VIII
ERBI BATEK ZEHARKATU DU BIDEA
Irkutskeraino bidea libre zuela pentsa zezakeen azkenik Mikel Strogoffek. Tatariarrei aurre hartu zien, Tomsken geldiaraziak baitzeuden, eta, emirraren soldaduak Krasnoiarskera iristen zirelarik, hiri abandonatu bat baizik ez zuten aurkituko. Han ez zegoen inolako modurik Jenisei ibaiaren alde batetik bestera laster batean igarotzeko. Beraz, egun batzuetako atzerapena izango zuten, harik eta txalupa zubi batek igarotzen uzten zien arte, eta horrelako lanak kostata baino ezin ziren egin.
Lehenengo aldiz, Ivan Ogareffekin topaketa gaizto hura izan zuenetik, tsarraren mandataria lasaiago zegoen eta helmugaren eta bere artean traba gehiagorik ez zela sortuko espero zezakeen.
Kibitka, hego-ekialderantz hamabost bat versta atzera egin ondoren, estepan barrena urratutako bide luzera iritsi eta hari ekin zion.
Bidea ona zen, ordu arteko onena. Halakotzat jotzen dute, behintzat, Krasnoiarsk eta Irkutsk lotzen dituen tarte hau. Zulo gutxiago lurrean eta astinaldi gutxiago bidaztientzat, itzalgune zabalak eguzki galdatik babesteko, zenbaitetan pinu edo zedro oihan itzelak, ehun versta luze. Akabo zen estepa mugagabe hura, etengabea, zeruarekin bat egiten zuena. Baina huts-hutsik agertzen zen orduan lurralde oparo hura. Herriak bertan behera utziak nonahi; nekazari siberiar bakar bat ere, zeinen artetik arraza eslabiarra nagusi den. Mortua zen hura, baina ez berezko mortua, dakigunez, agindu bidez egindakoa baizik.
Eguraldi ederra zegoen, baina haize hotza zebilen gauean, eta eguzkiak nekez lortzen zuen giroa berotzea. Izan ere, irailaren atarian zeuden, eta latitude altuko eskualde hartan nabarmena da eguzkiak egunez egiten duen arkua gero eta hurbilago igarotzen dela zeru ertzetik. Udazkena laburra da alderdi haietan, nahiz Siberiako eskualde hori ez egon berrogeita hamabosgarren paralelotik gora, hau da, ez Edinburgo eta Kopenhage baino garaiago. Eta, gainera, zenbaitetan uda bukatu orduko hasten da negua, bitartekorik gabe. Goiztiarrak bide dira Asia aldeko Errusiako neguak, eta arras hotzak ere bai, maiz jaisten baita termometroaren hodia merkurioaren izozte punturaino, eta eramateko moduko tenperaturatzat hartzen baitira zero azpitik hogei gradu zentigraduko batez bestekoak.
Eguraldiak, hortaz, bidaztien alde jokatzen zuen. Ez ekaitzik, ez euririk. Beroa neurrikoa, gauak hozkirriak. Nadiaren osasunak eta Mikel Strogoffenak sendo zirauten, eta, Tomsketik irten zirenez geroztik, indarberritzen ari ziren pixkaka-pixkaka lehengo nekeak ahazturik.
Nikolas Pigassof, aldiz, sekula baino sasoi hobean zegoen. Paseo bat zen harentzat bidaia hura, txango atsegin bat. Ezin bururatu zeregin hoberik funtzio gabeko funtzionario hari opor egunak emateko.
—Dudarik gabe —zioen—, nahiago diat bizimodu hau egunean hamabi orduz aulki batean pausatu eta traste txiki bati eragin eta eragin jardun baino!
Bien bitartean, Nikolasek zaldiaren ibilera azkartu zuen. Hori erdiesteko, Mikel Strogoffek Nadia eta bera aitarekin elkartzera zihoazela esan zion. Irkutsken atzerriraturik zegoela eta presa handia zutela haraino iristeko. Ezta pentsatu ere zaldia behartzea, esan zion orobat, zaila baino zailagoa baitzen beste batekin aldatzea; baina, sarritan gelditzen utziz gero, hamabost versta egin aldi oro, esate baterako, aise egingo zituzten hirurogei versta hogeita lau orduko. Gainera, zaldi hark indar handia zuen eta, haren arrazagatik beragatik, gauza zen inondik ere neke handiak pairatzeko. Bidea ez zen larre ederrik gabekoa; belar ugari eta hezea izango zuen bazkatzeko. Horrela bada, lan gehixeago eskatzea bazegoen.
