XI

BIDAZTIAK ESTUTASUNEAN

 

        Izan ere, barealdi labur hartan, bidearen goiko aldetik oihu batzuk zetozela aditu zitekeen, eta tarantasa babesten zuen zokotik ez oso urruti.

        Etsipen deia zirudien, eta estutasunean zegoen bidaztiren batek botea, inondik ere.

        Mikel Strogoff, belarria zorroztuz, entzuten ari zen.

        Iemstxika ere entzuten ari zen, baina, burua batetik bestera mugitzen zuen, dei hari ezin erantzun ziotela adieraziz.

        —Bidazti batzuk laguntza eske! —esan zuen Nadiak.

        —Gu beste laguntzarik ez badute!... —erantzun zuen iemstxikak.

        —Zergatik ez diegu lagunduko? —egin zuen garrasi Mikel Strogoffek—. Haiek gure alde egingo luketena, ez dugu guk haien alde egin behar?

        —Baina zalgurdia eta zaldiak arriskuan jarriko dituk!...

        —Oinez joango nauk —erantzun zion Mikel Strogoffek, iemstxikari hitza moztuz.

        —Hirekin joango nauk, neba —esan zion gazte livoniarrak.

        —Ez, geldi hadi, Nadia. Iemstxika hire ondoan egongo dun. Ez dinat bakarrik utzi nahi...

        —Geldituko nauk —erantzun zion Nadiak.

        —Zernahi gertatuta ere, ez hadila atera babeslekutik!

        —Orain nagoen lekuan aurkituko nauk.

        Mikel Strogoffek neskaren eskua estutu zuen, eta, ezpondaren bihurgunea harturik, itzaletan ezkutatu zen segituan.

        —Gaizki ari dun hire neba hori —esan zion iemstxikak neska gazteari.

        —Ongi ari duk —erantzun zion Nadiak soil-soilik.

        Bitartean, Mikel Strogoff bizi-bizi igo zen bidean gora. Presa handia zuen oihu errukarri haiek egiten zituztenei laguntza emateko, eta gogo handia zuen, halaber, ekaitzaren erdian mendia gurutzatzen ausartu ziren haiek nor ziren jakiteko, zalantzarik ez baitzuen bidazti haiek Permetik hara beti aurretik zihoakien telegakoak zirela.

        Euria atertu zuen, baina haize erauntsia gogortu. Oihuak, eguratsaren korronteek eramanda, gero eta argiago bereizten ziren. Nadia gelditu zen lekutik ezin zen deus ikusi. Bidea bihurria zen, eta haren sigi-saga ebakitzen zuten irtenguneak baizik ez zituzten agerrarazten tximisten distirek. Haize boladak izkina guztietan bortxaz hautsi eta zurrunbiloak osatzen zituzten. Nekeza zen guztiz aurrera jotzea, eta Mikel Strogoffek neurriz gaineko indarra behar zuen haiei eusteko.

        Baina berehala izan zen nabaria oihuka ziharduten lagun haiek ez zeudela oso urruti. Mikel Strogoffek ezin zituen oraindik ikusi. Bazitekeen bidetik kanpo eroriak egotea, edo iluntasun beltzak haren begiradatik gordetzea; baina, hala ere, argi eta garbi iristen zitzaion belarrira zer esaten ari ziren.

        Hona, bada, zer entzun zuen ezustean, horrelako solasik ez baitzuen espero egoera hartan:

        —Itzuli hadi, babo arraioa!

        —Bizkarra knutez larrutu diezaaten aginduko diat hurrengo posta etxean!

        —Aizak, hi, gidari infernukoa! Ez didak entzuten?

        —Honela eramaten dituzte bidaztiak lurralde honetan!

        —Honi telega deitzea ere!

        —Hi, astakirten alaena! Ihes egiten du eta ez da konturatu bide erdian utzi gaituela!

        —Niri horrelakorik! Ingeles peto-peto honi! Kantzelaritzan salatuko dut eta urkatu egingo dute!

