XV
BARABAKO ZINGIRAK
Beharrik atera zen hain agudo Mikel Strogoff posta etxetik. Ivan Ogareffen aginduak berehalako batean bidali zituzten hiriaren irteera guztietara, eta tsarraren mandatariaren ezaugarriak posta etxeko nagusi orori eskuratu zizkioten, Omsketik ateratzea galarazteko asmoz. Baina, ordurako, zulo batetik hesia zeharkatu eta lasterka zihoan haren zaldia estepan barrena. Ihes egitea lortuko zuen segur aski, lehen unean inor ez baitzen haren atzetik abiatu.
Uztailaren 29an irten zen Mikel Strogoff Omsketik, arratsaldeko zortzietan. Hiri hori erdibidean dago Moskutik Irkutskera bitartean, eta azken horretan behar zuen hamar egun igaro baino lehen, tatariarren soldadu sailei aurre hartu nahi bazien, behinik behin. Haren ezkutuko nortasuna agerian zegoen inondik ere, patu deitoragarriak amaren aurrean jarri zuenetik. Ongi jakinaren gainean egongo zen noski Ivan Ogareff tsarraren mandatari bat Irkutsk aldera zihoala, Omsk hirian barrena pasa eta gero. Garrantzi itzela izan behar mandatari horrek zeramatzan mezuek. Mikel Strogoffek bazekien ahal den guztia egingo zutela bera atzemateko.
Baina ez zekien, ordea, ezin jakin zezakeen, Marfa Strogoff Ivan Ogareffen atzaparretan zegoela eta beharbada biziaz ordainduko zuela bere semearekin ezustean topo egitean harengana bultzatu zuen oldar ezin eutsizkoa. Ez zuen horren berri, zorionez! Gauza izango zen, bestela, horrelako oinazea eramateko?
Mikel Strogoffek arin-arinka zeraman zaldia, bera kanpo eta barne hartzen zuen ezinegon bortitza abereari sentiarazten ziola oso-osorik, eta gauza bakar bat eskatzen zion, bizkor baina bizkorrago eraman zezala hurrengo posta etxera, han beste zaldi azkarrago batekin aldatzeko.
Gauerdian, Kulikovoko geldilekuan geratu zen, hirurogeita hamar versta egin ondoren. Baina han, susmatzen zuen bezala, ez zen ez zaldirik, ez ibilgailurik. Tatariarren destakamendu batzuek estepako bide nagusiaz harago jo zuten. Den-dena lapurtua zegoen edo konfiskatua, bai herrietan, bai posta etxeetan. Nekez lortu zuen Mikel Strogoffek janari pizarren bat zaldiarentzat eta beretzat.
Zaindu beharra zegoen, bada, zaldi hori, ez baitzekien noiz eta nola izango zuen aldatzeko aukera. Hala ere, ahalik eta tarterik handiena jarri nahirik bere eta Ivan Ogareffek haren atzetik bidalitako zaldizkoen artean, aurrera jarraitzea erabaki zuen. Ordubeteko atsedenaren ondotik, berriro ekin zion lasterka estepa zeharkatzeari.
Ordu arte eguraldia alde izan zuen tsarraren mandatariak Omsk utzi zuenez geroztik. Tenperatura eramangarria zen. Gaua laburra oso, garai hartan, baina ez zeharo iluna, eta ilargiaren distirak, hodei artetik baheturik, bidearen nondik norakoa erakusten zuen. Mikel Strogoff, gainera, zalantzarik gabe, duda-mudarik gabe zihoan, ibilbide ezagunean dabilen bidaztia legez. Pentsamendu mingarriek atsekabetu arren, izpirituzko argitasun apartari eusten zion, eta bere jomugarantz zihoan zuzen, jomuga hori begien bistan balu bezala. Noizean behin une batez gelditzen zen, bide zokoren batean, baina zaldiak arnasa berriz indartzeko baino ez. Horrelakoetan, zaldi gainetik jaisten zen, lipar batean bere pisutik arintzeko, eta belarria lurrean jarrita entzun egiten zuen ea lauoinka hotsa hedatzen zen estepan zehar. Soinu susmagarririk nabaritu ez, eta bidean aurrera abiatzen zen berriro ere.
A! lurralde hura guztia gau polarrak estaliko balu, Siberia osoa hainbat hilabetetako gau iraunkor horrek inbadituko balu! Aukeran nahiago, inondik ere, segurtasun handiagoz zeharkatzeko.
