VIII

KAMA IBAIAN GORA

 

        Biharamunean, uztailak 18, goizeko seiak eta berrogeian, Kaukaso ontzia Kazaneko portura iritsi zen. Ordubete eman behar zuen han geldirik, erregaia berritzen zuten bitartean.

        Kazan hiria handik zazpi verstara dago (7 kilometro eta erdira), Volga eta Kazanka ibaien elkargunean kokaturik. Hiriburu garrantzizkoa da; bertan bizi dira bai probintziako gobernadorea bai eliza ortodoxo grekoaren barruti hartako artzapezpikua; eta unibertsitatea ere badago. Goubernie horretako bizilagunak enda eta leinu askotakoak dira; badira han txeremiarrak, mordviarrak, txuvashiarrak, volsalkoak, vigulitxak eta tatariarrak, ezaugarri asiar garbiagokoak azken horiek, besteek baino hobeki eutsi baitiote izaera horri.

        Hiria portutik urruntxo egonda ere, jendetza handia bildu zen kaira, zer berri zen jakin gurarik. Probintzia honetako gobernadoreak ere dekretu bat plazaratu zuen, Nijni Novgorodekoaren berdin-berdina. Bazebiltzan han tatariarrak, mahuka laburreko kafetanez jantzirik eta buruan Pierrotenak bezalako ertz zabal-zabaleko txano punta-zorrotzak zeramatzatela. Beste batzuek, hupelanda luzeaz bilduta eta tximel txikerra kaskoan, judu poloniarrak ematen zituzten. Emakume taldeak ere ageri ziren, berriketan, bularraldea urre koloreko xaflez apaindua eta burua igitai-ilargiaren itxurako diadema altxatu batez koroatua.

        Hara bildutakoen artean nahasirik, poliziak nabari ziren, lantzadun kosako batzuen laguntzaz ordena zaintzen eta jendetza leku egitera behartzen, bidaztiak igaro zitezen. Asiar batzuek ontzira nahi zuten, dekretuaren kanporatze aginduak bultzaturik, eta mujik familia zenbaitek lehorrera, Kazan hirian geratzen baitziren. Bidea zabaltzen zieten, baina goitik behera miatzen zituzten lehenago.

        Mikel Strogoff ontziralekura begira zegoen, ezeri kontu handirik egin gabe. Steam-boat bat ertzeratzean edozein kaitan sortu ohi diren atzera-aurrerak ziren hangoak.

        Mikel Strogoffen burutik pasa ere ez zen egin portura jaistea. Neska livoniarra ez zen zubian agertu oraindik, eta ez zuen ontzian bakarrik utzi nahi.

        Bi berriemaileak, aldiz, eguna argitu orduko jaiki ziren, ehiztari prestuei dagokien moduan. Ontzia utzi eta ibai bazterrean zebiltzan jendearen artean, nor bere aldetik. Mikel Strogoffek Harry Blount begiztatu zuen alde batetik, koadernoa eskuan, harako hura edo honako hau arkatzez marrazten edo oharren bat idazten, eta Alcide Jolivet beste alde batetik, hitz eta pitz denekin, erabat ziur bere oroimenari ezin zitzaiola ezer ahaztu.

        Errusiaren ekialdeko mugan zurrumurrua zebilen hara eta hona matxinada eta inbasioa etengabe hedatzen ari zirela bazterrik bazter. Siberiaren eta inperioaren arteko komunikazioak arras zailak ziren ordurako. Horixe entzuten zuen Mikel Strogoffek, Kaukasoren zubitik mugitu gabe, ontziratu berrien ezpainetatik.

        Hitz horiek, kezka handia eman ez ezik, bihotzean sentitzen zuen ezin eutsizko irrika biziagotu ere egin zioten. Lehenbailehen egon behar zuen Ural mendiez beste aldean; bere begiez ikusi behar zuen egoeraren larritasuna zenbaterainokoa zen, edozein gertakizuni neurri eman ahal izateko. Bertako norbaiti berri zehatzagoak galdetzekotan zegoela, gogoa beste zerbaitera ihesi joan zitzaion kolpetik.

