XVII
BIBLIA-TXATALAK ETA ABESTIAK
Mikel Strogoff leku seguruan zegoen nolabait ere. Alabaina, haren egoera ikaragarria zen oraindik.
Hain adore handiz zerbitzatu eta gero, zaldi zintzoa hilik zegoen ibaiko uretan, eta, hura gabe, nola segituko aurrera?
Oinez joan behar, jakirik gabe, inbasioak errausturiko lurralde batean zehar, emirraren armadako lehenengo taldeak saihestuz, eta arrunt urruti zegoela oraindik, lortu behar zuen helburutik.
«Iritsi egingo nauk, handik edo hemendik! —oihu egin zuen, istant batez kikiltzeko agertu zitzaizkion arrazoi guztiei erantzuna emanez—. Jainkoak gorde dezala Errusia santua!»
Mikel Strogoff zaldizko uzbeken eskumenetik at zegoen. Soldadu horiek ez ziren ausartu haren atzetik ibaira sartzen, eta, gainera, zaldiarekin batera ito zela usteko zuten, ezinezkoa izan baitzitzaien Obiko eskuineko hegira nola iritsi zen ikustea, uretan desagertu ondoren.
Baina Mikel Strogoff, ibai ertzeko kanabera itzelen artetik iraganez, ur bazterreko alderdi garaiago batera igo zen, eragozpen handiz, ur goraldiaren sasoian lokatza lodia pilatzen baitzen ibai ertz hartan.
Behin lurzoru gogorragoan, Mikel Strogoffek ea zer komeni zitzaion pentsatu zuen. Tomsk alde batera utzi nahi zuen batez ere, tatariarren tropen mendean egonik. Baina derrigorrean herrixkaren batera joan beharra zeukan, edo posta etxe batera, zaldi bat eskuratzeko. Zaldia aurkitu ondoren, bide urratuetatik kanpo ibiliko zen, eta Krasnoiarsk parean egon arte ez zuen Irkutskeko bidea hartuko berriro. Hortik aurrera, oztoporik ez topatzea espero zuen, eta hego-ekialderantz joan ahalko zen, Baikal aintzirako probintzietarantz.
Lehenengo eta behin, Mikel Strogoffek orientatzeari ekin zion.
Bi versta aurrerago, Obi ibairen ibilbideari jarraituz, hiri txiki ikusgarri bat ageri zen, tontor apal batean. Etxeak mailaz maila igotzen ziren gain horretarantz, eta zenbait eliza eta haien kupula bizantziarrak, berdez eta urrez koloreztatuak, nabari ziren zeruaren atzealde grisean.
Kolivan zen hiri hori. Hara biltzen dira udan Kamskeko eta beste hirietako funtzionario eta enplegatuak Barabako eguraldi osasun-galgarriaren ihesi. Tsarraren mandatariak jasotako berrien arabera, Kolivan ez zegoen oraindik inbaditzaileen esku. Tropa tatariarrek, bi zutabetan zatiturik, ezkerretara jo zuten Omsk aldera, eta eskuinetara, Tomsk aldera, erdiko eskualdeari jaramonik egiteke.
Mikel Strogoffek egitasmo erraz eta logikoa erabaki zuen. Kolivanera iritsi nahi zuen zaldizko uzbekak baino lehen, zeintzuk Obi ibaian gora zihoazen ezkerreko aldean barrena. Hiri horretan, hamar aldiz garestiago ordainduta ere, jantziak eta zaldia bereganatuko zituen, eta Irkutskeko bidea hartuko zuen berriz hegoaldeko estepan zehar.
Goizeko hirurak ziren. Kolivan hiriaren ingurumaria lasai-lasai zegoen, erabat abandonaturik, antza. Baserriko jendea, jakina, inbasiotik ihesi, hari kontra egin ezinean, iparrera joana zen, Jeniseisk aldeko probintzietara.
Mikel Strogoff Kolivanerantz zihoan urrats biziz, eta, bat-batean, urruneko eztanda batzuen hotsa iritsi zen harengana.
Gelditu egin zen eta burrunba isil bat eguratsa astintzen ari zela entzun zuen argiro, eta beste soinu lehorrago bat bereizi zuen haren gainetik, txinpartena bezalakoa. Ongi zekien zein zen haien jatorria.
