2.
TEDDY HENFREYREN
LEHEN IRUDIPENAK

 

        Lauretan, ordurako nahiko ilun zegoela, Hall andrea bisitariari terik nahi zuen galdetzera sartu ez sartu zegoela, Teddy Henfrey erloju-konpontzailea sartu zen tabernan.

        — Ene, Hall andrea! —esan zuen Ez da, ez, bota ziztrin hauekin kalean ibiltzeko giro! —mara-mara ari zuen elurra.

        Hall andreak baietz, arrazoia zuela esan zion, eta Teddyk laneko poltsa aldean zekarrela oharturik, ideia bikaina bururatu zitzaion.

        — Hemen zaudenez, Teddy —esan zuen— eskertuko nizuke egongelako erreloju zaharrari begiratu bat ematea. Ibili, ondo dabil, behar denean jotzen ditu orduak; baina orduen orratza seietan dago kieto.

        Andrea egongelako atera hurbildu, atea jo eta sartu zen.

        Atea zabaltzean bisitaria sutondoko aulkian eserita zegoela ikusi zuen; lozorroan bide zen, bere buru bendatua alde batera okertua baitzuen. Sugarraren isla gorriak ematen zuena —ezezagunari begiak bi tren seinale bailiran argitzen zizkion, baina aurpegia itzalean uzten zion eta atetik sartzen zen arratseko argiaren distira ahula ziren gelako argi bakarrak. Gela gorri zegoen, ilun, nahastuta, andrearentzat; begiak tabernako argitasunera egokiturik zituen artean eta itsututa bezala zegoen. Gizonak aho izugarri handia zuela iruditu zitzaion hasieran: ikaragarrizko ahoa, aurpegiaren behealdea osorik hartzen ziona. Momentuko irudipena izan zen: buru zuriz estalia, betaurreko izugarriak eta zulo handi bat haien azpian. Horretan, ezezagunak mugitu, aulkian erosoago jarri, eta eskua luzatu zuen. Hall andreak erabat zabaldu zuen atea, gelan argi gehiago sar zedin; gizona hobeto ikusi ahal izan zuen, lehenago eskuzapiak bezala, oraingoan lepokoak aurpegia estaltzen ziola. Gelako itzalek nahastu zutela pentsatu zuen andreak.

        — Axola al zaizu, zera, gizon honek errelojua konpontzea, jauna? —galdetu zion hasieran izandako ustekabetik bere onera itzulirik.

        — Erlojua konpontzea? —erantzun zion erdi lotan eta eskupetik mintzatuz Ongi da —esan zuen gero, erabat iratzarririk.

        Hall andrea lanpara baten bila joan zen, eta ezezaguna altxatu eta nagiak ateratzen hasi zen. Horretan gela argitu zen; Teddy Henfrey jauna gelan sartu zen eta gizon bendatuarekin topo egin zuen. Guztiz asaldatu zela aitortu zuen gero Henfreyk.

        — Arratsalde on, jauna —esan zion ezezagunak, geroago Henfrey jaunak esan zuenez betaurreko ilunen atzetik maltzur begiratzen ziola, zomorro batek bezala.

        — Ez dizut enbarazu egingo gero? —esan zuen Henfrey jaunak.

        — Ez, ez noski —erantzun zion ezezagunak Baina nik uste nuen —esan zuen Hall andrea zegoen aldera jiraturik gela hau niretzat, nik bakarrik erabiltzeko izango nuela.

        — Eta nik uste nuen —esan zuen Hall andreak nahiago izango zenuela errelojua... —«konponduta ikusi» esatera zihoan.

        — Jakina —esan zion jakina. Baina, ahal balitz, bakarrik eta lasai egon nahi nuke. Dena dela, poz handia emango dit erlojua konponduta ikusteak —esan zuen, Henfrey alde egin ez egin zebilela ikusirik.

        — Poz handia benetan.

        Henfrey barkatzeko eskatu eta alde egitekotan zen, baina entzun berri zuen horrek lasaitu egin zuen. Ezezagunak suari bizkar eman eta eskuak bizkarrean gurutzatu zituen.

        — Hemendik gutxira —esan zuen erloju-konpontzaileak bere lana amaitzean, tea hartu nahi nuke. Baina ez erloju-konpontzaileak alde egin arte.

