XV
AMAIERA
Mikel Strogoff ez zegoen itsu, eta ez zen behin ere egon. Feofarren borreroak haren begien aurrean sable goria jarri zuenean, giza gertakari soil bat, batera morala zein fisikoa, etorri zen erreduraren eragina ezereztera.
Gogora dezagun torturaren mementoan Marfa Strogoff hantxe zegoela, eskuak bere semearengana luzatuta. Seme batek amari azken aldiz begiratzen dion bezala begiratu zion Mikel Strogoffek. Malkoak ugari igo zitzaizkion bihotzetik begietara, betazal atzean pilatu, eta harrotasuna alferrik saiatu zen bertan itotzen. Negarrari eman zion, eta malko haiek, kornearen gainean lurrundurik, ikusmena salbatu zioten. Xafla goriaren eta begi ninien artean zabaldu zen haien lurrun geruza eta beroaren indarra deuseztatu. Gauza berbera jazotzen da galdategiko langile batek eskua uretan ongi busti eta burdinurtuzko zurrutan sartzen duenean erre gabe.
Mikel Strogoffek segituan ulertu zuen arrisku handian egongo zela, sekretu hura agerian geldituz gero. Eta konturatu zen, beste aldetik, nolako etekina atera zezakeen egoera hartatik bere asmoak burutzeko. Itsua zela uste zutelako utziko zuten aske. Derrigorrezkoa zen, beraz, itsua izatea guzti-guztientzat, baita Nadiarentzat ere, noiznahi eta nonahi, eta keinu bakar batek ere ezin zion inori susmarazi egiatan hala ez zela. Erabakia hartuta zegoen. Bizia bera ere arriskuan jarri behar, haren itsutasuna gezurrezkoa ez zela frogatzeko, eta badakigu nola jarri zuen.
Amak bestek ez zekien egia, Tomskeko plazan bertan esan baitzion belarrira, itzaletan harengana makurtu eta musuz bete zuelarik.
Aise ulertzekoa da, hortaz, Ivan Ogareffek, iseka krudela egin nahian, gutun inperiala begi itzali usteko haien aurrean ipini zuenean, Mikel Strogoffek irakurri egin zuela, eta modu horretan jabetu zela traidorearen helburu higuingarriez. Horrek eman zion bidaiaren bigarren aldian erakutsi zuen adorea. Horrek opa zizkion Irkutskera iristeko borondate gogorra eta duke handiari gutunaren edukia ahoz emateko asmo etsigaitza. Bazekien hiria tatariarrei eman nahi ziela! Bazekien duke handiaren bizitza arriskuan zegoela! Tsarraren anaiaren salbazioa eta Siberia osoarena bere eskuetan zeuzkan.
Hitz laburrez istorio hori guztia kontatu zioten duke handiari, eta gorabehera haietan Nadiak hartu zuen partea ere azaldu zuen Mikel Strogoffek, eta nolako zirraraz azaldu ere!
—Nor da neska gazte hori? —galdetu zuen duke handiak.
—Vasili Fedor erbesteratuaren alaba da —erantzun zion Mikel Strogoffek.
—Fedor komandantearen alaba —zuzendu zuen duke handiak—, jadanik ez duk erbesteratu baten alaba. Irkutsken ez zagok inor erbesteraturik!
Nadia, indartsuagoa oinazean alaitasunean baino, duke handiaren oinetan erori zen. Dukeak esku batez altxarazi zuen, beste eskua Mikel Strogoffi luzatzen zion bitartean.
Handik ordubetera, Nadia bere aitaren besoetan zegoen.
Mikel Strogoff, Nadia eta Vasili Fedor elkarrekin zeuden. Ezin bozkario eztiagorik inola ere.
Tatariarrak atzera bota zituzten hiriaren kontrako iruzurrezko bi erasoetan. Vasili Fedor eta haren soldadu talde txikia Boltxaiako atean gelditu ziren, halako sen batek alderdi hura defendatzeko agindu baitzion, eta, lehenengo erasotzaileak guztiz birrinduak eta azpiratuak izan ziren, zabalik espero zuten atetik ezin sarturik geratu zirenean.
