X
EKAITZA URAL MENDIETAN
Ural mendiak hiru mila verstako lerro bati jarraituz hedatzen dira Europaren eta Asiaren artean (3.200 kilometro). Batzuek Ural deitzen diete, jatorri tatariarrezko hitza erabilita, eta beste batzuentzat Poias mendiak dira, errusieraz bezala deituta, baina bata zein bestea izendapen egokiak dira, bi hitz horiek «gerriko» esan nahi baitute hizkuntza bietan. Mendi horiek Ozeano Artikoaren itsasbazterrean jaio eta itsaso kaspiarreko ertzetaraino doaz, alde batera Errusia eta bestera Siberia utzirik.
Horixe zen Mikel Strogoffek zeharkatu beharreko muga Siberiara pasatzeko, eta, gorago esan legez, zuhurtziaz jokatu zuen Permetik Jekaterinburgera doan bidea hautatu zuenean Ural mendien ekialdera iristeko. Biderik errazena zen eta seguruena, eta hartan barrena igarotzen zen Asiaren erdialdeko merkataritza guztia.
Gaua mendian eman eta beste aldera iritsita behar zuten hurrengo goizean, ezbeharren bat gertatzen ez bazen, behinik behin. Zoritxarrez, lehenengo trumoien dunbotsek ekaitza hurbil zegoela adierazten zuten, eta izugarria izango zen, eguratsa karga-karga egina zegoen eta. Eztanda bortitz batek baino ezin zuen askatu airean pilaturik zegoen tentsio elektriko itzel hura.
Mikel Strogoff bere bidelagun gaztea ahal bezain ongi egoteaz arduratu zen. Gurdiaren estalkia haize bolada batek erraz eraman zezakeen airean, eta horregatik sendoago finkatu zuten, goian eta atzean gurutzatzen ziren soka batzuen bidez. Zaldien lokarriak bikoiztu, eta, segurtasuna handiagotu nahian, gurpil abatzen motelgailuak lastoz bete zituzten, bai gurpilak sendotzeko, bai danbatekoak leuntzeko, kolpe guztiak saihestea ezinezkoa baitzen gau ilunean. Azkenik, aurreko eta atzeko gurpil pareak indartzeari ekin zioten. Ardatzak ziriez baizik ez zeuden itsatsirik gurtetxean, eta, hobeki irmoturik egon zitezen, zurezko haga bat jarri zuten batetik bestera eta bernoz eta azkoinez josi. Haga horrek ardatzak tinko elkartu behar zituen, zisne lepoen gaineko berlinan barra kakotu batek egiten duen bezala.
Nadia bere lekura itzuli zen gurtetxearen atzeko aldean, eta Mikel Strogoff aldamenean eseri zen. Estalkia erabat jaitsia zegoen, eta larruzko bi errezel modukoak zintzilik zeuzkan aurrean, bidaztiak euriaren eta haizearen erasoetatik nolabait babesteko.
Bi kriseilu handi jarriak zeuden iemstxikaren eserlekuaren ezker aldean eta distira hits bat zabaltzen zuten zeihar, bidea behar bezala argiztatzeraino heldu gabe. Baina zalgurdiaren posizio argiak ziren, eta, nahiz iluna ozta-ozta desegin, aurretik hara beste ibilgailu bat etorri eta harekin buruz buru ez jotzeko balio zuten gutxienez.
Bistan denez, ardura guztiak hartuak zituzten, eta, hala hobe, gaua arriskuz beterik zetorren eta.
—Nadia, prest gauden —esan zion Mikel Strogoffek.
—Aurrera, bada —erantzun zion neskatxak.
Iemstxiki agindua eman eta tarantasaren gurpilak ibilian hasi ziren Ural mendietako lehenengo aldapetan gora.