        Hall andrea gelatik irtetera zihoan —ez zuen elkarrizketan sartzeko ahaleginik batere egin, ezezagunak Henfreyren aurrean gutxietsiko zuelako beldur baina bisitariak Bramblehursteko fardelak lehenbailehen ekartzeko ahaleginak egin zitzala eskatu zion. Andreak, berriz, kontatua ziola postariari gertatutakoa, eta hurrengo eguna arte ezin izango zituela trasteak eskuratu.

        — Ziur al zaude ezin direla lehenago ekarri?

        Andreak, lehor, ziur zegoela erantzun zion.

        — Zenbait azalpen eman nahi nizkizueke, iritsi naizenean hotzak eta leher eginda nengoelako eman ez dizkizuedanak —jarraitu zuen Zientzia ikerlaria nauzue.

        — Bai ote? —esan zion harriturik Hall andreak.

        — Neure fardeletan tramankuluak eta tresnak ditut.

        — Oso baliagarriak, noski, jauna —esan zuen Hall andreak.

        — Eta, ulertuko duzuenez, nire ikerketekin jarraitzeko irrikitan nago.

        — Horixe, jauna.

        — Ipingera etorri banaiz —esan zuen indarrez bakarrik egotearren etorri naiz. Ez nuke neure lanean inolako eragozpenik nahi. Eta lanarenaz gainera, istripu bat dela eta...

        — Banengoen, ba, ni! —esan zuen Hall andreak bere golkorako.

        — ...atsedena behar dut. Begiak hain ahul eta minbera izaten ditut sarritan, ezen ilunbetan igaro behar izaten ditudan orduak eta orduak. Neure burua ezkutatu behar izaten dut, baina, batzuetan, tarteka besterik ez. Orain, adibidez, ez. Halakoetan, gertaera soilenak ere, gelan inor sartzeak adibidez, guztiz atsekabetzen nau; baina hau guztia ulertuko duzuelakoan nago.

        — Bai, noski, jauna —esan zion Hall andreak Eta, bide batez, zera galdetu nahi nizuke... atrebentzia handia ez bada....

        — Nire aldetik, hori da guztia —esan zuen ezezagunak, elkarrizketa bukatzeko har zezakeen jarrera aproposena harturik. Beste baterako gorde behar izan zituen bere galderak eta berriketarako gogoa Hall andreak.

        Andreak gelatik alde egin ostean, ezezaguna sutondoan gelditu zen, atsekabeturik, itxura batean, Henfreyk gerora erloju-dendan esan zuenez. Henfrey jaunak erlojua hartu eta lan-tresnak atera zituen; ahal bezain mantso, patxadatsu eta modu onean lan egiten saiatu zen. Lanpara alboan zuela ari zen lanean eta haren pantaila berdeak distira ematen zien bere eskuei, erlojuaren egiturari eta erloju-gurpilari, baina gelako gainerako gauza guztiak ilunbean zeuden. Gora begiratzean begiak lausotzen zitzaizkion argiaren eraginez. Gizon jakin-nahia zen, eta, hartara, erlojuaren pieza guztiak atera zituen —nahiz eta erlojua konpontzeko ez zuen hura guztia egin beharrik horrela denbora gehiago igaro eta ezezagunarekin hitz egiterik izango zuelako esperantzaz. Ezezagunak hantxe segitzen zuen ordea, isil-isilik eta geldi. Haren geldotasunak dantzan jarri zizkion nerbioak Henfreyri. Gelan beste inor ez balego bezala sentitzen zen, baina gora begiratzean, han ikusten zituen buru bendatua, gris eta ilun; lente urdin izugarriak, zurrun, eta distira berde batzuk haien aurrean. Liluragarria iruditu zitzaion hura guztia Henfreyri, eta minutu batez bata besteari begira gelditu ziren. Azkenik, Henfreyk behera begiratu zuen berriro. Egoera ez-erosoa zen, benetan! Zerbait esan nahi zukeen. Urte sasoi hartarako eguraldi hotzegia egiten zuela esan zezakeen. Gora begiratu zuen, lehenengo tiroa botatzeko punteria zorroztuz bezala.

        — Hau eguraldia... —hasi zen.

        — Zergatik ez duzu lehenbailehen bukatzen eta alde egiten? —esan zion haserreak hartuta gizirudi zurrunak Egin behar duzun gauza bakarra orduaren orratza ardatzean sartzea da. Gainerako guztia alfer lana da.

        — Noski, jauna, minutu bat besterik ez da. Konturatu gabe berandutu naiz.

        Eta, hala, Henfrey jaunak bukatu eta alde egin zuen. Sutan irten zen ostatutik ordea.

