II

ALCIDE JOLIVETEN MUZINA

 

        Armada sail oso bat zekarkion Ivan Ogareffek emirrari. Omsk hiriaz jabetuak ziren zaldizko eta oinezko gerlari haiek. Ivan Ogareffek ezin izan zuen goiko hiria azpian hartu, non, ez da ahaztu behar, gobernadorea eta goarnizioa babestu ziren, baina, hala ere, aurrera jarraitzera deliberatu zuen, ez baitzuen nahi ekialdeko Siberia konkistatzeko egin beharreko lanak atzeratzerik. Omsken soldadu talde nahiko ugaria utzi zuen, hortaz. Eta gero, bere tropak atzean zituela, bidean Kolivango garaileekin elkarturik, Feofarren armadarekin bat egitera zetorren.

        Ivan Ogareffen soldaduak kanpamentuko aurre-postuetan gelditu ziren. Dendak eraikitzeko agindurik ez zuten jaso. Haien buruzagiaren asmoa ez zen han gelditzea, bistan zenez, aurrera egitea baizik, Tomskera lehenbailehen iristeko. Tomsk hiri garrantzitsua da, eta, noski, hura bihurtu nahi zuen hurrengo erasoak antolatzeko gune.

        Bere soldaduekin batera, Ivan Ogareffek gatibu errusiar eta siberiar multzo bat zekarren, Omsken zein Kolivanen atzemanak. Zoritxarreko horiek ez zituzten itxituran sartu, txikiegia baitzen baita bertan zeudenentzat ere, eta aurre-postuetan geratu behar izan zuten, aterperik gabe, kasik mantenurik gabe. Zer gordeko zien Feofar Khanek koitadu horiei? Tomskera eramango zituen ala bertan hilko triskantza odoltsu batean, buruzagi tatariarren artean ohikoa zenez? Emir apetatsuaren sekretua zen.

        Armada sail hura ez zen etorri Omsk eta Kolivandik segizio moduan hamaika eskale, litxarrero, salerosle eta buhame ekarri gabe, bidean dabilen armada baten atzealdea osatzen ohi dutenak. Zeharkatzen zituzten lurraldeetatik ateratzen zuen bizimodua jende mordo hark eta lapurtzeko gutxi uzten zuten beren atzetik. Hori dela-eta, aurrera segi behar, tropa konkistatzaileen hornikuntza ziurtatzeko, behinik behin. Ixin eta Obi ibaien arteko eskualde osoa hondatu eta erraustua zegoen erabat, bitarteko bat ere eskaintzen ez zuela. Tatariarrak igaro eta basamortua baizik ez atzean. Errusiarrek neke latza hartu behar, gurutzatuko bazuten.

        Mendebaldeko buhame ugari horien artean, Permeraino Mikel Strogoffekin batera joandako ijito taldea zegoen. Han zen Sangarre. Espioi basatia, Ivan Ogareffekin hezur eta mami uztartua, beti bere nagusiaren aldamenean. Errusian bertan ikusi ditugu biak, Nijni Novgorod probintzian, azpijokoak prestatzen. Ural mendiak zeharkatu ondoren, bereizi egin ziren, baina egun batzuetan baino ez. Ivan Ogareff Ixinera sartu zen agudo-agudo, eta Sangarrek eta haren taldeak Omsk aldera jo zuten probintziaren hego aldean barrena.

        Aise ulertuko da emakume horrek nolako laguntza ematen zion Ivan Ogareffi. Haren buhame dantzariak leku guztietara barneratu, dena entzun eta dena kontatu egiten zioten. Ivan Ogareff jakitun zegoen baita probintzia inbaditutako bazterrik ezkutuenean zer gertatzen ari zen ere. Ehun begi ziren, ehun belarri, beti erne, beti adi, beren xedearen alde. Eta, gainera, eskuzabal ordaintzen zien espioitza lan hori, hain etekin ederra ematen ziona.

        Sangarre auzi larri-larri batean nahasia egon zen aspaldi, eta ofizial errusiarrak salbatu zuen. Mesede hori ez zitzaion ahaztu eta haren alde jarri zen gorputz eta arima, Siberian erbesteratua eman zuen garaitik. Ivan Ogareff okerbidean abiatu eta berehala ohartu zen nolako onura atera zezakeen emakume harengandik. Edozein agindu eman, eta Sangarrek bete egiten zuen. Sen ulertezin batek, esker ona baino biziagoak, bultzatu egiten zuen traidorearen esklabo izatera. Isilmandatari eta gaizkide, Sangarre, aberririk gabe, familiarik gabe, bere bizitza noragabea eskaintzen zuen atseginez Ivan Ogareffek Siberiara bidali behar zituen inbaditzaileen zerbitzuan. Haren arrazakoek berezkoa duten azerikeria liluragarriaz gain, adore hezigabeaz horniturik zegoen. Ez zekien zer zen barkamena edo errukia. Basatia zen, apatxe baten wigwamean edo andamandar baten txabolan bizi zitekeena.