Zortziak ziren; eguzkia apal zihoan etzanaldera. Giroa, ordea, arras goibel zegoen ordurako, bazter haietan ilunabarra luzea izan arren. Lurrun mataza eskergek zeru ganga behera zekartela irudi zuen, baina haizerik ez zebilen batere, eta ezerk ere ez zeramatzan handik. Alabaina, nahiz mugimendurik ñimiñoena ere ez egin zerumuga batetik besterantz, ez zen horrela gertatzen zenitetik nadirrera, eta gero eta hurbilago zeuden lurretik. Halako argitasun fosforeszente bat zerien laino itxi haietako batzuei, hirurogei-laurogei graduko arkuak osatuz. Eta arkuak pixkaka-pixkaka lurrerantz hurbiltzen ari zirela ematen zuen, beren sarea estutzen ari zirela. Mendiraino berehala iritsiko ziren, urakanen batek goitik behera bultzatu izan balitu bezala. Gainera, bideak gora jotzen zuen, hodei lodi haietarantz. Trinko-trinko zeuden, kondentsatzeko zorian; eta berandu gabe, bidea eta lurrunak nahasiko ziren, eta, une horretan hodeiak euritan husten ez baziren, lainoa hain zerratua izango zen, ezen tarantasak ezin izango zuen aurrera segi, malkarrean behera amiltzeko arriskurik hartu gabe.
Dena dela, Ural mendiak ez dira oso garaiak. Mendikatearen gailurrik altuenak ez du bost mila oinetik gora egiten. Hango gainek ez dute zuri-zuri ematen urte osoa; negu siberiarrean pilatutako elurra guztiz urtzen du udako eguzkiak. Landareak eta zuhaitzak tontorretan ere hazten dira. Burdin eta kobre meatzeek eta harribitxien ustiategiek langile ugari biltzen dute alderdi hartara. Eta horregatik, zavody izeneko herrixkak maiz topatzen dira, eta bidea, haitzarte handietan barrena ebakia, posta kotxeak lasai pasatzeko modukoa da.
Baina egunezko argian eta eguraldi ona lagun izanda aise egiten den gauza, zaila eta arriskuz betea izan daiteke, izadiaren elementuak bata bestearekin borrokan hasi eta norbera borroka horren erdian gertatzen denean.
Mikel Strogoffek bazekien mendiko ekaitzen berri, ederki jakin ere, eta beharbada uste zuen arrazoi zuzenez eguratsaren fenomeno hori neguko elur bisuts bortitz lazgarriak bezain izutzekoa zela.
Abiatu zirenean, ateri zegoen oraindik. Mikel Strogoff tarantasaren barren aldea babesten zuten larruzko errezelak goratu eta kanpora begira-begira zihoan. Bide bazterrak aztertzen zituen batez ere, kriseilu koloken argi-ilunetan alegiazko izakiz beteak.
Nadia ere, geldirik, besoak gurutzaturik, begira zihoan, baina aurrera makurtu gabe, eta ez haren bidelaguna bezala, hark gorputz erdia gurditik kanpo baitzeraman, zeruei eta lurrei galdezka.
Goiak lasai-lasai zeuden, baina beltz, ilun, haserre. Haizeak putzik ez zuen egiten artean. Izadia arnasa hartu ezinik zegoen, antza, ito beharrez ia, eta haren birikak, hodei goibel itxi haiek, alegia, zergati ezkuturen batengatik ezertarako gauza ez zirela zirudien, ezin izango ziotela erasoari ekin. Tarantasaren ibilera baizik ez zen entzuten han. Gurpilek kirrinka egiten zuten, bideko hartxintxarrak birrinduz. Intzirika biratzen ziren ardatzak abatzetan. Zaldiak arnasestuka zebiltzan, hatsa zarataka hartzen zutela, apo ferratuez harri koskorrak jo eta jo, txinpartak atereaz. Hots horiek izan ezik, isila erabatekoa zen.
Gainerakoan, bidean arimarik ez. Tarantasak ez zuen topatu oinezkorik, ez zaldizkorik, ez beste ibilgailurik Uraletako mehaka estuetan, eguraldi mehatxagarriko gau hartan. Ikazkinen surik ez basoetan, meatzarien kanpamenturik ez harrobi zokoetan, ezta txabola galdurik ere zuhaitzen artean. Egoera hartan mendi lerroa zeharkatzen hasteko arrazoi handiak behar ziren, duda-mudarako edo geroratzeko aitzakiarik ematen ez duten horietakoak. Mikel Strogoffek zalantzarik ez zuen izan. Ezin zuen izan; baina orduan —eta kezka bizia sortzen hasi zitzaion hori zela-eta— zein ziren tarantasaren aurreko telegan zihoazen bidaztiak, eta zer arrazoi ezinbestekoengatik jokatzen zuten horren burugabe?
