XII

IRKUTSK

 

        Irkutsk da ekialdeko Siberiako hiriburua. Bertan hogeita hamar mila lagun bizi dira eskuarki. Muino altu samar batean dago, Angara ibaiaren eskuineko hegian. Mendixka horretan dituzte oinarriak hiriko elizek eta haien gaineko katedral handiak; gain horretan dituzte zimentuak etxeek eta beste eraikuntzek, nahas-mahas kokaturik ikusgarriro.

        Urruntxotik ikusita, Siberiako bide nagusian hogei versta harago dagoen menditik, esaterako, ekialdeko hirien tankera hartzen du nolabait; kupulak eta kanpandorre txikiak ageri dira, puntetan orratz segailak zerura, minareteen antzekoak, eta domo sabel-handiak apaingarri, potiz japoniarrak irudi dutenak. Baina itxura hori galtzen da bidaztiaren begietatik, hirira barneratzen denean. Erdi bizantziarra, erdi txinatarra zirudiena europar bilakatzen da berehalaxe. Karrikak, harri zapalduez eginak, espaloiak alboetan, ubideak zeharka, urki erraldoien itzalpean. Etxeak, adreiluz eta zurez eraikiak, eta hainbat solairutakoak bat baino gehiago. Zalgurdiak ugari hara-hona, eta tarantas eta telegak ez ezik, baita kupeak eta kalesak ere. Eta hango jendeak, zibilizazioaren garapenetan hain aurreratuak, Parisko azken modak zeintzuk diren beti ongi dakitenak.

        Garai hartan, Irkutsk, probintziako siberiarren aterpe, jendez gainezka zegoen. Mota guztietako baliabide eta eskuarteak oparo zeuden han. Irkutsk biltegi handi bat da, non Txinaren, erdialdeko Asiaren eta Europaren artean trukatzen diren salgai zenbatezinak pilatzen diren. Beldurrik gabe, Angarako ibarreko nekazariak, mongol-khalkhak, tunguzak eta buretak, erakarri zituzten hirira, eta mortua zabaldu inbaditzaileen eta hiriaren artean.

        Irkutsken du egoitza ekialdeko Siberiako gobernadore nagusiak. Haren agindupean gobernadore zibil bat badago, probintziaren administrazioaren ardura bere gain duena, polizi buru bat, oso lanpetua beti hainbeste atzerriratu dituen hiri honetan, eta alkate bat, merkatarien buru, pertsonaia garrantzitsua oso, bai sekulako aberastasunen jabe delako, bai bere administratuen gain eragin handia duelako.

        Irkutskeko goarnizioan une hartan kosakoen errejimentu bat zegoen, bi mila soldadu oinezko guztira, bai eta bertako jendarme saila ere, kaskoa buruan eta uniforme urdina soinean, zilarrez galoitua.

        Bestalde, jakina denez, eta arrazoi bereziengatik, duke handia hiriaren barruan zegoen inbasioaren hasieratik.

        Argibideren bat eman behar hori dela-eta.

        Garrantzi politiko handiko bidaia batek eraman zuen tsarraren anaia ekialdeko Asiako probintzia urrun haietara.

        Duke handiak Siberiako hiri nagusiak bisitatu zituen, baina militar gisa eta printzeen arrandiari uko eginez, segizioan bere ofizialak eta kosako talde bat baizik ez zeramala. Bidaiaren azken aldian, Transbaikaliako eskualdeetaraino iritsi zen, eta Nikolaievsk, Errusiako azken hiria, Okhotskeko itsasoaren ertzean kokatua, ohoratu egin zen hain pertsonaia handiari harrera eginda.

        Inperio moskutar ikaragarriaren mugaraino heldu eta Irkutskera itzultzen ari zen duke handia. Handik Europako bidea hartzeko asmoa zuen, baina orduan inbasio arriskutsu bezain bat-bateko haren berri eman zioten. Agudo baino agudoago sartu zen hiriburuan. Iritsi zenerako, Errusiarekiko komunikazioak eteteko zorian zeuden. Telegrama batzuk jaso zituen, hala ere, Petersburgetik eta Moskutik, eta erantzuteko aukera ere izan zuen. Baina, gero, haria etenda geratu zen, dakigunez.

