XI

BI UR ERTZEN ARTEAN

 

        Arratseko zortzietan, zeruaren tankerak susmarazi bezala, iluntasun beltzak estali zuen eskualde guztia. Ilargi berria zen, eta haren argiak ez zuen gaua urratuko. Ibaiaren erditik ur ertzak ikusezinak ziren. Amildegiak segituan nahasten ziren doi-doia mugituz zihoazen hodei astunekin. Tarteka, mendebalak bolada batzuk bidali eta Angarako ibar mehar hartan ahitzen zirela zirudien.

        Iluntasuna beren asmoen alde izango zuten iheslariek neurri handi batean. Izan ere, tatariarren aurre-postuak bi hegietan mailakatuak egon arren, almadiak aukera handia zuen oharkabean pasatzeko. Eta ez zen uste izatekoa setiatzaileek ibaia trabatua izango zutela Irkutsketik gora, ongi baitzekiten errusiarrek ezin zutela laguntzarik jaso probintziaren hegoaldetik. Laster, gainera, naturak berak ezarriko zuen traba hori, hotzak bi ur ertzen artean pilatzen ari ziren izotz puskak trinko batzen zituenean.

        Almadian isiltasuna erabatekoa zen. Ibaian behera abiatu zenetik, erromesen ahotsa ez zen aditzen. Otoitzean ari ziren oraindik, baina haien otoitza marmar bat besterik ez zen, ur bazterretik ezin entzun zitekeena. Iheslariak enbor gainean etzanda zeuden, eta ozta-ozta hausten zuten uraren lerro horizontala beren gorputzen irudiekin. Marinel zaharrak, brankan etzanda bere gizonekin, izotz puskak alboratzea beste zereginik ez zeukan, eta hotsik atera gabe ari zen horretan.

        Izotz pusken jitoa ere aldekoa zuten, aurrerago oztopo gaindiezina eratzen ez bazuen, behinik behin. Ez zen zaila izango enborrezko ontzi hari erreparatzea, ibaiaren ur libreetan bakarrik egonez gero, baita itzal ilunetan ere, baina nekez bereiz zitekeen neurri eta itxura guztietako jela pilo mugikor haien artetik, eta, gainera, izotz puskek elkar jotzean sortutako burrunbak estali egiten zituen bestelako soinu susmagarri guztiak.

        Hotz sarkorra zabaltzen zen eguratsean zehar. Iheslariek krudelkeriaz nozitzen zuten, han urki adar batzuk besterik ez baitzeukaten aterpe. Batzuk besteen kontra estutzen ziren, tenperaturaren jaitsiera hobeki eramateko. Gau hartan hamar graduraino beheratuko zen zero azpitik. Haize pizar bat bazetorkien mendebaldetik, alde hartako mendi elur zurituak axaletik ukitu ondoren, eta orratzak izan balitu bezala ziztatzen zituen almadiako bidaztiak.

        Mikel Strogoffek eta Nadiak, txopan etzanda jarririk, kexarik gabe jasaten zuten gehituriko sufrikario hura. Alcide Jolivetek eta Harry Blountek, haien ondoan paratuta, ahal bezala eusten zieten negu siberiarraren lehenengo eraso haiei. Ez batzuek ez besteek ez zuten hitzik esaten, ezta ahopeka ere. Kinka larri hark hartzen zien arreta oso-osoa. Une oro zerbait gerta zitekeen, arriskuren bat, istripuren bat, eta handik ez zegoen kalterik gabe irteterik.

        Mikel Strogoffek lasai-lasai zirudien, jomugara iristekotan egonda ere. Gainera, gertakizunik larrienetan ere ez zen kemenez gabetu. Azkenean bere amaz, Nadiaz, bere buruaz pentsatzeko mementoa hurbiltzen ari zela ikusten hasia zen! Deusen beldur ez zen, azken ezbehar gaizto batena izan ezik: izotz hesi batek ez ote zuen utziko almadia aurrera joan ezinean Irkutskera ailegatu aurretik. Besterik ez zuen buruan; eta azken kolpe ausart bat saiatzeko erabakia hartua zuen, beharrezkoa izanez gero.