Nikolasek amore eman zuen arrazoi haiek entzunda. Biziki hunkitu zuen aitaren erbestealdia partekatzera zihoazen bi gazte haien egoerak. Deus gutxi, hura baino zirraragarriagorik. Bihotza samur-samur eginik, Nadiari hitz egin zion irribarretsu:
—Zeruko loria! Zer poza hartuko duen Korpanoff jaunak bere begien aurrean ikusten zaituztenean, nolako alaitasunez zabalduko dituen besoak zuek biok besarkatzeko! Irkutskera baldin banoa, eta hala egingo dudala iruditzen zaidan orain, utziko didazue ikusten nola elkartzen zareten aitarekin? Bai, ezta?
Baina gero, kopetan kolpea jo, eta gehitu zuen:
—Baina, bestalde, zer-nolako oinazea bere seme gizajoa itsu dagoela konturatzean! Ai ene! Nolako nahasmendua mundu honetakoa!
Horren guztiaren ondorioa kibitka agudoago ibiltzea izan zen, eta, Mikel Strogoffen kalkuluen arabera, hamar-hamabi versta orduko egiten zuen orain.
Hortaz, bada, abuztuaren 28an Balaiskeko herria igaro zuten bidaztiek, Krasnoiarsketik laurogei verstara; eta 29an, Ribinsk, Balaisketik berrogei verstara.
Biharamunean, hogeita hamabost versta aurrerago, Kamskera iritsi ziren. Aurreko herriak baino handiagoa da, eta izen bereko ibaiak zeharkatzen du Saian mendietatik jaitsi eta Jeniseira isuri baino lehen. Hiri txiki bat besterik ez da. Ikusgarri margotutako etxe zurezkoak, plaza baten inguruan pilaturik, eta, goian gailen, katedralaren kanpandorre garaia, gurutze urreztatua ñir-ñir eguzkipean.
Etxeak hutsak, eliza inor-gabe. Posta etxerik ez, ostatu irekirik ere ez. Zaldi bakar bat ere ez ukuiluetan. Abere bakar bat ere ez estepan. Moskuko gobernuaren aginduak zorrotz-zorrotz bete zituzten. Eraman ezin zena suntsiturik zegoen.
Kamsketik irten eta Irkutskera baino lehen garrantzizko herri bakarra aurkituko zutela jakinarazi zien Mikel Strogoffek bere lagunei, Nijneudinsk izeneko hiri txikia. Nikolasek bazuen haren berri, telegrafo etxea baitzegoen bertan. Eta Kamsk bezain hutsik baldin bazegoen, ekialdeko Siberiako hiribururaino joan beharra izango zuen zeregin bila.
Kibitkak ibi bat igaro zuen erraz aski, Kamsketik harago bidea mozten zuen ibaia zeharkatzeko. Beste alde batetik, ur bide handien beldur ez zuten izan behar Jeniseitik aurrera. Nekeza izan zitekeen Dinka igarotzea, beharbada, baina beste eragozpenik ez zegoen Angara ibairaino iritsi arte, eta Irkutsk hiria Jeniseiren ibaiadar horren eskuin hegian zegoen, hain zuzen.
Ibilaldi luzea izan zen oso Kamsketik hurrengo herrixkaraino, ehun eta hogeita hamar versta ingurukoa. Esan beharrik ez da arauzko geldialdiak egin egin zirela, zeren «horrela egin ezean —Nikolasek zioenez—, zaldiak bidezko erreklamazioren bat aurkezteko eskubidea zuen». Hamabost versta ibili ondoren, atsedena. Akordio hori adostu zuten abere adoretsuarekin, eta, kontratu bat egiten denean, animaliekin izanik ere, kontratuaren klausulak betetzera behartzen du zuzentasunak.
Biriusa erreka gurutzatu eta gero, kibitka Biriusinsken sartu zen, irailaren 4ko goizean.
Han, zorion handiz, Nikolasek dozena bat pogatxa aurkitu zuen labe abandonatu batean, bai eta uretan egositako arroz pila bat ere. Pogatxa pastel antzeko bat da, arkume koipez prestatzen dena, eta, dozena hura, arrozarekin batera, bidaiaren hasierako elikagai kasik ahituak ordezkatzeko gorde zuten gurdian, Krasnoiarsken harturiko zagi kumyssaren ondoan.
