6.
ALTZARIAK EROTU ZIRENEKOA

 

        Ondoko pasartea Mendekoste-igandeko lehen orduetan gertatu zen. Goiz hartan, Hall senar-emazteak ohetik jaiki eta isil-isilik sotora jaitsi ziren, Millie egunpasa bidali aurretik. Bien arteko kontua zen sotoan egiteko zutena; beren garagardoaren astuntasun espezifikoarekin zuen zerikusia. Sotoan sartu bezain laster, arkasats botila logelan ahaztu zitzaiola konturatu zen Hall andrea. Eta egiteko hartan andrea baitzen iaio eta jakitunena, Hall jauna igo zen, zintzo-zintzo, botilaren bila.

        Tranpalera iritsi zenean harritu egin zen ezezagunaren gelako atea erdi irekita zegoela ikustean. Baina bere gelaraino jarraitu zuen. Emazteak agindutako tokian aurkitu zuen botila.

        Botila hartuta behera zihoala ordea, sarrera-ateko kisketak ere irekita zeudela ohartu zen, atea maratilaz bakarrik zegoela itxita. Halako buru-argialdi batean, gora-behera hura ezezagunaren atekoarekin eta Teddy Henfreyren teoriekin lotu zuen. Hallek ondo gogoan zuen nola aurreko gauean berak kandela eutsi zuen Hall andreak kisketak ixten zituen bitartean; hartaz jabetuta, gelditu egin zen, ahozabalik. Eta botila artean eskuan zeramala, zurubian gora igo zen atzera. Ezezagunaren atea jo zuen. Inork ez zion erantzun. Berriro jo, atea bultzatu eta barrura sartu zen.

        Berak espero bezala zegoen dena. Ohea eta gela hutsik. Baina harrigarriena zen —bera bezalako adimen-labur batentzat ere harrigarria eserlekuan eta ohearen hanketan zeudela bezeroaren arropak, hari ikusi zizkioten arropa bakarrak, eta bendak. Hegal zabaleko kapelua ere han zen, ohe-adar batean iaiotasun handiz jarrita.

        Hallek, gelan zegoela, emaztearen ahotsa entzun zuen soto barrenetik. Silabak janez eta azken hitzei galdera doinu garaia emanez ari zitzaion, Sussex mendebaldeko nekazariek ezinegona adierazteko erabiltzen duten doinuan alegia:

        — George! Ze demontre, ez dakizu zein esaten dizudan ala?

        Hori entzunda, Hall atzera jiratu eta korrika joan zen emaztearengana.

        — Janny —esan zion sotoko zurubiko eskudeletik egia da Henfreyk esaten duena. Ez dago bere gelan, ez dago! Eta sarrera-ateko kixketak irikita daude.

        Hasieran Hall andreak ez zuen tutik ulertu, baina senarrak zer zioen konturatu zenean, gela hutsa bere begiez ikustera joatea erabaki zuen. Hall aurretik abiatu zen, artean botila eskuetan zuela.

        — Bera ez dago —esan zuen baina arropak bai. Zer demontre dabil hori arropak hemen lagata? Bai gauza xelebrea!

        Geroago jakin zenez, sotoko zurubian gora zihoazela sarrerako atea zabaldu eta itxi zela uste izan zuten biek; baina atea itxita zegoela, han inor ez zebilela ikusi zuten biek, eta ez zioten elkarri ezer esan. Hall andreak aurrea hartu zion pasiloan senarrari, eta haren aurretik igo zen. Zurubian zeudenean norbaitek doministiku egin zuen. Hallek, emaztea baino sei bat maila beherago zegoenez, emaztearen doministikua entzun zuela pentsatu zuen. Andreari, berriz, senarraren aurretik zihoanez, Hallek doministiku egin zuela iruditu zitzaion. Atea parez pare zabaldu eta han gelditu zen Hall andrea gela aztertzen.

        — Hau da hau! —esan zuen.

        Hasperen bat entzun zuen, edo hala iruditu zitzaion behintzat; burua atzera jiratu zuenean harrituta gelditu zen, Hall handik bi metrora baitzegoen, zurubi buruan. Baina berehala hurbildu zitzaion. Andreak, aurrerantz makurtuta, eskua burukoaren gainean jarri zuen, eta jantzien azpian gero.

        — Hotzak —esan zuen Ordu bete edo gehiago da jeiki dela.

        Horretan, oso gauza harrigarria gertatu zen: ohe-jantziak mugitzen hasi, mendixka moduko bat eratu eta ohearen hanka azpira erori ziren. Esku batek erditik oratu eta bazter batera jaurti balitu bezala egin zuten. Ezezagunaren kapeluak ohe-adarretik jauzi egin, airean zilipurdi biribil handi bat egin eta Hall andrea aurpegian jo zuen. Belakiak ere konketatik jauzi egin zuen, kapelua bezain bizkor; eta eserlekuak, berriz, galtzak eta jaka alde batera bota, ezezagunarenaren tankerako algara lehor bat egin, bere lau hankez Hall andrea apuntatu eta, punteria zorrozturik edo, andrearen gainera jauzi egin zuen. Ostalaria, oihu egin, eta atzera jiratu zen, baina eserlekuaren hankek bizkarrean jo zuten, poliki baina tinko, eta gelatik bidali zituen andrea eta Hall. Atea kolpe batez itxi eta giltzatu zen. Eserlekuak eta oheak garaipen-dantza moduko bat egin zuten; gero isiltasuna egin zen.

