IX
TARANTASEZ GAU ETA EGUN
Biharamunean, uztailak 19, Permeko ontziralekura iritsi zen Kaukaso, bidaiaren azken geldilekura, alegia, ontzia ez baitzihoan harago Kama ibaian gora.
Perm probintzia handienetarikoa da inperio errusiarra osatzen dutenen artetik, Siberiako lurralde zati bat ere barne hartzen duela, Ural mendietatik hara. Marmol harrobiak, gatzagak, platino eta urre erauztokiak, ikatz meatzeak ustiatzen dira bertan handizka. Perm hiria noizbait lehen mailako bihurtuko da beharbada, kokaleku paregabean egonik, baina bitartean hiri hitsa da guztiz, arras zikina, lohiz bete-betea, eta batere baliabiderik eskaintzen ez duena. Errusiatik Siberiara doazenei axola gutxi die erosotasun falta horrek, barne aldetik etorrita aldean baitakarte behar duten guztia; baina Asiaren erdialdeko eskualdeetatik datozenek, hain bidaia luzea eta neketsua burutu ondoren, ez lukete inola ere gaizki ikusiko Asiako muga pasa eta aurkitzen duten lehen hiri europarra hobeki hornitua egotea.
Permen saltzen dira berriro bidaztiek Siberiako lautadetan barrena erabilitako ibilgailuak, bide luzean gutxi-gehiago matxuratuak. Eta Europatik Asiara doazenek hantxe erosten dituzte zalgurdiak udan eta lerak neguan, estepen erdian zenbait hilabetez ibiltzeari ekin aurretik.
Mikel Strogoffek bidaiaren nondik-norakoak erabakita zeuzkan, eta egitasmo hura betetzea besterik ez zen kontua.
Badago posta kotxe zerbitzu bat Ural mendien lerroa arin samar zeharkatzen duena, baina, gauzak zeuden bezala egonda, zerbitzu hori ez zebilen oso txukun. Ongi antolatuta egon arren, Mikel Strogoffek ez zuen hartuko posta kotxea. Agudo joan nahi zuen, inoren mende gabe, eta, zentzu handiz, zalgurdia erosi nahiago zuen eta postaz posta lasterka joan, posta gidarien ahalegina biziagotuz aparteko «na vodku» batzuen bitartez.
Damurik, jatorri asiarreko atzerritarren kontra hartutako neurriak zirela eta, bidazti franko atera zen Permetik eta, beraz, garraio bide askorik ez zen han. Besteen hondarrarekin etsi behar, bada. Zaldiekin, berriz, arazorik ez. Mikel Strogoffek bere podaroshna erakuts zezakeen arriskurik gabe, Siberiara iritsi artean, eta posta etxeko nagusiek lehentasunez lotuko zizkioten zaldiak bere gurdiari. Europa aldeko Errusiatik kanpo, ordea, errubloen ahalmenaz baizik ezin baliatu.
Baina zein ibilgailu motari lotu zaldi horiek? Telega bati ala tarantas bati?
Telega izenekoa gurdi hutsa da, lau gurpilekoa, estali gabea eta zurezkoa oso-osorik. Gurpilak, ardatzak, ziriak, gurtetxea, endaitzak, den-denak inguruetako zuhaitzekin eginak dira, eta soka lodiez besterik ez dira elkartzen hura osatzen duten peza guztiak. Nekez aurkitzen da gurdi zakarragorik eta erosotasun gutxiagokorik, baina edonork konpontzeko modukoa da, bidean istripua izanez gero. Bada pinurik Errusiako mugan, eta gurdi ardatzak berez sortzen dira basoan. Telegaren bidez eramaten da ohiz kanpoko posta, perekladnoi deitutakoa, zeinarentzat bide txarrik ez dagoen. Noizean behin, esan beharra dago, pezen arteko lokarriak hausten dira, eta, atzeko aldea basatzetan trabatua gelditzen den bitartean, aurrekoa hurrengo posta etxera iristen da bi gurpilekin baino ez. Baina horrenbestez bidaia ongi joan dela esango dizute.
Mikel Strogoff telega bat hartu beharrean egongo zen, tarantas bat aurkitzeko zoria izan ez balu.
