XIII

TSARRAREN MANDATARI BAT

 

        Kontseiluko kide guztiak aldi berean itzuli ziren ate erdi-irekirantz. Tsarraren mandatari bat iritsia zen Irkutskera! Ofizialek apur batez gogoeta egin izan balute hori gertatzearen aukeraz, ezinezkoa zela erabakiko zuten inondik ere.

        Duke handia bizi-bizi joan zen bere kanpo laguntzailearengana.

        —Datorrela! —agindu zuen.

        Gizon bat sartu zen. Ahuldua zirudien nekearen nekeaz. Nekazari siberiarren janzkera zuen. Haren arropa higatua zegoen, piltzartua kasik, eta bala zulo batzuk ageri zitzaizkion. Buruan txano moskutarra. Gaizki orbainduriko ebaki bat zeukan begitartean, alderik alde. Gizon hark bide luze neketsua ibilia zuela begi bistakoa zen. Oinez ere egin behar izan zuen bidai tarteren bat, haren zapata urratuek erakusten zuten bezala.

        —Duke handia? —esan zuen ahots goraz.

        Duke handia harengana joan zen:

        —Tsarraren mandataria haiz? —galdetu zion.

        —Bai, jauna.

        —Nondik hator?

        —Moskutik.

        —Noiz atera hintzen handik?

        —Uztailaren 16an.

        —Nola duk izena?

        —Mikel Strogoff.

        Ivan Ogarref zen, ordea. Mikel Strogoff ezinean utzi eta haren izena eta nortasuna hartuak zituen. Ez duke handiak, ez bestek, ez zuten ezagutzen Irkutsken, eta ez zuen beharrik izan bere itxura mozorro janzteko ere. Nortasun faltsu hura egiaztatzeko modua bazuen, eta inork ez zuen zalantzan jarriko. Traizioaz eta hilketaz inbasioaren dramaren bukaera aurreratzera zetorren, burdinazko borondate batek bultzaturik.

        Ivan Ogareffen erantzunaren ondotik, duke handiak keinu bat egin eta ofizial guztiak aretotik irten ziren.

        Gezurrezko Mikel Strogoff eta duke handia gelditu ziren aretoan, beste inor ez.

        Duke handiak Ivan Ogareffi begiratu zion pixka batean, arreta handiz. Gero:

        —Uztailaren 16an Moskun hengoen, ezta? —galdetu zion.

        —Bai, jauna, eta 15etik 16rako gauean tsarra ikusi nuen jauregi berrian.

        —Tsarraren gutun bat daukak?

        —Hona hemen.

        Eta Ivan Ogareffek paper tolestu-tolestu bat, mikroskopikoa ia, eman zion duke handiari. Hura zen gutun inperiala.

        —Honela eman ziaten gutuna? —galdetu zion duke handiak.

        —Ez, jauna, baina gutunazala apurtu behar izan nuen, ongi ezkutatzeko eta emirraren soldaduek ez aurkitzeko.

        —Tatariarren preso egon haiz?

        —Bai, jauna, egun batzuetan —erantzun zion Ivan Ogareffek—. Horregatik, nahiz Moskutik uztailaren 16an atera, gutunaren datan agertu bezala, ez naiz urriaren 2ra arte iritsi Irkutskera, hirurogeita hemezortzi egun bidean eman eta gero.

        Duke handiak gutuna hartu eta haren tolesak zabaldu zituen. Tsarrak bere eskuz emandako sinadura ezagutu zuen, sakramentu formularen ondotik. Beraz, dudarik ez gutunaren egiazkotasuna zela-eta, eta ezta ere mandatariaren nortasuna zela-eta. Gizon haren itxura bihozgabeak mesfidantza piztu zion hasiera batean, horretaz deus aditzera eman ez bazuen ere, baina orain zeharo desagertu zitzaion susmo hura.

        Duke handiak isilik eman zuen une bat. Gutuna astiro irakurtzen ari zen, haren esanahi osoaz jabetu nahirik.

        Hitza hartu zuen berriz ere segituan:

        —Mikel Strogoff, badakik gutunak zer dioen? —itaundu zion.

        —Bai, jauna. Gutuna suntsitu beharra izan nezakeen, tatariarren atzaparretan ez erortzeko, eta, hala gertatuz gero, testua zehatz-mehatz errepikatu nahi nion berorren gorentasunari.

        —Badakik gutun honek hiria defendatzeko agintzen digula, eta hiltzeraino, beharrezkoa bada

        —Badakit.