        Sangarre Ivan Ogareffen ondoan zegoen aldendu gabe Omskera iritsi zenez geroztik, non bere dantzari taldearekin elkartu zen berriro ere. Bazekien Mikel Strogoff eta Marfa Strogoff elkarren aurrean suertatu zirela. Ivan Ogareffen beldurren berri ere bazuen, tsarrak mandatari bat bidali ote zuen; eta uste horretan zegoen hura ere. Indio larrugorriak bezain trebea zen torturatzen, eta gogoa zuen Marfa Strogoff gatibuari haren sekretua barrutik erauzteko. Baina tenorea ez zen iritsia. Ivan Ogareffek ez zuen nahi oraindik andre zahar siberiarra mintzarazi. Sangarrek zain egon behar, eta zain zegoen, emakume hura begien aurretik galdu gabe, haren atzetik ezkutuka, imintziorik txikienak eta berbarik ñimiñoenak zelatatuz, gau eta egun hari so, ea «seme» hitza ezpainetaratzen zitzaion, baina esku hutsik ordu arte, ezerk ez baitzuen asaldatzen Marfa Strogoffen sorgortasuna.

        Bien bitartean, doinu militarren lehenengo notekin batera, artilleriako maisu handia eta emirraren zalditegiko burua, zaldizko uzbeken segizio bikaina atzetik zeramatela, kanpamentuko aurrealdera joan ziren Ivan Ogareffi harrera egiteko asmotan.

        Harengana heldu zirenean, eman ahala ohore eskaini zioten eta Feofar Khanen dendara joateko gonbidatu.

        Ivan Ogareffek, sor eta gor beti bezala, hoztasunez erantzun zien haren bila bidalitako goi funtzionarioen adeitasunei. Txit apal zegoen jantzirik, baina, halako harrokeria zantarrez, soinean ofizial errusiarraren uniformea zeraman artean.

        Zaldiari brida laxatu zion kanpamentuko sarrera gurutzatzeko, eta, une horretantxe, Sangarre, segizioko zaldizkoen artetik igaroz, harengana hurbildu eta geldirik geratu zitzaion alboan.

        —Ezer ez? —galdetu zion Ivan Ogareffek.

        —Ezer ez.

        —Hago, Sangarre!

        —Hurbil dago atsoa mintzarazteko tenorea?

        —Hurbil zagon.

        —Noiz mintzatuko da?

        —Tomsken gaudenean.

        —Eta noiz egongo gara han?

        —Hiru egunen buruan.

        Distira izugarria piztu zen haren begi beltz handietan, eta lasai-lasai alde egin zuen handik.

        Ivan Ogareffek zaldiari saihetsak estutu, eta emirraren denda aldera egin zuen, ofizial tatariarrez osaturiko bere buruzagitza nagusiak atzetik jarraitzen ziola.

        Feofar Khan bere gudalburuaren zain zegoen. Errege zigiluaren eramaileak, khodjak, eta kontseiluko beste goi funtzionarioek beren lekuak hartuak zituzten dendaren barruan.

        Ivan Ogareff zaldi gainetik jaitsi, sartu, eta emirraren aurrean aurkitu zen.

        Feofar Khan berrogei urteko gizasemea zen, garaia, aurpegiera zurbil samarrekoa. Begiak asmo gaiztokoak zituen, eitea bihozgabea. Bizarraren kizkur txiki beltzak mailaka-mailaka jaisten zitzaizkion bularreraino. Guda janzkera zeraman. Urrezko eta zilarrezko sare-kota soinean; sable kakotua, jataganaren antzekoa, harri biziz jositako galtzarbe-uhal liluragarri batetik zintzilik, bitxi preziatuzko zorro dirdaitsu baten barruan; urrezko ezproiak bota orpoetan; diamantez jositako gandorra kaskoan ñir-ñir. Haren itxura xelebrea zen, ikaragarria baino gehiago. Sardanapalo tatariar baten irudia ageri zuen, goien-goieneko subiranoa, gauza guztien gainekoa, bere mendekoen bizitzak eta ondasunak bere erara erabiltzen dituena, ahalguztiduna, eta Bukharan pribilejio bereziaz emir izendatzen dutena.

