IV

GARAIPENA OSPATZEN

 

        Tomsk 1604an sortu zuten, Siberiako probintzien muin-muinean ia. Garrantzi handiko hiria da, eta Tobolsk, 60. paralelotik gora kokatua, Irkutsk, 100. meridianotik hara eraikia, eta Errusia asiarreko gainerako biziguneek handitzen ikusi dute beren kaltean.

        Hala eta guztiz, Tomsk ez da probintzia zabal horretako hiriburua, gorago esan legez. Omsken bizi da probintziako gobernadore nagusia eta hara biltzen da mundu ofiziala. Tomsk da, ordea, lurralde honetako hiririk behinena. Hurbil ditu Altai mendiak eta khalkhen herrialdea, Txinako muga, alegia. Eta mendi horietan barrena gurdiak etengabe doaz mazelaz mazela Tom ibaiaren haran aldera, platinoa, urrea, zilarra, kobrea eta berun urreduna garraiatuz. Eskualdea aberatsa da, eta hiria ere bai, ustiategi oparoen erdigunean egonda. Hango etxeen luxua, hango altzariena, hango zalgurdiena, Europako hiri handien parekoa duzu. Dirudunak bizi dira hiri horretan, pikotx eta palarekin aberastutakoak, eta, tsarraren ordezkariaren bizileku izateko ohorea ez izan arren, beren artean daukate hiriko merkatarien burua, behintzat, zeina gobernu inperialeko meategien emakidadun nagusia den.

        Behinola, Tomsk munduaren azkenean zegoela irudi zuen. Haraino joan nahi zuenak bidaia luzea egiteko prestatu beharra zeukan. Orain, aitzitik, ibilalditxo bat besterik ez da, bidea inbaditzaileen oinpean ez dagoenean, behinik behin. Eta laster burdinbidea egingo dute Permekin lotzeko, Ural mendikatea gurutzatuz.

        Hiri polita ote da Tomsk? Horretaz bidaztiak bat ez datozela aitortu behar. Bourboulon andreak egun batzuk eman zituen bertan, Shanghaitik Moskura egin zuen bidaian, eta ez zitzaion oso ikusgarria iruditu. Haren deskripzioa ontzat hartuz gero, hiri kaskar bat baino ez da. Harrizko eta adreiluzko etxeak, karrika meharrak, eta guztiz bestelakoak Siberiako hiri handietan zabaltzen direnen aldean, auzune zikinak, gehienbat tatariarrez mukuru, eta mozkorrak erruz han eta hemen lasai-lasai, «zeinen mozkorkeria bera geldoa eta epela den, iparraldeko herri guztietan bezala!».

        Henry Russel-Killough bidaztia, berriz, miretsirik eta liluraturik utzi zuen Tomskek. Negu gorrian atorra zuria jantzirik ikusi zuelako ote, Bourboulon andreak udan baizik bisitatu ez zuen bitartean? Baliteke, eta gainera halako uste hedatua berrestera letorke, zenbait herrialde hotz sasoi hotzean ikustekoak direla, zenbait herrialde bero sasoi beroan ikustekoak diren gisan.

        Dena dela, Russel-Killough jaunak dioenez, Tomsk Siberiako hiririk politena ez ezik, munduko politenetako bat ere bada. Zutabez eta peristiloz apainduriko etxeak, egurrezko espaloiak, karrika zabal erregularrak, hamabost eliza, bikain-bikainak, Tom ibaiaren uretan islaturik, zeinaren zabalerak parerik ez duen Frantziako ibaien artean.

        Egia bi iritzi horien artekoa da. Tomsk, hogeita bost mila lagunen bizilekua, modu ikusgarrian hedatzen da mailaka-mailaka hegal aldapatsu samarreko mendixka batean gora.

        Baina munduko hiririk politena hiririk zatarrena bihurtzen da, inbaditzaileek hartzen dutelarik. Nork nahiko zuen miretsi garai hartan? Goarnizio finkoko soldaduak defendatzen saiatu ziren, baina zaldirik gabeko kosako batailoi gutxi haiek ezin inola ere aurre egin emirraren soldadu sailen erasoari. Jatorri tatariarreko biztanleek ez zieten batere abegi txarrik egin soldadu andanei, haiek bezala tatariarrak izanik, eta, denbora hartan, Tomsk hiria Kokand edo Bukharako khanerrien bihotzera aldatua zela ematen zuen, Errusian edo Siberian egon beharrean.