Mikel Strogoff horrela joan zen tartetxo batean, bazter guztiak miatzen. Hamaikak aldean, tximistak zerua pizten hasi eta etengabe aritu ziren joka handik aurrera. Distira azkar haien argipean pinu itzelen multzo sakabanatuak ikusten ziren han-hemenka agertzen eta desagertzen. Batzuetan, tarantasa bide izkinara hurreratzen zen, ertza ia ukitzeraino, eta orduan amildegi sakonak azaltzen ziren hodeietako oinazturen argitan. Aldian behin, pitzadura baten gaineko zubia zeharkatzen zuen ibilgailuak, soinu lodiagoa atereaz haren enbor ozta leundutakoak lasterka zapaltzean, trumoi hotsak zubi azpitik oihartzun egiten zuela. Bestalde, laster hasi ziren burrunba errepikakorrak zabaltzen, gero eta urrunago entzuten zirenak zeruan gora egin ahala. Eta soinu horiekin guztiekin iemstxikaren oihuak eta heiagorak nahasten ziren, noiz balakuka, noiz errietan abere gaixoei, neka-neka eginak baitzeuden aire astun geldo harengatik bideko maldagatik baino gehiago. Gurdiaren txilinek eta zintzarriek ere ezin zaldiak alaitu, eta belaunak makurtu zitzaizkien zenbait aldiz.
—Zer ordutan iritsiko gara lepora? —galdetu zion Mikel Strogoffek iemstxikari.
—Goizeko ordu batean... iristen bagara! —ihardetsi zion, burua astinduz.
—Esan ezak, adiskidea, hau ez da izango mendian ikusten duan lehenengo ekaitza, ezta?
—Ez, eta ea azkenekoa ere ez den, Jainkoa lagun!
—Beldurrak hago?
—Ez nagok beldurrak, baina berriz esango diat ez duala ongi egin azken posta etxean geratu gabe.
—Okerragoa zuan, ordea, bidaian ez jarraitzea!
—Aurrera, bada, uxotxo nireak! —oihu egin zuen iemstxikak, ez baitzegoen han eztabaidan hasteko, esandakoa betetzeko baizik.
Memento hartan, dardara bat aditu zen urrunean. Ordu arte bare egon zen eguratsa, baina orduan milaka txistu ozen gorgarri zeharkatzen ari zirela zirudien. Tximista bat ikusi, eta ia batera trumoi karraska beldurgarria entzun zuten. Haren argi itsugarriaren pean, tontor batean pinu batzuk makurtzen ari zirela ohartu zen Mikel Strogoff. Haizea atera zuen, baina airearen goiko geruzetan baino ez oraindik. Zuhaitz zahar edo sustrai txikiko batzuek ezin izan zioten eutsi ekaitzaren lehenbiziko oldarrari, haien erorikoaren soinu sorrek adierazi bezala. Enbor hautsi mordo batek bidea gurutzatu zuen, sekulako zalapartaz harkaitzetan jo ondoren, eta ezker aldeko amildegitik behera galdu zen, tarantasaren aurrean berrehun oinetara.
Zaldiak bertan gelditu ziren.
—Segi aurrera, usapal maiteak! —garrasi egin zien iemstxikak, zartailuaren zirtakoak trumoiaren dunbotsekin nahasten zirela.
Mikel Strogoffek eskua hartu zion Nadiari.
—Lo hago, arreba? —galdetu zion.
—Ez, neba.
—Egon hadi edozertarako prest, ekaitza gainean dinagu eta!
—Prest nagok.
Mikel Strogoffek tarantasaren larruzko errezelak ixteko beta izan zuen doi-doia.
Tximista bezain agudo zetorkien haize erauntsia.