Indarrak berritzeko geldialdi luze bat egin ondoren, bideari lotu zitzaizkion irailaren 5ean, afal ondoan. Bostehun versta baizik ez ziren falta Irkutskera iristeko. Tatariarren abangoardiaren arrastorik ez zegoen haien gibelean. Bere bidaian traba gehiagorik ez zuela izango pentsa zezakeen azkenik Mikel Strogoffek funtsez. Zortzi egunean, hamar egunean gehienez ere, duke handiaren aurrean egongo zen.
Biriusinsketik irtetean, erbi batek zeharkatu zuen bidea, kibitkatik hogeita hamar pausora.
—Ai ene! —oihu egin zuen Nikolasek.
—Zer duk, lagun hori? —galdetu zion bizi Mikel Strogoffek, soinurik txikienak ere erne ipintzen zuela, itsu guztiak bezala.
—Ez duk ikusi?... —esan zion Nikolasek, begitarte irribarretsua supituki goibeldurik.
Eta gehitu zuen:
—Ez, bada! Ez! Ezin izan duk ikusi, eta zorionekoa haiz horregatik, aita txiki hori!
—Baina nik ere ez diat ezer ikusi —esan zuen Nadiak.
—Hainbat hobe, hainbat hobe! Baina, neuk bai ikusi dinat!...
—Zer ikusi duk, ordea! —galdetu zion Mikel Strogoffek.
—Erbi bat, gure bidean gurutzatu dena! —erantzun zion Nikolasek.
Errusian, erbi bat bidazti baten bidean gurutzatzea ezbeharren bat hurbil dagoen seinale da, herri sineste baten arabera.
Nikolasek, sineskeriatsua errusiar gehienen antzera, kibitka gelditu zuen.
Mikel Strogoffek bere lagunaren duda-muda ulertu zuen, nahiz haren sinesberatasunarekin bat ez egin inola ere pasatzen diren erbiak direla-eta, eta lasaitzen saiatu zen.
—Hor ez zagok ezer beldur izatekorik, adiskidea —esan zion.
—Ez, hiretzat ez, ezta Nadiarentzat ere, bazakiat, aita txiki —erantzun zuen Nikolasek—, baina bai niretzat!
Gero gaineratu zuen:
—Halabeharra duk...
Eta zaldia trostan jarri zuen berriro ere.
Hala eta guztiz, eguna ezustekorik gabe joan zen, zantzu gaiztoaren kontra.
Biharamunean, irailaren 6an, eguerdian, kibitka Alsalevskeko herrian gelditu zen. Inguruko eskualde osoa bezain inor-gabe zegoen.
Han, etxe baten alartzean, Nadiak xafla gogorreko bi ganibet aurkitu zituen, ehiztari siberiarrek erabiltzen ohi dituztenetakoak. Bat Mikel Strogoffi eman eta hark arropen artean ezkutatu zuen, eta bestea beretzat gorde zuen. Kibitkari hirurogeita hamabost versta baizik ez zitzaizkion falta Nijneudinskera iristeko.
Nikolasek ezin izan zuen bere betiko umore ona berreskuratu bi egun haietan. Parte txarreko seinale hark lur jota utzi zuen, ez sinesteko moduan, eta haraino ordubete isilik egoteko gauza izan ez zena mututurik geratzen zen luzaro, Nadiak ahaleginez hitz eragiten zion arte. Haren jokamolde guztiak bihotzean zirrara larria hartua zuela azaltzen zuen, eta hori ez da harritzekoa iparraldeko arrazako gizonengan, haien arbaso aztikeri zaleek sortu baitzuten mitologia hiperboreala.
Jekaterinburgetik aitzina, Irkutskeko bideak latitudeko 55. graduari jarraitzen dio ia paraleloan, baina, Biriusinsk pasata, hego-ekialdera jaisten da nabarmen, eta zeharka ebakitzen du 100. meridianoa. Erarik laburrena hartzen du sortaldeko Siberiako hiriburura iristeko, Saian mendien azken maldak gaindituz. Mendi horiek Altai katea handiaren adarrak baino ez dira, zeina berrehun verstako distantziatik ageri den begien bistan.
