IX
ESTEPAN
Mikel Strogoff eta Nadia aske zeuden berriro ere, Permetik Irtish ibaiaren ur ertzeraino egon ziren gisan. Baina bai bestelakoak oraingo eta orduko egoerak! Orduan tarantas bat zuten, erosoa, zaldiak maiz aldatzen zituzten, eta ongi hornituriko posta etxe batetik bestera zebiltzan, bidaia azkar eta seguru eginez. Orain, oinez joan behar, lokomozio moduren bat lortu ezinik, eskuarterik gabe, eguneroko premiei nola aurpegi eman jakiteke, eta laurehun versta zituzten oraindik egiteko! Eta, gainera, Mikel Strogoffek ez zuen ikusten Nadiaren begien bitartez ez bazen.
Patuak emandako lagun horri dagokionez, kinka gaiztoan galdu berria zuten.
Mikel Strogoff bidearen erlaiz aldera oldartu zen. Nadia, zutik, haren hitz baten esperoan zegoen bideari berriz lotzeko.
Gaueko hamarrak ziren. Hiru ordu eta erdi lehenago sartua zen eguzkia zerumugaren atzealdean. Begi bistan ez etxerik, ezta txabolarik ere. Azkeneko tatariarrak galtzen ari ziren urrun-urrunean. Mikel Strogoff eta Nadia bakar-bakarrik zeuden.
—Zer egingo diote gure lagunari? —deiadar egin zuen neskatxak—. Nikolas gizajoa! Zorigaitzera eraman dik gurekin topo egin izanak!
Mikel Strogoffek ez zuen erantzun.
—Mikel —jarraitu zuen Nadiak—, ez dakik hire defentsan atera dela tatariarren jostailu hintzenean, niregatik jarri duela bizitza arriskuan?
Mikel Strogoff isilik beti. Geldi-geldirik, burua eskuen artean, zer zerabilen buruan? Nadiari ez zion erantzuten, baina entzun egin zion berba egiten zionean?
Bai! Entzuten zion, zeren neskak beste galdera bat egitean:
—Nora eramango haut, Mikel?
—Irkutskera —erantzun zuen.
—Bide nagusian barrena?
—Bai, Nadia!
Mikel Strogoff helburura edonola ere iritsiko zela zin egindako gizon berbera zen oraindik ere. Bide nagusian barrena joatea biderik laburrena hartzea zen. Feofar Khanen armadaren aitzindariak agertuz gero, garaia izango zen bidetik kanpo saiatzeko.
Nadiak Mikel Strogoffi eskutik berriro oratu eta abian jarri ziren.
Biharamunean, irailaren 12an, hogei versta urrunago, Tulunovskoeko herrian, geldialdi txiki bat egin zuten biek. Errea zegoen, eta inor ere gabe. Gauean, Nikolasen gorpua bidean utzi ote zuten bilatu zuen Nadiak, baina alferrik miatu zituen hondakinak, alferrik begiratu hildakoen artean. Ordu arte Nikolas bizirik zegoela zirudien. Baina, ez ote zeukaten horrela, Irkutskeko kanpamentura iristean tormentu ankerra noziarazteko?
Biak goseak zeuden. Mikel Strogoffi urdailak gogor estutzen zion, eta Nadia akiturik zegoen ahora zer eraman gabe. Baina zoria aldekoa izan zuen, eta okela lehor pixka bat aurkitu zuen herriko etxe batean, bai eta sukari batzuk ere, lurruntzez idorturiko ogi zatiak, elikadura gaitasuna behin ere galtzen ez dutenak. Mikel Strogoffek eta neskatxak eraman ahal guztia hartu zuten. Jana ziurtatua zeukaten, behintzat, hainbat egunetarako; eta, ura zela-eta, faltarik ez zen izango Angara ibaiaren mila adar txikiek ureztatutako eskualde hartan.
Bidean berriz ere. Mikel Strogoff urrats ziurrez zebilen eta bere bidelagunarengatik baino ez zuen ibilera moteltzen. Nadiak atzean gelditu nahi ez eta ahalegin handiak egiten zituen. Beharrik, haren lagunak ezin zuen ikusi nolako egoera tamalgarrian ipini zuen nekeak.