        Ivan Ogareff denda barruan azaldu zenean, agintari handiek eserita segitu zuten beren kuxin urrez oxkarratuetan, baina Feofar dendaren atzealdeko diban aberats batetik jaiki eta, Bukharako alfonbra baten moketa lodia zapalduz, Ivan Ogareffengana gerturatu zen. Musu bat eman zion, eta han ziren guztiek ulertu zuten haren esanahia. Musu hark traidorea kontseiluko buru bihurtu zuen, khodja bera baino gorago jarriz aldi baterako.

        Gero, Feofarrek honela hitz egin zion Ivan Ogareffi:

        —Galdetzekorik ez diat batere. Hitz egin ezak, Ivan. Hemen belarri guztiak prest zaudek esan behar duana entzuteko.

        —Takhsir —erantzun zion Ivan Ogareffek—, hona zer jakinarazi behar diadan.

        Ivan Ogareff tatarieraz mintzo zen, eta ekialdeko jendeen hizketak bereizgarri duen molde adierazkorra ematen zien bere esaldiei.

        —Takhsir, ez gaudek alferrik hitz egiteko sasoian. Hire tropen burutzan egin dudana badakik. Ishim eta Irtish ibaien lerroak gure esku zaudek gaur egun, eta zaldizko turkomanek tatariar bilakaturiko ur horietan edanaraz zitzaketek zaldiak. Kirgizen leinuak altxatu egin dituk Feofar Khanen esanera, eta Siberiako bide nagusia hirea duk Ixindik Tomskeraino. Heure armada sailak bai ekialderantz bai mendebalderantz bidal ditzakek, bai eguzkiaren sorlekura, bai haren etzatokira.

        —Eta neure bidea eguzkiarekin batera egiten badut? —galdetu zuen emirrak, belarria erne, baina begitarteak zer pentsatzen zuen agertu gaberik.

        —Eguzkiarekin batera joanda —ihardetsi zion Ivan Ogareffek—, Europa aldera oldartuko haiz, eta agudo konkistatuko dituk Tobolskeko probintzia siberiarrak Ural mendietaraino.

        —Eta zeruko suaren bila joanez gero?

        —Irkutsk jarriko duk tatariarren mende, bai eta Asiaren erdialdeko eskualderik oparoenak ere.

        —Baina, Petersburgeko sultanaren armadak? —esan zuen Feofar Khanek, titulu bitxi horren bidez Errusiako enperadorea izendatzen zuela.

        —Ez duk zertan beldurturik harengatik, ez sortaldean ez sartaldean —erantzun zion Ivan Ogareffek—. Inbasioa berehalako batean hedatu duk, eta, armada errusiarrak laguntzeko aukera izan aurretik, hire eskura eta hire oinpera izango dituk Irkutsk edo Tobolsk. Tsarraren tropak azpiratuak izan dituk Kolivanen, eta hala izango dituk mendebaldeko soldadu burugabe horiek hire tropekin borrokan egiten duten alderdi guztietan.

        —Eta zer aholku iradokitzen dik kausa tatariarren alde azaltzen duan atxikimendu sutsuak? —galdetu zion emirrak, une batez isilean egon eta gero.

        —Nire aholkua —erantzun zion bizi Ivan Ogareffek— eguzki aldera joatea duk! Ekialdeko estepetako belarra irents dezatela zaldi turkomanek! Irkutsk hartzea duk nire aholkua, eta, sortaldeko probintzien hiriburuarekin batera, duke handia bahitzea, lurralde oso batek baino gehiago balio baitu. Tsarra atzeman ezinean, haren anaiak erori behar dik gure eskuetan.

        Horixe zen Ivan Ogareffek bilatzen zuen xede gorena. Hari entzuterakoan, Stepan Razine pirata ospetsuaren ondorengotzat jotzea bazegoen, den-dena txikitu nahi baitzuen, gaizkile hark XVIII. mendean Errusiaren hego aldea txikitu zuen legez. Duke handia harrapatu eta erruki gabe jipoitu arteko onik ez zuen izango! Horrela baizik ezin ase osoki haren gorrotoa! Eta, bestalde, Irkutsk hartu bezain laster, ekialdeko Siberia osoa geldituko zen tatariarren mendean.

        —Horrela egingo diagu, Ivan —izan zen Feofarren erantzuna.

        —Zein dira hire aginduak, Takhsir?

        —Gaur bertan Tomskera eramango diagu kuartel nagusia.

        Ivan Ogareffek burua makurtu eta, husch-beguia atzetik zuela, dendatik irten zen emirraren aginduak betearaztera.

        Zaldi gainera igotzekotan zegoela kanpamentuko aurre-postuetara itzultzeko, iskanbila sortu zen handik ez oso urruti, gatibuak zeuden aldean. Garrasiak entzun ziren eta bizpahiru tiro bota zituzten. Errebolta edo ihes saio bat ote zen, laster baino lasterrago zapalduko zutena?

