XIV

AMA-SEMEAK

 

        Omsk hiria mendebaldeko Siberiako hiriburu ofiziala da. Ez da, ordea, izen bereko probintziako hiririk garrantzizkoena, Tomsk handiagoa baita eta jende gehiago biltzen baitu; baina Omsken bizi da Errusia asiarraren lehen erdi honetako gobernadore nagusia.

        Omsk, zehatz esanda, ez da hiri bakar bat, bi baizik. Batean agintariak eta funtzionarioak besterik ez dira bizi, eta bestean merkatari siberiarrak gehienbat, bertan salerosketa asko ez egin arren, itxuraz behintzat.

        Hamabi-hamahiru mila lagun inguru bizi dira hiri horretan. Hesi bat dauka inguruan babesgarri, alboetan bastioiak ageri dituena; baina lurrezkoak dira defentsa horiek guztiak, eta ezin horrela babes handirik eskaini. Ongi zekiten hori tatariarrek, eta laster saiatu ziren indarrez bereganatzen, eta baita lortu ere, egun batzuetan setiatu ondoren.

        Omsken bi mila soldadu baino ez zeuden, eta, ausardiaz borrokatzen baziren ere, merkatarien hirian atzera egin behar izan zuten karrikaz karrika, emirraren gerlari sailek sakaturik, eta goiko hiriaren gerizan babesa hartu.

        Han gorde ziren gobernadore nagusia, haren ofizialak eta haren soldaduak. Omskeko goi auzoa gotorleku antzekoa bihurtu zuten, etxe eta elizetako gain guztietan tiro egiteko almenak egokituz, eta ordu arte eutsi egin zioten etsaiari edonola eratutako kreml irudiko hartan, laguntza garaiz jasotzeko itxaropen handirik gabe. Izan ere, tatariarrak gero eta ugariagoak ziren, hirian etengabe sartu eta sartu ari ziren-eta soldadu saldoak, Irtish ibaian behera etorrita, eta egoera are larriagoa zen tropa horiek nork zuzentzen eta bultzatzen zituen kontuan edukiz gero. Haien buru egiten zuena bere herriari traizioa egindako ofizial bat zen, baina merezimendu handikoa eta ausarta arrisku guztien aurrean.

        Ivan Ogareff koronela, hain zuzen ere.

        Ivan Ogareff militar eskolatua zen, baina buruzagi tatariarrak bezain ikaragarria. Odol mongoliarretik bazuen pixka bat, haren ama jatorri asiarrekoa izanik. Azerikeriaz jokatzea maite zuen, amarruak asmatzea atsegin zitzaion, eta ez zuen higuin inolako metodorik, isilpekoren batez jabetu edo azpijokoren bat egin nahi zuenean. Maltzurra izatez, mozorro-jantzirik zirtzilenez baliatzea gogoko zuen, eta eskale irudian agertuko zitzaizun, esaterako. Edozein itxura eta edozein forma ezin hobekiago hartzen zuen. Ankerra zen, gainera, eta borreroarena egingo zuen beharrezkoa izanez gero. Feofar Khanek gudalburu paregabea zuen harengan gerra basati hartan.

        Hortaz, Mikel Strogoff Irtish ibaiaren hegietara iritsi zenerako, Ivan Ogareff Omsk hiriaren jaun eta jabe zen, eta gero eta gehiago estutzen ari zen hiriaren goi auzoaren setioa, lehenbailehen Omsk utzi eta Tomskera joan nahi zuelako, hartara bildu berria baitzen armada tatariarraren zatirik handiena.

        Tomsk egun batzuk lehenago azpiratu zuen Feofar Khanek eta handik joko zuten inbaditzaileek Irkutsk aldera, erdi aldeko Siberia mendean hartu ondoren.

        Irkutsk zen Ivan Ogareffen benetako helburua.

        Hauxe zen traidore horren plana: duke handiarengana agertu gezurrezko izenez, haren konfiantza bereganatu, eta, egokiera suertatzen zitzaionean, bai hiria bai duke handia bera ere tatariarren esku uztea.

        Halako hiria eta halako pertsonaia bereganaturik, Asia aldeko Siberia guztia inbaditzaileen mendean eroriko zen.