Uztailaren 30ean, goizeko bederatzietan, Mikel Strogoff Turumoffeko geldilekura heldu eta Barabako bazter zingiratsuetan oldartu zen.
Hantxe, hirurehun verstako inguru batean, naturaren zailtasunak izugarriak izan zitezkeen. Bazuen haien berri, baina bazekien orobat, zirenak zirela, gainditu egingo zituela.
Barabako zingira zabal horiek iparretik hegora hedatzen dira hirurogeigarren paralelotik berrogeita hamabiraino, eta hartara biltzen dira Obi edo Irtish ibaietara isurtzen ez diren euri ur guztiak. Sakonune handi horren lurzorua buztinezkoa da erabat, iragazgaitza beraz, eta, hori dela-eta, ura bertan geratu eta lurraldea gurutzatzea guztiz nekoso bihurtzen da urtaro beroan.
Hartan barneratzen da, ostera, Irkutskeko bidea, hango istil, urmael, aintzira eta zingiren erditik igarotzen da, non eguzkiak jario osasun-galgarriak sortzen dituen, bidaztia nekaraziz eta maiz arrisku larrian utziz.
Neguan, hotzak likido den guztia gogortu duenean, elurrak lurzorua berdindu eta usteltasunak estali dituenean, lerak aise eta trabarik gabe doaz irristan Barabaren azal irmotuan aurrera. Orduan ehiztariak ibiltzen dira sarri eskualde oparo horretan zehar, lepahori, zibelina eta batez ere azerien atzetik, haien larruen truke ordain ederra jasotzen baitute. Baina, udan, lohiak eta kiratsak betetzen dute zingira, ezin zeharkatua bihurtzeraino, uraren maila altuegia bada.
Mikel Strogoffek zaldiari eragin eta zotal ikatzezko belardi batean zehar jo zuen aurrera. Hura ez zen jadanik esteparen belar motx-motxa, Siberiako animali saldo ikaragarrien elikagai bakarra. Ez zen larre mugagabea, zurtoin landareez osaturiko baso zabal moduko bat baizik.
Belarra bospasei oineko garaierara iristen zen. Soropilak zingirako landareei utzi zien lekua, eta neurri erraldoiak hartu zituzten hango hezetasuna eta udako beroa zirela bide. Ihiak eta kanaberak ziren batik bat, sare korapilatsua eratzen zutenak, zulatu ezineko bilbea, kolore bizi-biziko mila lorez josia. Lirioak eta zitoriak ageri ziren diz-diz, eta haien usain atseginek bat egiten zuten lurzorutik altxatzen ziren lurrun beroekin.
Mikel Strogoff lauoinka zihoan kanaberadi horien artean, inork ikusi ezin zuela bidearen inguruko zingiretatik. Belar handi haiek hura baino altuagoak ziren, eta ezin konta ahala ur hegaztien zeruratzeak baino ez zuen salatzen haren presentzia. Hegan abiatzen ziren bide bazterretik garrasika, eta taldeetan barreiatzen zeruan zehar lau haizetara.
Bidea, hala ere, argi markatua zegoen. Hemen, zuzen zihoan zingirako landareez beteriko baso trinkoan; han, bihurri, urmael eta istil latzen ertz okerrak inguratuz eta itzulinguru handiak eginez zenbaitetan, putzu haietako batzuek, hainbat versta izanik luzaeran eta zabaleran, aintzira izena merezi baitzuten. Beste leku batzuetan, ezin alde batera utzi ur geldia, eta bidea gainetik igarotzen zen, baina ez zubien bitartez, oholtza kulunkariez baizik. Buztinezko geruza trinkoen gainean jarriak zeuden, eta oholek dar-dar egiten zuten, taula ahulegiek amildegiaren gaineko igarobide batean bezala. Oholtza haietako zenbait arras luzeak ziren, berrehun edo hirurehun oinekoak, eta behin baino gehiagotan, tarantasezko bidaztiei, edo emakumezkoei behintzat, zorabio antzeko ondoeza egin zaie han barrena pasatzean.