        —Badakik, beraz, nolako tropa mugimenduak antolatu diren inbasioari kontra egiteko?

        —Bai, jauna, baina mugimendu horiek ez dute arrakastarik izan.

        —Zer esan nahi duk?

        —Esan nahi dut Ixin, Omsk eta Tomsk hartu dituztela banan-banan Feofar Khanen soldaduek, eta hori bi Siberietako hiri txikiak alde batera utzita.

        —Baina borrokan egin dute? Gure kosakoek aurka egin diete tatariarrei?

        —Behin baino gehiagotan.

        —Eta garaitu egin dituzte?

        —Ez ziren aurre egiteko adina.

        —Non izan dira aipatzen dituan borroka horiek?

        —Kolivanen, Tomsken...

        Ordu arte, Ivan Ogareffek egia baizik ez zuen esan; baina, Irkutskeko defendatzaileen adorea ahultzeko asmotan, emirraren tropen garaipenak puzten eta harrotzen hasi zen.

        —Eta hirugarren aldian Krasnoiarsk hiriaren aurrean.

        —Eta azken borroka hori?... —galdetu zion duke handiak, ezpainak estuturik, hitzak ozta-ozta ateratzen zitzaizkiola.

        —Borroka baino gehiago izan zen, jauna —erantzun zion Ivan Ogareffek—, bataila bat lege-legera.

        —Bataila bat?

        —Hogei mila errusiarrek, Tobolskeko eta mugako probintzietatik etorriek, ehun eta berrogeita hamar mila tatariarri aurre egin zieten. Amorruz eta gogoz aritu ziren, baina suntsitu egin zituzten.

        —Gezurretan ari haiz! —garrasi egin zuen duke handiak, haserrea bigundu nahi eta ezin.

        —Egia da, jauna —erantzun zion hotz Ivan Ogareffek—. Krasnoiarskeko batailan izan nintzen, eta hantxe hartu ninduten preso!

        Duke handia lasaitu egin zen, eta, imintzio batez sinesten ziola adierazi zion Ivan Ogareffi.

        —Noiz izan zen Krasnoiarskeko bataila hori? —galdetu zion.

        —Irailaren 2an.

        —Eta orain tatariarren tropa guztiak daude Irkutsken inguruan?

        —Guzti-guztiak.

        —Eta zenbatsu dira, hire ustez?

        —Laurehun mila gizon inguru.

        Berriz ere handitu egin zuen Ivan Ogareffek armada tatariarren soldadu kopurua, beti helburu bera gogoan.

        —Eta ez zaigu laguntzarik etorriko mendebaldeko probintzietatik? —galdetu zion duke handiak.

        —Batere ez, jauna, ez negua pasa arte, behintzat.

        —Bada, entzun ezak ongi, Mikel Strogoff. Nahiz batere laguntzarik ez eduki ez mendebaldetik, ezta ekialdetik ere, nahiz barbaro horiek seiehun mila izan, sekula ez diat Irkutsk haien eskuetan utziko!

        Ivan Ogareffen begi gaiztoa zimurtu zen apur bat. Tsarraren anaiak traiziorik espero ez zuela adierazi nahi zuen traidoreak horrela, antza.

        Duke handiak, urduria izaeraz, nekez eusten zion lasaitasunari, horren berri txarrak entzunda. Hara-hona zebilen aretoan, Ivan Ogareffen begien aurrean, zeinak piztiak harrapakinari bezala so egiten zion mendeku gosez. Leihoen parean gelditzen zen, tatariarren kanpamentuko suei begiratzen zien, soinuak hauteman nahi zituen, eta Angarako izotz pusken arteko talka hotsa entzutea ia besterik ez zuen lortzen.

        Ordu laurden bat joan zen, bat ere galderarik egin gabe. Gero, gutuna hartu, pasarte bat berriz irakurri eta mandatariari hitz egin zion.

        —Badakik, Mikel Strogoff, gutunean traidore bat aipatzen dela eta harekin kontuz ibili behar dudala?

        —Bai, jauna.

        —Mozorro jantzita Irkutsken sartzen saiatuko duk, nire uste ona bereganatzen saiatuko duk, eta, gero, une egokian, hiria tatariarrei emango ziek.

        —Badakit hori dena, jauna, eta baita Ivan Ogareffek berorren kontra mendeku hartzea zin egin duela ere.

        —Zergatik?

        —Duke handiak degradazio iraingarriaz zigortu omen zuen ofizial hori.

        —Bai... gogoan diat... Baina merezi zian, bai, doilor zikin hark. Eta orain bere herriaren kontra altxatu duk, barbaroen inbasio baten buru.