        Modu horretan hizketan ari zenak ezin zion eutsi barneko irakinari haserrearen haserrez. Baina, kolpetik, iruditu zitzaion Mikel Strogoffi bigarren solaskideak etsia hartu zuela gertatu zenarekin, zeren ustekabean barre algara batek durundi egin zuen bat-batean eszena haren erdian, eta hitz hauek entzun zituen:

        —Tira, gizona! Barregarria da, gero!

        —Barre egiten duzu! —erantzun zion garratz samar Erresuma Batuko herritarrak.

        —Bai, noski, lankide maitea, eta barren-barrendik, eta horixe da egin dezakedan gauzarik onena! Eta berdin egiteko aholkatuko nizuke! Bene-benetan, barregarria da oso, egundaino ez honelakorik!...

        Une hartan, trumoi hots bortitz batek burrunba beldurgarriz bete zuen haitzartea, eta haren oihartzuna zabaldu eta zabaldu egin zen mendien artetik. Gero, azken dunbotsa itzali zelarik, ahots alaia nabarmendu zen berriz ere inguruko soinuen gainetik:

        —Barrez lehertzekoa da! Alajaina! Honelakorik ez zen Frantzian gertatuko, ez horixe!

        —Ezta Ingalaterran ere! —erantzun zuen ingelesak.

        Tximistak etengabe ari ziren bidea argitzen, eta Mikel Strogoffek bi bidazti antzeman zituen handik hogei pausora, ibilgailu bitxi baten atzeko bankuan pausaturik, txoria adarrean bezala. Ibilgailua zuloren batean trabatua zegoela irudi zuen.

        Bi bidaztiengana hurbildu zen. Batak barreka segitzen zuen gelditu gabe eta biraoka besteak. Ongi erreparatu, eta ezagutu egin zituen. Egunkarietako berri emaileak ziren, Nijni Novgorodetik Permeraino Kaukaso lurrun ontzian berekin batera etorri zirenak.

        —E! Gabon, jauna! —garrasi egin zion frantsesak—. Pozten naiz trantze honetan zu ikusteaz! Uztazu nire etsai maitea zuri aurkezten; hona Blount jauna!

        Kazetari ingelesak agur egin zion, eta, gizalegeak eskatu bezala, bere lankide Alcide Jolivet aurkeztera zihoanean, Mikel Strogoffek hitz egin zien:

        —Alferrik, jaunak; elkar ezagutzen dugu, elkarrekin etorri ginen-eta Volga ibaian barrena.

        —A! Ederki, ederki! Zure izena...?

        —Nikolas Korpanoff, Irkutskeko merkataria —erantzun zion Mikel Strogoffek—. Baina, jaunak, kontatuko didazue zer abentura mota gertatu zaizuen, bati horren tamalgarria eta besteari horren barregarria iruditzeko?

        —Epaile jarriko zaitut, Korpanoff jauna —esan zion Alcide Jolivetek—. Atera kontuak; gure gidariak alde egin du bere ibilgailu madarikatuaren aurrealdearekin, gu hemen utzita, ez aurrera eta ez atzera, gurdi aldrebes honen atzealdearekin! Telega baten erdirik okerrena, inondik ere, ez gidaririk, ezta zaldirik ere ez baitu! Ez da barregarria baino barregarriagoa?

        —Inola ere ez! —erantzun zuen ingelesak.

        —Baietz, bada, lankide nirea! Egiatan ez dakizu gauzak alde onetik hartzen!

        —Eta nola jarraituko dugu geure bidaia? Esango didazu, arren! —galdetu zion Harry Blountek.

        —Gauza errazagorik! —erantzun zion Alcide Jolivetek—. Sokaz lotuko zaitut gelditzen zaigun gurdi puska honetara, gidak hartuko ditut, usotxo nirea deituko dizut, iemstxik jator baten gisa, eta benetako posta zaldi bat bezain agudo ibiliko zara!

