XII
IRAINA
Jekaterinburg, ikuspuntu geografikotik, Asiako hiria da, Ural mendietatik hara kokaturik baitago, mendikatearen ekialdeko azken hegaletan. Hala ere, Perm probintzian dago, eta, beraz, Errusia europarreko barruti handienetako batek hartzen du bere barnean. Bereganatze administratibo horrek arrazoiren bat izango du, nahiz Siberiako puska hori Errusiako hortzen artean gelditu dela ematen duen.
Mikel Strogoffek eta bi kazetariek trabarik ez zuten izango hain hiri aipagarrian ibilgailurik aurkitzeko. Jekaterinburg 1723an izan zen sortua. Inperio guztiaren lehenengo txanpon etxea eraiki zuten bertan eta hantxe biltzen da meatzeen zuzendaritza nagusia. Hiri hori, hortaz, industrigune garrantzitsua da, eta haren inguruko lurraldean ugariak dira fabrika metalurgikoak eta platinoa eta urrea garbitzeko ustiategiak.
Sasoi hartan, Jekaterinburgeko biztanleria arras ugaldua zen. Errusiarrak edo siberiarrak, tatariarren mende geratzeko beldurrez, hara joan ziren Feofar Khanen saldoek inbaditutako probintzietatik ihesi; eta kirgizen herritik batez ere iritsi zen jendea, Irtish ibaiaren hego-mendebaldetik Turkestango mugetaraino hedatzen den eskualde zabal hori utzirik.
Ibilgailuak, bada, eskasak izango ziren Jekaterinburgera iristeko, baina ez, aitzitik, hiritik ateratzeko. Tatariarren mehatxupean, bidaztiek nahiago zuten Siberiako bideetan barrena ez abiatu.
Gauzak horrela, Harry Blountek eta Alcide Jolivetek nekerik gabe aurkituko zuten telega oso bat, Jekaterinburgera nola edo hala eraman zituen zorioneko telega erdi hura ordezkatzeko. Mikel Strogoffen tarantasa, berriz, berea zen, eta, Ural mendiak zeharkatzean kalte handirik jasan ez zuenez, hiru zaldi on lotzea aski zuen Irkutsk aldera tiratua izateko.
Tiumeneraino, eta are Novo-Saimskeraino ere, bidea malkartsu samarra izango zen, lurralde hartako gorabehera aldakorrek eratzen baitzituzten Ural mendietako lehenengo pendizak. Baina, Novo-Saimsk atzean utzi bezain laster, estepa mugagabea hasten zen, eta Krasnoiarskeko inguruetaraino zabaltzen, mila eta zazpiehun bat verstako hedadura batean (1.815 kilometro).
Esan bezala, Ixinera joateko asmotan zeuden bi kazetariak, hau da, Jekaterinburgetik seiehun eta hogeita hamar verstara. Han gertakizunek zer aholkatzen zieten ikusi eta eskualde inbadituetan barrena abiatuko ziren, elkarrekin, haien ehiztari senak arrasto berari jarraiaraziz gero, edo nor bere aldetik, sen horrek arrasto desberdinen atzetik bultzatzen baldin bazituen.
Eta Jekaterinburgetik Ixinera eta handik Irkutskerantz doan bide horixe bera hartu behar zuen derrigorrean Mikel Strogoffek ere. Hura, ostera, albisteen atzetik lasterka ibili gabe, eta inbaditzaileek erraustutako alderdi haiek aukeran ez zeharkatu nahiago zuela, irmo erabakia zeukan inon ez gelditzea.
—Jaunak —esan zien bidelagun berriei—, atsegin handiz egingo nuke zuekin bidaiaren zati bat, baina adierazi behar dizuet presa ikaragarria dudala Omskera iristeko, neure arreba eta biok gure amarekin elkartzekotan baikaude han. Eta nork jakin ez ote garen iritsiko tatariarrek hiria inbaditu ondoren! Zaldiak aldatzeko tartean baino ez naiz geldituko posta etxeetan, eta gau eta egun bidaiatuko naiz!
