III
HAR EZAK ORDAINA
Horretan zeuden Marfa Strogoff eta Nadia bata bestearen aurrean. Siberiar zaharrak dena ulertu zuen, eta neska gazteak bere lagun maitagarria artean bizirik zegoela ez bazekien ere, bazekien, behinik behin, gizon zintzo hura bere amatzakoaren semea zela, eta eskerrak ematen zizkion Jainkoari andre gatibu haren ondoan seme galdua ordezkatzeko poza eman ziolako.
Baina ez batak eta ez besteak ezin jakin zezakeen Mikel Strogoff, Kolivanen atzemanda, haien preso talde berean zegoela eta haiek bezala Tomskera zihoala.
Gatibu guztiak multzo berean elkartu zituzten, bai Ivan Ogareffek ekarritakoak, bai emirrak kanpamentu tatariarrean zaintzen zituenak. Zorigaiztoko haiek, errusiarrak edo siberiarrak, militarrak edo zibilak, milaka batzuk ziren, eta osatzen zuten andanak hainbat verstako luzera zeukan. Haien arteko arriskutsuenak katea bati girgiluz loturik zihoazen. Baziren emakumeak, baziren umeak, zaldi zelatik zintzilik edo loturik, gupida gabe herrestan eramanak bideetan barrena! Bultzaka zerabiltzaten guztiak, giza azienda balira bezala. Zaindariek eta gidariek nolabaiteko ordenaz ibiltzera behartzen zituzten zaldi gainetik, eta inor ez zen atzean geratzen, lurrera erori eta berriz altxatzen ez zirenak izan ezik.
Modu hartan, Mikel Strogoff, kanpamentu tatariarretik irtendako presoen lehenbiziko lerroetan kokatua, hau da, Kolivango gatibuen artean zihoala, ezin zen nahasirik agertu azken orduan Omsketik ekarritakoekin. Ezin, beraz, susmatu konboi hartan bere ama eta Nadia zeudela, haiek bera zegoela susmatu ezin zuten era berean.
Kanpamentutik Tomskerako bidaia latza izan zen denentzat, hilgarria asko eta askorentzat. Estepan barrena zihoazen, soldaduen zartailuen pean, bide zikin batean aurrera, emirrak eta haren abangoardiak harrotutako hautsa arnastuz. Agudo ibiltzeko agindua emana zuten. Gutxitan gelditzen ziren, eta aldi labur-laburrez baino ez. Ehun eta berrogeita hamar versta eguzki galdatan, amaiezinak iruditu behar, ahalik lasterrena eginda ere!
Eskualde antzua da Obi ibaiaren eskuinetik ekialdera zabaltzen dena, lur elkorrak Saian mendietatik iparrera ateratzen den gailur segidaren oinetara iritsi artekoak. Lautada mugagabearen monotonia sasi banaka batzuek ozta-ozta hausten dute, iharrak, kiskaliak. Han ez dago sororik, urik ez baitago, eta uraren falta zen gatibuek gehien nozitzen zutena, ibilaldi nekezak egarriturik. Erreka bat aurkitzeko, berrogeita hamar bat versta ekialdera ibili behar, urak Obi eta Jenisei arroen artean banatzen dituen gailur segidaraino. Han, hegotik iparrera doazen mendi horien oinetan, Tom ibaia ageri da, Obiko adar txikia, Tomsk zeharkatzen duena Siberiako ur lasterrik handienetako batean isuri eta galdu baino lehen. Han, ura nasai da nonahi, estepa hezeagoa, tenperatura epelagoa. Baina agindu zorrotzak emanak zizkieten konboiko buruei Tomskera biderik laburrenez joateko, arriskua baitzegoen beti ere errusiarrak iparraldeko probintzietatik jaitsi, albo batetik eraso egin eta emirraren armada bitan zatiturik geratzeko. Eta Siberiako bide nagusiak Tom ibaiaren bazter urtsuak alde batera uzten bazituen ere, bai behintzat Kolivandik Zabediero izeneko herrixkaraino, bide nagusi horri jarraitu beharra zuten.
