X
BAIKAL ETA ANGARA
Baikal aintzira mila eta zazpiehun oineko garaieran dago itsas mailatik gora. Bederatziehun bat versta da luze eta ehun bat zabal. Zenbateko sakonera duen inork ez daki. Bourboulon andreak kontatzen duenez, hango marinelen arabera, «itsaso amandrea» dei diezaioten nahi du. «Aintzira jauna» deituz gero, ernegatu egiten da berehala. Hala ere, elezaharrak dioenez, sekula ez da bertan errusiarrik ito.
Ur gezazko putzu izugarri handi horri mendi bolkaniko sorta aparta batek jartzen dio markoa. Hirurehun ibaik baino gehiagok hornitzen dute aintzira, eta gainezkabide bakarra du, Angara ibaia, zeina, Irkutsk gurutzatu eta gero, Jeniseira isurtzen den. Tunguz mendien adar bat eratzen dute inguruko tontorrek, Altai sistema orografiko zabalaren parte bat osatzen dutela.
Jadanik sasoi hartan eguraldia hotzetik zen. Eskualde hartan gertatzen ohi denez, negu goiztiarrak udazkena beretzat hartu behar zuela irudi zuen, hango giro berezia zela bide. Urriaren lehenengo egunak ziren. Eguzkia arratsaldeko bostetan sartzen zen zerumugan eta gau luzeek zero azpitik jaitsarazten zuten termometroen tenperatura. Lehenengo elurrek zurituak zituzten ordurako Baikal ondoko mendi gailurrak, udara arte horrela iraungo zutenak. Negu siberiarrean, lerek eta karabanek zeharkatzen dute lehorreko itsaso hori, hainbat oinetako izotz geruzaren gainean ibiliz.
Dela norbaitek gizalegea ahaztu eta «aintzira jauna» deitzen diolako, dela arrazoi meteorologikoago batengatik, Baikalen ekaitzak bortitzak izaten dira. Haren olatuak laburrak dira mediterraneo guztietan bezala, eta beldurra sortarazten diete udan nabigatzen duten almadia, txalupa eta steam-boatei.
Aintziraren hego-mendebaldeko muturrera iritsi zen Mikel Strogoff, Nadia besoetan zeramala. Neskaren bizitasun osoa begietan bildurik zegoen, nolabait esateko. Zer espero zezaketen biek probintziaren paraje basa hartan, nekez eta gosez hiltzea besterik? Eta, bestalde, zenbateko tartea falta zitzaion tsarraren mandatariari helmugara iristeko sei mila verstako ibilbide luze hartatik? Hirurogei baino ez, aintziraren ertzean barrena Angarako ahoraino, eta beste laurogei, Angarako ahotik Irkutskeraino: guztira, ehun eta berrogei versta, hau da, hiru eguneko bidaia, gizon indartsu sasoiko batentzat, oinez joanda ere.
Mikel Strogoff, ordea, gizon hori izan zitekeen oraindik?
Zeruak, inondik ere, ez zion proba hori pasarazi nahi izan. Behingoz samur tratatu zuen harekin ordu arte hain anker jokatu zuen halabeharrak. Baikaleko mutur hura, inor gabe zegoela uste zuen estepa alde hura, ez zegoen hutsik une hartan.
Berrogeita hamar bat laguneko talde bat zegoen aintziraren hego-mendebaldeko punta eratzen duen angeluan.
Nadiak talde hura ikusi zuen lehenengoz, Mikel Strogoff, neskatxa besoetan, mendien arteko mehakatik irten zelarik.
Neska gaztea izutu egin zen istant batean, talde hura ez ote zen destakamendu tatariar bat, Baikaleko ur izkinak miatzeko bidalia. Hala izatera, ezin ihesi joan.
Baina Nadia segituan lasaitu zen hori zela-eta.
—Errusiarrak! —garrasi egin zuen.
Eta, azken ahalegin horren ondotik, betazalak itxi eta burua erori zitzaion Mikel Strogoffen bularraren gainera.
Baina errusiarrek ikusi zituzten. Haietako batzuk haiengana lasterka joan ziren eta hondartza txiki baten ertzeraino eraman. Almadia bat zegoen han amarratua.
Abiatzeko prest zeuden.
