I
KANPAMENTU TATARIAR BAT
Kolivandik egun beteko bidean, Diatxinsk herrixkatik versta batzuk aurrerago, lautada zabal bat hedatzen da, non zuhaitz handi batzuk nagusi ageri diren, pinuak eta zedroak batik bat.
Esteparen alderdi horretan artzain siberiarrak ibiltzen ohi dira urtaro beroan, nahiko larre baitago han haien abere talde ugarientzat. Baina garai hartan alferrik bilatuko zenuen artzain nomada horietako bakar bat ere. Eta ez lautadan inor ez zegoelako. Aitzitik, jendea erruz bildua zen ordoki hartara.
Izan ere, bertan altxatzen ziren tatariarren dendak, hantxe zegoen kanpatua Feofar Khan, Bukharako emir ankerra, eta hara eraman zituzten biharamunean, abuztuaren 7an, Kolivanen harrapaturiko gatibuak, armada errusiarraren talde txikia birrindu ondoren. Bi mila gizon haiek etsaien bi zutabeen artera sartu ziren, eta, tatariarrek, bai Omsk bai Tomsk bereganatuta, erdira egin eta suntsitu eta azpiratu egin zituzten, bizirik laurehun edo bostehun soldadu errusiar baino gelditzen ez zirela. Gertaerak itxura txarra hartzen ari ziren, eta gobernu inperiala Uraleko mugaz harantz arriskuan zegoela zirudien, oraingoz behinik behin, zeren errusiarrek lehenago eta geroago atzeraraziko zituzten inbaditzaileen osteak. Baina inbasioa Siberiako erdialdera iritsia zen azkenik, eta matxinaturiko herrialdean zehar hedatu egingo zen, mendebaldeko probintzietarantz ez bazen, ekialdekoetarantz. Irkutsk hiriak ez zuen komunikaziorik Europarekin une hartan. Amurreko tropak eta Jakutsk probintziakoak garaiz iritsi ezean, Asia aldeko Errusiako hiriburua tatariarren eskuetan geratuko zen, bertako soldaduak ez baitziren aski Feofar Khanen armadari aurre egiteko. Eta, horrela gertatuz gero, hiria berreskuratu baino lehen, Ivan Ogareffek ase egingo zuen duke handiaren kontra, enperadorearen anaiaren kontra itotzen zuen mendeku egarria.
Zer egingo zuen Mikel Strogoffek? Kikildu egingo zen azkenean, horrenbeste ezbehar ezin pairaturik? Amore emango zuen Ixingo abenturaren ondotik nozituriko zoritxar sorta gero eta latzagoa zela bide? Jokoa galdua zuela pentsatuko zuen, bere zeregina ezin burutuz, eman zioten agindua ezin betez?
Mikel Strogoff hilik erori arte gelditzen ez diren gizon horietakoa zen. Eta bizirik zegoen, zauririk ere ez zeukan, tsarraren gutuna aldean zeraman artean, eta han inork ez zekien egiatan nor zen. Beste gatibu bat zen, tatariarrek basapiztia okerren gisan herrestan zeramatzaten milaka eta milaka koitaduren artean; baina, Tomskera hurbildu ahala, Irkutskera hurbiltzen ari zen. Batera edo bestera, Ivan Ogareffen aurretik zihoan oraindik ere.
«Iritsi egingo nauk!» —errepikatzen zion bere buruari.
Eta, Kolivanen jazotakoaren ostean, haren bizitza guztia pentsamendu bakar horretan bildu zen: askatasuna lortzea! Nola ihes egin, ordea, emirraren soldaduei? Ikusiko zuen abagunea egokitzerakoan.