Kibitka lasterka zihoan, bada, bide hartan aurrera. Lasterka, bai! Nabari zen Nikolasek ez zuela zaldia zaintzen lehen bezala eta hark ere presa zuela lehenbailehen heltzeko. Patua aldatzea gaitza zela etsita egon arren, Irkutskeko harresi barruan baizik ez zuen bere burua segurutzat jotzen. Errusiar anitzek hark bezala pentsatuko zuten, eta batek baino gehiagok zaldiaren gidei tira egin eta atzera buelta emango zuen, erbia bere bidea gurutzatzen ikusi orduko!
Bien bitartean, han eta hemen gertatzen ari ziren zenbait xehetasunez ohartu, eta zuzen-zuzenak zirela frogatu zen Nadiak Mikel Strogoff jakinaren gainean jarri zuenean. Nahigabeen saila beharbada ez zen haientzat bukatu.
Izan ere, Krasnoiarsketik hona lurraldearen ondasun naturalak beren horretan bazeuden ere, orain oihanek suaren eta burdinaren arrastoa erakusten zuten, bidearen bi aldeetako zelaiak hondatuta zeuden, eta ezagun-ezagun zen tropa handiren bat igaro zela han barrena.
Nijneudinsk baino hogeita hamar versta lehenago, berriki egindako hondamendiaren aztarnak garbi-garbiak ziren, eta tatariarrei baino ezin leporatu.
Orain ez ziren soilik zaldien apoez zanpa-zanpa egindako zelaiak edo aizkoraz zauritutako oihanak. Bidean zehar sakabanaturiko etxe urriak hutsik ez ezik, batzuk erdi eroriak zeuden, beste batzuk erdi erreak. Bala zuloak ikus zitezkeen haien paretetan.
Aise ulertzekoa da Mikel Strogoffen larritasuna. Zalantzarik ez zegoen, tatariarren andana bat berriki igaro zen bidearen alderdi hartan aurrera, eta, hala ere, ezin inola ere izan emirraren soldaduak, ez baitzen posible hari aurreratzea konturatu gabe. Baina, orduan, zein ziren, bada, beste inbaditzaile hauek, eta esteparen zein bide ezkututan barrena iritsi ziren Irkutskeko bide nagusira? Zein etsai mota berriri aurre egin beharko zion oraindik ere tsarraren mandatariak?
Errezelo horien berri Mikel Strogoffek ez zien eman ez Nikolasi ez Nadiari, kezkatu ez zitezen. Bestalde, bere bidaia segitzea erabakia zuen, oztopo gaindiezin batek geldiarazten ez bazuen, behinik behin. Geroago ikusiko zer komeni zen.
Hurrengo egunean gero eta nabariago zen zaldizkoen eta oinezkoen tropa handi bat igaro berria zela. Kea agertu zen han-hemenka zeru ertzean. Kibitka kontuz aurreratzen zen. Herri abandonatuetako etxe batzuk sutan zeuden oraindik, eta sute haiek azken hogeita lau orduen barruan piztuak ziren inondik ere.
Azkenean, irailaren 8an, kibitka gelditu egin zen. Zaldiak ez zuen aurrera jarraitu nahi. Serko intzirika hasi zen.
—Zer dugu? —galdetu zuen Mikel Strogoffek.
—Hildako bat! —erantzun zuen Nikolasek, kibitkatik behera jauzi egiten zuela.
Mujik baten gorpua zen. Hotza zegoen, eta moztua eta zauritua ikaratzeko moduan.
Nikolasek aitaren egin zuen. Gero, Mikel Strogoffen laguntzaz, bidearen erlaizera baztertu zuten gorpua. Behar bezala ehortzi nahiko zuen, zulo sakon batean lurperaturik, esteparen sarraskijaleek haren hezur dohakabeak grinaz irents ez zitzaten, baina Mikel Strogoffek ez zion betarik eman.
—Goazen, adiskidea, goazen! —oihu egin zion—. Ezin gaituk atzeratu ezta ordubetez ere!
Eta kibitka abian jarri zen berriz ere.
Dena den, Nikolasek ez zuen behin ere aski egingo, ordutik aurrera Siberiako bide nagusian topatu behar zituzten hildako guztiekin azken egitekoak bete nahi izatera. Nijneudinskeko aldirietan hogeinaka zeuden lurrean barreiaturik.