        —Tsarrak Ivan Ogareffen asmo zitalen berri berorrek jakitea nahi zuen batez ere —esan zion Ivan Ogareffek.

        —Bai... gutunak aipatu egiten dik.

        —Eta tsarrak berak esan zidan, eta ohartarazi zidan gainera Siberia zeharkatzean batez ere traidore horrekin ibili behar nuela kontu handiz.

        —Eta topatu duk?

        —Bai, jauna, Krasnoiarskeko batailaren ondotik. Susmatu izan balu berorrentzako gutun bat nekarrela eta hartan haren asmoak agerian jartzen zirela, ez zen nitaz errukituko.

        —Bai, hireak egingo zian! —erantzun zion duke handiak—.Eta nola egin huen ihesi?

        —Irtish ibaira bota nuen neure burua.

        —Eta nola sartu haiz Irkutsken?

        —Arratsalde honetan bertan sartu naiz. Irteera bat egin duzue destakamendu tatariar bati kontra egiteko. Soldadu defendatzaileekin nahasi naiz, nor naizen esan eta berehala ekarri naute berorren gorentasunarengana.

        —Ongi duk, Mikel Strogoff —esan zion duke handiak—, adoretsua eta saiatua haizela erakutsi duk egiteko honetan. Gogoan hartuko diat. Mesederen bat eskatu nahi didak?

        —Ez, jauna, berorren gorentasunaren ondoan borrokan egitea, besterik ez —erantzun zuen Ivan Ogareffek.

        —Hala bedi, Mikel Strogoff. Neure zerbitzuan hartuko haut, eta jauregian biziko haiz.

        —Eta Ivan Ogareff izen faltsuarekin agertzen bada berorren gorentasunaren aurrean, bere asmo zital hori burutu nahirik?

        —Mozorroa kenduko zioagu hiri eskerrak, nor den badakik-eta, eta knut kolpez hilaraziko diat. Orain segi hemendik.

        Ivan Ogareffek agur militarra egin, tsarraren mandatarigoko kapitaina zela ahaztu gabe, eta alde egin zuen.

        Traidoreak oso-osoan bete zuen bere burubide zitala. Erabat eta aitzakiarik gabe bereganatua zuen duke handiaren uste ona. Komeni zitzaion tenorean eta tokian erabiltzen ahal zuen. Jauregian bertan biziko zen. Defentsa lanen berri izango zuen. Mendean zeukan egoera, beraz. Inork ez zuen ezagutzen Irkutsken, inork ezin zion mozorroa kendu. Berandu gabe lanari ekitea erabaki zuen, bada.

        Izan ere, denborak estutu egiten zuen. Iparretik eta ekialdetik errusiarrak iritsi baino lehen hartu behar hiria, eta egun gutxi batzuen kontua zen hori. Behin tatariarrak Irkutskez jabeturik, ez zen samurra izango handik botatzea. Dena dela, geroago hiria utzi beharrean suertatuz gero, ez zuten egingo goitik behera birrindu gabe, eta duke handiaren burua Feofar Khanen oinetara jira-biraka erorarazi gabe.

        Ivan Ogareffek erraztasun guztiak zituen nahi zuena ikusi, aztertu edo egiteko, eta biharamunean hiriaren babeskiak bisitatu zituen. Pozik hartu zuten leku guztietan, eta zorionik beroenak eman zizkioten ofizialek, soldaduek eta herritar guztiek ere. Tsarraren mandatari hark inperioarekin lotuta zeudela sentiarazten zien berriro ere. Ivan Ogareffek, bada, bidaiaren gezurrezko pasadizoak kontatzen zizkien, ziurtasun osoz eta batere kontraesanik gabe. Gero, trebetasun handiz, hasieran gehiegi azpimarratu gabe, egoeraren larriaz mintzatzen zen, askozaz ere beltzago ipiniz, tatariarren garaipenak hartzen zituen ahotan, duke handiaren aurrean egin legez, eta barbaroen kopurua kontaezina zela esaten zien. Hark zioenez, espero zituzten laguntzak ez ziren aski izango, iristea lortzen bazuten, gainera; eta beldur izatekoa zen Irkutskeko harresi azpian bataila bat eginez gero Kolivanen, Tomsken eta Krasnoiarsken bezain amaiera zorigaiztokoa izatea.