        Nadia bizkortu egin zen atseden ordu batzuen ondotik. Zorigaitzek zenbaitetan indar fisikoa urratu zioten, baina indar morala sekula ez zioten hondatu. Hark ere erabaki sendoa hartua zuen. Mikel Strogoffek azken ahalegin bat egin behar bazuen helmugara iristeko, ondoan izango zuen gidari. Baina, Irkutskera hurbildu ahala, bere aitaren irudia marrazten zitzaion gogoan gero eta argiago. Setiaturiko hiriaren barruan ikusten zuen, maite zituenetatik urrun, baina borrokan inbaditzaileen kontra inondik ere, bere herriarenganako grinak bultzaturik. Ordu batzuen buruan, zeruak azkenik hala nahi bazuen, amaren azken hitzak esango zizkion, eta ezerk ere ez zituen bananduko. Vasili Fedorren erbesteak bukatzerik ez bazuen, alaba ere erbestean geldituko zen haren ondoan. Gero, berezko joera batengatik, aita berriz ikustea zor zion lagunarengana itzuli ziren haren gogoetak, bidelagun eskuzabal harengana, haren «nebarengana», tatariarrak menderaturik Moskuko bidea hartu eta beharbada berriz ikusiko ez zuen harengana!...

        Alcide Joliveti eta Harry Blounti zegokienez, pentsamendu berbera eta bakarra zerabilten biek buruan: egoera larri-larria zela, eta, behar bezala aurkezturik, oso kronika interesgarria idazteko egokieran zeudela. Ingelesak Daily Telegrapheko irakurleak zituen gogoan, eta frantsesak Madeleine lehengusinarenak. Baina halako zirrara ere sentitzen zuten biek ala biek bihotzeko txokoan.

        —E! Hainbat hobe! —zioen Alcide Jolivetek bere artean—. Zirrararik sentitu gabe ez dago zirrara sentiarazterik! Eta nago badagoela bertso lerro famaturen bat horrelako zerbait aipatzen duena, baina, zer arraio! nik ez dakit nola den...

        Eta ibaia inguratzen zuen itzal lodia zulatzen saiatzen zen bere begi trebatu-trebatuekin.

        Bitartean, argi distira handiek ilunpeak urratzen zituzten behin edo behin, eta ur izkinetako zuhaitz multzoen profilak markatzen, ikuskari fantastikoa sortuz. Oihanen bat garretan zegoen, herriren bat erretzen oraindik; eguneko irudien kopia makurra zen, gauaren ilunak izugarriago bihurturik. Angara alde batetik bestera argitzen zen orduan. Izotz puskak ispiluak ziren, eta sugarrak islatzen zituzten angelu guztietatik, kolore guztiekin. Ur lasterrak nahierara bultzatzen zituen jelak, eta almadia, ur gaineko horma puska haien erdian nahasita, oharkabe zihoan aurrera.

        Arriskurik ez zegoen artean alde horretatik.

        Baina bestelako kontu batek mehatxu egiten zien iheslariei. Ezin aurretik jakin eta ezin inola ere saihestu. Alcide Jolivet hartaz ohartzea nahi izan zuen patuak, eta hona nola konturatu zen.

        Almadiaren istriborrean zegoen etzanda, eskua zintzilik uraren mailan ia-ia. Bat-batean, eskua uretan sartu zitzaion apur bat, eta harriturik gelditu zen haren ukituaz. Loditasun lirdingatsua zuela irudi zuen, olio mineral batez osatua edo.

        Alcide Jolivetek, ukitu eta gero usaindu egin zuen eta susmoa egiaztatu zitzaion. Ezin zen tronpatu. Nafta likidozko geruza bat zen, Angarako uren gainazala hartzen zuena eta harekin batera zihoana.

        Almadia hain erraz su hartzen duen gai horren gainean ari zen nabigatzen egiatan? Nondik zetorren nafta hura? Naturaren gertakari batek jaurti zuen Angararen ur azalera ala tatariarren asmazio suntzitzaile bat ote zen? Sutea Irkutskeraino eraman nahi zuten hauek, gerra zuzenbideak nazio zibilizatuen artean inola ere justifikatzen ez duen modu horren bidez?

        Galdera horiek egiten zizkion Alcide Jolivetek bere buruari, baina Harry Blount baino ez zuela jakinaren gainean jarri behar pentsatu zuen, eta bi kazetariak ados etorri ziren beren lagunak ez asaldatzeko beste arrisku horren berri emanez.