        Kaukaso ontzia uzten ari ziren bidaztien artean nor ikusi Mikel Strogoffek, eta bezperan oraindik Nijni Novgorodeko merkatuan zegoen buhame taldea. Hantxe, steam-boataren zubian, buhame zaharra zegoen, espioia deitu zion emakumea alboan zuela. Bi haiekin batera, eta haiek gidaturik inondik ere, hogei bat neska gazte ari ziren lehorreratzen. Dantzariak eta kantariak ziren, hamabost urtekoa gazteena eta hogeikoa zaharrena, eta burusi zarpailez bildurik zihoazen, haien gonak azpitik azaltzen zirela, xafla txiki dirdaitsuz josiak.

        Oihal haiek diz-diz egiten zuten lehen eguzki printzen argitan, eta gaueko ikuskizun harrigarria etorri zitzaion gogora. Gonetako xafla txiki haiek aritzen ziren txinpartaka iluntasunean, steam-boataren tximiniak sugarren bat botatzen zuen bakoitzean.

        «Bistakoa duk —zioen berekiko—; tsigane koadrila honek brankako gazteluaren pean eman dik gaua, egun osoa zubiaren pean eman ondoren. Zer nahi dute, bada, buhame horiek, beren burua ahal den gutxiena nabarmendu? Ezkutuka ibiltzea, ostera, ez zatorrek bat inola ere arraza horren ohiturarekin!»

        Mikel Strogoffek zalantzarik ez zuen izan orduan. Gona dirdaitsuko talde ilun hartatik jaulki ziren gaueko hitz kezkagarriak, eta buhame zaharra eta Sangarre izen mongoliarreko emakumea izan ziren elkarrizketa hartako solaskideak.

        Mikel Strogoff, mugimendu oharkabe batez, steam-boataren ate aldera hurbildu zen, buhame taldea ontzitik behin betiko jaisteko zorian zelarik.

        Han zegoen buhame zaharra, apal-apal, bere kastakoek berezkoa duten lotsagabekeriaren antzik ere agertu gabe. Begiradak bereganatu beharrean uxatu nahi zituela esan zitekeen. Lurbira osoko eguzkiek erretako kapelu higatu bat zeraman aurre-aurrera botea aurpegi zimurraren gainean. Soingaineko zahar batek estaltzen zion bizkar konkortua, gorputz guztia estu-estu biltzen zuela, bero egin arren. Ez zen aise esatekoa zer garaiera zuen edo nolako gorpuzkera, janzkera zarpatsu haren azpian.

        Agurearen aldamenean, Sangarre zeritzana ageri zen, harro eta eder. Hogeita hamar urteko emakumezkoa zen, garaia, lerdena; azala beltzarana zuen, begiak bikainak eta ilea urre kolorekoa.

        Dantzari gazte haietako batzuk politak baino politagoak ziren, baina haien arrazako ezaugarri garbiak galdu gabe, ordea. Emakume tsiganeak halako xarma baten jabe dira oro har, eta ingelesak baino xelebreagoak izan nahi duten jaun errusiar handi horietatik batek baino gehiagok dudarik ez du egin horrelako buhame eder bat emaztetzat hartzeko.

        Haietako bat kantatzen ari zen ahopeka. Doinu bitxia zen, neurri arrotzekoa, eta honela itzul zitekeen lehenengo bertsoaren hasiera:

        Lepo beltzaranean diz-diz koral harriak,
urrezko orratzak mototsean!
Ondasun bila noa
hemendik...

        Neskatxa irriberak kantari segitu zuen, baina Mikel Strogoffek ez zion jadanik jaramonik egiten.

        Izan ere, Sangarre izenekoa begira eta begira zeukala iruditu zitzaion. Emakume hark Mikel Strogoffen hazpegiak oroimenean inoiz ez ahazteko eran finkatu nahi zituen, nonbait.

        Gero, istant batzuen ondotik, Sangarre ontzitik lehorrera jaitsi eta kaian bere zain zeuden agure eta neskekin elkartu zen.

        «Emakume lotsagaldua halakoa! Konturatu ote da Nijni Novgoroden espioitzat hartu zuena eta ni bat-bera garela? Buhame sorgin madarikatu horiek katuaren begiak zauzkatek! Gauean ere ikusten ditek, eta horrako hori jakinaren gainean egon daitekek...»

        Sangarreren eta buhame taldearen atzetik abiatzekotan izan zen Mikel Strogoff, baina eutsi egin zion gogoari.