Mikel Strogoff ohartu egiten zen, hala ere.
—Leher eginda hoa, ume gaixo hori —esaten zion noizetik noizera.
—Ez —arrapostu eman hark.
—Ibiltzeko gai ez bahaiz, nik eramango haut, Nadia.
—Bai, Mikel.
Egun hartan Oka erreka zeharkatu behar izan zuten, baina ibi eroso bat aurkitu eta zailtasunik batere ez zien eman.
Goi estalia zegoen, tenperatura epela. Beldur izatekoa zen, hala ere, eguraldiak ez zuen euritara egingo, zorigaitza areagotuz. Zaparrada batzuk ere bota zituen, baina ez zuten luze iraun.
Aurrera zihoazen beti, eskua elkarri oraturik, ia mintzatu gabe, Nadia aitzina eta gibelera begira. Egunean bi aldiz gelditzen ziren. Gauean sei orduz hartzen zuten atseden. Txabola batzuetan, Nadiak arkume okela apur bat aurkitu zuen. Oso okela arrunta zen alderdi haietan, eta librak ez zuen balio bi kopek eta erdi baino gehiago.
Baina, beharbada Mikel Strogoffek espero zuenaren kontra, zamari bakar bat ere ez zegoen eskualde guztian. Zaldiak, gameluak, denak akabatuak edo lapurtuak. Oinez segi behar derrigorrean estepa amaigabe hartan aurrera.
Hirugarren zutabe tatariarraren arrastoak ez ziren falta. Hemen zaldi bat hila, han gurdi bat bazterrean botea! Irkutsk aldera zihoan soldadu andana, eta zoritxarreko siberiar ugariren gorpuek markatzen zuten haien bidea. Herrien sarreretan pilatzen ziren hildakoak batez ere. Nadiak, nazkari gaina harturik, hilotz haiek guztiak begiratzen zituen!...
Labur esanda, arriskua ez zegoen aurrean, atzean baizik. Emirraren armada nagusiaren abangoardia noiznahi ager zitekeen, Ivan Ogareffen buruzagitzapean. Jenisei ibaiaren goialdetik bidalitako txalupak Krasnoiarsken egongo ziren horrezkero, eta segidan igaroko zuten ibaia, haiek erabiliz. Bidea libre zegoen inbaditzaileentzat. Errusiarren armadak ezin ezer egin haien ibilaldia eteteko Krasnoiarsketik Baikal aintziraraino. Lehenengo esploratzaile tatariarrak noiz baino noiz agertuko zirela espero zuen, beraz, Mikel Strogoffek.
Hortaz, bada, geldialdi guztietan Nadia gainen batera igo eta adi-adi begiratzen zuen mendebaldera, baina inolako hauts hodeirik ez zen agertzen zaldizko tropak hurbiltzen ari zirela iragartzeko.
Gero, bidean jartzen ziren berriro, eta Mikel Strogoffek, Nadia gaixoa herrestan zeramala sentitzen zuenean, ibilera mantsotzen zuen pixka bat. Gutxitan mintzatzen ziren, eta Nikolasez baizik ez. Neska gazteak ongi itsatsita zuen gogoan egun batzuetako lagun hark beren alde egindako guztia.
Erantzuterakoan, Mikel Strogoff saiatzen zen Nadiari itxaropen pittin bat ematen, berak ñimiñoena ere ez bazuen ere, ongi baino hobeki baitzekien koitadu hura ez zela heriotzatik libratuko.
Egun batez, Mikel Strogoffek zera esan zion neska gazteari:
—Ez didan sekula hitz egiten neure amaz, Nadia?
Haren amaz! Nadiak ez zuen nahi. Zertarako biziagotu oinazea? Hilik ez zegoen bada siberiar zahar hura? Semeak ez zion bada azken musua eman Tomskeko goi lautadan etzanik zegoen amaren gorpuari?
—Hitz egin iezadan amaz, Nadia —esan zuen Mikel Strogoffek, ordea—. Hitz egin! Atsegin emango didan!