—Kanoia duk! Fusilen desarra! —esan zuen bere artean—. Soldadu talde errusiar txikia borrokan ari duk, hortaz, armada tatariarrarekin! A! Zeru goiak nahiko ahal dik ni Kolivanera horiek baino lehen iristea!
Mikel Strogoff zuzen zebilen. Berehala eztandak ozenago bihurtzen hasi ziren, eta, atzeko aldean, Kolivan hiriaren ezkerrean, lurrunak metatu ziren zerumugaren gainean. Ez ziren ke hodeiak, artilleriaren desarrek zeruan sortzen zituzten kiribil zurixkak baizik.
Obi ibaiaren ezker aldean, zaldizko uzbekak geldirik zeuden gatazkan garaile nor gertatuko zain.
Alde horretatik, Mikel Strogoffek deusen beldurrik ez zuen izango aurrerantzean. Halatan, lehen baino bizkorrago segitu zuen hiri aldera.
Eztandak, ordea, areagotzen ari ziren eta hurbiltzen. Ez zen jadanik orro nahaspilatsu bat, kanoikada garbien sail bat baizik. Horrekin batera, kea, haizearen bultzaz, zeruan gora zihoan, eta borrokalariak hegoaldera agudo mugitzen ari zirela adierazten zuen nabarmen. Kolivani iparraldetik egin behar zioten eraso inondik ere. Baina errusiarrek defentsan ziharduten Feofar Khanen soldadu tatariarren aurka, edo hiria berreskuratu nahian? Ezin jakin. Eta biziki atsekabetzen zuen horrek Mikel Strogoff.
Kolivanetik versta erdira baino ez zegoela, sugar handi bat lehertu zen hiriko etxeen artean, eta eliza bateko kanpandorrea lurrera erori zen hauts eta garrezko luizien erdian.
Kolivanen bertan ari ziren, bada, borrokan? Baietz pentsatu zuen Mikel Strogoffek, eta, hala izatera, errusiarrak eta tatariarrak karriketan ariko ziren gudukan noski. Hirian babesa bilatzeko une egokia ote zen? Harrapatua izateko arriskuan ez zen, bada, jarriko, eta lortuko al zuen Kolivanetik ihes egitea, Omsketik egin zuen bezala?
Galdera horiek guztiak etorri zitzaizkion gogora. Duda egin zuen, gelditu egin zen lipar batean. Ez zuen merezi hegoaldera edo ekialdera egin eta herrixkaren batera sartzea, Diatxinskera edo beste batera, eta han zaldi bat eskuratzea kosta ahala kosta?
Ezin besterik erabaki, eta, Obi ibaiaren ibilbidea atzean utzirik, Kolivan hiriaren eskuinetarantz jo zuen segituan.
Une hartan, eztandak arras bortitzak eta gogorrak ziren. Hiriaren ezker aldean sugarrak sortu ziren berehala. Sutea Kolivango auzune oso bat erretzen ari zen.
Mikel Strogoff lasterka zihoan estepan barrena, babes bila han-hemenka barreiaturik zeuden zuhaitzetan, eta, halako batean, tatariarren zalditeriako destakamendu bat agertu zen eskuin aldean.
Ezin, jakina, alde horretara ihesi segitu. Zaldizkoak arin zihoazen hirirantz, eta Mikel Strogoffek nekez egingo zuen hanka haiengandik, ikusten bazuten.
Behingoan, zuhaitz multzo sarri baten aldamenean, etxe isolatu bat begiztatu zuen, eta soldaduak ohartu aurretik bertara iristen ahalko zela bururatu zitzaion.
Harantz korrika joan, bertan ezkutatu, eta zerbait eskatu edo hartu, indarrak berritzeko, neka-neka eginda baitzegoen eta goseak amorratzen, horixe Mikel Strogoffek egin zezakeen gauza bakarra.
Oldartu egin zen, beraz, etxe hartarantz. Versta erdira zegoen, gehienez ere. Hurbildu ahala, etxea telegrafo bulego bat zela konturatu zen. Hari bat irteten zen handik mendebaldera, beste bat ekialdera, eta hirugarren bat Kolivanerantz luzatzen zen.