Alferrik da hainbeste gatibu urrikalgarriren sufrikarioa behin eta berriz aipatzea. Ehunka batzuk lurrera erori ziren, eta hantxe gelditu gorpu, negua etorri eta otsoek haien azken hezurrak irentsi arte.
Nadia, esan bezala, prest zegoen beti andre siberiar zaharrari laguntza emateko, eta horrelaxe jokatzen zuen Mikel Strogoffek ere bere zorigaitzeko lagunekin. Ez zeramaten loturik, eta ahal zuen guztian laguntzen zien ingurukoei, bera baino ahulagoak izaki. Hangoei bihotz ematen zien, hemengoei eutsi egiten zien eror ez zitezen, hara eta hona zebilen giza ilara luze hartan atsedenik hartu gabe, harik eta zaldizko baten lantzak bere lekura itzularazi zuen arte.
Zergatik ez zuen ihes egiten? Bada, asmo sendoa hartua zuelako ihesa segurua ez zen bitartean estepan barrena ez saiatzeko. Setati zegoen Tomskeraino «emirraren bizkar» joateko, eta, arrazoi zuen, azken batean. Destakamendu ugari zebilen lautada arakatzen konboiaren bi aldeetan, orain hegoaldean, orain iparraldean, eta hura ikusita garbi zegoen ezin zirela bi versta egin berriz ere harrapatua izan gabe. Zaldizko tatariarrez josia zegoen alderdi osoa, eta, batzuetan, lur azpitik sortzen zirela zirudien, euri erauntsiak lur azalera erruz ateratzen dituen zomorro kaltegarrien pare. Beraz, gauzak zeuden bezala, ihesa zaila zen oso, ezinezkoa ez bazen. Eskoltako soldaduak adi eta zurt zebiltzan, presoei begirik kendu gabe, burua galduko baitzuten zainketa lanean huts eginez gero.
Azkenik, abuztuaren 15ean, arrats apalean, konboia Zabedieroko herrixkara iritsi zen, Tomsketik hogeita hamar bat verstara. Toki hartan, bideak eta Tom ibaiak bat egiten zuten.
Gatibuak ibai hartako uretara joango ziren lasterka lehen-lehenik; baina zaindariek ez zieten utzi errenkadak desegiten geldialdia antolatu arte. Tom ibaiko urak mendiko errekasto bizia zirudien urtaro hartan, jauzika eta bortxaz aurrera zihoala, baina gatiburen batek ihesari eman ziezaiokeen, ausardiaz edo etsi gaiztoz, eta zainketa neurri gogorrak hartu beharrean zeuden aurrena. Zabedieron txalupak konfiskatu eta finko jarri zituzten bata bestearekin amarratuz, gainditu ezineko oztopo pila eratzen zutela. Eta kanpamentuko muga, herri txikiaren lehenengo etxeetan berme harturik, eten ezineko zaintzaile lerro baten ardurapean gelditu zen.
Mikel Strogoffek estepan zehar abiatzea pentsa zezakeen une hartatik aurrera, baina, egoera zertan zen ongi begiztatu ondoren, handik ihesi joatea ezinezkoa zela ulertu zuen, eta, inolako estutasunean gertatzeko gogorik gabe, zain geratu zen.
Presoek gau osoa Tom ibaiaren ur ertzetan eman behar zuten. Emirrak, izan ere, hurrengo egunerako atzeratu zuen tropak Tomsken sartzea. Jaialdi militar bat antolatu zuten hiri garrantzizko hartan tatariarren kuartel nagusia inauguratuko zela ospatzeko. Feofar Khan gotorlekuan kokatua zen bezperatik jada, baina armada gehien-gehiena harresietatik kanpo zegoen, ospe handiz noiz sartuko zain.
Ivan Ogareff, emirra Tomsken utzirik, Zabedieroko kanpamentura itzuli zen. Handik abiatzekoa zen biharamunean armada tatariarraren atzealdearekin. Etxe bat atondu zioten, bertan gaua igarotzeko. Egunsentian, zaldizkoak eta oinezko soldaduak, haren buruzagitzapean, Tomsk aldera irtengo ziren, non emirrak ekialdeko subiranoen ohiko hotsandiaz egin nahi zien harrera.