Ibilgailu hau ere ez da gurdigintzaren azken-azken aurrerapena. Balaztarik ez dauka, telegaren irudira; burdina gutxi eta zur asko; baina haren lau gurpilek, ardatzaren muturretik zortzi-bederatzi oinetara jarriak, halako oreka bat bermatzen dute zuloz eta gorabeherez betetako bide horietan. Lohi-babes batek bidaztiak gordetzen ditu bideko lokatzetatik, eta larruzko estalki mardul batek, jaitsi eta erabat itxi daitekeenak, bidaiatzea samurtu eta bigundu egiten du uda parteko bero sapetan eta ekaitz gaiztoetan. Bestalde, telega bezain sendoa da eta ez zailagoa konpontzen, eta, gainera, arrisku txikiagoa du atzeko alde guztia bide nagusietan galdurik lagatzeko.
Esan bezala, Mikel Strogoffek tarantas bat aurkitu zuen, baina zokorik zoko galdezka ibili ondoren. Segur aski beste tarantasik ez zen izango Perm hiri osoan. Hala izanik ere, tratua merkeago egiten saiatu zen eginahalean, itxura egite aldera, Nikolas Korpanoff baitzen bera, Irkutskeko merkatari xume bat.
Nadia bere bidelagunarekin ibili zen hara eta hona zalgurdi bila. Helburu bera ez izan arren, ahalik agudoena iritsi nahi zuten biek, eta, beraz, lehenbailehen abiatzeko amorruz zeuden. Biei gogo berak bihotz ematen ziela esan zitekeen.
—Arreba —esan zuen Mikel Strogoffek—, zalgurdi erosoagoa nahi ninan hiretzat, baina ez dinat besterik aurkitu.
—Niri esaten didak hori, aitaren bila oinez ere joateko prest zegoen honi!
—Ez dinat hire adorea zalantzan jartzen, Nadia, baina emakume bat aurrera jarraitu ezinik geratuko zunan nekearen nekeaz.
—Nik aurrera jarraituko diat, nekaturik edo nekatu gabe —erantzun zion neskatxak—. Nire ezpainetatik intziri bakar bat entzuten baduk, utz nazak bidean eta segi aurrera bakarrik!
Handik ordu erdi batera, podaroshna erakutsi eta postako hiru zaldi lotu zizkioten tarantasean. Abere haiek, dena ile luze, hanka handiko hartzak ematen zituzten. Txikiak ziren, baina sutsuak, arraza siberiarreko guztiak legez.
Posta gidari bat, iemstxik bat, hango hizkuntzaz esanda, arduratu zen zaldiak lotzeaz. Honela egin zuen: hiruretan handiena bi endaitz luzeen artean atxikirik jarri zuen, endaitz mutur batetik bestera txilinez, zintzarriz eta mortxilez jositako uztai antzeko baten azpian —duga izenekoa—; eta beste biak tarantasaren pikabuztanetan estekaturik besterik gabe. Gainerakoan, ez uhalik ez antzekorik, eta gida bezala, sokatxo bat aski.
Mikel Strogoffek ez zeraman ekipajerik aldean, ez eta gazte livoniarrak ere. Batek bidaia agudo baino agudoago egin behar zuen, besteak eskuarte eskas umilik baizik ez zeukan. Egoera horiek galarazten zien fardel multzo handi batez beren burua oztopatzea. Eta eskerrak, zeren tarantasak, edo bidaztiak eraman zitzakeen ekipajeak utzita, edo ekipajeak eraman zitzakeen bidaztiak utzita. Bi lagun eramateko egina zegoen, iemstxika kontatu gabe, zeinak, oreka mirarizko bat zela medio, bere eserleku meharrean irauten zuen erortzeke.
Iemstxika, bestalde, posta bakoitzean aldatzen da. Tarantasa lehenbiziko aldian gidatu behar zuena siberiarra zen, bere zaldiak bezala, eta haiek bezain iletsua, edo gehiago. Txima luzeak zituen, zuzen moztuta kopetan, hegal altxatuko kapelua buruan, eta gerriko gorria eta longaina soinean. Longainaren papar hegalak botoi batzuen gainean gurutzatzen ziren, eta ikur inperiala ageri zen haietan grabaturik.
Iemstxikak tarantaseko bidaztiei begiratu zien jakin-min handiz, zaldiak lotzera hurbildu zenean. Ekipajerik ez! —eta non arraio jarriko zituen?—. Aberats usainik ez, hortaz. Eta oso imintzio esanguratsua egin zuen.
—Beleak! —oihu egin zuen, axola izpirik ez ziola entzuten zioten ala ez—. Beleak! Verstako sei kopek gehienez ere!