        Jakina da Asiaren erdialdeko lurra belaki bat bezalakoa dela, hidrogeno karburo isurkariz blaitua. Bakuko portuan, Persiako mugaren ondoan, Abtxerongo penintsulan, itsaso kaspiarraren kostaldean, Asia Txikian, Txinan, Yug-Hianen, Birmanian, olio mineralen iturriak milaka sortzen dira lurraren gainazalean. «Olioaren lurraldea» da, Ipar Amerikan izen hori bera duen eskualdearen antzera.

        Hainbat jaialdi erlijiosotan, Bakuko portuan ospatzen direnetan batez ere, bertako jendeek, suaren gurtzaile direnek, nafta likidoa botatzen dute itsasora, eta isurkari hori gainean geratzen da, urak baino dentsitate txikiagoa izanik. Gero, eguzkia sartzen denean eta olio mineralaren geruza itsaso kaspiarrean zehar hedatu delarik, su eman eta ikuskizun paregabeak eskaintzen ditu suzko ozeano hark, olatuak eta sugarrak izurtzen eta lehertzen direla haizearen eraginez.

        Baina Bakuko festetan ospakizun baizik ez dena, hondamen izango zen Angarako uretan. Gogo gaiztoz edo arduragabekeriaz sua pizten bazen, begi itxi-ireki batean hedatuko zen sutea Irkutskeraino eta baita handik urrunago ere.

        Nolanahi ere, almadian arduragabekeriarik ez zuen inork egingo, baina bai ziren beldurtzekoak Angarako bi ur ertzetako suteak, aski baitzen txinpart edo ilaun bat ibaian erortzea naftazko korronte hura guztia suak har zezan.

        Alcide Joliveten eta Harry Blounten errezeloak aise uler ditzakegu, zehatz azaltzea zaila izanik ere. Ez ote zen hobe, arrisku horren aurrean, ur ertzera joan, lehorreratu eta zain gelditzea? Galdera hori zerabilten gogoan.

        —Dena dela —esan zuen Alcide Jolivetek—, arriskuak arrisku, nik dakidan bat ez litzateke lehorreratuko!

        Eta Mikel Strogoff zeukan buruan.

        Bien bitartean, almadia agudo lerratzen zen izotz pusken artetik, batzuen eta besteen arteko tarteak gero eta txikiagoak baziren ere.

        Ordu arte, destakamendu tatariarrik ez zen agertu Angarako hegietan, eta, horrek adierazten zuenez, almadia ez zen oraindik iritsi lehenengo aurre-postuen parera. Hala ere, gaueko zortzietan, Harry Blountek gorputz beltz ugari ikusi zuen izotzen gainetan mugitzen. Itzal haiek ziztu bizian urreratzen ari ziren saltoka.

        —Tatariarrak! —pentsatu zuen.

        Eta brankara herrestan joan eta marinel zaharrari erakutsi zizkion mugimendu susmagarri haiek.

        Marinel zaharrak erne begiratu zuen.

        —Otsoak besterik ez dituk —esan zion—. Nahiago horiek tatariarrak baino. Baina defendatu beharra zagok, eta hotsik atera gabe.

        Izan ere, iheslariek borrokan egin behar izan zuten piztia odolzale haien kontra. Goseak eta hotzak probintzian zehar ibiltzera akuilatu zituzten, eta, almadia usaindu bezain laster, eraso egin zioten. Hortaz, bada, iheslariek borrokari lotu behar, baina su armarik erabili gabe, ezin baitziren urruti egon tatariarren postuetatik. Emakumeak eta haurrak almadiaren erdira bildu ziren, eta gizonak, batzuek hagak eskuetan, beste batzuek ganibetak eta gehienek makilak, erasotzaileei aurka egiten hasi ziren. Garrasi bakar bat ere ez zuten egiten, baina otsoen uluek airea urratzen zuten.

        Mikel Strogoffek ez zuen ezer egin gabe egon nahi. Etzanda jarri zen pizti taldea erasoka ari zen aldean. Ganibeta atera, eta, otso bat bere eskumenean pasatzen zen guztian, haren eskuak bazekien eztarrian hondoraino sartzen. Harry Blount eta Alcide Jolivet ere ez ziren geldirik egotekoak, eta gogor jardun zuten. Gainerako guztiak ere ausardia handiz eta erabateko isiltasunaz borrokatzen ziren, batek baino gehiagok hozkada galantak jasan zituzten arren.

        Hala eta guztiz, ez zirudien borroka agudo bukatuko zenik. Otsoen taldea berritu egiten zen etengabe, eta Angarako eskuineko aldeak otsoez mukuru egon behar.