Feofar Khanen kanpamentuak ikuskizun paregabea eskaintzen zuen. Ezin konta ahala dendak, larruz, feltroz edo zeta oihalez eginak, dirdai egiten zuten eguzki printzen argitan. Haien goiko mutur konikoetatik mortxilak eta borlak kulunkatzen ziren banderatxo, gidoin eta estandarte koloretsuen erdian. Dendarik aberatsenak seida eta khodja agintarienak ziren, khanerriko jaun nagusienak, alegia. Bandera berezi batek, zaldi isats batez apaindurik, buruzagi tatariar horien goiko maila adierazten zuen, eta banderaren tantaia gailen ageri zen batzuk besteekin trebeki loturiko makila zuri-gorrien multzo batetik gora. Aurrerago, karaoi izeneko denda turkoman milaka batzuk hedatzen ziren ordokian azkengabe, gameluen bizkarrean haraino garraiatuak izan eta gero.
Ehun eta berrogeita hamar mila soldadu baziren gutxienez kanpamentu hartan, oinezkoak nahiz zaldizkoak, denak alaman deituraren pean hara elkarturik. Haien artean, eta Turkestanen herri nagusia izanik, tadjikak nabarmentzen ziren lehenengo. Hazpegiak neurrizkoak zituzten, azala zuria, begiak eta ilea beltza, gorputza lerdena. Armada tatariarraren zati handiena osatzen zuten, eta kasik Bukharako khanerriak bezainbeste bidali zituzten Kokand eta Kunduzekoak ere. Tadjik haiekin beste leinuetako jendeak nahasten ziren, Turkestandik edo hurbileko herrietatik etorriak. Baziren uzbekak, garaiera txikikoak, bizar-gorriak, Mikel Strogoffen atzetik oldartu zirenen antzekoak. Baziren kirgizak, begitartea laua zutenak, kalmukak bezala, sare-kotaz estalirik, batzuek lantza, arkua eta gezi asiarrak aldean, eta beste batzuek sablea, metxako fusila eta txakana, gider laburreko aizkora txikia, zauri hilgarriak baino egiten ez dituena. Baziren mongoliarrak, ez txiki ez handi, ile beltza mototsean bildu eta bizkarrean zintzilik zeramatenak. Aurpegia biribila zuten, larruazala beltzarana, begiak zuloan sartuak eta bizi-biziak, bizarra bakana. Soinean, nankin urdinezko jantzi luzeak zituzten jantzirik, peluxe beltzez edertuak eta larruzko gerrikoez gerruntzean estutuak; oinetan, txirikorda ikusgarriez apaindutako botak; eta, buruan, zetazko txanoak, larruzko ertzarekin eta haizeak dantzarazten zituen hiru xingolekin. Baziren, azkenik, afgano azal-ilunak, arabiar ederrak, arraza semitikoen eite antzinakoari eusten ziotenak, eta turkoman begi-zabalak, betazal gabeak ziruditenak. Eta den-denak emirraren banderapean elkarturik, su emaile eta bazter suntsitzaileen bandera haren azpian bat eginik.
Soldadu aske horien ondoan, hainbat soldadu esklabo zebiltzan, persiarrak batez ere, jatorri bereko ofizialen aginduetara; eta gerlari jopu haiek ez ziren inondik ere estimu gutxienekoak Feofar Khanen armadan.
Gehi diezazkiogun zerrenda horri juduak, morroi lanetan zihardutenak, tunika soinean, soka batez gerrian estutua, oihal ilunezko txano txikerra buruan, durbantea debekatua baitute; nahas ditzagun talde horiekin kalender ehunka batzuk, eskeko fraide antzekoak, zarpail jantziak, lehoinabarraren larruaz estaliak; eta zelai zabal haietako tribu eta jende samalda ikaragarri handi haien irudi osatu samarra begiztatuko dugu. Haiek guztiek osatzen zituzten armada tatariarrak zeritzatenak.