        «Ez —pentsatu zuen—, pauso bakar bat ere ez, ongi hausnartu gabe! Zori iragarle hori eta haren koadrila atxilotzeko eskatuz gero, agerian geldituko duk nor naizen egiatan. Lehorreratu dituk, bestalde, eta, haiek muga zeharkatu baino lehen, Uraletik urrun izango nauk. Bazakiat Kazandik Ixinera doan bidea har dezaketela, baina bitartekorik ez dik eskaintzen batere, eta tarantas bat, Siberiako zaldi margulek tiraturik, beti joango duk buhame gurdi baten aurretik! Tira, Korpanoff adiskidea, lasaitu hadi!»

        Gainera, une hartan, buhame zaharra eta Sangarre aienatuak ziren jendearen artean.

        Kazan hiria «Asiako atea» deitu izan dute zuzentasunez; Siberiako eta Bukharako merkataritza bide guztien erdigunetzat jo izan dute; eta bertatik Ural mendiez bestaldera bi errepide irtetea da, hain zuzen, adierazpen horien zergatia. Baina Mikel Strogoffek aukera egina zuen zentzu handiz. Perm, Jekaterinburg eta Tiumen hirietan barrena igarotzen den errepidea hautatu zuen. Posta zerbitzuaren bide nagusia da, ongi zaindutako zaldiez hornitua, estatuak baitu horren ardura, eta Ixindik aurrera Irkutskeraino luzatzen dena.

        Egia da badela beste errepide bat Kazandik Ixinera joateko. Hartaz pentsatu berri zuen Mikel Strogoffek arestian. Bide hura ez da desbideratzen Permeraino, eta Jelabuga, Menzelinsk, Birsk, Zlatust herrietan zehar pasatzen da Europatik irten aurretik, eta Txeliabinsk, Txadrinsk eta Kurgan herriak zeharkatzen, Asian dagoeneko. Baina, beharbada bestea baino laburragoa izanik ere, abantaila hori biziki urritzen dute posta etxerik ezak, batere zaindu gabeko zoladurak eta herri bakan batzuk besterik ez egoteak. Mikel Strogoffek arrazoi handiz eutsi zion egina zuen aukerari, eta parada ederra zuen buhameak baino lehenago Ixinera iristeko, baldin eta haiek beste bidea hartu bazuten, irudi zuen bezala.

        Ordubete geroago, bidazti berriei zein zaharrei deika hasi ziren, Kaukasoren brankako kanpaia joz. Goizeko zazpiak. Erregaiaren zamaketa berriki bukatua. Pinu egurra erre eta erre ari ziren galdarak eta haien paretek dar-dar egiten zuten lurrunaren presiopean. Steam-boata gertu zegoen ateratzeko.

        Bidazti guztiek beren tokiak hartu zituzten Permera joateko asmotan.

        Memento hartan, Mikel Strogoff ohartu zen bi kazetarietatik bat ez zela itzuli steam-boatera. Harry Blount baizik ez zegoen ontzian.

        Kaian geratu behar ote zuen Alcide Jolivetek?

        Baina, amarrak askatzen ari ziren unean bertan, Alcide Jolivet agertu zen lasterka bizian. Ontziratzeko zubixka kendu dute, steam-boata kai ertzetik aldentzen hasia da, baina bost axola Alcide Joliveti huskeria horiek; akrobata bat bezain arin jauzi egin eta Kaukasoren zubian erori da, bere lankidearen besoetan ia-ia.

        —Zu gabe joango ginela uste nuen —esan zion kazetari ingelesak, erdi isekaz erdi benetan.

        —Bo! —erantzun zion Alcide Jolivetek—. Moldatuko nintzen zuek harrapatzeko. Ontzi bat pleitatuko nuen nire lehengusinaren kontura, edo postan joango nintzen hogei kopek ordainduz verstako eta zaldiko. Zer nahi duzu? Ontziralekutik oso urruti zegoen telegrafo etxea!

        —Telegrafo etxera joan zara? —galdetu zion Harry Blountek, ezpainak bat-batean estuturik.

        —Joan naiz, bai! —erantzun zion Alcide Jolivetek, ahoan bere irribarrerik atseginena zuela.

        —Eta bazebilen oraindik Kolivaneraino?

        —Horixe ez dakit, baina ziurtatzen dizut Kazandik Parisa ederki dabilela!

        —Mezu bat bidali diozu... zeure lehengusinari?...

        —Gogo handiz.

        —Zerbaiten berri izan duzu, beraz?