        Alabaina, gorago esan legez, tsarrak bazuen helburu makur horien berri, eta Ivan Ogareffi asmoak ustel irten zekizkion utzi zuen Mikel Strogoffen ardurapean garrantzi handiko eskutitz hura. Eta horregatik eman zizkion agindu zorrotz-zorrotzak mandatari gazteari, inbadituriko lurraldean barrena inork ere ezagutu gabe igarotzeko.

        Egiteko hori zintzo bete zuen ordu arte, baina horrela jarraitu ahal izango zuen hemendik aurrera?

        Mikel Strogoffek hartutako kolpea ez zen hilgarria. Soldaduek ez ikusteko moduan egin zuen igeri eskuineko ibai ertzeraino, eta hango kanaberen artean erori zen korderik gabe.

        Bere onera etorri zenean, mujik baten txabolan zegoen. Nekazari hark jaso eta sendatu zuen, eta hari zor zion artean bizirik irautea. Noiztik zegoen siberiar abegitsu haren etxean? Ezin esan. Baina, begiak zabaltzean, aurpegi bizardun onbera ikusi zuen, beregana makurturik, begirada errukitsuz so egiten ziona. Ea non zegoen galdetzera zihoanean, mujikak aurreratu eta hitz egin zion:

        —Ez ezer esan, aita txiki hori, ez ezer esan! Ahul hago oraindik. Esango diat non hagoen eta zer gertatu den neure txabolara ekarri hindudanetik hona.

        Eta bere begien aurrean izandako borroka haren gorabeherak kontatu zizkion mujikak Mikel Strogoffi: nola egin zieten eraso tatariarren txalupek, nola ebatsi zituzten tarantasean zeuden gauza guztiak, nola hil zituzten gabarrariak!...

        Baina Mikel Strogoffek ez zion entzuten, eta, eskua jantzietara eramanda, eskutitz inperiala sumatu zuen, bularraldean gordea oraindik.

        Arnasa hartu zuen, baina hura ez zen dena.

        —Neska bat zetorrean nirekin! —esan zion.

        —Ez zitean hil! —erantzun zion mujikak, gazte zaurituaren begietako larritasunari aurre harturik—. Txalupara eraman eta Irtishen behera segitu zitean! Beste gatibu bat izango duk Tomskera eraman dituzten guztien artean!

        Mikel Strogoffek ezin izan zion erantzun. Eskua bihotzean jarri zuen taupadei eusteko.

        Baina, beltzak eta gorriak ikusi arren, betebeharra konplitzeko senak hartzen zion gogoa erabat.

        —Non nago? —galdetu zuen.

        —Irtish ibaiaren eskuineko bazterrean, eta Omsketik bost verstara baino ez —ihardetsi zion mujikak.

        —Zer zauri mota izan dut, kordea galdu eta modu honetan uzteko? Ez zen tiro bat izan?

        —Ez, lantza kolpe bat eman ziaten kopetan, baina orbaindua zagok dagoeneko —azaldu zion mujikak—. Egun batzuk atsedenean igaro, aita txiki hori, eta bideari lotzeko prest egongo haiz berriz ere... Ibaira erori hintzen, baina tatariarrek ez hinduten ez ukitu ez arakatu, eta poltsa sakelan daukak oraindik ere.

        Mikel Strogoffek eskua luzatu zuen mujikaren aldera. Gero, ohean agondu zen kolpetik, eta honela itaundu zion:

        —Noiztik nago hemen, adiskidea?

        —Orain dela hiru egun ekarri hindudan.

        —Hiru egun alferrik galduak!

        —Hiru egun korderik gabe eman dituanak!

        —Baduk zaldirik niri saltzeko?

        —Abian jarri nahi duk?

        —Oraintxe bertan.

        —Ez diat ez zaldirik ez gurdirik, aita txiki hori! Tatariarrak igarotzen diren lekuetan ez duk ezer ere gelditzen!

        —Tira, zaldi baten bila joango nauk, bada, Omskera oinez...

        —Atseden har ezak ordu batzuetan, eta hobeki egongo haiz bidean aurrera jarraitzeko.

        —Ezta ordu bakar batean ere!

        —Goazemak, bada! —esan zion mujikak, gaztearen borondatearen kontra alferrik saiatuko zela ikusirik—. Nik neuk eramango haut —gehitu zuen—. Gainera, errusiar asko zaudek oraindik Omsken, eta beharbada inork ez dik hiregan erreparatuko.