—Halaxe egitea pentsatzen dugu guk ere —erantzun zion Harry Blountek.
—Ederki, beraz. Baina ez galdu denbora alferrik. Aloka edo eros ezazue zalgurdi bat eta izan dadila...
—Izan dadila oso-osoa —bukatu zuen Alcide Jolivetek—, eta aurreko gurpilak atzekoekin batera eramaten dituzten horietakoa.
Handik ordu erdi batera, frantses prestuak txit erraz aurkitua zuen tarantas bat, Mikel Strogoffena bezalakoxea, eta hantxe jarri ziren eserita bi kazetariak berehalakoan.
Mikel Strogoff eta Nadia beren ibilgailura igo, eta, eguerdian, bi tarantasak Jekaterinburgetik irten ziren elkarrekin.
Nadia Siberian zegoen azkenik eta Irkutskera daraman bide luze horretan zihoan aurrera! Zer ote zerabilen buruan neska gazte livoniarrak une hartan? Hiru zaldi bizkorrek erbesteratze lurraldean barrena zeramaten, non haren aitak bizi beharra zuen zigorturik, luzaro beharbada, eta sorterritik hain urruti! Baina ozta-ozta ikusten zituen begien aurrean igarotzen zitzaizkion estepa luze-zabal haiek, istant batez galaraziak izan zituenak, begirada zeru ertzetik harago baitzihoakion, urruntasun hartan erbesteratua zegoenaren aurpegiaren bila! Ezerk ere ez zion arreta hartzen hamabost versta orduko zeharkatzen ari zen lurralde hartan, ezeri ere ez zion erreparatzen mendebaldeko Siberiaren eskualde haietan, hain bestelakoak izanik ekialdekoen aldean. Hemen, izan ere, landutako sororik apenas dagoen, eta lurra elkorra da, azalean bai behinik behin, zeren barrenetan oparo ezkutatzen baititu burdina, kobrea, platinoa eta urrea. Nonahi ageri ziren, beraz, fabrikak eta meatzeak, baina bakar eta urri baserriak eta nekazaritzako etxaldeak. Nondik lortu lurra lantzeko, alorrak ereiteko, uztak biltzeko behar beste esku, emankorragoa bada lurra lehergailuz eta pikotxaz iraultzea? Hemen, nekazariak meatzariari utzi dio lekua. Pikotxa nonahi, aitzurra inon ez.
Hala eta guztiz, Nadiaren pentsamendua oraingo egoerara itzultzen zen noizetik noizera, Baikal aintzirako probintzia urrunetatik aldendurik. Aitaren irudia lausotzen zitzaion apur bat, eta bere bidelagun zintzoa ikusten zuen berriz ere, Vladimirreko burdinbidean lehenik eta behin, non goikoaren burubideren batengatik topo egin zuten lehenengo aldiz bata bestearekin. Trenean nolako arreta erakutsi zion oroitzen zen, eta nola iritsi zen Nijni Novgorodeko polizi etxera, zein xalo eta amultsuki hitz egin zion arreba deituaz, nolako adeitasuna agertu zion Volgan behera zihoazelarik, eta, azkenik, nola salbatu zion bizitza Ural mendietako gau ekaiztsu ikaragarri hartan, berea arriskuan jarriz!
Nadiak Mikel Strogoff zeukan, bada, gogoan. Eskerrak ematen zizkion Jainkoari behar orduan babesle ausart hori bidean jarri ziolako. Lagun leial zintzo horren aldamenean seguru sentitzen zen. Egiazko neba batek ez zuen hobeki zainduko. Oztopoen batere beldurrik gabe, erabat ziur zegoen bere helmugara iritsiko zela.