        Irkutsk isolaturik gelditu zen, munduko bazter guztietatik bakartua.

        Duke handiak defentsa antolatu besterik ezin egin, eta horretan jardun zuen tinko eta odol hotzean, bestelako estutasunetan erakutsia zuen legez.

        Albiste txarrak banan-banan ailegatu ziren Irkutskera. Tatariarrek Ixin hartua zuten. Omsk azpiratua. Tomsk menderatua. Siberiako hiriburua kosta ahala kosta salbatu behar okupaziotik. Laguntzarik ez zuten izango, ez aurki, behinik behin. Amur eta Jakutsk probintzietan barreiaturik zeuden tropa urriak ez ziren tatariarren oldeei eusteko gauza izango. Beraz, Irkutsk setiatu egingo zuten nahitaez, eta garrantzizkoena oroz gain hiria setio luze samarrari eusteko eran ezartzea zen.

        Tomsk tatariarren atzaparretan jausi zen egunean ekin zieten lanei. Azken albiste horrekin batera, duke handiak jakin zuen armada inbaditzailearen buru Bukharako emirrak berak egiten zuela bere khan aliatuen laguntzarekin, baina ez zuen jakin, ordea, buruzagi barbaro haien gudalburua Ivan Ogareff zela, ezagutzen ez zuen ofizial errusiar bat, dukeak berak behinola degradatu zuena.

        Lehenengo eta behin, gorago ikusi den bezala, Irkutsk probintziaren biztanleei hiriak eta herriak uzteko eskatu zieten. Hiriburuan babestu ez zirenek harago joan behar izan zuten, Baikal aintziraz bestaldera, tatariarrek ez baitzituzten bere txikizioak alderdi haietaraino eramango segur aski. Gari eta zuhain uztak hirirako konfiskatu zituzten eta botere moskutarrak ekialde urrunean zeukan azkeneko gotorleku hura prest gelditu zen tatariarren aurka denboraldi batez borrokatzeko.

        Irkutsk hiria, 1611n sortua, Irkut eta Angara ibaiak batzen diren lekuan kokaturik dago, azken honen eskuineko ur bazterrean. Zurezko bi zubi dauzka, pilote gainean eraikiak, ubidearen zabalera osoa nabigaziorako libre uzteko moduan jarriak, eta haien bidez elkartzen dira hiria eta ezker aldean hedatzen diren auzuneak. Alde horretatik defentsa erraza zen. Auzuneak abandonatu zituzten, eta etxe guztiak lurrera bota, duke handiaren artilleriak, eskasa zoritxarrez, trabarik izan ez zezan. Bi zubiak suntsitu zituzten. Angara zabal-zabala da leku hartan, eta ezin inola ere handik igaro setiatuen desarren azpian.

        Baina ibaia uretan gorago eta beherago zeharka zitekeen, eta, beraz, arriskua zegoen Irkutsk ekialdetik ere erasotzeko, han harresirik edo bestelako babesik ez zegoenez gero.

        Gotortze lanetan jardun zuten, bada, beso guztiek lehenbizi; bai eta gau eta egun jardun ere. Biztanleria gogor saiatzen zen lanean, aurrerago borrokan egingo zuen legez. Soldaduak, merkatariak, atzerriratuak, nekazariak, den-denak hiriaren salbazioaren alde aritu ziren eginahalean. Tatariarrak Angaran agertu baino zortzi egun lehenago, lurrezko hesiak eraikiak zeuden. Erreten bat zulatu zuten hesiaren ezpondaren eta kontraezpondaren artean, eta Angararen urez bete zuten. Ezin hiria hartu erasoaldi bakar batean. Inguratu eta setiatu behar, derrigorrean.

        Tatariarren hirugarren zutabea, Jeniseiko ibarrean gora egin zuena, irailaren 24an agertu zen Irkutsk aurrean, eta segituan jabetu ziren auzune abandonatuez.

        Tatariarrak antolatzen hasi ziren, bada, emirraren eta haren aliatuen zutabeak iristen ziren bitartean.