Geldilekua antolatu eta gero, gatibuek, hiru eguneko bidaiarengatik leher eginak, egarriz erretako eztarria busti ahal izan zuten azkenean eta atseden pittin bat hartu.
Eguzkia sartua zen ordurako, baina zerumuga argitsu zegoen artean ilunabarreko azken printzekin, Nadia Tom ibaiaren ertzera iritsi zenean, Marfa Strogoffi eutsika. Ordu arte ezin uretara hurbildu ibai bazterra mukuru betetzen zuten preso lerroak zirela-eta, eta orain edateko txanda iritsi zitzaien azkenik.
Andre zaharra ibai ertzerantz makurtu, eta Nadiak eskua ur fresko hartan sartu zuen eta Marfaren ezpainetara eraman. Gero, bere burua freskatzeari ekin zion. Bizia berreskuratu zuten zaharrak eta gazteak ur onuragarri haiek edanda.
Halako batean, ur ertza uztera doazelarik, Nadia tente-tente jarri da. Garrasi bat ihesi joan berri zaio nahi gabe.
Mikel Strogoff dago hantxe, pauso batzuk harago!... Bera da!... Eguneko azken izpiek argitzen dute oraindik!
Nadiaren oihua entzunik, bihotza dardaraz ipini zaio Mikel Strogoffi... Baina bere buruaren jabetza erabat galdu ez, eta mingainari eutsi dio estualdian jarriko duen hitzik ez ahoskatzeko.
Eta, halere, Nadiarekin batera, bere ama ere ikusi du!...
Mikel Strogoff, ezusteko topaketak eraginda eta senetik kanpo sentitzen dela, eskua begietara eraman eta segituan urrundu da handik.
Nadia harengana oldartu da barruak agindurik, baina siberiar zaharrak belarrira hitz egin dio xuxurla batean:
—Geldi, alaba!
—Bera da! —erantzun dio Nadiak, bihotzeko zartadak hitzak etenaraziz—. Bizirik dago, ama! Bera da!
—Neure semea dun —esan dio Marfa Strogoffek—, Mikel Strogoff dun, eta ez dun ikusten pausorik ez dudala ematen haren aldera? Alaba, egin ezan nik bezala!
Gizon batek har dezakeenik eta zirrara ikaragarrienak astindu berri zuen Mikel Strogoff goitik behera. Ama eta Nadia han ziren. Bi gatibu haiek, bihotzean kasik nahasi egiten zitzaizkion bi emakume haiek, bata bestearengana bultzatu zituen Jainkoak ezbehar hartan! Nadiak jakingo ote nor zen zinez? Ez, argi ikusi zuen nola Marfa Strogoffek geldiarazi zuen keinu batez harengana abiatzekotan zela. Marfa Strogoffek bazekien guztiaren berri eta gorde egiten zuen bere sekretua.
Gau hartan, Mikel Strogoff hogei aldiz egon zen bere amaren bila joateko zorian, baina ongi baino hobeki ulertu zuen eutsi egin behar ziola ama besoetan hartzeko grina biziari, lagun gaztearen eskua berriz estutzeko gogo bortitzari. Arinkeriarik txikienak ere galbidean jar zezakeen. Gainera, ama ez ikustea zin egin zuen... eta ez zuen ikusiko, ez nahita, bederen. Behin Tomskera iritsita, gau hartan bertan ezin eta, ihesi joango zen estepan aurrera bi gizaki haiek besarkatu ere egin gabe, hantxe utziko zituen arrisku larrien mende bere bihotz guztia hartzen zioten bi emakumeak!
Mikel Strogoffek arrazoiz pentsa zezakeen Zabedieroko kanpamentuko topaketa hark ondorio txarrik ez zuela izango ez bere amarentzat, ezta beretzat ere. Ez zekien, ordea, Sangarre, Ivan Ogareffen espioia, eszena haren xehetasun batzuez ohartu zela, dena aitaren batean gertatu bazen ere.