        Tomsken egin behar zien harrera emirrak bere tropa garaileei. Jai handia antolatua zuten haren omenez; kantariak, dantzariak, zaldi lasterketa iskanbilatsuak izango ziren, eta jarraian orgia eta zalaparta.

        Goi lautada zabal bat hautatu zuten ospakizun horretarako, eta gustu asiarraren arabera prestatu. Mendixkaren zati horretatik ehun bat oineko jauzia zegoen Tom ibairaino. Ikuspegi aparta ageri zen gain hartatik. Bistara azaltzen zen lurralde eremu hartan etxe dotoreak eta eliz dorreko kupula sabel-handiak nabarmentzen ziren aurrena; harago, ibaiaren jira-bira ugariak, eta, eszenaren atzealdean, lanbro beroaz bustitako oihanak. Pinu eta zedro erraldoiek, multzo zoragarrietan baturik, berdetasun marko xarmantean biltzen zuten ikuskizun hura guztia.

        Goi lautadaren ezker aldean, halako dekoratu liluragarri bat eraikia zegoen terraza handi batzuetan. Arkitektura bitxiko jauregi bat irudikatzen zuen, Bukharako monumentu erdi-mairu erdi-tatariar horietako bat, inondik ere. Jauregi horretatik gora, haren gain guztiak betetzen zituzten minareteen muturretan, lautadari itzala ematen zioten adar garaien artean, amiamoko bezatuak pilatzen ziren ehunka. Armada tatariarrarekin batera etorri ziren Bukharatik, eta bata bestearen kontra estutzen ziren, mugitzeari utzi gabe.

        Terraza haietan emirraren gortea kokatuko zen, eta, haren ondoan, khan aliatuak, khanerrietako goi agintariak eta Turkestango subiranoen haremak.

        Sultanen emazte haietatik gehienak Transkaukasiako eta Persiako merkatuetan erositako esklaboak baino ez ziren. Batzuek aurpegia agerian zeukaten, eta beste batzuek, aldiz, belo batez estalia, begiradetatik ezkutatzeko. Guzti-guztiak sekulako luxuaz zeuden jantzirik. Soingaineko dotore finak zeramatzaten, mahukak atzera jasoak eta polisoi europarraren antzera lotuak, beso biluziak agertzen zituztela. Haietan, besokoak ugari, bata bestearekin harribitxizko kateen bidez elkarturik, eta, esku txikien hatzetan, henna zukuz tindatutako azazkalak nabarmen. Soingaineko batzuek zetazko forradura zuten, armiarma sarea bezain fina, eta beste batzuk aladja leunaz eginak ziren, marra txikiko kotoi ehun horretaz. Soingainekoak apur bat mugitu eta fru-fru hots alai hori sortzen zuten, hain atsegina ekialdekoen belarrirako. Lehenengo jantzi horren azpian, brokatuzko gona dirdaitsuak, zetazko galtzen estalgarri. Galtzek, bota finetatik pixka bat gora loturik, oinetakoen irekidura airosak eta perlaz jositako brodatuak ikusten uzten zituzten. Eder-ederrak ziren beloz gorderik ez zeuden emakumeen begitarteak. Txirikorda luzeak zihoazkien ihesi durbante kolore-anitzetatik, begiak zoragarriak zeuzkaten, hortzak paregabeak, larruazala liluragarria. Bekain beltz-beltzak batzen zizkien ukendu batez eginiko marra arinak, eta betazalak grafito pittin bat emanda lausotuak zituzten, berezko edertasuna areagotuz.

        Estandarte eta bandera esekiek babesten zituzten terrazak, eta haien oinetan emirraren zaindari bereziak zebiltzan batetik bestera, sable bikoitz gakotua aldean, labana gerrikoan, hamar oineko lantza eskuan. Tatariar haietako batzuek makila zuri bana zeramaten, eta alabarda itzel bana beste batzuek, zilarrezko eta urrezko hariz egindako borlekin apainduak.