        —Ez da behin ere bukatuko! —zioen Alcide Jolivetek, odolez gorrituriko labana eskuan dantzatzen zuela.

        Eta, izan ere, erasoa hasi eta ordu erdia joana zenean ere, otsoak ehunka zebiltzan oraindik hara-hona korrika izotzen artean.

        Iheslariak, neka-neka eginda, etsitzen ari ziren nabarmen. Borrokak itxura onik ez zeukan. Orduan, hamar otso larriren talde batek, goseak amorraturik, begiak dirdai jarioka txingarren pare, almadiaren barrura egin zuen jauzi. Alcide Jolivet eta haren laguna animalia izugarri haien erdira oldartu ziren, eta Mikel Strogoff haiengana zihoan arrastaka, baina, halako batean, dena aldatu zen goitik behera.

        Segundo batzuetan, otsoek almadia ez ezik, ibai gaineko izotz puskak ere utzi zituzten. Gorputz beltz haiek sakabanatu ziren guztiak, eta berehala nabaria izan zen eskuineko ur ertzeraino iritsi zirela lasterka bizian.

        Otso haiek ilunpea behar zuten beren lana egiteko, eta une hartan distira bizi bat Angararen zabalera guztia argitzen ari zen.

        Sekulako sute baten argia zen. Poshkavsk herria erretzen ari zen oso-osorik. Hantxe zeuden tatariarrak azkenean, beren zeregina betetzen. Puntu horretatik behera bi ur ertzak hartuak zituzten Irkutskeraino eta baita Irkutsk pasata ere. Iheslariak nabigazioaren tarterik arriskutsuenera iristen ari ziren, beraz; eta hiriburutik hogeita hamar verstara zeuden oraindik.

        Gaueko hamaika eta erdiak ziren. Almadiak aurrera jarraitzen zuen itzalpean, izotzen artean ikusezina; baina batzuetan argi pirrinta handiak ailegatzen ziren haraino. Gauzak horrela, iheslariek, enborren gainean etzanik, zirkinik ere ez zuten egiten, ikusiko zituzten beldurrez.

        Herrixkaren sutea gogorra eta bortitza zen. Pinuz egindako etxeak garretan zeuden. Ehun eta berrogeita hamar erretzen ari ziren batera, erretxina bezala. Suaren txinpart hotsari tatariarren alarauak gehitzen zitzaizkien. Marinel zaharrak, almadia ondoko izotz pusketan hagak bermaturik, eskuineko hegi aldera hurbiltzea lortu zuen, eta hirurehun-laurehun oineko aldea bazegoen almadiatik Poshkavsk herriaren sugarretara.

        Hala ere, iheslariei erreparatuko zieten dudarik gabe, argiak tarteka jotzen baitzien, su emaileak hain lanpeturik egon izan ez balira herrixkaren suntsiketan. Baina aise ulertzekoak dira Alcide Joliveten eta Harry Blounten beldurrak, almadiaren inguruko isurkari sukoi hura gogoratzen zitzaielarik.

        Izan ere, txinpart sorta handiak ihesi zihoazen guztiz sutan zeuden etxe haietatik, eta, kearen kiribilen artetik, zeruan gora egiten zuten bostehun-seiehun oineko garaiera bateraino. Eskuineko ur bazterrean, sutea parez pare izanik, zuhaitzak eta amildegiak suak hartuak zeudela ematen zuen. Hortaz, aski zen txinpart bat Angararen ur azalera erortzea, sutea ur arrasetik zabaldu eta hegi batetik bestera hondamena eramateko. Berehalako batean, almadia galdu egingo zen, bai eta bertan bidaiatzen ziren guztiak ere.

        Baina, zorionez, gaueko haize leunak ez zuen alde hartarantz jotzen. Ekialdetik zetorren oraindik ere eta sugarrak ezker aldera bultzatzen zituen. Bazitekeen, beraz, iheslariak arrisku horretatik ere libratzea.

        Eta hala izan zen, atzean utzi baitzuten azkenik kiskaltzen ari zen herri txiki hura. Pixkaka-pixkaka, sutearen distira ahulduz joan zen, garren soinua urrunduz, eta azken argiak desagertu ziren Angarako bihurgune zorrotz bateko amildegiak pasatzean.

        Gauerdi ingurua zen. Itzal lodiak babesten zuen almadia berriz ere. Tatariarrak hantxe zeuden, atzera eta aurrera bi ur ertzetan barrena. Ezin ikusi, baina ederki entzuten zitzaien. Aurre-postuetako suek ñir-ñir egiten zuten bizi-bizi.