Mikel Strogoff, aldiz, lurzoruak zaldiaren ferrei eutsi ala ez, arrapaladan zihoan beti inon gelditu gabe, ohol ustelen artean zabaltzen ziren pitzatuen gainetik jauzi eginez; baina, ahal den agudoen joanik ere, zaldiak eta zaldizkoak ezin ihes egin eskualde zingiratsu horren bazter guztiak betetzen dituzten intsektu dipteroen ziztadei.
Bidaztiek Barabako zingira udan zeharkatu behar izatera, zurdazko maskara janzten ohi dute ahaztu gabe, eta burdin-hari fin-finez egindako sare-kota bat lotzen diote, sorbaldetaraino estaltzeko. Baina babesak babes, inor gutxi ateratzen da zingiretatik aurpegia, lepoa eta eskuak puntu gorriz josiak izan gabe. Eguratsa orratz zorrotzez mukuru dagoela iduri du, eta sinets liteke zaldun armadura bat ez litzatekeela nahiko izango diptero horien eztenetik libratzeko. Zorigaiztoko alderdia hura, non gizonak lehia gogorrean aritu behar duen eltxo, mandeuli eta ezparen kontra, bai eta milaka intsektu mikroskopikoren kontra ere. Begi hutsez ikusezinak izango dira, baina ederki sentiarazten dizkizute haien ziztada jasanezinak. Ehiztari siberiar zailduena ere ezin sekula ohitu sastada horietara.
Mikel Strogoffen zaldia, diptero pozoitsu horiek eztenkaturik, saltoka zebilen mila ezproiren izar puntadunak saihetsean sartuta legez. Oinaze bizi hark senetik aterea, aurrera eta aurrera oldartzen zen, verstak eta verstak eginez tren espres baten abiadan, buztanarekin saihetsak astintzen zituela, lasterka zoro horretan bere tormentua arindu nahian.
Mikel Strogoff bezain zaldizko ona izan behar, zaldiaren erreakzio bortitzekin lurrera ez erortzeko, bat-batean gelditzen baitzen, edo sekulako jauziak ematen baitzituen dipteroen eztenetik ihesi joan nahian. Tsarraren mandatariak, aldiz, sorra eta gorra zirudien min fisikorako, etengabe anestesiapean balego bezala, bere jomugara kosta ahala kosta heltzeko hisia besterik ez gogoan, eta gauza bakarra ikusten zuen lasterka zentzugabe hartan, bidea oso azkar geratzen zitzaiola atzealdean.
Nork pentsatuko Barabako parte hau, osasunerako horren kaltegarria beroaldietan, giza talderen baten bizitokia izan zitekeenik?
Eta hala izaki. Herrixka siberiar batzuk ageri ziren noiz edo noiz ihitza larrien artetik. Gizasemeak, emakumeak, haurrak, zaharrak, animalien larruez jantzirik, aurpegia bikez igurtzitako maskuriekin estalirik, artalde argal batzuk zaintzen zituzten, baina egur hezezko suen haizebidean edukita beti ere, intsektuak animaliengana irits ez zitezen. Gau eta egun ziharduten suei egurra bota eta bota, eta haien ke lainoa sakabanatu egiten zen astiro zingiradi itzelaren gainetik.
Mikel Strogoffek zaldia nekearen nekez lur jotzekotan zegoela sentitzen zuenean, herrixka ziztrin horietako batean gelditu eta, bere nekeaz ahazturik, koipe beroaz igurtzitzen zizkion ziztadak abere gaixoari, Siberiako usadioari jarraituz; gero, bazka joria eman, eta, zaldia orraziaz ongi garbitu eta belarrez ongi aseta geratu arte, ez zen bere buruaz arduratzen. Orduan ogi eta okela puskaren bat jan, basokada bat edo bi kwass edan, indarrak berritzeko, eta ordu baten buruan, bi orduren buruan gehienez ere, Irkutskeko bide amaiezinari ematen zion ahalegin guztian.
Laurogeita hamar versta egin zituen horrela Turumoffetik aitzina, eta uztailaren 30ean, arratsaldeko lauretan, Mikel Strogoff, nekeari sorgor, Elamsk hirira sartu zen.
Han, gau bateko atsedena eman behar izan zion zaldiari. Abere kementsuak ezin, bestela, bidaian aurrera jarraitu.
Elamsken, leku guztietan bezala, ez zegoen ibilgailurik batere. Aurreko herrietako arrazoi berberak zirela kausa, ez zalgurdirik, ezta zaldirik ere.