        Halako aieru ustelik, hala ere, ez zuen sarri zabaltzen Ivan Ogareffek. Zuhurtziaz botatzen zituen bere iritziak han-hemenka, Irkutskeko defendatzaileen gogoetan pixkaka-pixkaka barnera zitezen. Ez zuela hitz egin nahi irudi zuen, galdezka eta galdezka ito arte ez baitzen hasten erantzunak ematen, eta derrigortuaren plantan egiten zuen beti ere. Dena den, azken gizona erori arte defendatu beharra zegoela gehitzen zuen, eta hiria tatariarrei utzi aurretik lehertarazi behar zutela!

        Kalte gehiago egingo zuen, egokiera izanez gero. Baina Irkutskeko goarnizioak eta biztanleriak biziki maite zuten beren herria eta ez ziren aise kikiltzekoak. Soldadu eta herritar haietatik bakar bati ere ez zitzaion bururatuko errenditzeaz hitz egiterik, Asiako azken bazterreko hiri isolatu baten barruan atera ezinik egon arren.

        Dena den, inork ez zuen susmatu ere egin Ivan Ogareff rol gorrotogarria jokatzen ari zela, inork ezin zuen igarri tsarraren mandatari ustezko hori traidore bat besterik ez zela.

        Ivan Ogareffek maiz izan zituen harremanak hiriaren defendatzailerik sutsuenetariko batekin, Vasili Fedorrekin, Irkutskera iritsi zen mementotik. Berez etorritako arrazoi batek hurbilarazi zituen.

        Jakina da nolako kezkek erretzen zizkioten barrenak aita koitaduari. Haren alabari, Nadia Fedorri, zer gertatu ote zitzaion, Errusiatik atera baldin bazen Rigatik bidalitako azken gutunak aipatzen zuen egunean? Inbadituriko probintziak zeharkatu nahian segituko zuen oraindik, edo tatariarren preso izango zen aspalditik? Vasili Fedorrek tatariarrekin borrokan eginez baizik ez zuen arintzen bere oinazea, eta tamalez oso gutxitan egokitzen zitzaion horrelako aukera.

        Hortaz, bada, Vasili Fedorrek tsarraren mandatari bat ustekabean iritsi zela jakin zuenean, usteak jo zion mandatari hark alabaren berri emango ziola. Ameskeria besterik ez zen, segur aski, baina hari eutsi zion gogor. Mandatari hori ez zen, bada, gatibu egon, eta Nadia ez zen beharbada hala egongo une honetan?

        Ivan Ogareffen bila joan zen Vasili Fedor, eta traidorea abagune hartaz baliatu zen komandantearekin egunero elkartzeko. Etekina atera nahi ote zuen harreman hartatik? Gizon guztiak bera bezalakoak zirelakoan ote zegoen? Uste ote zuen errusiar bat, erbesteraturik ere, bere herria saltzeko bezain lotsagaldua izan zitekeenik?

        Nolanahi ere, Ivan Ogareffek itxura ederki egin zuen eta ardura handiz erantzun zituen Nadiaren aitak egindako galderak. Azken honek ustezko mandataria iritsi eta biharamunean bertan jo zuen gobernadore nagusiaren jauregira, Ivan Ogareffekin berba egitera. Bere alaba beharbada Europa aldeko Errusiatik irten eta tatariarren mendeko lurraldean barneratu zela jakinarazi zion, eta horrek kezka gorria ematen ziola gehitu zuen.

        Ivan Ogareffek ez zuen Nadia ezagutzen, nahiz eta neska Ixingo posta etxean egon Mikel Strogoffekin, zaldiak nork eramango eztabaidatu zuten egunean. Baina batere jaramonik ez zion egin hari, han zeuden bi kazetariei egin ez zien gisan. Ezin, bada, alabaren inolako berririk eman Vasili Fedorreri.

        —Baina noiztsu atera zen zure alaba Errusiako lurraldetik? —galdetu zion Ivan Ogareffek.

        —Zu atera zinenean, gutxi gorabehera —erantzun Vasili Fedorrek.

        —Ni uztailaren 16an atera nintzen Moskutik.

        —Nadia ere orduan-edo aterako zen Moskutik, gutunean idatzi zidanaren arabera.

        —Moskun zegoen uztailaren 16an? —galdetu Ivan Ogareffek.

        —Bai, egun horretan hantxe zegoen, ziur nago.

        —Bada, orduan!... —hasi zen Ivan Ogareff.

        Baina atzera egin zuen eta beste zerbait esan:

        —Ez, ba; ez, ba...; gaizki ari naiz. Egunak nahasten ari naiz —gehitu zuen—. Zoritxarrez, zure alaba Moskutik aterako zen segur aski, eta itxaropen bakarra eduki dezakezu, tatariarren inbasioaren berri izan eta nonbait geldituko zela!