        —Hara, nire aita txiki hori, errusiarrek esaten duten bezala, mutil jatorra naiz ni, eta zuri ezkutatzekorik ez dut eduki nahi. Tatariarrak, Feofar Khan buru dutela, Semipalatinsk igaro eta Irtish ibaian behera doaz. On egin diezazula albisteak!

        Nolatan? Horren berri larria, eta Harry Blountek jakin ez? Eta haren kontrarioak, aldiz, ez zuen berehala Parisa bidali, segur aski Kazango biztanleren bati berria entzun bezain laster? Gibelean gelditu zen egunkari ingelesa! Harry Blount, eskuak atzera gurutzaturik, steam-boataren txopara joan zen esertzera, gehiago hitzik egin gabe.

        Goizeko hamarrak aldean, gazte livoniarra gela utzi eta zubira igo zen.

        Mikel Strogoffek harengana inguratu eta eskua luzatu zion.

        —Begira ezan, arreba —esan zion, ontziaren brankaraino eraman ondoren.

        Izan ere, alderdi hark merezi zuen begiradatxo bat ematea.

        Kaukaso ontzia Volgak eta Kamak bat egiten duten lekura iristen ari zen. Hantxe utziko zuen ibai handia, laurehun versta luzean handik behera etorri eta gero, eta ibaiadarrean gora abiatuko zen laurehun eta hirurogei verstako ibilbidea egiteko (490 kilometro).

        Bazter hartan, ibai baten ur garden-gardena eta bestearen ur ilunxeagoa nahasi, eta batera isurtzen hasten ziren handik hara. Kamak ezker aldeko hegitik garbitzen zuen Volga ibaia bere ur lohigabeaz, Okak eskuin aldeko hegitik egin bezala, Nijni Novgorod zeharkatzean.

        Kama ibaia zabal-zabal hedatzen zen orduan, eta xarmangarriak ziren haren ertz oihantsuak. Bela zuri batzuk ageri ziren ur ederren alaigarri, eta eguzkiaren printzek milaka distira sortzen zituzten ur azalean. Lertxunez, haltzez eta haritz bakan batzuez estalitako mendixkek zeru ertzaren lerro patxadazkoa marrazten zuten, nahiz zenbait puntutan lerro hori ezin bereizi atzeko zeru urdinetik, eguerdiko eguzki itsugarriaren pean.

        Baina ez zirudien izadiaren edertasun haiek pentsamendua bestera eraman ziezaioketenik gazte livoniarrari, ezta lipar batean ere. Gauza bakar bat ikusten zuen hark: lortu nahi zuen helburua; eta Kama ibaia helburu horretarantz hurbiltzen laguntzeko bidea besterik ez zen. Ikaragarri distiratu zitzaizkion begiak ekialdera so egitean, zeru ertz trinko hura zulatu nahi izan balu bezala.

        Nadiak lagunaren eskuan utzi zuen berea, eta berehalaxe harengana jiraturik:

        —Zer tarte dago Moskutik hona? —galdetu zion.

        —Bederatziehun versta.

        —Bederatziehun, zazpi milako bide batean! —esan zuen neskatxak xuxurla batean.

        Bazkaltzeko tenorea zen, eta bidaztiak deitu zituzten, kanpaiari danga batzuk joz. Nadia Mikel Strogoffen atzetik joan zen jantokira. Lehenbizi, eta beste janarietatik bereiz, zizka-mizkak zerbitzatu zituzten jangura bizkortzeko, iparraldeko herrialdeetako usadioari jarraituz, era berean egiten baita Errusian nola Suedian edo Norvegian; baina neskatxak ukitu ere ez zituen egin, ez zuen jan kabiarrik, ez xerra mehetan ebakitako sardinzarrik, eta ez zuen edan zekale anisatuzko pattarrik. Eta gutxi jan zuen geroko janarietatik ere, beharbada oso eskuarte eskaseko neska gaixo baten moduan. Mikel Strogoffek bere laguntxoak baino gehiago ez zuela jan behar pentsatu zuen, eta bazkari urria egin zuten biek: kulbat pixka bat —gorringoz, arrozaz eta haragi xehatuz egindako pastela—, kabiarrez betetako aza gorri pitin bat, eta tea besterik ez edateko.

        Otordua, hortaz, ez zen izan ez luzea ez garestia ere, eta, mahaira eseri eta hogei minutu baino lehen, Mikel Strogoff eta Nadia Kaukasoren zubira igotzen ari ziren elkarrekin.