        — Ergel malapartatua! —esan zion Henfreyk bere buruari, elur gesalduan herrian behera nekez zihoala Ze demontre! Denbora beharko diat, ba, errelojua konpontzeko, ala?

        Eta ondoren:

        — Inork ezin hau begiratu, ezta? Nazkante hori!

        Eta jarraian:

        — Ez, ezetz ematen dik! Polizia hire bila balebil ere ezin estaliago eta bendatuago ibili.

        Glessoneko kantoian Hall jauna ikusi zuen. Ezezaguna ostatuz zegoen Coach and Horsesko etxekoandrearekin ezkondu berria zen Hall jauna. Ipingetik Sidderbridgeko bidegurutzerainoko ibilbidea egiten zuen inork hala eskatzen zionean, eta handik bueltan zetorren, hain zuzen; bistakoa zen «atsedenalditxoa» egina zuela Sidderbridgen, orga nola zekarren ikusirik.

        — Ze berri, Teddy? —galdetu zion haren albotik pasatzean.

        — Morroi xelebrea etorri zaik etxera —erantzun zion Teddyk.

        Hall, adiskide, gelditu egin zen.

        — Zer diok? —galdetu zion.

        — Bezero misteriotsu bat ailegatu duk Coach and Horsesera esan zuen Teddyk Alajaina!

        Eta bezero xelebre haren deskribapen ahal bezain zehatzena egin zion.

        — Mozorro bat zirudik, ezta? Nirean ostatu hartzen duen gizonari aurpegia sikiera ikusi nahi niokek —esan zuen Henfreyk Baina emakumeak hain dituk sineskorrak ezezagunekin! Hirean gela bat hartu eta ez dik izenik ere eman, Hall.

        — Bai ote? —esan zuen Hallek, egoera aztertzen nahiko lanekin.

        — Halaxe duk, bai —erantzun zion Teddyk Aste betekoa ordaindu dik; astea bukatu artean behintzat ezin bidali, hi! Eta ekipaia ugari ekarriko omen dik bihar, hori esan dik. Ez ahal dituk harriz betetako maletak izango, Hall!

        Eta Hastinsko izebaren istorioa kontatu zion Halli, nola maleta hutsik zeraman ezezagun batek engainatu zuen. Hall erabat asaldatzea lortu zuen azkenean.

        — Hots, hots, polita! —esan zion Hallek mandoari Goazeman zer arraio gertatzen ote den ikustera!

        Teddyk, berriz, aurrera jarraitu zuen, gogoa arindurik.

        Hallek «zer arraio gertatzen ote den ikustera» esan bai, baina etxean sartu orduko emaztea demandan hasi zitzaion, denbora asko pasa zuela eta Sidderbridgen, eta zakar eta lehor erantzun zien Hallen galdera epelei. Teddyk Hallen gogoan pizturiko susmoek, ordea, indar hartu zuten.

        — Zer dakizue, ba, zuek, emakumeek! —esan zuen Hallek, ezezagunaren izakeraz ahal bezain laster zerbait jakitera erabakita.

        Eta ezezaguna oheratu bezain laster, bederatzi eta erdiak inguruan, egongelan sartu zen Hall, oldarkor; emaztearen altzariak miatu zituen, ezezagunak etxe hartan eskurik ez zuela erakutsi nahian bezala, eta arretaz eta gutxiespen keinuaz aztertu zuen hark ordaindutako diru kopurua agertzen zen kontu-orri bat. Biharamunean ezezagunaren ekipaia iristean hura ondo aztertzeko agindu zion emazteari lotarakoan.

        — Zu zeure zeretara, Hall —esan zion emazteak eta ni neureetara.

        Halli gauza guztietan kontra egiteko joera zuen emazteak, bistakoa baitzen hura ez zela ezezagun arrunta eta Hall andrea bera ere ez baitzen oso ziur gauzak zuzen ote zeuden. Ametsetan esnatu zen gauaren erdian, arbi erraldoien gisako buru zuri handiekin ametsetan, amaierarik gabeko lepoen gainean dilindan zeuden eta begi beltz sakonak zituzten buruekin ametsetan. Baina emakume zuhurra zen; beldurrari eutsi zion, eta loak hartu zuen berriro.

 

 

 

© H.G. Wells

© itzulpenarena: Miren Arratibel

 

 

"H.G. Wells / Gizon ikusezina" orrialde nagusia