        —Adiskidea —erantzun zion Mikel Strogoffek—, Jaun zerukoak sarituko ahal hau nire alde egiten ari haizen guztiarengatik!

        —Saria! Eroek baizik ez ditek espero lur gainean —esan zion.

        Mikel Strogoff txabolatik atera zen. Ibili nahi izan zuenean, zorabioak hartu eta, mujikaren laguntzarik gabe, ziplo lurrera eroriko zen, baina kanpoko haizeak aurki suspertu zion kordea. Buruan hartutako kolpea sentitu zuen orduan. Lantzak ez zuen indar osoz jo, larruzko txanoak apur bat moteldu baitzion ukaldia. Kementsuetan kementsuena, halako eragozpen txiki batek ez zuen kikilduko. Xede bakarra zeukan begien bistan: Irkutsk hiri urrutikoa. Haraino iritsi behar zuen nahitaez! Baina Omsk zeharkatu behar zuen aurrena denborarik galdu gabe.

        —Jainko jaunak gorde ditzala ama eta Nadia! —murmurikatu zuen—. Haietaz pentsatzeko eskubiderik ez diat oraingoz!

        Mikel Strogoff eta mujika berehala iritsi ziren beheko hiriaren merkatari auzora, eta, militar tatariarrek hartua bazen ere, zailtasunik gabe sartu ziren bertara. Lurrezko hesia leku askotatik suntsitua zegoen, eta zulo horietatik guztietatik barneratzen ziren hirian Feofar Khanen soldadu sailen atzetik zihoazen litxarreroak.

        Omsk barnean soldadu tatariarrak inurriak bezain ugari ageri ziren karrika eta plazetan, baina nabaria zen burdinazko esku batek diziplina ezartzen ziela, haien ohituren kontra. Izan ere, ez zebiltzan bakarka, talde armatuetan baizik, edozein erasori aurre egiteko gertu.

        Plaza nagusia kanpamentu bilakatua zen. Bi mila tatariarrek zituzten han beren dendak ordena egokian jarriak, eta zaindari anitz zebilen erne inguruan. Zaldiak, hesoletan loturik baina uhal guztiak jantzita beti, prest zeuden lehen agindua eman orduko lauoinka abiatzeko. Omsk aldi baterako geldialdia besterik ezin izan zalditeria tatariar horrentzat, aukeran ekialdeko Siberiako ordokiak nahiago zituzten-eta segur aski, hango hiriak aberatsagoak baitira, hango alorrak oparoagoak, eta, beraz, harrapaketak eta lapurretak hemengoak baino emankorragoak.

        Merkatarien hiriaren gainetik, goiko auzoaren etxeak agertzen ziren mailaka-mailaka. Ivan Ogareffek ezin izan zuen goiko alde hori artean eskuratu, oldar bizian ahaleginduagatik, defendatzaileek eutsi egiten baitzioten, erasoei erantzun bortitz bipila emanez. Murru almenadunen goialdean Errusiako bandera nazionala mugitzen zen haizeak eraginda.

        Bidezko harrotasunez agurtu zituzten kolore haiek Mikel Strogoffek eta haren gidariak barren-barrendik.

        Mikel Strogoffek ederki ezagutzen zuen Omsk hiria, eta, beti bere gidariaren atzetik, alde batera uzten zituen karrikarik jendetsuenak. Ez zuen horrela jokatzen norbaitek bere berri ote zekien beldurrez. Hiri hartan, bere ama zaharrak bestek ezin zion deitu bere egiazko izenaz, baina zin egina zuen ez zuela ikusiko, eta ez zuen ikusiko. Eta gainera, eta horixe espero zuen Mikel Strogoffek bihotz-bihotzetik, esteparen bazter lasai batera ihesi joana izango zen beharbada.

        Mujikak, zorionez, posta etxeko nagusi bat ezagutzen zuen, eta gizon horrek ez zion muzin egingo, haren ustez, zalgurdia edo zaldiak alokatzeari zein saltzeari, ongi ordainduz gero. Hiritik atera behar, ondoren, baina hesian egindako zuloek erraztuko zioten irteera Mikel Strogoffi.

        Mujikak posta etxera zeraman zuzen-zuzen bere txabolan jasotako mutila, eta behingoan, karrika mehar batean, Mikel Strogoff gelditu eta horma atal baten atzean ezkutatu zen.