Elamsk hiri txikian ez zen inor geratzen ia, tatariarrek oraindik bisitatu ez arren, inbaditzaileak erraz irits zitezkeen-eta hegoaldetik, eta laguntzaileak, berriz, nekez iparraldetik. Horrela bada, posta etxea, poliziaren bulegoak eta gobernuaren egoitza abandonaturik zeuden goikoen aginduz, eta, bai funtzionarioak, bai mugitzeko gai ziren bizilagunak Kamskera joanak ziren, Barabako erdialdera.
Mikel Strogoffek etsia hartu eta gaua Elamsken igaro beharra izan zuen, zaldiari hamabi orduz atsedentzen uzteko. Gogoan zeuzkan Moskun eman zizkioten gomendioak: Siberia ezkutuko nortasunarekin zeharkatu eta Irkutskera edonola ere iritsi, baina, burutsu jokatuz, azkarregi joateagatik bidaiaren arrakasta kolokan jarri gabe; eta, beraz, kontu handiz zaindu behar zuen geratzen zitzaion garraio bide bakarra.
Biharamunean, Mikel Strogoffek Elamsk utzi zuen tatariarrak iristekotan zeudela konturatu zen unean. Haien armadaren aurreko taldeak hamar versta atzerago agertu ziren, Barabako bidean, eta tsarraren mandataria aurrera oldartu zen berriro ere eskualde zingiratsu hartan. Bidea laua zen, baina bihurri-bihurria; eta, beraz, oso erraz ibiltzen bazen ere, lehen begiratuan zirudiena baino luzeagoa gertatzen zen bukaeran. Ezinezkoa zen, bestalde, bidea alde batera utzi eta zuzen joatea istil eta urmaelen sare gaindiezin horretan zehar.
Biharamunagoan, abuztuak 1, ehun eta hogei versta urrunago, eguerdian, Mikel Strogoff Spaskoeko herrira iritsi zen eta, handik bi ordutara, Pokrowskoera sartu zen, bertan geldialdia egiteko asmoz.
Zaldia, Elamsketik behin ere geratzeke, indarrez hustua zen, eta ez zen gauza pauso bakar bat egiteko.
Han, Mikel Strogoffek arratsaldea eta gaua galdu behar izan zituen derrigorrezko atsedenean; baina, hurrengo goizean berriz abiatu eta, beti lasterka urez erdi betetako lurzoru hartan, abuztuaren 2an Kamskera heldu zen arratsaldeko lauretan, hirurogeita hamabost verstako ibilaldi baten ondotik.
Bestelako lurraldea zen hura. Kamsk herri txikia uharte osasungarria da eta bizitzeko modukoa, kontrakoa baino ez den eskualde baten erdian. Barabaren muin-muinean dago. Tom ibaia pasatzen da Kamsken zehar, Irtishera bidean, eta ibai hura kanalizatuz saneatu dituzte bazterrak, zingira kiratsuak larre naro bilakaturik. Hala ere, hobekuntza horiek ez dituzte erabat desagerrarazi udazken aldean bertan bizitzea arriskutsu bihurtzen duten sukarrak. Baina hura da oraindik ere Barabako biztanleek bilatzen duten babestokia, zingirako usteltasunek probintziako beste alderdietatik uxatzen dituztelarik.
Tatariarren inbasioak eragindako aienatzeak ez zuen hustu Kamsk herrixka ordu arte. Bertakoak seguru sentitzen ziren, nonbait, Barabaren erdi-erdian, edo, gutxienez, inbasioaren mehatxua hurbiltzerakoan ihes egiteko beta izango zutela uste zuten.
Mikel Strogoffek, irrikan egon arren, ezin izan zuen batere berririk jakin leku hartan. Harengana joko zuen gobernadoreak lehenago, Irkutskeko merkataria egiatan nor zen jakin izan balu. Kamsk, izan ere, kokalekuagatik beragatik, Siberiako mundutik at zegoela irudi zuen, lurralde osoa asaldatzen zuten gertaera larrietatik kanpo.
Gainera, Mikel Strogoff ez zen apenas agertu jendartean. Ez zuen aski inork berari arreta ez jartzea, ikusezina nahi zuen izan. Iraganeko eskarmentuagatik gero eta zuhurrago bihurtzen ari zen orainaldi eta etorkizunerako. Hortaz, bazter geratu zen eta, herriko karriketan ibiltzeko gogorik gabe, ez zuen ostatutik irten nahi izan.