Tatariarrek atzera egiten zuten bitartean, suteari gaina hartu zioten setiatuek. Nafta likidoa laster erre zen Angararen gainaldean, eta sugarrak, ibai ertzeko etxeetan bildurik, ez ziren heldu hiriko beste auzuneetaraino.
Eguna argitu aurretik, Feofar Khanen tropak kanpamentuetara itzuli ziren, hildako anitz utzirik babeskien beheko aldean.
Hildako haien artean Sangarre buhamea zegoen, hirian alferrik sartzen saiatu zena Ivan Ogareffekin elkartu nahian.
Hurrengo bi egunean, setiatzaileek ahaleginik ez zuten egin hiriaren kontra. Bihozgabeturik zeuden Ivan Ogareffen heriotzarengatik. Gizon hura inbasioaren arima zen, eta hura bakarrik izan zen nahikoa, aspalditik azpilanean jardunez, khanak eta haien gerlariak Asia aldeko Errusia konkistatzera bultzatzeko.
Irkutskeko defendatzaileak zain eta erne, bitartean, setioak zegoen zegoenean zirauen eta.
Baina urriaren 7an, eguneko argia urratzearekin batera, kanoi batek durundi egin zuen Irkutskeko inguruko gainetatik.
Laguntzako armada zetorren, Kisselef jeneralaren aginduetara, eta duke handiari hantxe zeudela ohartarazteko bota zuten kanoikada hura.
Tatariarrak ez ziren begira gelditu luzaroan. Ez zuten batailarik nahi hiriaren murruen aurrean, eta laster batean altxatu zuten Angarako kanpamentua.
Irkutsk libre zegoen azkenik.
Lehenengo soldadu errusiarrekin batera, Mikel Strogoffen bi lagun sartu ziren hirian. Blount eta Jolivet ziren, bata bestearen ondoan beti. Angararen eskuin hegira iritsi ziren jelazko hesian barrena, eta ihes egitea lortu zuten, almadiako gainerakoek bezala, sutearen garrak bazter haietaraino hedatu baino lehen. Pasadizo hura guztia era honetan jaso zuen Alcide Jolivetek bere koadernoan:
«Limoia pontxean bezain erreak bukatu genuen ia!».
Poz handia hartu zuten Nadia eta Mikel Strogoff onik eta osorik aurkitzean, eta bereziki haien bidelagun ausarta itsua ez zela jakin zutenean. Hori zela-eta, honako ohar hauxe idatzi zuen Harry Blountek:
«Burdina goria nahikoa ez begi nerbioaren sentiberatasuna suntsitzeko. Sistema aldatu beharko!».
Gero, bi kazetariek Irkutsken hartu zuten ostatu, eta ikusitakoak eta idatzitakoak txukuntzen aritu ziren. Handik bi kronika oso interesgarri atera ziren Londresera eta Parisera, tatariarren inbasioari buruzkoak, eta, harritzekoa, biak bat zetozen garrantzi gutxiko puntu batzuetan izan ezik.
Guda kanpaina, bestalde, gaizki joan zen emirrarentzat eta haren aliatuentzat. Inbasio hura, alferrekoa, erraldoi errusiarrari eraso egiten dioten guztien pare, zoritxarrekoa izan zitzaien guztiz. Tsarraren tropek berehala zatitu zuten haien armada, eta banan-banan berreskuratu zituzten galduriko hiri guztiak. Negua, gainera, latza izan zen arras, soldadu andana haietatik asko eta asko bidean hil ziren hotzak, eta kopuru txiki bat baizik ez zen itzuli Tatariako estepetara.
Irkutsketik Ural mendietara doan bidea libre zegoen, beraz. Duke handiak presa zuen Moskura bueltatzeko, baina bidaia atzeratu zuen, hala ere, zeremonia hunkigarri bat ospatu behar baitzen hirian, tropa errusiarrak sartu eta egun batzuk geroago.
Mikel Strogoff Nadiaren bila joan zen, eta, haren aitaren aurrean, hitz egin zion:
—Nadia, nire arreba oraindik, Irkutskera etortzeko Rigatik atera hintzenean, atzean oroitzapenen bat utzi huen hire amarenaz beste?