        Hall andrea konortea erdi galduta gelditu zen senarraren besoetan, zurubiko tranpalean. Eginahalak eginda, azkenean, Hall jaunak eta Milliek —nagusiaren deiadarrekin esnatu baitzen lortu zuten andrea lehenengo solairura jaistea, horrelako ezbeharretan erabili ohi zituzten erremedioak har zitzan.

        — Ixpirituak, to! —esan zuen Hall andreak Ziur nago ixpirituak direla. Haien gaineko makinatxo bat gauza letuak ditut periodikoetan eta. Mahaiak eta aulkiak saltoka eta dantzari!

        — Hartzazu beste tragoxka bat, Janny —esan zion Hallek Honek piztuko zaitu eta.

        — Ez laga sartzen! —esan zuen Hall andreak Ez dadila gehiago sartu! Banengoen, ba, ni... Jakina. Antiojoen atzean izkutatzen dituen begi horiekin eta buru bendatu horrekin, eta igandetan mezetara joan gabe! Eta hainbeste botila! Inork behar al du, ba, horrenbeste botila! Altzariak sorgindu dizkit... Nire altzari xahar kuttunak! Hara, aulki horretantxe esertzen zen ama ni txikia nintzenean. Eta ez zait, ba, oldartu orain...! Begira, pentsatze hutsarekin...

        — Hartzazu pixka bat gehiago, Janny —esan zion Hallek Nerbioak dantzan dituzu.

        Eta Millie pareko espaloira bidali zuten, goizeko bostetako eguzki urre kolorearen argitan, Sandy Wadgers errementaria esnatzera.

        Hallek goraintziak bidali eta etxeko altzariei zerbait gertatzen zitzaiela adierazi zion. Ea ostatura etorriko zen. Wadgers jauna jakituria handiko gizona zen, baliabide askokoa. Goitik behera aztertu zuen kasua.

        — Sorginkeriaren bat edo izango dela egingo nuke —iritzi zion Sandy Wadgersek Ferrak behar izaten dira horrelako jendilajetik babesteko.

        Oso kezkatuta iritsi zen ostatura. Goiko gelara eraman nahi izan zuten berehala, baina, antza zenez, hark ez zuen presa handirik. Nahiago izan zuen gertatutakoaren kontakizuna pasiloan bertan entzun. Horretan, Huxterren laguntzailea agertu eta tabako-dendako pertsianak igotzen hasi zen. Hari ere deitu zioten, eztabaidan parte har zezan. Eta, jakina, handik gutxira Huxter jauna bera agertu zen. Anglosaxoniarrek gobernu parlamentariorako duten dohaina erakutsi zuten; hitz asko, baina erabaki sendorik ez.

        — Lehen-lehenik entzun ditzagun xehetasunak —esan zuen Sandy Wadgers jaunak Ikus dezagun ondo egingo dugun itxita dagoen ate bat indarrez irekitzen. Izan ere, indarrez ireki gabe dagoen atea beti ireki daiteke indarrez; baina behin indarrez irekitako atea ezin daiteke gehiago indarrez ireki.

        Horretan ari zirela goiko gelako atea ireki zen, berez ireki ere; txunditurik harantz begiratu zutenean ezezaguna ikusi zuten, zurubian behera zetorrela; inoiz baino estaliago zegoen eta beira urdinezko begi handi haien begiradak inoiz baino gaiztoagoa ematen zuen. Zurrun eta oso poliki jaitsi zen, aurrera begira denbora guztian; pasilo guztia igaro ondoren gelditu egin zen.

        — Begira horra! —esan zien.

        Haren eskularruaren hatzak agindutako tokira begiratu zuten denek; arkasats botila bat ikusi zuten sotoko atearen ondoan. Bitartean ezezaguna egongelan sartu, atea amorru biziz itxi, azkar eta indarrez, eta ahoa bete hortz utzi zituen guztiak.

        Atearen danbatekoaren azken oihartzunak isildu ez ziren arte inork ez zuen ezer esan. Elkarri begira geratu ziren.

        — Hara bestea! Horixe bakarrik behar genuen! —esan zuen Wadgers jaunak, baina ez zien konponbiderik eman.

        — Nik, joan, eta kontuak eskatuko nizkioke —esan zion Wadgersek Halli Eman dezala aurpegia.

        Etxekoandrearen senarrak denbora apur bat behar izan zuen proposamen hura egokia zen ala ez erabakitzeko. Azkenean, hatz-kozkorrez atea jo, ireki, eta esan zuen:

        — Barkatu...

        — Zoaz pikutara! —erantzun zion ezezagunak ahots ikaragarri batez Eta itxi atea irtetean.

        Horrela amaitu zen elkarrizketa labur hura.

 

 

 

© H.G. Wells

© itzulpenarena: Miren Arratibel

 

 

"H.G. Wells / Gizon ikusezina" orrialde nagusia