Berrogeita hamar mila gerlari zalditeriakoak ziren, eta haien zaldietan mota askotakoak zeuden, gizonetan arraza adina. Abere horiek hamarnaka zeuden jarriak, bi soka paralelotan loturik; isatsa korapilo eginda zuten, eta bizkar atzea zeta beltzezko saretxo batekin babestuta. Haien artetik, turkomanak bereizten ziren, hanka finak, gorputz luzea, larru dirdaitsua, lepo bikaina; uzbekak, iraupen handi-handikoak; kokandarrak, zaldizkoaz gain, bi denda eta sukaldeko tresneria guztia eramateko gauza direnak; kirgizak, ile-argiak, Enba ibaiaren bazterretatik ekarriak, non arkan izeneko lakio tatariarrez harrapatzen diren; eta arraza gurutzatuko beste anitz, kalitate eskasagokoak.
Zamariak ugari baino ugariagoak ziren. Milaka gamelu txiki zeuden, ongi osatuak, ile luzea gorputzean, zurda lodiak lepagainean, abere otzanak, eta dromedarioa baino errazago prestatzen direnak; konkor bakarreko nar izenekoak ageri ziren, ilajea gorria kiribiletan kizkurtua zutenak, sugarren pare; eta mandoak, lanerako gogorrak bezain okela gozokoak, tatariarrek gustura jaten zituztenak.
Gizon eta animalien multzo haren guztiaren gainean, sekulako denda pilaketa haren gainean, zedroek eta pinuek, talde trinkoetan bildurik, itzal atsegina ematen zuten, han eta hemen eguzki printzez zulatua. Deus ez ikusgarriagorik margolan hura baino. Bere paletako kolore guztiak agortuko zituen koloristarik kartsuenak, hura islatu nahian.
Kolivango gatibuak Feofar eta khanerriko agintari handien denden parera iritsi zirelarik, danborrak eta turutak jo zituzten, eta soinu ikaragarri horiekin mosketeen tiro zoliak nahasi ziren, bai eta emirraren artilleria osatzen zuten seiko eta lauko kanoien eztanda hots apalagoak ere.
Feofar Khanen kanpamentua militarra zen huts-hutsik. Etxe zibila dei zitekeena, bere harema eta bere aliatuena Tomsken zeuden, tatariarren mendean ordurako.
Kanpamentua jasotzean, Tomsk izango zen emirraren egoitza, handik ekialdeko Siberiako hiriburura eraman bitartean.
Feofarren denda nabarmen azaltzen zen inguruko denden artetik. Zetazko mihise handi dirdaitsuak zeuzkan estalgarri, eta urrezko ertzekoak ziren mihiseak gora altxatzen zituzten lokarriak. Goi aldean borla lodi batzuk haizeak jo eta paumaren isatsaren antzera geratzen ziren zabalik. Dendak soilgune nasai baten erdi-erdia hartzen zuen, urki zoragarriak eta pinu eskergak inguruan. Aurrealdean, harribitxiz txertaturiko mahai lakatu baten gainean, Koran liburu sakratua zegoen zabal-zabal. Orrialdeak meheak zituen, urrezkoak, eta xaloki grabatuak. Gain-gainean, tatariarren bandera mugitzen zen haizearen indarraz, emirraren armarria erakusten zuela.
Soilgunearen jiran Bukharako goi funtzionarioen dendak eraikiak zeuden erdi zirkuluan. Han bizi ziren agintari handiak: zalditegiko burua, emirraren jauregiko patioraino joan daitekeena zaldi gainetik jaitsi gabe; belatz-zain nagusia; husch-beguia, errege zigiluaren eramailea; toptschi-baschia, artilleriako maisu nagusia; khodja, kontseiluko burua, printzeak musu ematen diona eta haren aurrean gerrikoa estutu gabe aurkez daitekeena; ulemen buruzagia, apaizen ordezkaria; cazi-askeva, militarren arteko tirabira guztien epailea, emirra kanpoan dagoenean; eta, azkenik, aztien burua, zeinaren zeregin handia izarrak aztertzea den Feofar Khanek norabait joan nahi duen aldi bakoitzean.