        —Jolivet jauna —esan zion ingelesak—, neurriz gainekoa da txantxa hori, ez niri adarrik jo, eta...

        —Lasaitu zaitez, lankide maitea. Nekearen nekez lehertzeko zorian zaudenean, ni jarriko naiz zure ordez, eta eskubidea izango duzu barakuilu elbarria edo dortoka makal akitua niri deitzeko, ziztu bizian ez baldin bagoaz.

        Mikel Strogoffek ezin izan zion irribarreari eutsi, hain umore onez esaten zituen Alcide Jolivetek kontu horiek guztiak.

        —Jaunak —esan zien orduan—, badago zerbait hobea egitea. Hemen goian Uraletako mendaterik garaienean gaude, eta, beraz, maldan behera joan behar da hemendik aurrera. Nire zalgurdia hortxe dago, bostehun pauso atzerago. Nire zaldietako bat utziko dizuet, zuen telegari lotuko diogu, eta bihar, beste istripurik ez badago, Jekaterinburgera sartuko gara elkarrekin.

        —Ez dago gaizki esana! —erantzun zion Alcide Jolivetek— Bihotz zabala duzu, Korpanoff jauna, bai horixe!

        —Jaunak, —gehitu zuen Mikel Strogoffek— ez dizuet eskaini nire tarantasera igotzeko, bi lagun baino sartzen ez direlako, eta gu bi gara jadanik, nire arreba eta biok.

        —Zer diozu, jauna? —esan zion Alcide Jolivetek—. Zure zaldi horrekin eta gure telega erdiaren gurpilekin munduaren azkenera joateko gauza gara nire lankidea eta biok!

        —Jauna —zuzendu zitzaion Harry Blount—, pozik onartzen dugu zure eskaintza adeitsua. Eta iemstxik horri dagokionez!...

        —Oi! Ziur egon zaitez besteetan ere gertatu izan zaiola horrelako pasadizorik! —erantzun zion Mikel Strogoffek.

        —Baina, orduan, zergatik ez da itzultzen? Ongi baino hobekiago daki atzean utzi gaituela, zerria alaena!

        —Nork? Horrek? Konturatu ere ez da egin!

        —Zer? Gizontxo hori ez dela jakitun bere telega erdibiturik dagoela?

        —Ez daki, ez, eta munduko fede onenaz darama bere aurrealdea Jekaterinburgera!

        —Ez gatza eta ez piperra ez zaio falta kontu honi, lankide nirea! —esan zuen garrasi batean Alcide Jolivetek.

        —Nire atzetik etorri nahi baduzue, jaunak —esan zien Mikel Strogoffek—, nire zalgurdiaren bila joango gara, eta...

        —Eta telega? —ohartarazi zuen ingelesak.

        —Hegan ez du ihes egingo, Blount maitea! Ongi boteak ditu zuztarrak lurrean; datorren udaberrira arte hor utziz gero, hostoak aterako litzaizkioke!

        —Goazen bada, jaunak —errepikatu zien Mikel Strogoffek—, eta honaino ekarriko dugu tarantasa.

        Frantsesa eta ingelesa atzeko esertokia izatetik aurreko jarlekua izatera pasatutako horretatik altxatu, telegatik jaitsi, eta Mikel Strogoffi jarraitu zioten.

        Ibiltzeari utzi gabe, Alcide Jolivet, bere ohituraren arabera, hitz eta pitz ari zen alai eta pozik, ezerk ere ozpintzen ez zion bere umore on horrekin.

        —Alafede, Korpanoff jauna —esan zion Mikel Strogoffi—, nolako kinka larritik atera gaituzun!

        —Ez dut egin, jauna, beste edozeinek nire lekuan egingo lukeena baino gehiago. Bidaztiok ez badiogu elkarri laguntza ematen, hobe genuke bideak ixtea!