        Inguru osoan, goi lautada zabalaren atzealdetik Tom ibaian amaitzen ziren ezponda malkartsuetaraino, kolore eta itxura askotako jendetza pilatzen zen, Asiaren erdialdeko herri guztietatik etorria. Baziren han uzbekak, txano handiak buruan, arkume beltzaren larruz eginak, bizarrak gorri, begiak gris, tatariarren moldean jositako tunika antzeko bat jantzita, arlakuk izenekoa. Hara metatu ziren turkomanak ere, jantzi nazionala soinean, galtza luze koloretsua, gamelu zurdez ehunduriko jaka eta zamarra, txano gorri konikoak edo kanpai formakoak, bota altuak, Errusiako larruaz eginak, eta sable laburra eta ganibeta gerrikoan, uhal batetik zintzilik. Harago, haien jaunengandik hurbil, emakume turkomanak ageri ziren, ileetatik dilindan ahuntz ile txirikordatuak zeramatzatela adats luzagarri, soinean mantarra zabalik, urdinez, purpuraz edo berdez marraturiko djuba baten azpian, hanketan bildurik koloretako xingola gurutzatuak goitik behera, eta larruzko oskiak oinetan. Eta hantxe mantxuak ere, Errusiaren eta Txinaren arteko mugako herri guztiak emirraren esanetara altxatu izan balira bezala, kopeta eta lokiak ile-moztuak, adatsa zintzilik mototsean bildua, tunika luzea, gerrikoa zetazko atorraren gainean gerruntzea estutzen, txano arrautza formakoa, gerezi-koloreko satinez egina, ertzak beltz, zerrenda gorri. Eta haien alboan Mantxuriako emakume eredu miragarriak zebiltzan, apain-apain orraztuak, lore artifizialak jarriaz, urrezko orratzekin josirik, eta pinpilinpauxak xamur tartekatuaz ile beltzen artean. Eta, azkenik, mongoliarrek, bukhararrek, persiarrek, Turkestango txinatarrek osatzen zuten festa tatariar hartara gonbidatutako jendetza ikaragarri hura.

        Siberiarrak baizik ez ziren falta, inbaditzaileen ongi etorrian. Ihesi joateko aukerarik izan ez zutenak etxean sarturik zeuden, beldurrez, Feofar Khanek ez ote zuen aginduko haien ondasunak arpilatu eta errausteko, garaipenaren ospakizunari bukaera duina eman nahian.

        Laurak arte ez zen emirra plazan sartu, turuten eta dunbalen zalapartaren erdian, kanoien eta mosketeen desarraren artean.

        Feofar Khan bere zaldi kuttunaren gainean zetorren, aberearen burua diamantezko gandorrez apaindurik. Emirrak gudako janzkera zeraman artean. Haren alboetan Kokand eta Kunduzeko khanak zihoazen, bai eta khanerrietako goi agintariak ere, eta atzean haren buruzagitzako ofizial ugariak.

        Hartan, Feofarren lehenengo emaztea agertu zen terrazan, erregina, halako izendapena ematea balego Bukharako estatuetako sultanen andreei. Baina, erregina edo esklabo, jatorri persiarreko emakume hura eder-ederra zen. Musulmanen ohituraren kontra eta emirraren apetaz dudarik gabe, ez zuen ezkutatzen aurpegia. Adatsa lau txirikordetan jaitsi eta ferekatu egiten zion sorbalda ezinago zuria, zetazko oihal batek ozta-ozta estalia. Urrez ehundutako oihal hori txanoan sartzen zen atzealdetik, zeina harri bizi garestienez izarturik zegoen. Gona zeta urdinezkoa zeukan, kolore ilunagoko marra zabalekin. Haren azpian, zir-djameh zeraman, zetazko gazaz egina, eta gerruntze gainean pirahn izeneko mantarra, oihal berekoa, ireki egiten zitzaiona alai lepo aldera igo ahala. Baina, burutik oinetara, txanotik txinal persiarretara, hainbeste bitxi zeuzkan, hainbeste urrezko txanpon, zilarrezko harian sartuak, hainbeste katea ttiki, turkesez eginak, hainbeste firuzeh, Elburzeko meategi entzutetsuetatik atereak, hainbeste lepoko, kornalinez, agatez, esmeraldez, opaloez, zafiroez bete-beteak, ezen haren blusa eta gona harribitxiz ehunduak zeudela zirudien. Eta milaka eta milaka ziren haren lepoan, haren beso eta eskuetan, haren gerrian, haren oinetan ñir-ñir egiten zuten diamanteak. Milioika errublo emanda ere doi-doia ordainduko zenuen haien balioa, eta, jaurtitzen zuten distira biziari begira, uste izatekoa zen argindarren batek eguzki printzez egindako arku voltaiko bana pizten ziela barrualdean.