Mikel Strogoffek, era berean, hitz gutxi eta gogoeta asko egiten zituen. Hark ere eskerrak ematen zizkion Jainkoari, Nadia parean jarri ziolako, bere egiazko nortasuna gordetzeko modua eskaintzeaz gain, egintza on bat burutzeko aukera ematen zion eta. Neskatxaren adore lasaia atsegin zitzaion bere arima kartsuari. Hura ez zela bere arreba benetan? Errespetuz bezain maitazarrez begiratzen zion bere bidelagun eder bipilari. Behin ere hutsik egiten ez dizuten bihotz garbi bakan horietakoa iruditzen zitzaion.
Hala ere, Siberiako lurra zanpatu zuenetik hasi ziren bene-benetako arriskuak Mikel Strogoffentzat. Bi kazetariak oker ez bazeuden, Ivan Ogareff mugaz bestaldera igaroa zen, eta, hortaz, zuhurtziarik handienaz jokatu behar hemendik aurrera. Kontuak bestelakoak izango ziren orain; bazter orotan ibiliko ziren zelatari tatariarrak Siberiako probintzietan, inurriak baino ugariago. Mozorroa eroriz gero, tsarraren mandataria zela agerian geldituz gero, ezingo zuen bete egitekoa, eta bereak egingo zuen beharbada! Are astunagoa bilakatu zitzaion bere bizkar gainean eraman beharreko erantzukizuna.
Lehenbiziko zalgurdian gauzak horrela zeuden bitartean, zertan ziren bigarrenean? Nabarmentzeko ezertan ez. Alcide Jolivet esaldi luzeez ari eta ari, eta Harry Blount hitz silababakarrez erantzuki. Gauzak nork bere eran zekuskiten eta nork bere oharrak hartzen zituen bidaiaren gorabeherei buruz, nahiz ezer gutxi gertatu mendebaldeko Siberiaren lehenengo probintzien ibilaldi hartan.
Posta etxe batera iristean, bi berriemaileak jaitsi eta Mikel Strogoffekin elkartzen ziren. Bertan otordurik ez egitera, Nadiak ez zuen tarantasa lagatzen. Bazkaritan eta afaritan mahaira esertzen zen, baina kasik inoiz ez zuen parte hartzen elkarrizketetan, bere baitara bildua beti.
Alcide Jolivetek egokierarik ez zuen galtzen gazte livoniarrarekiko adeitsu agertzeko, gizalege estuenaren mugetatik inola ere ateratzeke, bestalde. Xarmangarria zen, haren begietan, eta miraz zegoen hain bidaia gogorraren neke eta larritasunen erdian erakusten zuen kemen isilaz.
Beharturiko geldialdi horiek ez zuten Mikel Strogoff biziki pozten. Posta etxetik lehenbailehen abiatu nahi zuen aldi oro, eta, horretarako, zaldi berriak tarantasetan agudo baino agudoago lotarazten zituen, postako nagusiei eraginez eta iemstxikei akuiluka. Gero, otordua arin-arin bukatu —arinegi beti ere Harry Blounten gusturako, jale metodikoa izanik—, postatik irten, eta aurrera. Kazetariak ere arranoak bezala garraiatuak ziren airean, ez baitzuten alferrik ordaintzen printzeen modura eta «Errusiako arranoez», Alcide Joliveten hitzekin esanda.
Esan gabe doa Harry Blountek batere jaramonik ez ziola egiten neska gazteari. Gai horretaz ez zuen eztabaidatzen bere lankidearekin; eta ez ziren askozaz gehiago horrelako grina pizten ez zioten mintzagaiak. Gentleman ohoragarri hark ez zuen ohiturarik bi gauza batera egiteko.
Eta Alcide Jolivetek behin gazte livoniarra zer adinekoa izango zen galdetu ziolarik:
—Zein gazte livoniar? —erantzun zion serio-serio, begiak erdi itxiz.
—Ene bada! Nikolas Korpanoffen arreba!
—Haren arreba da?