—Ez! Arranoak! —erantzun zion Mikel Strogoffek, iemstxiken hizkera ederki ulertzen baitzuen— Arranoak, aditzen duk? Bederatzi kopek verstako, eta eskupekoa gainera.
Zartailuak airean emandako zirt alaia izan zen erantzuna. Errusiako posta gidariek «belea» deitzen diote bidazti zeken edo txiroari, mendi aldeko postetan bizpahiru kopek verstako baino gehiago ordaintzen ez duenari. «Arranoa», berriz, prezio altuengatik atzera egin ez eta eskupeko oparoak ematen dituenari. Halatan, beleak ezin du amestu ere egin arranoa bezain bizkor eta arin hegaldatzea.
Nadia eta Mikel Strogoff berehala eseri ziren tarantasean. Jateko batzuk zeramatzaten enbarazu egiten ez zuen kutxa txiki batean. Bidean berandutuz gero, nahikoak izango ziren posta etxeetara iristeko. Horietan ezeren faltarik ez zuten izango, ongi hornituak eta erosoak baitira, estatuaren zaintzapean. Larruzko estalkia jaitsi, eguzki kiskalgarritik gordetzeko, eta, eguerdian, tarantasak, hiru zaldiak tiraka, Perm hiria utzi zuen hautsezko hodei baten erdian.
Harrigarria zen nola gobernatzen zuen iemstxikak gurdia, bai behintzat errusiar edo siberiar ez ziren bidaztientzat, ez baita batere ohikoa era horretan jokatzea. Izan ere, endaitzen arteko zaldia, beste biak baino handixeagoa eta gurdiaren ibilera zuzentzeko ardura zuena, trosta luze-luzean zihoan beti, zelaian nahiz maldan, eta ez zuen behin ere galtzen neurria. Beste biek lauoinka ibiltzen baino ez zekiten, nonbait, eta hala zihoazen modu ikusgarrian bezain barregarrian. Iemstxikak jo ez zituen egiten. Gehienez ere, zuzpertu egiten zituen zartailua airean zirtako ozenez astindurik. Baina zenbat hitz ezti abereentzat, otzan eta zuzen aritzen zirenean, alde batera utzirik santu izenez deitzen zienean! Gida bezala erabiltzen zuen sokatxoak ez zuen deustako balio erdi zoraturiko zaldi haiengan, baina, eztarritik sortzen zion ahots zakar harekin «na pravo» edo «na levo» esan —eskuinetara edo ezkerretara, alegia—, eta brida handiaz edo txikiaz baino zintzoago zebiltzan.
Eta nolako hitz goxoak, gauzak ongi egiten zituztenean!
—Ea, usapal nireak! —esaten zien iemstxikak—. Aurrera, enara maiteak! Goazen hegan, nire uxo txikiak! Aupa, ezkerraldeko nire lehengusu hori! Eutsi goiari, eskuinaldeko nire aita txiki hori!
Baina abiadura moteltzen bazuten, nolako irainak, nolako hitz garratzak! Eta bazirudien abere sentibera haiek ulertu egiten zutela!
—Mugi ezak ipurdia, barakuilu madarikatu hori! Deabruak hartuko ahal hau, bare nazkagarria! Bizirik larrutuko haut, dortoka zikina, eta infernuan ustelduko haiz!
Gidatzeko modu bitxia, indar gehiago eskatzen baitzion zintzurrari besoari baino, baina, hala ere, tarantasa ziztu bizian zihoan, bideari hamabi-hamalau versta orduko janez.
Mikel Strogoff jarria zegoen horrelako ibilgailuetara eta horrelako moduetara. Jauziek eta astinaldiek ezin zuten gogaitu. Bazekien gurdi zaldi errusiarrek ez dutela ezer saihesten bidean, ez harriak, ez gurpil arrasto sakonak, ez basatzak, ez zuhaitz eroriak, ez zuloak; traba guztien gainetik igarotzen dira arrapaladan. Ohitua zegoen horretara. Neska gazteak, berriz, arriskua zuen tarantasaren inarrosaldiekin zauritua gertatzeko, baina kexarik ez zen irteten haren ahotik.
Bidaiaren lehenengo uneetan, Nadiak, horrela airean eramanik, ez zuen hitzik atera. Gero, iristea, iristea, beste pentsamendurik buruan ez, eta galdezka hasi zitzaion Mikel Strogoffi:
—Hirurehun versta kontatu ditiat Permetik Jekaterinburgera. Oker egin dut kontua, neba?