        Emirra eta khanak zaldi gainetik jaitsi ziren, bai eta haien segizioko jaun gorenak ere. Horiek guztiak lehenengo terrazara joan eta han altxatua zegoen denda bikain baten azpian jarri ziren eserita. Dendaren aitzinaldean, beti bezala, Koran liburua ipinia zuten mahai sakratu baten gainean.

        Feofarren gudalburuak ez zien luzaro itxaronarazi, eta, bostak baino lehen, turuta zoliek iristen ari zela iragarri zuten.

        Ivan Ogareff, —masaila-urratua deitua ordurako—, ofizial tatariarren uniformeaz jantzirik oraingo honetan, zaldiz inguratu zen emirraren dendaraino. Zabedieroko kanpamentuko soldadu sail bat harekin batera etorri eta plazaren bi aieketan hedatu ziren lerroz lerro, jostaketa lekua baino utzi ez zutela erdialdean. Urradura baten orbain zabalak ebakitzen zion begitartea zeihar.

        Ivan Ogareffek bere ofizial nagusiak aurkeztu zizkion emirrari, eta Feofar Khanek, hoztasunez, bere gorentasunari datxekion gisan, harrera egin zien pozik uzteko moduan.

        Horrela ulertu zuten, behintzat, Harry Blountek eta Alcide Jolivetek, bata bestearen ondoan beti, albiste ehizan elkar harturik, lehen ez bezala. Zabedierotik irten eta Tomskera sartuak ziren agudo. Asmo sendoa hartua zuten tatariarren ondotik alde egiteko agurrik esan gabe, lehenbailehen soldadu errusiarrekin biltzeko, eta, ahal izanez gero, haiekin Irkutskera joateko. Inbasioaren suteak, arpilatzeak eta hilketak ikusiak zituzten nazkaz eta gorrotoz, eta presa zuten armada siberiarraren lerroen artean egoteko.

        Hala ere, Alcide Jolivetek ez zuen Tomsk utzi nahi tropa tatariarren garaipen sarrera hura zenbait marrazkitan jaso gabe, bere lehengusinaren jakin-mina asetzeko besterik ez bazen ere, eta hala ulertarazi zion bere lankideari. Harry Blount bat etorri zen ordu batzuk han ematearekin. Baina Irkutskeko bideari lotuko zitzaizkion biak arratsalde hartan bertan, eta, zaldi egokien gainean zamalkatuz, emirraren esploratzaileak atzean uztea espero zuten.

        Alcide Jolivet eta Harry Blount, beraz, jendearen artean zebiltzan hara eta hona denari begira, jaialdiaren xehetasun bakar bat ere galdu gabe, ehun bat lerro eder emango baitzien beren kroniketarako. Feofar miretsi zuten bere handitasunean, eta miraz ikusi zituzten haren emazteak, haren ofizial eta zaindariak, eta ekialdeko arrandia hura guztia, zerikusirik batere ez duena Europako ospakizunetan agertzen denarekin. Baina mesprezioz biratu zuten burua Ivan Ogareff emirraren aurrera etorri zelarik; eta zain geratu ziren festa noiz hasiko, halako ezinegon baten mende.

        —Ikusten, Blount maitea? —esan zuen Alcide Jolivetek—. Goixko etorri gara! Burges zintzoak ematen dugu, sarrera-txartelaren diruari probetxu guztia atera nahian! Oraingo hau atarikoa besterik ez da, eta baleta hasi aurretik ez iristea eskatzen du gizalegeak.

        —Zein balet, ordea? —galdetu zion Harry Blountek.