Errusiar haiek iheslariak ziren, mota desberdinetakoak, Baikaleko puntu hartara bildu zirenak interes berberak bultzaturik. Tatariarren esploratzaileek atzera eragin eta Irkutsken babesa bilatu nahi zuten. Lehorrez, ostera, ezin joan, inbaditzaileek Angarako bi ur bazterrak hartuak baitzituzten, eta urez iristea espero zuten, hiria zeharkatzen duen ibaian behera eginez.
Asmo hark taupadak azkartu zizkion Mikel Strogoffen bihotzari. Azken aukera sortu zen haren jokoan. Baina itxura egiteko indarra izan zuen, egiatan nor zen inoiz baino gehiago ezkutuan eduki nahirik.
Iheslarien asmoa oso erraza zen. Baikal aintzirak badu ur korronte bat goiko hegia inguratu eta Angarako ahoraino doana. Korronte horretaz baliatu nahi zuten lehenik, Baikaleko gainezkabidera iristeko. Gero, ibaiaren ur lasterrek puntu horretatik Irkutskera eramango zuten berekin, hamar-hamabi versta orduko. Egun eta erdian hiria begien bistan izan behar.
Leku hartan ontzirik ez zegoenez, ordezkoa asmatu behar izan zuten. Almadia bat osatu zuten, Siberiako ibaietan behera jaisten ohi direnen gisara. Ur bazterreko mendi kasko batean pinudia zegoen eta hark hornitu zien ur gainean irauteko materiala. Enborrek, batzuk besteekin zumez loturik, gainazal handi bat eratzen zuten ehun lagun aise hartzeko modukoa.
Almadia horren gainera eraman zituzten Mikel Strogoff eta Nadia. Neska gaztea bere senera etorria zen. Zerbait jateko eman zioten, bere lagunari bezala. Gero, orbelezko ohatze batean etzan eta aurki zegoen lo zerraldo.
Galdekatu ziotenei Mikel Strogoffek ez zien deus ere azaldu Tomsken gertatutakoez. Krasnoiarskeko biztanlea zela esan zien, eta ezin izan zela Irkutsken babestu emirraren tropak Dinka ibaiaren ezker hegira iritsi aurretik. Eta gehitu zien tatariarren armada Siberiako hiriburuaren aurrean finkaturik egongo zela segur aski.
Alferrik galtzeko astirik ez, beraz. Gainera, giroa gero eta hotzago zegoen. Tenperatura zero azpira jaitsi zen gauean. Izotz puska batzuk sortuak ziren Baikaleko ur gainean. Almadia bat erraz mugitzen da aintziran hara eta hona, baina ezin era berean egin Angararen ur ertzen artean, izotz puska horiek bidea oztopatuz gero.
Arrazoi horiengatik guztiengatik, bada, lehenbailehen abiatu behar zuten iheslariek.
Gaueko zortzietan amarrak askatu eta, ur korrontearen eraginez, almadia ur izkinatik hurbil hasi zen nabigatzen. Zenbait mujik mardulek haga handi bana zuten eskuetan, eta hura aski zen norabidea zuzentzeko.
Baikaleko marinel zahar batek hartu zuen almadiaren agintea. Hirurogeita bost urte inguruko gizona zen, aintzirako haizeak beltzarandua. Bizar zuri itxi-itxia bularrean behera jaisten zitzaion. Larruzko txanoak burua estaltzen. Itxura latza zuen eta serioa. Bere hupelanda zabal luzea, gerruntzean estuturik, orpoetaraino ailegatzen zitzaion. Agure uzkur hark, txopan eserita, keinuka agintzen zuen eta hamar ordutan hamar hitz baino gehiago ez zuen esaten. Beste alde batetik, zeregin xumea zen, almadia kosta ondoko korrontearen barruan edukitzea, besterik ez, aintziraren erdi aldera joaten utzi gabe.