—Ez, haren amona! —bota zion Alcide Jolivetek, halako axolagabekeria nabariak sumindurik—. Zenbatsu urte ditu, zure ustez?
—Mundura jaiotzen ikusi izan banu, jakingo nuke! —erantzun zion soilik Harry Blountek, horretaz solasean hasteko gogorik gabe.
Inor ez zen ageri bi tarantasek zeharkatzen zuten alderdian. Eguraldia ez zen txarra. Goi estalia zegoen erdizka, eta tenperatura eramangarriagoa zen. Ibilgailuek bidearen kolpeak hobeki motelduz gero, kexatzekorik ez zuten izango bidaztiek bidaia zela eta. Errusiako posta berlinak bezala zihoazen, arin bai arin, arrapalada betean.
Herrialdeak huts-hutsik irudi zuen, baina orduko egoerak sortua zen abandonu hura. Soroetan nekazari siberiar banaka batzuk edo bat ere ez. Begitarte zurbil latzeko laborari haiek gaztelakoekin alderatu ditu zuzentasunez emakume bidazti ospetsu batek, baina azken hauen harrokeriarik gabe. Han-hemenka, herri batzuk, inor gabe jadanik, tatariarren tropak hurbiltzen ari ziren seinale. Biztanleak iparraldeko lautadetara joanak ziren babes bila, beren ardiak, gameluak eta zaldiak aldean eramanda. Kirgiz ibiltarien leinu handiko tribu zenbaitek, fidelak enperadorearekiko, Irtish eta Obi ibaien beste aldera aldatu zituzten beren dendak, inbaditzaileen harrapaketetatik ihesi.
Beharrik, posta zerbitzua normaltasunez zebilen artean. Eta, orobat, telegrafo zerbitzua, hariaren bidez harremanetan segitzen zuten puntuetaraino, bederen. Posta etxe bakoitzean, nagusiek zaldiz hornitzen zituzten tarantasak, arauei jarraituz. Eta telegrafo etxe bakoitzean, enplegatuek, leihatilan eserita, eskuratu ahala bidaltzen zituzten mezuak, berandutu gabe, Estatuaren telegramaren batengatik ez bazen, horrelakoek lehentasuna zuten eta. Halatan, maiz baliatu ziren zerbitzu horretaz Harry Blount eta Alcide Jolivet.
Hortaz, bada, Mikel Strogoffen bidaia aurrera zihoan eragozpen handirik gabe oraingoz. Tsarraren mandatariak atzerapenik ez zuen izan, eta, Feofar Khanen tatariarrek Krasnoiarsk hiriaren aurrean paraturik zuten soldadu talde aitzindaria saihestea lortuz gero, haiek baino lehenago iritsiko zen inondik ere Irkutskera eta sekula baino denbora tarterik laburrenean.
Jekaterinburgetik irten eta biharamunean, Tuluguisk herrixkara sartu ziren bi tarantasak, goizeko zazpietan, berrehun eta hogei versta ibili ondoren, tarte horretan kontatzekorik ezer gertatu ez zitzaiela.
Han gosari legea egin zuten ordu erditxo batean, eta berriz abiatu ziren kopek eder batzuen promesik gabe nekez ulertuko zen abiadura biziaz.
Egun hartan bertan, uztailak 22, arratsaldeko ordu batean bi tarantasak Tiumenera heldu ziren, hirurogei versta urrunago.
Tiumenen hamar mila lagun bizi ohi dira, baina halako bi zeuden pilaturik garai hartan. Ordukoa bezalako giro beroa inoiz ezagutu ez zuen hiri hura izan zen errusiarrek Siberian sorturiko lehen industrigunea, eta kanpaien galdategia eta metalgintzako fabrika ederrak nabarmentzen ziren inguruetan.
Bi berriemaileak aurki joan ziren azken albisteen bila. Iheslari siberiarrek gerraren jokalekutik ekarritakoak ez ziren kezkak lasaitzeko modukoak.