        Ivan Ogareffek eta husch-beguiak urrats batzuk egin zituzten aitzina, eta, behingo batean, bi gizon agertu ziren haien aurrean, soldaduen zainketatik ospa eginda.

        Husch-beguiak, gehiago jakin gabe, biak bertan hiltzeko agindu zuen keinu batez, eta, bi presoen buruak lurrera erortzeko zorian zeudela, Ivan Ogareffek hitz batzuk esan eta gelditu egin zen sablea, haien gainera erori baino lehen.

        Errusiarra gatibu haiek atzerritarrak zirela konturatu, eta beregana ekartzeko agindu zuen.

        Harry Blount eta Alcide Jolivet ziren.

        Ivan Ogareff kanpamentura iritsi zenez geroztik, eskatu eta eskatu aritu ziren haren aurrera eraman zitzaten. Soldaduek ezetza eman, ordea. Hargatik, borroka, ihes saioa eta fusil tiroak, zorionez jomugan asmatu ez zutenak. Baina ber-bertatik hilko zituzten bi kazetariak, emirraren gudalburuak esku hartu izan ez balu.

        Labur aztertu zituen, baina ez zituen inondik inora ezagutzen. Biak egon ziren Ixingo posta etxean Ivan Ogareffek Mikel Strogoff jo zuenean, baina bidazti ankerrak jaramonik batere ez zien egin areto hartan zeuden lagunei.

        Harry Blountek eta Alcide Jolivetek, berriz, ederki ezagutu zuten, eta azken honek zera esan zuen ahopetik:

        —Hara! Agi danean, bat bera dira Ogareff koronela eta Ixingo pertsonaia zakar hura.

        Gero, lankidearen belarrira urreratu eta gehitu zuen:

        —Azal ezazu zuk gure auzia, Blount. Mesede egingo didazu. Nazka ematen dit koronel errusiar bat kanpamentu tatariarraren erdian ikusteak, eta, hari esker burua sorbalda gainean eduki arren, begirada bestera kenduko nuke mesprezioz, begiz begi so egin aurretik.

        Eta hori esanik, Alcide Jolivet harro-harro jarri zen, batere kasurik ematen ez ziola.

        Ulertu ote zuen Ivan Ogareffek zer iraingarria zen harentzat gatibu haren jarrera? Nolanahi ere, ez zuen deus aditzera eman.

        —Nor zarete zuek, jaunak? —galdetu zien errusieraz hotz-hotzik, baina ohiko zakarkeriarik gabe.

        —Bi berriemaile, ingelesa bata eta frantsesa bestea —erantzun zion Harry Blountek motzean.

        —Paperak izango dituzue noski zuen nortasuna egiaztatzeko?

        —Hona gure frogagiriak, kantzelaritza ingelesak eta frantsesak emanak.

        Harry Blountek eskuratu zizkion agiriak hartu eta arretaz irakurri zituen. Gero:

        —Baimena eskatzen duzue —galdetu zien— Siberian egiten ari garen erasoaldiaren lekuko izateko?

        —Aske uzteko eskatzen dugu, besterik ez —erantzun zuen gordin kazetari ingelesak.

        —Hala zaudete, jaunak —jaulki zien Ivan Ogareffek—. Gogoa dut zuen kronikak Daily Telegraphen irakurtzeko.

        —Jaun hori —esan zion Harry Blountek patxadarik aztoragaitzenaz—, sei penny dira aleko, posta gastuak aparte.

        Eta, segidan, bere lankidearengana bihurtu zen. Egokia begitandu zitzaion hari azken erantzuna, irudi zuenez.

        Ivan Ogareffi gihar bakar bat ere ez zitzaion mugitu. Zaldi gainera igo, bere segizioaren buruan jarri, eta aurki galdu zen hautsezko hodei batean.

        —Eta, Jolivet jauna, zer deritzozu Ivan Ogareff koronelari, tropa tatariarren gudalburu nagusiari? —galdetu zion Harry Blountek.

        —Lankide maite hori —esan zion Alcide Jolivetek irribarrea ahoan—, oso ederra deritzat husch-begui horrek burua moztu diezagutela agintzeko egin duen keinuari!

        Nolanahi ere, eta Ivan Ogareffek bi kazetariekin zergatik jardun zuen horrela alde batera utzirik, aske zeuden biak eta beren gogara ibil zitezkeen gerraren jokalekuan zehar. Noski, jokoa bertan behera uzteko asmorik ez zuten inola ere. Hasieran halako ezinikusi moduko bat sentitu zuten bata bestearekiko, baina hura aspaldiko kontua zen, eta orain egiazko adiskidetasunak lotzen zituen. Gertaerek elkarrengana bildu, eta gogorik ez orain elkarrengandik bereizteko. Norgehiagoka kontu doilor haiek itzali ziren behin betiko. Harry Blountek ezin ahaztuko zuen inoiz zenbat zor zion bere lagunari. Hark, ordea, ez zuen inolako ahaleginik egiten hura oroitarazteko, eta, azken batean, elkarganatze horrek kazetaritza lana erraztu eta haien irakurleen mesederako izango zen.