Mota desberdinetako errusiarrak aurkitzen ziren almadian, arestian esan bezala. Gehienak bertako mujikak ziren, gizonak, andreak, zaharrak eta haurrak, baina bizpahiru erromes elkartu zitzaizkien, inbasioak beren erromesbidean harrapatuak, bai eta fraide batzuk eta pope bat ere. Erromesak kantari zihoazen, bidai makila eskuan, ur ontzia gerritik zintzilik. Bat Ukraniatik zetorren, beste bat Itsaso Horitik eta hirugarrena Finlandiako probintzietatik. Azken hori adin handiko gizona zen, eta limosna ontzi bat zeraman gerrian giltzarrapoz itxia, elizetako pilareetan esekita daudenak bezalakoa. Ezer ez zen harentzat bidaia luze neketsu hartan biltzen zituen sosetatik, eta katea haien giltza ere ez zeukan. Abiapuntura itzultzean baizik ez zen berriz irekiko.
Fraideak inperioaren ipar aldetik zetozen. Hiru hilabete aurretik irten ziren Arkhangelsketik, non zenbait bidaztik ekialdeko hiri baten itxura sumatu duten arrazoi osoz. Uharte santuak bisitatu zituzten, Kareliako itsasaldetik hurbil, eta Solovetskeko komentua, Troitsakoa, Kieveko San Antonio eta Santa Teodosiarenak, azken hau Jagellontarren kutunena izandakoa, Moskuko Simeonofeko monasterioa, Kazangoa, bai eta Sinestun Zaharren eliza ere; eta orain Irkutskera zihoazen, artile zakarrez egindako abitu, txano eta arropekin jantzirik.
Popea, berriz, herriko apaiz xume bat zen, inperio errusiarrak dauzkan seiehun mila horietako bat. Mujikak bezain zirtzil jantzita zegoen, eta ez zen haiek baino gehiago, egia esateko, ez baitzuen ez kargurik ez aginpiderik elizaren barruan eta bere lursaila lantzen baitzuen nekazari bat bezala, bataioak, ezkontzak eta hiletak egiten zituen bitartean. Seme-alabak eta emaztea tatariarren ankerkerietatik urrun jarri zituen, iparraldeko probintzietara bidaliz. Bera, ostera, parrokian geratu zen azken unera arte. Gero, ihesari eman, eta, Irkutskeko bidea itxita egonik, Baikal aintziraraino egin behar izan zuen.
Elizgizon horiek almadiaren brankara bildu eta errezoan ari ziren, tarteka-marteka ahotsa goratuz gau isil haren erdian, eta «Slava Bogu», Aintza Jaunari, irteten zitzaiela ezpainetatik, otoitzaren txatal bat amaitzen zuten guztietan.
Ezbeharrik ez zen izan nabigazio horretan. Nadia lozorro gogorrean zetzan. Mikel Strogoffek beilan eman zuen gaua haren alboan. Loak noizik behinka hartu zuen bakarrik, eta tarte labur horietan ere haren burua esna-esna egon zen.
Egunsentian, almadia Angarako ahotik berrogei verstara zegoen oraindik. Haize bihurriak kontra egiten zion korrontearen eraginari, eta bazitekeen arratsaldeko hirurak edo laurak baino lehen ezin iristea. Baina hori ez zen eragozpena, alderantziz baizik, zeren iheslariak gauez jaitsiko baitziren ibaian behera, eta ilunpeak lagundu baino ez zien egingo hirira sartzeko mementoan.
Marinel zaharrak beldur bakarra adierazi zuen behin baino gehiagotan: izotzak ez ote zuen ur azala estaliko. Gaua hotz-hotza izan zen. Izotz puskak labaintzen ziren ugari mendebaldera, haizearen bultzaz. Ardura gutxi haiengatik, ezin baitziren Angaran sartu, ibaiaren ahoa atzean utzia zutenez gero. Baina pentsatzekoa zen aintziraren ekialdeko aldeetatik zetozenak korronteak erakarri eta ibaiaren bi hegien artean sartuko zirela. Horiek bai zaildu zezaketen ibilera, atzerapenak sortu, bai eta beharbada almadia geldiarazi ere, gainditu ezineko oztoporen bat ur bidean ezarriz.
Mikel Strogoffek, hortaz, interes itzela zuen aintzira nola zegoen eta izotz puskak kopuru handitan agertzen ote ziren jakiteko. Nadia esnatu ondoren, maiz galdetzen zion, eta neskak jakinaren gainean jartzen zuen, uren azalean gertatzen zen guztiaren berri emanez.
