V
BEGIRA EZAK, BEGIRA,
BEGIAK ZABAL-ZABALIK
Mikel Strogoff emirraren tronuaren parean eduki zuten, terrazaren oinetan, eskuak loturik.
Haren ama, hainbeste tortura fisiko eta moralek azpiratua azkenik, lurrera eroria zen, begiratzera ausartu gabe, entzutera ere ausartu gabe.
—Begira ezak, begira, begiak zabal-zabalik! —esan zion Feofar Khanek, eskua Mikel Strogoffengana luzatuz mehatxuka.
Zalantzarik gabe, Ivan Ogareffek, tatariarren azturen jakitun, esaldi haren edukia ulertu zuen, ezpainak laxatu baitzitzaizkion istant batean irribarre anker bat agertuz. Gero, Feofar Khanen aldamenean paratu zen.
Tronpetek deia jo zuten segidan. Jostaketak hasteko seinalea zen.
—Hona baleta —esan zion Alcide Jolivetek Harry Blounti—, baina, usadio guztien kontra, dramaren aurretik taularatu behar dute barbaro hauek!
Begiratzeko agindu zioten Mikel Strogoffi. Eta begira zegoen.
Neska dantzari tropel bat sartu zen orduan plazara. Eta musikari taldeak lanari ekin zion. Batzuek dutara jotzen zuten, masustondozko gider luzeko mandolina, zeta bihurrituzko bi hari besterik ez duena eta tonu laurdenetan gozatua dagoena; beste batzuek kobiza, biolontxelo antzekoa, irekia aurrealdean, zaldi zurdez hornitua eta arku batez igurtzitzen dena; besteek tschibizga, kanaberazko txirula luzea; eta gainerakoek tronpetak, danborrak, dunbalak. Instrumentu tatariar haien hotsak eta abeslariek eztarriz kantatzen zituzten doinuek harmonia bitxia osatzen zuten. Eta aire orkestra baten akordeak ere gehitu behar, hamabi bat kometari, erdialdetik sokez tenkatuta, haize leunak durundi eragiten baitzien harpa eolikoak balira bezala.
Berehala hasi ziren dantzan.
Dantzari haiek jatorri persiarrekoak ziren guztiak. Eta ez ziren esklaboak; askatasunez ziharduten beren lanbidean. Behinola, Teherango gortearen ospakizunetan parte hartzen zuten modu ofizialean; baina, azken errege familia tronura iritsi zelarik, erresumatik deserritu zituzten kasik, eta beste leku batzuetara joan behar irabazpide bila. Janzkera nazionala zeramaten, eta bitxiz apaintzen ziren erruz. Urrezko hiruki txikiak eta arrakada luzeak belarrietatik dilindan, zilarrezko uztai nielatuak lepoaren bueltan, harribitxizko katea bikoitzak beso-hanken inguruan, perlez, turkesez eta kornalinez nahasitako zintzilikario aberatsak txirikorda luzeen muturretan dar-dar. Gerrikoa kisketa dirdaitsu batek ixten zuen gerruntzearen jiran estu, Europako ordena handien domina baten pare.
Emakume persiar haiek grazia handiz dantzatu ziren, bakarka batzuetan, taldean besteetan. Begitartea agerian zuten, baina, noizean behin, belo arin bat zekarten aurpegi aldera, eta haien begi bizien aurretik gasazko hodei bat pasatzen zela esan zitekeen, zeru izartsuaren aurretik lurruna pasatzen den legez. Dantzari batzuek perlez brodaturiko galtzarbe-uhal larruzko bana zeramaten bularrean zeharka, eta handik zintzilik hiruki-formako xorro bat, punta beherantz zuena. Xorroak urrezko filigranaz ehunduta zeuden, eta une batean ireki eta zeta gorri-bizizko zerrenda luze meharrak atera zituzten, Koranaren txatalekin brodatuak. Beren artean zabaldu ziren zerrendak, esparru bat osatuz, non beste dantzariak lerratzen ziren pausoa gelditu gabe, eta, txatalen aurrean igarotzean, zein zen haietan jasotzen zen araua, edo ahuspez jartzen ziren lurrean, edo hegan zihoazen jauzi txiki batez, Mahomaren paradisuko hurien artean leku hartu nahian bezala.