Besteak beste, Feofar Khanen armada Ishimgo ibarrerantz bizkor hurreratzen ari zirela zioten, eta baieztatu egiten zuten tatariarren burua laster elkartuko zela Ivan Ogareff koronelarekin, jada elkartua ez bazen. Eta hortik berez ondorioztatzen zen erasoaldiak Siberiaren ekialdean sustatuko zituztela indar handiz.
Soldadu errusiarren osteak, berriz, urruti zeuden, Errusia europarretik etorri behar baitzuten gehienbat, eta ezin zioten inbasioari aurre egin. Hala ere, Tobolsk probintziako kosakoak Tomsk aldera zihoazen inon atsedenik hartu gabe, tatariarren andanei pasabidea mozteko itxaropenetan.
Arratsaldeko zortzietarako, hirurogeita hamabost versta gehiago kendu zizkioten bi tarantasek bideari, eta Jalutorovskera iritsi ziren.
Zaldiak azkar aldatu, hiritik atera eta Tobol ibaia igaro zuten gabarra batean. Ura mantso zihoan oso, eta aise zeharkatu zuten, baina behin baino gehiagotan errepikatu beharko zuten aurrerantzean horrelako ekintza, eta kinka larriagoetan segur aski.
Gauerdian, berrogeita bost versta harago (58,5 kilometro), Novo-Saimsk herrixkara ailegatu ziren, eta bidaztiek atzean utzi zituzten azkenik lur malkartsu samar haiek, muino zuhaitzez estaliak, Ural mendien azken sustraiak.
Hementxe hasten zen egiaz estepa siberiarra deritzana, Krasnoiarskeko inguruetaraino zabaltzen dena. Muga gabeko lautada itzela, belarrezko basamortu antzekoa; begi bira guztian zeru-lurrak nahasten ziren konpasaren bidez garbi marrazturikoa zirudien kurba batean. Estepa hartan goragune bakar bat ere ez zen ageri bistara, telegrafo zutoinen profilak izan ezik. Bidearen bi aldeetan paraturik zeuden, eta haizeak dar-dar eragiten zien hariei, harpa batenak balira bezala. Bide bera ere ez zen bereiziko inguruko lurretatik, tarantasen gurpilek harrotzen zuten hauts mehearengatik izan ez balitz. Xingola zurixka hura gabe, paraje haiek mortuak zirela pentsa zitekeen.
Mikel Strogoff eta haren bidelagunak are abiadura biziagoaz oldartu ziren estepan aurrera. Zaldiek, iemstxikak zuzperturik eta atzeragarririk inon topatu gabe, bidea irentsi egiten zuten. Tarantasak zuzen-zuzen zihoazen lasterka Ixin aldera, non bi kazetariak geldituko baitziren, ezustekoren batek asmoa aldarazten ez bazien, behinik behin.
Berrehun versta inguru daude Novo-Saimsketik Ixin hiriraino, eta hurrengo egunean, arratsaldeko zortziak baino lehen, tarte hori ibilia eduki beharra zuten eta ibilia eduki zezaketen, denbora alferrik galdu ezean. Iemstxiken gogoan, bidaztiak jaun handiak edo goi funtzionarioak ez izan arren, haiek bezain duinak ziren, beste arrazoirik ez bazen ere, bai behintzat eskupekoak ordaintzen erakusten zuten eskuzabaltasunaren kariaz.
Biharamunean, uztailak 23, Ixindik hogeita hamar verstara zeuden bi tarantasak, egon ere.
Une hartan, bere aurretik beste ibilgailu bat zihoala ikusi zuen Mikel Strogoffek, hautsaren kiribilen artean ia sumaezina izanagatik ere. Haren zaldiak nekatuagoak zeuden, nonbait, tarantasak agudoago baitzebiltzan, eta laster harrapatuko zuten, oso luze joan gabe.