        Eta irailaren 25ean elkarganatu ziren armadako hiru sailak Angarako kanpamentuan. Soldadu guztiak, konkistaturiko hirietan utzitako goarnizioak izan ezik, Feofar Khanen agintepean gelditu ziren bat eginak.

        Ivan Ogareff laster ohartu zen Angara ezin zela zeharkatu Irkutsken parean, eta tropa kopuru handi bat zenbait versta ibaian behera bidali eta beste aldera igaro ziren berariaz moldaturiko txalupa zubi batzuen bidez. Duke handia ez zen saiatu igarotze hori eragozten. Atzeratu baizik ez zuen egingo, baina ez inola ere erabat galarazi, gudako artilleriarik eskuartean izan gabe; eta Irkutsk barruan geratu zen arrazoi horregatik.

        Tatariarrek ibaiaren eskuineko hegia hartu zuten; gero, hiri aldera igo ziren Angara gaineko oihanetan zehar. Gobernadore nagusiak haietan zeukan udako etxea erre zuten bidean, eta, Irkutsk oso-osorik inguratu eta gero, behin betiko kokatu ziren setiorako.

        Ivan Ogareff, ingeniari iaioa, ongi prestatua zegoen erazko setio baten lanak zuzentzeko; baina baliabide materialak falta zituen azkar jarduteko. Gainera, Irkutsk, haren ahalegin ororen helburua, ezustean harrapatzea espero zuen.

        Ezagun da gauzak ez zirela joan hark nahi izan zuen bezala. Batetik, armada tatariarra atzeratu egin zen Tomskeko guda zela bide; bestetik, duke handiak oso agudo burutu zituen defentsako lanak. Bi gertaera horiek aski izan ziren haren asmoak ustel irteteko. Erazko setio bati aurre egiteko beharrean aurkitzen zen, hortaz.

        Hala eta guztiz, haren aholkuari jarraituz, emirra bitan ahalegindu zen hiria bereganatzen, odoletan prezio oso handia ordaindurik ere. Lurrezko hesietarantz bidali zituen soldaduak, puntu batzuk ahulagoak irudi baitzuten; baina bi erasoaldiak atzera bota zituzten defendatzaileek ausardia biziaz. Duke handia eta haren ofizialak ez ziren atzean gelditu aldi hartan. Borroka lekuan agertu ziren, eta populazio zibila haien atzetik joan zen babeskietara. Burgesek eta nekazariek gogor bete zuten beren eginkizuna. Bigarren erasoaldian, tatariarrek harresiko ate bat bortxatzea lortu zuten. Borroka latza izan zen Boltxaiako hiribidearen beheko muturrean. Baina kosakoek, jendarmeek eta herritarrek bortitz egin zieten aurka, eta tatariarrek kanpamentuetara itzuli behar izan zuten.

        Ivan Ogareffek azpikeriaz baliatzea pentsatu zuen orduan, indarrez ezin-eta. Haren asmoa, dakigunez, hirian sartu, duke handiarengana joan, haren uste onaz jabetu, eta, memento egokian, harresiko ate bat setiatzaileei zabaltzea zen; eta, hori egindakoan, asebeteko zuen tsarraren anaiarekiko mendekua.

        Asmo hartan saiatzeko berotu zuen Sangarrek ere, Angarako kanpamentura harekin etorri baitzen.

        Izan ere, berandu gabe ekin beharra zegoen. Jakutsk probintziako tropa errusiarrak Irkutsk hirirantz zetozen. Lena ibaiaren goi aldean bildu ziren eta ibar horretan gora abiatu. Sei egun igaro aurretik, hantxe izango ziren. Sei egun igaro aurretik, hortaz, Irkutsk tatariarren mende utzi behar traizioak.

        Ivan Ogareffek ez zuen zalantza gehiago egin.

        Arratsalde batez, urriaren 2an, gerra kontseilua izan zen gobernadore nagusiaren jauregiko areto handian. Hantxe bizi zen duke handia ere.