Bide horri jarraitu behar zioten, harik eta erabat ezinezkoa gertatu arte, inbaditzaileen atzaparretan erori gabe. Ez zuten, bada, ibilbidea aldatu, eta hondamenak eta hondakinak pilatzen ikusi zuten herri orotan. Bizigune haiek guztiak, atzerritar poloniarrek sortuak haien izenei erreparatuz gero, arpilatu eta erraustu egin zituzten gupidarik gabe. Hildakoen odola guztiz gatzatu gabe zegoen oraindik. Eta zoritxarreko gertakari horiek nola jazo ziren jakin nahi izanez gero, erantzunik ezin inon aurkitu, ez baitzen inor bizirik gelditzen galdera egiteko.
Egun hartan, arratsaldeko laurak aldean, Nikolasek Nijneudinskeko elizen kanpandorre garaiak erakutsi zituen hatzez. Haien gainak lurrun kiribil lodiek estaltzen zituzten, eta ez zuen ematen hodeiak zirenik.
Nikolasek eta Nadiak so egin eta ikusitakoaren berri ematen zioten Mikel Strogoffi. Erabakia hartu beharra zeukaten. Hirian inor ez baldin bazegoen, arriskurik gabe zeharka zezaketen, baina, tropa mugimendu ulergaitz batengatik, tatariarrak bertan baldin bazeuden, inguratu egin behar zuten kosta ahala kosta.
—Goazen aurrera! —esan zuen Mikel Strogoffek—. Kontu handiz, baina aurrera!
Beste versta bat egin zuten.
—Ez dituk hodeiak, kea baizik! —esan zuen Nadiak garrasi batean—. Neba, hiria erretzen ari dituk!
Izan ere, begi bistakoa zen. Kedar distiratsuak ageri ziren lurrun haien erdian. Ke zurrunbilo haiek gero eta lodiago bihurtzen ari ziren, eta gora zihoazen zeruan. Bestalde, iheslaririk ez. Beharbada su emaileek hiria hutsik aurkitu eta erretzen ari ziren. Baina, tatariarrak ote horrela jokatzen zutenak? Errusiarrak ote, duke handiaren aginduetara? Tsarraren gobernuak erabaki ote zuen Krasnoiarsketik aurrera, Jeniseitik aurrera ez hiririk ez herrixkarik ez uztea emirraren soldaduek aterpe hartzeko modukorik? Eta Mikel Strogoffek zer egin behar zuen? Bertan gelditu ala bidean jarraitu?
Zalantzan zegoen. Hala eta guztiz, aldekoak eta kontrakoak aztertu ondoren, gogoeta bat nagusitu zitzaion. Estepan bidaiatzea neketsua izango zen oso, urratu gabeko bideetan barrena ibiliz gero, baina aukeran nahiago hori tatariarren eskuetan bigarrenez erortzeko arriskuan jartzea baino. Beraz, bide nagusitik ateratzeko proposatu behar zion Nikolasi, eta, bestela ezin bazen, Nijneudinsk atzean utzi arte hartara berriz ez itzultzeko; baina, behingoan, tiro baten desarra entzun dute eskuin aldean. Bala batek txistu egin eta kibitkaren zaldia zerraldo erori da, buruan joa.
Une hartan bertan, hamabi bat zaldizkok bidera oldartu eta kibitka inguratu dute. Mikel Strogoff, Nikolas eta Nadia atzeman eta herrestan daramatzate Nijneudinsk aldera.
Mikel Strogoffek ez zuen batere galdu bere odol hotza, bat-bateko eraso hartan. Etsaiak ikusi ezinean, pentsatu ere ez bere burua defendatzea. Begien ikusmena galdu gabe ere, ez zen saiatuko. Sarraskia sustatzea izango zatekeen. Baina, ikusi ez arren, entzun eta ulertu egiten zuen zer esaten ari ziren.
Hizkuntzarengatik soldadu haiek tatariarrak zirela ezagutu zuen, eta, berbengatik, armada inbaditzailearen aurretik zihoazela.
Horretaz gain, hona zer jakin zuen Mikel Strogoffek, bai haren aurrean memento hartan esandakoarengatik, bai geroago ustekabean aditutako elkarrizketa zatiengatik.
Soldadu haiek ez zeuden zuzenean emirraren aginduetara, hura Jenisei ibaiaren atzean gelditua baitzen oraindik. Hirugarren zutabe batekoak ziren, Kokand eta Kunduzeko khanerrietako tatariarrek osatzen zutena gehienbat, eta Irkutskeko inguruetan bat egitekoak ziren Feofarraren armadarekin.