        —Eta orain —galdetu zuen Harry Blountek—, zer egingo dugu geure askatasun honekin?

        —Neurriz kanpo erabili, jakina! —erantzun zion Alcide Jolivetek—. Tomskera joango gara lasai-lasai, han zer gertatzen ari den ikustera.

        —Eta espero dezagun laster topo egitea soldadu errusiarrekin!

        —Arrazoi duzu, Blount maitea! Ez da komeni gehiegi tatariartzea! Armak zibilizatzeko darabiltenei dagokie oraindik ere egiteko ederrena, eta nabaria da Asiaren erdialdeko herriek dena galtzeko dutela eta deus ez irabazteko, inbasio honekin. Azpian hartzen asmatuko dute errusiarrek. Zain egon behar, besterik ez!

        Baina Ivan Ogareffen etorrerak, hain bozkariozkoa bi kazetari askatu berrientzat, arrisku handia zekarkion Mikel Strogoffi. Patuak tsarraren mandataria eta Ivan Ogareff aurrez aurre ipiniz gero, honek inondik ere ezagutu egingo zuen harengan Ixin-go posta etxean hain anker tratatu zuen bidaztia, eta, Mikel Strogoffek irainari bestelako kasuetan bezala erantzun ez bazion ere, arreta hartuko zion, eta horrela zaildu egingo zen haren egitasmoak betetzea.

        Kalterako zitzaion Ivan Ogareff han egotea, alde horretatik. Baina, hala eta guztiz, ondorio mesedegarria ere izan zuen haren etorrerak, kanpamentua egun hartan bertan jaso eta kuartel nagusia Tomskera aldatzeko agindu baitzuten.

        Hori besterik ez zuen desiratzen Mikel Strogoffek grina biziz. Haren asmoa, dakigunez, Tomskera iristea zen beste gatibuen artean nahasirik, horrela hiri garrantzitsu horretara sartuko baitzen haren alderrietan hara eta hona zebiltzan aitzindari tatariarren atzaparretan erortzeko arriskutan jarri gabe. Hala ere, Ivan Ogareff bertan egonik, ezagutuko zuen beldurrez, bere buruari galdetu behar izan zion ea ez zuen hobe bidaian ihes egiteko egitasmo hura ez bazterreratzea.

        Ihesaldia geroko uztea ala ez gogoetan ari zela, Feofar Khan eta Ivan Ogareff, zaldizko milaka batzuen buru jarririk, hiri aldera abiatuak zirela jakin zuen.

        —Zain egongo nauk, bada —esan zuen bere artean—, ihesi joateko parada aparta aurkezten ez bazait, behintzat. Aukera handirik ez Tomsketik hona, baina Tomsketik ekialdera, berriz, ez diat egokiera faltarik izango. Ordu batzuk aski izango ditiat tatariarren posturik aurreratuenak atzean uzteko. Beste hiru egun eraman isil-isilik, eta Jainkoak lagun nazala!

        Izan ere, hiru eguneko bidaia egin behar zuten gatibuek estepan barrena, makina bat soldadu tatariarren begiradapean. Ehun eta berrogeita hamar versta zeuden kanpamentutik hirira. Txango samurra emirraren soldaduentzat, deusen gabeziarik gabe, baina nekeza estutasunek ahuldutako preso zorigaiztoko haientzat. Gorpu batek baino gehiagok mugarriztatuko zuen Siberiako bidearen tarte hura.

        Abuztuaren 12an, arratsaldeko ordu bietan, toptschi-baschiak abian jartzeko agindua eman zuen. Eguna bero samarra zen eta oskarbi zegoen zerua erabat.

        Alcide Jolivet eta Harry Blount zaldiak erosi eta Tomskeko bideari lotuak ziren ordurako. Hiri horretara bultzatzen zituen gertaeren logikak istorio honen pertsonaia nagusiak.

        Ivan Ogareffek kanpamentu tatariarrera ekarritako gatibu talde handian bazen andre zahar bat bere atsekabeko lagunen artetik bereiz irudi zuena bere goibeltasun isilarengatik. Ez kexarik ez aienerik ez zen irteten haren ezpainetatik. Oinazezko estatua bat ematen zuen. Geldi-geldirik zegoen ia beti, eta beste gatibuak baino zorrotzago zaintzen zuten. Sangarre buhameak begirik ez zion kentzen, baina ez zuen irudi ezer susmatzen zuenik edo hargatik kezkatzen zenik. Bere zahar guztian, oinez joan behar beste gatibuekin batera, zoritxarra eztitzekorik inon aurkitu gabe.