Iemstxikak eserlekutik jauzi eginez zaldien buru aldera jaurti zuen bere burua, irmo eutsi nahirik, arrisku bizi-bizian baitzegoen zalgurdi osoa.
Izan ere, tarantasa bidearen bihurgune batean zegoen geldirik, eta zuzen-zuzen jotzen zuen han denboraleak. Haize aldera eduki beharra zegoen, edo bestela, saihetsean joz gero, irauli egingo zen ezinbestean eta bidearen ezker aldeko erroitzetik behera amildu. Zaldiak, haize boladek atzera bultzaturik, zutitu eta besaka ari ziren, gidariak ezin lasaitu zitzakeela. Hitz gozoen ondotik irainik garratzenak irten ziren haren ahotik. Alfer-alferrik, ordea. Zoritxarreko abereak itsutu egiten zituzten tximistargiek, izu-laborrian jartzen oinazturen kolpe etengabeek, artilleriaren leherketak irudi. Lokarriak hautsi eta handik alde egin, besterik ez zuten nahi. Iemstxikak ez zituen mendean jada; bere esanei batere kasurik ez zieten ematen.
Une hartan, Mikel Strogoff tarantasetik kanpora salto batean irten eta laguntzera joan zitzaion. Gutxik bezalako indarrez horniturik, zaldiak menderatzea lortu zuen, nahiko kostata hala ere.
Baina urakanak zakarraldi bortitzagoa jo zuen orduan. Bidea zabaldu eta inbutu itxura hartzen zuen leku hartan, erauntsia haiengana zuzen-zuzen jaurtiz, lurrun ontzietan haize alde jartzen diren aireztatze ahoetan egingo zuen bezala. Haize gaiztoak gogor astintzen zituen bete-betean. Eta batera, harriak eta enborrak erorka hasi zitzaizkien eskuin aldeko ezpondetatik behera.
—Ezin gaituk hemen geratu —esan zuen Mikel Strogoffek.
—Ez gaituk luzaro geratuko! —oihu egin zuen iemstxikak, beldurraren beldurrez, indar guztiekin tente jartzen zela airearen higidura ikaragarri haren kontra—. Urakanak mendian behera bidaltzen gaitik, eta biderik laburrenetik!
—Eutsi eskuin aldeko zaldiari, oilo koldar hori! —erantzun zion Mikel Strogoffek—. Nire ardura ezker aldekoa!
Beste haize bolada izugarriak gerarazi zuen Mikel Strogoff. Lurreraino makurtu behar izan zuten bai berak bai gidariak, hankaz gora boteak ez izateko; baina zalgurdia atzera eta atzera zihoan. Alferrik ahalegintzen ziren gizonak, eta alferrik zaldiak, nahiz oraindik haizearen kontra tinko zeuzkaten. Zuhaitz enbor batek geldiarazi zuen azkenean, eta hari eskerrak ez ziren denak erori amilka bidetik kanpo.
—Ez izan beldurrik, Nadia! —garrasi egin zion Mikel Strogoffek.
—Ez nauk beldur —erantzun zion gazte livoniarrak, ahotsean batere larritasunik azaltzen ez zuela.
Trumoiaren burrunba isildu zen istant batean, eta denborale lazgarria, bide bihurgunea atzean utzirik, amildegiaren hondoetan galtzen ari zen.
—Behe aldera joan nahi duk? —itaundu zion iemstxikak.
—Ez, gora joan beharra zagok! Bihurgune hori gainditu behar diagu! Goian ezpondaren babesean egongo gaituk!
—Zaldiek kontra egiten ditek, ordea!
—Egin ezak nik bezala, eta tira iezaiek aurrera!
—Urakanak berriz joko dik!
—Esana beteko duk?
—Hik nahi duk eta!
—Nik ez, Aitak berak agintzen dik! —erantzun zion Mikel Strogoffek, hiru kontinenteetako enperadore ahalguztidunaren izena lehen aldiz aipatuz.
—Goazen, bada, enara politak! —oihu egin zuen iemstxikak, eskuineko zaldiari helduz, Mikel Strogoffek ezkerrekoari oratzen zion bitartean.