Buhamea han zegoen, ur bazterrean, siberiar zaharra aldetik aldera zelatatzen betiko antzera, hura konturatu gabe. Ez zuen Mikel Strogoff ikusi, jendearen artean aienatua baitzen burua alde hartara jiratu zuenerako; baina bai erreparatu zion amak Nadia geldiarazteko eginiko keinuari, eta Marfaren begien distirak dena ulertarazi zion.
Zalantza izpirik gabe, Marfa Strogoffen semea, tsarraren mandataria, Zabedieron zegoen une hartan, Ivan Ogareffen gatibu ugarien artean!
Sangarrek ez zuen ezagutzen, baina han zela bazekien! Haren bila ez zen saiatu, ordea, alferrik izango zen-eta hango itzaletan eta jendetza handi haren erdian.
Eta alferrik izango zen, era berean, Nadia eta Marfa Strogoff zelatatzen segitzea ere. Nabaria zen bi emakumeek begiak zabalik egongo zirela eta inola ere ez zutela esango edo egingo ezer tsarraren mandataria arriskuan jartzeko modukorik.
Beraz, pentsamendu bakar batek bete zuen buhamearen gogoa: Ivan Ogareffi ohartaraztea. Horretarako irten zen kanpamentutik berehalako batean.
Ordu laurden bat geroago, Zabedierora iritsi eta emirraren gudalburuaren etxera eraman zuten.
Ivan Ogareffek etxean sartu orduko hartu zuen.
—Zer behar dun, Sangarre? —galdetu zion.
—Marfa Strogoffen semea kanpamentuan zagok —erantzun zion.
—Preso?
—Preso!
—Ez da izango? —oihu egin zuen Ivan Ogareffek—. Jakingo dinat...
—Ezin duk ezer ere egin —esan zion buhameak—, ez baituk ezagutzen!
—Baina hik bai, hik ezagutzen dun! Ikusi egin dun, Sangarre!
—Ez diat hura ikusi. Haren amak egindako keinu bat ikusi diat, eta horrek azaldu zidak guztia.
—Begiak ez din huts eman?
—Ez zidak huts eman.
—Hik badakin nolako garrantzia ematen diodan mandatari horren atxiloketari —esan zuen Ivan Ogareffek—. Moskun eman dioten gutuna Irkutskera iritsiz gero, duke handiaren eskuetan utziz gero, zain eta erne jarriko dun, eta ezin izango naun harenganaino heldu! Gutun hori kosta ahala kosta eskuratu behar dinat! Eta hi etorri, eta gutun horren eramailea nire mende daukadala esaten didan! Berriz esango dinat, Sangarre, begiak ez din huts eman?
Ivan Ogareffek bihotza pilpilka egin zuen berba. Gutuna bereganatzeari sekulako garrantzia ematen ziola adierazten zuen haren zirrarak. Sangarre ez zen batere artegatu Ivan Ogareffek galdera berriro ere errepikatu ziolako.
—Begiak ez zidak huts eman, Ivan —erantzun zion.
—Baina, Sangarre, milaka gatibu zauden kanpamentuan, eta Mikel Strogoff ezagutzen ez dunala esaten dun!
—Ez —esan zion buhameak, begietara poztasun basatia ageri zitzaiola—, ez diat ezagutzen, baina bere amak bai! Ivan, haren ama mintzarazi beharra zagok!
—Bihar mintzatuko dun! —esan zuen Ivan Ogareffek garrasi eginez.
Buhameari eskua luzatu, eta hark muin eman zion, ezer umiliagarririk ez zegoela iparraldeko leinuen artean hain arrunta den begirunezko ekintza horretan.
