XIII

OROREN GAINETIK, EGINBEHARRA

 

        Nadiak igarri zuen Mikel Strogoffen ekintza guztiak eragile isilpeko batek zuzentzen zituela, bazegoela ezkutuko arrazoiren bat bere buruaren jabe izaten uzten ez ziona, ez zuela eskubiderik nahierara ibiltzeko, eta, gertatu berri horretan, bere eginbehar isilarengatik uko egin ziola heroitasunez baita irain hilgarri baten erresuminari ere.

        Nadiak, bestalde, ez zion azalpenik eskatu. Eskua luzatu zion, eta esku luzatu hark ez ote zion aurretik erantzuten hark esan ziezaiokeen guztiari?

        Mikel Strogoffek mutu iraun zuen arrats osoan. Gaua posta etxean eman behar zuten, bertako nagusiak hurrengo goizera arte ezin baitzizkien eskuratu zaldi atseden hartuak. Nadiak, bada, zertxobait pausatzeko aukera zuen, eta logela bat atondu zioten.

        Neska gazteak nahiago zuen, inondik ere, bere bidelagunaren aldamenean egon, baina bakardadean egoteko beharra izango zuela pentsatu, eta beretzat prestatutako logelara joatea erabaki zuen.

        Hala ere, irtetekotan zegoela, ezin izan zion eutsi agur esateko gogoari.

        —Neba... —xuxurlatu zuen.

        Baina Mikel Strogoffek eten egin zion keinu batez. Hasperen bat joan zitzaion neskari bularretik, eta gelatik irten zen.

        Mikel Strogoff ez zen oheratu. Loak ez zuen hartuko, ezta ordubetean ere. Erredura antzeko bat sentitzen zuen bidazti basatiaren zartailuak jo zuen lekuan.

        —Aberriaren eta Aitaren alde! —esan zuen berekiko ahots apalez azkenik, gaueko otoitza bukatutakoan.

        Dena dela, premia gaindiezin batek hartu zuen osoki. Nor zen kolpe hura eman zion gizona? Nondik zetorren eta nora zihoan? Jakin beharra zeukan. Haren begitarteaz ongi oroitzen zen. Tinko baino tinkoago zituen haren hazpegiak gogoan gorderik. Beldurrik ez, inoiz ahaztuko zitzaizkion.

        Mikel Strogoffek postako nagusia etorrarazi zuen.

        Hura, siberiar peto-peto bat, berehala agertu zen, eta, gizon gazteari apur bat goitik begiraturik, zain geratu zen zer galdetuko.

        —Hemengoa haiz? —itaundu zion Mikel Strogoffek.

        —Bai.

        —Ezagutzen duk nire zaldiak eraman dituen gizona?

        —Ez.

        —Sekula ez duk ikusi?

        —Sekula ez!

        —Nor izan daiteke, hire ustez?

        —Obediarazten dakien jaun bat!

        Mikel Strogoffen begiratua labana bezala sartu zen postako nagusiaren bihotzean, baina hark ez zuen horregatik betazala itxi.

        —Ni epaitzera ausartzen haiz? —oihu egin zion Mikel Strogoffek.

        —Bai —erantzun zion siberiarrak—, bai baitira zenbait gauza ezta merkatari soil batek ere ezin jasan dituenak ordainik eman gabe!

        —Zartailuaren kolpeak?

        —Zartailuaren kolpeak, gazte! Behar beste urte eta behar beste indar badiat hiri esateko!

        Mikel Strogoff postako nagusiarengana hurreratu eta bere bi esku sendoak paratu zizkion sorbaldetan.

        Gero, ahots lasai-lasaiaz:

        —Ospa, lagun hori —esan zion—, ospa! Hilko haut, bestela!

        Postako nagusiak ulertu egin zuen aldi horretan.

        —Horrela nahiago diat —esan zuen xuxurla batean.

        Eta alde egin zuen bestelako hitzik gehitu gabe.

        Biharamunean, uztailak 24, goizeko zortzietan, tarantasak hiru zaldi eder zituen loturik. Mikel Strogoff eta Nadia igo eta eserita jarri ziren, eta Ixin hiria, hain oroitza gozakaitzekoa bientzat, aurki galdu zen bidearen bihurgune baten atzean.

        Egun hartako posta etxe guztietan jakinarazi zioten Mikel Strogoffi berlina aurretik zihoakiola beti ere, eta bidaztiak, hura bezain presati, ez zuela denbora izpirik galtzen estepan barrena Irkutskera bidean.