Baina aipagarriena, Alcide Jolivet gehien harritu zuena, dantzari persiar haiek odolgabe aritzea zen, eta ez kartsu. Grina falta zuten, furia, eta bai dantzen motagatik bai dantzatzeko eragatik, Indiako baiadera lasai zintzoak oroitarazten zituzten, eta ez Egiptoko almea sutsuak.
Lehenengo jostaketa amaitu eta ahots lodi bat entzun zen:
—Begira ezak, begira, begiak zabal-zabalik!
Tatariar handi batek errepikatzen zituen emirraren berbak. Feofar Khanen borreroa zen, haren epaiak betearazteko ardura zuena. Mikel Strogoffen atzean paratu zen, xafla zabaleko sable kako bat eskuan, arma zuri damaskinatu horietako bat, Karxiko eta Hissarreko armagin entzute handikoek gogor-malgutua.
Handik hurbil, zaindariek hiru oineko sutontzi bat laga zuten, non ikatz koskor gori batzuk erretzen ari ziren batere kerik atera gabe. Lurrun arin bat zerien, baina ikatz gainera gai erretxinatsu eta usaintsu bat botatzen zutelako, intsentsua eta benjuia nahasiz sortutakoa.
Bien bitartean, persiarrak joan eta beste dantzari talde bat sartu zen plazara, arraza oso desberdinekoa. Mikel Strogoffek berehala ezagutu zituen.
Eta pentsatu beharra dago bi berriemaileek ere ezagutu zituztela, Harry Blountek hauxe esan baitzion bere lankideari:
—Nijni Novgorodeko buhameak dira!
—Haiexek berak! —garrasi egin zuen Alcide Jolivetek—. Begiek diru gehiago emango diete espioi hauei hankek baino!
Eta badakigu Alcide Jolivet ez zela tronpatu emirraren soldatakotzat hartu zituenean.
Buhameen aurreneko ilaran Sangarre ageri zen, soineko bitxi ikusgarri bat jantzita, haren edertasuna handiagotzen zuena.
Sangarre ez zebilen dantzan, baina mimo bat bezala jarri zen bere dantzarien erdian, eta pauso zoragarriak egin zituzten haren inguruan, Bohemia, Egipto, Italia, Espainia eta Europan bisitatzen zituzten beste herrialdeetako dantzetatik ikasiak. Beren burua berotu egiten zuten eskuetako zinbalekin kriskitinak joz eta pandero moduko batzuk, daire izenekoak, hatz puntaz astinduz.
Sangarrek ere daire horietako bati dar-dar eragiten zion eskuen artean, egiazko koribante talde hura suspertu gurarik.
Orduan mutil buhame gaztetxo bat aurreratu zen. Hamabost urte zituen gehienez, eta dutara bat zeraman eskuan, laute itxurako instrumentua. Azazkalez doi-doia ukiturik dardarazten zituen haren hariak, eta kantuan hasi zen. Arras erritmo xelebreko abesti haren kopletan dantzari bat zetorkion ondora eta hantxe geratzen zen geldi-geldirik, entzuten; baina, kopla bukatu eta leloa berriz errepikatzean, dantzan hasten zen berriro, dairea mutilaren ondo-ondoan astinduz eta zinbalen kriskitinekin gortzen zuela.
Gero, azken leloaren ondotik, dantzariek mutila korapilatu zuten beren dantzen mila jira-birekin.
Une hartan, urre zaparrada bat erori zen emirraren eta haren aliatuen eskuetatik, armadako ofizial maila guztietakoen poltsetatik, eta txanponek dantzarien zinbalak jotzean sortzen zuten soinuarekin nahasten ziren oraindik ere dutara eta panderoen azken marmarrak.
—Eskuzabalak lapurrak bezala! —esan zion Alcide Jolivetek bere lagunari ahotik belarrira.