Sangarre kanpamentura itzuli zen. Nadia eta Marfa Strogoff non zeuden aurkitu, eta haiei begira igaro zuen gaua. Andre zaharra eta neska gaztea ez ziren lokartu, birrin-birrin eginda egon arren. Kezka larregi loa ez galtzeko. Mikel Strogoff bizirik, baina gatibu, haiek bezala! Ba ote zekien Ivan Ogareffek, eta, jakin ezean, ez zuen ikasiko azkenean? Nadiak pentsamendu bakarra zuen, hildakotzat hartutako bere bidelaguna bizirik zegoela! Baina Marfa Strogoff harantzago zegoen begira, etorkizunerantz, eta, bere buruaz ardura gutxi izanik ere, beldur zen, arrazoi handiz, semeari zer gertatuko.
Sangarre, ezari-ezarian bi emakumeengana joana zen ilunpetan, eta haien aldamenean gelditu hainbat orduz, belarria adi... Baina ezin deus ere entzun. Barrenak zuhurtzia eskatu, eta Nadiak eta Marfa Strogoffek hitzik ez zioten egin elkarri.
Biharamunean, abuztuak 16, goizeko hamarrak inguruan, turuta zaratatsu batzuk durundi egin zuten kanpamentuko mugan. Soldadu tatariarrak prest agertu ziren segituan, armak eskuetan.
Ivan Ogareff, Zabedierotik atera ondoren, kanpamentura iristen ari zen bere buruzagitza nagusiko ofizial tatariar ugarien erdian. Begitartea inoiz baino ilunagoa zeukan, eta amorru ito batek osoki hartua zuela adierazten zuten haren hazpegi uzkurtuek. Lehenbiziko egokieran bortxaz lehertuko zitzaion haserre bizi hura.
Mikel Strogoffek, gatibu talde batean galdurik, gizon hura pasatzen ikusi zuen. Zerbait ikaragarria gertatzekotan zegoela eman zion bihotzak, Ivan Ogareffek ongi baitzekien Marfa Strogoff Mikel Strogoffen ama zela eta Mikel Strogoff tsarraren mandatarigoaren kapitaina.
Ivan Ogareff kanpamentuko erdigunera ailegatu zen. Zaldi gainetik jaitsi eta haren eskoltako zaldizkoek zirkulu handi bat osatu zuten haren jiran.
Orduan Sangarre hurreratu eta hauxe esan zion:
—Zaharrak berri, Ivan!
Ivan Ogareffek ofizialetako bati agindu motz bat emanez erantzun zuen.
Berehalakoan, soldaduek gatibuen taldeak miatu zituzten zakarkeriaz. Dohakabe haiek, zartailu kolpez akuilaturik edo lantzen makilaz bultzaturik, arin bai arin altxatu eta kanpamentuko bueltan paratu ziren. Lau lerro soldadu, zutik edo zaldi gainean, atzean jarri zitzaizkien, ihesaldia guztiz oztopatzeko.
Isiltasuna nagusitu zen, eta, Ivan Ogareffek keinu bat egin zionean, Sangarrek Marfa Strogoff zegoen taldera jo zuen.
Siberiar zaharrak nola zetorren ikusi eta zer gertatuko zen ulertu zuen. Mespreziozko irribarrea ezpainetaratu zitzaion. Gero, Nadiarenganatz makurtuz, ahopeka hitz egin zion:
—Alaba, hemendik aurrera hik ez naun ezagutzen! Gertatzen dena gertatzen dela, eta den gogorrena izanda ere, hitzik ez, keinurik ez! Hura salbatzea dun kontua, eta ez ni.
Une hartan, lipar batez begiratu eta gero, Sangarrek eskua jarri zuen siberiar zaharraren sorbaldan.
—Zer nahi naun? —galdetu zion Marfa Strogoffek.
—Hator! —erantzun zion Sangarrek.
Eta zirkuluaren erdira eraman zuen bultzaka, Ivan Ogareffen aurrera.
Mikel Strogoffek betazalak ia itxian zeuzkan, haren begien distira inork ez ikusteko.
Marfa Strogoff, Ivan Ogareffen parera iristean, gorputza tentetu, besoak gurutzatu eta zain gelditu zen.
—Zu zara Marfa Strogoff? —bota zion Ivan Ogareffek.