Ez zen tarantas bat, ezta telega bat ere, postako berlina bat baizik, hautsez zeharo estalirik, eta ordurako bidaia luzea egindakoa inondik ere. Gidaria zaldiei jo eta jo ari zen eginahal guztian eta hitz zantarrez eta kolpez baino ez zuen lortzen lauoinka joan zitezen. Ezagun zen berlina hori ez zela Novo-Saimsketik igaro, eta estepan galdutako bideren batetik etorria behar zuen Irkutskeko bide honetara.
Mikel Strogoffek eta haren bidelagunek Ixin aldera korrika zihoan berlina hura ikusi eta pentsamendu bakarra izan zuten, aurrea hartu eta posta etxera lehenago iristea, han prest izango ziren abereak beste inorentzat ez izatea ororen gainetik ziurtatzeko. Iemstxikei agindua eman eta berehala abiatu ziren berlinaren zaldi akituen ondotik.
Mikel Strogoff iritsi zen lehenbizi haren parera.
Orduan buru bat agertu zen berlinaren atean.
Mikel Strogoffek ozta izan zuen ikusteko beta. Bizi-bizi aurreratu zuen, baina, hala ere, ongi bereizi zuen ahots larderiatsu batek bota zion hitza:
—Geldi!
Ez zen inor gelditu. Aitzitik, berlina ziztu bizian aurreratu zuten bi tarantasek.
Abiadurako lasterketa hasi zen orduan, berlinako zaldiak zirikatu egin baitzituzten aurrea hartu zieten beste zaldien presentziak eta ibilerak, eta, horrela bizkorturik, eutsi egin zioten korrikaldiari zenbait minutuz. Hiru zalgurdiak desagertu ziren hautsezko hodei batean. Hodei zurixka hartatik, eztanda sorta bat bezala, zartailuen zirtakoen hotsa irteten zen, oihu zuzpergarriekin eta amorruzko garrasiekin nahasirik.
Alabaina, aldea handiagotu zuten Mikel Strogoffek eta haren bidelagunek, eta alde hori garrantzitsua izan zitekeen oso, hurrengo postan zaldi gutxi edukiz gero. Bi zalgurdi hornitzea gehiegi izango zen agian postako nagusiarentzat, bai behintzat epe laburrean.
Handik ordu erdira, berlina, atze-atzera geratua azkenik, ia puntu ikusezin bat zen esteparen zeru ertzean.
Arratsaldeko zortzietan iritsi ziren bi tarantasak postako etxera, Ixineko ateetan.
Inbasioaren berriak gero eta txarragoak ziren. Tatariarren tropen abangoardiak bertatik bertara mehatxatzen zuen hiria, eta agintariak bi ordu lehenago atera ziren Tobolsk aldera babes bila. Ixinen ez zegoen ez funtzionariorik, ezta soldadurik ere.
Postara bezain laster, Mikel Strogoffek zaldiak eskatu zituen beretzat.
Bete-betean asmatu zuen berlinari aurre hartuta. Une hartan hiru zaldi besterik ez zeuden prest ibilgailuari lotzeko, gainerakoak atseden hartzen ari baitziren ibilaldi luzeren baten ondotik.
Postako nagusiak tarantasari lotzeko agindua eman zuen.
Bi kazetariei, aldiz, egokia iruditu zitzaien Ixinen geldialdia egitea, eta beren ibilgailua posta etxean gordearazi zuten, zaldiak segituan erdiesteko kezkarik gabe.
Postara iritsi eta hamar minutura, tarantasa abiatzeko gertu zegoela ohartarazi zioten Mikel Strogoffi.
—Ederki! —erantzun zuen pozik.
Gero, bi kazetariengana zuzendu zen.
—Jaunak, oraintxe dugu banantzeko garaia, hemen gelditzen zaretenez gero.
—Nola, Korpanoff jauna —esan zion Alcide Jolivetek—, ez duzu ordubete ere emango Ixinen?