Emirra denda barruan zegoen gatibuak kanpamentura garraiatu zituztenean. Ez zen agertu. Eta zorionean, zeren hark keinu bat egin, hitz bat esan eta presoak akabatzen hasiko ziren haren gerlariak, sarraski odoltsu batean. Baina isolamendu horretan babestu zen, bakardade hori baita sortaldeko erregeen handitasunaren parte handi bat. Agerian ez dagoenak mirespena sortzen du, eta, bereziki, beldurra eragin.
Gatibuei zegokienez, itxitura batean sartu zituzten, eta hantxe egon behar, zaindari ugarien begiradapean, gupidarik gabe trataturik, ia janaririk ez, estalperik ere ez eguraldi txarretik gordetzeko, Feofarrek haiekin zer egin gura zuen agindu arte.
Denetan esanekoena, jasankorrena Mikel Strogoff zen, dudarik gabe. Eraman zezaten uzten zuen, nahi zuen lekura zeramatelako; eta aske ibilita baino hobeki zihoan, gainera, halako segurtasuna ez baitzuen aurkituko Kolivandik Tomskera bakarrik joanez gero. Ez zuen merezi ihes egitea hiri honetara iritsi aurretik. Esploratzaileak zebiltzan estepa arakatuz, eta haien eskuetan eror zitekeen berriz ere. Tropa tatariarrek ekialdean hartua zuten punturik urrunena ez zegoen laurogeita hamabigarren meridianotik hara. Tomsk dago meridiano horretan, hain zuzen; eta, beraz, hiri hori atzean uztean etsaien eremutik kanpo izango zela pentsatzen zuen Mikel Strogoffek. Hartara, Jenisei ibaia arriskurik gabe zeharkatu eta Krasnoiarskera helduko zen, Feofar Khanek probintzia konkistatu aurretik.
«Behin Tomsken —esan eta esan ari zen bere artean, zenbaitetan gainezka egiten zion ezinegonari eutsi nahirik—, minutu gutxi batzuetan abangoardiako postuetatik harago izango nauk, eta hamabi ordu kendu Feofarri, hamabi ordu kendu Ogareffi, eta nahikoa izango diat haien aurretik Irkutskera sartzeko!»
Ivan Ogareff kanpamentuan egoteak beldurtzen zuen Mikel Strogoff denaren gainetik. Benetan nor zen agerrarazteko arriskuaz gain, batez ere traidore horri aurre hartu behar ziola sentitzen zuen, halako sen berezi batengatik. Ivan Ogareffen soldadu osteak Feofarren tropekin bat egin eta armada inbaditzailea osaturik geldituko zela ohartzen zen, eta, batu eta gero, armada horrek ekialdeko Siberiako hiribururantz joko zuela oso-osorik. Horrela bada, alde horretatik zetozkion beldur guztiak, eta, une oro, belarria luzatzen zuen ea doinu militarren batek iragartzen zuen emirraren gudalburua zetorrela.
Gogoeta horri amaren oroitza elkartzen zitzaion, bai eta Nadiarena ere, bata Omsken atxikia, bestea Irtisheko txalupetan bahitua, eta gatibu, inondik ere, Marfa zegoen bezala! Deus egiterik ez haien alde! Ikusiko ote zituen inoiz? Bihotza izugarri estutzen zion galdera horrek, erantzuna ematen ausartzeke.
Mikel Strogoffekin eta beste hainbat gatiburekin batera, Harry Blount eta Alcide Jolivet eraman zituzten halaber kanpamentu tatariarrera. Bazekien haien bidelaguna izandakoak itxitura hartan zeudela preso, batera atzeman zituzten-eta telegrafo bulegoan, baina, hala ere, ahaleginak egin zituen haiengana ez hurbiltzeko. Bost axola hari, memento hartan behinik behin, berari buruz zer usteko zuten Ixingo gertakizunaren ondotik. Eta, bestalde, bakarrik egon nahi zuen, bakarrik jarduteko, egokiera suertatuz gero. Bazter batera geratu zen, bada.