Eta orduan Nadiak ordu arte egin ez zuena egin zuen. Marfaren eta bere artean gertaturiko guztia kontatu zion. Nola egin zuten topo Omsken lehenengo aldiz. Nola sen ulertezin batek bultzatu zuen gatibu zahar harengana inondik inora ezagutu gabe. Nola zaindu zuen, eta nolako adorea jasotzen zuen trukean. Garai hartan, Mikel Strogoffen azpian Nikolas Korpanoff baino ez zegoen harentzat.
—Hobe niken hala segitu izan banu! —erantzun zuen Mikel Strogoffek, kopeta ilun.
Geroago gehitu zuen:
—Ez dinat nire zina bete, Nadia. Ama ez ikusteko zina egin ninan!
—Baina hi ez hintzen haren bila joan, Mikel! —esan zion Nadiak—. Halabeharrak baino ez hinduen jarri haren aurrean!
—Neure nortasuna ez nuela agertuko zin egin ninan, gertatzen zena gertatzen zela!
—Mikel, Mikel! Zartailua hire amaren kontra nola altxatzen zuten ikusi eta geldirik egongo hintzen? Ez! Inolako zinak ezin dik galarazi semeak amari laguntzea!
—Ez dinat neure zina bete, Nadia —berriz Mikel Strogoffek—. Barka nazatela Jainkoak eta Aitak!
—Mikel —esan zion Nadiak orduan—, badiat galdera bat egiteko. Ez erantzun, hala egin behar duala uste baduk. Ez diat minik hartuko, hiregandik etorriz gero.
—Esan ezan, Nadia.
—Zergatik duk orain horrenbesteko presa Irkutskera iristeko, tsarraren gutuna kendu badiate?
Mikel Strogoffek indartsu estutu zuen bere bidelagunaren eskua, baina erantzunik ez zion eman.
—Bahekien, bada, zer jartzen zuen gutun horretan Moskutik atera baino lehen? —itaundu zion Nadiak.
—Ez, ez nekinan.
—Pentsatu behar dut, Mikel, nire aitaren besoetan utzi nahi naualako bahoala Irkutskera, beste arrazoirik gabe?
—Ez, Nadia —erantzun zion Mikel Strogoffek serio—. Iruzur egingo ninake horrelakorik sinesten utziko banin. Betebeharrak agintzen didan tokira noan! Eta hi Irkutskera eramateaz, Nadia, orain ez haiz heu ni naramana? Ez dut ikusten hire begien bitartez, ez nau hire eskuak gidatzen? Ez dizkidan ehun aldiz itzuli hiregatik egin bide nituenak? Ez zakinat zoritxarrak inoiz utziko gaituen bakean, baina hire aitaren besoetan utzi izana eskertzen didanan egunean, nik Irkutskera eraman izana eskertuko dinat!
—Mikel gizajoa! —esan zion Nadiak hunkiturik—. Ez hitz egin horrela! Ez duk hori eskatzen diadan erantzuna. Mikel, zergatik duk orain horrenbesteko presa Irkutskera iristeko?
—Ivan Ogareff baino lehen iritsi behar dudalako! —garrasi egin zuen Mikel Strogoffek.
—Baita orain ere?
—Baita orain ere. Eta iritsi egingo naun!
Eta, hitz horiek ahoskatzerakoan, Mikel Strogoff ez zen mintzo traidorearekiko gorrotoz bakarrik. Nadiak ulertu zuen bere lagunak ez ziola den-dena esaten, bai eta den-dena ezin ziola esan ere
Handik hiru egunera, irailaren 15ean, Kuitunskoeko herrixkan sartu ziren, Tulunovskoetik hirurogeita hamar verstara. Neska gaztea ahiturik zebilen. Bere oin minberatuek ozta-ozta eusten zioten zutik. Baina aurrera egiten zuen, nekearen aurka borrokan, eta hauxe zuen pentsamendu bakarra:
«Ikusi ezin nauenez, aurrera segituko dinat erortzen naizen arte!»
Beste alde batetik, trabarik ez zegoen bat ere bidearen tarte hartan, arriskurik ere ez, tatariarrak joan zirenetik. Nekea nekearen gainean besterik ez.