—Ez, jauna, eta posta etxea utzi nahi dut aurreratu dugun berlina hori iritsi aurretik.
—Beldurrak zaude bidazti horrek postako zaldiak kenduko dizkizun?
—Eragozpen guztiak saihestu nahi ditut batez ere.
—Orduan, Korpanoff jauna —esan zion Alcide Jolivetek—, berriz ere eskerrak ematea baino ez zaigu falta. Mesede galanta egin diguzu, eta oso atsegina izan da bidaia zurekin batera egitea.
—Gainera, baliteke Omsken berriz elkarrekin topo egitea, hemendik egun batzuetara —gehitu zuen Harry Blountek.
—Baliteke, bai horixe, hara noa-eta zuzen-zuzenean.
—Ederki, Korpanoff jauna! Ongi joan! —opa izan zion Alcide Jolivetek—. Eta Jainkoak begira zaitzala telegen madarikaziotik!
Bi kazetariek bostekoa luzatu zioten Mikel Strogoffi, bihotz-bihotzez estutu nahian, baina, bat-batean, zalgurdi baten soinua sartu zen kanpotik.
Entzun ordukoxe, posta etxeko atea danbada batez zabaldu, eta gizon bat agertu zen.
Berlinako bidaztia zen, itxura militarreko gizaseme mardul bat, berrogei bat urtekoa. Burua sendo zuen, sorbaldak zabal, bibotea handi itxia, belarriondoko ile gorrixkekin bat egiten zuena. Uniformez jantzita zegoen, baina inolako bereizgarririk gabe. Zalditeriako sable bat zeraman gerrian zintzilik, eta gider laburreko zartailu bat eskuan.
—Zaldiak —eskatu zuen, aginduak emateko ohitura duenaren larderiaz.
—Ez daude prest —erantzun zion postako nagusiak, burua makurtuz.
—Oraintxe bertan behar ditiat.
—Ezinezkoa da.
—Zer dira, bada, kanpoko tarantasean ikusi ditudan zaldi lotu berri horiek?
—Bidazti honenak dira —esan zion postako nagusiak, Mikel Strogoff eskuaz erakutsirik.
—Aska ditzatela! —agindu zuen kontrakorik onartzen ez zuen doinu batez.
Mikel Strogoffek aurrera jo zuen orduan.
—Zaldi horiek nik eskuratu ditiat —esan zion.
—Bost axola niri! Behar ditiat eta kito! Ea, bada, azkar! Ez diat-eta galtzeko denborarik!
—Nik ere ez diat galtzeko denborarik —erantzun zion Mikel Strogoffek, lasai egon nahi baina nekez lortzen zuela.
Nadia haren alboan zegoen itxura lasaian, baina barrena kezkatan zuen, nahaste hura saihestu ezinik.
—Aski! —oihu egin zuen bidaztiak.
Gero, postako nagusiarengana itzuliz:
—Aska ditzatela zaldiak tarantas horretatik —agindu zion garrasi batean, mehatxuzko keinua egiten ziola—, eta nire berlinan lotu ditzatela!
Postako nagusiak, estutasun ederrean, ez zekien nori obeditu, eta Mikel Strogoffi begira zegoen, hark baitzuen ezbairik gabe bidaztiaren eskaera bidegabeei kontra egiteko eskubidea.
Mikel Strogoffek zalantza egin zuen lipar batean. Ez zuen podaroshnaz baliatu nahi, nabarmen geratuko zen eta. Baina, beste aldetik, ez zizkion zaldiak utzi nahi, eta ezta harekin borrokan hasi ere, bere egitekoa arriskuan jarriz.
Bi kazetariak begira zituen, laguntzeko prest, dei egiten baldin bazien.
—Nire zaldiak nire zalgurdian geratuko dituk —esan zion Mikel Strogoffek, baina hitzak Irkutskeko merkatari soil bati zegokiona baino gorago altxatu gabe.
