XIV
URRIAREN 5ETIK 6RAKO GAUA
Ivan Ogareffen egitasmoa ardurarik handienaz taxutua zegoen, eta aurrera egingo zuen, ustekabekorik ezean. Beharrezkoa zen Boltxaiako atea libre egotea, tatariarrei zabaltzen zien unean. Horrela bada, une horretan defendatzaileen arreta hiriaren beste lekuren batera erakarri beharra zegoen ezinbestez. Horretarako, trikimailuzko mugimendu bat hitz hartua zuten emirrak eta biak.
Mugimendu hori Irkutskeko auzuneen aldean egingo zuten, ibaian goitik eta ibaian behetik, eskuineko hegian. Eraso latza oso, bi gune horietan; eta, horrekin batera, Angara zeharkatzen ahaleginduko ziren ezkerreko hegian. Boltxaiako atea abandonatu egingo zuten segur aski, alderdi hartako aurre-postuak kendu zituztela irudi baitzuen, egiatan zertxobait atzeratu baino egin ez bazituzten ere.
Urriaren 5a zen. Hogeita lau ordu gabe, ekialdeko Siberiako hiriburua emirraren eskuetan egongo zen, eta duke handia Ivan Ogareffen mende.
Egun hartan, ohi baino joan-etorri gehiago izan ziren Angarako kanpamentuan. Jauregiko leihoetatik eta eskuin hegiko etxeetatik nabarmen ikusten zen prestamen handietan zihardutela ibaiaren beste aldean. Tatariarren destakamendu ugari kanpamentuan elkartzen ari ziren, eta emirraren tropak handituz eta indartuz zihoazen etengabe. Trikimailuzko mugimendua antolatzen ari ziren, modu nabari-nabarian.
Gainera, Ivan Ogareffek ez zion ezkutatu duke handiari beldur izatekoa zela alde hartatik erasoaldia etortzea. Bazekien, nonbait, ibaian goitik eta behetik oldartuko zirela erasotzaileak hiriaren kontra, eta duke handiari aholku eman zion zuzen mehatxaturiko bi puntu horiek sendotzeko.
Tatariarren prestalanek Ivan Ogareffen gomendioei indar ematen zieten. Kontuan hartu behar ziren lehenbailehen. Hortaz, bada, gerra kontseilua jauregian bildu eta aginduak eman zituzten defentsa Angarako eskuin hegian pilatzeko eta hiriaren bi muturrak gotortzeko, hango lubetak ibairaino jaisten baitziren.
Horixe besterik ez zuen nahi Ivan Ogareffek. Ez zuen espero, noski, Boltxaiako atean bat ere defendatzailerik ez egotea, talde txiki bat baino ez izatea baizik. Gainera, Ivan Ogareffek iruzurrezko erasoaldiari hainbesteko garrantzia eman behar zion, ezen duke handia beharturik egongo zen bere baliabide guzti-guztiak haien kontra jartzera.
Izan ere, larritasun itzelezko ekintza bat moldatua zuen Ivan Ogareffek, guztiz eraginkorra haren egitasmoa burutzen laguntzeko. Nahiz erasoa ez egin Boltxaiako atetik urrun zeuden puntuetan eta ibaiaren eskuin hegian, ekintza hura aski izango zen defendatzaile guztiak Ivan Ogareffek nahi zuen lekura eramateko. Eta horrekin batera egundoko hondamendia ere ekarriko zuen.
Den-dena alde zegoen, beraz, Boltxaiako atea, ia zaindaririk ez zeukana, esandako orduan ekialdeko oihanetan gordetako milaka tatariarrei zabal-zabalik uzteko.
Egun hura adi eta zelatan eman zuten Irkutskeko soldaduek eta herritarrek, arreta inoiz ere galdu gabe. Ordu arte borrokan ukitu gabeko babeskien kontra eraso egingo zuten aurki, eta haiek defendatzeko neurri guztiak hartuak zituzten. Duke handiak eta Voranzoff jeneralak defentsa postuak bisitatu zituzten. Behar bezala gotorturik zeuden, haien esanei jarraituz. Vasili Fedorren armada-sail aparta hiriaren ipar aldean zegoen, baina agindu zorrotza zuten arriskurik biziena zegoen tokira joateko berandu gabe. Defendatzaileen artilleria apurra Angararen eskuineko ur bazterra babesteko moduan jarri zuten. Ivan Ogareffek egoki-egoki egindako gomendioei esker, garaiz hartu ziren neurriak, eta erasoak porrot egingo zuela espero zitekeen. Hala gertatuz gero, tatariarrak bihozgabetuko ziren pixka batez, eta, zalantzarik gabe, egun batzuk joango ziren hurrengo erasoa egin artean. Eta hiriari laguntzera bidalitako tropak noiznahi irits zitezkeen. Irkutsk salbatzea edo galtzea hari batetik zintzilik zegoen.