Izotz puskak horrela lerratzen ziren bitartean, natur gertakari bitxiak izaten ziren Baikal aintziraren gainazalean. Ur irakinezko iturburu bikainak sortzen ziren han-hemenka, izadiak aintziraren hondoan zulatutako putzu artesiar batzuetatik, eguzki printzek ortzadar txiki banaz apaintzen zituztela. Zurruta haiek ur beroa oso gora jaurti, lurrunetan barreiatu, eta unean bertan tanta txikitan kondentsatzen ziren. Ikuskizun ez ohiko hark liluratu egingo zituen segur aski turista baten begiak, bake-bakean eta gogara bidaiatzen ari bazen Siberiako itsaso hartan barrena.
Arratsaldeko lauretan, Angarako ahoa seinalatu zuen marinel zaharrak kostaldeko haitz handi granitozkoen artean. Eskuineko hegian, Livenitxnaiako portu txikiko eliza eta etxe urriak nabari ziren, ur izkinan eraikiak.
Baina lehenengo izotz puskak ekialdetik etorri, Angararen bi hegien artetik sartu eta Irkutsk aldera jaisten ari ziren, egoera larriagotuz. Oraingoz, hala ere, ez ziren ibaia trabatzeko adina, eta hotza ere ez zen batzuk besteekin elkartzeko bezain handia.
Almadiak portutxora hurbildu eta bertan atrakatu zuen. Marinel zaharrak ordubetez gelditzea erabaki zuen, ezinbesteko konponketa batzuk egiteko. Lokarri batzuk askatu eta enborrak bereizteko arriskuan zeuden. Tinko lotu behar ziren berriz ere, Angara ibaiaren ur laster bizi-biziari eutsiko bazioten.
Urtaro onean, Livenitxnaiako portua ontziratzeko edo lehorreratzeko gunea da Baikal aintzirako bidaztientzat, bai Kiaktara doazenentzat, hau da, Errusiaren eta Txinako mugaren azken hiria jomuga dutenentzat, bai handik datozenentzat. Beraz, sarritan ibiltzen dira han steam-boatak eta aintzirako kabotaje ontzi txiki guztiak.
Baina, une hartan, Livenitxnaia abandonaturik zegoen. Hango biztanleak ezin gelditu tatariarren harrapaketen zain, Angarako bi ur bazterretan baitzebiltzan gora eta behera. Irkutskera bidali zituzten negualdia portutxoan igarotzen zuten ontziak oro, eta, eraman ahal guztia harturik, garaiz babestu ziren ekialdeko Siberiaren hiriburuan.
Marinel zaharrak, beraz, ez zuen espero iheslari gehiago hartzea Livenitxnaiako portu hartan, eta, hala ere, almadia kaian ertzeratzen zelarik, bi bidazti etxe batetik atera eta ur izkinara jo zuten ziztu biziz.
Nadia, txopan eserita, begira zegoen ganora gabe.
Oihu bat atera zitzaion ia. Mikel Strogoffen eskua hartu zuen, eta honek burua altxatu zuen sentitu zuenean.
—Zer dun, Nadia? —galdetu zion.
—Gure bidelagunak, Mikel.
—Nortzuk, Uraleko haitzarteetan topatu genituen frantses eta ingeles haiek?
—Bai.
Mikel Strogoffek dar-dar egin zuen. Zorrotz eusten zion bere nortasun ezkutukoari; ez zion uko egin nahi, baina arriskua zegoen argitara agertzeko.
Izan ere, ez zen Nikolas Korpanoff izango Alcide Jolivetek eta Harry Blountek orain harengan ikusiko zutena, Mikel Strogoff tsarraren mandataria baizik. Bitan jadanik egin zuten topo harekin bi berriemaileek Ixingo posta etxean banandu zirenez geroztik; lehenengoa, Zabedieroko kanpamentuan, Ivan Ogareffen aurpegia knut kolpe batez ebaki zuenean, eta bigarrena, emirrak kondenatu zuenean. Ongi zekiten, bada, zertan ari zen eta nor zen egiatan.
Mikel Strogoffek erabaki bat hartu zuen agudo.
—Nadia —esan zion—, frantses eta ingeles horiek ontziratu bezain laster, eska iezaien niregana etortzeko!