Alcide Jolivetek, bere lankidea ondoan erori zitzaionetik, kontu handiz zaindu zuen, ardurarik saihestu gabe. Kolivandik kanpamentura, hau da, ordu batzuetako bidean, Harry Blountek bere aurkariaren besoan berme hartuz jarraitu ahal izan zion gatibuen ilarari. Bera herritar ingelesa zela aldarrikatu zuen, baina alferrik. Ezertarako ez zion balio izan barbaro haien aurrean, lantza edo sable ukaldiz baino ez baitzekiten erantzuten. Daily Telegrapheko kazetariak, beraz, gainerakoak bezala sufritu behar. Saiatuko zen aurrerago horrelako tratu txarraren ordaina eskatzen, bai eta eskuratzen ere. Baina ibilbide hura ez zen batere samurra izan harentzat. Zauriak min ematen zion, eta, Alcide Joliveten laguntzarik gabe, ez zen beharbada kanpamenturaino iritsiko.
Alcide Jolivetek ez zuen sekula galtzen bere filosofia praktikoa, eta eskueran zeuzkan modu guztiak baliatu zituen bere lankidearen gorputza zein gogoa suspertzeko. Itxituraren barruan behin betiko utzi zituztela ikustean, Harry Blounten zauria aztertzeko ardura hartu zuen lehen-lehenik. Gerritik gora eranztea lortu zuen antze handiz eta, beharrik, metraila puskak sorbalda ukitu besterik ez ziola egin ikusi zuen.
—Hau ez da ezer —esan zion—. Urratu txiki bat besterik ez! Bizpahiru aldiz sendaketa egin eta arrastorik ere ez, nire lankide maite hori!
—Baina sendaketa horiek?... —galdetu zuen Harry Blountek.
—Neuk egingo dizkizut!
—Medikuntzaz ere zerbait badakizu, hortaz?
—Frantses guztiok dakigu mekikuntzaz zerbait!
Eta hori esanik, Alcide Jolivetek musuzapia tarratatu, zati batetik hariak atera, beste batekin puskak egin, ura hartu barruti erdian zulatutako putzu batetik, zauri arin hura garbitu, eta zapi puska bustiak ipini zituen trebeki Harry Blounten sorbaldan.
—Urarekin egingo dizut tratamentua —esan zion—. Ez dago ura bezalakorik zauriak gozatzeko, sendabide eraginkorrena da eta gaur egun gehien erabiltzen dena. Medikuek sei mila urte eman dituzte aurkitu arte! Bai! Sei mila urte, zenbakiak biribilduz!
—Estimatzen dizut, Jolivet jauna —erantzun zuen Harry Blountek, lankideak urki baten gerizpean prestaturiko orbel iharraren gainean etzanda jarririk.
—Bo! Ez da zerik! Gauza bera egingo zenuke nire tokian bazeunde!
—Ez dakit, bada... —erantzun zion Harry Blountek on-onez.
—Bai zera, ez adarrik jo! Ingeles guztiak dira eskuzabalak!
—Dudarik gabe, baina frantsesak...?
—Frantsesak? Frantsesak onak dira, baita inozoak ere, nahi baduzu! Baina frantses izanda barkatuta daude! Eta ez dezagun horretaz hitz egin, eta, are gehiago, ez dezagun ezertaz ere hitz egin. Atseden hartu behar duzu.
Harry Blountek, ostera, batere gogorik ez zuen isilik egoteko. Zaurituak, zuhurtziaz, atsedena eduki behar du buruan, baina Daily Telegrapheko berriemailea ez zen gai bere buruari baizik ez entzuteko.
—Jolivet jauna —galdetu zion—, gure azken mezuek Errusiako muga pasatuko zutela uste duzu?