        Dena dela, goikoaren burubideren batek izaki eskuzabal adoretsua, ongi ulertzen eta artaz laguntzen ziona, ekarri zion aldamenera. Ezbeharreko lagun haien artetik, neska gazte batek hura zaintzeko ardura hartu zuela zirudien. Eder-ederra zen eta siberiar zaharra bezain jasankorra eta izukaitza. Hitzik ez zen trukatu bi gatibuen artean, baina gaztea behar orduan beti agertzen zen zaharraren ondoan, laguntza premian zegoelarik. Honek hasieran mesfidati baino ez zituen onartu ezezagun mutu haren zainketak. Pixkaka-pixkaka, ordea, neska gazte haren begirada zuzen garbiak, gauzak ganoraz eta nabarmendu gabe egiteko zuen erak, oinazez berdindutakoen artean sortzen den begikotasun harrigarriak urtu eta leundu egin zioten Marfa Strogoffi bere hoztasun harroa. Nadiak —hura baitzen neska gaztea— amari itzultzen ahal zizkion horrela, ezagutu gabe baina, semeak berari eskainitako ardurak. Haren berezko onberatasunak bi aldetik gidatu zuen ongi. Hari zerbitzatuz, Nadiak gatibu zaharraren babes adintsua jasotzen zuen bere gaztetasun eta edertasunerako. Bi emakume isil haiek, amona-bilobak irudi, halako errespetua ematen zuten sufrikarioak saminduriko dohakabe saldo haren erdian.

        Nadia, esploratzaile tatariarrek Irtish ibaiko txalupetan bahitu ondoren, Omskera eraman zuten. Hiri horretan gatibu, Ivan Ogareffen soldaduek ordu arte atxilotutako guztien zori gogorra nozitu zuen, eta, beraz, baita Marfa Strogoffena ere.

        Nadia makalagoa izatera, etsi egingo zuen halako bi kolpe hartuta. Bidaia bertan behera utzi behar, eta Mikel Strogoff hilik. Batean itxaropenik gabe sentitzen zen, bestean suak iraultzen zion barrena. Aitarengandik betiko urrundurik beharbada, harengana hurbiltzeko hainbeste ahalegin ongi burutu eta gero, eta, zorigaitz horretaz gain, bere bidelagun kementsuaren ondotik bereizirik. Den-dena galdu zuen batera, kolpe bakar batez. Ezin ezabatu gogotik Mikel Strogoffen irudia, nola jo zuen lantzak haren begien aurrean eta nola galdu zen Irtish ibaiaren uretan. Jainkoak haren bidean ipini zuela irudi zuen, helburua onik erdiets zezan, eta orain hila zegoen. Era horretan hil zitekeen horrelako gizon bat? Norentzat gordetzen ditu Jainkoak mirariak, gizon zintzo hori, xede handi batek bultzatzen zuena, bidean hain modu ziztrinean geldiarazi bazen? Amorruak oinazea garaitzen zion zenbaitetan. Ixingo posta etxeko iraina etorri zitzaion burura, eta nola bere bidelaguna geldirik geratu zen harrigarriro, ordaina eman beharrean. Odola irakitan jartzen zitzaion hartaz oroiturik.

        —Nork mendekatuko du hildako hori, berak ezin-eta? —zioen bere artean.

        Eta bihotz-bihotzetik oihu egiten zion Jainkoari berari:

        —Jauna, ni izan nadila haren mendekatzailea!

        Baldin, hil aurretik, bere sekretua kontatu izan balio! Baldin, emakume izanda ere, neska izanda ere, haren nebaren egiteko amaitu gabeari buru emateko aukera izan balu! Zertarako eman zion Jainkoak neba hura, hain laster kendu behar bazion?

        Gogoeta horietan murgildurik, ulertzeko da Nadia sorgor agertzea gatibutasunaren ezbeharrekiko.

        Eta orduan patuak Marfa Strogoffekin elkartu zuen, susmorik mendreena ere izan gabe. Nola pentsatuko zuen Nadiak andre zahar hura, bera bezala preso zegoena, ama izango zuela bere bidelagun jatorrak, beretzat Nikolas Korpanoff merkataria baizik izan ez zen hark? Eta, beste aldetik, nola asmatuko zuen Marfak esker oneko lokarri batek estekatzen zituela bere semea eta gazte ezezagun hura?