        Beste alde batetik, gero eta kontu handiagoz ibili beharra zegoen izotz pusken artean, igarobideak estutzen ari zirelako.

        Marinel zaharra zutitu, eta mujikek lanari ekin zioten hagak eskuetan. Den-denek bazuten zeregina, baina almadia gidatzen gero eta zailagoa zen, ibai bidea ixten ari baitzen begien bistan.

        Mikel Strogoff brankaraino joan zen narrasean.

        Alcide Jolivetek jarraitu zion.

        Marinel zaharraren eta haren gizonen esanak entzuten zituzten biek.

        —Adi eskuin aldean!

        —Kontuz ezkerreko izotz horiekin!

        —Eutsi gogor! Eragiok hagari!

        —Ordu baten buruan, trabaturik geratuko gaituk!...

        —Jainkoak hala nahi badu! —erantzun zuen marinel zaharrak—. Haren nahiaren kontra ez zagok ezer egiterik.

        —Entzuten diezu —esan zuen Alcide Jolivetek.

        —Bai —erantzun Mikel Strogoffek—, baina jainkoa gurekin dago!

        Alabaina, egoera larriagotzen ari zen unerik une. Almadiaren ibilia geldituz gero, iheslariak ez ziren noski Irkutskera iritsiko, baina, horretaz gain, beren ontzia bertan behera utzi beharko zuten, izotzak zanpatu eta birrindu egingo zuen eta. Zumezko lokarriak hautsiko ziren orduan, pinuen enborrak bortxaz banandu eta hormazko geruza gogortuaren azpian hondoratuko ziren, eta zorigabeko haiek beste aterperik ez zuten izango izotz puskak berak baino. Beraz, eguna argitzean, tatariarrek ikusi eta akabatu egingo zituzten gupidarik gabe.

        Mikel Strogoff txopara itzuli zen. Nadia zain zeukan. Neskarengana itzuli, eskua hartu eta betiko galdera egin zion:

        —Nadia, prest hago?

        Eta Nadiak betiko erantzuna eman zion:

        —Prest nagok!

        Beste versta batzuetan aurrera segitu zuen almadiak ur gaineko izotzen erditik. Jelak ibaia estutzen bazuen, hesia sortuko zen, eta, ondorioz, ezin inola ere ur lasterrari jarraitu. Ordurako askozaz motelago lerratzen ari ziren. Memento oro, danbatekoa edo itzulingurua. Hemen, abordatzea saihestu behar, han, igarobide batera sartu behar. Atzerapen kezkagarriak oso.

        Gauak ez zuen luzaro iraungo. Iheslariak goizeko bostak baino lehen Irkutsken ez bazeuden, hirian inoiz sartzeko itxaropena galdu beharko.

        Eta ordu bat eta erdian, ahaleginak ahalegin, almadiak hesi trinko bat jo eta gelditu egin zen behin betiko. Ibaian behera zetozen izotzek kolpekatzen zuten, sakatzen zuten oztopoaren kontra eta erabat ibilgetzen, itsasoko uharri batean hondoa jo izan balu bezala.

        Paraje hartan, Angara mehartu egiten zen eta haren ibilgu zabala erdira murrizten. Hori dela-eta pilatzen ziren han izotz puskak. Ezari-ezarian bat egiten zuten batzuek besteekin. Iristen ziren puskek aurrekoak sakatzen zituzten, eta hotzaren eragin gero eta gogorragoak junturak iltzatzen. Bostehun oin beherago, ibaiaren ibilgua zabaltzen zen berriro ere, eta izotz puskak jela banku haren beheko ertzetik bereizi eta aurrera segitzen zuten Irkutskeraino. Ur ertzen estugune hori gabe segur aski jelazko hesirik ez zen sortuko, eta almadiak bidea libre izango zuen uretan behera jarraitzeko. Baina konponbiderik ez, eta iheslariek alde batera utzi behar zuten beren helmuga erdiesteko itxaropen guztia.

        Eskura izanez gero balea arrantzaleek ice-fielden artetik ubideak urratzeko erabiltzen dituzten lanabesak, izotz banku hura ebakitzeko modurik izanez gero ibaia berriz zabaltzen zen lekuraino, ez zuten betarik izango beharbada? Baina zerrarik ez, pikotxik ez, deus ez azal hari erasotzeko, hotzaren hotzaz granitoa baino gogorrago bihurturiko gain hura apurtzeko.

