uste dut. Bakarrik ari ote nintzen? Zer arraio...?

        — Ez zaitez larritu —esan zion ahotsak.

        — Ez behintzat zure sabel-hizketa txoro horrekin —esan zion zutiturik Thomas Marvelek Non zaude? Ez larritzeko esan ez dit ba!

        — Ez zaitez larritu —berriro ahotsak.

        — Zeu larrituko zara oraintxe bertan, ergel hori! —esan zuen Thomas Marvelek Non zaude? Non arraio zauden ikusten utzidazu sikiera... Ez zara, ba, lurpetik ariko? —esan zuen etenaldia egin ostean Thomas Marvelek.

        Ez zioten erantzun. Oinutsik eta asaldaturik zegoen Thomas Marvel, eta jaka ia erorita zuen.

        — Pit —esan zuen urrutian hegabera batek.

        — Ze pit eta ze pot! —esan zuen Thomas Marvelek. Ez nago txantxetarako gero!

        Muinoa mortu zegoen eki-mendebalde eta ipar-hegoaldeetan; errepidea, sakonera gutxiko erretenekin eta mugarri zuriekin, lasai eta soil-soil zegoen; eta zeruan, hegabera besterik ez.

        — Ai ene! Lagundu! —esan eta jaka sorbalda gainean txukun-txukun jarri zuen Thomas Marvelek Edanaren ondorenak dira hauek! Honezkero konturatuta behar nuen, ba!

        — Ez dela edana! —esan zuen ahotsak Zaude lasai.

        — Ai ene! —esan zuen Marvel jaunak, eta zurbiluneak agertu zitzaizkion aurpegiko orban gorrien artean.

        — Edanaren ondorenak —esaten zuten isilka haren ezpainek. Ingurura begiratu eta atzerantz egin zuen Lepoa egingo nuke ahots bat entzun dudala —esan zuen ahapeka.

        — Noski entzun duzula!

        — Hara! Hemen da berriz ere —esan zuen Marvelek, begiak itxi, atsekabezko keinua egin eta eskua kopetara eramanez.

        Lepotik heldu eta indarrez astindu zuten, eta lehen baino are asaldatuago gelditu zen.

        — Ez izan leloa —esan zion ahotsak.

        — Txora-txora eginda egon behar dut —esan zuen Marvelek Ez diot usain onik hartzen honi. Bota madarikatu horietan pentsatzen aritu izanagatik jarri naiz horrela. Txoratuta nago! Edo bestela, ixpirituak izango dira!

        — Ez bata eta ez bestea —esan zuen ahotsak Entzun!

        — Esaten ez dut ba: txora-txora eginda!

        — Itxaron —esan zion, ozen, ahotsak, bere onetik ez ateratzeko ahaleginak eginez.

        — Zer? —esan zuen bularrean hatz batek ukitu zuelako irudipenak harriturik Thomas Marvelek.

        — Zure irudimenaren lilura bat naizela uste duzu? Irudipen hutsa naizela?

        — Zer bestela? —esan zuen Thomas Marvelek, eta hatz batez lepoaren atzealdea igurtzi zuen.

        — Ondo da —ahotsak, lasaiago Hortaz, harrika hasiko natzaizu, nik esaten dizudana sinesten duzun arte.

        — Baina, non zaude?

        Ahotsak ez zion erantzun. Baina harri bat etorri zen bere kabuz bezala hegan, eta Marvelen sorbalda jo zuen ia-ia. Atzera jiratu zenean ikusi zuen nola lurretik beste harri bat altxatu zen, egin zuen kiribil korapilotsu bat airean, gelditu zen une batez eta bere oinetan erori zen azkenik, lastertasun ia ikusezinean. Txundiduraren txundiduraz, ezin izan zuen harrikada saihestu. Harriak behatz bat jo eta erretenerainoko botea egin zuen. Thomas Marvelek zango bat altxatu eta ulu ozena egin zuen. Gero lasterka hasi zen, baina oztopo ikusezin batekin estropezu egin zuen, itzulika erori eta lurrean eserita gelditu zen.

        — Eta orain —esan zion ahotsak, eta hirugarren harria altxatu ondoren Marvelen buru gainean gelditu zen airean zure irudimenaren lilura bat naizela uste duzu?

        Lurretik altxa zen Marvel ahal zuen moduan, beste erantzunik eman gabe, baina berriro bota zuen zerbaitek. Apur batean geldi egon zen.

        — Berriro niri ihes egiten saiatzen bazara —zioen ahotsak burura botako dizut harria.

        — Bai gauza xelebrea —esan zuen Thomas Marvelek; eseri, zauritutako behatza eskuaz igurtzi eta hirugarren jaurtigaiari begiratu zion Ez dut tutik ulertzen. Harriak beren kabuz lurretik altxatzen. Harriak hizketan. Jaitsi lurrera! Ezin dut gehiago eta!

        Hirugarren harria lurrera erori zen.

        — Erraza da oso —esan zuen ahotsak Gizon ikusezin bat naiz.

        — Kontaidazu ez dakidan zerbait —esan zuen intzirika Marvelek Non izkutatu zara? Nola egiten duzu? Ez dut tutik ulertzen. Zeure esku naukazu!

        — Hori da guztia —esan zuen ahotsak Ikusezina naiz. Hori da ulertu behar duzun gauza bakarra.

        — Hori bistakoa da. Ez duzu zertan horrela larritu, jauna. Orain... azalduidazu hobeto. Nola izkutatu zara?

        — Ikusezina naiz. Horixe da egia guztia. Eta zuk ulertzea nahi dudana zera da...