        Jauregia Boltxaiako hiribidean zegoen. Karrika hori bi verstaz luzatzen da Angarako ur izkinetaraino. Jauregia mutur batean zegoen, eta handik ibaiaren zati oso handia ageri zen bistara azpi-azpian. Fatxada nagusiaren leihoetatik tatariarren kanpamentua ikusten zen, eta, setiatzaileen artilleriak tiramen handiagoa izatera, bertan ezin izango zen bizi.

        Bilera hartan duke handia, Voranzoff jenerala eta hiriko gobernadorea zeuden, goi ofizialen kopuru handi samarrarekin batera. Hainbat erabaki hartu berri zituzten.

        —Jaunak —mintzatu zen duke handia—, badakizue zehatz-mehatz zein den gure egoera. Itxaropen osoa dut eutsi egingo diogula Jakutskeko tropak iristen diren bitartean. Orduan jakingo dugu ederki horda tatariar horiek uxatzen, eta nik, behintzat, ez dut galaraziko barbaro horiei garesti ordainaraztea lurralde moskutarraren inbasio honegatik.

        —Berorren gorentasunak badaki Irkutskeko biztanle guztiak berorrekin daudela —erantzun zion Voranzoff jeneralak.

        —Bai, jenerala —esan zion duke handiak—, eta gorazarre egiten diot haien atxikimenduari. Jainkoari esker, izurriterik edo goseterik nozitu beharrik ez dute izan orain arte, eta arrazoiak baditut horrelakorik izango ez dela pentsatzeko; gainera, borroketan ikusi eta miretsi egin dut haien kemena. Nire hitzak entzuten ari zara, merkatarien buru jauna, eta haiei helaraz diezazkiezula erregutzen dizut.

        —Eskerrak ematen dizkiot berorri hiriaren izenean —erantzun zion hiriko gobernadoreak, merkatarien buru ere egiten zuenak—. Ausartuko al naiz galdetzera ea berorren ustean zein den eperik luzeena laguntzako armada guregana iristeko?

        —Sei egunen buruan, gehienez ere, hemen izango dira, jauna —ihardetsi zion duke handiak—. Mezulari trebe eta adoretsu batek hirian sartzea lortu du gaur goizean, eta berrogeita hamar mila errusiar hona datozela jakinarazi dit, Kisselef jeneralaren aginduetara. Duela bi egun, Lenako ibai bazterretan zeuden, eta, orain, ez hotzak ez elurrak ez die galaraziko honaino iristea. Berrogeita hamar mila soldaduko tropak tatariarrei alboetatik eraso eginez berehala askatuko gaitu.

        —Gaineratu nahi dut —esan zuen merkatarien buruak— berorren gorentasunak hiritik atera eta kanpoan erasotzeko agintzen duenean, prest egongo garela berorren aginduak betetzeko.

        —Ongi da, jauna —erantzun zion duke handiak—. Zain egongo gara geure armada-sailen buruak muinoetan agertu arte, eta orduan azpiratu egingo ditugu inbaditzaileak.

        Gero, Voranzoff jeneralarengana biratuz:

        —Bihar eskuin aldeko ur ertzaren lanak bisitatuko ditugu —esan zuen—. Izotz puska ugari dakar Angarak, laster jelatuko da, eta, hala gertatuz gero, tatariarrek zeharkatzea edukiko dute beharbada.

        —Berorren gorentasunak utziko al dit ohar bat egiten? —galdetu zion merkatarien buruak.

        —Egin ezazu, jauna.

        —Behin baino gehiagotan ikusi dut tenperatura hogeita hamar gradu zero azpitik jaisten, bai eta berrogei gradu ere, eta Angarak isuri eta isuri segitu du beti erabat jelatu gabe. Ur lasterraren abiadurarengatik inondik ere. Tatariarrek urak zeharkatzeko beste modurik ez badute, berorren gorentasunari ziurtatzen diot horrela behintzat ez direla Irkutsken sartuko.

        Gobernadore nagusiak berretsi egin zuen merkatarien buruaren baieztapena.

        —Gure alde jokatuko du horrek dudarik gabe —erantzun zuen duke handiak—. Hala ere, prest egon behar edozein gorabeherari aurre egiteko.