—Eta zergatik ez? —ihardetsi zion Alcide Jolivetek—. Ziur nago tenore honetan nire zorioneko lehengusinak badakiela zertan den Kolivango auzia!
—Zenbat aletan inprimatzen ditu berriak zure lehengusina horrek? —bota zion Harry Blountek, galdera hori zuzen-zuzen lehenengo aldiz bere lankideari eginez.
—Tira, tira! —erantzun zion Alcide Jolivetek barrez—. Nire lehengusina hori oso pertsona zuhurra da; ez zaio atsegin jendeak bera ahotan hartzea, eta etsipenak joko luke behar duzun loaldia aztoratuko balizu.
—Ez dut lo egin nahi —erantzun zion ingelesak—. Zer pentsatuko du zure lehengusinak Errusiako auzi hauetaz?
—Oraingoz bide txarrean doazela, antza denez! Baina, ba! Moskuko gobernua ahaltsua da, ezin da egiatan asaldatu barbaroen inbasio bat dela-eta, Siberiari eutsiko diote.
—Gehiegizko askonahiak galdu ditu beti inperiorik handienak! —esan zuen Harry Blountek, halako jelosia «ingelesa» alde batera utzi ezinik Errusiak Asiaren erdialdean zituen asmoen aurrean.
—Oi! Politika ez, mesedez —garrasi egin zuen Alcide Jolivetek—. Debekatua dago medikuaren aginduz! Ez dago ezer txarragorik sorbaldako zaurietarako!... Lokartzeko ez bada, behintzat!
—Hitz egin dezagun, bada, hemendik aurrera egiteko dugunaz —esan zion Harry Blountek—. Jolivet jauna, ez dut inolako gogorik tatariarren gatibu behin betiko izateko.
—Ezta nik ere, alajaina!
—Ihes egingo dugu lehenengo egokieran?
—Bai, beste biderik ez bada askatasuna berreskuratzeko.
—Badakizu beste bat? —galdetu zuen Harry Blountek, lagunari begira-begira.
—Bai, noski! Gu ez gara ez alderdi batekoak ez bestekoak, neutralak gara, eta protesta egingo dugu!
—Feofar Khan basati horren aurrean?
—Ez! Hark ez luke ulertuko —esan zuen Alcide Jolivetek—, baina bai Ivan Ogareff haren gudalburuak.
—Gizatxar zital halakoa!
—Zalantzarik gabe, baina gizatxar zital errusiarra. Badaki ez dela jolasean ibili behar jende-zuzenbidearekin, eta ez du inongo interesik gu atxikitzeko, bestetara baizik. Ez dut oso gogoko, ordea, jaun horri ezer eskatzea!
—Baina jaun hori ez dago kanpamentuan. Nik, behintzat, ez dut ikusi —ohartarazi zuen Harry Blountek.
—Etorriko da! Ezin hutsik egin. Beharrezkoa da emirra eta hura elkartzea. Siberia bitan moztuta dago orain, eta, ziur egon zaitez, haren zain baino ez dago hemen Feofarren armada, Irkutski erasotzeko.
—Eta askatu eta gero, zer egingo dugu?
—Askatu eta gero, tatariarrei jarraituko diegu, gertakizunek beste aldera pasatzen uzten diguten arte. Ez da amore eman behar, zer arraio! Hasi besterik ez dugu egin eta. Zuk, lankide maitea, Daily Telegraphen zerbitzuan zauritua izateko zortea izan duzu dagoeneko, eta nik, berriz, ez dut ezer ere izan nire lehengusinaren zerbitzuan. Tira, tira! —esan zuen Alcide Jolivetek berekiko xuxurla batean—. Lokartzen ari da. Ordu batzuk lotan eman eta ur hotzezko zapi batzuk sorbaldan, hori baizik ez da behar ingeles bat zutik jartzeko. Jende horiek burdina galdatuez eginak daude!