        Vasili Fedorrek burua makurtu zuen! Nadia ongi ezagutzen zuen, eta bazekien deusek ere ez zuela geldiaraziko.

        Ivan Ogareffek krudelkeria handia egin berri zuen zergatiko gabe. Vasili Fedor hitz batez lasaitu zezakeen. Haren alaba Ivan Ogareffekin batera irten baldin bazen Moskutik, harekin batera egongo zen Nijni Novgoroden ere, eta han zeudela debekatu zuen gobernadoreak dekretu baten bidez errusiarrak probintziatik kanpo joatea. Ondorio garbia aterako zuen Vasili Fedorrek: Nadia ezin zela egon inbasioaren arriskupean, eta, haren nahiaren kontra, inperioaren lurralde europarretik ez zela irten.

        Ivan Ogareffek, bere izaerari men eginez, besteren sufrikarioak hunkitzen ez duen gizona izaki, hitz hori esan zezakeen... Baina ez zuen esan.

        Vasili Fedor bihotza bi puska eginda joan zen jauregitik. Elkarrizketa haren ondotik, bere azken itxaropena zapuztu zitzaion.

        Hurrengo bi egunetan, urriaren 3an eta 4an, duke handiak hainbat aldiz deitu zion ustezko Mikel Strogoffi eta Jauregi Berriko kabinete inperialean entzundako guztia errepikarazi. Ivan Ogareffek, galdera haietarako ongi prestaturik, behin ere zalantza egin gabe erantzun zuen. Ez zuen ezkutatu, nahita, tsarraren gobernua erabat ezustean hartu zuela inbasioak, altxamendua isilgordeka antolatu zutela, tatariarrak Obiko lerroaren jabe zirela lehenengo albisteak Moskura iristerako, eta, azkenik, deus ere ez zegoela prest probintzia errusiarretan inbaditzaileei aurre egiteko behar ziren tropak Siberiara bidaltzeko.

        Gero, Ivan Ogareff, hara-hona ibiltzeko batere trabarik gabe, Irkutsk aztertzen hasi zen. Babeskien egoera miatu zuen, puntu ahulak bilatzen saiatu zen. Ikusitako horietaz baliatu behar, zerbaitegatik bere traizioa ezin burutzea gertatuz gero. Boltxaiako atean gelditzen zen batez ere, hura zabaldu nahi zuen-eta tatariarrak hirira sar zitezen.

        Bi aldiz joan zen ate hartako glazisera arratsean. Setiatzaileen lehenengo postuak harresitik versta batera baino hurbilago zeuden, baina tiroen beldurrik gabe paseatzen zen han barrena. Bazekien arriskurik ez zegoela, eta ezagutu ere egingo zutela. Itzal bat antzeman zuen lubeten oinetaraino narrasean zetorrena.

        Sangarre ahaleginean ari zen Ivan Ogareffekin harremanetan jartzeko, bere burua hiltzeko bidean jarrita ere.

        Beste alde batetik, setiatuak azken bi egunetan lasai antzean zeuden, tatariarrek erasorik ez baitzuten egiten, setioaren hasieratik ohi zutenaren kontra.

        Ivan Ogareffen aginduz jokatzen zuten horrela. Feofar Khanen gudalburuak hiria indarrez hartzeko saio guztiak bertan behera uztea erabaki zuen. Hortaz, bada, Irkutskera iritsi zirenetik, artilleria lehenengo aldiz isildu zen zeharo. Beharbada horrela setiatuen begiak ez ziren hain zorrotz ibiliko. Hala espero zuen traidoreak, behinik behin. Dena dela, aurre-postuetan tatariar milaka batzuk zeuden ezkutatuak, Ivan Ogareffek erasoaldiaren ordua noiz esango zain, defendatzailerik gabeko ate aldera oldartzeko gertu.

        Ezin geroko utzi, ordea. Bukatu beharra zegoen, armada errusiarrak Irkutsk begien bistan eduki aurretik. Ivan Ogareffek erabakia hartu zuen, eta, gau hartan, glazisetik behera txartel bat erori zen Sangarreren eskuetaraino.

        Biharamunean, urriaren 5etik 6rako gauean, goizeko ordu bietan, hiria tatariarren esku utziko zuen Ivan Ogareffek.

 

 

 

© Jules Verne

© itzulpenarena: Karlos Zabala

 

 

"Jules Verne / Mikel Strogoff" orrialde nagusia