        —Ea mesede honen ordaina bihurtzen dizugun, jauna. Estepetan aurrera urrutira baldin bazoaz, baliteke berriz topo egitea, eta...

        Alcide Jolivetek ez zion garbi galdetu nora zihoan, baina, ezkutuan gorde nahi ote zuen ez pentsarazteko, Mikel Strogoffek segidan erantzun zion:

        —Omskera noa, jaunak.

        —Blount jauna eta biok, berriz —ihardetsi zion Alcide Jolivetek—, urrutixeago goaz, beharbada bala bat edo beste izango den alderdi bateraino; baina aise harrapatuko ditugu han albisteak, harrapatuko ditugunez.

        —Inbaditutako probintzietan? —itaundu zuen Mikel Strogoffek apur bat larriturik.

        —Hantxe, hain zuzen, Korpanoff jauna, eta baliteke lurralde haietan elkarrekin topo ez egitea!

        —Halaxe da, jauna —esan zion Mikel Strogoffek—. Fusil tiroen oso zalea ez naiz, ezta lantza kolpeena ere. Biziki maite dut bakea, eta ez naiz ni arriskatuko borrokan ari diren lurralde batean barrena igaro nahian.

        —Pena hartzen dut, jauna, pena handia, bihotz-bihotzetik, baina laster banandu beharrean gaude! Hala ere, beharbada Jekaterinburgetik aurrera ere elkarrekin bidaiatzeko grazia egingo digu geure izar onak, egun gutxi batzuetan ez bada ere!

        —Omskera zoazte, ezta, jaunak? —galdetu zien Mikel Strogoffek, istant batez hausnarrean aritu eta gero.

        —Ez dakigu ezer oraindik —erantzun zion Alcide Jolivetek—, baina segur aski Ixinera joango gara zuzenean, eta, han gaudela, erabakiko dugu nola jokatu, gertaeren arabera.

        —Ederki, jaunak —esan zien Mikel Strogoffek—, bide bera ibili behar dugu Ixineraino.

        Mikel Strogoffek, jakina, bakarrik bidaiatzea nahiago zuen, baina ezin zen saiatu, arraro samarra iruditu gabe behinik behin, bere bide bera egin behar zuten bi bidazti alde batera uzten. Eta gainera, Alcide Jolivetek eta haren lankideak Ixinen geratzeko asmoa uzten, Omsk aldera aurki abiatu gabe, eta, beraz, eragozpenik ez zegoen batere bidai tarte hori haiekin batera egiteko.

        —Ederki, jaunak —esan zien—, erabakia dago beraz. Elkarrekin joango gara Ixineraino.

        Gero, doinurik axolagabeenaz galdetu zien:

        —Badakizue gauza garbirik tatariarren inbasioa zertan den?

        —Permen esaten zutena baino ez dakigu, alafede —erantzun zion Alcide Jolivetek—. Feofar Khanen tatariarrek Semipalatinsk probintzia osoa inbaditu, eta, azken egun hauetan, Irtish ibaian behera omen datozela atsedenik hartu gabe. Agudo mugitu beharko duzu Omskera haien aurretik iritsi nahi baduzu.

        —Bai, badakit.

        —Eta gehiago ere esaten zuten. Ogareff koronelak muga zeharkatzea lortu omen zuela mozorro jantzita, eta berandu gabe elkartuko omen zela tatariarren buruarekin herrialde altxatuaren erdi-erdian.

        —Baina nolatan jakin dute? —galdetu zien Mikel Strogoffek, jakin-minez irrikan, baina berrien egiatasunaz erabat fidatu gabe.

        —Nolatan, bada? Horrelako gauzak jakiten diren moduan —erantzun zion Alcide Jolivetek—. Airean dabiltza.

        —Eta ganorazko arrazoirik baduzue Ogareff koronela Siberian dela pentsatzeko?

        —Non barrena joan zen ere esaten zuten. Kazandik Jekaterinburgera doan bidea hartu behar izan omen zuen.