Egun hartan, eguzkia, goizeko seiak eta hogeian sortu eta seiak hogei gutxitan sartuko zen, zerumugatik gora egunezko ibilaldi biribila eginda hamaika ordu luzez. Ilunabarrak bi orduan ibili behar oraindik gauarekin gatazkaka. Gero, ilunpe beltzez beteko ziren bazterrak, hodei lodiak ari baitziren metatzen airean, eta, ilargi berria izanik, argirik ez zeruan.
Iluntasun handi hura ezin egokiagoa izango zen Ivan Ogareffen asmoak aurrera ateratzeko.
Azken egunetako hotz izugarriak Siberiako negu zorrotza hurreratzen ari zela iragartzen zuen, eta gau hartakoa ordu arteko gogorrena zen zinez. Angararen eskuin hegian ezkutaturiko soldaduek ez zuten surik piztu, hantxe zeudela inork susma ez zezan, eta gorriak jasaten ari ziren tenperatura jaitsiera haren kariaz. Haien azpian, oin batzuetara baino ez, izotz puskak jaisten ziren, ibaiaren ur lasterrak garraiaturik. Egun oso hartan ibaian behera pasa eta pasa aritu ziren, talde estuetan, bi ur ertzen artetik. Duke handia eta haren ofizialak hartaz ohartu eta zorionekotzat jo zuten, nabari-nabaria baitzen, hala segitzera, ibaia ezin zela inola ere zeharkatu, izotzek trabatzen ez bazuten, behintzat. Tatariarrak ezin erabili ez txaluparik, ezta almadiarik ere, beste aldera iristeko. Eta hotzak izotz puska haiek itsatsi eta batu izan balitu ere, ezinezkoa izango zen pasatzea. Jelazko zubi horrek, arestian gogorturik, ezin eskaini soldadu andana bat igarotzeko behar beste trinkotasunik.
Ivan Ogareff atsekabetzeko moduko eragozpena zen, Irkutskeko defendatzaileen aldekoa ematen zuenez gero. Baina ez. Kezkarik ñimiñoena ere ez zion eragin! Traidoreak ongi baino hobeki zekien tatariarrak ez zirela ahaleginduko Angara igarotzen, eta, alde horretatik behinik behin, saio hura itxura egiteko besterik ez zela.
Hala ere, gaueko hamarrak aldera, ibaiaren egoera nabarmen aldatu zen, setiatuei ezusteko galanta emanez, egoera berria haien kaltean zetorrelako. Ibaia, iraganezina ordu arte, libre gelditu zen kolpetik. Bat ere trabarik ez zegoen haren ur azalean. Izotz puskak azken egunetan ausarki lerratu ondoren, desagertu egin ziren uretan behera, eta bospasei baizik ez ziren ageri bi ibai bazterren artean. Eta haien itxura, gainera, ez zen ohikoa; haiek ez ziren hotzaren eragin erregularrez sortzen diren izotz puskak, ice-fielden batetik erauzitako zati hutsak baizik, apurtuneak garbi-garbi ebakiak zituztenak, koska larririk gabe.
Ofizial errusiarrak ibaiaren egoera aldatu zela konturatu orduko, duke handia jakinaren gainean jarri zuten. Azalpen erraza zuen, bestalde, gertatu zenak: izotz puskak Angarako meharguneren batean metatu eta jelazko hesia eratuko zuten.
Eta halaxe izaki, izan ere.
Angara zabalik zegoen, beraz, setiatzaileentzat. Eta errusiarrak are erneago ibili behar.
Gauerdira arte deus ere ez zen gertatu. Ekialdean, Boltxaiako atetik hara, lasaitasun erabatekoa. Surik bat ere oihan multzo hartan. Zuhaitzak zerumugaraino hedatzen ziren eta hango hodei apalekin nahasten.