        Arratsaldeko lauretan, hirurogeita hamabost versta urrunago, Abatskoieko geldilekuan, Irtish ibaiaren adar nagusietako bat zeharkatu beharra izan zuten, Ishim izenekoa.

        Zailxeagoa gertatu zitzaien Tobolekoa baino. Izan ere, Ishim ibaiko ura bizi-bizi zihoan leku hartan. Negu siberiarrean, estepako ur laster horiek denak, izotzezko geruza guztiz lodia gainean dutela, aise igarotzen dira, eta bidaztia ia ohartu gabe zeharkatzen ditu, haien ibilgua desagertzen baita estepa osoa estaltzen duen zuritasun beti-berdin amaigabearen azpian; baina, uda partean, zailtasunak handiak izan daitezke.

        Hortaz, bada, bi ordu eman behar izan zituzten Ishim zeharkatzen; eta, batetik, atzerapenak berak, eta, bestetik, gabarrariek tatariarren inbasioaz eman zizkioten berri kezkagarriek amorruz bete zuten Mikel Strogoff.

        Hona zer zioten:

        Feofar Khanen zenbait esploratzaile agertu omen ziren jada Ishim ibaiaren behealdeko ertz batean eta bestean, Tobolsk probintziaren hego eskualdeetan. Omsk hiria arrisku larrian zegoen. Borrokaldi bat izan omen zen soldadu siberiarren eta tatariarren artean, kirgizen leinu handien mugan —borrokaldi ez oso onuragarria errusiarrentzat, puntu horretan ahulegiak izaki—. Porrotaren ondotik, tropek atzera egin zuten, eta, ondorioz, probintziako nekazariak beren lurraldetik joan ziren denak batera. Inbaditzaileek ankerkeria izugarriak egiten omen zituzten, harrapaketak, lapurretak, suteak, hilketak. Horixe zen tatariarren gerra moldea. Jendeak leku guztietatik ihes egiten zuen Feofar Khanen gudarostearen abangoardia aurreratu ahala. Hiriak eta baserriak hutsik geratzen ari ziren, eta horrek beldur handia sortarazten zion Mikel Strogoffi, zaldirik gabe gera zitekeelako. Lehenbailehen iritsi nahi zuen Omskera. Beharbada, hiri horretatik ateratzean, Irtisheko ibarrean behera zihoazen esploratzaile tatariarrei aurre hartzea izango zuen eta Irkutskeraino bidea trabarik gabe aurkitu.

        Leku hartan bertan, tarantasak ibaia zeharkatu berri zuen parajean, bukatzen zen hizkera militarrez «Ishimgo katea» deritzana, dorrez edo egurrezko fortez osatutako katea bat, Siberiako hego mugatik aurrera laurehun verstaz luzatzen dena (427 kilometro). Behinola, gotorleku horietan kosakoen destakamenduak izaten ziren, herrialde hura bai kirgizen kontra bai tatariarren kontra babesteko. Baina, bertan behera utzirik, Moskuko gobernuak herri liskartsu horiek erabat menderatuak zeudela uste izan baitzuen, ezin zituzten erabili, hain zuzen, benetan baliagarriak izan behar zuten garaian. Forte gehienak errautsetan zeuden, eta gabarrariek Mikel Strogoffi erakusten zizkioten ke mataza batzuek, gora zurrunbiloka hegoaldeko zerumugan, abangoardia tatariarra hurbil zegoela frogatzen zuten.

        Gabarrak Ishim ibaiaren eskuin ertzean utzi zituen tarantasa eta zaldiak, eta ziztu bizian abiatu ziren berriro ere estepako bidean aurrera.

        Arratsaldeko zazpiak ziren. Goi estalia zegoen oso. Eta, lantzean-lantzean, ekaitz euria botatzen zuen, hautsa desagertarazten eta bideak garbiago uzten zituela.

        Mikel Strogoff, Ixingo geldialdiaren ondotik, goibel zegoen, eta isil. Hala ere, erne-erne zebilen beti Nadiari atsedenik gabeko bidaia neketsu honen sufrikarioa arintzeko, neskaren ezpainetatik kexarik ez irten arren. Nadiak hegalak eman nahiko zizkiekeen tarantaseko zaldiei. Haren bidelagunak Irkutskera iristeko berak baino are presa handiagoa zuela gogora zekarkion zerbaitek; eta, zenbat versta oraindik haraino!

        Pentsamendu bat etorri zitzaion burura bat-batean. Tatariarrek Omsk inbaditu bazuten, Mikel Strogoffen ama, hiri horretan bizi zena, arriskuan egongo zen, eta kezka handia eragingo zion horrek semeari. Ulergarria zen amarengana iritsi arteko onik ez izatea.