        —A! Jakinaren gainean zeunden, Jolivet jauna? —hitz egin zuen Harry Blountek, berriemaile frantsesaren esanak haren isiltasuna urrarazi baitzuen.

        —Jakinaren gainean nengoen —erantzun zion Alcide Jolivetek.

        —Eta buhamez mozorrotu behar izan zuela bazenekien? —galdetu zion Harry Blountek.

        —Buhamez mozorrotu! —oihu egin zuen Mikel Strogoffek oharkabean kasik, Nijni Novgoroden Kaukaso ontzira igo eta Kazanen lehorreratu zen tsigane zahar hura gogoan.

        —Banekien neure lehengusinarentzako eskutitz bat osatzeko adina —esan zuen Alcide Jolivetek irribarretsu.

        —Kazanen ez duzu denbora alferrik galdu! —ohartarazi zuen ingelesak hotz eta motz.

        —Ez, noski, nire lankide maitea, eta Kaukaso ontzia hornitzen zen bitartean, ni Kaukaso bezala aritu nintzen!

        Mikel Strogoffek ez zien jada erreparatzen bataren eta bestearen arrazoiei. Besterik zuen buruan. Buhame koadrila hura, aurpegia ikusi ezin izan zion tsigane zaharra, harekin zihoan emakume harrigarria, eta emakume horrek egin zion begiratu bitxia. Topaketa haren xehetasun guzti-guztiak batu nahian zebilen, baina, tupustean, tiro baten hotsa entzun zuen handik hurbil-hurbilean.

        —A, jaunak! Goazen bizkor! —esan zien Mikel Strogoffek garrasi batean.

        —Arraioa! Fusil tiroen ihesi ibiliko da merkatari lasai hau besteetan —esan zuen Alcide Jolivetek bere artean—, baina orain ahalegin guztian doa entzun den lekurantz!

        Eta, Harry Blount orpoz orpo zuela, ez baitzen atzean gelditzen den horietakoa, aurrera lehiatu zen Mikel Strogoffen pausoei jarraituz.

        Bidean behera egin eta segituan zeuden hirurak tarantasa gordetzen zuen irtengunearen aurrean.

        Tximistak jotako pinu basotxoa sutan zegoen oraindik. Inor ere ez bidean. Hala ere, Mikel Strogoff ezin oker egon. Su arma baten hotsa iritsi zitzaion belarrira zalantzarik gabe.

        Bat-batean, orro izugarri bat entzun zen, eta beste tiro bat bota zuten irtengunearen beste aldean.

        —Hartza! —oihu egin zuen Mikel Strogoffek, ezin baitzen tronpatu horrelako orroa aditurik—. Nadia! Nadia!

        Eta, ganibeta gerrikotik aterata, jauzi ikusgarri bat egin zuen irtengunearen beste aldera, non bere zain egon behar zuen neska gazteak, agindu zionez.

        Pinuek, enborretik adabururaino sugarretan, argi ematen zioten oparo eszenari.

        Mikel Strogoff tarantaseraino iritsi zen unean, piztia tzar batek atzera egin zuen berari kontra egiteko.

        Neurri handiko hartz bat zen. Ural mendien hegal hartako oihan sarrietatik bota zuen ekaitzak, eta zulo hartara etorria zen babes bila, beste batzuetan bezala. Baina Nadia zegoen han oraingo honetan.

        Hiru zaldietako bik, basapiztia ikaragarriak uxaturik, sokak hautsi eta hanka egin zuten, eta iemstxikak, abereak besterik ez buruan, neskatxa bakar-bakarrik hartzaren aurrean uzten zuela ahaztuta, haien atzetik abiatu zen ahal bezain azkar.

        Nadiak ez du burua galdu. Piztiak neska ikusi ez eta gurdiko hirugarren zaldiari egin dio eraso. Orduan neska gordea dagoen zulotik atera eta lasterka doa zalgurdiraino. Han Mikel Strogoffen errebolberra hartu eta, ausardiaz hartzaren aldera hurreraturik, tiro egiten dio bertatik bertara.