Angarako kanpamentuan argiak atzera eta aurrera mugitzen ziren sarritan, hango asaldura biziaren seinale.
Marmar isil bat entzuten zen, harresiaren ezpondak ibai ertza ukitzen zuen lekutik versta eta erdi gorago eta beherago. Tatariarrek zutik zirauten, erasorako prest, seinale baten esperoan.
Beste ordu bat joan zen. Deus berririk ez.
Goizeko ordu biak jotzekotan zeuden Irkutskeko katedraleko kanpandorrean, eta inolako zantzuak ez zuen susmarazi setiatzaileen borroka-asmoak zein ziren.
Duke handia eta haren ofizialak beren buruei galdezka ari ziren ea itxurek ez ote zuten huts egin, eta tatariarren asmoetan sartzen ote zen egiatan hiriari ustekabean eraso egitea. Aurreko gauak ez ziren horren lasaiak izan, ez hurrik eman ere. Fusilek tiro egiten zuten aurre-postuetatik, obusek airea zeharkatzen, eta, aldi honetan, berriz, deus ez.
Hortaz, duke handia, Voranzoff jenerala, haien kanpo laguntzaileak, zain zeuden denak, agindu hau edo hura emateko prest, tatariarrek batera edo bestera jokatzen zutela ikusi bezain laster.
Ivan Ogareff jauregian bertan bizi zen, arestian esan legez. Beheko solairuko gela handi samar bat zen harena, leihoak alboko terraza batera zabalik zeuzkana. Aski zen terraza hartan pauso batzuk egitea Angara ibaia azpian izateko.
Ilun-iluna zegoen gela hura.
Ivan Ogareff, zutik leiho baten ondoan, zain zegoen ordua noiz iritsiko. Erasoari ekiteko seinalea berak egin behar zuen, noski. Behin seinale hori eginda, Irkutskeko defendatzaileak eraso guneetara bilduko ziren, eta bera jauregia utzi eta bere asmoa betetzera joango zen.
Zain zegoen, hortaz, ilunpetan gorderik, harrapakinaren gainera oldartzeko prest dagoen piztia bezala.
Bitartean, ordu biak jo baino minutu batzuk lehenago, duke handiak Mikel Strogoff etorrarazteko eskatu zuen —beste izenez ezin hots egin hark Ivan Ogareffi—. Kanpo laguntzaile bat gelaraino etorri zen. Atea itxita zegoen. Deitu zuen...
Ivan Ogareffek, leihotik hurbil geldi-geldirik eta ikusezina itzalpean, ez zuen inola ere erantzun.
Duke handiari ohartarazi zioten, bada, tsarraren mandataria ez zegoela une hartan jauregian.
Ordu biak jo zuten. Tatariarrei seinale egiteko unea etorria zen, trikimailuzko erasoari ekin ziezaioten.
Ivan Ogareffek leihoa ireki, alboko terrazara irten, eta iparreko angeluan paratu zen.
Haren azpian, itzalen artean, Angarako urak igarotzen ziren, orro eginez pilareen ertzen kontra jotzean.
Ivan Ogareffek supiztekoa sakelatik atera, piztu, bolbora finez blaitutako iztupa apur bati su eman, eta ibaira bota zuen...
Haren aginduz isuria zuten olio minerala uharka Angararen ur azalera!
Nafta biltegi batzuk lehertu zituzten ibaiaren eskuin hegian, Poshkavsk herriaren eta Irkutsken artean. Ivan Ogareffek modu lazgarri hori erabiltzera deliberatu zuen, Irkutsk sutan jarri nahian. Erregai likidoz beteriko biltegi izugarriak bereganatu, eta aski izan zen pareta atal bat lurrera botatzearekin, egundoko isuria ibaira husteko.
Gau hartan bertan egina zuten ekintza hori, ordu batzuk lehenago, eta horregatik lerratzen ziren tsarraren egiazko mandataria, Nadia eta iheslariak olio mineralezko korronte baten gainean. Biltegi haien edukiera milioika metro kubokoa zen, eta haien zuloetatik kanpora erreka baten gisa amildu zen nafta lurrazaleko maldetan aurrera ibaiaren uretaraino, non gainazalean geratu zen bere dentsitatearengatik.