Eta ebatsitako dirua zen, izan ere, barra-barra erortzen zena, toman eta sekin txanpon tatariarrekin batera, dukat eta errublo moskutarrak ere amiltzen baitziren dantzarien gainera.
Gero denak isildu ziren istant batean, eta borreroak, Mikel Strogoffen sorbaldan eskua ipinita, betiko hitzak errepikatu zituen ahots gero eta maltzurragoaz:
—Begira ezak, begira, begiak zabal-zabalik!
Baina, aldi honetan, Alcide Jolivetek ez zuen ikusi sable biluzia borreroaren eskuan.
Bitartean, eguzkia zeru ertzetik behera abiatu eta erdi iluntasun bat hasia zen estepaz jabetzen. Zedro eta pinuen multzoa gero eta beltzagoa zen, eta Tom ibaiko urak, itzalpetan jadanik urrutian, gauaren lehenengo lanbroekin nahasten ari ziren. Itzala berandu gabe labainduko zen hiriaren gaineko goi lautadarantz.
Baina, memento hartan, esklabo ehunka batzuek plaza hartu zuten zuzi piztuak eskuetan zituztela. Sangarrek gidaturik, dantzari buhame eta persiarrak azaldu ziren berriz emirraren tronuaren aurrean eta beren dantzen berezitasunak nabarmendu ziren elkarren arteko berdin-ezaz. Orkestra tatariarraren instrumentuek harmonia basatiagoa atera zuten, kantarien eztarrizko oihuen laguntzaz. Kometak, lurrera jaitsiak ordurako, hegan aireratu ziren berriro, argi koloreanitz pila bat gora altxatuz, eta, haize hotzagoak eraginda, haien harpek indar handiagoz egin zuten durundi aireko argitzapen haren erdian.
Gero, eskuadroi tatariar bat etorri, gudako janzkerarekin, eta dantzarien artean nahasi zen. Dantzen grina gero eta biziagoa zen, eta orduan eskuadroiak lasterketa iskanbilatsu bati ekin zion, zaldiz egiten ohi dutenen irudira, ondorio ezin bitxiagoa sortuz.
Soldadu haiek, sable biluzia esku batean, pistola luzea bestean, akrobazietan aritzen ziren, eta, batera, sekulako burrunba egiten zuten airean, eztanda eta tiro zaratatsuak etengabe boteaz, danborren arrada, daireen orroa eta dutaren kurrinka itzaltzeraino. Haien armek, bolbora koloreztatuaz kargaturik txinatarren eran, turrusta gorri, berde, urdin handiak jaurtitzen zituzten zeru aldera, eta talde haiek guztiak su artifizial baten erdian inarrosten ari zirela irudi zuen orduan. Alde batzuetatik, jostaketa hark antzinakoen zibistika zekarren gogora, dantza militar moduko bat, ezpata eta labanen punten artean egiten dena; eta baliteke tradizio hura Asiaren erdialdeko herriek jaso izana. Baina zibistika tatariarra apartagoa zen, kolorezko suak dantzarien gainean kurubilka, eta soinekoen xafla txikiek milaka gar ñimiñoetan islatuz. Txinpartezko kaleidoskopio bat ematen zuen, ezin konta ahala konbinazio eskaintzen zituena dantzarien higitze bakoitzarekin.
Kazetari paristar batek zeharo jarria egon behar eszenografia modernoaren trikimailu guztietara, baina Alcide Jolivetek ezin izan zion eutsi buruko mugimendu bati, zeinak, Montmartreko bulebarraren eta Madeleine elizaren artean eginez gero, «ez dago gaizki! ez dago batere gaizki!» esan nahiko zukeen.
Gero, bat-batean, agindu izan balie bezala, soldaduen suak itzali, dantzak gelditu eta dantzariak aienatu ziren. Ospakizuna amaitua zen, eta zuziek baino ez zuten lautada argitzen, arestiko txinpart eta distira guztiak desagerturik.
Emirrak keinu bat egin eta Mikel Strogoff eraman zuten plazaren erdira.
—Blount —esan zion Alcide Jolivetek lagunari—, baduzu gogorik honen bukaera ikusteko?