        Marfa Strogoff ikusi zuenean, haren egonarriak hunkitu zuen lehenik Nadiaren bihotza. Nor bere aldetik, berdintsu zeramaten biek egoera latz hura, halako adostasun ezkutuko batengatik edo. Andre zahar hark axolagabetasun estoikoz erantzuten zien eguneroko bizimoduen nahigabe materialei. Gorputzeko mina arbuiatzen zuen, eta erdeinu horretarako indarra barneko min batetik baino ezin zuen atera Marfa zaharrak, berea bezalako min moral batetik baino ez. Horretan zegoen Nadia, eta ez zebilen oker. Atsekabeturik bizi ziren, baina atsekabe agertu gabe. Jarrera horrek berezko begikotasuna piztu zion Nadiari eta harengana bultzatu. Gaitzari aurre egiteko modu hori gogoko zuen gaztearen arima harroak. Ez zion laguntza eskaini, eman egin zion. Marfak ez zuen adierazi behar izan uko egiten zion ala onartzen zuen. Bideko pasabide zailetan, neskatxa han zegoen eta besoa jartzen zuen, berme har zezan. Mantenua banatzeko tenorean, zaharra ez zen mugitzen, baina Nadiak harekin partekatzen zituen bere jaki urriak, eta horrelaxe egin zuten bidaia nekoso hura bata bestearekin. Bidelagun gazte hari esker, Marfa Strogoffek gatibu taldearen zaindariei jarraitzen ahal izan zien, eta ez zuten herrestan eraman zaldi zelaren atzealdeari loturik, oinaze bide hartan beste andre errukarri askorekin egin zuten legez.

        —Jainkoak zeru zabalean hartuko ahal hau, alaba, nire urte zaharren alde egiten dunan guztiarengatik! —esan zion behin Marfa Strogoffek, eta horixe izan zen bi emakume gaixoen artean ahoskaturiko esaldi bakarra aldi batez.

        Mendeak bezain luze iraun zuten egun labur haiek, eta, andre zaharra eta neska gaztea elkarrekin hitz egiten hasi zirenean, batak besteari bere egoeraren zergatia kontatuko ziola irudi zuen. Baina Marfa Strogoff, mesfidantza handiz, aise uler daitekeenez, bere buruaz baino ez zen mintzatzen, eta motzean. Ez zuen inola ere aipatu ez semea, ezta ere biak aurrez aurre jarri zituen topaketa malapartatu hura.

        Nadia ere luzaro, mutu ez, baina bai hitz alferretan urri agertu zen guztiz. Hala ere, egun batean, arima xume eta jaso baten aurrean zegoela igarririk, bihotzak gainezka egin zion, eta gertatutako guztia kontatu zion, deus gorde gabe, Vladimirren trenera igo zenetik Nikolas Korpanoff hil zen arte. Haren bidelagun gazteaz esandakoak siberiar zaharraren interesa piztu zuen biziki.

        —Nikolas Korpanoff! —esan zuen—. Hitz egin iezadan Nikolas horretaz! Harritzekoa dun horrela jokatzea garai hauetako gazteen artean. Gizon bat besterik ez dinat ezagutzen, gizon bakar bat baino ez, horrelakoak egiteko gauza dena. Nikolas Korpanoff, hori zuen izena? Ziur hago, alaba?

        —Zergatik sartuko zidan ziria izenarekin —erantzun zuen Nadiak—, bestelakoetan hain jator jardun zuenak?

        Baina Marfa Strogoffek galdera galderaren hurren egiten zion Nadiari, halako bihozkada batek eraginik.

        —Ausarta zela esan didan, alaba! Eta frogatu egin didan halakoa zela! —esan zuen.

        —Bai, ausarta! —erantzun zion Nadiak.

        —Horrelakoa izango zen bai nire semea —errepikatzen zuen Marfa Strogoffek berekiko.

        Eta beste galdera bat.

        —Esan didan baita ere ezerk ere ez zuela gerarazten, ezerk ere ez zuela harritzen, nebaz gain ahizpa ere izan huela harengan eta ama batek bezala zaindu hinduela!

        —Bai, bai! —zioen Nadiak—. Neba, ahizpa, ama, hori guztia izan da niretzat!

        —Bai eta lehoia ere hi defendatzeko?

        —Lehoia, zinez! —ihardetsi zion Nadiak—. Bai, lehoia, heroi bikaina!

        —Nire semea, nire semea! —pentsatzen zuen andre zahar siberiarrak—. Baina esan dun, hala ere, irain latza egin ziotela Ixingo posta etxe hartan eta ez zuela erantzun?

        —Ez zuen erantzun! —esan zion Nadiak burua makurtzen zuela.

        —Ez zuen erantzun? —xuxurlatu zuen Marfa Strogoffek dardara batean.

        —Ama! ama! —garrasi egin zuen Nadiak—. Ez kondenatu. Ezkutuko zerbait gordetzen zuen! Jainkoak baino ezin epaitu haren sekretua une honetan!