        —Zer duk? —galdetu zion mujikak, harri eta zur ezusteko mugimendu hori zela-eta.

        —Ixo! —erantzun zion Mikel Strogoffek lehiaz, hatz bat ezpainetan ipintzen zuela.

        Memento hartan, tatariarren destakamendu bat plaza nagusitik irten eta une bat lehenago Mikel Strogoff eta haren laguna ibiltzen ari ziren karrikan sartu zen.

        Hogei bat zaldizkok osatzen zuten destakamendua, eta ofizial bat zihoan haien buru, uniforme soil-soilez jantzita. Alde batera eta bestera begiratzen zuten agudo, baina ezin Mikel Strogoff ikusi, arin bai arin egin baitzuen bazterrera.

        Destakamendua trosta bizian zebilen karrika estu hartan zehar. Ez ofizialak ez soldaduek ez zuten ardurarik hartzen han zebiltzan lagunekiko. Dohakabe haiek ozta-ozta alde egiten zuten militarren bidetik. Eta hala, eztarrian erdi itotako garrasi batzuk entzun ziren, lantza kolpez berehalakoan isildu zituztenak, eta karrika inor gabe geratu zen istant batean.

        Zaldizkoen taldea joan zenean:

        —Nor da ofizial hori? —galdetu zuen Mikel Strogoffek mujikaren aldera itzulirik.

        Eta galdera egiten zuen bitartean, zurbil-zurbila zeukan begitartea, hildako batena irudi.

        —Ivan Ogareff duk —erantzun zion siberiarrak, gorrotoa zeriola bere ahots apalari.

        —Hori? —joan zitzaion ihesi Mikel Strogoffi oihu batean, baretu ezinezko amorrazioa adieraziz.

        Ofizial hura Ixingo posta etxean kolpea eman zion bidaztia zen.

        Eta gogoa argitu zion burutapen batek. Gizon hark, erdizka baino ikusi ez arren, bazuen antza Nijni Novgorodeko azokan ustekabez hizketan entzun zuen buhame zaharrarekin ere.

        Mikel Strogoff ez zebilen oker. Bi gizon haiek bat bakarra ziren. Buhamearen arropaz jantzirik eta Sangarreren koadrilarekin nahasita utzi ahal izan zuen Nijni Novgorod probintzia, non ibilia zen, Asiaren erdialdetik merkatura bilduriko atzerritar ugarien artean, ea lagun gehiago elkartzen zituen bere helburu madarikatuak burutzeko lanera. Sangarre eta haren neska buhameak hark ordaindutako zelatari apartak ziren, lanean harentzat zihardutenak erabateko fideltasunaz. Gizon hura zen gau hartan, merkatu plazan, esaldi bitxi hura esan zuena, zeinaren esanahia orain uler baitzezakeen Mikel Strogoffek; gizon hura zen Kaukaso ibai ontzian zihoana ijito koadrilarekin; gizon hura zen Kazandik Ixinerako bidean barrena Ural mendiak zeharkatu zituena, Omskera iritsi eta hiriaren jabe egiteko.

        Hiru egun eskas igaro ziren Ivan Ogareff Omskera iritsi zenez geroztik, eta, Ixingo topaketa zorigaiztoko hura gabe, Irtish ibaiaren ertzean hiru egunez geldirik eduki zuen gertaera hura gabe, Mikel Strogoffek aurre hartuko zion inondik ere Irkutskera bidean!

        Eta nork daki zenbat ezbehar ez ziren eragotziko etorkizunean!

        Nolanahi ere, Mikel Strogoffek inoiz baino premia handiagoa zuen Ivan Ogareffi ihes egiteko eta traidore horrek inola ere ikus ez zezan lortzeko. Bekoz beko topatzeko unea iritsiko zen, eta orduan jakingo zuen nola jokatu, aurrean Siberia osoaren jabea baldin bazuen ere!