Zaldiak, modu horretan atxikirik, bideari ekin zioten ozta-ozta. Ezin ziren alboetara mugitu, eta erdiko zaldia, endaitzen artekoa, bidearen erdian ibil zitekeen, beste biek nork bere aldera lerrarazi gabe. Baina gizonek eta abereek ez zuten aurrera hiru pauso egiten, atzera bat edo baita bi ere zenbaitetan egin gabe, bete-betean jotzen baitzituzten haize boladek. Irristatu, erori, zutitu atzera ere. Eta joko horretan, ibilgailua porrokatzeko zorian. Estalkia sendo loturik egon ezean, tarantasa lehenengo haize kolpean geldituko zen aterperik gabe.
Mikel Strogoffek eta iemstxikak bi ordu baino gehiago behar izan zituzten ekaitzaren zigorrak horren bortitz astinduriko bide zati hura igotzeko, luzeran versta erdia ez izan arren. Urakanak gogorkeria latzez ziharduen borrokan zaldien eta gidarien aurka, baina, hala ere, ez zen hura arriskurik handiena; okerrago zen harri eta enbor hautsien kazkabar hura, menditik behera haien buru gainera jausten zitzaiena.
Bat-batean, tximistargi baten distiran, haietako harritzar bat erorka-erorka behera zetorrela ohartu ziren. Gero eta arinago zihoan tarantasaren aldera.
Iemstxikak deiadar egin du.
Mikel Strogoffek zaldiak aurrerago joan daitezen ahalegindu da zartailu ukaldi indartsu bat joaz; baina uko egin haiek.
Urrats gutxi batzuk aurrera, eta harritzarra atzetik pasatuko da!
Aitaren batean ikusi du Mikel Strogoffek nola harriak tarantas gainera erori eta bere bidelaguna jo eta txikitu egin behar duen bertan! Eta ibilgailutik bizirik ateratzeko denborarik ez!...
Orduan, atzeko aldera jauzi batean oldartu, bizkarra ardatzari eman, hankak lurrean sendo tinkatu, eta, arrisku bizi horretan berealdiko indarra aurkiturik, oin batzuk aurreraka bultzatzen du zalgurdi astuna.
Haitz puska eskerga gizon gaztearen bularra ia ukituz pasa eta sekulako danbatekoa jo zuen haren aurrean, bideko harri koskorrak birrinduz eta txinpart ugari atereaz. Arnasa bete ezinik gelditu zen tsarraren mandataria.
—Neba! —oihu egin zuen Nadiak ikaraturik, eszena hura guztia ikusi baitzuen tximistaren argitan.
—Nadia! —erantzun zion Mikel Strogoffek—. Nadia, ez izan beldurrik!
—Ez ninduan beldur neure buruarengatik!
—Jainkoa gurekin zagon, arreba!
—Nirekin bai, behintzat, nire bidean jarri hauelako! —xuxurlatu zuen neskatxak.
Ez zen alferrik galtzekoa Mikel Strogoffek tarantasari lehiaz emaniko bultzada. Abiada hark egokiera eskaini zien zaldi zoratuei lehengo norabidean berriz jartzeko. Nolabait esanda, herrestan eraman zituzten abereak Mikel Strogoffek eta iemstxikak, eta horrela beharturik bidean gora egin zuten mendate estu bateraino. Hegotik iparrera zihoan, eta han babesa izango zuten ekaitzaren eraso zuzenen kontra. Eskuin aldeko ezpondak harresi itxurako bat osatzen zuen leku hartan, harkaitz itzel baten irtengunea zela medio. Harkaitza zurrunbilo baten erdi-erdian zegoen, eta nahigabe handirik gabe egon zitekeen bertan, haizea ez baitzen handik biratzen. Zirimola haren bueltan, aldiz, ezin inola ere haizeari eutsi, ez gizonek, ezta zaldiek ere.
Eta, halaxe, zenbait pinuren adaburuak, harkaitzaren gandorretik gora ateratzen zirenak, moztuak izan ziren begi itxi-ireki batean, izugarrizko igitai batek ezponda arrasetik garbitu izan balu bezala.