Mikel Strogoffek zalgurdia aurkitzeko eta Omsketik hona ekarri zuen zaldia ibilgailu erosoago batez ordezteko abagunea bazuen Kamsken. Baina, sakon hausnartu ondoren, beldur zen tarantas bat erostean ez ote zuen norbaiten arreta bereganatuko, eta ez zien susmoei bide eman nahi tatariarrek okupatuta zuten lerroa, Siberia erdirik erdi Irtish ibarrari jarraituz eteten duen marra, atzean utzi arte.
Beste alde batetik, zaldiak gehiago balio zuen Barabaren zeharkaldi zail hau burutzeko. Arriskuren batek hurbil-hurbiletik mehatxatu, eta zingira eta istiletan barrena ihes egin beharko zuen, beharbada, edo zaldizko batzuk agertu, eta kanaberen multzo trinkoen artera oldartu beharko zuen, atzean utziko bazituen; eta horrelakoetan zaldia askozaz egokiagoa zen zalgurdia baino. Geroago, Tomsketik aitzina, edo Krasnoiarsk pasata, mendebaldeko Siberiaren hiri garrantzitsuren batera iristerakoan, ikusiko zuen zer komeni zen.
Zaldiari zegokionez, bururatu ere ez beste batekin aldatzea. Ohitua zegoen abere ausart horrekin. Bazekien zer eskatzen ahal zion. Omsken erosterakoan, zoria eskutik izan zuen, eta, posta nagusi harengana eramanez, mujik prestu hark mesede galanta egin zion. Gainera, Mikel Strogoffi bere zaldia atsegin izateaz gain, zaldia bidaiaren nekeetara pixkaka-pixkaka jartzen ari zela irudi zuen, eta, noizetik noizera atseden ordu batzuk emanez gero, haren zaldizkoak probintzia inbadituetatik harago eramango zuela espero zezakeen.
Gauzak horrela, abuztuaren 2ko arratsa eta 2tik 3rako gaua ostatutik irten gabe eman zituen, herriaren sarreran, inor gutxi hurreratzen baitzen topaketa desegokietatik nahiz kuxkuxeroen begiradetatik urrun zegoen etxe hartaraino.
Nekearengatik leher egina, ohean etzan zen, zaldiari deus falta ez zitzaiola ziurtatu eta gero; baina aldizka baizik ezin izan zuen lo egin. Oroitzapen larregi, kezka larregi, denak batera buruan. Haren ama zaharra, neska gazte kementsu hura, biak atzean utziak, babes gaberik; bataren eta bestearen irudiak iragaten zitzaizkion gogotik, maiz pentsamendu bakar batean nahasten zirela.
Gero, bere zeregina. Konplituko zuela zin egina zuen. Moskutik atera zenetik ikusitako guztiak garrantzi handikoa zela erakusten zion gero eta gehiago. Inbasioa larria zen guztiz, eta Ogareffen konplizitatea ikaragarriagoa bilakatzen zuen. Haren begiak zigilu inperialaz jantzitako gutuna ikusi zuen. Eta gutun hori ikustean, hainbeste gaitzen sendabidea, gerrak urraturiko herrialde osoaren salbamena hantxe zegoela oharturik, Mikel Strogoff grina gorri batek astindu zuen. Lasterka joan nahi zuen estepan aurrera, hegaldatuz egin nahi zuen Irkutskeraino falta zitzaion tartea, arrano bihurtu nahi zuen oztopoen gainetik pasatzeko, haize zakar izan nahi zuen zeruak ehun versta orduko zeharkatzeko, duke handiaren aurrera heldu nahi zuen eta garrasi egin: «Jauna, mezu bat tsarraren partetik!».
Biharamun goizean, seietan, Mikel Strogoff abiatu zen berriro ere, Kamsketik Ubinsk herrixkara dauden laurogei versta (85 kilometro) egun hartan bertan egiteko asmoz. Hogei verstako eremutik hara, Barabako zingiran gertatu zen berriz, eta lurzoruak oin beteko ura izaten zuen leku askotan, han inolako kanalizazioak ez baitzuen ura lehortu. Zaila zen orduan bidea nondik nora zihoan ezagutzen, baina, haren zuhurtzia apartari esker, gorabeherarik ez zen izan ibilaldi hartan.