—Ezta inondik inora ere —erantzun zion Harry Blountek.
—Daily Telegrapheko zure irakurleei, espero dut, ez zaizkie atsegin izango hilketa tatariar baten xehetasunak, ezta?
—Ez zure lehengusinari baino gehiago.
—Mutil gizajoa! —gehitu zuen Alcide Jolivetek, Mikel Strogoffi so—. Guda zelaian hiltzea merezi du soldadu ausartak!
—Zer edo zer egin dezakegu salbatzeko? —galdetu zuen Harry Blountek.
—Ezer ere ezin dugu egin.
Gogoan zuten bi berriemaileek nolako eskuzabaltasunez jokatu zuen Mikel Strogoffek berekin, orain bazekiten zer-nolako probak gainditu behar izan zituen, haren betebeharraren esklabo, eta ezin zuten ezer ere egin haren alde, errukia ezagutzen ez zuten tatariar haien erdian.
Zoritxarreko harentzat zer tortura gordea zuten ikusteko gogorik gabe, hirira itzuli ziren.
Handik ordubetera, lasterka zihoazen Irkutskeko bidean aurrera, Alcide Jolivetek aurretiaz «errebantxaren kanpaina» deitzen zuena errusiarren artean segitzeko asmotan.
Bien bitartean, Mikel Strogoffek, zutik, harrotasunez begiratzen zion emirrari, mesprezioz Ivan Ogareffi. Heriotzaren zain zegoen, eta, hala ere, nekez aurki zitekeen harengan ahulezi zantzurik.
Plaza inguruetan gelditutako ikusleak, bai eta Feofar Khanen buruzagitza nagusiko agintariak ere, hilketaren esperoan zeuden, haientzat beste jostaketa bat besterik ez baitzen tortura hura. Gero, jakin-mina aserik, mozkorkerian murgilduko zen samalda basati hura guztia.
Emirrak keinu bat egin zuen. Mikel Strogoff terrazara hurbildu zen zaindarien bultzakadaz, eta orduan, ongi ulertzen zuen hizkuntza tatariar hartaz, Feofar Khanek hitz egin zion:
—Ikustera etorri haiz, errusiarren espioi hori. Ikusi duk ba azkeneko aldiz. Berehala argitasunerako betiko itxita geratuko dituk hire begiak!
Ez zen heriotza izango, itsutasuna baizik, Mikel Strogoffen kondenazioa. Ikusmena galtzea, heriotza bera galtzea baino izugarriagoa beharbada! Itsutu egin behar zuten gizajo hura.
Hala eta guztiz, emirrak ezarritako zigorra entzun zuelarik, Mikel Strogoff ez zen kikildu. Sor eta gor geratu zen, begi handiak zabalik, bere bizitza osoa azken begirada batera bildu nahi izan balu bezala. Alferrik zen gizon anker haiei erreguka hastea, eta ezta duina ere, gainera. Burutik pasa ere ez! Pentsamendura haren egitekoa etorri zitzaion, erremediorik gabe huts egina; ama etorri zitzaion, eta Nadia; ez bata eta ez bestea berriz ikusiko ez zituena! Baina ez zuen utzi batere azaleratzen sentitzen zuen zirrara hori.
Gero, ase gabeko mendeku baten sentimenduak hartu zuen goitik behera. Ivan Ogareffengana itzuli zen.
—Ivan —esan zuen mehatxuka—. Ivan traidorea, nire begien azken mehatxua hiretzat izango duk!
Ivan Ogareffek sorbaldak jaso zituen.
Baina oker zegoen Mikel Strogoff. Bere begiak ez zitzaizkion betiko itzaliko Ivan Ogareffi begira zegoela.
Marfa Strogoff zutitu zen haren aurrean.
—Ama! —oihu egin zuen—. Bai! bai! Zuretzat nire azken begirada eta ez madarikatu horrentzat! Geldi zaitez hortxe, nire aurrean! Ikus dezadala oraindik zure aurpegi maitea! Zuri begira itxi daitezela nire begiak!