        Eta polizi buruarengana itzuliz:

        —Niri esateko ezer ez duzu, jauna? —galdetu zion.

        —Erregu baten berri eman behar diot berorren gorentasunari —erantzun zion polizi buruak—, hala eskatu didate eta.

        —Norena da, bada?

        —Siberiako erbesteratuena. Berorren gorentasunak dakienez, bostehun bat dira hiri honetan.

        Atzerriratu politikoak probintzia guztian sakabanaturik bizi ziren. Beren ogibideetan jardunez ateratzen zuten bizimodua. Batzuk sendagile ziren; beste batzuk irakasle, zela bigarren mailako ikastetxetan, zela eskola japoniarrean, zela nabigazio eskolan. Baina, inbasioa hasi zelarik, Irkutskera biltzeko agindua eman zieten, eta, beren herriak utziaz, hara jo zuten agindua beterik. Hasiera-hasieratik, duke handiak uste ona agertu zuen haiekiko, Errusia biziki maite zutelakoan baitzegoen, tsarra bezala. Armak eman eta soldadu sutsuak zirela ikusi ahal izan zuen.

        —Zer eskatzen dute, bada, erbesteratuek? —itaundu zuen duke handiak.

        —Berorren gorentasunari baimena eskatzen diote —hasi zen polizi burua— soldadu sail berezi bat osatzeko eta borroka guztietan defendatzaileen buru jartzeko.

        —Bai —erantzun zuen duke handiak, bihotzeko zirrara gordetzen saiatu gabe—, erbesteratu horiek errusiarrak dira eta eskubidea dute beren herriaren alde borrokan egiteko!

        —Soldadu hoberik ez du berorren gorentasunak inon aurkituko —esan zuen gobernadore nagusiak—, ziur nago ni horretaz.

        —Baina buru bat behar dute —erantzun zuen duke handiak—. Nor izango da?

        —Haietako bat hainbat alditan nabarmendu da —esan zuen polizi buruak—, eta hura nahiko lukete buru, berorren gorentasunari ongi irudituz gero.

        —Errusiarra da?

        —Bai, probintzia baltikoetako errusiarra.

        —Nola du izena?

        —Vasili Fedor.

        Atzerriratu hura Nadiaren aita zen.

        Vasili Fedor, jakina dugunez, sendagilea zen Irkutsken. Gizon eskolatua zen eta errukitsua, eta baita kemen handikoa eta herrizaletasun zintzokoa ere. Bere gaixoei eskaintzen ez zien denbora guztia erresistentzia antolatzen ematen zuen. Hark elkartu zituen erbesteko lagun guztiak eta batera jardutera bultzatu. Atzerriratuek, bertakoen ilaretan nahasirik ordu arte, ausardia handiz jokatu zuten, duke handiaren arreta berenganatzeraino. Hainbat irteeratan, odolez ordaindu zuten Errusia santuarekin zuten zorra —santua, zinez, eta bere seme-alabek gurtua!—. Vasili Fedor heroi baten irudira aritu zen. Haren izena behin eta berriz goraipatu zuten, baina sekula ez zuen ez mesederik ez abantailarik eskatu, eta, Irkutskeko erbesteratuek soldadu sail berezia osatzea pentsatu zutenean, hark ez zekien bera buru izendatzeko asmoa zutela.

        Polizi buruak Vasili Fedor duke handiaren aurrean ahotan hartu, eta honek izen horren aditzea bazuela erantzun zion.

        —Izan ere —Voranzoff jenerala hasi zen hizketan—, Vasili Fedor kementsua da eta ausarta. Eta eragin nabaria izan du bere lagunengan.

        —Noiztik dago Irkutsken? —galdetu zuen duke handiak.

        —Bi urtetik hona.

        —Eta haren jokamoldea...?

        —Haren jokamoldea —arrapostu eman zion polizi buruak— erbesteratuen lege bereziei beti men egiten dien gizonarena da.

        —Jenerala —eskatu zion duke handiak—, jenerala, aurkez iezadazu gizon hori berehala, arren.