        Bere bidelagunaren ama bakar-bakarrik egongo zen gertakizun larri haien erdian, eta Marfa zaharra hizpidera ekarri behar zuela iruditu zitzaion orduan Nadiari.

        —Hire amaren berririk ez duk jaso inbasioa hasi zenez geroztik? —galdetu zion.

        —Ezta bat ere, Nadia. Orain dela bi hilabete bidali zidanan amak azken eskutitza, baina berri onak zitunan. Marfa emakume adoretsua dun, kemen handiko siberiar ausarta. Zaharra izanik ere, bere barne indar guztiari eusten zion. Bazakin sufritzen.

        —Ikustera joango nauk, neba nirea —esan zion Nadiak bizi—. Arreba deitzen nauanez gero, Marfaren alaba nauk!

        Eta, Mikel Strogoffek erantzunik ematen ez ziola ikusirik:

        —Beharbada ez duk Omsken izango —gehitu zuen—.

        —Baliteken, Nadia —esan zion—, eta Tobolsken izango dela ere espero dinat. Marfa zaharrak tatariarra gorroto din. Estepa ezagutzen din, ez zaukan beldurrik, eta, makila hartuta Irtish ibaiaren ertzean behera abiatuko ahal zen! Probintziako bazter guzti-guztiak ezagutzen ditin. Zenbat aldiz ez da ibili lurralde honetan zehar gure aita zaharrarekin, eta zenbat aldiz ez naiz ni haien atzetik joan, umea artean, basamortu siberiarrean hara eta hona egiten zituzten ibilaldietan! Bai, Nadia, amak Omsketik alde egin izana espero dinat!

        —Eta noiz ikusiko duk berriz?

        —Noiz?... Itzultzen naizenean.

        —Hala ere, hire ama Omsken baldin badago, ordubete hartuko duk besarkada bat emateko?

        —Ez naun joango besarkatzera!

        —Ez duk ikusiko?

        —Ez, Nadia...! —erantzun zion Mikel Strogoffek, bularra puzten zitzaiola, neskaren galderei erantzuten jarraitu ezinean.

        —Ezetz esaten duk! Ai! Neba, zer arrazoirengatik egiten diok uko ama ikusteari, Omsken baldin badago?

        —Zer arrazoirengatik, Nadia! Zer arrazoirengatik galdetzen didan! —esan zion oihuka Mikel Strogoffek, ahotsa guztiz asaldaturik, neskatxa beldurtzeraino—. Bada, iraina koldarkeriaz pairatzeko izan ditudan berberengatik, doilor horrek...

        Ezin esaldia bukatu.

        —Lasai hadi —esan zion Nadiak ezti-ezti—. Gauza bat besterik ez zakiat, edo hobeki esanda, jakin ez, sentitu egiten diat! Hire jokamolde guztia sentimendu batek zuzentzen duela, eginbehar utziezina bete beharra daukaala, semea amarekin lotzen duena baino are sakratuagoa.

        Nadia isildu zen, eta, handik aurrera, ez zuen ekarri solasera Mikel Strogoffen egoera berezia gogoraraz zezakeen elkarrizketa gairik. Mutilak bazeukan isilekoren bat, errespetatu beharrekoa. Eta neskak errespetatu egiten zuen.

        Biharamunean, uztailak 25, goizeko hiruretan, tarantasa Tiukalinskeko posta etxera iritsi zen, ehun eta hogei verstako bidea eginik Ishim zeharkatu zutenetik.

        Zaldiak agudo aldatu zituzten. Baina iemstxikak, estreinako aldiz, eragozpenak ipini zituen abiatzeko. Tatariarren taldeak estepa arakatzen ari zirela esan zien, eta bidaztiak, abereak eta zalgurdiak harrapakin ederra izango zirela lapur basati horientzat.

        Mikel Strogoffek diru hotsez baizik ezin izan zuen gainditu iemstxikaren gogorik eza, ez baitzuen bere podaroshnaz baliatu nahi izan estualdi honetan, beste hainbatetan bezala. Azken dekretua telegrafo hariaren bidez iritsia zen Siberiako probintzietara, eta errusiar batek haren debekuari men ez egiteko baimena zuela ikusteak harrituko zuen jendea, eta arreta handiz begiratuko zioten. Horixe saihestu behar zuen ororen gainetik tsarraren mandatariak. Iemstxikaren zalantzei zegokienez, ez zuen azeri hark etekin atera nahiko bidaztiaren ezinegonaz? Edo bazuen benetan motiborik ezbehar baten beldurrez egoteko?

