5.
ERRETORE-ETXEKO LAPURRETA

 

        Erretore-etxeko lapurretaren xehetasunak erretoreari eta haren emazteari esker jakin ahal izan ditugu. Mendekoste ondoko ordu txikietan gertatu zen, Ipingen Klubaren ospakizunak egiten diren egunean, hain zuzen. Antza denez, Bunting andrea eguna argitu aurretik izaten den lasaialdian asaldaturik esnatu zen, logelako atea zabaldu eta atzera itxi zelako irudipenarekin. Ez zuen senarra berehala iratzarri, baina ohean eserita gelditu zen adi-adi. Oinutsik egindako urrats-hotsak entzun zituen, ttap, ttap, ttap, alboko gelatik irten eta pasiloan zehar zurubirantz zihoazela. Entzundakoaz jabetu zenean, Bunting apaiz jauna esnatu zuen ahal bezain apal. Erretoreak ez zuen argirik piztu; baina jantzi zituen betaurrekoak, emaztearen bata eta bainuko zapatilak, eta pasilora irten zen, zer ote zen entzutera. Lehenengo solairuko langelatik zetozen zarata batzuk entzun zituen garbi-garbi, eta geroxeago doministiku handi bat.

        Gelara itzuli, hartu eskura zuen arma bakarra —tximiniako bertzuna eta zurubiko mailak jaitsi zituen, ahal zuen bezain isilik. Bunting andrea haren atzetik irten zen tranpalera.

        Goizeko laurak inguru izango ziren, eta gaueko iluntasun minena argitzen hasia zen ordurako. Ezkaratzean bazen halako argi distira bat, baina langelako ateaz bestalde dena beltz-beltz ikusten zen. Lasai zegoen dena, Bunting jaunaren urratsekin mailek ateratzen zuten kirrinka apala eta langelako zurrunbilo ahula izan ezik. Horretan, kolpe bat entzun zen; tiradera bat zabaldu zen, eta paper-hotsa antzeman zuten. Madarikazio bat entzun zen, pospolu bat piztu zen eta haren argi horiak langela argitu zuen. Bunting jauna ezkaratzean zegoen; atearen zirrikitutik idazmahaia eta tiradera irekia ikusi zituen, eta idazmahaiaren gainean kandela bat, piztuta. Baina ezin izan zuen lapurrik ikusi. Han gelditu zen ezkaratzean, zer egin ez zekiela. Bunting andrea, zurbil-zurbil eta oso urduri, erretorearen atzetik jaitsi zen poliki-poliki. Gauza bakar batek ematen zion Bunting jaunari aurrera egiteko kemena: lapurra herritarren bat zelako usteak.

        Erretoreak eta emazteak txanpon-hotsa entzun zuten; lapurrak etxeko urre-hornidurak aurkitu zituela konturatu ziren. Bi libra eta hamar txelin guztira, soberano erdiko txanponetan. Hartaz jabeturik, zerbait egitera erabaki zen Bunting jauna. Tximiniako bertzunari gogor eutsi eta gelan sartu zen, Bunting andrea atzetik zihoakiola.

        — Geldi hor! —oihu egin zuen zorrotz Bunting jaunak. Baina harri eta zur eginda isildu zen. Gela hutsik zegoen, itxura batean.

        Hala ere, han barnean norbait mugitzen ari zela iruditzen zitzaien; ez zuten zalantzarik. Minutu erdiz edo han gelditu ziren, arnasestu batean. Gero Bunting andreak gelaren beste aldeko bionbo atzean begiratu zuen. Bunting jaunak, emazteak izan zuenaren tankerako bulkada bati jarraiki, idazmahaiaren azpia miatu zuen. Ondoren andreak leihoko mihiseak astindu zituen, eta erretoreak tximiniatik gora begiratu eta bertzuna astindu zuen. Bunting andreak paperontzia miatu zuen gero, eta ikatz-ontzia ireki zuen Bunting jaunak. Hori egin ostean eten bat egin zuten; elkarri begira gelditu ziren, begiekin elkarri galdezka bezala.

        — Esango nuke... —esan zuen Bunting jaunak Kandela! Nork piztu du?

        — Tiradera! —esan zuen emazteak Dirurik ez dago!

        Ate aldera joan zen azkar-azkar.

        — Bai gauza harrigarriak!

        Doministiku baten oihartzuna iritsi zitzaien pasilotik. Korrika irten ziren, baina danbateko batez itxi zen orduantxe sukaldeko atea.

        — Ekarri kandela! —esan zuen Bunting jaunak, eta emaztearen aurretik abiatu zen. Kisketak nola ixten ziren entzun zuten biek.

        Sukaldeko atea ireki zutenean atzeko atea irekitzen zela ikusi zuten arraskaren ertzetik. Egunsentiko argitasunean ateaz bestaldeko lorategiko itzalak ikusten ziren. Baina inor ez zela atetik irten esango zuen erretoreak. Atea zabaldu zen, baina danbada batez itxi zen berehala. Bunting andreak langelatik eramandako kandelaren argia dardaratu zen. Minutu bat edo bi igaro ziren sukaldean sartzera erabaki aurretik.

        Hura hutsik zegoen, ordea. Atzeko atea eta sukaldea itxi eta arraska eta sukal-ostea miatu zituzten. Eta sotora jaitsi ziren azkenik. Baina bila eta bila aritu baziren ere, ez zuten arimarik aurkitu etxean.

        Barregarri jantzita, etxeko lehenengo solairuan gertatutakoarekin erabat liluraturik eta ordurako sobera zuten kandela baten argitan aurkitu zituen egunaren lehen brintzak erretorea eta haren emaztea.

 

 

 

© H.G. Wells

© itzulpenarena: Miren Arratibel

 

 

"H.G. Wells / Gizon ikusezina" orrialde nagusia