        Mujikak eta biak ibiltzeari ekin zioten berriz, eta posta etxera iritsi ziren. Omsk uztea ez zen zaila gertatuko hesiko zuloren batetik irtenda, gaua iristean. Tarantasa ordezkatzeko beste zalgurdi bat erostea, ordea, ezinezkoa zen. Ez zegoen bat ere ez alokairuan, ezta salgai ere. Baina zertarako behar zuen zalgurdia Mikel Strogoffek? Ez zen, bada, bakarrik gelditu, tamalez? Zaldi bat aski zuen, eta, zorionez, eskuratu ahal izan zuen zaldi hori. Abere zaildua zen, nekeak luzaro eramateko gai, eta Mikel Strogoffek, zaldi gainean iaioa oso, etekin bikaina atera ziezaiokeen.

        Zaldia txit garesti ordaindu, eta, minutu batzuk geroago, prest zegoen bideari lotzeko.

        Arratsaldeko laurak ziren orduan.

        Mikel Strogoff gauaren zain egon beharrean zegoen, hesia zeharkatzeko, eta, Omskeko karriketan ez agertzea nahiago zuenez gero, posta etxean geratu zen eta zerbait jateko eskatu.

        Jendea franko zegoen postako areto nagusian. Errusiako tren geltokietan bezala, bizilagunak, larritasunez beterik, hara biltzen ziren albisteen bila. Soldadu sail errusiarrak iristekotan omen zeuden, baina ez Omskera, Tomskera baizik, eta haien zeregina hiri hori Feofar Khanen tatariarren eskuetatik askatzea omen zen.

        Mikel Strogoffek adi luzatzen zuen belarria, ea han zeudenek zer zioten, baina ez zuen parte hartzen elkarrizketetan.

        Bat-batean, garrasi batek bihotza astindu zion. Ondo-ondoan jaurtitako hitz bat barneratu zitzaion sakon, arimaren hondoraino:

        —Seme!

        Haren ama, Marfa zaharra, hantxe dago aurre-aurrean! Eta besoak luzatzen dizkio ikaraka, irribarrea ezpainetan!...

        Mikel Strogoff altxatu da. Harengana oldartzera doa...

        Baina bere eginbeharraz oroitu da, topaketa deitoragarri horretan bai amak bai berak izango duten arrisku handia etorri zaio gogora, eta gelditu egin da bertan. Bere buruaren jabe guztiz, gihar bakar bat ere ez zaio mugitu aurpegian.

        Hogei bat lagun zeuden areto handi hartan. Haien artean zelatariak izango ziren beharbada, eta, hirian ez al zekiten denek Marfa zaharraren semea tsarraren mandataria zena?

        Mikel Strogoffek zirkinik ez zuen egin.

        —Mikel! —oihu egin zion bere amak.

        —Nor zara zu, andrea? —galdetu zion Mikel Strogoffek hitzak zezelka esanez, ongi ahoskatu ezinik.

        —Nor naizen? Hik galdetzen didak! Ez duk hire ama ezagutzen, seme!

        —Oker zaude!... —erantzun zion hotz Mikel Strogoffek—. Beste batekin nahasten nauzu...

        Marfa zaharrak harengana zuzen jo zuen eta begiz begi so egin:

        —Hi ez haiz Petri eta Marfa Strogoffen semea? —itaundu zion.

        Mikel Strogoffek bizia emango zuen ama besoetan askatasunez hartzeagatik!... baina etsiz gero, harenak egin zuen, harenak eta haren amarenak, akabo haren eginkizuna, akabo haren zina!... Bere burua osoki menderaturik, begiak itxi zituen bere ama maiteari begitartea uzkurtzen zion larritasun ikaragarria ez ikusteko, eskuak ezkutatu zituen bere bila ari ziren esku dardarati haiek ez estutzeko.

        —Ez dakit benetan zer esan nahi duzun, andrea —erantzun zion, pauso batzuk atzera eginda.

        —Mikel! —oihu egin zuen berriz haren ama zaharrak.

        —Ni ez naiz Mikel! Ni ez naiz zure semea! Nikolas Korpanoff dut izena, eta Irkutskeko merkatari bat naiz!...

        Eta brau atera zen aretotik, hitz hauek durundi egiten zutela azken aldiz:

        —Seme! seme!