Eta bai, Harry Blount eta Alcide Jolivet ziren, hain zuzen ere, ez patuak, gertakizunen segidak baizik Livenitxnaiako portura eraman zituenak, Mikel Strogoffekin egin bezala.
Jakina da tatariarrak Tomsken nola sartu ziren ikusi zutela, bai eta jaialdiaren bukaerako zigor basatiaren aurretik abiatu zirela hiri hartatik. Ezin jakin, beraz, haien bidelagun zaharra ez zegoela hilik, eta itsutu baizik ez zutela egin emirraren aginduz.
Arratsalde hartan bertan irten ziren Tomsketik, zaldi bana eskuratu ondoren, eta handik aurrera beren kronikak ekialdeko Siberiako kanpamentu errusiarretan idazteko asmo sendo-sendoa harturik.
Alcide Jolivet eta Harry Blount Irkutsk aldera joan ziren, ahal zen agudoen. Feofar Khani aurre hartzea espero zuten, eta hala egingo zuten, hirugarren zutabe hori bat-batean agertu izan ez balitz hegoaldetik Jeniseiko ibarrean zehar. Mikel Strogoffi legez, bidea moztu zien Dinkara heldu baino lehen, eta Baikal aintziraraino jaitsi behar derrigorrean.
Livenitxnaiara iritsi zirelarik, portuan ez zuten inor aurkitu. Baina, bestalde, ezin ziren Irkutsken sartu, armada tatariarrek setiatua baitzuten. Hiru egun eman zituzten han, eta oso larri zeuden almadia bertaratu zenean.
Iheslariek beren asmoaren berri eman zieten. Aukera handia zegoen benetan gauez oharkabean pasa eta Irkutsken sartzeko. Haiekin batera ahalegintzera deliberatu zuten.
Alcide Jolivet berehala hasi zen marinel zaharrarekin solasean, eta bai bera bai bere laguna almadian eraman zitzan erregutu zion. Nahi zuen prezioa jartzeko, ordaindu egingo ziotela, eskatzen ziena eskatzen ziela.
—Hemen ez zagok ordaindu beharrik —erantzun zion serio marinel zaharrak—, hemen bizitza zagok jokoan, horra guztia.
Bi kazetariak ontzira igo eta brankan nola eseri ziren ikusi zuen Nadiak.
Harry Blount beti bezalako ingeles hotza agertzen zen, Ural mendien zeharkaldi osoan hari apenas hitzik egin ez zion berbera.
Alcide Jolivetek, aldiz, ohi baino serioago zirudien, eta, aitortu behar, egoerak aski ongi azaltzen zuela seriotasun haren zergatia.
Alcide Jolivet almadiaren brankan eseri berria zen, bada; eta, supituki, esku batek besoa hartzen ziola sumatu zuen. Atzera biratu eta Nadia ikusi zuen, Mikel Strogoff tsarraren mandatariaren arreba, eta ez gezurrezko Nikolas Korpanoff harena.
Harridurazko garrasi bat egin zuen ia, baina neska gazteak hatza ezpainetara zeramala ikusi zuen.
—Zatoz nirekin —esan zion Nadiak.
Alcide Jolivetek harekin joateko adierazi zion Harry Blounti keinu batez eta neskatxaren atzetik joan zen, axolarik ez balio bezala.
Baina, ezuste handia izan bazen berriemaileentzat Nadia almadia hartan topatzea, askozaz handiagoa Mikel Strogoff ere han ikustea, ez baitzuten uste bizirik zegoenik.
Hurbildu zirenean, Mikel Strogoff ez zen mugitu.
Alcide Jolivet neskarengana bihurtu zen.
—Ezin zaituzte ikusi, jaunak —esan zien—. Tatariarrek begiak erre dizkiote! Nire neba gizajoa itsu dago!
Erruki sentimendu bizia marraztu zitzaien Alcide Joliveti eta haren lagunari begitarteetan.
Geroxeago, biak ala biak Mikel Strogoffen ondoan eserita jarririk, bostekoa eman zioten eta zain gelditu ziren hark zer esango.
—Jaunak —hasi zen Mikel Strogoff ahopeka—, zuek ez duzue jakin behar ez nor naizen, ez zertara etorri naizen Siberiara. Nire sekretua gordetzeko eskatzen dizuet. Agintzen didazue?