Ivan Ogareffen aholkuz, eta inbasioak ekialdeko probintzietan arrakasta izan zezan ziurtatzeko, armadaren zutabe hau Semipalatinsk probintziaren muga zeharkatu, Balkash aintziraren hegoaldean barrena igaro, Altai mendien oinen ertzetik pasa eta Jenisei ibaiaren goiko aldera iritsi zen, bazter guztiak arpilatzen eta errausten zituela. Kunduzeko khanerriko ofizial batek egiten zuen buru, eta hark, tsarraren aginduz Krasnoiarsken gertatutakoa ez berritzeko eta emirraren tropek ibaia erraz gurutzatzeko, txalupa pila bat uretaratu eta ibaian behera jitoan joaten utzi zuen. Haiekin aise igaroko ziren ibaiaren eskuin aldera, bai ontzi gisa erabiliz, bai zubi bat eginda. Gero, hirugarren zutabe hark, mendien oinak inguraturik, Jenisei ibarrean behera jo eta bide nagusia hartu zuen Alsalevsk parean. Hori zela-eta, hondamendi ikaragarria ageri zen nonahi hiri txiki horretatik aurrera, tatariarrek gerra egiteko eraren ezaugarri. Nijneudinsk hiriak jasan berri zuen haien suntsitzeko grina, eta, erraustu ondoren, berrogeita hamar mila tatariarrek hiria bertan behera utzi eta Irkutsk aldera egin zuten, haren aurrean lehenengo tokiak hartzeko. Luzaro gabe, emirraren tropak haiekin batuko ziren.
Halakoa zen egoera garai hartan. Egoera latza ekialdeko Siberiako alderdi hartarako, zeharo isolatua baitzegoen, bai eta haren hiriburuaren defendatzaileentzat ere, banaka batzuk baino ez baitziren.
Hona, bada, laburturik Mikel Strogoffek zeren berri jaso zuen: tatariarren hirugarren zutabea Irkutskeko ateetan zegoela eta berandu gabe emirraren eta Ivan Ogareffen armada eta hura elkargana bilduko zirela. Horren ondorioz, Irkutsken setioa eta errendizioa denbora kontua besterik ez zen, eta denbora laburreko kontua beharbada.
Erraz asmatzekoa da nolako gogoetak zetozkion burura Mikel Strogoffi! Nor harrituko baldin eta ataka hartan adoreaz erabat gabetzen bazen, itxaropena guztiz galtzen bazuen? Baina ez zen horrela izan, ordea, eta haren ezpainek hitz hauek baizik ez zituzten xuxurlatu:
—Iritsi egingo nauk!
Zaldizko tatariarrek eraso egin eta handik ordu erdira, Mikel Strogoff, Nikolas eta Nadia Nijneudinsken sartu ziren. Txakur leiala atzetik joan zitzaien, baina urrutixko, badaezpada ere. Gaua ez zuten bertan eman behar, hiriari sua eta garra zerion-eta, eta azken taldeak handik irteteko zorian zeuden.
Gatibuak zaldi gainera igoarazi eta agudo eraman zituzten indarrez. Nikolas, etsi-etsian zihoan, beti bezala; Nadia, Mikel Strogoffenganako fede dudagabea galtzeke; eta Mikel Strogoff, arduragabe itxuraz, baina ihes egiteko aukerez baliatzeko prest.
Tatariarrak gatibuetako bat itsua zela konturatu orduko, haren bizkar barre egiteko gogoa piztu zien beren basakeria berezkoak. Arin zebiltzan. Mikel Strogoffen zaldia, gidaririk gabe nora ezean, orain hona orain hara egiten zuen eta destakamendu osoa nahasten. Eta iraindu egiten zuten; zakarkeriaz bultzatzen. Nadiari bihotza erditzen zitzaion, Nikolas sutan jartzen zen. Baina zer egin zezaketen? Ez zekiten tatariarren hizkuntzan, eta batere errukirik gabe erabiliko zituzten zerbaitetan saiatuz gero.
Segidan, gainera, soldadu haiek, beren basakeria zorroztuz, Mikel Strogoffen zaldia zaldi itsu batekin aldatzeko burutazioa izan zuten. Zaldizko baten hausnarketak ekarri zuen aldaketa. Honela zioela entzun zuen Mikel Strogoffek:
—Baina ikusi egingo dik beharbada errusiar honek!