        Mikel Strogoffek, bihotza gainez estutzeko zorian, alde egin zuen. Ez zuen ikusi nola erori zen bere ama zaharra banku batean arnasgabe ia. Baina, posta etxeko nagusia lasterka laguntzera joan zitzaionean, emakume zaharra altxatu egin zen. Burutazio bat etorri zitzaion gogora tupustean. Bere semeak hura zapuztu! Ezin zitekeen! Eta hark bere semea beste batekin nahasi, ezinago! Bere semea zen ikusi berri zuena, dudarik ez, eta semeak ezagutu ez bazuen, nahi ez zuelako izan zen, ezagutu behar ez zuelako, horrela jokatzeko arrazoi larriak zeuzkalako! Eta orduan, ama sentimenduak itzalaraziz, pentsamendu bakar bat izan zuen: «Ez nuen galbidean jarriko nahi gabe?».

        —Burutik egina nago! —esan zien hari begira zeudenei—. Iruzur egin didate begiek! Gizon gazte hori ez zen nire semea! Bestelako ahotsa zuen! Utz dezagun! Nonahi ikusiko dut azkenekoz.

        Hamar minutu joan aurretik, ofizial tatariar bat agertu zen posta etxean.

        —Marfa Strogoff? —galdetu zuen.

        —Ni naiz —erantzun zion emakume zaharrak doinu patxadatsuz eta begitartea lasai-lasaia, aurreko gertaeraren lekukoek nekez ezagutzen zutela.

        —Zatoz —agindu zion ofizialak.

        Marfa Strogoff urrats irmoz ofizialari jarraitu eta posta etxetik irten zen.

        Handik gutxira, Marfa Strogoff plaza nagusiko kanpamentuan zegoen, Ivan Ogareffen aurrean, segituan ohartarazi baitzioten postako eszenaren xehetasun guztiez.

        Ivan Ogareffek, egiari susmo harturik, zuzenean galdekatu nahi izan zuen andre siberiar zaharra.

        —Izena? —galdetu zion zakar.

        —Marfa Strogoff.

        —Seme bat baduzu, ezta?

        —Bai.

        —Tsarraren mandataria da?

        —Bai.

        —Non dago?

        —Moskun.

        —Ez duzu haren berririk?

        —Ez dut haren berririk.

        —Noiztik?

        —Azken bi hilabetetik hona.

        —Nor zen, bada, posta etxean arestian seme deitu duzun gizon gazte hori?

        —Gazte siberiar bat, nire semearekin nahasi dudana —erantzun zion Marfa Strogoffek—. Hamaika aldiz uste izan dut semea ikusi dudala, hiria atzerritarrez bete zaigunetik! Nonahi dagoela iruditzen zait!

        —Beraz, gizon gazte hori ez zen Mikel Strogoff.

        —Ez, ez zen Mikel Strogoff.

        —Badakizu, atso hori, egia aitortzen duzun arte torturatzeko agindu dezakedala?

        —Egia esan dut, eta torturak ez ditu nire hitzak aldatuko.

        —Siberiar hori ez zen Mikel Strogoff? —galdetu zion bigarren aldiz Ivan Ogareffek.

        —Ez! Ez zen bera! —erantzun zion bigarren aldiz Marfa Strogoffek—. Jainkoak halako semea eman eta hari nik uko egiteko mundu honetan zerbait badelakoan zaude?

        Ivan Ogareffek begirada makurra bota zion aho betean aurka egiten zion andre zahar hari. Ez zuen dudarik egiten atso hark semea ezagutu zuela siberiar gazte haren baitan. Eta lehenik semeak amari uko egin bazion, eta ondotik amak semeari, arrazoia larria baino larriagoa izan behar.

        Hortaz, bada, Ivan Ogareffentzat ez zegoen zalantzarik. Nikolas Korpanoff zeritzan hori Mikel Strogoff zen, tsarraren mandataria, egiazko nortasuna izen faltsuaz gorde eta egitekoren bat burutzeko ardura zuena. Izugarrizko garrantzia zuen harentzat egiteko hori zein zen jakiteak, eta berandu gabe bila eta harrapa zezaten agindu zuen.

        —Emakume hau Tomskera eraman dezatela —esan zuen Marfa Strogoffen aldera itzulita.

        Eta soldaduek basakeriaz herrestan zeramaten bitartean, hauxe gehitu zuen ahopean:

        —Mintzaraziko diat, bai, sorgin zahar hori, garaia datorrenean!

 

 

 

© Jules Verne

© itzulpenarena: Karlos Zabala

 

 

"Jules Verne / Mikel Strogoff" orrialde nagusia