        Zer egin?

        Une hartan, tiro hotsa entzun zen Angararen eskuineko hegitik eta bala zaparrada bat erori zen almadiaren gainera. Tatariarrek ikusi zituzten? Bai horixe, zeren desarra gehiagok eztanda egin zuten ezkerreko hegian ere. Bi aldeen erdian harrapaturik, tiratzaile tatariarren jomuga bilakatu ziren. Balek batzuk zauritu zituzten, nahiz tiroa itsu-itsuan baino ez egin iluntasun haren barruan.

        —Hator, Nadia —xuxurlatu zion Mikel Strogoffek neska gazteari belarrian.

        Ohar bakar bat ere egin gabe, «denetarako prest», Nadiak Mikel Strogoffen eskua hartu zuen.

        —Jelazko hesia zeharkatu behar dinagu —esan zion ahopean—. Gida nazan, baina inork ez dezala ikus almadiatik bagoazela!

        Nadiak obeditu egin zuen. Mikel Strogoff eta biak azkar lerratu ziren izotz bankuaren gainazalean aurrera, tiroen argiek han-hemenka baizik apurtzen ez zuten iluntasun beltz haren erdian.

        Nadia Mikel Strogoffen aurretik zihoan narrasean. Balak inguruan jausten zitzaizkien, kazkabar erauntsiaren irudira, hormaren gainean zirtaka. Jelazko hesia latza zen eta ertz-zorrotza, eta eskuak odoldu zitzaizkien. Baina aurrera segitzen zuten, ordea.

        Hamar minutu geroago hesiaren beheko ertzera iritsi ziren. Han, Angarako urak libre zeuden berriro ere. Izotz puska batzuk poliki-poliki bereizten ziren jela pila hartatik. Ur lasterrera itzuli eta behera zihoazen hirirantz.

        Mikel Strogoffek zer egin nahi zuen ulertu zuen Nadiak. Puska bat ikusi zuen jelazko hesiari ozta-ozta itsatsita.

        —Hator —esan zion Nadiak.

        Etzanda jarri ziren biak jela zati haren gainean, eta zatia kulunka txiki batez hesitik aldendu zen.

        Izotz puska uretan behera abiatu zen. Bidean oztoporik ez, ibaiaren ibilgua zabaldurik.

        Mikel Strogoffek eta Nadiak desarrak entzuten zituzten, garrasiak, laguntza eske, tatariarren alarauak ibaian gora... Baina gero eta soinu gutxiago aditzen ziren, eta azkenean estutasunezko intziriak eta poz basatizko deiadarrak erabat itzali ziren urrunean.

        —Gure lagun gaixoak! —esan zuen Nadiak xuxurla batean.

        Ordu erdi batez, ur lasterrak bizi-bizi eraman zuen Mikel Strogoffen eta Nadiaren izotz puska. Noiznahi hondoratu zitekeen haien hanka azpian. Uren korrontean harturik, ibaiaren erditik zihoan, eta ez zen beharrezkoa albora eragitea, Irkutskeko kaietara hurbiltzeko tenorea iritsi artean.

        Mikel Strogoffek, hortzak estuturik eta belarria erne, hitzik ez zuen esaten. Behin ere ez zen egon bere helmugatik horren hurbil. Lortuko zuela sentitzen zuen bihotzean!...

        Goizeko ordu bietan, bi argi lerro piztu ziren zerumuga itzaltsuan, Angararen bi ur ertzek bat egiten zuten lekuan.

        Eskuin aldean Irkutskeko argiak zeuden. Ezker aldean, tatariarren kanpamentuko suak.

        Mikel Strogoff hiritik versta erdira baino ez zegoen.

        —Azkenean! —murmurikatu zuen.

        Baina, bat-batean, Nadiak garrasi egin zuen.

        Garrasia entzutean, Mikel Strogoff zutitu egin zen izotz puska kolokaren gainean. Haren eskua Angararen goi alderantz luzatu zen. Haren begitartea, isla urdinez guztiz argiturik, izu-ikara emateko modukoa bihurtu zen, eta orduan, haren begiak argitara berriz zabaldu izan balira bezala:

        —A! —oihu egin zuen—. Jainkoa bera dago gure kontra!

 

 

 

© Jules Verne

© itzulpenarena: Karlos Zabala

 

 

"Jules Verne / Mikel Strogoff" orrialde nagusia