Bidaztiak orduan Mikel Strogoffengana jo zuen, eta eskua sorbaldan zakar ipinita:
—Horrelaxe beraz! —esan zion orro eginez—. Ez dizkidak zaldiak utzi nahi!
—Ez —erantzun zion.
—Ongi duk, bidean segi dezakeenak eramango ditik! Defenda ezak hire burua! Ez diat gupidarik izango!
Eta, horrela hitz egin ondoren, bidaztiak sablea zorrotik bizi atera eta borrokarako prestatu zen.
Nadia Mikel Strogoffen aurrera oldartu zen.
Harry Blount eta Alcide Jolivet ere aitzina joan ziren haren aldera.
—Ez diat borrokan egingo —esan zuen Mikel Strogoffek sinpleki, besoak bular aldean gurutzatzen zituela, bere buruari hobekiago eutsi guran.
—Ez duk borrokan egingo?
—Ez.
—Ezta honen ondotik ere? —oihu egin zion bidaztiak.
Eta, gelditzeko aukera izan baino lehen, zartailuaren giderraz jo egin zion Mikel Strogoffi sorbaldan.
Horrela iraindurik, Mikel Strogoff zurbildu egin zen ikaragarri. Eskuak altxatu zituen zabal-zabalik. Pertsonaia basati hura txiki-txiki egin behar zuela irudi zuen. Baina, ahalegin osoz, mendean hartu zuen bere burua azken mementoan. Liskarrak bidaia atzeratu ez ezik, bere egitekoa bertan behera galaraz zezakeen beharbada!... Hobe zuen ordu batzuk galtzea!... Bai! Baina irain hori irenstea ere!
—Borrokan egingo duk orain, koldar hori? —errepikatu zion bidaztiak, basakeriari iseka gehitzen ziola.
—Ez! —erantzun zion Mikel Strogoffek, zirkinik egin gabe, baina bidaztiari begiz begi so eginez.
—Zaldiak, eta berehalaxe! —agindu zuen orduan.
Eta etxetik atera zen.
Postako nagusia atzetik joan zitzaion berandu gabe, baina sorbaldak goratu eta Mikel Strogoffi gaitzespenez begiratu zion lehenago.
Gertaera horrek Mikel Strogoffen aldeko mirespena zapuztu zien bi berriemaileei. Hura bai ezustekoa! Halako mutil gordinak horrelako kolpea hartu eta ordainik eman ez! Agur motz bat esan eta alde egin zuten, Alcide Jolivetek honakoa esaten ziola Harry Blounti:
—Sekula ere ez nuen espero halakorik Uraletako hartzak hain garbi erditik ebakitzen dituen gizon batengandik! Egia ote adoreak orduak eta moduak dituela? Ezin ezer ulertu! Beharbada jopu izan behar, horretarako; eta horixe falta zaigu guri, ikusitakoak ikusita!
Une bat geroxeago, berlina posta etxea azkar uzten ari zela adierazi zuten argiro gurpilen kirrinkak eta zartailuaren zirtek.
Nadia, sor eta gor, eta Mikel Strogoff, dardaraz artean, postako aretoan gelditu ziren bakarrik.
Tsarraren mandataria eseri zen, beso gurutzatuak bularretik kendu gabe. Estatua bat zela esan zitekeen. Hala eta guztiz, haren gizon-begitarte zuria gorri kolorez margotu zen, eta ez lotsaz, hain zuzen.
Nadiak dudarik ez zeukan arrazoi oso handiengatik baizik ezin zuela irentsi horrelako gizon batek tamaina horretako iraina.
Hortaz, harengana hurbildu eta hark Nijni Novgorodeko polizi etxean egin zion legez:
—Emaidak eskua, neba nirea! —esan zion.
Eta, horrekin batera, gizonaren begitik isurtzeko zorian zegoen malko bat xukatu zion hatz batez, ama batek bere umeari bezalatsu.
© Jules Verne
© itzulpenarena: Karlos Zabala