Telegrafo etxe hura bertan behera utzirik egongo zen egoera honetan, pentsatzekoa zenez, baina, zegoen moduan zegoela, Mikel Strogoff bertan gorde zitekeen azkenik, eta gauera arte han itxaron, estepan aurrera ihesi segitu baino lehen, besterik ezin-eta tatariarren esploratzaileak nonahi egonik.
Mikel Strogoffek etxeko ate aldera jo zuen berandu gabe eta ireki egin zuen kolpe batez.
Lagun bakar bat zegoen mezu telegrafikoak bidaltzeko aretoan.
Enplegatu bat zen, lasaia, patxadatsua. Bost axola hari kanpoan zer gertatzen zen. Tinko bere postuan, leihatilaren atzean zegoen eserita, bezeroek bere zerbitzuak noiz eskatuko.
Mikel Strogoffek arineketan egin zuen harengana, eta nekearen nekez hautsitako ahotsez:
—Zer dakizu? —galdetu zion.
—Ezer ez —erantzun zion enplegatuak irribarretsu.
—Errusiarrak eta tatariarrak ari dira borrokan?
—Hala omen.
—Baina nor dira garaileak?
—Ez dakit.
Halako patxada gertaera izugarri haien erdian, halako axolagabekeria, zaila zen sinestea.
—Eta haria ez dago etena? —galdetu zion Mikel Strogoffek.
—Kolivandik Krasnoiarskera bai, etena dago, baina badabil oraindik Kolivandik Errusiako mugara.
—Gobernuarentzat?
—Gobernuarentzat, komenigarria irizten dionean. Jendearentzat, ordaintzen duenean. Hamar kopek hitzeko. Nahi duzunean, jauna!
Bidaltzeko mezurik ez zuela erantzun behar zion Mikel Strogoffek enplegatu bitxi hari, ogia eta ura besterik ez zuela nahi, baina, hartan, etxeko atea zabaldu zuten supituki.
Tatariarrak telegrafo bulegoa inbaditzen ari zirelakoan, leihotik kanpora jauzi egiteko prestatu zen Mikel Strogoff, baina aretoan bi lagun baino sartu ez zirela ohartu zen, eta haiek ez zuten batere antzik soldadu tatariarrekin.
Haietako batek mezu bat zeukan eskuan, arkatzez idatzirik, eta, besteari aurre hartuz, korrika joan zen enplegatu sorgorraren leihatilara.
Mikel Strogoffek, harriduraren harriduraz, aise uler daitekeenez, nor topatu kinka hartan, eta zeharo ahaztuta zeuzkan bi pertsonaia, inondik inora berriro ikustea espero ez zituen bi gizon ezagutu zituen bi lagun haiengan.
Harry Blount eta Alcide Jolivet berriemaileak ziren. Ez ziren jada bidelagunak, kontrarioak baizik, edo, are gehiago, etsaiak, gerraren jokalekuan zeudenez gero.
Mikel Strogoff baino ordu batzuk geroago atera ziren Ixin hiritik, eta, Kolivanera hura baino lehen iritsi baziren, bide berari jarraiturik aurre ere hartu bazioten, Mikel Strogoffek hiru egun galdu zituelako izan zen, Irtish ibaiaren bazterretan zauritu zutenean. Errusiarrek eta tatariarrek Kolivan aurrean izandako borrokak ikusi zituzten, eta, ospa egin zuten hiritik, liskarrak karriketaraino zabaldu zirelarik.
Eta orain, telegrafo etxera inguratu ziren biak, Europara beren kontrako mezuak bidaltzeko asmotan, azken gertaerei buruzko lehen berriak bata bestearen aurretik eman nahirik.
Mikel Strogoff zoko batean geratu zen, itzaletan, eta handik dena ikusi eta entzun zezakeen, han zegoela inor jabetu gabe. Azken albisteak entzuteko parada izango zuen —interes handikoak beretzat—, eta Kolivanen sartu behar zuen ala ez jakingo.