        —Derrigorrezko baleta, arraioa! Baina antzerki oihala gora doala uste dut.

        Alcide Jolivet operan balego bezala hitz egiten ari zen, eta, largabistak zorrotik aterata, «Feofarren konpainiako lehenengo aktoreak» ikusteko prest jarri zen, zale aditu gisa.

        Baina usadio atsekabetsu batek aurre hartuko zien jostaketei.

        Izan ere, irabazlearen garaipena ezin oso-osoa izan garaituak plaza agerian makurrarazi gabe. Hori dela-eta, gatibu ehunka batzuk eraman zituzten soldaduek zartailupean. Feofar Khanen eta haren aliatuen aurretik desfilatu behar, gainerako presoekin hiriko espetxeetan pilatu baino lehen.

        Gatibu horien artean Mikel Strogoff zegoen aurreneko errenkadan. Ivan Ogareffen aginduak betez, soldadu pelotoi batek zaintzen zuen bereziki. Hantxe ziren haren ama eta Nadia ere.

        Siberiar zaharra, kementsua beti, kontuak berari zegozkionean, begitartea zurbil-zurbila zuen, ikara emateko modukoa. Gertakizun latza espero zuen. Bazen nahiko arrazoi haren semea emirraren aurrera eramateko. Dar-dar egiten zuen harengatik. Ivan Ogareffek ez zuen barkatuko andre zaharraren kontra altxatutako knut harekin jendaurrean hartutako kolpea, eta haren mendekua gupidarik gabekoa izango zen. Asiaren erdialdeko barbaroek gustuko duten tormentu izugarri horietako batek egiten zion mehatxu Mikel Strogoffi inondik ere. Ivan Ogareffek ongi baino hobeki zekien zertan ari zen harengana oldartu ziren soldaduak geldiarazi eta emirraren justiziarako gorde zuenean.

        Gainera, ama-semeek ezin izan zuten elkarrekin hitz egin Zabedieroko kanpamentuko eszena zoritxarrekoaren ondotik. Errukirik gabe bereizi zituzten bata bestearengandik. Hura zen ezbeharraren larriagotzea, penak elkarri arindu ezinean gatibu eman zuten egun haietan! Barkamena eskatu nahi zion Marfa Strogoffek semeari, nahi gabe sorturiko kaltearengatik, errua bere buruari egozten baitzion bere ama sentimenduak mendean hartu ez zituelako! Harengana joateko grinari eutsi izan balio Omskeko posta etxe hartan, aurrez aurre topatu zuelarik, Mikel Strogoffek aurrera segituko zuen inor konturatu gabe, eta zenbat nahigabe ez ziren saihestuko!

        Eta Mikel Strogoffek, bere aldetik, biei tormentu bera jasanaraziko zietela pentsatzen zuen; horregatik zegoen han bere ama, horregatik jarri zuen Ivan Ogareffek bere aurrean. Tormentu bera, eta beharbada heriotza lazgarri bera ere eman nahi zien traidore horrek nola amari hala semeari.

        Nadia, berriz, bere buruari galdezka ari zen ea zer egin zezakeen bata zein bestea salbatzeko, ea nola laguntza eman ama-semeei. Ezin deus ere asmatu! Baina halako sentimendu zehazgabe batek inoren arretarik ez bereganatzeko eskatzen zion, ezer nabarmentzekorik ez egiteko, txiki-txikia bihurtzeko, ikusezina izateraino! Horrela beharbada aukera izango zuen lehoia ixten zuen kaiola marraskatzeko. Nolanahi ere, jarduteko egokiera etorriz gero, jardungo zuen, nahiz bere bizitza eskaini behar Marfa Strogoffen semearenaren truke.

        Bien bitartean, preso gehienak igaro ziren emirraren aurretik, eta, haren parera iristean, ahuspez jarri behar izan zuten, kopeta lurrean, morrontzaren seinale. Era umiliagarri horretan hasten zen haientzat esklabotasuna. Koitadu haiek burua motelegi makurtzen bazuten, zaindarien esku zakarrak lurrera botatzen zituen bortizki.

        Alcide Jolivet eta haren laguna ezin egon ikuskizun hari begira guztiz haserretu gabe.