Ekaitzak haserre bizi-bizian ziharduen orduan. Dena tximista zen haitzarte hartan, eta etengabe zabaltzen zen trumoien dunbotsa. Kolpe amorratu haiek zorua inarrosten zuten, eta Ural mendi guztiak dardaraka zeudela irudi zuen, lurrikara batek astinduta legez.
Beharrik, tarantasa denboraleak zeharka baino jotzen ez zuen zoko sakon hartan aparkatu ahal izan zuten, edonola esanda. Baina ez zegoen erabat aterpean. Ezpondaren irtenguneek haize korronte batzuk desbideratu eta tarantaseraino iristen ziren, eta indar handiz inoizka. Eta orduan danba eta danba egiten zuen harrizko paretaren kontra, zati-zati egin eta guztiz hondaturik geratzeko arriskuan.
Nadiak bere lekua laga behar izan zuen. Mikel Strogoffek, kriseiluetako baten argipean bilaketan aritu eta gero, meatzariren baten pikotxak egindako zuloa aurkitu zuen, eta neska gazteak han hartu zuen babes, bidaian aurrera noiz segituko zain.
Une hartan, goizeko ordu batean, euria hasi zuen, eta berehala ur eta haize boladak bortxa gordinez jo eta bultza hasi ziren; zeruko suak itzaltzea lortu gabe baina. Gauzak horrela, ezin inola ere bideari lotu.
Beraz, Mikel Strogoff halako edo holako egonezinak hartuta ere —eta ulergarria da lasai ez egotea—, geldirik egon beharra zeukan ekaitzaldiaren erasorik latzena pasatu arte. Bestalde, mendatera iritsiak ziren, eta Ural mendietako aldapetan behera jaistea besterik ez zeukaten Jekaterinburgera sartzeko, eta egoera hartan jaistea, mila errekasto lasterrek zeharkaturiko lurralde batean, ur eta haize zurrunbiloen erdian, bizia galbidean jartzea baizik ez zen, norbere burua leize zulora botatzea.
—Larria dun zain egon beharra —esan zuen orduan Mikel Strogoffek—, baina atzerapen handiagoak izango genitizken bestela, dudarik gabe. Ilunpetan ezin gaitun arriskatu. Gainera, ekaitza oso bortitza dun, eta horrelakoek ez diten luzaro irauten. Hirurak aldean eguna argitzen hasiko dun, eta, eguzkia jaiki ondoren, erraza ez, baina bai egiteko modukoa bihurtuko dun jaistea.
—Zain egon gaitezen, neba —erantzun zion Nadiak—, baina abiatzea atzeratzen baduk, ez dadila izan niri nekea edo arriskua kentzeko!
—Nadia, bazakinat edozeri aurre egiteko gertu hagoela, baina, eguraldi honekin abiatuz gero, neure bizitza baino gehiago jarriko niken arriskuan, hire bizitza baino are gehiago, neure egitekoa, gauza guztien gainetik konplitzeko daukadan betebeharra hutsean geldituko luken.
—Betebehar bat!... —esan zuen Nadiak xuxurla batean.
Memento hartan, tximista zakar batek zerua urratu zuen, euri jasa ezereztuz, nonbait. Berehalaxe kolpe zeken baten durundia hedatu zen, eta halako sufre usain itogarri batek bete zuen airea. Pinu handiko basotxo bat zartako elektrikoak jo eta suak hartu zuen tarantasetik hogei pausora, zuzi erraldoi baten gisa.
Tximista-kolpearen punpa antzeko batek iemstxika lurrera bota zuen, baina zauririk gabe jaiki zen zorionez.
Gero, trumoiaren azken burrunbak mendiaren barne sakonetan galdu ondoren, Nadiak esku bat jarri zuen indartsu Mikel Strogoffen eskuaren gainean, eta hitz hauek esan zizkion apal-apal belarri ondoan:
—Oihuka ari dituk, neba! Entzun ezak!
© Jules Verne
© itzulpenarena: Karlos Zabala