Hurrengo hiru egunean, horrela izan zen. Nabarmena zen inbaditzaileen hirugarren zutabea gero eta urrunago zegoela ekialdean. Atzean lagatako hondakinetan ezagun zen hori: kerik ez zerien errautsei, jada ustelduak zeuden lurrean zeutzan gorpuak.
Mendebaldean ere, deus ez. Emirraren abangoardia ez zen ageri. Mikel Strogoffek aierurik sinesgaitzenak zerabiltzan buruan atzerapen hura azaltzeko. Errusiarrek mehatxu egiten ote zieten tatariarrei Tomsken edo Krasnoiarsken zuzenean eta nahiko kopuruan? Arriskua ote zuen hirugarren zutabeak beste bietatik bakarturik gelditzeko? Horrela izatera, aise defendatuko zuen duke handiak Irkutsk, eta, inbasio baten kontra irabazitako denbora lehenengo urratsa da hura behin-betiko azpian hartzeko.
Mikel Strogoffek batzuetan itxaropen horiek bere burua kulunka zezaten uzten zuen, baina segituan konturatzen zen ameskeriak baino ez zirela, eta bere buruarengan baizik ez zuen konfiantzarik ezartzen, duke handiaren salbazioa haren eskuetan baino egon izan ez balitz bezala.
Hirurogei versta zeuden Kuitunskoetik Kimilteiskoeko herrixkara, eta handik oso hurbil igarotzen da Dinka ibaia, Angararen adarra. Mikel Strogoffek errezelo txarra hartzen zuen ur bide handi samar horrek bidean jartzen zien eragozpenaz pentsatzen zuela. Ez gabarrarik ezta txaluparik ere ezin inola ere aurkitu, eta gurutzatzeko ibirik apenas zuela oroitzen zen, sasoi zoriontsuagoetan zeharkatua baitzuen zenbaitetan. Baina, ibai horren beste aldera pasaturik, ez ibairik ez errekarik ez zuen topatuko handik Irkutskeraino falta ziren berrehun eta hogeita hamar verstako bidean.
Hiru egun eman behar Kimilteiskoera iritsi arte. Nadia arrastaka zebilen. Gogoa kementsua zuen, izan ere, baina gorputza nekepean. Mikel Strogoff ederki jabetzen zen haren egoeraz.
Itsu egon ez balitz, Nadiak esango zion:
—Segi, Mikel, utz nazak txabolaren batean! Irits hadi Irkutskera! Bete ezak heure egitekoa! Ikus ezak nire aita! Esaiok non nagoen! Esaiok haren zain nagoela, eta bien artean jakingo duzue ni aurkitzen! Segi! Ez nauk beldur! Tatariarrek ez naitek harrapatuko! Aitarentzat gordeko nauk; hiretzat! Segi, Mikel! Ezin diat gehiago!...
Behin baino gehiagotan, Nadiak gelditu behar izan zuen. Orduan besoetan hartzen zuen Mikel Strogoffek, eta, berak eramanda neskatxaren nekeaz arduratu beharrik gabe, agudoago ibiltzen zen, bere pauso nekagaitzaz.
Irailaren 18an, gaueko hamarretan, Kimilteiskoera heldu ziren azkenean. Muino baten gainetik, Nadiak lerro argixeagoa begiztatu zuen zeru ertzean. Dinka ibaia zen. Tximista batzuk islatzen ziren uretan, trumoirik gabe, eta eguratsa argiztatzen.
Nadiak bere laguna gidatu zuen herrixkaren hondakinen artetik. Suteen errautsak hotz zeuden. Bospasei egun joanak ziren gutxienez azken tatariarrak han barrena pasa zirenez geroztik.
Herriko azken etxeetara iristean, Nadiak harrizko banku batean bota zuen bere burua.
—Geldituko gara pixka batean? —galdetu zion Mikel Strogoffek.
—Gaua duk, Mikel —erantzun zion Nadiak—. Ez duk atseden hartu nahi ordu batzuetan?
—Dinka igaro nahi ninan. Ibaia emirraren abangoardiaren eta gure artean jartzea nahi ninan. Baina hi ezin haiz ezta arrastaka ere ibili, Nadia gaixoa!