        Tarantasa abian jarri zen azkenean, eta hain antze handiz eraman zuen iemstxikak, ezen arratsaldeko hiruretan Kulatsinskoera iritsi ziren, laurogei versta aurrerago. Handik ordubetera, Irtish ibaiaren ertzean zeuden, Omskeraino hogei bat versta baino gelditzen ez zirela.

        Ibai zabala da Irtish izenekoa, eta Asiako iparralderantz doazen nagusienetako bat. Altai mendietan sortu, hego-ekialdetik ipar-mendebaldera zeihar jo eta Obi ibaira isurtzen du ura, zazpi mila versta inguru ibili eta gero.

        Uraldi sasoia zen Siberiako arro guztian, eta Irtish ibaiaren ur maila handia zen oso. Gainera, ur lasterra bortxaz eta jauzika zihoan aitzina, uharra irudi, ibaia gurutzatzea erabat zailduz. Ezin zen igerian zeharkatu, igerilari aparta izan arren, eta, gabarra batean ere ez zen batere arrisku gabea Irtish ibaia gurutzatzea.

        Baina arrisku horiek, bestelakoek bezala, ezin gerarazi, ezta lipar batean ere, Mikel Strogoff eta Nadia, guzti-guztiei aurpegi emateko prest baitzeuden, edozein izanda ere.

        Bien bitartean, Mikel Strogoffek buruan zer asmo zerabilen azaldu zion bere bidelagun gazteari. Lehenbizi bera igaroko zen beste aldera, gabarran tarantasa eta zaldiak eramanda, beldurrez zegoen-eta zama astun horrek ez ote zuen gabarra kolokan jarriko. Gero, abereak eta zalgurdia beste ertzean utzita, Nadiaren bila itzuliko zen.

        Nadiak ezetz erantzun zion. Ordubete galduko zuten alferrik, eta hark ez zuen nahi atzerapen baten kausa izan bere segurtasunarengatik.

        Nekez ontziratu ziren, urak ibai bazter zati bat hartu eta gabarra ezin baitzen ertzeraino hurbildu.

        Alabaina, ordu erdia ahaleginetan eman ondoren, gabarrariek tarantasa eta hiru zaldiak ezarri zituzten ontzian. Mikel Strogoff, Nadia eta iemstxika ontziratu ziren orduan, eta gabarra ibaira irten zen.

        Lehenengo minutuak arazorik gabe joan ziren. Gorago zegoen lurmutur luze batek ur lasterra hautsi eta zurrunbilo bat sortzen zuen, baina gabarra aise pasatu zen erditik. Bi gabarrariek aurrera bultzatzen zuten ontzia trebetasun handiz, haga bana eskuan; baina, ur handietara urreratu ahala, ibilgua gero eta sakonagoa zen, eta segituan ez zuten izango kasik nondik heldu eta nondik indar egin. Haga muturrak oin batetik gora ez ziren agertzen ur azalean, eta horrela nekagarriak ez ezik eskasak ere baziren ontziari emandako bultzadak.

        Mikel Strogoff eta Nadia, popan eserita, eta atzeratzeko beldurrez beti ere, gabarrarien mugimenduei begira zeuden, halako kezka bat bihotzean.

        —Kontuz! —garrasi egin zion gabarrari batek besteari.

        Gabarrak beste norabide bat hartu zuen abiadura bizian, eta horregatik egin zuen oihu gabarrariak. Ur lasterraren eragin zuzena jasaten ari zen orduan eta agudo zihoan ibaian behera. Hagak baliatuz, ontzia zeharka jarri behar zuten eta uraren indarrari alboa erakutsi. Horretarako, haga muturrak karelaren beheko aldean egindako koska batzuetan bermatu eta gabarrariek ontzia saiheska eramatea lortu zuten, pixkaka-pixkaka ezkerraldeko ibai bazterrerantz hurbiltzen zirela.

        Kalkulua egin eta ziurtasunez esan zitekeen ibairatzeko puntutik bospasei versta beherago lehorreratuko zirela, baina, axola gutxi horrek, abereak eta pertsonak kalterik gabe iritsiz gero.

        Bi gabarrariak gizaseme mardul kementsuak ziren, eta gainera sari ederra espero zuten. Zalantzarik ez zeukaten Irtish ibaiaren zeharkatze zail horretatik ongi aterako zirela.