—Bai —erantzun zion siberiar zaharrak patxadaz.
—Atzera egiten duzu ala orain dela hiru egun Omsken esandakoari eusten diozu?
—Esandakoari eusten diot.
—Beraz, ez dakizu zure semea, Mikel Strogoff, tsarraren mandataria, Omsken izan zela?
—Ez dakit.
—Eta posta etxean semetzat hartu zenuen gizona, ez zen benetan zeure semea?
—Ez zen neure semea.
—Eta gero, ez duzu ikusi preso hauen artean?
—Ez.
—Eta erakutsiz gero, ezagutuko zenuke?
—Ez.
Erantzunak deus ez aitortzeko erabaki irmoa hartua zuela frogatzen zuen, eta marmar bat sortu zen jendearen artetik.
Ivan Ogareffek ezin eutsi zion mehatxuzko imintzio bati.
—Entzun ezazu —esan zion Marfa Strogoffi—, zure semea hemen dago, eta zuk oraintxe bertan hatza luzatu eta nor den esango diguzu.
—Ez.
—Omsken eta Kolivanen atzemandako gizon hauek guztiak zure begien aurrean pasako dira, eta Mikel Strogoff nor den esaten ez baduzu, zure aurretik pasa diren gizonak adina kolpe hartuko dituzu knutez jota!
Ivan Ogareff konturatuta zegoen, mehatxuak mehatxu, torturak tortura, andre siberiar hezigaitz hura ez zela mintzatuko. Jai zuen harekin, tsarraren mandataria nor zen aurkitzeko, baina Mikel Strogoffek berak bere buruari traizio egingo ziola espero zuen. Barne indar batek biak galduko zituelakoan zegoen, ama-semeak bata bestearen aurrean egoterakoan. Jakina, gutun inperialaz jabetu besterik nahi izan ez balu, gatibu guztiak arakatzeko agindua emango zuen eta kito; baina gutuna irakurri eta mila zatitan puskaturik bazterren batera botea egon zitekeen ordurako. Estalkia kendu behar zioten Mikel Strogoffi, bestela Irkutskera iritsiko zen, eta Ivan Ogareffen asmoak huts emango. Gutuna ez ezik, haren eramailea ere harrapatu behar zuen traidoreak, beraz.
Nadiak guztia entzun eta Mikel Strogoff egiatan nor zen jakin zuen, nor zen eta zergatik nahi zituen Siberiako probintzia inbadituak gezurrezko nortasunaz zeharkatu!
Ivan Ogareffek agindua eman eta gatibuak banan-banan pasa ziren Marfa Strogoffen aurretik. Andre zaharrak estatua bat bezain geldirik so egiten zien, erabateko axolagabekeria begiradan.
Haren semea azkenekoen artean zegoen. Txanda iritsi eta bere amaren aurretik pasa zenean, Nadiak begiak itxi zituen ez ikusteko!
Mikel Strogoff sentimendurik azaleratu gabe igaro zen, itxuraz, baina esku azpiak odoletan zituen, azazkalak haragian sartu-sarturik.
Porrot eginda geratu ziren Ivan Ogareffen asmoak!
Sangarrek, haren alboan ipinita, hitz bakar bat baino ez zuen jaulki:
—Knuta!
—Bai! —garrasi egin zuen Ivan Ogareffek senetik aterea—. Knuta atso alproja honentzat, eta jo ezazue hil arte!
Soldadu tatariar bat Marfa Strogoffengana inguratu da, tortura tresna ikaragarri hori eskuan daramala.
Knutak hainbat uhal dauzka, larruzkoak, eta, haien muturretan loturik, burdin hari bihurritu bana. Ehun eta hogei kolpeko zigorrak heriotza omen dakar. Marfak badaki hori, baina badaki orobat inolako torturak ez duela mintzaraziko, eta bere burua eskaintzeko gertu dago.