—Hator, Mikel —erantzun zion Nadiak, bere lagunari eskutik oratu eta aurrera eramanez.
Handik bizpahiru verstara mozten zuen Dinka ibaiak Irkutskeko bidea. Bere bidelagunak eskaturiko azken ahalegina egin nahi izan zuen neska gazteak. Hara abiatu ziren, bada, tximisten argipean. Basamortu azkengabean zihoazen aurrera, non erreka hura erdi galduan isurtzen zen. Zuhaitzik ez, tontorrik ez, lautada zabal hartan gailen. Han hasten zen berriz ere Siberiako estepa. Haize zantzurik ez eguratsean. Giroa bare-bare, soinurik txikiena lau aldetara hedatuko zen oztoporik gabe.
Bat-batean, Mikel Strogoff eta Nadia bertan gelditu ziren, hankak lurreko pitzadura batean sartu eta ezin atera balituzte bezala.
Zaunka batek zeharkatu berri du estepa.
—Entzun duk? —esan zuen Nadiak.
Gero, intziri bat, atsekabezko txilio bat, hil hurren dagoen gizaki baten azken deia irudi.
—Nikolas, Nikolas! —oihu egin du neska gazteak, bihozkada makur batek eraginda.
Mikel Strogoffek, belarria erne, burua astindu du.
—Hator, Mikel, hator —esan dio Nadiak.
Arestian pausorik ezin egin bazuen ere, neskak indarrak bildu ditu supituki, asalda-asalda eginda.
—Bidetik atera gara? —galdetu dio Mikel Strogoffek, hautsez beteriko zoruaren ordez belar motza zapaltzen ari dela oharturik.
—Bai... beharrezkoa duk!... —erantzun Nadiak—. Handik, eskuin alde horretatik etorri duk garrasia!
Minutu batzuk geroago, ibaitik versta erdira baino hurbilago daude biak.
Beste zaunka bat entzun da, baina, ahulagoa izan arren, hurbilagotik dator inondik ere.
Nadia gelditu egin da.
—Bai! —esan du Mikelek—. Serko ari dun zaunkaka!... Nagusiari jarraitu zion!
—Nikolas! —oihu egin du neskatxak.
Baina erantzunik ez.
Hegazti harrapari batzuk aireratu dira bakarrik, eta zeru goietan galdu.
Mikel Strogoffek belarria zorroztu du. Nadia lautada hartara begira dago. Argizko isuriak nonahi ageri dira dir-dir, ispilu batean legez, baina ez du ezer ikusi.
Baina ahots bat goratu da berriz ere, eta doinu urrikalgarriaz xuxurlatu:
—Mikel!
Gero, txakur batek jauzi egin du Nadiarengana, guztiz odoldurik. Serko da.
Nikolas bertan egon behar! Hark baizik ezin xuxurlatu Mikelen izena! Non dago? Deitzeko indarrik ere ez du Nadiak.
Mikel Strogoff eskuaz bilatzen ari da, narrasean.
Halako batean, Serkok zaunka egin eta lur arrasetik hegan doan hegazti erraldoi baten kontra oldartu da.
Putre bat da. Serkok haren kontra egitean, gora joan da hegan, baina, atzera itzuli eta txakurra zauritu du! Honek jauzi berriz putrearengana!... Baina mokokada izugarri batek buruan jo eta Serko hilik erori da lurrera.
Horrekin batera, oihu lazgarri bat atera da Nadiaren eztarritik.
—Hortxe... hortxe! —esan du.
Buru bat irteten da lur arrasetik! Harekin estropezu egingo zuen, zeruak esteparen gainera jaurtitzen duen argitasun biziarengatik ez balitz.
Nadia belauniko jarri da buru haren aldamenean.
Nikolas leporaino lurperatua dago, tatariarren usadio basatiari jarraituz. Esteparen erdian utzi zuten, goseak eta egarriak hiltzeko, edo otsoen letaginek eta hegazti harraparien mokoek akaba zezaten. Tortura ikaragarria zoruan sartua dagoen errukarriarentzat, lurrak sakaturik, askatu ezinean, besoak gorputzean lotuta, gorpua hilkutxan bezala! Torturatuak, bizirik buztinezko molde hautsezin horren barruan, herioa lehenbailehen etortzeko eskatu besterik ezin egin, baina beti iristen da motelegi!