—Nire ohorezko hitza duzu —erantzun zion Alcide Jolivetek.
—Bai eta nire gentleman hitza ere —gehitu zuen Harry Blountek.
—Ongi da, jaunak.
—Ezer behar duzu guregandik? —galdetu zion Harry Blountek—. Gure laguntza nahi duzu zure eginkizuna burutzeko?
—Nahiago bakarrik jardutea —erantzun zien Mikel Strogo-ffek.
—Baina ikusmena erre dizute doilor horiek —esan zion Alcide Jolivetek.
—Nadia daukat eta aski dut haren begiekin!
Handik ordu erdira, almadia ibaian sartu zen, Livenitxnaiako portutxoa utzi ondoren. Arratsaldeko bostak ziren. Iluntzen ari zuen. Gaua beltz-beltza izango zen eta baita hotz-hotza ere, tenperatura jadanik zero azpitik zegoen eta.
Alcide Jolivet eta Harry Blount, sekretua gordeko ziotela agindu eta gero, Mikel Strogoffen ondoan gelditu ziren. Ahopean mintzatu ziren elkarrekin, eta itsuak, ordu arte zekiena orduan kontatu ziotenarekin osaturik, gauzak zertan ziren zehatz-mehatz ikasi ahal izan zuen.
Dudarik ez zen, tatariarrak Irkutsk setiatzen ari ziren une hartan, eta haien armadaren hiru zutabeak elkarganaturik zeuden ordurako. Emirra eta Ivan Ogareff hiriburuaren aurrean zeudela ezin zalantzan jarri.
Baina zergatik erakusten zuen tsarraren mandatariak hirira iristeko presa hori, gutun inperiala ezin bazion duke handiari eman eta gutunean zer jartzen zuen ez bazekien? Alcide Jolivetek eta Harry Blountek ez zuten ulertu, Nadiak lehenago ulertu ez zuen era berean.
Beste alde batetik, behin baino ez zuten hitz egin iraganaz. Alcide Jolivetek bere burua behartuta ikusten zuen Mikel Strogoffi zerbait esatera:
—Gure jokaera zuritu beharrean gaude, Ixingo posta etxetik bostekoa eman gabe joan ginelako.
—Ez, eskubidea zenuten koldarra nintzela pentsatzeko!
—Dena dela —gehitu zuen Alcide Jolivetek—, knut kolpe ederra eman zenion madarikatu hari aurpegi betean! Luzaro eramango du marka hura!
—Ez, luzaro ez! —erantzun zuen motz Mikel Strogoffek.
Livenitxnaiatik atera eta ordu erdira, Alcide Jolivet eta haren laguna jakinean jarrita zeuden Mikel Strogoffek eta neska gazteak nolako proba latzak gainditu behar izan zituzten bidean. Zabal-zabal miresten zuten neskaren adorea, bai eta neba itsuarekiko agertzen zuen atxikimendu berdingabea ere. Eta Mikel Strogoffi dagokionez, tsarrak Moskun esandako berbera gogoratu zitzaien: «Gizona da bai, gizonik bada!».
Azkar-azkar zihoan almadia, Angarako ur lasterrak herrestan zeramatzan izotz pusken artean. Ikuspegi aldakorra hedatzen zen ibaiaren bi aldeetan, eta, ikusmenak iruzur eginda, ontzia geldirik zegoela zirudien, eta paisaia ikusgarri haiek mugitzen ari zirela bata bestearen ondotik. Hemen, granitozko amildegi altuak, ertz berezi-berezikoak; han, mendi zintzur basak, errekasto zalapartatsuen pasabideak; noizean behin, ibar zabal bat, herri ketsu baten kokaleku; gero, pinudi sarriak, sugar itsugarriak islatzen. Baina tatariarren arrastoak nonahi ageri baziren ere, ezin haiek ikusi, Irkutskeko inguruetan elkargana bilduak baitziren bereziki.
Bien bitartean, erromesek ahots goraz segitzen zuten otoitzean, eta marinel zaharrak, gehiegi hurbiltzen ziren izotz puskak saihestuz, almadiari Angarako ur laster biziaren erdian eusten zion patxada osoan.
© Jules Verne
© itzulpenarena: Karlos Zabala