—Ez dun oker egin, Nadia —erantzun zion—, eta Jekaterinburgera iristen garenean Ural mendien oinean izango gaitun, baina beste aldean.
—Eta zenbat denbora behar da haraino?
—Berrogei ordu, gau eta egun ibiliko gaitun eta. Gau eta egun esan dinat, Nadia —gehitu zuen—, ezin naun-eta istant bakar batean ere gelditu, eta atsedenik gabe joan beharra dinat Irkutskeraino.
—Ez haut nik atzeratuko, neba, ezta ordubetez ere; eta gau eta egun ibiliko gaituk.
—Bada, orduan, Nadia, tatariarren inbasioak bidean oztoporik ez diezagula jar, eta, hogei egun baino lehen, hantxe izango gaitun!
—Egin duk inoiz bidaia hau?
—Behin baino gehiagotan.
—Neguan agudoago eta segurtasun handiagoz joango gintuan, ezta?
—Bai, agudoago batez ere, baina gorriak pasa beharko hituzke hotzarengatik zein elurrarengatik.
—Ez zagok ardurarik! Negua errusiarren adiskidea duk.
—Bai, Nadia, baina harria baino gogorragoa izan behar adiskidetasun horri eusteko! Maiz ikusi dinat Siberiako estepetan tenperatura zero azpitik berrogei gradu erortzen! Bihotza izozten sentitu dinat, nire jantziak elur-orein larruzkoak izan arren, eta hanka-besoak bihurritzen, eta oinak hormatzen, artilezko hiru pare galtzerdiz babesturik ere! Ikusi dinat nola lerako zaldiak estaltzen zituen izotzezko oskol batek, arnasa sudurzuloetan itsatsita! Nola pattarra harri bihurtzen zen bere ontzian, ezta labanez ere koskarik ezin eginik!... Baina han zihoanan nire lera tximistaren pare! Batere trabarik ez ikusmira guztian, lautada zuri berdinduan! Batere erreka edo ibairik ez, eta aurrera, zeharkatzeko ibirik bilatu gabe! Batere aintzirarik ez, eta segi, ontzi baten bila hasi gabe! Izotz gogorra, bide zabala, lur irmoa nonahi! Baina, nolako neke eta oinazeak, Nadia! Itzuli ez zirenek, elur azpian hilotz gelditu zirenek azalduko litizketen, aukera izatera, baina ez horrelakorik, ordea!
—Hi, hala ere, itzuli egin haiz beti, neba —jaulki zuen Nadiak.
—Bai, baina ni siberiarra naun, eta horrelako ibilaldi latzetara ohitu nindunan txikitan, aitarekin ehizan nindoalarik. Baina, Nadia, esan didananean neguak ez hinduela geldiaraziko, bakarrik abiatuko hintzela, Siberiako eguraldiaren laztasun eta gordinkeriari aurpegi emateko prest hengoela, elurretan galdua ikusten hindudala iruditu zaidan, bidean eroria hintzela sekula ez altxatzeko!
—Zenbat aldiz zeharkatu duk estepa neguan? —galdetu zuen gazte livoniarrak.
—Hirutan, Nadia, Omskera joateko beti ere.
—Eta zertara joaten hintzen Omskera?
—Ama ikustera, zain neukanan eta!
—Eta ni Irkutskera noak, aita zain zaukaat eta! Amaren azken hitzak ematera noak! Esan diat horrenbestez, neba, ezerk ere ez zidala abiatzea galaraziko!
—Ausarta haiz gero, Nadia —esan zion Mikel Strogoffek—, eta Jainkoak berak gidatuko hinduen!
Egun hartan, arin eraman zuten tarantasa postatik postara txandakatzen ziren iemstxikek. Mendietako arranoen izen ohoretsua ez zuten zikintzen bide nagusiko «arrano» haiek. Zaldi bakoitzarengatik ordaindutako prezio handiak, eskuzabal emandako eskupekoek, gomendio gisa balio zieten bidaztiei ezin hobeki. Posta etxeko nagusiek harriduraz ikusiko zuten beharbada nola, dekretua argitaratu ondoren, gizon gazte batek eta haren arrebak, errusiarrak izatez, Siberiako bidea zabal-zabalik zuten, beste guztiei debekatzen zitzaien bitartean; baina, paperak behar bezala edukita, pasatzeko eskubidea zuten. Horrela bada, bizkor-bizkor geratzen ziren tarantasaren atzean bideko zutoin distantzi erakusleak.