Harry Blountek, bere lankide frantsesa baino biziago ibiliz, leihatila bere egin eta mezua luzatu zion funtzionarioari. Alcide Jolivetek, bitartean, ostikoka ziharduen lurraren kontra, pazientzia galdua, bere ohituren kontra.
—Hamar kopek hitzeko, jauna —esan zion enplegatuak, mezua hartzen ziola.
Harry Blountek errublo pila bat laga zuen leihatilaren aurreko apalean, eta haiei begira geratu zen haren lankidea txunditu samar.
—Ongi —esan zion enplegatuak.
Eta, lur bira guztiko odol hotzik handienaz, mezu hau telegrafiatzeari ekin zion:
«Daily Telegraph, Londres
Kolivan, Omsk probintzia, Siberia, abuztuak 6.
Borroka latza tropa errusiarren eta tatariarren artean...»
Enplegatua mezua bidali ahala ahots ozenez irakurtzen ari zen, eta, hortaz, Mikel Strogoffek kazetari ingelesak bere egunkarira igorritako guztia entzuten zuen.
«Tropa errusiarrek atzera egin galera handiekin. Tatariarrak gaur bertan sartuko Kolivanen...»
Hitz horiekin amaitzen zen mezua.
—Nire txanda da orain! —oihu egin zuen Alcide Jolivetek, Montmartre auzoko bere lehengusinari zuzenduriko mezua funtzionarioari eman nahi izan ziola.
Baina hori ez zen komenigarria kazetari ingelesarentzat, eta batere asmorik ez zuen azaldu leihatila libre uzteko. Horrela beti izango zuen egokiera albisteak gertatu bezain laster egunkarira bidaltzeko. Leihatilan iraun zuen, bada, bere lankideari lekua utzi gabe.
—Baina zuk bukatu duzu! —esan zion garrasika.
—Ez dut bukatu —bota zion motz Harry Blountek.
Eta hitz sorta bat idazten jarraitu zuen. Gero, enplegatuari eman eta honek ozen irakurri zituen ahots lasaiaz:
«Hasieran, Jainkoak zeru-lurrak egin zituen...»
Bibliaren txatalak ari zen Harry Blount telegrafiatzen, denbora pasatzen utzi eta bere lankideak lekua ken ez ziezaion. Errublo mila batzuk kostako zitzaizkion beharbada bere egunkariari, baina bere egunkaria izango zen lehenengoa berriak jasotzen. Frantziak zain egon behar!
Amorru biziak astindu zuen Alcide Jolivet, aise asma daitekeenez. Bestelako egoera batean bidezkoa begitanduko zitzaion horrela jokatzea, baina hartan ezin eraman, eta enplegatua bere mezua hartzera eta bere lankidearena bazter uztera behartzen ere saiatu zen.
—Jaun honek eskubidea du —erantzun zion lasai enplegatuak, irribarre atsegina eskainiz, eta Harry Blount seinalatzen ziola.
Eta liburu santuaren lehenengo txatala Daily Telegraphera zintzo bidaltzen segitu zuen.
Horretan ziharduen bitartean, Harry Blount leihora joan zen patxada ederrean, eta, largabista begietan jarririk, Kolivan inguruan zer gertatzen ari zen begiratu zuen, bere albisteak osatzeko asmoz.
Handik pixka batera, leihatilara itzuli eta hauxe gehitu zion bere telegramari:
«Bi eliza garretan. Sutea eskuinetara zabaltzen. Lurra nahas-mahas hutsa zen: leize handiaren gain ilunpea...»
Alcide Jolivetek Daily Telegrapheko berriemaile ohoragarriari lepoa bihurritzeko gogo basatia izan zuen, sinpleki.
Beste behin argibideak eskatu zizkion enplegatuari, baina horrek, trankil eta bare beti, hau erantzun zion huts-hutsik:
—Eskubidea du, jaun hori, eskubidea du... hamar kopek hitzeko.
Eta Harry Blountek emandako berri hau telegrafiatu zuen:
«Errusiarrak hiritik ihesi doaz. Eta Jainkoak esan zuen: "Izan bedi argia". Eta izan zen argia...»
Alcide Jolivet sumindu zen erabat.