        Baina ez zuten kontuan hartzen ezbehar igarri ezina gerta zitekeela, eta haren kontra deus egiterik ez zuela haien ardurak, ezta haien abildadeak ere.

        Gabarra ur lasterraren erdi-erdian zegoen, tarte beretsua zuela ibai ertz bateraino nola besteraino, eta uretan behera zihoan bi versta orduko eginez. Orduan, Mikel Strogoff altxatu eta adi-adi begiratu zuen ibaiaren goiko aldera.

        Txalupa batzuk nabaritu zituen, ibaian behera bizkor-bizkor zetozenak, uraren indar biziari arraunen bultzada bortitzak laguntzen baitzion beheranzko bidean.

        Mikel Strogoffen aurpegiera uzkurtu egin zen bat-batean, eta deiadar bat ihesi joan zitzaion.

        —Zer da? —galdetu zion neska gazteak.

        Baina erantzuteko betarik izan baino lehen, gabarrarietako batek oihu egin zuen izua ezpainetan:

        —Tatariarrak! tatariarrak!

        Izan ere, soldaduz beteriko zenbait txalupa bizi-bizi jaisten ari ziren Irtish ibaian behera, eta, minutu batzuk igaro aurretik, gabarraraino iritsiko ziren, zama handiegia baitzeraman haien ihesi joateko.

        Gabarrariek, izu-laborrian agerpen horregatik, etsipenez garrasika hasi eta hagak bertan behera utzi zituzten.

        —Gora bihotza, mutilak! —garrasika esan zien Mikel Strogoffek—. Eutsi goiari! Berrogeita hamar errublo zuentzat, ezkerreko ibai ertzera iristen bagara, txalupa horiek gu harrapatu baino lehen!

        Gabarrariek, hitz horiek indarberriturik, lanari ekin zioten eta zeharka jaisten segitu zuten, baina aurki nabarmendu zen ezin izango zutela tatariarren bertaratzea eragotzi.

        Aurrera joango ote ziren gabarra bakean utzita? Ez zuen itxurarik. Aitzitik, okerrena espero behar zuten lapur amorratu horien aldetik.

        —Ez izan beldurrik, Nadia —esan zion Mikel Strogoffek—, baina prest egon edozertarako!

        —Prest nagok —erantzun zion Nadiak.

        —Baita uretara jauzi egiteko ere, esaten dinadanean?

        —Esaten didaanean.

        —Eduki nigan uste guztia, Nadia.

        —Bazaukaat!

        Tatariarren txalupak ehun oinetara baizik ez zeuden. Bukharako gerlari destakamendu bat zen, Omsk aldera zihoana hiria ikuskatzera.

        Bere luzera halako bi falta zitzaion gabarrari ibai ertzera iristeko. Gabarrariek ahalegina handiagotu dute. Mikel Strogoff haiengana joan, haga bat hartu eta sekulako indarrez laguntzen hasi zaie. Tarantasa lehorreratu eta zaldiak lauoinka ibilaraziz gero, baliteke tatariarren ihesi joateko abagunea izatea, haiek abererik ez daukate eta.

        Baina horrenbeste neke ez ote ziren alferrekoak izango?

        —Sarin na kitchu! —oihu egin diete lehenengo txalupako soldaduek.

        Mikel Strogoffek pirata tatariarren guda garrasia ezagutu du, ahuspez etzanda jartzeko agintzen diena.

        Baina ez gabarrariek ez hark ez dute men egiten. Tiro egin diete, eta zaldietako bi lurrera erortzen dira hilak.

        Une horretan, elkar jo dute ontziek... Txalupek albo batetik abordatu dute gabarra.

        —Hator, Nadia! —oihu egin dio Mikel Strogoffek, kareletik behera jauzi egiteko prest.

        Neska gaztea atzetik joatekotan dago, baina lantza kolpe batek Mikel Strogoff jo eta uretara erortzen da. Ibaian behera darama ur lasterrak. Istant batez esku bat astindu du uretatik kanpo, baina desagertu egin da azkenik.

        Nadiak garrasi bat bota du, baina, Mikel Strogoffen ondotik joateko aukera izan baino lehen, neska atzeman dute eta beren txalupa batera eraman.

        Handik pixka batera, gabarrariak eta iemstxika lantza kolpez hil eta, gabarra nora ezean utzirik, Irtish ibaian behera jarraitzen dute tatariarrek.

 

 

 

© Jules Verne

© itzulpenarena: Karlos Zabala

 

 

"Jules Verne / Mikel Strogoff" orrialde nagusia