Bi soldaduk oratu eta lurrera bota dute, belauniko jarraraziz. Soinekoa urratu eta bizkar biluzia agerian geratu da. Sable bat ipini diote bularraren aurrean, oso hurbil. Mina ezin pairaturik etsiz gero, erdiz erdi zeharkatuko lioke bihotza punta zorrotz horrek.
Tatariarra zutik geratu da.
Zain dago.
—Hasi! —esan du Ivan Ogareffek.
Zartailuak txistu egin du airean...
Baina, bizkarra jo aurretik, esku batek kendu egin dio tatariarrari indarrez.
Hantxe zegoen Mikel Strogoff! Ezin geldirik egon eszena lazgarri hura ikusita, eta jauzi egin zuen aurrera! Ixingo posta etxean eutsi egin zion bere buruari, Ivan Ogareffen zartailuak jo zuelarik; baina, hantxe, haren amari kolpea eman beharrean zeudela, ezin bere burua mendean eduki.
Ivan Ogareff zen garailea.
—Mikel Strogoff! —oihu egin du.
Gero, aurrera eginez:
—A! Ixingo gizona? —galdetu du.
—Hura bera! —esan dio Mikel Strogoffek.
Eta, knuta gora altxaturik, urratu egiten dio aurpegia Ivan Ogareffi alderik alde.
—Har ezak ordaina! —esan dio. Eta deiadar bat irten zaio Ivan Ogareffi eztarritik, oinazez eta amorruz betea.
—Ongi emana! —garrasi egin zuen ikusleren batek, eta hango jendetzan galdu zen, zorionez.
Hogei soldadu oldartu ziren Mikel Strogoffengana, eta hiltzekotan zeuden.
Baina Ivan Ogareffek geldiarazi zituen keinu batez.
—Emirraren justiziak zigortuko du —esan zuen—. Araka ezazue!
Arma inperialez zigilaturiko gutuna aurkitu zuten Mikel Strogoffen bularraldean, suntsitzeko betarik ez baitzuen izan, eta Ivan Ogareffi eskuratu zioten.
«Ongi emana» garrasi hura nork botako zuen, eta Alcide Jolivet kazetariak. Bi berriemaileak Zabedieroko kanpamentuan gelditu eta hantxe zeuden ikuskizunari begira.
—Alajaina! —esan zion Harry Blounti— Iparraldeko jende hauek ongi gizon gogorrak dira! Aitor ezazu azalpenen bat zor diogula geure bidelagunari! Korpanoff edo Strogoff, batek hainbat balio du besteak! Ederra ordaina Ixingo auzian!
—Bai, ongi halere —erantzun zion Harry Blountek—, baina horrenak egin du. Hobe zuen Strogoffek hartaz oraindik oroitu ez izana.
—Eta bere ama knutaren kolpez hiltzen utzi?
—Zorte hobea eman al die amari eta arrebari beroaldi horrekin? Horretan zaude?
—Ni ez nago ezertan, nik ez dakit ezer —erantzun zion Alcide Jolivetek—, baina nik gauza bera egingo nuen haren lekuan izanez gero! Hura sastakoa! Eta, zer arraio! Odola irakitan utzi behar noizean behin! Ura jarriko zigun Jainkoak zainetan odolaren ordez, beti eta nonahi lasai eta bare nahi izan bagintu!
—Pasadizo ederra kronika baterako! —esan zuen Harry Blountek—. Ivan Ogareffek gutunean zer jartzen duen esango baligu, besterik ez bada!...
Gutun horren zigilu lakratua hautsi berria zuen Ivan Ogareffek, aurpegia zikintzen zion odol jarioa geldiarazi ondoren. Irakurri eta irakurri jardun zuen luzaro, haren eduki guzti-guztia barrendu nahi izan balu bezala.
Gero, aginduak eman zituen Mikel Strogoff estu lotzeko eta gainerako gatibuekin Tomskera bidaltzeko, eta, Zabedieroko tropen buru jarririk, hiri aldera abiatu zen, danbor eta turuten soinu burrunbatsuaz lagundurik, emirra haren zain zegoen eta.
© Jules Verne
© itzulpenarena: Karlos Zabala