Horra nola ulertzen zuen gerra Ivan Ogareffek! Tatariarren aliatua izanik, tatariarren antzera ziharduen bere herrikideen aurka!
Iztupa Angararen uretan erori zen. Istant batez, korrontea alkoholezkoa izan balitz bezala, gainalde osoa suak hartu zuen ibaian behera eta ibaian gora, argindarraren abiaduraz. Sugarrezko kiribil urdinskak hara eta hona zebiltzan bi ur ertzen artean. Oliozko lurrun lodiak bihurritzen ziren haien gainean. Izotz puska bakanak, jitoan ibaian behera, argizaria labe gainean legez urtzen ari ziren, suak hartutako isurkaria inguruan, eta lurrunduriko ura ihesi zihoan airean gora txistu gorgarrien erdian.
Orduantxe, tiro hotsa atera zen hiriaren ipar eta hegoan. Angarako kanpamentuko kanoiak desarra bota eta bota hasi ziren. Tatariar milaka batzuk lubeten gora abiatu ziren. Ur bazterreko etxeak, zurez eraikiak, sutan zeuden bazter guztietatik. Argitasun handi batek urratu zuen gauaren iluna.
—Azkenean! —esan zuen Ivan Ogareffek.
Eta bazuen txalo jotzeko motiborik, alajaina! Iruzurrezko erasoa ikaragarria zen. Irkutskeko defendatzaileek tatariarrei aurpegi eman behar, batetik, eta sutea itzali behar, bestetik. Kanpaiak jo zituzten, eta ibiltzeko gauza ziren herritar guztiak erasotako guneetara edo erretzen ari ziren etxeetara agertu ziren, sua hiri guztian barrena hedatzeko arriskua baitzegoen.
Boltxaiako atea libre zegoen ia. Zaindari gutxi batzuk baino ez ziren ageri. Eta gainera, traidorearen esanari jarraituz, eta han zer gertatu zen aztertzean bera bakean utz zezaten eta arrazoi politikoak baino erabili ez zitzaten, zaindari urri haiek erbesteratuen sail txiki hartatik hautatuak izan ziren.
Ivan Ogareff gelara itzuli zen. Angarako sugarrak terrazen kalostraren gainetik igo eta gela barrua argitzen zuten beren distiraz. Gero, kanpo aldera joan zen.
Baina, atea ireki orduko, emakume bat gelara sartu da, arropa blai-blai eginda, buruko ileak kopetan behera dituela.
—Sangarre! —oihu egin du Ivan Ogareffek, harri eta zur lehen unean, eta pentsaturik emakume hura buhamea baizik ezin dela izan.
Ez da Sangarre, ordea; Nadia da.
Hura eta Mikel Strogoff izotz puska baten gainean ibaian behera zihoazela, neskatxak garrasi egin zuen bat-batean, sua Angararen gainazal osoan nola hedatzen zen ikusirik. Mikel Strogoffek besoetan hartu eta uretan murgildu zen, sugarren kontrako babesa ibaiaren hondoan bertan bilatzeko. Irkutsketik oso-oso hurbil zegoen izotz puska, beren burua uretara bota zutenean; hogeita hamar bat besabete baino ez zeuden lehenengo kairaino.
Urpean igerika, Mikel Strogoff kaian lehorreratu zen Nadiarekin batera.
Azkenik lortu zuen bere helburua! Irkutsken zegoen!
—Gobernadorearen jauregira! —esan zion Nadiari.
Hamar minutu igaro aurretik, jauregiko sarbidera iritsiak ziren biak ala biak. Angararen gar luzeek haren zimentarriak berotzen zituzten, baina erre gabe.
Harago, ur bazterreko etxeak oro sutan zeuden.
Atea zabalik zegoen. Mikel Strogoff eta Nadia jauregian sartu ziren oztoporik gabe. Nahas-mahas hartan, inork ez zien erreparatu, jantziak busti-bustiak eraman arren.
Ofizial eta soldadu pila batek mukuru betetzen zuen beheko solairuko areto nagusia. Batzuk aginduak jasotzera zetozen, besteak aginduak betetzera korrika zihoazen. Han, Mikel Strogoff eta neska gaztea, jendetzaren zurrunbilo eroaren erdian, bereizi egin ziren bata bestearen ondotik.