        —Eta irain egin ziotenean —galdetu zion Marfak, burua goratuz eta Nadiari begira-begira, haren arimaren sakonean irakurri nahi izan balu bezala—, arbuiatu egin huen Nikolas Korpanoff hura?

        —Miretsi egin nuen, zergatik ez nekiela! —erantzun zion neskatxak—. Inoizko errespeturik handiena sentitu nuen harenganako!

        Andre zaharra isildu zen istant batean.

        —Handia zen? —galdetu zion Nadiari.

        —Oso handia.

        —Eta eder-ederra, ezta? Ea, esan, alaba nirea.

        —Oso ederra zen —erantzun zion, koloreak gorritzen zitzaizkiola.

        —Neure semea zunan! Esaten dinat neure semea zela! —esan zuen oihuka andre zaharrak, Nadia besarkaturik.

        —Zure semea! —erantzun zion Nadiak harri eta zur—. Zure semea!

        —Ea, neskatxa nirea! —bota zuen Marfak—. Segi bukaeraino. Hire bidelagunak, hire adiskideak, hire babesleak, bazinan ama! Ez zinan sekula bere amaz hitz egin?

        —Bere amaz? Bere amaz hitz egin zidan nik hari neure aitaz bezala, oso maiz, beti! Arras maite zuen bere ama!

        —Nadia, Nadia! Nire semeari gertatutakoak kontatu berri dizkidan —esan zion andre zaharrak.

        Eta zera gehitu zuen oldarka:

        —Omsken barrena igarotzean ez zuen bere ama ikusi behar, hain biziki maite zuena?

        —Ez —erantzun zion Nadiak—, ez zuen ikusi behar.

        —Ez? Ezetz esatera ausartzen haiz?

        —Egia da, baina gehiago esan behar dizut. Gauza ororen gainetik zeuden arrazoiengatik, nik ez dakizkidan motiboengatik, Nikolas Korpanoffek guztiz ezkutuan egin behar zuen bidaia. Hil edo bizikoa zen harentzat, eta, are gehiago, eginbeharra eta ohorezko auzia.

        —Eginbeharra, hori dun, premia larriko eginbeharra, beste guztia bazterrera utzarazten duena, gainerako denari uko egitera behartzen duena, amari musu ematea ere, ama zaharrari beharbada azken musua ematea ere galarazten duena! Hik ez dakinan guztia, Nadia, nik neuk ere ez nekiena, ulertu dinat une honetan! Hik jarri naun jakinaren gainean! Argia jaurti dun nire bihotzeko ilunpe sakonetara! Nik, berriz, ezin dinat argi hori hirera eman! Nire semearen sekretua, Nadia, hark esan ez eta, nik ere gorde beharra dinat! Barka nazan, Nadia! Ezin dinat itzuli eman didanan poza!

        —Ama, ez dizut ezer eskatzen —erantzun zion Nadiak.

        Den-dena zegoen argi zahar siberiarrarentzat, den-dena, baita semeak Omskeko ostatuan haren aurrean eta lekuko ugariekin izan zuen jokaera ulergaitza ere. Zalantzarik ez zegoen. Neskatxaren bidelaguna Mikel Strogoff zen eta isileko egitekoren batek, lurralde inbadituetan zehar eraman beharreko mezu garrantzizkoren batek eragozten zion tsarraren mandataria zela esatea.

        —A! Nire seme bipila —pentsatu zuen Marfa Strogoffek—. Ez! Ez haut galduko, eta torturak ez zidak sekula aitorraraziko hi hintzela Omsken benetan ikusi nuena!

        Marfa Strogoffek hitz bat esanez ordaina eman ziezaiokeen Nadiari bere aldeko ardura guztiengatik. Aski zuen esatea haren bidelaguna, Nikolas Korpanoff, edo Mikel Strogoff, hobeki esanda, ez zela hil Irtish ibaiaren uretan, handik egun batzuetara harekin topo egin zuela Omsken, eta hitz egin ziola!...

        Baina eutsi egin zion mingainari, eta hauxe besterik ez zuen esan:

        —Hago, ume hori! Ez haute beti joko zoritxarrak eta atsekabeak. Hire aita ikusiko dun, bihotzak ziostan, eta, beharbada, arreba deitzen zinan hori ez zagon hila! Jainkoak ezin din onartu hire lagun kementsua hiltzea!... Hago, alaba! Hago! Egin ezan nik bezala! Ez zaramatzanat semearengatik doluzko jantzi hauek!

 

 

 

© Jules Verne

© itzulpenarena: Karlos Zabala

 

 

"Jules Verne / Mikel Strogoff" orrialde nagusia