Siberiar zaharra hurbildu zen, deus esan gabe...
—Bota hemendik andre hori! —agindu zuen Ivan Ogareffek.
Bi soldaduk bultzatu eta Marfa Strogoffek atzera egin zuen, baina zutik iraun zuen, bere semearengandik hurbil.
Borreroa agertu da. Aldi honetan, sable biluzia darama eskuan, eta sable gori-gori hura ikatz usaintsuak erretzen diren sutontzitik hartu berria du.
Ohitura tatariarrari jarraituz itsutu behar dute Mikel Strogoff, galda-galdan dagoen sable bat begien aurrean pasatuz!
Mikel Strogoff ez da saiatu kontra egiten. Bere ama baizik ez du begietan, eta irentsi egiten du begiradaz. Haren bizitza osoa dago azken ikuskari honetan!
Marfa Strogoffek, begiak ezin irekiagoak, besoak harengana luzatuak, so egiten dio!...
Sablearen xafla goria Mikel Strogoffen begien aurrean pasatzen da.
Etsipenezko garrasi bat egin dute. Marfa zaharra lurrera erori da korderik gabe.
Mikel Strogoff itsu dago.
Aginduak beterik, emirrak alde egin zuen bere segizio guztiarekin. Segituan Ivan Ogareff eta eskuan zuzi bana zeukaten soldadu batzuk baizik ez zeuden plaza hartan.
Zer nahi zuen gizon zital hark? Bere biktima berriz ere iraindu eta borreroaren ondotik azken kolpea eman?
Ivan Ogareff pixkaka-pixkaka urreratu zen Mikel Strogoffen aldera. Hau, bazetorrela sentiturik, tente jarri zen.
Ivan Ogareffek gutun inperiala atera zuen sakelatik, ireki, eta, isekarik krudelena eginez, begi itzalien aurrean ipini zion tsarraren mandatariari.
—Irakur ezak orain, Mikel Strogoff, irakur ezak eta segi Irkutskera zer irakurri duan kontatzera! Tsarraren egiazko mandataria Ivan Ogareff duk!
Hori esanik, traidoreak gutuna bularrean gorde eta, burua atzera itzuli gabe, plaza utzi zuen, zuzidun soldaduak berekin eramanez.
Mikel Strogoff bakarrik gelditu zen, bere amarengandik urrats batzuetara. Ama korderik gabe zegoen, hilik agian.
Urrunean deiadarrak, kantuak, orgiaren zarata guztiak aditzen ziren. Tomskek festetan dagoen hiri baten pare distiratzen zuen, argiz bete-beterik.
Mikel Strogoffek belarria ernatu zuen. Plaza isilik zegoen eta inor gabe.
Bere ama jausi zen lekurantz joan zen narrasean, haztamuka. Eskuarekin aurkitu zuen. Harengana makurtu, aurpegia hurbildu eta haren bihotzaren taupadak entzun zituen. Gero, apal-apal hitz egiten ziola esan zitekeen.
Bizirik ote oraindik Marfa zaharra? Entzuten al zituen bere semeak esaten zizkionak?
Nolanahi ere, zirkinik ez zuen egin.
Mikel Strogoffek musu eman zion kopetan eta ile zurietan. Gero, jaiki eta, oinekin haztamuka, eskuak aurrera luzatzen saiatuz non zen jakiteko, plazaren muturrera joan zen astiro-astiro.
Nadia agertu zen supituki.
Bere bidelagunarengana jo zuen zuzen. Aldean zeraman labana batez baliatu zen Mikel Strogoffen besoetako sokak ebakitzeko.
Honek, itsuturik, ez zekien nork jaregin zuen, Nadiak ez baitzuen tutik ere esan.
Baina loturak askatu ondoren:
—Neba! —esan zion.
—Nadia! —xuxurlatu zuen Mikel Strogoffek—. Nadia!
—Hator, neba! —erantzun zion—. Nire begiak izango dituk ikusteko hemendik aurrera, eta neuk eramango haut Irkutskeraino!
© Jules Verne
© itzulpenarena: Karlos Zabala