—Ez —erantzun zion Nadiak—. Bakar bat ere ez, inolakorik ez.
—Hortaz, hire bihotzetik ezer ez zen han gelditu?
—Ezer ere ez.
—Orduan, Nadia —esan zion Mikel Strogoffek—, ez dinat uste Jainkoak, bata bestearekin topo eginaraztean, hain neke handiak elkarrekin jasanaraztean, besterik nahiko zuenik gu betiko elkartzea baino.
—A! —bota zuen Nadiak, Mikel Strogoffen besoetan erortzen zela.
Eta Vasili Fedorrengana itzuliz:
—Aita! —esan zuen, koloreak gorrituta.
—Nadia! —erantzun zion Vasili Fedorrek—, pozaren pozez deituko dizuet seme eta alaba!
Irkutskeko katedralean ospatu zen ezkontza. Zeremonia apala izan zen xehetasunetan, eder-ederra bertara bildu zen jendetzarengatik, hiriko biztanle guztiek, militarrek zein zibilek, beren esker ona erakutsi nahi izan baitzieten bi gazte haiei. Haien bidaia gorabeheratsua ahoz aho zebilen, denek goratzen zutela, alegiazko bihurtu zen arte.
Alcide Jolivet eta Harry Blount ezteietan zeuden, noski, denari begira, haien berri zehatza beren irakurleei emateko asmoz.
—Inbidia pixka bat ez dizute ematen? —galdetu zion Alcide Jolivetek bere lankideari.
—Bo, bo, bo! —esan zuen Harry Blountek—. Lehengusina bat banu, sikiera, zuk duzun bezala!...
—Nire lehengusinari aspaldi joan zaio ezkontzeko sasoia! —erantzun zion Alcide Jolivetek.
—Hainbat hobe —gehitu zuen Harry Blountek—, zurrumurrua dabil-eta tirabirak sortu ote diren Londresen eta Pekinen artean. Gogorik ez, alderdi horietan zer gertatzen ari den ikustera joateko?
—Arrano-pola, Blount maite hori! —oihu egin zuen Alcide Jolivetek—, zuri horixe galdetzekotan nengoen!
Eta horra nola bi berriemaile elkarrengandik banaezinak abiatu ziren Txina aldera!
Ezkontzatik egun batzuetara, Mikel eta Nadia Strogoff, Vasili Fedorrekin batera, Europako bidean jarri ziren. Honantzean oinazezko bidea izan zena alaitasunezkoa izan zen harantzean. Agudo baino agudoago bidaiatu zuten, Siberiako estepa hormatuetan tren espresa bezain arin irristatzen den lera horietako batean.
Hala ere, Dinkako ur bazterretara iristean, Birskoe baino lehen, egun bat eman zuten geldirik.
Mikel Strogoffek Nikolas gizagaixoaren ehortz-lekua aurkitu zuen. Gurutze bat ipini, eta Nadiak otoitz egin zuen azken aldiz sekula ahaztuko ez zuten lagun xume heroiko haren hilobiaren aurrean.
Omsken, Marfa zaharra zain zeukaten Strogofftarren etxetxoan. Besoetan hartu zuen maitasunaren suaz bihotzean ehun aldiz alaba deituta zeukan hura. Siberiar kementsuak egun hartan eskubidea izan zuen semea ezagutzeko eta harengatik harro agertzeko.
Omsken egun batzuk pasaturik, Mikel eta Nadia Strogoff Europara itzuli ziren. Vasili Fedor Sant Petersburgen kokatu zen, eta ez haren semea ez haren alaba inoiz ez zitzaizkion ondotik aldendu, ama zaharrari bisita egiteko ez bazen.
Tsarrak abegi egin zion mandatari gazteari jauregian, eta San Jurgiren gurutzeaz hornitu eta bere hurbileko zerbitzuan hartu zuen.
Aurrerago, Mikel Strogoff oso maila altura iritsi zen inperioan. Baina ez da haren arrakasten istorioa kontatzea merezi zuena, haren sufrimenduena baizik.
© Jules Verne
© itzulpenarena: Karlos Zabala