Ubinskera sartu eta zaldia atsedenean utzi zuen gau guztian, asmoa baitzuen hurrengo egunean Ubinsk eta Ikulskoe banantzen dituzten ehun versta zaldiari brida kendu gabe ibiltzeko. Egunsentian jarri zen bidean, beraz, baina paraje hartan, zoritxarrez, Barabako lurzorua gero eta higuingarriagoa zen.
Izan ere, urak hartuta zegoen sakonune mehar hura Ubinsk eta Kamakova artean, isurbiderik gabeko aska eskerga batean bezala, euria atertu gabe aritu baitzuen aurreko asteetan. Etenik ere ez zeukan istil, urmael eta aintziren sare jarrai azkengabe hark. Aintzira haietako bat, Txang izen txinatarraz ezaguna eta haren handitasunarengatik geografiaren nomenklaturan jasotzeko modukoa zena, hogei verstako luzeran inguratu behar izan zuen, zailtasun galantak garaituz. Atzerapenak sortu ziren, Mikel Strogoffen aurrera jo nahi itsuak ere ezin saihestu zituenak. Bestetik, zentzudun jokatu zuen Kamsken zalgurdirik hartu ez zuenean, haren zaldia igarotako lekuetan zehar ez zen-eta pasatuko beste ibilgailurik.
Arratseko bederatzietan Ikulskoera iritsi eta gaua egin zuen bertan. Barabako herri galdu hartan ez zuten batere berririk gerrari buruz. Bere izaeragatik beragatik, probintziaren atal hura, tatariar armadaren bi zutabeek eratzen zuten sardearen erdian kokaturik, inbasioaren lazgarrikerietatik urruti egon zen ordu arte.
Baina azkenik naturaren eragozpenak arinagoak eta urriagoak izango ziren, Mikel Strogoffek biharamunean utziko baitzuen Barabako zingira, beste atzerapenik ezean, eta bide garbia aurkituko berriz ere, Kolivaneraino falta zitzaizkion ehun eta hogei versta egin eta gero (133 kilometro).
Garrantzizko hiri horretara iritsirik, tarte bera izango zuen Tomskeraino. Orduan kontuak nola zeuden aztertu eta, segur aski, hiri hori inguratzera deliberatuko zuen, Feofar Khanen mendean baitzegoen jadanik, albisteak gezurrezkoak ez baziren.
Barabako herrixka guztiak, Ikulskoe, kasu, edo Karginsk, biharamunean zeharkatu zuena, lasai antzean aurkitu zituen, soldadu tatariarren zutabeentzat ezinezkoa zelako eskualde istiltsu hartan barneratzea, han ezin baitziren eroso mugitu. Baina, Obi ibaiaren bazter oparoetara heltzean, ez ote zen beldur izatekoa Mikel Strogoffek, oztopo fisikoak atzean utzita, fidagaitza agertu beharko zuela gizon bat ikusi orduko? Baietz erantzun behar, nonbait. Hala eta guztiz, beharrean suertatuz gero, Irkutskeko bidetik kanpo abiatuko zen zalantzarik egin gabe. Estepan barrena bidaiatuz, baliabiderik gabe geratzeko arriskuan egongo zen noski. Han ez baita bide urraturik, han ez baita ez hiririk ez herrixkarik. Baserri isolatu batzuk ozta-ozta, edo jende xeheen txabola soilak! Abegitsu hartuko zuten hartu ere, baina nekez eskuratuko zuen haien etxeetan biderako behar zuena! Hala ere, zalantza bakar bat ere ez.
Azkenik, arratsaldeko hiru eta erdiak aldean, Kargatskeko geldilekua igaro ostean, Mikel Strogoffek Barabako azken sakonuneak utzi zituen gibelean, eta Siberiako lurraldearen lurzoru gogor idorra jotzen hasi ziren berriro ere haren zaldiaren zangoak.
Uztailaren 16an atera zen Moskutik. Beraz, egun hartan, abuztuak 5, Irtish ibaiaren bazterretan galdutako hirurogeita hamar orduak kontatuz, hogei egun bete ziren haren irteeratik.
Mila eta bostehun verstako bidea gelditzen zitzaion oraindik Irkutskeraino.
© Jules Verne
© itzulpenarena: Karlos Zabala