        Duke handiaren aginduak bete ziren, eta, ordu erdia joan gabe, Vasili Fedor aretoan sartu eta haren aurrean jarri zuten.

        Itxura gogor eta tristeko gizon bat zen, berrogei bat urtekoa edo zaharragoa. Ezagun zen haren bizitza osoa hitz bakar batean laburbiltzen zela: borroka. Asko borrokatua zen, eta asko sufritutakoa. Aitaren hazpegiek haren alaba Nadia Fedor gogorarazten zuten biziki.

        Besteri baino gehiago, hari jo zion tatariarren inbasioak barne-muinetan, eta hari kamustu bere aita-itxaropenik biziena, sorterritik zortzi mila verstara atzerriraturik. Gutun baten bidez ikasi zuen bere emaztea hil zela, eta, horrekin batera, bere alaba bidaian abiatu zela, Irkutsken berekin elkartzeko baimena gobernutik lortu ondoren.

        Nadia uztailaren 10ean atera bide zen Rigatik. Inbasioa uztailaren 15ean hasi zen. Nadiak ordurako muga pasea baldin bazuen, zer gertatu ote zitzaion inbaditzaileen erdian? Ulertzekoa zen zorigaitzeko aita hark kezka txarrak eta nahigabe saminak edukitzea, bere alabaren inolako berririk ez baitzuen orduz geroztik.

        Vasili Fedor duke handiaren aurrean makurtu, eta zain gelditu zen zer galdetuko.

        —Vasili Fedor —esan zion duke handiak—, zure lagun erbesteratuek armada-sail berezi bat osatzeko eskatu dute. Ez dakite horrelako sailetan azken-azkenekoa erori arte egin behar dela borrokan?

        —Badakite —erantzun zion Vasili Fedorrek.

        —Zeu nahi zaituzte buru.

        —Ni, jauna?

        —Onartzen duzu haien buru jartzea?

        —Bai, Errusiaren onerako bada.

        —Fedor komandantea —esan zion duke handiak—, hemendik aurrera ez zara erbesteratua.

        —Eskerrik asko, jauna, baina nola izango naiz buruzagia hala izaten segitzen dutenena?

        —Haiek ere ez dira!

        Indultua zen hura, indultua, tsarraren anaiak emana, haren lehengo erbeste kideentzat, haren oraingo arma lagunentzat!

        Vasili Fedorrek hunkiturik estutu zuen duke handiak luzaturiko eskua eta aretotik irten zen.

        Duke handiak bere ofizialengana biratu eta irribarrez esan zien:

        —Tsarrak ez dio uko egingo haren izenean ematen dudan indultu agiria onartzeari! Heroiak behar ditugu Siberiako hiriburua defendatzeko, eta oraintxe aurkitu ditut.

        Izan ere, Irkutskeko atzerriratuei hain eskuzabal emandako indultu hura ekintza egokia zen oso justiziaren eta politikaren ikuspuntutik.

        Gaua gainera etorria zen ordurako. Jauregiko leihoetatik zehar ñir-ñir egiten zuten tatariarren kanpamentuko suek Angaraz beste aldera. Ibaiak izotz puskak zekartzan ugari, eta haietako batzuk gelditu egiten ziren lehengo zubi zurezkoen aurreneko piloteetan. Ur lasterraren erdian zeudenak azkar eta laster igarotzen ziren. Nabaria zen Angararen ur azal osoa nekez baino nekezago jelatuko zela, merkatarien buruak adierazi legez. Hortaz, alde hartatik erasoren bat izateko arriskua ez zen Irkutskeko defendatzaileak kezkatzeko adinakoa.

        Gaueko hamarrak jo berriak ziren. Duke handia ofizialak agurtu eta bere geletara joateko zorian zegoen, baina, tupustean, halako istilua sortu zen jauregitik landa.

        Iskanbila entzun bezain laster, aretoko atea zabaldu eta kanpo laguntzaile bat sartu zen. Duke handiarengana joan eta zera esan zuen:

        —Jauna, tsarraren mandatari bat!

 

 

 

© Jules Verne

© itzulpenarena: Karlos Zabala

 

 

"Jules Verne / Mikel Strogoff" orrialde nagusia