        Besaburuan arin zauriturik, piztia segidan bihurtu da neskaren kontra. Erasoa saihesteko, tarantasari inguruka hasi da lehenbizi, eta zaldia sokak haustekotan dagoela ikusi du. Bidaia guztia arriskuan dago baina, zaldiak mendian galduz gero. Orduan Nadia hartzari aurpegi ematera itzuli, eta, odol hotz-hotzean, piztiaren atzaparrek burua jo behar dioten unean bertan, tiro egiten dio bigarren aldiz.

        Bigarren tiro horren eztanda entzun zuen Mikel Strogoffek ondo-ondoan. Baina hantxe da mutila dagoeneko. Jauzi batez hartzaren eta neskatxaren artean jarri da. Haren besoak behetik gora mugimendu bakar bat egin, eta basapiztia larria behea jo eta hilda geratzen da bertan, erditik ebakia sabeletik eztarrira.

        Siberiako ehiztarien kolpe ospetsuaren erakusgarri ederra, ganibet ukaldi garbi-garbia, kontu handi-handiz joa, hartzaren larru preziatua ez hondatzeko, prezio handia lortzen baitute haren truke.

        —Zauririk, arreba? —galdetu zion Mikel Strogoffek, neskarengana bizi-bizi hurbilduz.

        —Ez, neba —erantzun zion.

        Memento horretan iritsi ziren bi kazetariak.

        Alcide Jolivet zaldiaren burura oldartu zen, eta ukabila sendoa zuela uste izatekoa da, eutsi egin baitzion haren aztoramenari. Bai hark, bai haren lankideak ikusi zuten Mikel Strogoffen jokaera.

        —Arraioa! —bota zuen Alcide Jolivetek—. Merkatari soila izateko, Korpanoff jauna, ederki dantzatzen duzu ehizako ganibeta!

        —Ederki baino ederkiago! —gehitu zuen Harry Blountek.

        —Siberian, jaunak —erantzun zien—, denetik pixka bat egitera behartuta gaude!

        Alcide Jolivetek so egin zion orduan gizon gazteari.

        Argi betean ikusita, ganibet odoldua eskuan, garaia, lerdena, ausart itxurarekin, eta oina hil berria zuen hartzaren gainean ipinirik, Mikel Strogoff mutil ederra zegoen guztiz.

        —Morrosko gotorra! —esan zuen Alcide Jolivetek bere baitan.

        Orduan neskatxarengana aurreratu zen begirunez, kapelua eskuan, eta agurtu egin zuen.

        Nadiak bizkarra makurtu zuen apur bat.

        Alcide Jolivetek, soina bere lankidearengana biratuz, esan zion:

        —Arreba bada neba bezainbat! Ni hartza banintz, gorabeherarik ez nuke nahi bikote xarmant izugarri honekin!

        Harry Blount, makila bezain xuxen, besteengandik pixka bat bakandurik zegoen, kapelua erantzirik. Kazetari frantsesaren jendetasunak handiagotu egiten zion berezko zurruntasuna.

        Une hartan iemstxika agertu zen, bi zaldiak soketatik tiraka zekartzala. Begirada atsekabetua bota zion lehenbizi lurrean zegoen basapiztia bikainari, hegazti harraparientzat utzi behar baitzuten, eta abereak zalgurdiari berriro lotzeko lanaz arduratu zen.

        Mikel Strogoffek bi bidaztien egoera azaldu eta tarantaseko zaldietako bat haien esku uzteko asmoa zuela adierazi zion.

        —Nahi duan bezala —erantzun zion—. Baina zalgurdi baten ordez, bi baldin badira...

        —Ongi da, lagun hori! —esan zion Alcide Jolivetek, erdizka esandakoa ulertuz—. Halako bi ordainduko diagu.

        —Goazen, bada, nire usakume txikitxoak! —garrasi egin zuen iemstxikak.