Nadia lasterka abiatu zen, erabat aztoratuta, beheko aretoetan zehar, bere lagunari deika, duke handiaren aurrera eraman zezaten eskaka.
Ate bat zabaldu zen haren aurrean, eta argiz beteriko gela bat ikusi zuen. Sartu, eta hitzetik hortzera topo egin zuen buruz buru Ixinen ikusi zuen gizon doilor harekin, Tomsken ikusi zuen gizon anker harekin, handik pixka batera hiria tatariarrei eman behar zien traidorearekin.
—Ivan Ogareff! —esan du garrasi batean.
Bere izenaz deitu dutela entzutean, dar-dar egin du gizaseme zital hark. Egiatan nor den agerian jarriz gero, porrot egingo dute haren asmo guztiek. Gauza bakarra egin dezake: horrela deitu duen izaki hori hil, edonor dela ere.
Ivan Ogareff Nadiarengana oldartu da; baina neska gaztea, ganibeta eskuan, bizkarra paretaren kontra jarri eta defendatzeko prest agertu zaio.
—Ivan Ogareff! —garrasi egin du berriz ere, izen higuingarri horrek laguntza ekarriko duela ongi jakinda.
—A! Hago isilik! —esan dio traidoreak.
—Ivan Ogareff! —garrasi egin du hirugarren aldiz neska ausartak, ahotsaren indarra bikoizturik gorrotoaren gorrotoz.
Amorruak ito beharrean, Ivan Ogareffek labana atera gerrikotik, Nadiarengana jo eta gelako zoko batean inguratu du.
Harenak egin du ia, baina bereziko indar batek altxatu eta lurrera erori da ziplo madarikatu hori.
—Mikel! —oihu egin du Nadiak.
Mikel Strogoff da.
Mikel Strogoffek Nadiaren deia entzun du, eta ahots haren atzetik Ivan Ogareffen gelaraino etorri eta barrura sartu da ate irekitik.
—Ez egon beldurrez, Nadia —esan dio, neskaren eta Ivan Ogareffen artean ipintzen dela.
—A! —oihu egin du berriz neska gazteak—, kontuz ibili, neba!... Traidorea armatua zagok!... Eta ongi ikusten dik!...
Ivan Ogareff lurretik jaiki, eta, itsua aise menderatu ustean, eraso egin dio.
Baina itsuak ikustunari besotik oratu dio esku batez, beste eskuaz labana desbideratu du, eta hortxe doa lurrera berriz ere.
Ivan Ogareff, haserrez eta lotsaz zurbil, ezpata daramala oroitu da. Zorrotik atera eta erasora itzuli da.
Hark ere ezagutu du Mikel Strogoff. Itsu bat! Itsu batekin baino ez da ari borrokan! Jokoa berea da inondik ere!
Nadia izu-laborriak hartu du orekarik gabeko borroka horretan haren lagunak nolako arriskua duen ikusita, eta ate aldera joan da arineketan laguntza eske!
—Itxi ezan atea, Nadia! —esan dio Mikel Strogoffek—. Ez iezaionala inori deitu eta utz iezadan niri egiten! Tsarraren mandatariak beldurtzekorik batere ez din gaur gizatxar horren aldetik! Datorrela nigana, ausartzen bada! Zain nagon!
Bien bitartean, Ivan Ogareffek, bere baitan bildurik tigre bat bezala, tutik ere ez du esaten. Ez du nahi bere urratsen soinurik, ezta bere arnasa-hotsik ere, itsuaren belarrira heltzerik. Kolpea jo nahi dio hurbiltzen ari zaiola ohartu aurretik, arriskuan jarri gabe. Ez du borrokan egin nahi, traidoreak erail egin nahi du Mikel Strogoff, haren izenaz jabetu ondoren.
Nadia, izu-laborrian baina konfiantzaz beterik era berean, eszena beldurgarri horri begira dago, halako mirespen bat begietan. Mikel Strogoffen lasaitasuna behingoan harenganaino ere heldu dela dirudi. Mikel Strogoffek ganibet siberiarra beste armarik ez dauka eta ezin etsaia ikusi; hark, berriz, ezpata du eskuan, horixe egia. Baina, zein goiko bedeinkaziori esker ematen du mendean hartua duela, traidorea azpiratua dagoela? Nolatan egiten dio oraindik aurre haren ezpataren puntari, mugitu gabe kasik?