Hantxe lurperatu zuten tatariarrek beren presoa hiru egun lehenago!... Hantxe eman zituen Nikolasek hiru egun laguntza zain, baina beranduegi iritsi zitzaion!
Putreek lur arraseko buru hari erreparatu, eta ordu batzuk paseak ziren txakurra bere nagusia hegazti anker haien kontra defendatzen hasi zenetik!
Mikel Strogoffek lurra zulatu zuen ganibetarekin izaki bizi hura hobitik ateratzeko.
Nikolasen begiak, itxiak ordu arte, ireki egin ziren berriz ere.
Mikel eta Nadia ezagutu zituen. Gero:
—Adio, lagunak —xuxurlatu zuen—. Pozik nago zuek berriz ikusita! Otoitz egin nire alde!
Eta horiek izan ziren haren azkeneko hitzak.
Mikel Strogoffek lurra zulatzen segitu zuen. Zanpa-zanpa eginda zegoen, harkaitza bezain gogor. Hala ere, koitadu haren gorputza ateratzea lortu zuen azkenik. Bihotzak taupada egiten ote zuen entzun... baina bat ere soinurik ez zen bular hartan!
Ehortzi nahi izan zuen orduan, estepan ageriz egon ez zedin, eta Nikolas bizirik lurperatzeko egindako zulo hura bera zabaldu eta handitu egin zuen hilik etzanda jartzeko! Eta haren ondoan Serko txakur leiala kokatuko zuen!
Une hartan, iskanbila handia izan zen bidean, handik versta erdira gehienez ere.
Mikel Strogoffek entzun egin zuen.
Zaldizkoen destakamendu bat bazetorren Dinka aldera.
—Nadia! Nadia! —deitu zion ahopean.
Nadia otoitzean zegoen, eta haren ahotsa entzutean, tente jarri zen.
—Begira ezan! begira ezan! —esan zion.
—Tatariarrak! —erantzun zion xuxurla batean.
Emirraren abangoardia zen, izan ere, eta bizi-bizi zihoan Irkutskeko bidean aurrera.
—Ehortzi egingo dinat! Ez zidaten eragotziko! —esan zuen Mikel Strogoffek.
Eta lanean segitu zuen.
Nikolasen gorputza, eskuak bularrean bata bestearen gainean, etzanda gelditu zen hilobi hartan. Mikel Strogoffek eta Nadiak, belauniko, otoitz egin zuten azken aldiz izaki dohakabe, bakezale eta on haren alde, zeinak bizitzaz ordaindu zuen haienganako atxikimendua.
—Eta orain —esan zuen Mikel Strogoffek, lurra botatzen zuela—, estepako otsoek ezin izango diten irentsi!
Gero, eskua mehatxuka luzatu zuen igarotzen ari ziren zaldizkoen troparantz.
—Aurrera, Nadia! —esan zuen.
Mikel Strogoffek ezin bideari jarraitu, tatariarrek hartzen baitzuten. Estepan barrena oldartu behar eta Irkutskera itzulinguruka iritsi. Kezkatu beharrik ez, beraz, Dinka zeharkatzeagatik.
Nadia arrastaka ere ez zen gauza ibiltzeko, baina ikusi egiten zuen haren partez. Besoetan hartu zuen eta probintziaren hego-mendebaldean barneratu zen.
Ehun verstatik gora gelditzen zitzaion ibiltzeko. Nola egin ote zuen? Nola ez zuen nekeak abaildu? Nola elikatu zen ibilaldi hartan? Nondik bildu zuen halako kemen egundokoa Saian mendien lehenbiziko maldak gainditzeko? Ez Nadiak ez berak ezin esango zizuten!
Eta, hala eta guztiz, hamabi egun geroago, urriaren 2an, arratsaldeko seietan, urezko hedadura mugagabe bat zabaltzen zen Mikel Strogoffen oinetan.
Baikal aintzira zen.
© Jules Verne
© itzulpenarena: Karlos Zabala