        — Non arraio zaude, ordea? —eten zuen Marvelek.

        — Hementxe! Zu zauden tokitik sei bat metrora.

        — Tira, tira! Ez nago itsu. Airez egina zaudela esan nahi duzu, ezta? Kontuz nirekin, gero; ez naiz zuk esaten duzun abarkadun kankailu horietakoa eta.

        — Hori da: airez egina nago. Nire gorputzean zehar begiratzen ari zara orain.

        — Zer? Ez duzula gorputzik? Vox et... Zer da, orduan? Berriketa hutsa?

        — Gizon bat naiz, besterik ez, gizon trinkoa. Jan-edana behar duen gizon bat naiz. Eta jantziak ere behar ditut.... Baina ikusezina naiz. Ulertzen? Ikusezina. Erraza da. Ikusezina!

        — Benetakoa zara, orduan?

        — Bai, benetakoa.

        — Emaidazu esku bat —esan zuen Marvelek hezur-haragizkoa bazara. Horrela ez naiz hain ezjakin izango. Jainko maitea! —jarraian Bildurtu egin nauzu horrela heldu nauzunean!

        Eskumuturretik heltzen zion esku bat ukitu zuen libre geratzen zitzaizkion hatzekin, besoa arakatu zuen ikarati, bular gihartsu bati antzeman zion, eta aurpegi bizardun bat ukitu zuen. Marvelek txunditu aurpegia zuen.

        — Alajaina! —esan zuen Oilar-jokoa baino askoz hobea da hau. Aparta! Zure gorputzaren atzean untxi bat ikusten dut orain garbi-garbi; hemendik milia erdira edo dago. Mikorik ere ez duzu ikusgairik, ala...

        Zehatz-mehatz aztertu zuen lehen begi kolpean hutsa iruditu zitzaion eremua.

        — Ogia eta gazta jan al dituzu? galdetu zion, beso ikusezina askatu gabe.

        — Zuzen zaude; izan ere, nire gorputzak ezin izan ditu oraindik txegosi.

        — A! —Marvel jaunak Dena dela, liluragarria da.

        — Hau guztia ez da zuk uste bezain liluragarria.

        — Bai nire adimen apalerako —esan zion Thomas Marvelek Nola lortzen duzu? Nola arraio egiten duzu?

        — Istorio luzea da oso. Eta gainera...

        — Harri eta zur laga nauzu —esan zion Marvelek.

        — Entzun ongi zer esan behar dizudan: laguntza behar dut. Horregatik etorri naiz hona. Ustekabean zurekin topo egin dut. Hemen nenbilen, noraezean, amorraturik, biluzik, zer egin ez nekiela. Edonor hiltzeko prest. Eta, orduan, zu ikusi zaitut.

        — Jainko maitea! —Marvelek.

        — Gibeletik hurbildu natzaizu, zalantzan gelditu naiz, aurrera jarraitu dut...

        Marvelen keinua oso adierazkorra zen.

        — ... baina geratu egin naiz. «Hemen,», esan diot nire buruari, «nire moduko gizon baztertu bat dago. Hauxe da nik behar nuen gizona.». Eta atzera jo eta zugana etorri naiz. Eta...

        — Jainko maitea! —zioen Marvelek Seko nahasturik nago. Zera galdetu nahi dizut... nola egiten duzu? Eta zertarako behar duzu laguntza? Ikusezina!

        — Arropa eta aterbea lortzen laguntzea nahi nuke, bai eta beste zenbait behar asetzen ere. Denbora asko daramat batere gabe. Zuk ez bazenu... Baina bai, egingo duzu... egin beharko duzu!

        — Begira —esan zion Marvelek Txundituegia nago. Ez nazazu gehiago astindu. Eta laga alde egiten. Pixka bat lasaitu beharra dut. Eta gainera, polit horrek behatza txikitu didazula uste dut. Honek ez du ez hanka eta ez buru. Muinoak mortu; zerua garbi. Inguru honetan, hainbat miliatan, ezer ez dago, Ama Lurra besterik ez. Eta halako batean hara non entzuten den ahots bat. Ahots bat zerutikan. Eta harriak! Eta ukabil bat! Jainko maitea!

        — Izan zaitez zentzudun —esan zion ahotsak zuretzat aukeratu dudan lana bete behar duzu.

        Marvelek bafa egin eta begiak zabaldu zituen.

        — Zu hautatu zaitut —esan zion ahotsak zeu zarelako, hor beheko ergel batzuez gainera, gizon ikusezin bat dagoela dakien gizon bakarra. Lagundu egin behar didazu. Lagundu iezadazu, eta nik gauza handiak egingo ditut zuretzat. Gizon ikusezina botere handiko gizona da.

        Isildu eta doministiku handi bat egin zuen.

        — Baina huts egiten badidazu, nik agindutakoa egiten ez baduzu...

        Berriro isildu eta indarrez jo zuen Marvel sorbaldan. Marvelek izu-oihu bat egin zuen ikusezinak ukitu zuenean.

        — Ez dizut kale egingo —esan zion Marvelek; hatz ikusezin haiek ustez zeuden tokitik aldendu zen Gertatzen dena gertatzen dela, sekula ez pentsatu huts egin dizudanik. Zuri laguntzea da nik nahi dudan gauza bakarra, beraz, esaidazu zer egin behar dudan (Jainko maitea!). Eskatzen didazun guztia egiteko prest nago.

 

 

 

© H.G. Wells

© itzulpenarena: Miren Arratibel

 

 

"H.G. Wells / Gizon ikusezina" orrialde nagusia