Nijneudinsketik hirurogei verstara gertatzen zen hura, Tatan eta Txibarlinskoe herrixken artean. Zaldi itsuaren gainean ipini zuten, bada, Mikel Strogoff, eta bridak eskuratu zizkioten adarra joz. Gero, zartailu kolpeka, harrika, garrasika, ahalik lasterrena korrika eragin zioten zaldiari.
Aberea, haren zaldizko itsuak zuzen ezin gidaturik, noiz zuhaitz bat jotzen zuen, noiz bidetik kanpo oldartzen zen. Talkak, baita erorikoak ere, izan zituzten, arras zorigaiztoko ondorioak izan zitzaketenak.
Mikel Strogoffek, ordea, kexarik ez. Saminik agertu ez. Zaldia lurrera erori, eta zain egoten zen noiz altxatuko zuten. Eta altxatu egiten zuten, izan ere, baina jolasarekin segitzeko.
Nikolas, tratu txar haiek ikusita, amorruari ezin eutsirik zegoen. Bere adiskideari laguntzera joan nahi zuen. Baina geldiarazi egiten zuten, eta jipoitu.
Jostaketa hark luzaro iraungo zuen noski, tatariarren gozamenerako, istripu larriago batek bukatu izan ez balu.
Halako batean, irailaren 10ean, zaldi itsua zoratu egin zen. Bide bazterrera atera eta zuzen-zuzen jo zuen lasterka bizian hogeita hamar-berrogei oineko zokogune baterantz
Nikolasek atzetik joan nahi izan zuen! Gelditu zuten. Zaldia, gidaririk gabe, zokogunean behera erori zen bere zaldizkoarekin.
Nadiak eta Nikolasek ikarazko oihua bota zuten!... Horrela erorita, beren laguna jo eta txikitua geratuko zela uste zuten, antza.
Baina Mikel Strogoffek salto egin zuen zelatik eta ez zuen zauririk. Zaldia, berriz, bi hanka hautsiak zituela ikusi zuten, altxatzera joan zirenean. Ez zen ibiltzeko gauza.
Hantxe hiltzen utzi zuten, azken tiroa ere eman gabe, eta Mikel Strogoffek, tatariar baten zelatik loturik, oinez jarraitu behar izan zion destakamenduari.
Arrankurarik ez, ordea, kexa bakar bat ere ez! Ibilera arinez zebilen, estekatzen zuen sokak ia tiratzen ez ziola. «Burdinazko gizona» beti ere, Kissoff jeneralak tsarrari esan legez!
Biharamunean, irailak 11, destakamenduak Txibarlinskoe herri txikia igaro zuen.
Orduan oso ondorio larriko gertakari bat izan zen.
Eguna gautu zuen. Zaldizko tatariarrek geldialdi bat egin, eta batzuk gehiago besteak gutxiago, denak mozkortu dira. Bideari berriz ekiteko agindu diete.
Ordu arte soldaduek Nadia errespetatu dute, mirariz, egia esateko. Baina hartan soldadu batek irain egin dio.
Mikel Strogoffek ez du ez iraina ez iraintzailea ikusi, baina Nikolasek bai.
Orduan, lasai-lasai, batere pentsatu gabe, zertan ari zen jabetu gabe agian, Nikolas soldadu horrengana joan, eta, geldiarazteko mugimendurik egin aurretik, haren zelako zorrotik pistola bat atera eta tiro egiten dio bularrean bete-betean.
Destakamenduko burua berehala etorri zen, tiro hotsa entzutean.
Zaldizkoek txiki-txiki egin behar zuten Nikolas dohakabea, baina, ofizialak keinua egin, eta, ongi lotu ondoren, zaldi baten gainean ezarri zuten trabeska. Gero, lauoinka abiatu zen destakamendua.
Mikel Strogoffen lokarria, hark berak marraskatua ordurako, hautsi egin zen zaldiak ezustean tenk egin zuelarik, eta zaldizkoa, mozkorturik, deusi ere ez zion erreparatu, lasterka bizi-bizian handik abiatuta.
Mikel Strogoff eta Nadia bakar-bakarrik gelditu ziren bidean.
© Jules Verne
© itzulpenarena: Karlos Zabala