Beste alde batetik, Mikel Strogoff eta Nadia ez ziren bakarrak Permetik Jekaterinburgera bidean. Lehenbiziko posta etxeetatik tsarraren mandatariak jakin zuen beste zalgurdi bat aurretik zihoakiela; baina denentzat baziren zaldiak, eta ez zen gehiago kezkatu orduan.
Tarantasak atsedenaldi gutxi egin zituen egun hartan, jatorduetan baino ez baitzen gelditu. Posta etxeetan ohea eta mantenua aurkitzen dira. Gainera, posta etxerik ezean, nekazari errusiarrek ez diote ongi-etorri txarrik egingo kanpotarrari. Hurbildu ahala, bidaztiak hango herrietako elizaren teilatu berdea eta horma zuriak ikusiko ditu, eta, bertan denean, edozein etxetako atea jo dezake. Ireki egingo diote. Mujika etorriko da, irribarrea ahoan, eta bostekoa luzatuko dio kanpotarrari. Ogia eta gatza eskainiko diote. Samovarra sutan jarriko dute, eta bere etxean bezain egoki sentituko da. Are gehiago, familiako batzuk etxez aldatuko dira, etorri berriarentzat lekurik ez badago. Kanpotarra iristen denean, denen ahaidea da. «Jainkoak bidalitakoa» da.
Arratsean, halako sen batek bultzaturik, aurreko zalgurdiak zenbat ordutako aldea kentzen zien galdetu zion Mikel Strogoffek posta etxeko nagusiari.
—Bi ordu, aita txiki hori —erantzun zion nagusiak.
—Berlina bat da?
—Ez, telega bat.
—Zenbat bidazti?
—Bi.
—Agudo doaz?
—Arranoak dituk!
—Lot ditzatela zaldiak berehalakoan!
Mikel Strogoff eta Nadia, ordu bakar batean ere ez gelditzeko asmo sendoa harturik, gau osoa eman zuten inon geratu gabe.
Aro ona zen oraindik, baina eguratsa gero eta astunago zegoen, eta elektrizitatez betetzen ari zen nabarmenki. Goietan izarren argiak ageri ziren, hodeien eragozgarririk gabe; eta lurretik gandu beroa altxatzen zela irudi zuen. Beldur izatekoa zen mendietan ekaitza ez ote zen hasiko, izugarriak izaten baitira han. Mikel Strogoffek, zeruaren zantzuei erreparatzera ohitua, naturaren indarrak borrokan hastear zeudela susmatu zuen, eta kezka sartu zitzaion.
Gaua lasai joan zen. Tarantasaren triki-traka txikia ez izanagatik, Nadiak lotan eman zituen ordu batzuk. Erdiraino altxaturiko estalkiak aire apur bat sartzen utzi eta birikek irrika biziz arnasten zuten giro itogarri hartan.
Mikel Strogoff esna egon zen gau osoan. Ez zen iemstxikez fidatzen, gustura lokartzen baitziren haiek eserlekuan bertan; eta ordurik ez zen inon galdu, ez posta etxeetan, ezta bidean ere.
Biharamunean, uztailak 20, goizeko zortziak aldera, Ural mendien lehenengo islak eta ertzak agertu zitzaizkien ekialdean. Hala ere, mendi lerro garrantzizko hau, Europa aldeko Errusia eta Siberia bereizten dituena, nahiko urrun zegoen oraindik, eta ez ziren iritsiko eguna gautu baino lehen. Mendiak, beraz, hurrengo gauean igaro beharko, derrigorrean.
Goi estalia egon zen egun hartan guztian, eta, beraz, tenperatura gozatu zen pixka bat; baina ezin eguraldia ekaiztsuagoa ageri.
Horrelako zeru ilunaren azpian, beharbada ez zen zuhurrena gau beltzean mendietan gora saiatzea, eta itxaron egingo zuen Mikel Strogoffek, itxarotea edukiz gero, baina, azken postan, iemstxikak mendien artean burrunbatzen hasiak ziren trumoiak erakutsi zizkionean, garbi adierazi zion zein zen bere asmoa.
—Telega bat doa gure aurretik?
—Bai.
—Zenbat kentzen digu?
—Ordubete inguru.
—Aurrera, bada, eta eskupeko galanta hiretzat, bihar goizean Jekaterinburgen baldin bagaude!
© Jules Verne
© itzulpenarena: Karlos Zabala