        —Doilorkeria hutsa da! Goazen! —esan zuen Alcide Jolivetek.

        —Ez! —erantzun zion Harry Blountek—. Den-dena ikusi beharra dago!

        —Den-dena ikusi!... A! —oihu egin zuen bat-batean Alcide Jolivetek, lagunari besotik oratzen ziola.

        —Zer duzu? —galdetu zion.

        —Begira, Blount, nor dagoen han!

        —Nor?

        —Gure bidelagunaren arreba! Bakarrik eta gatibu! Zer edo zer egin behar dugu...

        —Lasai egon zaitez —esan zion Harry Blountek hotz—. Haren alde zerbait egiten saiatu eta kalte gehiago ekartzen ahal diogu mesede baino.

        Alcide Jolivet aurrera jotzeko prest zegoen, baina gelditu egin zen, eta Nadia, ezertaz ohartzeke, bere ileak aurpegi erdia estaltzen baitzion belo baten antzera, emirraren aurretik pasa zen txanda etorri zitzaionean, arretarik bereganatu gabe.

        Gero, Nadiaren ondotik, Marfa Strogoff iritsi zen. Bere burua lurrera azkar bota ez, eta zaindariek basakeriaz bultzatu zuten.

        Marfa Strogoff erori egin zen.

        Haren semeak suminaldi ikaragarria izan zuen, soldadu zaindariek kasik ezin menderatzekoa.

        Baina Marfa zaharra jaiki zen, eta handik zeramatenean, Ivan Ogareffek esku hartu zuen.

        —Gera bedi hemen andre hori! —esan zuen.

        Nadia, aldiz, beste gatibuen artera bota zuten. Ivan Ogareffen begiak ez zion erreparatu.

        Mikel Strogoff emirraren aurrera ekarri zuten orduan, eta hantxe geratu zen zutik, begiak apaldu gabe.

        —Kopeta lurrera! —oihu egin zion Ivan Ogareffek.

        —Ez! —erantzun zion Mikel Strogoffek.

        Bi zaindarik makurrarazi nahi izan zuten, baina haiek erorarazi zituen lurrera gizon gazte indartsuaren eskuak.

        Ivan Ogareff harengana aurreratu da.

        —Hiltzera hoa! —esan dio.

        —Hilko nauk —ihardetsi dio harro Mikel Strogoffek—, baina hiri sekula ez zaik joango traidore aurpegi horretatik knutaren seinale laidogarria!

        Ivan Ogareff zurbildu da modu beldurgarrian, erantzuna entzutearekin batera.

        —Nor da gatibu hori? —galdetu du emirrak ahots lasai bezain mehatxagarriz.

        —Errusiarren espioi bat —esan dio Ivan Ogareffek.

        Mikel Strogoffi espioi lana leporaturik, bazekien haren kontrako epaia izugarria izango zela.

        Mikel Strogoff Ivan Ogareffenganantz joan zen.

        Soldaduek geldiarazi zuten, ordea.

        Emirrak keinu bat egin eta jendetzak bizkarra okertu zuen. Gero, Koran liburua eskuz seinalatu eta ekarri egin zioten. Liburu sakratua zabaldu eta hatza ipini zuen haien orrialderen batean.

        Halabeharrak erabakiko zuen Mikel Strogoffen etorkizuna; halabeharrak edo Jainkoak, hobeki esanda, ekialdekoen pentsamoldeari jarraituz. Asiaren erdialdeko herriek fal esaten diote ohitura horri. Epailearen hatzak ukituriko txatalaren esanahia argitu eta epaia betearazten dute, edozein izanik ere.

        Emirrak hatza Koranen orrialde batean ipinia zuen. Ulemen burua hurreratu eta ahots goraz irakurri zuen txatala, honelako hitzekin amaitzen zena:

        —Eta ez du berriro ikusiko lurreko gauzarik.

        —Errusiarren espioia —esan zuen Feofar Khanek—, tatariarren kanpamentuan zer gertatzen den ikusteko asmoz etorri haiz! Begira, bada, begira ezak begiak zabal-zabalik! Begira!

 

 

 

© Jules Verne

© itzulpenarena: Karlos Zabala

 

 

"Jules Verne / Mikel Strogoff" orrialde nagusia