Eta Harry Blountek atseden hartzen zuen bitartean, Alcide Jolivetek gaua beilan eman zuen haren aldamenean. Koadernoa atera eta oharrak eta oharrak idatzi zituen, berriak bere lankidearekin partekatzera guztiz erabakirik, Daily Telegrapheko irakurleen poztasunerako. Gertaerek elkarganatu zituzten. Jelosia gehiagorik ez aurrerantzean.
Hortaz, bada, Mikel Strogoff gehien beldurtzen zuena, hain zuzen ere, irrikaz desiratzen zuten bi kazetariek. Ivan Ogareffen etorrera onuragarria izan zitekeen haientzat, aske utziko zituzten-eta ia seguru, berriemaile atzerritarrak zirela agerian jarritakoan. Emirraren gudalburuak jakingo zuen Feofar ezagueran sarrarazten, honek, bestela, espioi gisa tratatuko baitzituen bi berriemaileak. Alcide Joliveten eta Harry Blounten interesa Mikel Strogoffenaren kontrakoa zen, beraz. Ongi ulertu zuen honek zein atakatan zegoen, eta hori beste arrazoi bat izan zuen, hainbaten artean, bere bideko lagun zaharrengana ez inguratzeko. Moldatu egin zen, bada, han zegoela kontura ez zitezen.
Lau egun joan ziren, eta gauzek zeuden zeudenean segitu zuten. Gatibuek deus ez zuten entzun tatariarrak kanpamentua lekuz aldatzeko asmotan zeudela pentsarazteko. Zorrotz zaintzen zituzten gau eta egun. Ezinezkoa zitzaien soldaduek oinez eta zaldiz osatzen zuten lerroa gainditzea. Jatekorik ozta-ozta ematen zieten. Hogeita lau orduan bi aldiz, ahuntz heste puska bat botatzen zieten, ikatz gainean errea, edo ardi esne garratzez egindako krut gazta pixka bat, zeinarekin kumis izeneko platera prestatzen duten kirgizek, behor esnetan beratzen ipinita. Eta besterik ez. Eguraldia, gainera, gaiztotu zen erabat. Zerua belztu zen, eta haizeak eta euriak astindu zituzten bazterrak. Dohakabeek, aterperik gabe, aire zabalean nozitu behar ekaitz zitala. Ezer ere ez zieten eman beren zoritxarra arintzeko. Zauritutako batzuk hil ziren, emakume eta haur batzuk ere bai, eta gatibuek berek lurperatu zituzten gorpuak, haien zaindariek ez baitzieten lur eman nahi.
Egoera latz hartan, Alcide Jolivet eta Mikel Strogoff eginahal guztian aritu ziren, nor bere aldetik, honi eta hari laguntzen etengabean. Askok eta askok baino jipoi txikiagoa harturik, osasuntsu eta kementsu, hobeki eutsi behar zioten ezbeharrari, eta aholkuak emanez eta sendaketak eginez, mesede handiak egin zizkieten hainbeste sufrimenduz itxaropena galdua zutenei.
Gauzek horrela iraun behar zuten? Feofar Khanek, pozik lehenengo garaipenekin, nahiago zuen aldi batez itxarotea Irkutsk aldera joan baino lehen? Beldur izatekoa zen, baina ez zen hala jazo. Alcide Jolivetek eta Harry Blountek irrikitzen zutena, Mikel Strogoff beldurrez betetzen zuena, abuztuaren 12ko goizean gertatu zen.
Egun hartan, turutek soinua jo zuten, danborrek arrada egin, mosketeek tiro bota. Hauts hodei ikaragarri bat hedatzen zen Kolivango bidean.
Ivan Ogareff kanpamentu tatariarrera sartu zen, gizon milaka batzuk atzetik zituela.
© Jules Verne
© itzulpenarena: Karlos Zabala