        Txopan jarri ziren eserita, eta, itzulingururik gabe, Nadia hizketan hasi zen, ahotsa apalduz beste inork ez entzuteko eran.

        —Neba —esan zion—, erbesteratu baten alaba nauk. Nadia Fedor diat izena. Gure ama Riga hirian hil duk, orain hilabetea, eta Irkutskera noak aitarekin elkartu eta haren erbestea partekatzera.

        —Irkutskera noan ni ere —erantzun zion Mikel Strogoffek—, eta Nadia Fedor bizirik eta osorik utziko dinat bere aitaren besoetan, zerua lagun.

        —Mila esker, neba nirea! —esan zion Nadiak.

        Siberiara joateko podaroshna berezi bat zuela gehitu zuen orduan Mikel Strogoffek, eta, agintari errusiarren aldetik, beraz, ezerk ere ezingo zuela haien ibilera oztopatu.

        Nadiak ez zuen gehiago eskatzen. Gauza bakar bat ikusten zuen Jainkoak ekarritako gizon on xalo harengan: aitarenganaino iristeko bidea.

        —Nik ere banian Irkutskera joateko baimena, baina Nijni Novgorodeko gobernadorearen dekretuak baliogabetu zian, eta hi gabe, neba nirea, ezingo nian utzi hiri malapartatu hori eta hantxe hilko ninduan, dudarik gabe!

        —Eta bakarrik, Nadia —esan zion Mikel Strogoffek—, bakar-bakarrik ausartuko hintzen Siberiako estepak zeharkatzen!

        —Nire betebeharra zuan, neba.

        —Baina ez hekien lurralde osoa matxinatua eta inbaditua dagoela eta igarotzea ia ezinezkoa dela?

        —Tatariarren inbasioaz ezer ez zuan entzuten Rigatik irten nintzenean. Moskuraino ez nian ezer ere jakin!

        —Eta, hala eta guztiz ere, aurrera jo huen?

        —Nire betebeharra zuan.

        Hitz horrek laburbiltzen zuen neska gazte kementsu haren izaera. Haren betebeharra zen, eta horrelakoetan Nadia behin ere ez zebilen duda-mudatan.

        Bere aita hartu zuen orduan hizpide, Vasili Fedor, Rigako sendagile estimatua. Ongi eta onuraz ziharduen medikuntzan eta pozik bizi zen emazte eta alabarekin. Baina atzerriko elkarte sekretu bateko kidea zela azaleratu bezain laster, Irkutskera erbesteratzeko agindua jaso zuen, eta agindu hori ematera joan zitzaizkion jendarmeek mugaz bestaldera eraman zuten berandu gabe.

        Vasili Fedorrek besarkada bana eman emazteari eta alabari eta negarrez abiatu zen, maite zituen bi emakumeak bakarrik utzirik, bat gaitzak estu-estu hartuta eta bestea babes gabe geratzeko arriskuan.

        Bi urte hartan ekialdeko Siberiako hiriburuan bizi zen, non medikuntzan jardutea bazeukan, baina onurarik gabe. Alabaina, pozik biziko zen segur aski, erbesteratu batek ahal zuen neurrian, emaztea eta alaba bere ondoan edukiz gero. Baina Fedor andrea, guztiz makal, ez zen gauza Riga uzteko. Senarra joan eta handik hogei hilabetera hil zen alabaren besoetan. Nadia bakarrik geratu zen eta kasik eskuarterik gabe. Orduan baimena eskatu zion Errusiako gobernuari bere aitarengana joaten uzteko, eta eman egin zioten trabarik gabe. Bazihoala idatzi zion eskutitz batean. Ozta-ozta zeukan bidaia luze horretarako, eta, hala ere, zalantzarik gabe abiatu zen. Berak ahal zuena egiten zuen!... Gainerakoa Jainkoaren esku zegoen.

        Bitartean, Kaukaso ontzia ibaian gora zihoan. Gau iluna zen ordurako, eta hozkirri zoragarri batek gozatzen zuen eguneko beroa. Milaka txinpart ihesi zihoazen steam-boataren tximiniatik, eta, ontziaren bularrak ebakitako uren marmarra entzuten zen otsoen uhuriekin nahasirik, kantuan ari baitziren Kama ibaiaren eskuineko itzaletan gordeta.

 

 

 

© Jules Verne

© itzulpenarena: Karlos Zabala

 

 

"Jules Verne / Mikel Strogoff" orrialde nagusia