Bien bitartean, Harry Blount leiho ondoan zegoen barrukoei bizkar emanez, baina, aldi honetan, begien aurreko ikuskizun interesgarriak arreta guztia bereganatu eta apur bat luzatu zen behaketan. Halatan, enplegatuak Bibliaren hirugarren txatala telegrafiatzetik bukatu zuenean, Alcide Jolivetek haren lekua hartu zuen leihatilaren aurrean soinurik atera gabe, eta, bere lankideak egin zuen legez, errublo pila eder bat apal gainean leun-leun ipini, eta bere mezua eman zion enplegatuari. Horrek ahots ozenez irakurri zuen:
«Madeleine Jolivet
Montmartre auzoa 10 (Paris).
Kolivan, Omsk probintzia, Siberia, abuztuak 6.
Soldaduak hiritik ihesi. Errusiarrak galtzaile. Jazarpen ankerra tatariarren zalditeriaren aldetik...»
Harry Blount itzuli zelarik, Alcide Jolivet isekazko ahotsez kantuan ari zela entzun zuen. Bere telegrama osatzen ari zen abesti batekin.
Badago Parisen
gizon txiki bat
grisez jantzia!...
Gauza sakratuak sakratu ez direnekin nahastea egokia ez zelakoan, Alcide Jolivet ez zen ausartu, Harry Blountek egin bezala, Bibliaren txatalak bidaltzera, eta Bérangerren lelo alai bat aukeratu zuen telegrama luzatzeko.
—Hara! —garrasi egin zuen Harry Blountek.
—Horrelaxe dira kontuak —erantzun zion Alcide Jolivetek.
Egoera, bitartean, larriagotzen ari zen Kolivan inguruetan. Borroka gero eta hurbilago zegoen, eta eztandak bortitz lehertzen ziren handik ez oso urruti.
Une hartan, astinaldi batek telegrafo etxea dardarazi zuen.
Obus batek pareta zulatu, eta hauts hodei bat hedatu zen transmisio aretoan, den-dena lausotuz.
Alcide Jolivet bertso hau bukatzen ari zen orduan:
Masailak sagarra bezain gorri
sosik batere gabe...
Baina, gelditu, obus aldera lasterka joan, bi eskuekin hartu, leihotik kanpora bota eta leihatilara itzultzea dena bat izan zen.
Bost segundo geroago, obusak eztanda egin zuen kanpo aldean.
Eta Alcide Jolivetek odol hotzik handienaz telegrama osatzen segitu zuen, hauxe idatziz:
«Sei hazbeteko obusak telegrafo bulegoko pareta suntsitu du. Kalibre bereko beste batzuen zain...»
Mikel Strogoffentzat ez zen zalantzazkoa errusiarrek Kolivan galdu behar zutela. Hegoaldeko estepan zehar abiatu beharko zukeen ezinbestez.
Baina orduan fusil desarra ikaragarri bat lehertu da telegrafo bulegotik hurbil, eta bala zaparrada batek leihoetako kristalak txikitu ditu.
Harry Blount, sorbaldan zauriturik, lurrera erori da.
Alcide Jolivetek mezu gehigarri hau bidaltzera doa:
«Harry Blount, Daily Telegrapheko berriemailea, nire ondoan erori da, metraila puska batek jota...»
Baina enplegatu sorgorrak zera esan dio betiko lasaitasunez:
—Jauna, haria etenda dago.
Eta, leihatila utzirik, kapelua patxadaz hartu, ukondoz garbitu, eta, irribarrea ezpainetan, Mikel Strogoffek ordu arte ikusi ez duen ate txiki batetik irten da.
Soldadu tatariarrek inbaditu dute bulegoa, eta ez Mikel Strogoffek, ez kazetariek, ezin dute deus egin atzera joateko.
Alcide Jolivetek, alferreko mezua eskuan, Harry Blounten aldera jo du, eta, bihotz bipila erakutsiz, lurretik altxatu eta lepoan kargatu du, bizkarrean eramanda ihesi joateko... Beranduegi, ordea!
Preso hartu dituzte bi kazetariak, eta, haiekin batera, Mikel Strogoff, ustekabean harrapatua, tatariarren atzaparretan erortzen da, leihotik jauzi egin behar duen mementoan.
© Jules Verne
© itzulpenarena: Karlos Zabala