Ivan Ogareffek zelatan so egiten dio bere arerio harrigarriari, larritasun handiz. Haren baretasun erabatekoak nahasi egiten du. Alferrik esaten dio bere buruak abantaila guztia bere alde dagoela oreka gabeko borroka horretan! Itsuaren gelditasunak hormatu egiten du. Biktimari non kolpea jo bilatu du, bai eta aurkitu ere!... Zergatik ez du bukatzen behingoz?
Azkenik, jauzi egin eta ezpata kolpea jaurti du Mikel Strogoffen bular erdira.
Itsuak ganibeta pixka bat mugitu eta kolpea desbideratu du. Mikel Strogoffek ukaldirik ez, eta, lasai eta hotz, hurrengo erasoaldiaren zain jarri da, nonbait, etsaiari mehatxu ere egin gabe.
Izerdi larri hotza dario Ivan Ogareffi kopetan behera. Pauso bat atzera egin eta aurrera jo du berriz. Baina, lehenengoan bezala, bigarrenean ere huts egin du kolpeak. Ganibet luzearen gelditu txiki bat aski, traidorearen ezpata kolpe alferrekoa desbideratzeko.
Honek, amorru biziz eta beldurrak airean estatua bizi haren aurrean, itsuaren begi zabal-zabaletan gelditu du bere begirada ikaratua. Iruditzen zaio bere arimaren hondo-hondoraino barneratzen zaizkiola begi haiek. Ez dute ikusten, ezin dute ikusi, baina lilura lazgarria sortarazten diote.
Supituki, Ivan Ogareffek deiadar egin du. Ustekabean argi bat piztu zaio burmuinetan.
—Ikusi egiten du —esan du garrasika—, ikusi egiten du!...
Eta zulora itzuli nahi duen piztia baten gisa, pausoz pauso, ikara latzean, atzera egin du gelaren atzealderaino.
Estatua bizitu da bat-batean, itsuak Ivan Ogareffengana jo du zuzen-zuzen, eta parez pare jarrita:
—Bai, ikusi egiten diat! —bota dio—. Knutez egin nian ebakia ikusten diat, traidore koldar hori! Eta nire ganibetak non joko dian ere ikusten diat! Zaindu ezak heure burua! Borroka garbia eskaintzen diat! Nahikoa diat neure ganibetaz hire ezpataren kontra!
—Ikusi egiten du! —errepikatzen du Nadiak bere artean—. Jaun zerukoa, nola liteke?
Ivan Ogareffek galbidean ikusi du bere burua. Baina, borondatearen astindu batez, adorea bildu eta bere arerio izukaitzarengana oldartu da ezpata aurretik daramala. Bi xafla zuriak gurutzatu dira, baina ehiztari siberiarraren ganibetarekin jotzean, ezpata mila puska eginda doa airean, eta traidorea, bihotza hautsita, lurrera erortzen da hilik.
Une hartan, kanpotik bultzatu eta gelako atea zabaldu egin zuten. Duke handia eta haren ofizialetako batzuk agertu ziren alartzean.
Duke handia aitzinatu zen. Tsarraren mandatari uste zuenaren gorpua ikusi zuen lurrean zerraldo.
Eta orduan, ahots mehatxagarriz:
—Nork hil du gizon hau? —galdetu zuen.
—Nik —erantzun zion Mikel Strogoffek.
Ofizialetako batek lokian jarri zion errebolberra, tiro egiteko prest.
—Zein da hire izena? —galdetu zion duke handiak, burua zulatzeko agindua eman baino lehen.
—Jauna —erantzun zion Mikel Strogoffek—, berorren gorentasunak galde diezadala hobeki zein den lurrean dagoen horrena!
—Gizon hori ezagutzen diat! Nire anaiaren zerbitzaria duk! Tsarraren mandataria!
—Gizon hori, jauna, ez da tsarraren mandataria! Gizon hori Ivan Ogareff da!
—Ivan Ogareff? —oihu egin zuen duke handiak.
—Bai, Ivan traidorea!
—Eta hi, nor haiz hi, bada?
—Mikel Strogoff!
© Jules Verne
© itzulpenarena: Karlos Zabala