        Nadia tarantasera igo zen, eta Mikel Strogoff eta bi berriemaileak jarraitu zioten oinez.

        Goizeko hirurak ziren. Ekaitza baretzen ari zen, eta, haizea lehen bezain zakar ez zebilenez, agudo egin zuten bidetik gora haitzartean barrena.

        Egunsentiko lehenengo argi urratzeekin batera, tarantasa telega zegoen lekura iritsi zen. Lokatzan gogotik zegoen sartua gurpil abatzetaraino. Aise ulertzen zen gurdiko zaldiek tiraldi bat indarrez eman eta bi ardatzak nola bereizi zituzten bata bestetik.

        Tarantasaren albo zaldietako bat telegaren gurtetxean lotu zuten soka batzuen laguntzaz. Bi kazetariak berriz eseri ziren gurdi xelebre haren bankuan, eta ibilgailuak berehalaxe jarri ziren abian Ural mendien beste alderantz. Maldan behera jaitsi besterik ez zuten egin behar, eta, beraz, eragozpenik ez zen ageri bidearen tarte horretan.

        Handik sei ordura, bi ibilgailuak, bata bestearen atzetik, Jekaterinburgen sartu ziren, batere okerrik izan gabe bidaiaren bigarren zatian.

        Kazetariek nor ikusiko lehenbizi, eta beren iemstxika, posta etxearen atean zegoena, haien zain, nonbait.

        Itxura ederrekoa zen errusiar jator hura, eta, lotsa izpirik gabe, alai-alaia begitartea, bidaztiengana jo eta eskupekoa eskatu zien, eskua luzatuz.

        Egiaren izenean esan beharra dago Harry Blounten amorruak eztanda egin zuela bortizkeria guztiz britainiarrez, eta, iemstxikak zuhurtzia handiz atzera egin izan ez balu, lege-legera emandako ukabilkada bat muturrean hartuta kobratuko zuela «na vodku» hori.

        Alcide Jolivet, aldiz, haserre bizi hura ikusirik, barrez lehertzeko zorian zen, sekula barrerik egin izan ez balu legez.

        —Arrazoi du-eta koitaduak! —esan zuen—. Eskubide osoa du, nire lankide maite hori! Ez da bere errua izan, hari jarraitzeko modurik aurkitu ez badugu!

        Eta kopek batzuk sakelatik atera eta eman egin zizkion iemstxiki.

        —Har itzak, lagun hori! Gorde itzak! Behar bezala irabazi ez badituk, ez duk hire errua izan!

        Harry Blounten sumindura biziagotu zuen horrek, eta gidariaren nagusia bera ere atxilotu eta auzitara eraman nahi zuen.

        —Auzitan sartzea Errusian? —oihu egin zuen Alcide Jolivetek—. Baina, gauzak aldatu ez badira, nire lankide hori, ez duzu inoiz haren bukaera ikusiko! Ez dakizu, bada, hamabi hilabetez bularra eman eta umetxoaren familiari ordaina eskatu zion inudearen kontua?

        —Ez dakit, ez —erantzun zion Harry Blountek.

        —Orduan, ez duzu jakingo zer bihurtu zen umetxo hori inudearen aldeko epaia eman zutenean?

        —Esango duzu, behingoz!

        —Bada, guardiako husarren koronela zen ordurako!

        Eta barre zantzoka hasi ziren denak, erantzun hura entzutean.

        Alcide Jolivetek, berriz, poz-pozik bere ateraldiarekin, koadernoa sakelatik atera eta, irribarrea ezpainetan, errusierazko hiztegietan agertzeko moduko ohar hauxe idatzi zuen:

        «Telega: zalgurdi errusiarra, lau gurpilekoa irteeran eta bi gurpilekoa helmugan!».

 

 

 

© Jules Verne

© itzulpenarena: Karlos Zabala

 

 

"Jules Verne / Mikel Strogoff" orrialde nagusia